Langile autonomoen jarduera uztearen gaurkotasuna

«Mutualitateen Legea» delakoa 2015eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, eta bere helburuetako bat zen norberaren konturako langileek jarduera uztearen prestazioa eskuratzeko baldintzak malgutzea; izan ere, kolektibo horretako elkarteek kexak egiten zituzten behin eta berriro, zailtasun handiak zeudelako prestazioa eskuratzeko, eta ordura arte aitortutako prestazioen ehunekoa oso baxua zelako.

Legeak sartutako aldaketen ondorioak nabarmenak dira, aitortutako eskaeren ehunekoa % 30 baino gehiago igo baita: 2014an, aitortutako eskaerak % 33 ziren, eta, 2015ean, % 43. Eta 2016ko lehen hiruhilekoa aztertzen badugu, ikusiko dugu onartutako eskaeren ehunekoa % 47ra arte hazi dela mutualitateen sektorean, eta % 57ra arte Mutualiaren kasuan.

Lehen adierazi dugun bezala, arautegi berriaren bidez, erraztu egin da norberaren konturako langileen kolektiboak prestazioak eskuratzea. Ondorengo aldaketak nabarmenduko ditugu, ordutik aurkeztu diren eskaeren gehiengoari aplikatzekoak baitira:

  Lehen, urte osoko galera ekonomikoak epe berean lortutako diru-sarreren % 30 baino handiagoak izan behar ziren, jarduna hasitako lehen urtea kenduta. Orain, aldiz, nahikoa da diru-sarreren % 10 baino handiagoak izatea.

  Ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoek (EMLA) jarduera uztearen prestazioa eska dezakete aitorpen hori izan ez arren; betiere, haien jardunak kolektibo horretarako ezarritako baldintzak betetzen baditu: egiaztatzea gutxienez diru-sarreren % 75 bezero bakar baten mende daudela, ez duela besteren konturako langilerik, ez duela jarduera azpikontratatzen, produkzio-azpiegitura propioa duela, etab.

Gogora dezagun langile autonomoek jarduera uzteagatiko babesak bi prestazio mota biltzen dituela:

  1. Prestazio ekonomikoa, jarduera erabat eta ez-borondatez aldi baterako –kasu zehatz batzuetan– edo behin betiko uzteari dagokiona.
  2. Gizarte Segurantzari kontingentzia arruntengatik kotizazioa ordaintzea, prestazio ekonomikoa jasotzen den bitartean.

Bi kasuetan, jarduera uzten den hilabetearen hurrengoko lehen egunetik egingo da ordainketa, eta horren iraupena Gizarte Segurantzari estaldura horrengatik kotizatutako hilabete-kopuruaren araberakoa izango da. Horrez gain, 60 urte baino gehiagoko eskatzaileei hobari gehigarria emango zaie; hala, kotizazio-epea berdina izanda ere, iraupen luzeagoa izango du haien prestazioak.

Mutualiaren kasuan, jarduera uztearekin lotuta aitortutako espedienteen batez besteko iraupena ia 11 hilabetekoa da gaur egun, gehiengoa 12 hilabete izanik.

Zenbat  gehiago kotizatu behar da jarduera uzteagatiko prestaziorako eskubidea izateko? Ondorengo taulan, hainbat adibide ageri dira: kotizazio-oinarria, langile autonomoak jarduera uztea estaltzea aukeratzekotan izango lukeen kuota gehigarria, eta prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzekotan eskuratu ahal izango lituzkeen prestazio ekonomikoak. Gainera, kontuan izan behar da estaldura hori aukeratzen bada, Gizarte Segurantzari ordaintzen zaizkion kontingentzia arruntengatiko kuotak % 0,5 murrizten direla.

