2026ko Ohiko Batzar Nagusirako deialdia

junta 2026

Eguna: 2026ko uztailak 17
Lekua: Pakea Klinika- Arriola pasealekua 26, Ibaeta auzoa Donostia
Ordua: 12:00etan lehenengo deialdia
12:30etan bigarren deialdia

GAI-ZERRENDA

  1. Presidentearen agurra eta hasierako hitzaldia
  2. Honako hauek aztertu eta, hala badagokio, onartzea: Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa, Gobernu Korporatiboari buruzko urteko txostena, aldi baterako finantza-inbertsioei buruzko txostena, balantzeak, emaitzen kontua, memoria, diru-fluxuen egoera-orria, ondare garbiaren aldaketen egoera-orria eta aurrekontu-likidazioaren egoera-orria, guztiak ere 2025eko ekitaldiari dagozkionak, baita Gizarte Segurantzaren kudeaketa eta ondare historikoaren kudeaketa ere, Gizarte Segurantzaren Kontu Hartzailetza Nagusiaren auditoretza-txostenen berri izan ondoren.
  3. 2027ko ekitaldirako aurrekontuen aurreproiektua aztertu eta, hala badagokio, onartzea, eta Zuzendaritza Batzordeari ahalmenak eskuordetzan ematea egin beharreko aldaketak egin ditzan, Gizarte Segurantzako Aurrekontuen Proiektuan sartzeko.
  4. Prestazio Berezien Batzordearen kudeaketari buruzko txostena, 2025eko ekitaldikoa.
  5. Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzea.
  6. Batzar Orokorrak, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordearen antolamendu eta funtzionamenduari buruzko barne-araudiaren aldaketa berrestea, hain zuzen, bileretara modu telematikoan bertaratzearen ondoriozko konpentsazioak ordaintzeari buruzkoa.
  7. Bilerako akta berresteko eta onartzeko bi kontu-hartzaile izendatzea.
  8. Galde-eskeak
  9. Presidentearen amaierako hitzaldia.

Batzar Orokorrera BERTARATZEKO ESKUBIDEA: Batzar Orokorraren eratze-unean indarrean den elkartze-agiria duten ENPRESA ELKARTU guztiek dute bertaratzeko eskubidea, baita ENTITATEKO LANGILEEN ORDEZKARIAK eta AUTONOMO ATXIKIEN ORDEZKARIAK ere. Halaber, Gizarte Segurantzako Ministerioak batzarrerako ordezkari bat izendatu dezake.

Enpresa elkartuen ORDEZKARITZA beste enpresa elkartu bati ESKUORDETUZ egiletsi ahal izango da, eta idatziz formalizatuko da alderdi hori BERTARATZE-TXARTELEAN EDO BOTO-ESKUORDETZAN. Enpresa elkartuaren ordezkariak edo ahalordedunak izenpetu beharko ditu agiriok, eta kasuan kasuko deialdia eta boto-eskubidea egikaritzeko jarraibideak zehaztu beharko dira.

Batzar Orokorrean BOZKATZEKO ESKUBIDEA: bertaratzen diren ENPRESA ELKARTUEK dute bozkatzeko eskubidea, baldin eta sozietate-betekizunak EGUNEAN BADITUZTE. Enpresa bakoitzak BOTO BAKARRA emateko eskubidea izango du, esleituta daukan kotizazio-kontuaren kode kopurua eta entitatean kudeaketa-esparruan babestutako langile kopurua edozein direla ere. ENTITATEAREN ZERBITZURA DIHARDUTEN LANGILEEN ORDEZKARIAK ere boto bakarra emateko eskubidea izango du. Mutualitateari atxikitako NORBERAREN KONTURAKO langileen ORDEZKARIAK boto bakarra emateko eskubidea izango du, baldin eta gizarte-kotizazioen ordainketak egunean baditu.

Bertaratzea berresteko eta botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, «BERTARATZE-TXARTELA EDO BOTO-ESKUORDETZA» eredua bete eta izenpetu beharko da. Mutualiaren zentro guztietan dago eskura, baita www.mutualia.eus webgunean ere. Hala ere, bertaratzeko eta botoa emateko eskubideak Batzar Orokorra egiten den egunean bertan ere egiaztatu ahal izango dira. Horretarako, indarreko elkartze-agiria eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira, baita bertaratzen den pertsona fisikoaren ordezkaritza ere.

