Haurdun dagoen langile bat lanetik bidaltzea?

HAURDUN DAUDEN LANGILEEI PROBALDIA EZ GAINDITZEAGATIK LANEKO KONTRATUA IRAUNGITZEA, AINTZAT HARTUZ ENPLEGUAN ETA LANEAN EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEAN TRATU ETA AUKERA BERDINTASUNA BERMATZEKO PREMIAZKO NEURRIEI BURUZKO 2019KO MARTXOAREN 1EKO 6/2019 LEGEA.

Ongi jakina denez, haurdun dagoen langile bat lanetik bidaltzeak bi aukera soilik uzten ditu arau orokorraren arabera: diziplina arrazoiengatik kaleratzea egokia dela adieraztea edo kaleratzea baliogabea dela adieraztea. Dagokion kalte-ordaina helarazi ostean, kaleratzea ezingo litzateke desegokitzat adierazi haren iraungitze eragina bere horretan gordeta.

Hori guztia 1999ko azaroaren 5eko 39/1999 Legearen 7. artikuluaren eraginez Langileen Estatutuaren 5. ataleko 55. artikuluan egindako aldaketatik dator; han, lehenengo aldiz ezarri zen lanetik bidaltzea baliogabetzeko arrazoitzat bidalitakoa haurdun dagoen langilea izatea, eta babes berariazko hori gozatzeko ahalmena du haurdunaldiaren hasieraz geroztik amatasunagatik, haurdunaldiko arriskuagatik, adopzioa, harrera edo aitatasunagatik prestazioak eskuratu ahal izateko kontratua eten arte, nahiz eta baliogabetzea berdin gauza daitekeen kaleratzea prestazio horiek gozatzeko epealdian gertatu bada ere.

Eta kaleratzeen aurrean haurdunaldiko langileen babes berezi hori iristen da enplegatzaileak kontratua desegiteko erabakia kaleratutako langilea haurdun zegoela jakin gabe hartu izanaren hipotesia babestera ere; hala erabaki zuen Auzitegi Gorenak 2017ko azaroaren 28ko epaian, aintzat hartuta aipatutako 39/1999 Legean txertatutako haurdun dauden emakume langileak babestea haurdunaldiaren berri enpresariari jakinarazteko beharrari edo hark beste bideren batetik haurdunaldiaren berri izan beharrari buruzko eskakizunik batere finkatu gabe gauzatzen dela.

Hala eta guztiz ere, orain egun gutxira arte, hipotesi bat bazegoen zintzilik aipatutako baliogabetzea enplegatzaileak haurdunaldiko emakume langileen inguruan hartutako iraungitzeko erabakietara iristen ez zena: probaldia ez gainditzeagatik enplegatzaileak langilea lanetik bidaltzen zueneko kasua.

Langileen Estatutuaren 14. artikuluan jasota daude probaldiaren inguruko arauak. Hor ezarrita dagoenez, kontratu baten probaldiaren iraupena kontratuan bertan erabaki ahal izango da, eta, horretan jaso ezean, era konbentzionalean aurreikusita dagoen epealdia aplikatuko da; epealdi horren muga gehienekoak ezartzeko, langilearen kategoria edo kontratuaren izaera hartuko dira aintzat. Epealdi horretan, enplegatzaileak, inolako arrazoirik zehaztu beharrik gabe eta aldez aurretik ohartarazi beharrik gabe, kontratua bertan behera utz dezake, eta langilearen lanaldia eten, probaldia ez duela gainditu irizten badio. Etete horrek ez du lanetik bidaltzearen izaerarik, eta, horrenbestez, kontratuaren inguruko iraungitze eraginetan ez da sartzen ordainsari ekonomikoak emateko betebeharrik.

Probaldian lanpostutik kendutako haurdun zeuden langileek hainbat saialdi egin dituzte enpresariek lanetik bidaltzeko erabaki horren baliorik eza erreklamatuz, Langileen Estatutuaren 55. artikuluan xedatuta dagoenean oinarrituta. Hala eta guztiz ere, eskaera horiek ez zuten aurrera egiten, langilearen babes hori, probaldiaren osteko kontratuaren indarraldian jasota dagoena, ezin baitzen aldi horretara zabaldu, eta iraungitzeko erabakia baliogabetzeko adierazpena beste arrazoi batzuetan oinarrituta eskuratu beharra baitzegoen (funtsezko eskubideak urratzea edo legeari iruzur egitea). Horiek horrela, langile erreklamatzailearen bizkar gelditzen zen enpresariaren erabakia, hain zuzen, langilea haurdun izateak eragin zuela ziurtatzeko betebeharra; eginkizun zaila, aintzat hartuta epealdi horretan enpresariak lanaldia arrazoirik eman beharrik gabe eten zezakeela.