KOTIZAZIO-OINARRIA

JARDUERA UZTEAREN KUOTA

SEME-ALABAK ARDURAPEAN EZ DITUZTENENTZAKO PRESTAZIOA

SEME-ALABA 1 ARDURAPEAN DUTENENTZAKO PRESTAZIOA

KONTINGENTZIA ARRUNTENGATIKO KOTIZAZIOA
893,10 € 19,65 € 625,17 € 664,75 € 266,14 €
1.067,40 € 23,48 €  747,18 € 747,18 € 318,09 €
1.964,70 € 43,22 € 1.087,21 € 1.242,52 € 585,48 €
3.642,00 € 80,12 € 1.087,21 € 1.242,52 € 1.085,32 €
Jarduera uztearen prestazioaren zenbatekoa jarduera utzi aurreko 12 hilabeteetako kotizazio-oinarriaren batez bestekoaren % 70 da, eta zenbatekoaren gutxiengoa eta gehiengoa hileko eragin anitzeko errenten adierazle publikoaren (IPREM) eta ardurapean dituen seme-alaben kopuruaren araberakoa da, indarrean dagoen arautegiari jarraikiz.Kontingentzia arrunten zenbatekoak bat datoz Mutualitateak kontingentzia horrengatik egiten dituen kotizazioekin, jarduera uzteagatik prestazioa aitortzen den denbora osoan zehar. Ezin dugu ahaztu, bestetik, kendu egin dela jarduera uztearen babesa eskuratu ahal izateko kontingentzia profesionalak babesteko betebeharra; arautegian aldaketak egin zirenetik, estaldura hori borondatezkoa eta independentea da.Mutualiatik, estaldura hori izenpetzera animatu nahi ditugu langile autonomoak, haien babesa hobetzeko.
Diego Badosa Quintana, Mutualiako LAJU prozesuaren zuzendaria

Tubos Reunidos

Aiarako haranean dagoen Tubos Reunidos SA enpresak «Lan-arriskuen prebentzioan ikerkuntza, garapen teknologikoa eta berrikuntza» saria irabazi du, Mutualiak antolatutako VII. edizioan.

Aitorpen garrantzitsu hori baliatuz, prebentzio-arloko arduraduna ez ezik, lanaren babesle nagusia ere baden Aitor Ibarrarekin jarri gara harremanetan, saria jaso duen proiektua hobeto ezagutzeko: «Siderurgia-industrian istripu-tasen maila murrizteko azterlan estatistikoa eta eredu matematikoa».

 

«Benetako diferentziazio-faktorea laneko arriskuen prebentzioa aginte-katean integratzea eta onartzea da, erdi-mailako agintarietatik zuzendari nagusira arte»

Aitor Ibarra

  • Saria jaso duen proiektuaz hitz egin aurretik, azalduko al zeniguke zer-nola antolatu duzuen prebentzioa Tubos Reunidos Industrial SLUn?

 

Enpresan prebentzio-zerbitzua daukagu, lau espezialitateak bilduz. Lan-arriskuen prebentzioko hiru teknikari, bost erizain eta mediku bat dira zerbitzu hori osatzen dutenak. D

Zuzendari guztiak (zuzendari nagusia barne), departamentuetako arduradunak, ingeniariak, eta abar goi-mailako teknikariak dira lan-arriskuen prebentzioan, edo unibertsitate-masterra dute; guztira, 50 pertsona baino gehiago dira.

Erdi-mailako agintariei dagokienez (arduradunak, koordinatzaileak…), prebentzio-baliabide dira denak. Eta langileen % 80 baino gehiago lan-arriskuen prebentzioan oinarrizko teknikari dira (50 ordu).

 

  • Prebentzioaren kudeaketari dagokionez, zeintzuk dira, zure ustez, zuen prebentzio-jardueran nabarmentzen diren puntu nagusi edo berezitasunak?

 

Benetako diferentziazio-faktorea laneko arriskuen prebentzioa aginte-katean integratzea eta onartzea da, erdi-mailako agintarietatik zuzendari nagusira arte.

 

  • Proiektuari dagokionez, zein da proiektuaren oinarri zehatza?