Batzar Orokorrerako dokumentazio eskuragarria: aldi baterako finantza-inbertsioen txostena, memoria, balantzeak eta emaitzen kontua, Gobernu Korporatiboari buruzko urteko txostena, aurrekontuen aurreproiektua, Zuzendaritza Batzordearen antolamendu eta funtzionamenduari buruzko barne-araudia eta Gizarte Segurantzaren Kontu Hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenak. Mutualitatearen webgunean kontsultatu ahalko dira (www.mutualia.eus), Batzar Orokorra egin aurreko hamabost egunetan, txosten horiek Mutualiari jakinarazi bazaizkio, edo, edonola ere, jakinarazten direnetik aurrera.

Mutualiaren Zuzendaritza Batzordea
PRESIDENTEA

junta

Atzerrian lan-istripua izanez gero jarduteko gida eguneratua

Atzerrian lan-istripua izanez gero jarduteko gida eguneratua

Mutualiak atzerrian lan-istripuren bat gertatuz gero orain arte izan duen jarduteko gida eguneratu du. Bertan, informazio argiagoa eta osoagoa jasotzen da nazioarteko joan-etorriak egiten dituzten enpresa eta langileentzat. Dokumentuan istripu bat gertatutakoan eman behar diren berehalako urratsak zehazten dira, hala nola osasun-laguntza eskatzea, bai eta nahitaezko izapideak, epeak, bidaiaren aurreko dokumentazioa eta helmugako herrialdearen arabera egon daitezkeen estaldura desberdintasunak. Gainera, gomendio praktikoak ere jasotzen ditu gidak, hala nola Europako Osasun Txartela edukitzea, aseguru pribatu bat baloratzea eta 900 lineako txartela eramatea.

Erretiro malguaren arauketa berria: 416/2026 EDren aldaketa nagusiak 

jubilacion flexible

2026ko maiatzaren 28ko BOEk 416/2026 Errege Dekretu berria argitaratu du, erretiro malguaren araubidea aldatzen duena eta erretiro atzeratuaren alderdi batzuk aldatzen dituena. Araudia 2026ko abuztuaren 28an jarriko da indarrean, eta Gizarte Segurantzaren erregimen gehienei aplikatu ahal izango zaie. 

Zer aldatzen da erretiro malgu berriarekin? 

Berrikuntza nagusia da erretiro malguak besteren konturako lanera mugatuta egoteari uzten diola, eta langile autonomoei ere irekitzen zaiela. Nolanahi ere, pentsioa eta norberaren konturako jarduera bateragarri egin nahi dutenek ezingo dute erretiroa hartu aurreko hiru urteetan autonomo gisa alta emanda egon, eta pentsioaren % 25 besterik ezingo dute jaso. 

Gainera, soldatapeko lanarekin bateragarria den lanaldi-marjina handitu da. Aurrerantzean, lanaldi osoaren % 33 eta % 80 artean lan egin ahal izango da, eta, beraz, modalitate horretan sartzeko aukerak handitu dira. 

Jarduera luzatzeko pizgarri ekonomikoak 

Aldaketak pizgarri osagarriak sartu ditu erretiratu eta gutxienez sei hilabete ondoren lan-jardueraren bat berrartzen dutenentzat: 

  • Pentsio bateragarriaren % 25eko gehikuntza, lanaldia % 55 eta % 80 artekoa bada. 
  • % 15eko gehikuntza, lanaldia % 33 eta % 55 artekoa bada. 

Pentsioa lan egindako lanaldiaren proportzioan murrizten joango da. 

Kotizazioak eta betebeharrak 

Erretiro malguan egindako kotizazioek ez dute, oro har, jada aitortuta dagoen pentsioa handituko, ezta berandutze-osagarria ere. Salbuespenak nahi gabeko erretiro aurreratuaren kasu jakin batzuetan besterik ez dira aurreikusten. 

