MUTUALEX EPAIA 2019KO MAIATZA: ALDI BATERAKO EZINTASUNA ETA OPORRAK

epaia

Lana azkentzen denean ABEren ondorioz hartu ez diren oporrak eskudirutan konpentsatzea

epaia

Epai honetan, oporrak eskudirutan konpentsatzea egokia den ala ez aztertzen da, oporrak hartzeko itundutako epealdian langileak aldi baterako ezintasunean daudenean, eta, haien ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa aitortu dietenez, lanera itzultzen ez direnean, une horretan bertan kasuan kasuko zenbatekoaren erreklamaziorako ekintza abian jartzeko preskripzio-epea zenbatzen hasten dela kontuan hartuta.

Aldi baterako ezintasuneko epealdiak eta oporraldiak bat egiten dutenean, aldaroka ibili da jurisprudentzian, eta, azkenean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren adierazpenaren bidez argitu da egoera. Izan ere, judizioaren aurretik proposatutakoaren ostean, langileen eskubidea da oporrak aldi baterako ezintasunean ez beste epealdi batean hartzea, eta ez dago konpentsazio ekonomikoaren bidez ordezkatzerik, Langileen Estatutuaren 38. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako epaian, hartu ez diren oporrak eskudirutan konpentsatzeko ezohiko aukera hartzen da kontuan, eta irizpide orokorraren aurkakoa da, bertan inposatu egiten delako langileak oporrak urte naturalean hartzen ez baditu, hurrengo urtekoan hartzeko eskubidea galtzen duela, eta, horrez gain, horren ordezko ordainsaria jasotzeko aukerarik ere ez duela. Izan ere, lan-jardueraren ondorioz sortutako higadura fisiko eta psikologikoa berreskuratzeko asmoz langile guztiek behar besteko atsedena hartzeko duten eskubidearen aurkakoa da.

Salbuespen horretarako, ezinbestekoa izango da lan-harremana bera langileak atsedenerako eskubidea erabiltzeko aukera eduki baino lehen amaitu izana. Halakoetan, badago konpentsazio ekonomikoa lortzerik, hartu ez diren urteko oporren kontzeptuaren arabera.

Beraz, ustezko konpentsazio ekonomikoa eskatzeko ezohiko eskubide hori ez da sortuko harik eta lan-harremana azkendu arte, orduantxe hasiko baita zenbatzen eskubide hori erabiltzeko epea. Hain zuzen ere, Langileen Estatutuaren 59.2. artikuluan zehaztutako urtebeteko epea ekintza bera erabili daitekeen egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, epaian bertan azaltzen den kasu zehatzean, langileak ia-ia hiru urte dirauten ABEko zenbait epealdi kateatzen dituelako eta epealdi horietan kontratua bera etenda dagoelako. Hori dela eta, lan-harremana ez da amaituko harik eta ezintasun iraunkor osoa aitortu arte, eta, une horretan, konpentsaziorako ekintza erabiltzeko aukera hasiko da. Dena dela, epearen hasiera ez da urte natural bakoitzaren amaieran zenbatuko, lan-harremana etenda zegoelako, eta ez azkenduta.

María Urizar

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

Mutualiak bere ziurtapenak mantentzen ditu Aenor-en ikuskaritzaren ondotik

AENORek Mutualiaren zentroak ikuskatu ditu maiatzaren 3tik 10era. Henao kaleko egoitza operatiboa, Ercilla Klinika, Pakea Klinika, eta Basauri, Beasain, Azkoitia, Gernika eta Zamudioko laguntza-zentroak bisitatu dituzte ikuskariek, eta Mutualiako 75 pertsonarekin baino gehiagorekin hitz egin dute.

Ikuskaritzaren emaitza oso positiboa izan da. 4 Adostasunik Ez txiki bakarrik jaso dira (6 ziurtagiriren ikuskaritzan), beste hainbat puntu sendo eta zenbait ohar eta hobekuntza-eremuz gain.

Hori horrela, ziurtapen hauek mantentzea lortu du Mutualiak: Kalitatea, Ingurumena, Laneko Arriskuen Prebentzioa, Infekzioak, Pazienteen segurtasuna eta Energia-eraginkortasuna.

Lanaldiaren derrigorrezko ordutegi erregistroa maiatzaren 12tik aurrera

Igande honetatik, maiatzaren 12tik aurrera, enpresa guztiek derrigor egin beharko dute langile bakoitzaren lanaldi erregistroa, lan jardunaren hasierako eta amaierako ordutegiak zehaztuz. Enpresek pairatzen duten lan prekarietateari aurre egin asmoz abiarazi du neurri berria espainiar Gobernuak, eta era berean, lan ordutegien mugak betetzea bermatzeko xedearekin, bai lanaldi osoko jardunetan bai lanaldi partzialeko kontratuetan ere. Lan ordutegien erregistroa behar bezala betetzen ez duten enpresek zigor larriak jaso ditzaketela jakinarazi du Lan Ikuskaritzak.