 

Enpresa guztietan, enpresaren jarduera edozein dela ere, urteko prebentzio-planean ezartzen den helburua ZERO istripu izatea da; hau da, lan-arriskuen prebentzioan bikaintasuna lortzeko bide bat aurkitzea, eta lan-baldintzen hobekuntza eta jokaera segurua enpresaren prebentzio-kulturaren zati aktiboa izatea.

Errealitatean, enpresa bakoitzak, bere prebentzio-plana ezartzean, hainbat alderdi hartzen ditu kontuan: prebentzio-zerbitzuaren edo/eta zuzendaritza-taldearen esperientzia, sindikatuen edo prebentzio-ordezkarien presioa, dagoeneko beste enpresa-erakundeetan ezarritakoa, eta abar. Baina zorroztasun teknikorik gabe egiten du hori, eta, beraz, ezin dute bermatu proposatutako neurriek emaitza ona izango dutenik.

 

Ikerkuntzaren helburua laneko istripuak murrizten laguntzea da, eragin handiena duten aldagaiak aurkituz eta identifikatuz; ondoren, alderdi horiek indartu egin behar dira prebentzio-planean, zuzendaritzaren berrikusketan eta/edo enpresaren politikan, xedatuta dagoenari jarraikiz.

 

Lan honetan, siderurgia-sektorean laneko istripuak aurreikusteko eredu matematiko bat kalkulatzen da, aldagai anitzeko atzerapen ez-linealaren analisian oinarrituta, xede hauekin:

  • Istripuetan aldagai bakoitzak zenbateko eragina duen kalkulatzea.
  • Lan-arriskuen prebentzioan inbertsioa optimizatzea.
  • Kalkulatutako aldagaien gaineko jarduketa sustatzea, enpresan laneko istripuen kopurua murriztearren.

Azterlan estatistikoak sailkatu egiten ditu istripuak; horretarako, joerak eta desbideratzeak aztertzen ditu, hipotesiak formulatzen, eta kontrolerako neurri orokorrak ezartzen, gero sektoreko beste enpresa batzuen datuekin alderatu ahal izateko. Horrez gain, enpresa bertako eta bere datu historikoetako istripu-tasen eboluzioa ere aztertzen du.

  • Zer-nolako hobekuntzak ekarri dizkizue proiektu horrek?

Zaila da ehuneko bat emanez objektiboki zehaztea zenbateko hobekuntza ekarri duen proiektu horrek enpresako laneko arriskuen prebentzioan. Nolanahi ere, nabamenki hobetu dira TRI enpresaren segurtasun- eta osasun-baldintzak, emaitzak eta, jakina, istripu-tasa.

  • Beste enpresa mota batzuetan aplikatzeko modukoa al da?

 

Bai, noski. Istripuen analisia eginez, istripuak zergatik gertatu diren aztertuz, eta istripuak gertatzen lagundu duten laneko faktoreak zehaztuz, neurriak har daitezke, istripuak berriz gerta ez daitezen. Neurriek epe ezberdinetara izango dituzte ondorioak; batzuek, berehala.

Ikuspuntu orokorretik, arriskuen kudeaketak oso oinarri teoriko garrantzitsua du. Hala ere, laneko arriskuetan ez da, oraingoz, guztiz aplikatu. Gaur egun, formalizaziorako joera da nagusi; erakunde asko daude (aholkulariak edo eskudunak), eta arauak ere, barra-barra daude (batez ere, gure legegintza-sisteman sartzen diren Europako arauak). Dena den, ezbehar asko gertatzen dira, eta horrek pentsarazten digu formalizazio hori ez dela eraginkorra, edo ez dela betetzen.

Laneko ezbeharren fenomenoak gero eta interes sozial handiagoa pizten du, kostu handia eragiten duelako, bai gizaki garen aldetik, bai arlo ekonomikoan. Ezbehar-kopuruen eboluzioan desberdintasun nabarmenak daude lan-arriskuen prebentzioari buruzko 31/1995 Legea indarrean sartu aurreko eta ondorengo aldien artean.

 

  • Zuen esperientzia ikusirik, zer aholku emango zeniekete halako programak abiarazi nahi dituzten enpresei?