Edonola ere, egoera hori erabat aldatu da, Enpleguan eta lanean emakumeen eta gizonen artean tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko 2019ko martxoaren 1eko 6/2019 Legearen 2. artikuluko bosgarren puntuan jasotakoak Langileen Estatutuaren 14. artikuluan eragindako aldaketarekin. Aipatutako 14. artikuluaren 2. puntua aldatu egin da, berariaz finkatu baita probaldian zehar enpresariak lanaldia eteteko erabakia baliogabea izango dela haurdun dauden langileen kasuan, gainerako langile emakumeen baldintza berberekin, honelako kasuetan izan ezik: haurdunaldiarekin edo amatasunarekin lotu gabeko arrazoiak sartzen direnean.

Lege aldaketa horrekin, enpresariari ez zaio eragozten probaldian zehar lanaldia etetea, baina progaren karga alderantziz jartzen du; izan ere, enpresariak kontratua bertan behera uztea baliogabetzat jotzea ezartzen du, baldin eta ez badu egiaztatzen erabaki hori langilea haurdun izatearekin zerikusirik ez duten arrazoiek eragin dutela. Horrela, haurdun dauden langileen kasuan probaldian zehar enpresariak arrazoirik gabe lanaldia bertan behera uztea ohikoa izatea erabat aldatu du, legearen arabera errotik ebakiz kontratu horiek etetea langilea lanpostuan hastean enpresariak hura haurdun zegoela jakiteak eragindakoa zelako susmoa.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Urpeko jarduerak

ekfb
ekfb

Urpekaritza seguruaz gozatzeko gomendioak

Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kide diren federazioek urpeko jardueren modalitatea ere biltzen dute. Hala, ohi bezala, lerro hauen bidez gomendio batzuk proposatuko ditugu jarduera horiek egiteko, eta aholku batzuk emango ditugu gero eta arrakasta handiagoa duen eta gero eta zabalduago dagoen uretako kirol hau garatzeko. Urpekaritzak onura asko dakartza: erlaxatzen laguntzen du, konfiantza areagotzen du, estresa kontrolatzen laguntzen du, trebetasun fisikoak hobetzeko aukera ematen du, eta birika ahalmena handitzen du. Komenigarria da, betiere, hastapeneko ikastaro bat egitea, proba teorikoak eta praktikoak barne, baita mediku azterketa egitea ere. Uretan murgildu aurretik, prestatu jarduera honetan ohikoen diren mugimenduak egiteko, aldez aurretik luzatze ariketa batzuk eginez.

Nolanahi ere, modalitate honetan, funtsezkoa da, prestakuntza fisikoa ez ezik, buruz ongi prestatuta egotea. Izan ere, urpekaritzaz segundo oro gozatzeko, garrantzi handikoa da ez larritzea eta pazientzia handia izatea. Ez ahantzi murgilaldian gorabeheraren bat gertatuz gero, kalterako izan daitezkeela beldurra, nerbioak eta segurtasunik eza. Ez dugu ahaztu behar, halaber, giza gorputza ez dagoela ohituta ur sakonetako presioa eta urpe sakonetako alterazioak jasaten. Horrenbestez, ezin hobeki kontrolatu behar dugu arnasketa, eta behar bezala ezagutu nola funtzionatzen duen urpekaritza ekipoak; kontuan hartu behar dira, orobat, modalitate berezi eta aberasgarri hau zuhurtziaz eta ahalik eta hobekien gozatzeko ematen dizkiguten gomendioak.

Urpeko jardueren praktika legez dago araututa; hori dela-eta, mediku azterketa egitea eskatzen zaie urpekaritza kirol jarduera gisa nahiz aisiako jarduera gisa egiten dutenei. Urpekaritzan erabateko segurtasunaz aritzeko, ikaskuntza ikastaro homologatu bat egin beharra dago, zeinetan sartzen baita mediku azterketa. Ezinbestekoa da ikastaro hori egitea urpekaritzan jarduteko; izan ere, gorputza ez dago itsas hondoko presiora ohituta, eta gorabeherak eragin ditzake horrek. Hain zuzen ere, uretan, urpekaritza ekipoaren pisuagatik eta uraren dentsitatea dela-eta, ahalegin handiagoa egin beharra daukagu mugitzeko, are gehiago ezustekoren bati aurre egin behar izana egokituz gero. Hala, urpekaritzan hasi aurretik, behin eta berriro aipatzen ari garen trebakuntza fisiko hori landu beharra dago gorputza prestatzeko. Horrela, arrisku gutxiago izango dugu giharren nekearen ondorioz karranpak izateko, eta sendotu egingo ditugu gerrialdea, zangoak eta ipurmasailak. Orobat dira gomendagarriak bizkarreko giharrak, abdomenekoak eta besoak sendotzeko ariketak. Kontuan hartzeko aholkua da, halaber, urpekaritza konpainia onean egitea, eta asko urrundu gabe.