Arauak Gizarte Segurantzarekiko jakinarazpen-betebeharrak ere areagotzen ditu. Nahitaez jakinarazi beharko dira jardueraren hasiera, lanaldi-aldaketak eta lana uztea. Ez-betetzeak itzulketak eta zehapenak ekar ditzake. 

Bateraezintasunak 

Erretiro malgua bateraezina izango da erretiro atzeratuarekin lotutako osagarri jakin batzuekin: 

  • Osagarria portzentaje gehigarri gisa aukeratu bazen, bertan behera utziko da bateragarritasunak irauten duen bitartean. 
  • Ordainketa bakarreko modalitatea edo aukera mistoa aukeratuz gero, ezingo da erretiro malgua hartu. 

 

Araubide iragankorra 

416/2026 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik aitortutako erretiro malguak aurreko araudiak arautuko ditu. 

 

Erretiro atzeratua 

Erreformak erretiroa atzeratzeagatiko osagarri ekonomikoaren alderdi jakin batzuk ere aldatzen ditu. Arauketa berriak “aukera mistoa” deiturikoa egokitzen du, bi urte osoko atzerapena eskatzen du aukera hori baliatu ahal izateko, eta kalkulatzeko formula berriak ezartzen ditu erretiro-adin arruntaren ondoren lan egindako denboraren arabera. 

Halaber, berariaz argitzen da bateraezinak direla atzerapen-osagarri jakin batzuak eta erretiro malgua. 

Alderaketa: lehen eta orain 

Alderdia   Lehen (1132/2002 ED)   Orain (416/2026 ED)  
Jarduera bateragarria   Besteren konturako lana bakarrik lanaldi partzialean   Besteren konturako lana eta norberaren konturako jarduera onartzen dira  
Autonomoak   Ez zegoen baimenduta   Baimenduta, mugekin  
Jardunaldi bateragarria   Mugatuagoa   % 33 eta % 80 artean  
Pizgarri ekonomikoak   Ez zegoen berariazko pizgarririk   % 15eko edo % 25eko gehikuntza osagarriak  
Bateragarria berandutze-osagarriarekin   Araudi ez hain zehaztua   Bateraezintasuna berariaz arautua  
Kotizazioak bateragarritasunak iraun bitartean   Ondorio praktiko eskasa   Ez dira pentsioak handitzen, salbuespenezko kasuetan izan ezik  
Pentsiodunaren betebeharrak   Ez hain xehatuak   Hasieran, aldaketetan eta uztean nahitaezko jakinarazpenak  
Gutxieneko osagarriak   Aurreko erregulazioa   Baztertuta, bateragarritasunak iraun bitartean  
Araubide iragankorra   —   Aurreko araudiari eusten zaio jada aitortutako egoeretarako. 

 

Eredu berriak erretiro malgu zabalagoa eta moldagarriagoa dakar, bereziki autonomoei irekitzen zaielako eta pizgarri ekonomikoak daudelako. Nolanahi ere, muga esanguratsuei eusten die bateragarritasunaren eta kotizazio berrien ondorioen arloan, eta, gainera, pentsiodunen betebehar formalak indartzen ditu. 

 

416/2026 Errege Dekretua, maiatzaren 27koa, erretiro malguaren araubide juridikoa eta erretiroko pentsio kontributiboa lanarekin bateragarri bihurtzeko modalitateen beste alderdi arrunt batzuk arautzen dituena, eta erretiro atzeratuaren araubidea aldatzen duena.

Mutualiak SERMEF Kongresuan  

Congreso SERMEF

Mutualiak Biomekanikan eta Errehabilitazioan duen esperientzia, SERMEF Kongresuan  

Ekainaren hasieran, SERMEFen (Espainiako Errehabilitazio eta Medikuntza Fisikoko Elkartea) 64. Biltzar Nazionala egin zen Bartzelonan, eta Mutualiak aktiboki parte hartu zuen, hainbat aurkezpenekin.

Edizio berri honetan, Kongresuak Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko 800 espezialista baino gehiago bildu zituen, errehabilitazioko hainbat arlotatik esperientziak partekatzeko aukera izan zutenak, eta ospitaleetan teknologiak eta adimen artifizialaren erabilera egokiak paper garrantzitsua izan zutenak.