 

Neurtzen ez dena ez da existitzen. Arazo bat konpondu ahal izateko, kuantifikatu egin behar dugu, eta, neurria hartu diogunean, objektiboki aurre egin beharko diogu.

Arrazoi ugari daude laneko arriskuen prebentzioan esku hartzen duten faktoreen eredu matematiko bat diseinatu eta egiteko. Arrazoi nagusia da zuzendaritza nagusia konbentzitzea, prebentzioan aurrez inbertitzearen errentagarritasuna frogatuz; errentagarritasun hori ikuspuntu ekonomiko eta sozialean islatzen da.

Istripu bat gertatzen denean, ikusi behar da NOLA gertatu den, ZERGATIK eta NON. Baina bada istripuari estatistikoki aurreratzeko modurik, NOR, NOIZ eta horrelako galderei erantzunez. Horretarako, istripuak minimizatzeko, zaintza indartu behar da.

Langile bat kaleratzea laneko istripuagatik aldi baterako ezintasun-egoeran zehar, azkentzeko arrazoi baliozkorik egiaztatu gabe. bidegabea da ala deuseza oinarrizko eskubideei eragiteagatik?

2016-05-03ko Auzitegi Gorenaren epaiaren analisia

Honakoa da 2016/05/30eko Auzitegi Gorenaren epaiak ebazten duen egitatezko kasua: langile batek laneko istripu bat izan zuen, eta horrek lepoko zartakoa eragin zion; hori dela eta, medikuaren baja eman zioten. 30 egun inguru iraun zuen aldi baterako ezintasunaren prozesua hasi eta 10 egunera kaleratu zuten.

Enpresak adierazi zuen arrazoia langilearen errendimendua modu jarraian txikitu zela izan zen, baina hori kontraesanean dago beste egitate batzuekin, aurretiko egunetan bere lanagatik zoriondu baitzuten. Azpimarratzekoa da data horretan bertan atal edo proiektu bereko 9tik lau kaleratu zituztela, horiek ere aldi baterako ezintasunean zeudela data horretan. Zuzendaritzak lau horiek kaleratzeko emandako arrazoia honakoa izan zen: haien ordezkapena ahalbidetzea eta zerbitzuaren produktibitatea eta jarraipena bermatzea.

Kasu horretan, zehazki, enpresak onartu zuen langilearen lan-harremana azkentzeko –langilearen egoera epaian aztertuta dago– aukeratutako formula diziplinazko kaleratzearena izan bazen ere, kaleratzeko arrazoi gisa argudiatutako kausa faltsua zela.

Hasiera batean, Bartzelonako 33. zenbakiko Lan arloko epaitegiak langilearen kaleratzea deuseztzat jo zuen, bereizkeriazko auzia izateagatik, eta Espainiako Konstituzioko 24. 1, 14 eta 15 artikuluetan oinarrituz. Enpresa langilea berriz hartzera kondenatu zuen, izapide-aldiko soldatak ordaintzera eta 10.000 euroko kalte-ordaina, kalte moralengatik.

Epai haren kontrako erregutze-errekurtsoa egin zuen langileak, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Lan arloko epaitegiaren epaia. Kaleratzea bidegabetzat jo zuen, eta enpresaburuari bi aukera eman zizkion: 5 eguneko epean langilea berriz hartzea ala 2.084 euroko kalte-ordaina.

Auzitegi Gorenak doktrina bateratzeko kasazioaren errekurtsoan, langilearen letratu-ordezkaritzak jarritako errekurtsoa gaitzetsi zuen, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiko Salaren epaia berretsi.

Lehenik, honakoa esaten da: enpresak kaleratze-gutunean idatziz jasotako kaleratzearen arrazoia faltsua zela onartu bazuen ere, Auzitegi Gorenaren doktrina errepikatzen da, gure Zuzenbide positiboan lege-iruzurragatiko edo arrazoi faltsuengatiko kaleratze deusezik ez dagoela adieraziz, langilea aldi baterako ezintasunean egonda kaleratze hutsak ez dakarrela berarekin langilearen osasunaren edo errekuperazioaren kontra zuzendutako jarduera, baizik eta zalantzan jartzen duela aldi baterako ezintasunean egonda kaleratzea norberaren duintasunarekin bereizkeriakoa den eta horren kontrako erasoa den.