Urpean kideekin ongi komunikatzen jakitea funtsezkoa da arazorik ez dagoela berresteko. Urpekaritzan hasiberrientzat, aproposagoak dira ur lasai eta epelak, olatu handirik eta korronterik gabeak, sakonera gutxiko urak eta ikusmen onekoak. Eta gogoan izan neoprenozko jantzia soinean daramagun arren ura gorputzeko tenperaturarekin alderatuta hotzegia bada, hipotermia jasateko arriskua dagoela. Ongi aztertu behar dugu itsasoaren egoera beti; gogoan izan aldatu egiten dela eremuaren eta urte sasoiaren arabera. Murgilaldian ikuskizun zoragarriak ikusten dira, baina aipatu berri ditugun alderdiak kontuan hartu behar dira, urpekaritza segurua izango bada.

Esan beharrik ez dago ekipo osoa eta egoera onean dagoena erabili behar dela, lerro hauetatik aldarrikatu nahi dugun urpekaritza segurua egiteko. Murgildu aurretik, dena zuzen dagoela egiaztatu behar da. Komeni da aldez aurretik ongi aztertzea neoprenozko jantzia, urpekaritza betaurrekoak, hegatsak, erreguladorea, gerrikoa eta urpekaritza botilak, erlojua, linterna… Urpekaritzan seguru aritzeko, zorrotz errespetatu behar dira sakoneraren arabera eta murgilaldiaren iraupenaren arabera finkatutako azaleratze denborak. Burbuilak ur azalerara zer abiaduratan igotzen diren begiratuz antzeman daiteke modu seguruan igotzen ari garen edo ez. Azken batean, ez dezagun ahaztu urpekaritza jarduera benetan erakargarria dela, baina sasoian egotea eta prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskatzen dituela. Gozatu urpekaritzak eragiten dituen sentsazioez!

Elkarrizketa, Andrés Perea Gipuzkoako Graduatu Sozialen Elkargo Ofizialaren lehendakariari

Zein da Gizarte Graduatuen Elkargoaren funtzioa?

Jarduneko libre, enpresa-jarduneko eta ez-jarduneko modalitateetan erakundea osatzen duten eta elkargoko kide diren gizarte graduatuen ordezkaritza-organo koordinatzaile eta exekutiboa da Gizarte Graduatuen Elkargoa.

Zuzenbide publikoko korporazioa da, berezko nortasun juridikoa daukana, elkargo profesionalen legeari lotuta dagoena eta helburutzat horien interes profesionalen defentsa duena.

Gizarte graduatuek, lau urteko unibertsitate ikasketak egin eta gero, Elkargoan izena emanda egon behar dute, gizarte graduatu lanbidean jarduteko zein epaitegien aurrean ordezkaritza lana egiteko nahitaezkoa baita elkargoko kide izatea.

Gizarte Graduatua, gizarte eta enpresa gaietako aholkulari juridiko eta ekonomiko moduan, aditua da lan harremanetan, giza baliabideetan eta lan arloko zein gizarte segurantzaren arloko zuzenbidean. Prozesu judizialetan ere parte har dezake, lan arloan zein gizarte segurantzaren arloan.

Zer paper jokatzen du gizarte graduatuak gaur egun? Zein dira eskari gehien duten gaiak?

Gizarte graduatuaren papera 1925eko abuztuaren 17ko Errege Dekretuak arautzen du; izan ere, Dekretu horrek lanbidearen hasiera markatu zuela esan dezakegu.

Lantzen eta ebazten dituzten gaiei dagokienez, horiek lan harremanak eta pertsonen arteko harremanak bezain ugariak eta konplexuak dira. Laburbilduz, esan daiteke honako kasu hauetan esku hartzen dutela:

  • Bide judiziala. Lan eta justizia arloko prozeduren ordezkaritza Gizarte Gaietarako Epaitegiaren eta Justiziako Epaitegi Gorenen aurrean, langileen edo enpresarien ordezkari moduan, baita izaera publiko edo sindikaleko entitateen ordezkari moduan ere.
  • Bide administratiboa. Lan ikuskaritzaren aurreko ordezkaritza, gizarte prestazioak, aldez aurretiko erreklamazioak.
  • GSIN eta Diruzaintza. Ezgaitasun, baliaezintasun, alarguntasun, zurztasun, erretiro, amatasun, aitatasun pentsioen eskaria eta tramitazioa, baita afiliazio, kotizazio, kuoten erreklamazio, diru-sarrera edo ordainketa prozedurak ere, unitate exekutiboen aurreko gestioak eta abar.
  • Laneko arriskuen prebentzioa. Aholkularitza eta kudeaketa arriskuen prebentzioan, azterketen eta irizpenen bidez.
  • Lan peritua eta gizarte segurantzarena.
  • Zerbitzuak enpresei. Enpresa txiki eta ertainen portzentaje handi baten kudeaketa Gizarte Segurantzaren arloan eta lan arloan, horien ordezkaritza eginez erakunde administratibo eta judizialaren aurrean.
  • Zerbitzuak langileei. Aholkularitza langileei, eta ordezkaritza administrazioaren zein epaitegien aurrean, zenbatekoak, kaleratzeak eta prestazioak erreklamatzeko.

Zer prestakuntza eta zer zerbitzu eskaintzen dizkie kideei?

