Mutualiak Aurreratua aitorpena lortu du Euskadi Agenda 2030 Sarietan, jasangarritasuna kudeaketan txertatzeagatik eta garapen jasangarrirako helburuekin (GJH) duen konpromisoagatik.
Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak ematen du saria, Euskalitekin batera. Ekitaldia apirilaren 29an izan da, Euskalduna Jauregian, eta bertan izan dira Lourdes Gondra zuzendari gerentea eta Ainhoa Apesteguia Mutualiako Garapen Jasangarriko Batzordeko koordinatzailea.
Aitorpen horien helburua da, alde batetik, GJHen ezarpenean aurreratuen dauden antolakundeak identifikatzea eta haien jardunbide egokiak beste entitate batzuentzat erreferentzia izatea; eta, bestetik, egindako ahalegina eta lortutako maila aitortzea.
Hiru sari-kategoria daude:
– Konpromisoa, oinarrizko maila. Autoebaluazio osoa Euskaliten online-plataforman egiten duten antolakundeentzat.
– Bidean, tarteko maila. Ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituztelako kanpo-kontrastea egin dezaketen antolakundeentzat (kontrasteak tarteko aitorpena lortzeko aukera ematen die).
– Aurreratua, maila aurreratua. Kanpo-kontrastean maila jakin bat gainditzen duten antolakundeentzat.
Duela bi urte, Mutualiak Bidean aitorpena lortu zuen, eta, 2025. urtearen amaieran, ebaluazioa gaindituta, Aurreratua maila eman zitzaion.
Maila horretako aitorpenak Mutualiaren ahalegina nabarmentzen du, hainbat kudeaketa-ziklo osatu eta emaitza ukigarriak eta jasangarriak frogatu baititu; horrenbestez, erreferentzia da jasangarritasunarekiko konpromisoan.
Mutuak Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna ospatzeko ekitaldia egin du Bilbon, eta 0Bidean aitorpenak eta prebentzioko argazki-lehiaketaren XXIII. edizioko sariak banatu ditu.
Bilbon, 2026ko apirilaren 24an. Mutualiak apirilaren 28an izaten den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna ospatzeko ekitaldia egin du gaur. Topaketa horretan, mutuak berriro adierazi du konpromiso irmoa duela laneko arriskuen prebentzioarekin eta lan-ingurune seguruagoak eta osasungarriagoak sustatzearekin.
Lourdes Gondra Mutualiako zuzendari kudeatzaileak eman dio hasiera ekitaldiari, eta ongietorria egin die bertaratuei. Hitzaldian nabarmendu duenez, «aurtengo jardunaldia gure lan-zentroetan lan-ingurune psikosozial osasungarria bermatzean ardaztu dugu», azpimarratu nahi baita mutuek langileen zaintzan eta enpresentzako laguntzan betetzen duten funtsezko zeregina.
Gero, «Organización psicosocial saludable: del liderazgo al cuidado» hitzaldia eskaini du Patxi Rocha prestakuntza eta coachingeko adituak. Rochak nabarmendu du zuzendariek eta erdi mailako arduradunek garrantzi berezia dutela lan-ingurune osasungarrien sustapenean, eta azpimarratu du lidergo kontziente eta taldeen zaintzara bideratua funtsezko palanka dela arrisku psikosozialak prebenitzeko eta antolakunde jasangarriagoak eraikitzeko.
Prebentzioko argazki-sarien XXIII. edizioa
Ekitaldian, halaber, Mutualiak antolatzen duen Prebentziozko Begiradak argazki-lehiaketaren sariak banatu dira. Aurtengoa hogeita hirugarren edizioa izan da. Epaimahai espezializatu batek argazki hauek hautatu ditu: Equilibrio de fuerza, Celia Monge Estebanek aurkeztutakoa, etaEl legado que protege el mañana, Jon Basaguren Martínezek aurkeztutakoa. Bi irudi horiek nagusitu dira prebentzioaren kulturaren balioak ikuspegi artistikotik transmititzeko gaitasuna dela eta.