Epaian adierazten da gai horren inguruan Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak honakoa dioela, 2000/11/27ko Kontseiluaren 200/78/EE zuzentaraua, enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako marko orokor bat ezartzeari buruzkoa, aplikatuz, hala nola Konstituzio Auzitegiaren Doktrina, batez ere 14. artikuluko analisia: «debekatzen ditu era guztietako bereizkeriak, jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo bestelako edozein baldintza edo egoera pertsonal edo sozial direla eta sor litezkeenak».

Konstituzio Auzitegiaren Doktrina dela, eta, gaixotasuna, zentzu generikoan, lanerako ikuspegi hertsiki funtzional batetik, ezin da, printzipioz, bereizkeriazko faktoretzat edo arrazoitzat jo, lan-kontratuaren eremuan. Giza izaerak berezkoa duen kontingentzia bat da, eta ez berariaz pertsona- edo langile-talde edo -kolektibo batena. Gainera, gaixotasunak, maiztasun ez-ohikoetan gertatzen denean, lan-kontratua mantentzea enpresarentzat errentagarria ez izatea eragin dezake; hori dela eta, enpresaburuak erasandako langilea kaleratzea erabakitzen badu, legez kanpoko jokaera bat egin dezake, ez badu frogatzen Langileen Estatutuko 52. artikuluan aurreikusitako kaleratzearen kausaren konkurrentzia; baina, ez da izango bereizkeriagatiko deuseztasun erradikal batek akastutako jardute bat.

Kasu zehatz batzuetan bakarrik, adibidez, emakume-izaerari lotutako haurdunaldiak eragindako gaixotasunetan, har daiteke gaixotasunagatiko edo medikuaren bajagatiko kaleratzea diskriminatzailetzat, baliogabetasun akatsarekin, egiatan sexu-bereizketak eragindako kaleratze-kasu zehatz bat baita, izatez emakumeei bakarrik eragin baitiezaioke, gizonekiko desabantaila-egoera batean ezarriz.

Bestalde, Konstituzio Auzitegiak adierazten du osasuna babesteko eskubidea Espainiako Konstituzioko 41.3. artikuluan onartuta dagoela, eta beraz, ez dagoela kaleratzea deusezteari buruzko legezko aginduek aipatzen dituzten Oinarrizko Eskubideen eta Askatasun Publikoen kategorian sartuta, nahiz eta Auzitegi Gorena zehatza den kaleratze-prozesu indibidual bakoitzean enpresak kontuan hartu dituen faktoreak gogoan hartu beharko direla adieraztean, eta horien arabera, dagokien ebazpena erabaki, kontuan hartuta, epaitutako kasuan, kaleratzeko kausa langilearen errendimenduan gaixotasunak eta medikuaren bajak izan duen eragin negatibo saihestezina izan dela. Kausa horrek, Litis horretan, helburuaren zilegitasun-eza eta bidegabetasuna adierazten du, baina ez haren deuseztasuna diskriminazioagatik edo oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

Epaian aztertzen den beste kontua da gaixotasun eta desgaitasun terminoen artean juridikoki dagoen desberdintzea. Desgaitasuna epe luzerako muga bat da, bereziki min fisiko, mental edo psikikoek eragindakoa. Muga horrek hainbat oztoporekin batera, delako pertsona horri bizitza profesionalean beste langileen baldintza berberetan guztiz eta eraginkortasunez parte hartzea eragotz diezaioke. Beraz, lan-harremanen esparruan, desgaituen legezko bereizkeriaren kontrako tutoretza justifikatzen duten arrazoiek ez dute balio gaixotasunek edo minek eragindako pertsonen kasuan. Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak gai honen inguruan duen jurisprudentzia aipatzen da, eta Auzitegi Gorenak ondorio hau ateratzen du: kasu honetan, langilea kaleratzea ez da langile desgaitu batena; beraz, alde honetatik ere, enpresaburuak onartutako kausaren faltsutasunagatiko desegokitasuna adierazi beharra dago, eta lortu nahi zen deuseztasuna baztertu.