Elkargoaren jardueraren barruan, hainbat ekintza egiten dira, ikastaro espezifikoetatik hasi eta orokorragoak diren beste batzuetara, zeinetan lan arloko zuzenbidearen ikuspegi globalagoak emateko ahalegina egiten den. Elkargo honek egiten dituen ikastaroen artean gai hauekin lotutakoak daude:

  • Atzerritartasuna.
  • Lege aldetiko berritasunak lan arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko zuzenbidean.
  • Zuzenbide prozesala.
  • Lan arloko eta gizarte segurantzaren arloko jardunaldiak. Zortzi urte daramatzagu jardunaldi horiek egiten; horietan, bi egunez hizlari espezializatuek lan zuzenbideari buruzko beren ikuspegia ematen dute, agente guztiek elkarri eraginez egiten diren eztabaidak sortuz: sindikatuak, lan ikuskaritza, patronala, epaile eta magistratuak, eta, jakina, gizarte graduatuak.
  • Hilean behin egiten diren lan gosariak, Elkargoko kide guztiei irekiak, une horretan gaurkotasuna duten gaiei buruz eztabaidatzeko edo unean uneko kontsultak edo kezkak proposatzeko.

Lan arloan egiten duzuen aholkularitzaren eta kudeaketaren barruan, nola egiten zaio aurre arriskuen prebentzioari enpresan?

Lan arloko eta gizarte segurantzaren arloko zuzenbidean profesionalak garenez, egokiak gara prebentzioaren arloko legezko arauak betetzen diren ala ez ikusteko txostenak jaulkitzeko. Norabide berean, lankidetzan aritzen gara berdintasun planekin, sexu edo lan arrazoiengatiko jazarpenei buruzko protokoloak betetzeko, eta arrisku psikosozialen planekin; gai horietan, txostena egiteaz gain, enpresaren ehun osora iristen da, enpresari zein langileei ikusaraziz hala laneko arriskuen prebentzioaren garrantzia nola gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarena eta diskriminazio ezarena.

Zer ekarri dute teknologia berriek erakundeetan graduatuaren kudeaketari aplikatuta?

Teknologia berriek eragin dute gure lanak gero eta gutxiago izatea alderdi administratibotik eta gehiago alderdi teknikotik, kudeaketaren bilakaera gero eta bizkorragoaz kontziente izanik, metodo informatikoen bidez. Aldi berean, administrazioa neurriak hartzen ari da teknologia berriak ezar daitezen administrazioaren eta administratuaren artean.

Zein dira Elkargoaren hurrengo erronkak?

Une honetan, erronkarik garrantzitsuenak dira gizarteak ikustea Gizarte Graduatua lanari eta segurtasunari dagokion guztian aditua den profesionala dela, eta beharrezkoa dela enpresek indarrean den legeria betetzea. Bestalde, horri gehituko genioke elkargotik orientazio juridikoko zerbitzua eskaintzen dela gaur egun doan, lan, gizarte segurantza eta atzerritartasun gaietan.

KONTSULTA JURIDIKOA 2019KO URRIA

Baldin eta nekazaritzako besteren konturako langile batek baja medikoa hartzen badu ohiko gaixotasunagatik edo lanekoa ez den istripuagatik jardunean ez dagoen hilabetean, aurreko hilabetean kotizatu ostean, ba al du eskubiderik Aldi Baterako Ezintasuneko prestazioa edo dirulaguntza jasotzeko?

Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren 256. artikuluan araututa dago Nekazaritzako Besteren Konturako Langileen Sistema Bereziaren barruko langileak babesteko jarduera.

Artikuluak hauxe dio:

1. Nekazaritzako Besteren Konturako Langileen Sistema Bereziaren barruan dauden langileek eskubidea izango dute Gizarte Segurantzako prestazioak eskuratzeko, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean finkatutako moduan eta baldintzetan, hurrengo ataletan aipatuta dauden berezitasunekin.

2. Kasu bakoitzean egokiak diren prestazio ekonomikoak aitortu ahal izateko, beharrezkoa izango da langileek lanik gabeko aldiei dagozkien kotizazioetako ordainketak eginda izatea, horiek ordaintzearen erantzule diren heinean.

3. Lanik gabeko aldietan, sistema bereziaren babes ekintzaren baitan sartuko dira ondorengo arrazoiengatik emango diren prestazio ekonomikoak: amatasuna, aitatasuna, ezintasun iraunkorra, ohiko gertaerek eragindako heriotza nahiz biziraupena, eta erretiroa.

(. . .)

5. Aldi baterako ezintasunetik eratorritako gaixotasun ohiko egoeran izan bitartean eta arau bidez finkatutako moduan, dirulaguntza arautzeko oinarriaren zenbatekoa ezingo da izan baja medikoa baino lehenagoko azken hamabi hilabeteetan egiaz lan egindako egunei dagokien kotizazio oinarriaren hilabeteko batez bestekoa baino handiagoa.