Mutualian zure eskura jartzen dugu ordutegien erregistroa egiten lagunduko dizun txantiloia, hilabetean betetako ordutegien zenbatekoa jakin dezazun.

Sariak eta aitortzak Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna ospatzeko

Laneko Arriskuen Prebentzioa zabaltzeko hartuta duen konpromisoaren barruan, Mutualiak ekitaldia ospatu zuen joan den maiatzaren 3an Bilbon, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Egunaren harira. Bertan, Mutualiako Laneko Arriskuen Prebentzioko XVI. Argazki Lehiaketako sariak banatzeaz gainera, Zero Bidean aintzatespena eman zien Mutualiak aurten ere ezbehar-tasa txikieneko enpresei.

“Prebentzio Panoramika” leloarekin, 2019. urte honetan Mutualiako Prebentzio Aholkularitzak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Mutualia Argazki Lehiaketaren 16. edizioa jarri du martxan.

Lehiaketaren espiritua da edozein arlotan Laneko Arriskuen Prebentzioaren balioak argazkien bidez azpimarratzea eta gai honen inguruan hausnarketa bat egitera gonbidatzea. Hori guztia, laneko ezbehar-kopuruaren aurka kontzientziatzeko, eta, besteak beste, laneko ingurune seguru eta osasuntsuagoak lortzeko azken helburuarekin.

Hauek izan dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Mutualia Argazki Lehiaketaren irabazleak:

1. Saria, 1.200 eurokoa, Francisco Javier Domínguez Garcíarentzat, “Que no te pique la abeja” argazkiagatik.

2. Saria, 900 eurokoa, Isabel Moreno Torresentzat, “Puerto” argazkiagatik.

3. Saria, 600 eurokoa, Oskar Rodríguez Fernándezentzat, “Nocturnidad II” argazkiagatik.

Halaber, Zero Bidean aintzatespena eman zitzaien VIII. edizio honetan, aurtengo ezbehar-tasa txikieneko enpresei: Campezo Obras y Servicios SA, Cosmo Consult Iniker SAU, PKF Attest Servicios Empresariales SL, Siemens Engines SAU eta Unilever Foods Industrial España SLU.

Mutualiako zuzendari kudeatzaile Ignacio Lekunberri jauna izan zen hitzorduan bertan, eta azken urteetan zehar ezbehar-tasan izan den jaitsiera nabarmendu zuen irekiera-hitzaldian. Hala adierazi zuen: “bilakaera hori enpresen, instituzioen, erakunde sindikalen eta langileen inplikazioari esker lortu da”.

Ekitaldian zehar, Enpresa zuzendaritzan doktorea eta IESE Business Schooleko ikertzaile elkartua den Pilar García Lombardía andreak emandako “Metodologías de innovación en PRL: Design Thinking” hitzaldia entzun ahal izan zuten bertan izan zirenek.

Nola egin eskuen garbiketa eraginkorra infekzioei aurre egiteko

Ba al zenekien zein garrantzitsua den eskuen garbiketa osasun arloan infekzioei aurre egiteko?

Igande honetan, maiatzak 5, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) sustatutako esku higienearen nazioarteko kanpaina ospatzen du. Pazientearen segurtasunarekin lotutako estrategiari jarraituz, Mutualiak bat egingo du aipatu egitasmoarekin, aurten “Arreta garbia guztiontzat – Zure esku dago” lelopean.

Pazienteak gure partaide bihurtu nahi ditugu aurten Mutualian, eta horretarako animatzen ditugu guri gogorarazten zein garrantzitsua den eskuen garbiketa infekzioei aurre egiteko.

“Biziak salbatu: garbi itzazu eskuak” OMEk sustatzen duen mundu mailako kanpaina da. 2009an abiatu zen programa hau osasun arloko langileei laguntzeko helburuarekin, arlo horretako eskuen higienea hobetzeko asmoarekin, hain justu. Kontsultetan neurriak hartzea du xede, eskuen garbiketa zuzenak osasun arloan sor daitezkeen infekzioak murrizten lagun dezakeela adierazteko, eta hartara, pazientearen segurtasuna bermatzeko.

Ba al dakizu nola egin eskuen garbiketa zuzena? Azalduko dizugu.