 

Izpta. Raquel Martínez. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Jardunbide egokien Europako sarien deialdia.

«Adin bakoitzerako lan osasungarriak» Europako kanpainaren markoan, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionaleko Kanpo Harremanetarako Departamentuak, Laneko Segurtasunetako eta Osasunerako Europako Agentziaren erreferentzia zentro gisa, adina kontuan hartuta langileen zahartze osasungarria sustatzen duten prebentzio neurriak ezarri dituzten enpresak «Jardunbide egokien Europako sarietan» parte hartzera gonbidatu ditu.

Erakunde horrek adierazitakoaren arabera, hautagaitzak aurkezteko epea 2016ko irailaren 23an amaituko da.

Deialdi horri buruzko esteka interesgarriak:

04/2016 albiste buletina

Uztailaren 12an, Gizarte Segurantzaren webgunean 04/2016 albiste buletina argitaratu zuten, Enpresa eta aholkularitza enpresentzat interesgarria izan daitekeen hurrengo eduki hauek ditu:

 

 ZUZENEKO LIKIDAZIO SISTEMAREN BERRITASUNAK

FITXEROKO ZIRRIBORRO PARTZIALAREN ESKAERA EZARTZEA

ZERBITZU BERRIAK GEHITZEA 

 

KOTIZAZIO KONTUAREN ZENBAIT KODETAN ALTAN DAUDEN LANGILEEN ALDI BATERAKO EZINTASUN PROZESUAK JAKINARAZTEA

 

ALDI BATERAKO EZINTASUN PARTEAK ONLINE MODALITATEAN ALDATZEA

 

EPE LABURREKO LAN KONTRATUETAN HARTU GABEKO OPORRALDIEN LIDIDAZIO OSAGARRIA

ESKOLA-ASEGURUA: TC3/2 MODELOA KUOTAK LIKIDATZEKO AGIRI BATEKIN ORDEZKATZEA

SILCON ZIURTAGIRIAREN DESAGERPENA

SEPE kontratuen gida, 2016ko uztailean eguneratuta

Kontratuen Gidak lan-kontratuen eta kontrataziorako pizgarrien arloan indarrean den araudi osoa jasotzen du.

Gidaren xedea gure lan-merkatuan jarduten duten erabiltzaile eta eragileen informazio-eskaerari erantzuna ematea da; gainera, kontratu-ereduen administrazio alorreko sinplifikazio berrira egokitzen da, eta lau kontratu-ereduak (mugagabea, aldi batekoa, prestakuntzara eta ikaskuntzara xedatua, eta praktikak egiteko kontratua) erraz ezagutzeko eskuliburu gisa egituratuta dago. Era berean, horien ezaugarri eta baldintza zehatzak jasotzen dira, langilearen eta/edo enpresariaren berezitasunak kontuan hartuta.

Gizarte Segurantzari kotizatzeko minimo salbuetsia. Maiz egiten diren galderak.

Kotizazioko minimo salbuetsia Gizarte Segurantzarako enpresa-kotizazioen hobaria da, kontratazio mugagabeen gertakari arruntengatik.  Hobari hori enplegua sustatzen duten enpresek eta autonomoek lor dezakete. Neurri horrek oso-osorik mantentzen du langileen gizarte-babesa, eta aurreko tarifa finkoa ordezten du.

 

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak maiz egiten diren galderen gida argitaratu du, argitzeko zer kontratu motatan murrizten diren eta/edo onura jasotzen duten enpresa-kotizazioek edozein eratako kontratazio mugagabetan Gizarte Segurantzaren gertakari arruntengatik. 2015eko martxoaren 1etik 2016ko abuztuaren 31ra bitartean egindako kontratu mugagabeetarako, lanaldi osokoak edo partzialekoak izan.