Beraz, Nekazaritza Araubidean sartuta dauden langileen babes maila Araubide Orokorraren barruan dauden langileek dutenaren antzekoa da; hala eta guztiz ere, badira kontuan hartzea komeni diren desberdintasun batzuk, horien eraginez Aldi Baterako Ezintasun (ABE) prestaziorako finkatutako araudia ez baita aplikatzen.

Desberdintasun horiek era honetan zehaztuta daude:

1.- Gaixotasunaren edo lanekoa ez den istripuaren eraginez ABE prestazioa jaso ahal izateko, beharrezkoa da gaixotasun arrunta hasitako egunean edo lanekoa ez den istripua gertatutako egunean lan jarduneko aldian izatea.

2.- Lanik gabeko aldiei dagozkien kuotak ordainduta izateko betebeharra beteta izan behar da, eta ordaintzera gonbidatzeko mekanismoa ezingo da aplikatu (horri dagokionez, badago aurkako epairen bat).

3.- ABE prestazioaren ordezko ordainketa gauzatzea ez da egokia.

4.- ABEtik eratorritako gaixotasun ohiko egoeran izan bitartean, dirulaguntza arautzeko oinarriaren zenbatekoa ezingo da izan baja medikoa baino lehenagoko egiaz lan egindako azken 12 egunei dagokien kotizazio oinarriaren hilabeteko batez bestekoa baino handiagoa.

Esku artean dugun kasuan sartuta, kontuan hartu behar dugu nahitaezkoa dela, langileak ABE prestazioa jaso ahal izateko, ohiko gaixotasuna hasitako egunean edo lanekoa ez den istripua gertatutako egunean lan jarduneko aldian izatea.

Eskakizun hori gure gure Auzitegiek finkatu zuten, eta askotan berretsi izan da.

Zehatz adierazita, 2009-04-13 eguneko Auzitegi Gorenaren epaian (JB 2009/3829), zeinaren irizpidea Auzitegi berak 2013ko uztailaren 16ko epaian berretsi zuen, arrazoiketa hauek jaso ziren:

 1) aldi baterako ezintasun prestazioak laneko errentak jasotzea ordezkatzeko helburua duenez, gertaerako egunean zerbitzuak emateko betebeharra jarduera edo lan eraginkor ordainduko egoera bati buruzkoa da, eta ez laneko harreman banakako bateko latentzia fase bati;

 2) interpretazio finalistaren kanonaren aurka jotzeaz gain, helegitea aurkeztutako epaiaren tesiak behartu egiten du “hitzen berezko zentzua”, izan ere, “zerbitzuak emateko epealdiak ez baitira lan kontratu baten indarraldiarekin baliokideak; lan kontratu batek haren bizialdi baliozkoan izan ditzake lan prestazio eraginkorrik eta soldata jasotzerik gabeko epealdiak Langileen Estatutuaren (LBK 1995, 997) 45. artikuluko etete-hipotesiekin eta kontratu finko ez-jarrai baten barruko jarduerarik gabeko aldiekin gertatzen den bezala” (2003-5-26 AGE (JB 2003, 4372), aipatua); eta

 3) Nekazaritzako Araubide Berezian ezintasuna eragiteko gertaerako egunean zerbitzuak egiaz emateko betebeharra izateko exijentziak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta egiteko betebeharrak daukan eginkizun berbera dauka, kontuan hartuta Araubide Berezi hartan alta egiteko eskakizuna ez dagoela lan jarduerako gorabeherei lotuta, mantentzen den neurrian “baldintza jakin batzuetan” erroldan izena emanda izatea “langile nekazarien lan-jardunik gabeko aldietan (84/1996 EDan (LBK 1996, 673, 1442) onetsitako kokatze-ekintzen Araudiaren 45.1.4. art.”)) (2003-5-26 AGE, aipatua).

Gure Auzitegietan piztu den hurrengo kontua honako hau da: interpretazio hori dela eta, beharrezkoa al da langilea baja egoera gertatu den egunean zerbitzuak ematen aritzea prestazioa jasotzeko eskubidea izateko?

Gure Auzitegiek interpretazio malgua aplikatuz zehaztu dute kontzeptua, eskakizun hori bete beharrekoa dela ulertuta, baldin eta enpresari zerbitzu jarraiak ematen bazaizkio, indarrean dagoen lan harreman bat izateagatik; horiek horrela izanda, asmoa da aldi baterako ezintasunaren babesa lan jarduerako aldiei bakarrik egokitzea, hain zuzen ere ezintasun horren ondorioz lana egiteko aukerarik eza, horrek dakarren soldata galerarekin, gauzatzen den aldiei (AN 2013-16-07, Murtziako JAN 13-19-12 eta 13-10-12, 07-23-04, 08-26-05, Granadako JAN 07-27-02).

Baina besteren kontura zerbitzuak eman gabe, nekazaritza sistema bereziaren barruan egote hutsagatik nahitaez bete beharrekoa dela ulertzeko bezain interpretazio zabala ezin da izan, 98-10-09ko Murtziako JANaren epaian adierazita dagoenaren arabera, gertatu ez den diru-sarrera akats bat ordezkatzen ariko litzatekeelako, eta hori ez da arauaren espiritua.

