Zuen informazioaren segurtasuna, lehentasuna Mutualiarentzat

seguridad mutualia

Egunero, milaka enpresak eta langilek informazio garrantzitsua uzten dute Mutualiaren esku, guk gure zerbitzuak eman ahal izateko. Horregatik, informazio hori babestea da gure ardura nagusietako bat.

Teknologiak azkar egiten du aurrera, eta mundu digitalean dauden arriskuak ere azkar aldatzen dira. Hori dela eta, etengabe egiten dugu lan gure sistemak babestuta mantentzeko eta kudeatzen dugun informazioa seguru dagoela bermatzeko.

Aurten ere arrakastaz berritu ditugu ISO 27001 eta Segurtasun Eskema Nazionalaren (ENS) ziurtagiriak. Bi aitorpen horiek egiaztatzen dute informazioaren segurtasuneko estandar zorrotzak betetzen ditugula eta erakunde independenteek aldian-aldian berrikusten dituztela gure prozesuak.

Hala ere, segurtasuna ez da ziurtagiriak lortzera mugatzen. Atzean eguneroko lana dago, babes-neurri ugari barne hartzen dituena, hala nola:

  • Gure sistemen etengabeko zaintza.
  • Birusen, malwarearen eta eraso informatikoen aurkako babesa.
  • Iruzurrezko mezu elektronikoak edo nortasuna ordezteko saiakerak detektatzeko sistemak.
  • Informazioa berreskuratuko dela bermatzeko segurtasun-kopiak.
  • Aplikazioak eta ekipamenduak etengabe eguneratzea.
  • Gure profesionalak zibersegurtasuneko jardunbide egokietan prestatzea eta kontzientziatzea.

Gainera, neurri gehigarriak txertatu ditugu gure komunikazio elektronikoen segurtasuna indartzeko. Horien artean daude konexioen eta mezu elektronikoen bidalketen jatorri geografikoa kontuan hartzen duten kontrolak.Neurri horiek iruzur-arriskua, nortasun-ordezpena eta hainbat herrialdetan kokatutako azpiegiturak baliatuz sistemetara sartzeko edo mezu elektroniko maltzurrak zabaltzeko egiten diren bestelako erasoak murrizten laguntzen digute. Hori dela eta, baliteke Espainiatik kanpo ostatatutako posta elektronikoko zerbitzu batzuek mugak edo blokeoak izatea, edo mezuak entregatu aurretik berrikuspen gehigarriak egitea.

Gure helburua beti bera da: Mutualian konfiantza duten enpresa elkartuen eta pertsonen informazioa babestea, eta, aldi berean, komunikazio arin eta seguruak mantentzea.

Izan ere, gaur egun, inoiz baino gehiago, konfiantza ere babestu egiten da.

ENPRESETAKO ENTZUTE MOTAK 

tipos de escucha

   Erakunde askotan “ondo hitz egiten” duten pertsonak saritzen jarraitzen dugu: ziurtasunez aurkezten du, ideiak defendatzen ditu, konbentzitzen du. Baina gero eta nabarmenagoa da, aldaketa, estres eta konplexutasun handiko ingurune batean, harremanak benetan eraldatzen dituena ez dela nola hitz egiten dugun, nola entzuten dugun baizik. Charlotte Brontëk zioen bezala: “entzuten duenaren interesak hitz egiten duenaren mihia suspertzen du”. Eta, hala ere, entzutea “beste pertsona batek hitz egiten duen bitartean isilik egotea” delakoan gaude. 

   Coachingetik, Carl Rogersek inspiratuta eta pertsona ardatz hartuta, badakigu entzutea ez dela ekintza pasibo bat, jarrera aktibo bat baizik: presentzia, errespetua eta hitz egiten ari denaren munduarekiko benetako jakin-nahia. Baina hor ere ñabardura garrantzitsuak daude. Ez dugu beti leku beretik entzuten, eta entzute guztiek ez dute efektu bera aurrean dugunarengan. 

   Lau entzuteko modu dituen espazio bat irudika dezakegu: antipatikoa, apatikoa, enpatikoa eta sinpatikoa. Laurak ikusten dira enpresetan. Aldea da horietako batek bakarrik sortzen dituela benetan argiago pentsatzeko, sentitzeko eta erabakiak hartzeko espazio seguruak. 