Hobaria edo murrizketa 24 hilabetean zehar aplikatuko da.

Hamar langile baino gutxiagoko enpresen kasuan, neurria beste 12 hilabetez luzatuko da, eta azken aldi horretan kotizazio-tasaren aplikaziotik salbuetsita geratuko dira kotizazio-oinarriaren lehenengo 250 euroak; kontratazioa denbora partzialekoa

Kirurgia anbulatorio nagusiaren unitatea inauguratu dugu Pakea klinikan

Gure bezeroen erosotasuna hobetzeko eta prozesuan zehar zaintza-zerbitzu onenak eskaintzeko, kirurgia anbulatorio nagusiaren unitatea inauguratu dugu Pakea klinikan.

Unitate horrek banako bi gela berri ditu. Horien instalazio erosoei eta bitarteko tekniko egokiei esker, gure diziplina arteko lan-talde profesionalarekin batera, kalitate asistentzial onena ematen diogu pazienteari ospitaleko bere egonaldi laburrean. Horretarako, gelek egongela dute (bi besaulkirekin), bai eta banako ohe bat, telebista handi bat, telefono bat eta doako wifi konexioa ere.

Zer da kirurgia anbulatorio nagusia?

Kirurgia anbulatorio nagusian pazientea ospitaleratu egiten da, baina gaua etxean pasatzen du. Protokolo kliniko eta antolakuntza-arau egokiak betetzen direnean, osasun-laguntza segurua bermatzen du teknika honek. Prozedura honek morbimortalitate-tasa txikitzen du, bai eta ospitaleratze batek berez dituen kontrako efektu potentzialak ere.

Bestalde, kirurgia anbulatorio nagusiarekin emaitza sozialak ere hobetzen dira, pazientea eta bere senideak pozago daudelako, eta osasun-arretaren kostuak murrizten ditu, ospitaleratze arrunteko kirurgia baino % 25-60 merkeagoa baita, estimazioen arabera.

Zer pazientek har dezakete kirurgia anbulatorio nagusia?

Pazienteak kirurgia anbulatorio nagusiko prozesuetan sartzeko irizpideak hiru multzotan sailka ditzakegu: kirurgikoak (ebakuntza motaren araberakoak), anestesikoak (anestesia motaren arabera) eta pertsonalak (pazientearen eta haren ingurune sozialaren araberakoak: familiaren laguntza eta etxebizitzaren irisgarritasuna…).

Paziente bat kirurgia anbulatorio nagusirako egokia den egiaztatzeko, gure loturako erizaintzak hiru baldintza horiek egiaztatzen ditu ebakuntzaren aurretik. Ebakuntza eta gero berriz ebaluatzen dira baldintza horiek ospitaleko alta emateko, pazienteak oraindik baldintza positibo guztiak betetzen dituen ikusteko.

Erreflexuak estimulatzera

Padela gero eta jende gehiagok praktikatzen duen kirola da, abantaila fisikoak baititu eta entretenitua baita