Ildo berean, Valentziako Elkargoko JANaren iritzia da, 2005-02-18ko haren epaiaren arabera, laneko harremana ez dagoela bizirik baldin eta bajako hilabetean egiazko jardunaldien truke egindako kotizaziorik idatziz jasota ez badago.

Epai horretan adierazita dago haren bigarren Zuzenbide oinarrian“lege eskakizuna ez da kotizatu izana, baizik eta aldi baterako ezintasuneko egunean lanean aritu izana.

Beraz, aipatutako jurisprudentziari jarraituta, ez da nahikoa gaixotasun arruntak eragindako ABEko egunaren ondoz ondo aurreko hilabetean kotizazioak izatearekin; bajako egunean langilea lan-jarduerako aldian izan behar da.

Ondorio gisa, ohiko gaixotasunak edo lanekoa ez den istripuak eragindako aldi baterako ezintasun prestazioa eskuratu ahal izateko, ABEko egunaren zuzenean aurreko hilabetean kotizazioak egin beharra izateaz gain, orobat beharrezkoa da bajako egunean langilea lan-jarduerako aldian izatea.

Jose Antonio Prieto

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko Abokatua

MUTUALEX EPAIA 2019KO URRIA

Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2019ko uztailaren 1eko 725/2019 zenbakidun Epaia (441/2019 erref.).

Auzitegiak aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen langile baten kaleratzearen deuseztasuna —bidezkoa izan edo ez izan— landu du, desgaitasunaren ziozko diskriminazioa arrazoitu delakoan.

Bere defentsan, langileak adierazi zuen, bere ustez, kaleratzearen arrazoia bere gaixotasun-egoera zela, eta, horrexegatik, desgaitasuna zuelako katalogazioa luzatu zitekeela. Horrez gain, kaleratze hori diskriminatzailea zela adierazi zuen. Auzialdiko Auzitegiaren ustez, kaleratzea bidegabekoa zen, baina, era berean, ezeztatu zuen desgaitasunaren ziozko diskriminaziorik egin zenik. Horrenbestez, ez da bidezkoa kaleratzea deuseztatzea.

Auzi-jartzailearen zentsura juridikoa arrazoitzeko, Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du LEren 55. artikulua ez dela bete, EKren 14. artikuluari dagokionez. Izan ere, Auzitegiak arrazoitu du langilea kaleratzearen arrazoi nagusia bi hilabete lehenago hasitako aldi baterako ezintasun-denboraldia dela, eta diskriminazio-ziotzat jotzen da hori, gaixotasun horren baitan desgaitasun bat zegoela ulertzen baita.

Epai horretan adierazitako irizpidea 2018ko martxoaren 15eko Auzitegi Gorenak mantendutakoa da, uste baita langilea aldi baterako ezintasun-egoeran dagoenean kaleratzeak ez dakarrela kaleratze hori deuseztatzea EKren 14. eta 15. artikuluak ez betetzeagatik. Aitzitik, deuseztatze hori beste kasu batzuetan gertatu eta arrazoitu daiteke, besteak beste:

– Gaixotasuna estigmatizazio-elementu gisa erabili denean, horrek lan-gaitasunari eragin edo ez eragin.

– Egiaztatzen denean enpresak ohartarazi zuela langilea kaleratuko zuela, betiere, deskribatutako osasun-tratamendua hartzeari uzten ez bazion.

– Gaixotasuna desgaitasuntzat jo daitekeenean; azken kasu hori postulatuena da gaur egun.

Epaian jaso den legez, erantzuna desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 29ko ELD) 4.1 artikuluan dago. Izan ere, artikulu horren arabera, “desgaitasunen bat duten pertsonak dira urritasun fisikoak (…) dituztenak, urritasun iraunkorrak ustez, era bateko eta besteko oztopoek gizartean osoki eta eraginkortasunez (…) parte hartzea eragotzi ahal dietenak”. Definizio horrek bat egiten du Europako zuzentarauekin (2000/78 Zuzentaraua), baina ez aztergai dugun kasuarekin. Izan ere, ezartzen du ez dagoela automatikotasunik desgaitasun-sailkapenean, langilea lan egiteko erabat ezgaituta egote hutsagatik ezgaitasun-egoera horretan dagoenean —berez, egoera hori aldi baterakotzat dago sailkatuta—.

Hori dela-eta, ezinezkoa da aldi baterako baja txertatzea deuseztasun-sailkapena duen diskriminazio-kasu batean, non eta ez diren balorazion sartzen Europan jada ebatzitako desgaitasun-kontzeptuari buruzko irizpideak.