   Entzute antipatikoak ez du zertan zakarra izan. Ez dago eten beharrik, ezta ahotsa altxatu beharrik ere. Nahikoa da besteak sentitzen duena barnean ukatzea: “Ezez da hainbesterako”, “hemen dator berriz kexatzera”, “esaten duen horrek ez du zentzurik”. “Kontra” entzutea da. Pertsonak hautematen duena —ezer esan ez arren— deslegitimazioa da: haren emozioak ez du lekurik gure elkarrizketan. Egunerokoan, hori gertatzen denean, gure kolaboratzaileek gauzak kontatzeari uzten diote, taldeek akatsak ezkutatzen dituzte edo pertsonek benetan kezkatzen dituena lanera ez ekartzen ikasten dute. 

   Entzute apatikoa ez da hain kontrakoa, baina hura bezain arriskutsua da. Besterik gabe, berdin zaigu. Mekanikoki entzuten eta baiesten dugu, erloju mentalari begiratzen diogu eta esaldi estandarrekin erantzuten dugu. Baliteke nekea, saturazioa, burnout edo “arazo gehiagorekin ezin izatearen” sentsazioagatik izatea hori. Horrelako egunak izan daitezke, baina arriskutsua izan daiteke taldeetako buruen edo laguntzaileen artean ohiko jarrera bihurtzen denean. Zerbait partekatzen duenarentzat, esperientzia nahasgarria da: zerbait garrantzitsua partekatu du, eta horma bigun batekin egin du topo —biguna izan arren, azken finean, horma bat da—. 

   Entzute enpatikoa, aldiz, beharrezkoena da gaur egungo testuinguruan. Ez da “beste pertsonarekin sufritzea”, baizik eta haren erreferentzia-esparrua barrutik ulertzea, nahiz eta ez partekatu. Mundua haren begiekin ikusteko ahalegina egin behar da: zeren beldur den, zer nahi duen, zer babesten saiatzen ari den. Theresa Wiseman-ek deskribatzen duen bezala, hitz egiten duen pertsonaren ikuspegia hartzea, ez epaitzea, hark sentitzen duena onartzea eta hori nolabait jakinaraztea dakar. Neurozientziak horretarako diseinatuta gaudela gogorarazten digu: ispilu-neuronek, adibidez, besteen esperientziarekin konektatzea errazten digute, gure nortasuna galdu gabe. 

  Elkarrizketa batean, enpatiaz entzutea hau esatea bezain gauza zehatza da: “Ulertzen dut frustratuta egotea. Esaten didazunarekin, zentzua du horrela sentitzeak. Ikus dezagun elkarrekin zer aukera ditugun”. Ez du bizitza segituan konpontzen, baina espazio horretan pertsona ez da epaitua edo zuzendua sentitzen, ikusia baizik. 

Entzute sinpatikoak, begi hutsez oso gizatiarra dirudi, baina sinpatikoegia bada benetako loturatik aldentzen gaitu. Hitz egiten duenaren emozioa ulertzeaz gain, harekin bat egiten dugu edo kosta ahala kosta hura estaltzen saiatzen gara. “Diskurtsoa erostea” da, besterik aztertu gabe, edo zuzenean kontsolatzera, garrantzia murriztera, gomendatzera edo diagnostikatzera joatea: “ez kezkatu, pasako da”, “ez da hainbesterako”, “begiratu alde positiboari”, “nik zu banintz zera egingo nuke…”. 

Asmo oneko esaldiak dira, baina askotan besteari sakontzen jarraitzea galarazten diote. Marshall Rosenberg-ek honela laburbildu zuen: beste pertsona hobeto senti dadin gauzak konpondu behar ditugula sentitzen dugunean, presente egoteari uzten diogu. Gure burura goaz, gure konponbideetara, eta beste pertsona hemen eta orain bizitzen ari denaren haria galtzen dugu. 