Eva Lomas doktoreak, Mutualiako Biomekanikako Laborategiko arduraduna eta Kongresuko Batzorde Zientifikoko kidea, “Ez egin” mahain parte hartu zuen, kasu klinikoetan oinarritutako gomendioei buruzko auzkezpen batekin, Biomekanika klinikoaren esparruan, hobetzeko, jardunbide egokiak sortzeko eta baliorik ez duten jarduerak saihesteko helburuarekin.

Horrez gain, Biomekanikako lantaldeko mahaiko moderatzailea izan zen, eta errehabilitazio-prozesuetako muskulu-indarraren balorazio kliniko integralaren gaia landu zuen. Mahai honetan, Cristina Perucho doktoreak, Mutualiako mediku errehabilitatzailea, dinamometría analitikoari buruzko hitzaldi batean parte hartu zuen: “Epifisi-hausturen EHBko tresna biomekanikoak baloratzeko azterketa zientifikoa erradiotik urrun dago”.

Mutualex epaia 2026ko Ekaina

sentencia

396/2026 EPAIA, AUZITEGI GORENARENA, GIZARTE-ARLOKO SALARENA, 2026KO APIRILAREN 16KOA (4041/2024 ERREK.) 

Aztertzen ari garen epaiak ebazten duen arazo juridikoa gaixotasun arrunt baten ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuaren ondorio ekonomikoen data zehaztean datza. Ezintasuna epai judizial bidez aitortu zitzaion langile autonomoari, ezintasunak balioesteko taldearen bigarren txosten batean oinarrituta —prestazioa ukatu egin zitzaion aurreko txosten batean—. 

Kasu zehatz honetan, egitateen abiapuntua da langile autonomo mekanikari batek egindako ezintasun iraunkor absolutuaren eskaera. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren 2021eko abenduaren 27ko ebazpenaren bidez prestazioa ukatu zitzaion, ezintasunak balioesteko taldeak 2021eko abenduaren 22an emandako txosten batean oinarrituta. Txosten horretan ondorioztatzen zenez, langileak une horretan zituen lesioak ez ziren lortu nahi zen ezintasun absolutuaren mailara iristeko bezain larriak. 

Langileak demanda jarri zuen, eta, ezintasunak balioesteko taldearen lehen txostena eta ebazpen judiziala eman bitartean, beste azterketa bat egin zitzaion langileari. Hala bada, ezintasunak balioesteko taldeak bigarren txostena prestatu zuen, 2022ko azaroaren 28an. Langilearen egoera nabarmen larriagotu zela zioen.  

Bigarren txosten horretan ondorioztatu zen langileak une horretan mugak zituela zutik eta kukubilko egin behar diren jarduerak egiteko, bai eta Parkinsonen gaixotasunaren hastapenekin bateragarriak ziren ezaugarri klinikoak zituela ere. Horrek guztiak justifikatu egiten zuen langileak eskuratu nahi zuen ezintasun iraunkorreko maila jakin hori. 

2022ko azaroaren 30ean, langileak baja hartu zuen Langile Autonomoen Araubide Berezian, eta abenduaren 1etik erretiroagatiko pentsiodun-egoerara igaro zen. 2024ko martxoaren 21ean, berriz, Santanderreko Gizarte-arloko 4 zenbakiko Epaitegiak epaia eman eta gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuko egoeran deklaratu zuen langilea, 2022ko azaroaren 30etik aurrerako ondorio ekonomikoekin, eta ez ezintasunak balioesteko taldeak 2021eko abenduaren 22an emandako lehen txostenetik aurrera —langileak hala nahi zuen—, langileak orduan zituen mugek ez zutelako justifikatzen ezintasun absolutuaren maila. Hori dela eta, epaileak erabaki zuen ondorio ekonomikoak ezintasunak balioesteko taldearen bigarren txostenarekin finkatu behar zirela, bertan ezarri baitziren ezintasun absolutuaren maila zekarten mugak. 

Langileak errekurtsoa jarri zuen. Justizia Auzitegi Nagusiak errekurtsoa onartu eta prestazioaren ondorio ekonomikoak 2021eko abenduaren 22ra atzeratu zituen (ezintasunak balioesteko taldearen lehen txostenaren data). Orain, kasazio-errekurtsoa jarrita, Auzitegi Gorenak arrazoia ematen dio Santanderreko Gizarte-arloko Epaitegiari. 