Maria Urizar

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Iktusari buruzko topaketa zientifiko, sozial eta instituzionala

Iktusaren Munduko Eguna (urriaren 29a) dela-eta, Freno al Ictus elkarteak, Espainiako Neurologia Elkartearekin (SEN) eta SENeko Gaixotasun Zerebrobaskularrak Aztertzeko Taldearekin batera (GEECV), eta Espainiako Senatuko laguntza instituzionalarekin, dibulgazio-jardunaldi bat antolatu du: “Iktusari buruzko topaketa zientifiko, sozial eta instituzionala”. Jardunaldiaren helburua da gaixotasun horren eragina hainbat ikuspegitatik aztertzea, bai eta beste alderdi zehatz batzuk ere, hala nola arrisku-faktoreak kontrolatzearen garrantzia, eragin ekonomiko eta soziala, eta gaixotasunak osasun-politikan dituen ondorioak. Halaber, honako hau landuko da: elkarteen mugimendua eta gizarte zibila gaixotasuna prebenitzeko eta horren aurka egiteko oinarrizko mailak direla, eta, horien bidez, iktusak gure herrialdean duen egoera hobetuko dela.

Bihotzaren Espainiako Fundazioaren datuen arabera, Espainian, 125.000 iktus inguru gertatzen dira urtean, eta, 15 minutuan behin, pertsona bat hiltzen da gaixotasun horren ondorioz. Gaixotasun hori prebenitzeko tresnarik eraginkorrena prebentzioa da oraindik ere. Horretarako, bizitza-estilo osasungarria izatea funtsezkoa dela gogorarazten digute: bihotzerako osasungarria den elikadura izatea, ariketa fisikoa egitea eta tabakoa erretzeari uztea.

Euskaliten 5S aintzatespena jaso du Pakea Klinikako Ospitalizazio arloak

Joan den urriaren 24an Euskalitek Mutualia bisitatu zuen Pakea Klinikako Ospitalizazio arloari 5S ebaluazioa egiteko.

Hainbat urtetan hobekuntza eta mantentze-lana egin ondoren, Mutualiako hiru profesionalek osatutako taldeak Euskalitek ebalua zitzatela erabaki zuen, ezarpenaren egoera neurtu ahal izateko. Lau ordu iraun zuen ebaluazioak, eta Euskaliteko ebaluatzaileek alde guztiak berrikusi zituzten. Azkenik, txosten oso positiboa egin zuten, eta 100etik 75ko puntuazioa eman zuten, bai eta Euskalitek arloari emandako aitorpena ere. Bada, aitorpen berri hau Mutualiaren beste arlo batzuetan jadanik lortutakoei batzen zaie.

“Mutuako larrialdi zerbitzuetan artatzen ditugun lesioen ia % 30 eskuko traumatismoak izaten dira”

Bihar, urriak 24, Mutualiaren EHO Erabakimen Handiko Ospitalean (Gasteiz) “Zauri traumatikoekin nola jokatu” jardunaldia egingo da. BMZA Bilboko Mediku Zientzien Akademiako kirurgia plastiko eta konpontzaileko atalaren presidentearekin aritu gara hizketan, Mutualiako kirurgialari plastiko Francisco García Bernalekin; programako hezkuntza jardueretako batean parte hartuko du, eta, bertan, zauri konplexuak arteztearen gaia jorratuko du.

Askotan, kirurgia plastikoa ebakuntza estetikoekin lotzen dugu. Alabaina, García Bernalek gogorarazi digu izen ofiziala Kirurgia Plastiko Konpontzailea eta Estetikoa dela, nahiz eta zehaztu duen egia dela oso kirurgialari plastiko gutxi aritzen direla konpontzailean arduraldi osoan.

Kirurgia plastikoari buruz daukagun kontzeptua zabalduko al zeniguke?

Kirurgia plastikoa luze-zabalean atzeman ezina den espezialitate moduan definitu ohi da, ez dauden ehunak ordezkatzen baititu. Ehun gabezia horren arrazoia izan daiteke tumore bat erauztea, istripu bat, gaixotasun sortzetiko baten ondorioa, erredura batzuen erasanak… Horrenbestez, kirurgialari plastikoaren jarduera-hedadura aski zabala da: izan daiteke genitalak berregitea, eskuak berrosatzea, hankak, aurpegiko erasanak… oraindik orain, jendea arlo zehatzagoetan ari da espezializatzen.

Nik neuk, ia 20 urte daramatzat gehienbat esku nahiz eskumuturretako patologien, nerbioen eta mikrokirurgiaren lan arloan. Eta neurri txikiagoan minbizi osteko berregitean: esate baterako, tumoreak erasandako ehun zatiak kentzen ditu otorrinoak, eta nik berrosatu egiten ditut, mikrokirurgiako teknikekin.

Eskuko eta eskumuturreko kirurgiaren arloan, zeintzuk dira lan arloarekin lotutako patologia ohikoenak?

Patologiarik ohikoenak hatz punten anputazio partzialak dira, gehienetan makinek eragindakoak. Pazienteak hatzaren zati bat galtzen du, eta berrosatu egin behar zaio. Baldin eta galera txikia bada, hatzeko ehunen bitartez berregin daiteke, transplante lokal txikiak eginez, eta galera handiagoa baldin bada, mikrokirurgiako teknikak erabili beharko ditugu, hala nola berriz ezartzeak edo esku bakoitzeko hatz bana transplantatzea.