Enpresetan, enpatiaren eta sinpatiaren arteko ñabardura hori funtsezkoa da. Bere taldearen draman “barruraino sartzen” den pertsonak gainezka egiten du, laguntzeko tarterik gabe. Eta sinpatia edulkoratzailez erantzuten duenak (“ea, animo, ez da ezer”), beste pertsonak sentitzen duena baliozkotu gabe, haren esperientzia hutsaltzeko arriskua du. Entzute enpatikoak, ordea, emozioa babesten du, hura irentsi gabe; kexuari bidea ematen dio, bertan harrapatuta geratu gabe, eta, hortik, hau galdetzen du: “zer behar duzu?” eta “zer egin nahi duzu honekin?”. 

Egunero izaten ditugun elkarrizketei lau betaurreko horiekin begiratzea deserosoa izan daiteke, baina baita oso argigarria ere. Gure buruari hau galde diezaiokegu:  
– Zein unetan entzuten dut modu antipatikoan edo apatikoan? 
– Beste muturrera joanda, norekin aritzen naiz sinpatiaz, hau da, norekin saiatzen naiz bizkorregi konpontzen edo kontsolatzen? 
– Zer gustatuko litzaidake norbaitek nirekin egitea gaizki nagoenean: garrantzia txikiagotzea, zer egin behar dudan esatea… edo besterik gabe bertan egotea eta ulertzea? 

Kontua ez da entzule perfektuak bihurtzea —ez da halakorik existitzen—, baizik eta bestearekin egoteko dugun gaitasuna fintzen joatea, geure esentzia galdu gabe. Estresa, ziurgabetasuna eta neke emozionala paisaiaren parte diren ingurune batean, entzute enpatikoak “giro oneko detaile” izateari uzten dio, eta osasun-faktore bihurtzen da: gaizki-ulertu gutxiago, gatazka enkistatu gutxiago, konfiantza handiagoa eta laguntza garaiz eskatzeko gaitasun handiagoa. 

Agian, azkenean, enpatikoki entzutea horixe da: eguneroko zaintza-ekintza bat, zaratarik egiten ez duena, baina enpresa batean gertatzen diren gauza garrantzitsu askori eusten diena. Eta erabaki oso sinple batekin hasten da, baina ez da batere erraza: norbaitek hitz egiten digunean, benetan bertan egotea. 

 

2030 Agenda: lortutakoa, egiteko dagoena eta datorrena 

ods 2026

Hamaika urte igaro dira 2030 Agenda onartu zenetik. Denbora horretan, ekimenak bultzatu dira, baliabideak mobilizatu dira eta gero eta kontzientzia handiagoa hartu dugu aurrean ditugun ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronkez. 

Bidea ez da erraza izan. Pandemiak, klima-krisiak, nazioarteko gatazkek eta tentsio ekonomikoek zenbait aurrerapauso moteldu dituzte. Baina argiago ikusten ere lagundu digute jasangarritasuna ez dela moda bat, ezta une jakin bateko betebeharra ere: etorkizunerako hobeto prestatzeko modu bat da. 

Mutualian ere egin dugu geure bidea. Ekimen zehatzak abian jartzetik, jasangarritasuna gero eta kontzienteago txertatzera igaro gara: estrategian, kudeaketan eta erabakiak hartzeko orduan. Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) lagundu digute ikusten non egin dezakegun ekarpena eta nola sor dezakegun balioa pertsonentzat, gizartearentzat eta ingurunarentzat. 

Eta erronka hori ez dagokigu guri bakarrik. Erakunde guztiek lagun dezakete etorkizun jasangarriago bat eraikitzen, edozein direla ere haien tamaina eta jarduera: eguneroko erabakien bidez, pertsonak zainduz, baliabideak arduraz erabiliz eta ingurunearekin harremantzeko duten moduaren bidez. 

 

Eta gero, zer? 

Seguruenik, konpromiso eta erronka berriak etorriko dira. Kontua da dagoeneko funtsezko zerbait ikasi dugula: 

Jasangarritasuna ez da bestelako gauzak egitea. Lehendik egiten genituen gauza askori eustea da jasangarritasuna, baina kontzientzia handiagoz, koherentziaz eta eraginari erreparatuta. 

2030 Agenda lau urte barru amaituko da. Pertsonen, gizartearen eta etorkizuneko belaunaldien alde dugun konpromisoak, ordea, ez luke hor amaitu behar. 