Equilibrio de fuerza
El legado que protege el mañana
0Bidean aitorpenak AERNNOVA, BYCAM eta GESTAMP enpresei
Ekitaldia amaitzeko, 0Bidean aitorpenak banatu dira. Mutualiak aitorpen horiek urtero ematen dizkie lan-istripuak murrizteko egiten duten lanagatik nabarmentzen diren enpresei. Aurtengo edizioan, AERNNOVA AEROSPACE SAk, BYCAM SERVICIOS EDIFICIOS E INFRAESTRUCTURAS SAk etaGESTAMP SERVICIOS SAk jaso dituzte sariak, plantillen segurtasunarekin eta prebentzio-politiken etengabeko hobekuntzarekin konpromiso eredugarria izan dute-eta hiru konpainiek.
AERNNOVA AEROSPACE SA
BYCAM SERVICIOS EDIFICIOS E INFRAESTRUCTURAS SA
GESTAMP SERVICIOS SA
Ekitaldi horrekin, Mutualiak laneko arriskuen prebentzioarekin duen konpromisoa berretsi du aurten ere, langileen osasuna babestea enpresek eta, oro har, gizarteak egin dezaketen inbertsiorik onena dela sinetsita.
Apirilaren 7an, Coomeva Fundazioa Mutualiaren Bilboko egoitzan izan zen, Euskadin duen Nazioarteko Misioaren esparruan. Ekimen horren bidez, Kolonbiako fundazioaren xedea da askotariko enpresa-errealitateak ezagutzea, Euskadirekin harremanak izan ohi dituen kooperazio-eremutik harago.
Coomeva Fundazioa Kolonbiako kooperatiba bat da, eta bere bazkideen eta familien enpresa-garapenean jarduten du. Mutualiarekiko duen interesa erakundea bere sektorean eta erakundeetan kultura etikoaren sustapenean erreferente gisa aitortzeari zor zaio.
Topaketan, ordezkaritzak instalazio batzuk ezagutzeko aukera izan zuen, bai eta Mutualiako zuzendaritzarekin bilera bat egitekoa ere. Bisita amaitzeko, Coomeva saria eman zion, eta honako aitorpen hau egin zion:
“Coomeva Fundazioak eta Coomeva sariak eskerrik beroenak eman nahi dizkizugu Bilborako 2026ko Nazioarteko Misioaren esparruan gure enpresa-ordezkaritzari harrera egiteko erakutsi duzun prestasunagatik.Guretzat ohorea da zuen irekitasuna eta eskuzabaltasuna jasotzea, ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko beren erakundeak indartzeko eta beren lurraldeetan inpaktua sortzeko konpromisoa duten enpresari kolonbiarrekin”.
PROBALDIAN, LEGEZKOA DA LANEKO BAJAN DAGOEN LANGILE BAT KALERATZEA?
Tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko 15/2022 Legeak aldaketa handi bat ekarri du diskriminazioaren aurkako tutoretzaren esparruan, gaixotasuna edo osasun-erasana diskriminaziorako arrazoi autonomo gisa eratu baitu 2.1 artikuluan.
Hori horrela, gainditu egiten da aurreko doktrina, eskatzen zuena babes indartua emateko desgaitasunarekin parekatzea edo baldintza jakin batzuk betetzea (larritasuna, iraupena edo efektu estigmatizatzailea).
Era berean, arau horren 2.3 artikuluak mugatu egiten ditu gaixotasunean oinarritutako tratu-desberdintasun posibleak prozesu terapeutikotik, lana betetzeko muga objektiboetatik edo osasun publikoko eskakizunetatik hertsiki eratorritakoetara, eta horrek nabarmen murrizten du enpresak eremu horretan jarduteko duen tartea.
Aurrekoarekin lotuta, 26. artikuluak diskriminazio-egintzen erabateko deuseztasuna ezartzen du, eta aurreikuspen hori, lan-eremuan, Langileen Estatutuaren 55.5 artikuluarekin lotu behar da, zeinak baliogabetzat jotzen baititu debekatutako diskriminazio-arrazoiren bat duten edo oinarrizko eskubideak urratzen dituzten kaleratzeak.