Pala

ekfb

Gorputz eta buru azkartasuna

Pala ere historia luzeko gure beste kiroletako bat da. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik modalitate ikusgarri honen abantailen berri emango dugu; larruzko pala (erakargarria eta ikusgarria, abiaduraren ondorioz), pala motza (espezialitate fisikoagoa) edo gomazko paleta (gero eta neska gehiago ari dira hemen) modalitateak ditu. Euskal elkarte askok hartzen dute parte txapelketetan urte osoan zehar; joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan zabaldu zen pilota modalitate hau, eta gaur egun bere erakarmena berreskuratu du espezialista handiekin eta zaletu ugarirekin; izan ere, astero aritzen dira tradizioa duen betiko kirol honetan. Frontoia da palaz aritzeko santutegia, eszenatoki bikaina, eta laburra edo luzea izan daiteke. Gure lurraldeetako ia udalerri guztietan dago kirol honetan aritzeko instalazioaren bat, eta pisua galtzeko kirol bikaina da, palan arituz gero gantz ugari erretzen baita. Ordubetez arituta 200 kaloria baino gehiago galdu daitezke, eta, intentsitatearen arabera, gehiago ere bai, espezialitate honetan askotan binaka aritzen baita, atzelari eta aurrelari batekin bikote bakoitzean. Gainera, gurean hainbesteko tradizioa duen kirol hau ona da zirkulazioa, erresistentzia eta malgutasuna hobetzeko. Eta hanketako muskuluak indartzeko ere bai. Eta honi guztiari jarduera fisiko ona gehituz gero, onurak are handiagoak izango dira. Palan aritzea intentsitate handiko kirola da, pilotari bakoitzak egindako esfortzuaren eta partidu bakoitzaren arabera; pilotariek mugimendu batzuk egin behar izaten dituzte, eta besoak berotu behar izaten dituzte partidua hasi aurretik, lesioak saihesteko. Palak beheko trena indartzen du, gluteoak eta abdominalak ere bai, eta pilota jotzeko prestatzen den bakoitzean tentsioan jarri behar izaten da, frontisetik eman ahal izateko. Kirol osoa da, eta adin guztietako kirolarientzat egokia, gorputz osoa erabiltzen baita. Ezin ahaztu egiten diren lasterketa-saioak, joan-etorrietako abiadura, kokapena, erreflexuak, jotzeko indarra edo teknika eta pilota jasotzerakoan eta pilotaren ibilbidea irakurtzerakoan behar diren oreka eta koordinazioa. Hori dela eta, jokaldi bakoitza eta tanto bakoitza gauzatzeko gorputz eta buru bizkorra izatea lagungarria da, eta frontoiaren ikuspegi espaziala izatea ere bai.

Erresistentzia fisikoa ere garatzen da partiduaren iraupenaren arabera; beraz, esfortzua dosifikatzen ikasten da. Trebezia ere kontuan izan behar da frontoian palan jokatzerakoan, kirol osoa denez, gaitasun bat baino gehiago sustatzen baititu. Lehen aipatu dugun malgutasuna ere hobetu egiten da, pilota batetik bestera aldea baitago botea egiteko orduan, bai altuerari bai abiadurari dagokionez, eta, horren ondorioz, posturaz aldatu behar izaten da kolpe bakoitzean. Indarra ere funtsezkoa da tantoak lortzeko. Azken finean, palan jokatzea ariketa kardiobaskular bikaina da, eta aldiro jokatzea osasuntsua da bihotzarentzat, abantaila fisikoak eta psikologikoak ditu, odoleko presioa eta nerbioetako tentsioa jaisteaz gain. Frontoia eta dibertsioa zain dituzue. Pilota joko unibertsala da, eta jokoa bere ezaugarrietara egokitzeko meritua izan du, aldaketak ekarri ditu, pilotan jokatzeko mota berriak sortu dira, bai eta instalazio eta jokorako material berriak ere.

Zuzendaritza organoetan gizonezkoen eta emakumezkoen presentzia orekatzeko deialdia egin die Gizarte Segurantzak mutualitateei

Gizarte Segurantzaren Antolakuntzaren Zuzendaritza Nagusiak 2019ko martxoaren 6ko 130/2018 MJF Zirkularra helarazi die mutualitateei, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duten mutualitateen zuzendaritza batzordeetan, zuzendaritza organoetan eta partaidetza organoetan gizonezkoen eta emakumezkoen parte-hartzea orekatzeari buruz.

Jakinarazpenean jasotzen den bezala, mutualitateak behartuta daude dagozkion neurriak hartzera, zuzendaritza batzordeak osatzen dituzten emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua orekatzeko xedearekin, baita zuzendaritza- eta partaidetza-organoak osatzen dituztenak orekatzeko ere, besteak beste, Kontrol eta Jarraipen Batzordea eta Prestazio Berezien Batzordea.