Mutualiatik, gure enpresa elkartuekin batera aurrera egiten jarraitu nahi dugu, ezagutza, esperientziak eta tresnak partekatuz, etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko. 

Izan ere, etorkizuna ez da 2030ean eraikitzen. Egunero hartzen ditugun erabakiekin eraikitzen da. 

Ainhoa Apesteguia Busto 


Garapen Jasangarriaren koordinatzailea 

Aldi baterako ezintasuneko 545 egunak agortzea: Mutualiaren komunikazioak aldatuko dira. 

comunicaciones 545

Mutualiak jakinarazten du aldi baterako ezintasuneko (ABE) 545 egunak agortzeari buruzko abisu-komunikazioak bidaltzeari utziko diola laster. 

Erabaki hori hartzeko, kontuan hartu da Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) komunikatzen diela modu ofizialean langileari eta enpresari ABEko 545 egunen agortzea; izan ere, kasu batzuetan, desadostasunak sortu ziren Mutualiak kalkulatutako agortze-dataren eta GSINek gerora komunikatutakoaren artean. (Adibidez, ondorioen luzapen-aldiaren inguruan; alegia, aldi baterako ezintasunaren espedientea irekitzearen eta GSINek ebazpena ematearen artean igarotako denboraren inguruan). 

Hori dela-eta, eta kontuan hartuta GSINek komunikatutako data dela erreferentziatzat hartu behar dena, gogorarazten dizuegu GSINek FIERen bidez helaraziko dizuela informazio hori; beraz, egon adi komunikazio horiei. 

Nola neurtzen du Mutualiak gizarteari egiten dion ekarpenaren balioa? 

ainhoa chapero

Erakunde baten emaitzak ez dira soilik emaitzen kontuan islatzen. Osasun-arretak, prebentzioak, prestazioak bizkortasunez kudeatzeak, proba medikoak azkar egiteak, pertsonei akonpainamendua eskaintzeak, administrazioei sortutako aurrezkiak eta abarrek ere eragina eta balioa dute gizartearentzat. 

Mutualian, gizarte-balio hori 2018az geroztik neurtzen dugu, eragin hori kopuru ekonomikoetan adierazteko aukera ematen duen metodologia baten bidez. 2025ean, sortutako gizarte-balio integratua 663,44 milioi eurokoa izan zen; hau da, diru-sarreren euro bakoitzeko, Mutualiak 1,29 euroko balioa sortu zuen gizartearentzat. 

Baina nola neurtzen da? Zer dago balio horren atzean? Nork jasotzen ditu onurak? Eta nola neurtzen da hurbiltasuna edo akonpainamendua bezain ukiezina den zerbait? 

Elkarrizketa honetan, Ainhoa Chaperok, Mutualiako Gizarte Monetizazioko Taldeko kideak, sinpleki azalduko digu zer esan nahi duen gizarte-balioa monetizatzeak, nola kalkulatzen den eta zergatik den hura neurtzea pertsonei eta gizarteari eragiten diegun inpaktua ezagutzeko tresna ere. 

MUGIKORTASUN-FORMA BERRIAK, ZIRKULAZIO-FORMA BERRIAK 

nuevo reglamento de movilidad

Babes gehiago bideko erabiltzaile zaurgarrientzat 


2026ko urriaren 1etik aurrera indarrean egongo da 518/2026 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatuko den Zirkulazio Erregelamendu Orokorra (1428/2003 Errege Dekretua), helburu argi batekin: bideko erabiltzaile zaurgarrienak babestea —oinezkoak, txirrindulariak eta patineteak zein motorrak erabiltzen dituztenak— eta arauak egokitzea mugikortasuna seguruagoa eta jasangarriagoa izan dadin. 

1. Motoziklistak eta ziklomotorrak (gidaria eta bidaiaria) 

  • Bide mota edozein dela ere, nahitaez erabili behar dira oinetako itxiak. 
  • Hiriarteko bideetan nahitaez erabili behar dira babes-eskularruak (Ministro Agindu Teknikoa argitaratu bitartean, egungo eskularruak erabil daitezke). 
  • Nahitaezkoa da kaskoa homologatuta izatea (ez da nahikoa ziurtatuta egotea). 
  • Txaleko islatzailea (riders) beti profesionalki erabili behar da. 
  • Berrikuntza: auto-ilarak badaude, eskuineko bazterbidetik gida daiteke, 30 km/h-ko abiaduran eta soilik seinaleztatuta badago. 