Ez dira hain sarritan izaten, baina ohikoak dira traumatologia kasuak ere: tendoietako lesioak edo hausturak.

Eta bada eskuko kirurgiaren jarduera bereganatzen ari zaigun zati oso garrantzitsu bat: errepikapen-mekanismoek eragindako gaixotasun profesionalen gaia.

Mutuako larrialdi zerbitzuetan artatzen ditugun lesioen ia % 30 eskuko traumatismoak izaten dira.

Zer lan motak eragin ditzake errepikapen-mekanismoek sortarazitako gaixotasun profesionalak?

Ekoizpen kateetako lanak, esate baterako, non langileek 7-8 orduko lanaldietan keinu berbera egiten duten. Azkoinak estutuz, piezak leku batetik bestera eramanez, kontserbak ontziratuz. Anekdota batekin gogoratzen naiz: aldi batean arrain gogorragoa iritsi zen, eta tendinitis epidemia bat izan genuen, langileek eskumuturra behartu egiten zutelako arraina zuritu ahal izateko.

Jardunaldian zauri traumatikoak arteztea jorratuko da. Sarritan gertatzen dira?

Alde batetik, gaur egun ezagutza handiagoa dago, eta antibiotikoak erabiltzen dira; kontuak kontu, zauri infektatuak ez dira sarri ikusten. Ebakuntza-gelan eta ohiko inguruetan infekzio-tasa oso apala da. Eta tratamenduan, industriak ahalegin betean bultzatzeko eta saltzeko dauzkan ukendu nahiz apositu ugari izan arren, pazienteei esaten diegu zauriak garbi eta lehor egon behar duela: ohiko urarekin garbitzeko, eta ongi lehortzeko. Ura, desinfektatzailea eta tiritak edo apositoak erabiltzea da kasuen % 90ean zauriak sendatzen dituen erremedioa.

Kirurgia plastikoan eboluzio onik izaten ez duten zauri konplexuak ikusten ditugu. Gizakiok badugu orbantze ahalmena zauriak osa daitezen, baina batzuetan zauri horiek ez dute bilakaera egokirik izaten, eta hor kirurgia plastikoak esku hartu beharra izaten du, ahalik eta ondoen berregiteko.

Kirurgia beharrezkoa al da beti?

Beti ez, baina batzuetan, pazienteak substantzia galtzean edo zauriaren itxuraren arabera, badakizu hor ez dela eboluzio onik izango, edo zauri horrek tendoi bat edo artikulazio bat airean uzten dizu, eta ezin duzu hori sendatzeko zain egon, tendoiaren artikulazioa gal baitaiteke, eta bere funtzioa egin ezinik gelditu. Horrelako egoeretan, merezi du esku hartze bat egitea, tendoi edo artikulazio hori ongi babestuta egon dadin eta pazienteak haren belauna, ukondoa edo eskua kontserba dezan. Bitxia bada ere, kirurgia plastikoan esan ohi dugu tamainak ez duela axola, zauri oso handi bat izan daitekeelako, baina itxura onekoa eta teknikoki konpontzeko erraza, eta, aldiz, izan daiteke zauri txiki-txikia, azpian munta handiko egitura duena, hala nola hatz lodi baten artikulazioa edo agerian dagoen nerbio bat, gabezia bat, 2 zentimetrokoa adibidez, estaltzeko ebakuntza konplexua eskatzen duena.

Urriaren 24an egingo den jardunaldia profesionalak elkartzeko prestakuntza jarduera bat izango da, eta kasu klinikoak azalduko dituzten han.

Kasu erreal batzuk aurkeztuko ditugu, eta nola arteztu ditugun azalduko. Eta aukera eskaini dugu bertaratuko direnek ere euren kasuak ekar ditzaten eta, areago, oraindik bukatu gabe dagoen kasuren bat aurkeztuko dugu, parte hartzaileek beren esperientzia eta iritziak eskain ditzaten. Hauxe da asmoa: aurkeztuko den kasu kliniko bakoitzean, jendeak gainerako entzuleekin nola landuko lukeen zuzenean eztabaidatzea.

Zer ekarpen eskaintzen du profesionalen artean esperientziak elkarren artean trukatzeak?

Jardunaldi honen ideia diziplina anitzekoa izatea da, hainbat ikuspuntu elkarrekin trukatzeko aukera emango duena; izan ere, “zu zeu mailua izanez gero, guztiak iltzeak dira”. Hau da, kirurgialari plastikoa baldin bazara, kirurgian soilik pentsatzen duzu, eta, noizean behin, egokia da etxez etxe sendaketak egiten dabiltzan erizaintzako langileen ikuspuntua ezagutzea, zauri kronikoak etengabe artatzen ari diren etxeko ospitalizazioko unitate horiena, alegia, euren ikuspuntua eta esperientziak erakusten eta helarazten dizkigutenen langileena. Iruditzen zait baduela garrantzia diziplina anitzeko jardunaldiak antolatzeak, beste espezialistengandik ikasteko eta zeure konfort-zonatik irteteko.