Zehazki, eztabaida ezintasun iraunkorreko pentsio baten ondorio ekonomikoen data zehaztean zetzan, lesioek ez zekartenean ezintasun iraunkorra prestazioaren aurreko aldi baterako ezintasunaren iraungitze-datan, ezta ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-irizpenaren datan ere; aitzitik, lesioak behin betiko eta lanerako eragozletzat hartu ziren, hain zuzen ere, administrazio-ebazpen ezeslea eman eta epaiketa egin arteko aldi horretan bertan. 

Beraz, egitate eragilearen eta ondorio ekonomikoen data zehaztean ardazten zen eztabaida, edo aldi baterako ezintasunaren iraungitze-data, edo ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-txostenaren data —1996ko urtarrilaren 18ko Aginduaren 13.2 artikuluaren arabera, egitate eragilea aldi baterako ezintasunaren iraungitzearekin edo ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-irizpenarekin lotzen da—, edo, bestela, ezintasun iraunkorra zegoela egiaztatu zen data —Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 193.1 artikuluaren arabera, une horretan egiaztatzen dira ezintasun iraunkor absolutua justifikatzen duten murrizketa anatomiko edo funtzional larriak—. 

Auzitegiak aukera horietako azkenaren alde egiten du, eta ondorio horretara iristeko, zehazten du arau-hierarkia aplikatu behar dela horrelako kasuetan. Horrek esan nahi du, lehenik eta behin, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 193.1 artikulua aplikatu behar dela, manu horrek ezintasun iraunkorraren funtsezko definizioa jasotzen duen neurrian, eta, hortaz, prozeduraren alderdi instrumentalak arautzen dituzten erregelamendu-mailako arauen gainetik egon behar duela.  

Orduan, auzitegiak ondorioztatzen duenez, planteatutakoaren gisako kasuetan, hau da, ebazpena ematen den unean lana egitea eragozten duten mugak egiaztatuta ez egoteagatik ezintasun iraunkorra ukatzen duen administrazio-ebazpena eman eta, geroago, muga horiek daudela egiaztatuta, ebazpena zalantzan jartzen denean, ondorio ekonomikoen data egiaztapen hori egiten den data dela ulertu behar dugu, data hori egitate eragilearena ere badelako. Hala ere, auzitegiak azpimarratzen du egiaztapen-data ez dela ahozko epaiketa egiten den unea, baizik eta egoera berria onartzen duen epaiak ezintasun iraunkorra eragiten duten mugak egiaztatutzat jotzen dituen data. 

Laburbilduz, Auzitegi Gorenaren 396/2026 Epaiak honako irizpide hau ezartzen du: hasierako administrazio-ebazpenean egiaztatu ez diren mugak gerora agertu direlako edo mugok larriagotu egin direlako ezintasun iraunkorra judizialki aitortzen denean, ondorio ekonomikoak mugok ezintasunaren eragile gisa objektibatzen diren datakoak izan behar dira, ez nahitaez ezintasunak balioesteko taldeak proposatutako lehen irizpenaren egunekoak.  

Epaiak indartu egiten du prestazioa jasotzeko eskubidearen eta eskubide hori justifikatzen duen errealitate mediko ezgaitzailearen arteko lotura, eta konponbideak teknikoki zuzena dirudi. Dena den, erabakiak oreka delikatua ere planteatzen du. Izan ere, Gizarte Segurantzako prozesuetan, atzerapen judizialak kalte egin diezaioke onuradunari, bereziki prozedura ebazkizun denean gertatzen bada larriagotzea. Hori dela eta, Auzitegi Gorenaren doktrina arrazoizkoa da, baldin eta organo judizialek zehaztasunez identifikatzen badute ezintasuna eragiten duten mugen egiaztapen-data, eta ez badute modu arbitrarioan edo beranduegi ezartzen. 

Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua  

Mutualex-Kontsulta juridikoa 2026ko Ekaina

consulta

EZINBESTEKO FAMILIA-ARRAZOIENGATIKO BAIMENA. Jar al dezake enpresak baimena ordaintzea hitzarmen kolektiboan edo enpresa-akordioan hala aurreikusita egotearen baldintzapean? 

Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluak «ezinbesteko familia-arrazoiengatiko baimena» arautzen du. Kontsulta hau planteatzen da baimen horri buruz: 

Legez ordaindu behar da baimena edo egin diezaioke uko enpresak hura ordaintzeari, hitzarmen kolektiboan edo enpresa-akordioan berariaz jasotzen ez bada? 

Erantzuna Auzitegi Gorenak eman digu duela gutxi, 2026ko apirilaren 17an (111/2024 errekurtso-zenbakia) emandako epai batean. Epaiaren arabera, Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluko ezinbesteko familia-arrazoiengatiko baimena lege-mandatuz ordaintzen da, honela: urtean lau egunen baliokidea den ordu kopurua gehienez, eta ez da beharrezkoa izango hitzarmenik edo itun kolektiborik izatea ordainketa-eskubidea sortzeko. 

Abiapuntua Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua da. Izan ere, manuak onartzen du langileak eskubidea duela ezinbesteko arrazoiengatik lanetik irteteko, baldin eta beharrezkoa bada ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko familia-arrazoiengatik, berehala bertaratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripuaren kasuan.  

Artikuluaren arabera, «apartatu honetan aurreikusitako arrazoiengatik hartzen dituzten absentzia-orduei dagokien soldata (urtean lau egunen baliokidea) jasotzeko eskubidea izango dute langileek, hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera. Horretarako, langileek absentziaren arrazoia egiaztatu beharko dute»

Auzitegi Gorenaren ustez, Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluak baieztapen «kategorikoa eta irmoa» jasotzen du, eta ezin da interpretatu ordainsaria behin-behinekoa denik edo ituna egotearen mende dagoenik. Auzitegiaren iritziz, manua argia da, eta dio baimena nahitaez ordaindu behar dela 4 eguneko denbora-muga horretara arte. Manuaren interpretazio gramatikalari erreparatuz gero, hitzon berezko zentzuaren arabera, baimena ordaindu egin behar dela ulertu besterik ezin da egin. «Hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera» dioen zatia ez da baimena ordaintzeko baldintza.  

Auzitegi Gorenaren arabera, arauak egiten duen igorpen horrekin, negoziazio kolektiboak edo enpresa-akordioak baimena zehazteko alderdiak erregula ditzakete. Hala ere, ez du uzten legezko eskubidea husten, ezta eskubide horren existentzia itun baten mende jartzen ere. Auzitegiaren hitzetan, adierazpen hori mendeko klausula gisa ulertu behar da, eta, bete beharreko zuzenbidearen hasierako premisa horren pean, akordio kolektiboek ordainsari horren moduari, erari, edukiari eta irismenari buruzko beste alderdi batzuk zehazteko aukera zabalik uzteko bidea da. 

Epaiak onartzen du Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua hobeto idatzita egon daitekeela, baita «nahasgarria» izan daitekeela ere, eta aldi berean dio Kode Zibilaren 3.1 artikuluaren interpretazio-irizpideetara jo behar dela. Horren arabera, arauak hitzen berezko zentzuaren arabera interpretatuko dira, aplikatu behar diren uneko testuinguruari, aurrekariei eta errealitate sozialari dagokienez, batez ere haien mamiari eta xedeari erreparatuta. 

Lege-manuaren idazkera akastuna dela-eta bi interpretazio desberdin egin daitezke, eta ikuspegi teleologiko horretatik, Auzitegi Gorenak erabakigarritzat jotzen du 5/2023 Errege Lege-dekretuaren zioen azalpena —hain zuzen ere, Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua txertatu zuen gurasoen eta zaintzaileen familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteari buruzko (EB) 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa egiteko—. 

Zioen azalpen horrek espresuki dio urtean lau egun aurreikusten zirela ordaindutzat, ezertan eragotzi gabe hitzarmen kolektiboek horri buruz ezar zezaketena. Auzitegi Gorenaren arabera, «ezertan eragotzi gabe hitzarmen kolektiboek horri buruz ezar zezaketena» adierazpena da gakoa. Ez du esan nahi hitzarmenak eskubidea aitortu behar duenik eskubidea bera existitzeko, baizik eta hitzarmenak garatu, zehaztu edo hobetu dezakeela.  