     Puntu horietako edozein ez betetzea arau-hauste larria da: 200 €. 

2. Txirrindulariak: 

  • Hiriarteko bideetan kaskoa erabiltzea nahitaezkoa izango da: egungo salbuespenak kenduko dira. 
  • Erabilera profesionala: beti erabili behar dira kaskoa eta txaleko islatzailea. 
  • Hiriarteko bide batean txirrindulari bat aurreratzean, autoek abiadura murriztu beharko dute, zehazki, abiadura-muga baino 20 km/h mantsoago igaro beharko da; ,1,5 m-ko tartea utzi beharko dute, eta, errei bat baino gehiago baleude, beste erraira igaro beharko dute. 
  • Hirian: txirrindularia, ahal dela, erraiaren erditik ibili behar da; ibilgailuek 5 m-ko tartea utzi behar dute aurretik duen txirrindularitik. 

3. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patineteak eta MPI) 

  • Horiek gidatzeko gutxieneko adina: 15 urte. 
  • Kaskoa eramatea beti da nahitaezkoa, baita argiak piztea ere. 
  • Gaua bada edo ez bada ondo ikusten, elementu islatzaileak nahitaez erabili behar dira. 
  • Debekatuta dago espaloietatik ibiltzea; herritik at, bideetatik edo bidegorrietatik soilik ibil daiteke. 
  • Erabilera profesionala: beti erabili behar dira kaskoa eta txaleko islatzailea. 

     Hori ez betetzea arau-hauste larria da: 200 €. 

4. Segurtasun-uhala 

  • Nahitaezkoa da bidaiari guztientzat, salbuespenik gabe. Arau horrek barne hartzen ditu: taxiak, merkantzia-ibilgailuak eta autoeskolak. 
  • Salbuespen bakarra: larrialdi-zerbitzu batean pazientearen bidaiari-lekuan doazen anbulantzi asistentzialetako bidaiariak. 

5. Larrialdietarako erreia eta elurrarekin gidatzea 

  • Auto-ilaretan, ibilgailuak bi aldeetara joan behar dira, eta erdian korridore bat utzi behar dute libre larrialdietako ibilgailuak pasatzeko. 
  • Autobide eta autobiak, elurra ari badu: debekatuta dago aurreratzea, eta libre utzi behar da ezkerreko erreia, elurra kentzeko makina pasatzeko edo larrialdietarako. 

6. Semaforoak oinezkoen pasabideetan 

  • Semaforoetako ibilgailuen aldizkako argi horiak ezingo du kointziditu oinezkoen argi berdearekin, bidegurutzean oinezkoak harrapatzea saihesteko. 

7. Eskolarako bide seguruak 

  • Lehenengoz, bide egokituak arautu dira haurrak ikastetxera joan daitezen oinez, garraio publikoan edo ibilgailu ez-motordunetan. 

8. Autokarabanak 

  • Autokarabana uztean, ezin dira elementuak jarri ibilgailuaren perimetrotik at. 
  • Autokarabanek euskarri izan ditzakete pneumatikoak, altxagarriak edo falkak; ezin dira fluidoak isuri. 

9. 30 km/h-ra mugatutako errei bateko kaleak 

  • Seinaleztatuta badaude, bizikletak eta MPIak bi zentzuetan ibili ahalko dira. 

Berrikuntza horiek guztiei eragiten digute: auto bat, motor bat edo patinete bat gidatzen dugunoi, bizikletan ibiltzen garenoi, edo, besterik gabe, oinezkoentzako pasagune batetik igarotzen garenoi. Horiek aurretiaz jakitea da —urriaren 1a baino lehen— horietara egokitzeko modurik hoberena, izurik sortu gabe eta zehapenik jaso gabe, baina, batez ere, bideetan elkar zaintzeko modurik hoberena da. 

Errespetatu, partekatu eta babesa eman: denok gara bideen erabiltzaileak. 