Ikuspegi horretatik, oinarrizko eskubideen tutoretza-prozesuetako zantzu-frogari buruzko doktrina sendotua aplikatu behar da, bi planotan antolatuta: lehenik eta behin, salatutako urraketaren arrazoizko zantzuak aurkeztu behar ditu langileak (hala nola aldi baterako ezintasun-egoeraren eta azkentzeko erabakiaren arteko denbora-hurbiltasuna edo itxurazko kausa objektiborik ez izatea); bigarrenik, zantzu horiek egiaztatu ondotik, enplegu-emaileari froga-zama kentzen zaio, eta enplegu-emaileak justifikatu beharko du ageri direla benetako kausak, objektiboak, diskriminazio-helburuekin zerikusirik ez dutenak eta behar bezala egiaztatuak, Lan-arloko jurisdikzioa arautzen duen Legearen 181.2 artikuluak dioenari jarraikiz.
Berriki onetsitako doktrina judizialak agerian uzten du aplikatzen ari dela arau-esparru hori arian-arian. Hori horrela, Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratzearen deuseztasuna deklaratzen ari dira, egiaztatzen denean enpresaren erabakia erreaktiboa dela langilearen aldi baterako ezintasun-egoeraren aurrean, bereziki aldi baterako gertutasun-kasuetan eta behar besteko justifikaziorik ez dagoenean. Aldiz, onartu da iraungitzearen baliozkotasuna, baita probaldian ere, diskriminazio-zantzurik ez dagoenean edo enpresak behar bezala egiaztatzen duenean arrazoi objektibo bat dagoela eta argi eta garbi bereizten dela gaixotasun-egoeratik.
Ondorioz, esan daiteke 15/2022 Legeak nabarmen zabaldu duela kaleratzearen aurkako babes-eremua, gaixotasuna diskriminazio-faktore espezifiko gisa sartu baitu. Dena den, horrek ez dakar berekin aldi baterako ezintasun-egoeran gertatutako kontratu-azkentze ororen deuseztasun automatikoa, eta ezinbestekoa da kasuistika aztertzea; alde horretatik, erabakigarria izango da zantzuak agertzea eta enpresaren justifikazioa behar bestekoa izatea.
Ondorio gisa, nahitaez adierazi behar da aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen langile baten kaleratzea deuseztzat joko dela, baldin eta, zantzu guztiak ikusi ondotik, ez bada egiaztatzen enpresak hartutako erabakia gaixotasunarekin zerikusirik ez duten arrazoi objektibo, arrazoizko eta guztiz arrotzen ondorio dela; kasu horretan, indarrean dagoen araudiak debekatutako diskriminazio-presuntzioa aplikatuko da.
ENPRESA BATEN ARAZO EKONOMIKOAK EZ DIRA LAN-ARLOKO ARAU-HAUSTEEI ETA ZEHAPENEI BURUZKO LEGEAREN 22.3 ARTIKULUAK ESKATZEN DUEN EZINBESTEKO EGOERAREN PAREKOAK. AUZITEGI GORENAREN 2026KO OTSAILAREN 17KO 167/2026 EPAIAREN AZTERKETA
Auzitegi Gorenaren otsailaren 17ko 167/2026 Epaiak Malagako enpresa batek aurkeztutako aurkaratzea aztertzen du. Aurkaratze hura Ministroen Kontseiluaren erabaki baten aurka aurkeztua zen, zeinak 185.721,19 euroko zehapena ezarri baitzion enpresari 2018ko azarotik 2024ko ekainera bitartean Gizarte Segurantzaren kuotarik ez ordaintzeagatik, kotizazio-dokumentazioa RED sistemaren bidez aurkeztu arren.
Aztertutako epaian, enpresaren zenbait eskaera jaso ziren, hala nola lan-arloko jurisdikzioa ote zen eskuduna prozeduran, eta Auzitegi Gorenak erantzun du baietz, harena dela eskumena, aurkaratzen den auzia arau-hauste akta baten ondoriozko Gizarte Segurantzaren arloko administrazio-zehapen bat delako.
Era berean, zehapen-erabakia erabat deuseztatzeko eskatzen zen, enpresak uste baitzuen ez zituela betetzen behar adina arrazoitzeko baldintzak, eta, gainera, akats bat zuela, oker aipatzen baitzuen Lan arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen artikulu bat. Horrek defentsa-gabezia sortzen zuen enpresaren aburuz. Alabaina, uzi horiek baztertu egin ziren, Auzitegi Gorenak baloratu baitzuen akats horrek ez zuela eragiten benetako defentsa-gabeziarik, espedientean zehatutako egitateak irakurrita argi eta garbi ondorioztatzen baitzen zein zen egotzitako arau-haustea eta zein zen aplikatu beharreko arau-esparrua.
Enpresak bi defentsa-lerro aurkeztu zituen. Lehenengoa, epaiak partzialki baietsia, zehatzeko kontuan hartu ziren ordaindu gabeko kuoten preskripzio partziala izan zen. Salaren iritzian, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Gizarte Segurantzaren Laneko Ikuskaritzak ez zuten egin jarduerarik 2024ko urria baino lehen, eta, beraz, kotizatzeko betebeharra 4 urtera preskribatzen denez, preskripzio horrek berekin dakar ezin zehatzea kuota horiek ez ordaintzea, jada galdaezinak diren heinean. Horren ondorioz, eskatutako zenbatekoa askoz txikiagoa zen aurrekoa baino.
Bigarren defentsa lerroa izan zen pandemia (2020. urtea eta hurrengoak) eta diru-sarreren beherakada ezinbesteko egoeraren parekoak izan zirela, edo, gutxienez, erantzukizuna baztertzeko edo nabarmen jaisteko arrazoi nahikoa izan zirela. Auzitegi Gorenak azaldu duenez, Lan arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen 22.3 artikuluak modu itxian jasotzen ditu arau-haustea baztertzen duten arrazoiak: konkurtsoa aitortzea, ezinbesteko kasua eta ukatu gabeko geroratze-eskaera. Salak arrazoitzen duenez, enpresa ez zegoen hartzekodunen konkurtsoan, ez zuen eskatu geroratzerik ikuskatze-jarduera baino lehen, eta, gainera, haren arazo ekonomikoak ez zetozen bat ezinbestekotasunaren kontzeptu juridikoarekin, zeinak kanpoko, ustekabeko edo saihestu ezinezko gertaera bat eskatzen baitu, enpresaren zirkulutik kanpokoa. Salak berresten du ezen, zailtasun ekonomikoak —nahiz eta handiak izan eta COVID-19arekin larriagotu— ez direla nahikoa halako arau-hauste batean zehapen-erantzukizuna baztertzeko. Are gehiago, legegileak hain justu aldatu egin zuen araua, eta “enpresaren ohiz kanpoko egoerari” buruzko aurreko aipamenaren ordez errugabetze-kasuen katalogo zorrotzago bat jaso zuen, segurtasun juridikoa indartzeko eta enpresak ordenamendu juridikoak aurreikusitako mekanismoetara jo ahal izateko, hala nola atzerapena eskatzera edo hartzekodunen konkurtsoa abiarazteko eskatzea. Alabaina, ez zen halakorik egin, eta, beraz, COVID-19aren pandemiaren egoera koiunturala ez da salbuetsi behar Lan arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen 22.3 artikulua aplikatzeko.
Azkenik, Auzitegi Gorenak erdibideko soluzio bat lortzen du. Ez du zigorra erabat deuseztatzen, eta ez du onartzen jokabide hori enpresaren egoera ekonomikoagatik desenkusatuta gelditzea. Alabaina, zuzendu egiten ditu kuoten zati bat preskribatzeagatik ordaindu beharreko urteak; berebat, jokabidea arau-hauste astuntzat jotzen segitzen du, eta, aldi berean, gehieneko maila egozten dio, baina isunaren azken zenbatekoa murriztuta.
Finean, epaia garrantzitsua da, berretsi egiten baitu kotizazioen preskripzioa eteteko ez dela nahikoa Administrazioaren barne jarduerak edo jarduera orokorrak egitea; hau da, beharrezkoa dela enpresak formalki jakitea jarduketa bat abian dela. Eta, aldez aurreko jarduketa hori ez dagoenez jasota, Auzitegi Gorenak murriztu egiten du zehatzeko zorra eta, horrekin batera, isuna. Dena den, berretsi egiten du arau-haustea, eta baztertu egiten du zailtasun ekonomikoak bere kabuz ezinbesteko gisa kalifikatu ahal izatea.
Hainbat urtez, Lan Arriskuen Prebentzioan (LAP) ia soilik kanpoko aldagai biomekanikoetan zentratu gara: pantailaren altuera, aulkiaren diseinua edo gerrialdeko flexio maila zehatza. Hala ere, giza gorputzaren gaineko ikuspegi arkitektoniko horrekin, langile baten osasun globala ebaluatzeko dagoen biomarkatzaile fidagarri, ekonomiko eta zehatzenetako batez ahazten ari gara: heltze-indarra.
Patologiari aurrea hartu nahi badiogu, agian aulkiari pixka bat gutxiago erreparatu beharko genioke, eta gehiago norbanakoaren gaitasunari.
Termometroaren kontzeptua: korrelazioa vs kausalitatea
Jarraitu aurretik, datuekin zintzo eta zorrotz jokatu behar dugu. Eskuan indar gutxi izateak ez du zuzenean istripurik eragiten, hala nola mailu bat oinean erortzea edo birusak kutsatzea.Korrelazio kliniko sendoa da, ez kausalitate zuzenekoa.
Pentsatu termometro batean: 39 ºC markatzen badu, badakigu arazo larri bat dagoela, baina termometroak ez du sukarra eragiten; azpian infekzio bat dagoela adierazten du, besterik ez. Eta sukarra jaisteak (adibidez, medikazioarekin) benetako infekzioa konpontzen duela ziurtzat jo behar ez dugun bezala, oraindik ez dakigu ziur (eta ikertzaileek sakonago ikertu behar dugu) eskuaren atzitze-indarra soilik hobetzeak langilearen kalteberatasuna konpontzen duen ala ez. Badakigu, ordea, dinamometriaren bidez neurtutako heltze-indarrak ohartarazle gisa jokatzen duela, biomarkatzaile sistemiko baten gisa.
Datuek esaten digutena: gaixotasuna eta absentismoa
Muskulua ez da hezurretatik tira egiten duen kable multzoa bakarrik; gorputzeko organo endokrino handiena da. Gaitasuna ahultzen denean (dinapenia), eragina orokorra da. Ebidentziak bi errealitate nagusi ematen dizkigu lan-osasunerako:
Gaixotzeko joera handiagoa (kalteberatasunbiologikoa):dinamometria baxuak zuzeneko lotura du multimorbilitate-arrisku handiagoarekin eta hantura sistemikoaren maila handiagoekin. PURE makroazterketak (Prospective Urban Rural Epidemiology) ia 140.000 heldu ebaluatu zituen, eta egiaztatu zuen eskuaren atzitze-indarra hilkortasun kardiobaskularraren eta orokorraren iragarlea dela, presio arterial sistolikoa bera baino sendoagoa. Maila klinikoan, heltze-indar txikiagoa duen langileak «koltxoi» fisiologiko askoz meheagoa du estres biologikoaren aurrean, eta horrek ehunen errekuperazioa okertzen du, eta gaixotasun-prozesu oro luzatzen.
Lan-istripu eta laneko baja izateko arrisku handiagoa (batez ere nekeagatik):lesioa agertu ohi da ingurunearen eskakizunek pertsonaren gaitasun fisikoa gainditzen dutenean. Azterlan prospektibo masiboek, hala nola Europako SHARE (Surveyof Health, Ageing and Retirement in Europe) kohortearen bidez egindakoek, agerian utzi dute heltze-indar txikia izateak nabarmen handitzen duela lan-mugak garatzeko eta laneko baja luze bihurtzeko arriskua.
Honelakoa izan liteke mekanismoa: langile baten gehieneko indarra txikia bada, lanpostuaren edozein eskakizun fisikok (kargak manipulatzea, tekleatzea edo jarrera eseria mantentzea) haren ahalmen erabilgarriaren ehuneko askoz handiagoa eskatuko dio. Esfortzu-atalase erlatibo altuetan etengabe lan egiteak neke handia sortzen du. Neke horrek lan fina kaltetzen du, erreakzio-denborak murrizten ditu eta mugimenduaren kontrola okertzen du. Koordinazio-akats horrek denboran irauten badu, gainkarga (nahasmendu muskuloeskeletikoa) edo istripu bihurtzen den akatsa eragiten du.
Ondorioa
Altzarien ergonomia ebaluatzea beharrezkoa da, baina ezin dugu ahaztu gorputza kargarako diseinatutako organismo bat dela. Indarra osasuna da, eta ahulezia, laneko arrisku berez. Prebentzio-teknikari gisa, dinamometriaren «termometroa» erabiltzeak aukera ematen digu pertzepzio subjektiboan soilik oinarritzeari utzi, eta errealitate biologikoak neurtzen hasteko.
Etorkizuneko prebentzioa ez da soilik ingurunea pertsonara egokitzean oinarrituko, baizik eta langilearen gaitasun funtzionala neurtu, sustatu eta babestean, bere ingurunean modu seguruan jardun dadin.
Bibliografia
Leong, D. P., Teo, K. K., Rangarajan, S., Lopez-Jaramillo, P., Avezum Jr, A., Orlandini, A., … & Yusuf, S. (2015). Prognostic value of grip strength: findings from the Prospective Urban Rural Epidemiology (PURE) study. The Lancet, 386(9990), 266-273.
Cruz-Jentoft, A. J., Bahat, G., Bauer, J., Boirie, Y., Bruyère, O., Cederholm, T., … & Zamboni, M. (2019). Sarcopenia: revised European consensus on definition and diagnosis. Age and ageing, 48(1), 16-31.
Andersen, L. L., Fallentin, N., Thorsen, S. V., & Holtermann, A. (2016). Physical workload and risk of long-term sickness absence in the general working population and among blue-collar workers: an 18-month follow-up study. BMJ open, 6(5), e010582.
Di Gessa, G., Corna, L., Price, D., & Glaser, K. (2018). The decision to work after state pension age and frail health: Evidence from the Survey of Health, Ageing and Retirement in Europe (SHARE). Social Science & Medicine, 198, 126-133.
Eva Lomas doktorea elkarrizketatu dugu, Medikuntza Fisikoan eta Errehabilitazioan espezialista eta Mutualiako Biomekanika Laborategiko arduraduna, biomekanikak egungo praktika klinikoan duen papera ezagutzeko.
Zer da Biomekanikako Laborategia eta zein funtzio du Errehabilitazio Zerbitzuaren barruan?
Biomekanikako Laborategia pazientearen funtzioa modu objektiboan neurtzeko diseinatutako ekipoen multzoa da, hau da, funtzio hori objektibatu eta zenbakiak jartzeko. Lehen, kontsultan, esan genezakeen paziente batek “pixka bat” edo “asko” herren egiten zuela, baina teknologiari eta biomekanikari esker, orain zenbaki bat jar dakioke mugimenduari eta funtzioari. Horri esker, balorazioa hobetu dezakegu eta erabaki klinikoak hobeto hartu ditzakegu.
Noiz eta zergatik erabaki duzu zure karrera profesionala biomekanikara eta errehabilitaziora bideratzea?
Biomekanikarekiko daukadan interesa Basurtuko Ospitaleko Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko espezialitatean hasi zen, Félix Araluce doktorearen eskutik; hark piztu zidan arlo horri buruzko jakin-mina. Hortik aurrera, ibileraren analisian trebatzen hasi nintzen, eta biomekanikak pazienteen funtzioa baloratzeko eskaintzen zituen aukerak deskubritzen, bai neurologikoak, bai muskulu-eskeletikoak.
Espezialitatea amaitzean, Luis Arsuaga doktorea ezagutu nuen, garai hartan Mutua Vizcaya zenaren (gaur egun Mutualia) zerbitzuburua zena eta biomekanikaren aldeko apustu sendoa egin zuena. Berak bazituen jada indarra neurtzeko dinamometria-ekipoak, eta lan-ildo horren garapena sustatu zuen. Hortik aurrera, Valentziako Biomekanika Institutuarekin lankidetzan hasi ginen, eta laborategiaren oinarriak ezarri ziren, gaur egun ezagutzen dugun bezala.
Hasieratik, zer bilakaera izan du biomekanikak, eta zein dira aldaketarik esanguratsuenak?
Bilakaera oso azkarra izan da, batez ere teknologiari dagokionez. Hasieran, analisiak askoz ere motelagoak ziren, fotogrametria egiten genuen, markatzaileak jartzen genituen pazienteengan, fotogramaz fotograma joan behar genuen, hau da, segundoz segundo, artikulazioen keinua nolakoa zen eta pazienteen ibiltzeko modua nola garatzen zen ikusiz.
“Gaur egun, teknologiak aukera ematen digu analisi askoz azkarragoak egiteko eta hainbat sistema integratzeko: mugimendua eta indarra neurtzeaz gain, gainazaleko elektromiografiaren bidezko jarduera muskularra ere neurtzen dugu. Gainera, azterketa analitikoagoetatik funtzio konplexuen baloraziora igaro gara, hala nola oinez ibiltzea, eskailerak igotzea edo kargak altxatzea”.
Erradiografia, analitika edo antzeko beste proba batzuetan ez bezala, biomekanikak mugimendua ekintzan aztertzen du. Horrek hainbat faktore dakartza berekin, hala nola pazientearen lankidetza edo haren egoera une horretan, eta, ondorioz, proba dinamiko eta miaketa klinikoaren osagarri bihurtzen da, zeina jarduketa medikoaren funtsezko oinarria baita oraindik ere.
Duela zazpi urtetik, Biomekanikako koordinatzailea ere bazara SERMEFen (Errehabilitazioko eta Medikuntza Fisikoko Espainiako Elkartea). Zein dira erakundearen eginkizun nagusiak?
“Biomekanikako lantaldearen helburua da biomekanikan interesa duten profesionalak konektatzea, esperientziak eta ezagutza partekatzeko eta haien aurrerapena sustatzeko. Ni lantalde horren koordinatzailea naiz SERMEFen maila nazionalean”.
Sarean lan egiten dugu hainbat ospitalerekin, hala nola: Sevillako Virgen del Rocío ospitalearekin; mutualitateekin, adibidez Egarsatekin, biomekanikan aditua den Quim Chaler doktorearekin; Basurtuko Ospitalearekin… Jardunaldiak antolatzen ditugu, esperientziak trukatzen ditugu eta ikerketa sustatzen dugu, lankidetzaren bidez biomekanikaren aurrerapena bultzatzeko helburu nagusiarekin.
Mutualia bezalako mutualitate baten barruan, zein da Biomekanikako Laborategi baten helburua?
Helburu nagusia, bai mutua baten barruan, bai ospitale batean, mugimendua objektibatzea da. Mina pertzepzio subjektiboa bada ere, kontuan hartuta niri min handia ematen didanak balitekeela zuri min handirik ez ematea, funtzioa neurtu eta kuantifikatu egin daiteke.
Eta horrek aparteko laguntza dakar pazienteen jarraipena egiteko; izan ere, denboran zehar izan duten bilakaera datu objektiboekin alderatzeko aukera ematen du, eta informazio horretan oinarrituta erabaki klinikoak zehaztasun handiagoz hartu daitezke.
Proba horiek nori zuzenduta daude?
Probak barneko zein kanpoko bezeroentzat dira.
Barne-mailan, traumatologia, lehen mailako arreta eta errehabilitazio zerbitzuek balorazio horiek eskatzen dituzte, pazientearen funtzioari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketela uste dutenean.
Balorazio Batzordearen esparruan ere erabiltzen dira, Mutualiak duen kide anitzeko erakundean, non informazio osagarri objektiboa ematen duen gaitasun funtzionala, ezgaitasun-maila eta antzeko egoerak baloratzeko.
Kanpoan, beste mutualitate batzuen eta GSINen eskaerak jasotzen ditugu, eta bereziki baloratzen dute azterlan-mota horien objektibotasuna eta zorroztasuna.
Zein kasutan da gomendagarria balorazio funtzional biomekanikoa egitea?
“Bereziki egokia da pazienteen bilakaera baloratzea eskatzen duten egoeretan, haien gaitasun funtzionalean oinarritutako erabaki klinikoak hartu behar direnean”.
Aukera ematen du baloratzeko ea hobekuntzarik dagoen, prozesua egonkortu den edo pazientea bere lan-jarduerara itzultzeko moduan dagoen. Ildo horretan, funtsezko informazioa ematen du erabakiak hartzeko orduan zehatzagoak eta bidezkoagoak izateko.
Nola aplikatzen da kirolean?
Kirol-arloan bakarrik lan egiten ez dugun arren, aplikazio zuzena du bere jarduera profesionalak bere lan-ingurunean kirol-jarduera eskatzen duen profesionaletan, hala nola polizian edo Ertzaintzan.
“Besteak beste, aurreko lotailu gurutzatuaren lesioetan, biomekanika bereziki baliagarria da indarren simetria, egonkortasuna, oreka eta antzeko alderdiak baloratzeko. Parametro horiek funtsezkoak dira tratamendua —kirurgikoa izan ala ez— eta jarduerara itzultzeko une egokia erabakitzeko”.
Gainera, irizpide batzuk daude, hala nola Cooperren irizpideak, balorazio biomekanikoarekin batera informazio bat emango digutenak, pazientea bere entrenamendura edo errendimendu handiko kirol-jarduerara berregokitzeko gai noiz dagoen erabaki ahal izateko, edo, are gehiago, aurreko lotailu gurutzatuko lesio bat kirurgikoa den edo ez erabakitzeko.
Biomekanikan lantzen ari zareten garapen berriak.
Gaur egun, erronka nagusietako bat da analisi-ekipoak eta -sistemak hobeto integratu ahal izatea.
Gainazaleko elektromiografiaren bidez muskuluen jarduera aztertzen ari gara bereziki, mugimenduaren kalitatearen analisia hobetzeko. Fotogrametriarekin ibileraren azterlanak ere egiten jarraitzen dugu, eta ikerketa-ildo berriak zabaltzen; izan ere, belauneko patologiarako ikerketa-azterlan bat lantzen ari gara dagoeneko.
Ikerketa funtsezkoa da aurrera egiten jarraitzeko, ezagutza hori jardunaldietan eta kongresuetan partekatzeko eta gero gure pazienteei aplikatu ahal izateko.
Mutualiak presentzia aktiboa du errehabilitazioko eta biomekanikako kongresuetan. Zein forotan parte hartu duzue berriki?
Joan den martxoaren 6an, Gurutzetako Ospitalean, Medikuntza Fisikoari eta Errehabilitazioari buruzko Euskal Herriko Jardunaldietan parte hartu dugu, biomekanikako ekipamendua errehabilitazioko kontsultan nola aplikatzen dugun ezagutarazteko. Ibilerari, orekari eta dinamometriari buruzko azterlanak aurkeztu ditugu, mutualitateen ingurunean ez ezik, osasun publikoan ere ezagutarazteko, errehabilitazioko espezialistak tresna horiek erabili nahi baititu, pazienteak hobeto baloratu ahal izateko eta jarraipen ebolutibo eraginkorragoa egin ahal izateko.
Ekainean SERMEFen (Errehabilitazioko eta Medikuntza Fisikoko Espainiako Elkartea) 64. Biltzarrean ere parte hartuko duzue. Zer esan nahi du parte-hartze horrek?
Biomekanika taldearen lan-arloaren barruan parte hartuko dugu, biomekanikan zer ez egin azaltzeko hitzaldi batzuekin. Hori oso interesgarria da, ospitaleei, zerbitzu publikoari eta klinika pribatuei zuzenduta dagoelako, hau da, biomekanikako jardunbide egokiak aurkeztea. Eta funtsezkoa da nazio-mailako irizpideak bateratu ahal izateko, modu onei buruz hitz egitea, oso garrantzitsua baita azpiespezializazio baten barruan. Eskumuturreko hausturen dinamometria-lan bat ere aurkeztuko dugu, eta kirol-testuinguruan aurreko lotailu gurutzatuaren lesioari buruzko tailerrean ere parte hartuko dugu.
Teknologia berri guztiak espezialitateen etorkizuna markatzen ari direla uste dut. Errehabilitazioa argi eta garbi ari da eboluzionatzen, eredu teknologikoago, pertsonalizatuago eta pazientearengan zentratuago baterantz.
Guk, zehazki, duela bi urtetik oso presente dugu tele-errehabilitazioa, pazienteen jarraipena etxean egiteko, haien bilakaera monitorizatzeko eta informazio gehiagorekin erabakiak hartzeko aukera ematen duena.
“Helburua da pazientearengan oinarritutako asistentzia hobetzea eta benetan behar duenari errehabilitazioa eskaini ahal izatea, bitartekoak optimizatuz eta inor ez geratzea, adibidez, errehabilitazio-tratamendu bat hasteko zain”.
Hori da, nire ustez, gertatu beharko ez lukeena; uste dut garrantzitsua dela dauzkagun baliabideekin arduratsuak izatea eta ahalik eta ondoen erabiltzea.