Hala, auzitegiak adierazi duenez, zuzentarauak baimenaren izaera ordaindua ezartzen ez badu ere, horrek ez du eragozten Espainiako legegileak baimenaren edukia hobetu ahal izatea zuzentarauaren transposizioa egitean. Ondorioztatzen du Espainiako legegileak, Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua idaztean, legez urtean gutxienez lau egun ordaintzeko betebeharra ezartzea zuela asmo, negoziazio kolektiboaren balizko esku-hartzetik salbu uzteko. 

Gure auzitegiaren ustez, ordainduriko izaeraren aldeko interpretazioa indartu egiten da, gainera, arauaren helburuarengatik; alegia, kontziliazioa erraztea, familia-zaintzaz arduratzen direnek kalte profesionalak ez izatea eta erantzukidetasuna sustatzea. Hori dela eta, baimena ez balitz ordainduko dagokion itunak hala jaso ez duelako, baimena egikaritzeko pizgarria kendu, eta arauaren helburua zapuztuko litzateke. 

Kontsultaren erantzuna argia da: enpresak ezin dio uko egin baimena ordaintzeari, argudiatuta hitzarmen kolektiboak ez duela hura ordaintzea arautzen edo ez dagoela akordiorik langileen legezko ordezkariekin. Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluan jasotako ezinbesteko arrazoien premisak betetzen eta egiaztatzen badira, langileak lanetik irteteko eta urtean gehienez lau egunen baliokideak diren absentzia-orduen ordainketa jasotzeko eskubidea izango du. 

 

Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua 

Beroa, klima-aldaketa eta laneko arriskuen prebentzioa 

babestu udaz

Espainiak eta Portugalek indarrak batu dituzte klima-aldaketaren aurka, LSOINek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eta Portugalgo Autoridade para as Condições do Trabalho erakundeak sustatutako kanpaina iberiko baten bidez. Ekimena 2027ko ekainera arte luzatuko da, eta helburu du dagoeneko milioika pertsonaren lan-baldintzetan eragiten ari diren arriskuen aurrean sentsibilizatzea, informatzea eta prebentzio-neurriak sustatzea. 

Datuek arazoaren tamaina erakusten dute: OMEren eta LANEren arabera, urtero ia 19.000 langile hiltzen dira beroarekin zerikusia duten arrazoiengatik, eta 22 milioi baino gehiagok lesioak jasaten dituzte tenperatura altuen eraginpean egoteagatik. 

Kanpainak klimarekin lotutako hiru lan-arrisku handiri heltzen die: 

  • Estres termikoa eta muturreko beroa. 
  • Bektoreek transmititutako gaixotasunak, hala nola eltxoek eta akainek. 
  • Eguzki-erradiazio ultramorea. 

Aire zabalean lan egiten duten sektoreak dira esposizio handiena dutenak, hala nola nekazaritza, eraikuntza, garraioa eta logistika. Kanpainak webgune bat eskaintzen du, prebentzio-fitxekin eta sentsibilizazio-materialekin. 

Enpresen prebentzio-betebeharrak 

Maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuak, apirilaren 14ko 486/97 Errege Dekretua aldatzen duenak, ezartzen ditu aire zabaleko lanetarako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak.  

Eraikuntza, nekazaritza, abeltzaintza, ostalaritza, lorezaintza, garbiketa, hondakinen bilketa eta antzeko sektoreetako enpresek meteorologia-fenomeno kaltegarriekiko esposizioa sartu behar dute arriskuen ebaluazioan. Gainera, prebentzio-neurri egokiak ezarri behar dituzte, eta langileak neurriok behar bezala aplikatzearen inguruan sentsibilizatu. 

Aire zabalean lan egiten duten pertsonentzako arriskuak 

Aire zabalean ordu asko egoten diren pertsonak eguzki-erradiazioaren eraginpean egoten dira lanaldiaren zati handi batean. Udan, tenperatura altuek eta gehiegizko beroak eragin nabarmena izan dezakete langile horien osasunean. 