Iturriak: 

– Barne Ministerioa/Trafiko Zuzendaritza Nagusia (DGT): «Interior actualiza el Reglamento General de Circulación para mejorar la protección de los usuarios vulnerables de la vía» prentsa-oharra, 2026ko ekainaren 23a (www.dgt.es). 

– Zirkulazio Erregelamendu Orokorra aldatzeko Errege Dekretua, ministro-kontseiluak 2026ko ekainaren 23an onetsia (Estatuko Aldizkari Ofiziala). 

– «Actualización del Reglamento General de Circulación» infografia, Cnae Editorial. 

Guztiontzako mugikortasuna: belaunaldien arteko erronka 

semana europea de movilidad 2026

Guztiontzako mugikortasunaz hitz egiteak edozeinen eskura dagoen garraio-eredu baten alde egitea esan nahi du. Helburua da diru-sarrerak, bizilekua, generoa, gaitasun fisikoak eta beste faktore asko modu seguruan, eskuragarrian eta jasangarrian mugitzeko oztopo ez bihurtzea. Guztiontzat pentsatutako mugikortasunak adin guztietako pertsonak hartu behar ditu kontuan, haurtzarotik hasita zahartzaroraino, baita etorkizuneko belaunaldietako kide izango direnak ere. 

2026an, Europako Mugikortasun Asteak zehazki gai horretan jarri du arreta: belaunaldien arteko mugikortasuna.  Gure bizitzan zehar, mugitzeko ditugun beharrak aldatu egiten dira. Haur batek ez ditu pertsona gazte, heldu eta adineko batek dituen aukera eta zailtasun berdinak. Etapa bakoitzak bere erronkak ditu, eta bizitza sozialean autonomia eta parte-hartzea mantentzea ahalbidetuko duten konponbideak eskatzen ditu.  

Horregatik, erronka bizitzako etapa desberdinetara egokitzeko gai diren garraio-sistemak diseinatzea da. Gaur egungo garraioak egungo biztanleriaren beharrei erantzun behar die, baina, aldi berean, aldaketa demografikoetarako eta etorriko diren belaunaldien beharretarako ere prestatu behar da. Adin guztietako pertsonen arteko lankidetzak zeregin garrantzitsua izan dezake prozesu horretan; izan ere, belaunaldi bakoitzak bere ezagutzak, esperientziak eta gaitasunak eskaintzen ditu, mugikortasun inklusiboagoa eraikitzen lagun dezaketenak. 

Gai horrek are garrantzi handiagoa hartzen du inoiz baino belaunaldi gehiago elkarrekin bizi diren gizartean. Errealitate horren aurrean Europako Batzordeak neurriak sustatzen ditu, belaunaldien arteko ekitatea indartzeko eta erabakiak hartzerakoan epe luzeko ikuspegia txertatzeko. Asmoa da oraingo politikek egungo arazoei erantzuteaz gain, datozen hamarkadetan biziko direnengan izango duten eragina ere kontuan hartzea. 

Lan-ildo horren barruan dago Europako Batzordearen lehen estrategia, belaunaldien arteko ekitateari buruzkoa; xedea da gobernantzan etorkizuneko ikuspegia sustatzea eta gazteei protagonismo handiagoa ematea politika publikoak lantzerakoan. 

Azken batean, mugikortasun jasangarriaz hitz egitea ez da soilik emisioak murriztea eta garraiobideak hobetzea. Horrek esan nahi du, halaber, pertsona guztiek mugitzeko eta gizartean erabat parte hartzeko aukera dutela bermatzea, haien adinari eta bizitzako etapari erreparatu gabe. Mugikortasun hori eraikitzea guztion erronka da; beraz, ez dugu soilik gaur egun garraioa erabiltzen dutenengan pentsatu behar, baizik eta bihar erabiliko duten belaunaldiengan ere. 

Kanpaina honekin bat egin eta informazio gehiago aurkitzeko aukera webgunean duzu: EUROPAKO MUGIKORTASUN ASTEA | Hasiera, 

Era berean, hainbat hedapen-material aurki ditzakezu:  

–  «Guztiontzako mugikortasuna» urteko gaiari buruzko infografia  

– «Autorik gabeko eguna nola antolatu urratsez urrats» infografia  

– Kanpainaren bideo ofiziala 

Egin klik bakoitzean, informazio gehiago eskuratzeko. 

Mutualiak ekimen honekin bat egiten du, eta gure webgunean eskura dauden hainbat prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduera sustatzen ditugu, laneko bide segurtasunaren garrantzia bultzatu eta zabaltzeko. 

Bide segurtasuna lan segurtasunaren parte da, edozein dela ere norberaren sektorea eta burutzen duen jarduera. Horregatik, arrisku horren inguruko kontzientziazioa sustatu nahi dugu, bai eta joan-etorriek eragindako istripuak kontrolatzeko eta murrizteko aplika ditzakegun prebentzio-neurri eta -faktoreak ezagutarazi ere, honako material hauekin, horien artean:  

– Laneko Mugikortasun Planaren prozedura 

– Gure campusaren bidez dibulgazio-jarduerak, 

o Bide segurtasuna 

o gidarientzako LAP 

o banaketa-langileentzako LAP  

– Gure BIDE SEGURTASUNAREN eskola. 

– Ikus-entzunezko materiala: bideoen bidezko sentsibilizazio-kanpaina astero. 

Gidatzean atsedenaldi aktiboak. Gidatzen dugun bakoitzean atsedenaldi aktibo bat egitea gomendagarria da; gaitasun funtzionalari eusten eta lesioak prebenitzen lagunduko diguten ariketa fisiko batzuen bidez. Adibidez: 

Banatzailea: Hasieran Autoa geldirik Zamalanak Gidaria- atsedenaldi aktiboa 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Prebentzio aholkularitzarekin: prevencion@mutualia.eus 

PAZIENTEAREN SEGURTASUNAREN MUNDUKO EGUNA

PAZIENTEAREN SEGURTASUNAREN MUNDUKO EGUNA 2026

Irailaren 17an Pazientearen Segurtasunaren Munduko Eguna ospatzen da. Aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasun transmitiezinentzako arreta segurua gaia aukeratu du, “Arreta segurua bizitza osoan!” lelopean. Era horretan, gaixotasun kronikoak eta arreta luzea eta maiz konplexua behar duten bestelako patologiak dituzten pertsonengan jarri dute arreta. 

Mutualiak egunero artatzen ditu pertsonen egoera klinikoa ez da kontsultaren arrazoia izandako prozesura mugatzen. Pazienteetako askok komorbilitateak, tratamendu anizkoitzak eta premia asistentzialak dituzte, eta halakoek pertsonaren ikuspegi integrala eskatzen dute. Hori dela eta, zenbait alderdik are garrantzi handiagoa hartzen dute, hala nola medikazioaren kontziliazioak, segurtasun diagnostikoak, profesionalen eta maila asistentzialen arteko koordinazioak, zainketen jarraitutasunak eta jarraipen kliniko eta errehabilitatzaile egokiak. 

Pazientearen segurtasunean ez dute protokoloek, prozedurek eta teknologiak bakarrik eragiten. Egunero profesionaltasunez, zorroztasunez eta konpromisoz hartutako milaka erabakiren bitartez eraikitzen da. Tratamendu bat egiaztatzen dugun bakoitzean, alergia bat berresten dugunean, proba diagnostiko bat arretaz berrikusten dugunean, informazio garrantzitsua beste profesional batzuekin partekatzen dugunean edo paziente bati aktiboki entzuten diogunean, saihestu daitezkeen kalteak prebenitzen eta osasun-emaitzak hobetzen laguntzen ari gara. 

Baina segurtasunak gizatiarra den dimentsioa ere badu. Arreta segurua izango bada, pertsona ororen konplexutasun osoa aitortu behar du; beren osasunarekin lotutako erabakietan parte hartzea sustatu behar du; jasotako informazioa ulertzea erraztu behar du, eta prozesu asistentzial osoan konfiantza sortu behar du. Segurtasuna eta humanizazioa ez dira helburu ezberdinak; osasun-asistentzia ulertzeko modu beraren parte dira: pertsona ardatz hartuta, haren beharrak errespetatuta eta zainketen bikaintasunarekin konprometituta.