Padelak gero eta jarraitzaile gehiago du Euskadin. Azken urteotan, lehiaketa asko jokatzen da. Euskal Federazioak eta klubek antolatzen dituzte, eta pistak espezialitate honek eskaintzen dituen entretenimendua eta abantailen bila ari diren kirolariz betetzen dira.  Izan ere, padela finkatzen ari den kirol-modalitate bat da. Euskal Autonomia Erkidegoan indar handiarekin abiatu da, eta jende asko erakarri du. Egia da antza handi duela tenisarekin, baina padeleko pistak txikiagoak izateak, arintasun handiagoa eta erreakzio-gaitasun handiagoa eskatzen dute. Atal honetan aipatu dugun beste edozein kirol praktikatzeak bezala, padelean aritzeak osasunari dakarzkion abantailak asko dira. Padelean ez dago kontakturik eta mugimenduak oso kontrolatuak dira. Horrek lesio.arriskua txikitzen du. Hobekuntza fisikoari dagokionez, psikomotrizitatea doitzeko gaitasuna da nabarmen, hala nola arintasuna eta berehalako erreakzio-gaitasuna handitzea. Aldi berean, organismoa suspertzen du. Padeleko partida batek eskatzen duen kontzentrazio handia dela eta, erreflexuen bizkortze maximoa dakar berekin. Padela, gainera, erraz ikasten den kirol bat da, ariketa aerobikoa dakar berarekin, baina ez du gorputzaren gehiegizko esfortzurik eskatzen eta aukera ematen du partiden erritmoa jokalari bakoitzak bere sasoi-egoeraren araberako prestazioetara egokitzeko. Era berean, muskulu-talde zehatz batzuk indartzen laguntzen du. Adibidez, pilotari jotzean, bularreko muskuluekin, deltoideekin, besoko bizepsekin eta trizepsekin lan egiten da. Pistan zehar aritzean, aldiz, koadrizepsek eta abduktoreek egiten dute lan funtsean. Padelean aritzeak dinasmismo eta arnas hiperbentilazio handia dakar berekin. Horrek zirkulazio-aparatuaren funtzionamendua nabarmen estimulatzen du, eta zirkulazio-ariketa altua eskatzen du. Horrela, istripu zerebrobaskularrak prebenitzen ditu. Padela entretenigarria da, estresa kentzen du, mugimenduen eta erreflexuen koordinazioa hobetzen du, muskuluak indartzen ditu, bihotzeko arazoak prebenitzen ditu, burua arintzen du, beste kirol batzuetan baino lesio gutxiago eragiten du eta edozein adinetarako da egokia.

Padeleko EAEko selekzioa duela gutxi itzuli da jokora Portugalekin, Euskal Kirol Federazioen Batasuna-Unión de Federaciones Deportivas Vascas erakundearen babesarekin. Lehenago Alemania, Frantzia eta Uruguairen kontra jokatu zuen, eta zenbait denboraldi nazioartean jokatzen ikusi gabe igaro ondoren, euskal selekzioak bere indarrak Portugalgoaren aurka neurtzeko aukera izan zuen, euskal lurretan. Emakumeen taldeari dagokionez, aurrez aurreko ezin hobea izan zen portugaldar eta euskal selekzioetako neskena. Laukarizko Landa Zelaian izan zen adiskidantzako partida, portugalgo Absoluta selekzioaren eta EAEko sub 23aren artean. Euskal neskek maila handia erakutsi zuten oso joko erasokorra izan zuten jokalari batzuen aurrean. Jokatutako hiru puntuen artean, bat euskaldunen alde izan zen. San Inazio kiroldegian, bi selekzio absolutuek jokatu zuten aurrez aurre. Eta Portugalgo neskak berriz gailendu ziren, 3-1. Euskal selekzio absolutuak, oso jokalari gaztez osatua eta Belén Álvarez kapitain, azken uneraino egin zuen aurre, baina hirugarren seteko tie breakeko azken puntuan galdu zuen. Gizonezkoen partidetan, sub 23 taldea osatzen duten gazteek, Eduardo Simal kapitain, garaipena hurbil izan zuten, Jaime Bergareche jokalariak lesioa izan arte. Selekzio absolutuek San Inazio kiroldegian jokatu zuten, Jaime Bergarecheren bajarekin, baina euskal selekzioarekin estreinatu ziren bi jokalari berrirekin: Mikel Ayerbe eta Jorge Mendieta. Justu-justua izan bazen ere, bertakoen garaipenak EAE padelaren munduan potentzia handikotzat berretsi zuen, bere hurrengo hitzordurako armen beila egiten: Selekzio Autonomiko Absolutuen Espainiako Txapelketa. Higuerón Erreserban (Malaga) jokatuko da, urriaren 7tik 9ra. Itzuliko partida ere zehaztuta dago hurrengo denboraldirako, Portugalen.