Gorputzak berora egokitzeko mekanismoak ditu. Nolanahi ere, tenperatura oso altua denean eta denboran mantentzen denean, bero-kolpe bat izan daiteke, berehalako arreta eskatzen duen egoera larria. 

Alerta-sintomak 

Bero-kolpearekin lotutako sintoma nagusiak dira, besteak beste, gorputzaren tenperatura igotzea, buruko mina, zorabioak, gorakoak, arranpak eta takikardiak. Egoerak okerrera egiten badu, akidura, nahasmena, konbultsioak eta konortea galtzea ere jasan daitezke. 

Langileek arrisku horien berri izan behar dute, eta enpresak haien eskura jarritako prebentzio-neurriak aplikatu. 

Bero-kolpea saihesteko gomendio nagusiak 

  • Eguzkitan luzaro ez egotea. 
  • UV erradiazioaren indizea kontsultatzea: baxua, neurrizkoa, altua, oso altua edo muturrekoa. 
  • Ura etengabe edatea, baita egarririk ez bada ere. 
  • Beroa eta lepoa babestea txanoarekin edo beste elementu egoki batzuekin, UV babesa duten eguzkitako betaurrekoak erabiltzea eta arropa argi, zabal eta gorputzaren zati handiena estaltzen duenarekin janztea. 
  • Eguzkiaren eragin handiena jasotzen duten eremuetan eguzkitako krema ematea. Eguzkiaren eraginpean egoteagatiko arriskua dagoenean, krema norbera babesteko ekipamendutzat hartu daiteke. Gainera, lainotutako egunetan ere erabili behar da. 
  • Ez erretzea, otordu oparorik ez egitea eta edari alkoholdunak ez edatea. 
  • Ariketa fisikorik ez egitea bero handiena egiten duen orduetan, bereziki 12:00etatik 17:00etara. 

Meteorologia-fenomeno kaltegarrien aurreko neurriak 

Aurreikusi beharreko prebentzio-neurrien artean daude zenbait zeregin egiteko debekua, bai eta aurreikusitako lanorduak murriztea edo aldatzea ere, maila laranja edo gorriko meteorologia-fenomeno kaltegarriak daudenean. 

Alerta horiek Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET)  eman ditzake, edo, hala badagokio, dagokion organo autonomikoak (EUSKALMET  Euskadin, METEOGALICIA Galizian edo METEOCAT Katalunian). 

Neurriok aplikatu behar dira langilea behar bezala babestea beste moduren batean bermatu ezin denean. 

Mutualiaren laguntza-materialak 

Mutualiak enpresen eskura jarri ditu beroaren aurrean prebentzioa errazteko eta jarduteko informazio-materialak. Besteak beste, infografia bat dago, Zer egin pertsona batek bero-kolpe bat jasaten badu, sintomak ezagutzera eta prebentzio-neurri egokiak aplikatzera bideratua. 

Halaber, Enpresarako informazioaematen da, arlo horretako betebeharrei eta gomendioei buruz. 

Informazio gehiago 

Informazio gehiago 

  • LSOIN 

2026, Mutualiako Arreta-Zentroen udako ordutegia

Horario Centros Asistenciales de Mutualia, Verano 2025

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan.

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Abuztuak 4an 08:Oretatik 15:30etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 

Mutualia Araba laguntza-zentroen 2026 udako ordutegia

  • HAR Vitoria-Gasteiz: 8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea. *Abuztuak 4, 6 eta 7an 8:00-15:30. Abuztuak 5 ITXITA
  • LAUDIO: Ekainaren 15etik irailaren 15era
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera

Mutualia Bizkaia laguntza-zentroen 2026 udako ordutegia

  • ERCILLA KLINIKA: 24 ordu 
  • BASAURI, ERANDIO, GERNIKA, IURRETA eta SANTURTZI: Ekainaren 15etik irailaren 15era
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera
  • ZAMUDIO: Ekainaren 16etik irailaren 12ra. *ITXITA: Uztaila 6tik 30era.
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera

Mutualia Gipuzkoa laguntza-zentroen 2026 udako ordutegia

  • PAKEA KLINIKA: 24 ordu
  • AZKOITIAITXITA
  • BEASAIN, BERGARA, EIBAR, IRÚN:  Ekainaren 15etik irailaren 15era
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera.