Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2026eko irailaren 28 etik urriaren 02 erako astea.
LANEKO INFORMAZIOAREN ARAUBIDE BERRIA: INFORMAZIO GEHIAGO ETA LANEAN HASI AURRETIK EMATEA
2026ko urriaren 5ean indarrean sartuko da 723/2026 Errege Dekretua, 1659/1998 Errege Dekretua ordezten duena, zeinak nabarmen zabaltzen baititu lan-harremanaren baldintzei buruzko informazioa emateko orduan enpresek dituzten betebeharrak.
Zer aldatzen da enpresentzat?
Berrikuntza nagusietako bat da informazioa noiz eman behar duten aldatzen duela. Oro har, enpleguaren baldintzak lan-harremana hasi aurretik jakinarazi beharko dituzte; aldiz, orain arte, bi hilabeteko epea zegoen ezarrita.
Beraz, tradizioz altaren ondoren zehaztu zitezkeen kontratazio-alderdi batzuk, orain, aurretiaz zehaztu beharko dira.
Soldata: xehetasun gehiago kontzeptu aldakorrei buruz
Ordainsariei buruzko informazioan ondo bereizi beharko dira oinarrizko soldata eta osagarri bakoitza, eta horien aldizkakotasuna eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira.
Gainera, kontzeptu aldakorrak daudenean, beharrezkoa izango da nola kalkulatzen diren eta horiek jasotzeko eskubidea izateko zer baldintza bete behar diren azaltzea.
Lanaldia eta lan-denboraren antolaketa
Era berean, nabarmen handitu da lanaldiari buruz eskatzen den xehetasun-maila.
Besteak beste, alderdi hauei buruzko informazioa eman beharko da:
– Lan-denboraren eguneko, asteko eta urteko banaketa.
– Txandakako edo gaueko lana.
– Aparteko orduak eta horien ordaina.
– Oporrak eta oporraldia zehazteko prozedura.
– Banaketa irregularreko sistemak.
– Erreferentziazko ordutegiak eta egunak, prestasun aldakorra dagoenean.
– Zeregin jakin batzuk hasi edo bertan behera uzteko eman behar diren aurreabisuak.
– Aldizkako kontratu finkoetako jarduera-aldiak eta jarduerarik gabekoak.
Horregatik, arretaz aztertu beharko dira «enpresaren premien araberako ordutegia», «ordutegi aldeko prestasuna» eta antzeko esamolde generikoak, emandako informazioa behar bezain zehatza eta aurreikusgarria dela bermatzeko.
Lanpostuari eta kontratuari buruzko informazio gehiago
Lanean hasi aurretik, alderdi hauek ondo identifikatu beharko dira:
– Lanpostua eta eginkizunen edukia.
– Kategoria edo talde profesionala.
– Lantokia.
– Hasiera-eguna.
– Harremanaren aurreikusitako iraupena.
– Aldi baterako kontratuetan, kontratatzeko arrazoia eta horren oinarriko inguruabar zehatzak.
– Probaldia eta horren baldintzak.
– Enpresak emandako prestakuntzarako eskubidea.
Erabakiak hartzeko algoritmoak erabiltzen dira?
Orain, berrikuntza garrantzitsu gisa, enpresak sistema automatizatuak edo algoritmoak erabiltzen baditu lan baldintzekin lotutako erabaki jakin batzuk hartzeko, nahitaez eman beharko du horren berri.
Betebehar hori, besteak beste, zereginen esleipenean, lanaldian, soldatan, lanbide-sustapenean, lantokian edo lan-harremanaren amaieran eragiten duten sistemetan aplikatu ahalko da.
Berdintasuna, kontziliazioa eta jazarpenaren aurreko babesa
Araubide berriak barne hartzen du, halaber, alderdi hauekin lotutako informazioa:
– Aplikatzekoa den berdintasun-plana.
– Kontziliaziorako enpresa-arloko neurri edo politikak, legezko gutxienekoak hobetzen dituztenak.
– Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa.
– LGTBI kolektiboko pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko neurri eta baliabideak, enpresak halakorik badu.
Hitzarmen kolektiboa eta gizarte-babesa
Hitzarmen kolektiboaren aipamenak osatuagoa izan beharko du, eta barne hartu beharko ditu zenbait datu, esaterako, haren kodea, argitalpen-data, indarraldia eta, hala badagokio, aurreraeraginaren egoera.
Gainera, gizarte-babesaren zenbait alderdiri buruzko informazioa eman beharko da, besteak beste, zein diren Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile edo laguntzaileak, borondatezko zer hobekuntza egin diren eta enpresak zer pentsio-plan edo -funts sustatzen dituen.
Eta dagoeneko lanean ari direnak?
Araubide berria 2026ko urriaren 5ean jada indarrean zeuden lan-harremanetan ere aplikatuko da.
Halakoetan, enpresak nahitaez eman beharko dio langileari hark eskatutako informazio guztia eta, jada halakorik ez badu, 30 egun balioduneko epea izango du emateko, eskabidea egin denetik.
Lan-eskaintzak aldatu behar dira?
Ez nahitaez.
Errege Dekretuak ez du adierazten langileentzat aurreikusitako informazio guztia lan-eskaintzetan sartu behar denik, eta ez da beharrezkoa izango informazio-dokumentua hautagai guztiei ematea ere.
Enpresako langile bihurtzen denarekin dago lotuta betebeharra.
Alabaina, komeni da nolabaiteko koherentzia egotea eskaintzaren, kontratazio-proposamenaren eta behin betiko lan-dokumentazioaren artean, bereziki soldatari, funtzioei, lanaldiari, lan-modalitateari eta iraupenari dagokienez.
Dokumentazio elektronikoa
Informazioa paperean edo bitarteko elektronikoen bidez eman ahal izango da.
Bitarteko elektronikoak erabiltzen direnean, bermatu beharko da langileak aukera duela informazioa eskuratu, biltegiratu eta inprimatzeko, eta enpresak informazioa helaraztearen edo langileak jaso izanaren froga jaso beharko du.
2026ko urriaren 5etik aurrera, informazio-araubide berria aplikatuko da, eta 1659/1998 Errege Dekretua indargabetuta geratuko da.
Enpresentzat eta haien aholkularientzat, erronka nagusia ez da soilik kontratuen eredua aldatzea; aitzitik, ziurtatu behar dute laneko informazioa ondo zehaztuta, eguneratuta eta langilea lanean hasi aurretik eskuragarri dagoela.
Mutualex 399 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), Irailaren 21 etik 25erako astea 2026.
LANERA ITZULTZEA: LANERAKO BIDEA ERE LANEKO ARRISKUA DENEAN
Irailean oporrak amaitzen dira eta errutinara itzultzen gara. Milaka langilek bide berbera hartzen dute goizero-goizero, haien lanpostuetara heltzeko, maiz presaka, «opor osteko sindromea» oraindik ere sumatzen dutela eta zenbait astez normaltasunez erabili ez diren ibilgailuekin. Gauzak horrela, lanera desplazatzen den edozein pertsonarentzako gakoa den kontzeptu bat gogoraraztea komeni da: in itinere istripuak.
Zer dira in itinere istripuak?
In itinere istriputzat hartzen da langileak lantokira joatean edo handik itzultzean izaten duena, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira: ohiko ibilbidean gertatzea, lanekoak ez diren arrazoi pertsonalengatik eten esanguratsurik edo desbideratzerik ez gertatzea, eta erabilitako garraiobidea arrazoizkoa eta ez-arriskutsua izatea. Legeak lan-istripuarekin parekatzen du, eta ondorio berak ditu prestazioei dagokienez, nahiz eta gertakaria enpresaren instalazioetatik kanpo eta lan-ordutegitik kanpo gertatu.
Figura hori misioko istripuetatik bereizten da, hau da, langilea bere lan-jarduera ohiko lantokitik kanpo garatzeko lekualdatzen denean gertatzen den istripu-motatik (bezero bat bisitatzea, beste egoitza batera joatea, lan-bidaia bat). Biak hartzen dira lan-istriputzat legezko ondorioetarako, baina egoera desberdinei erantzuten diete: bata lanera joateko eta itzultzeko bidea da; bestea, lanaldiaren beraren parte den joan-etorria.
Zergatik da iraila hilabete arriskutsua?
Uda ostean jarduerara itzultzeak lan-ibilbideetako istripu-tasa handitzen duten hainbat faktorerekin bat egiten du. Aldi berean itzultzen dira langileak lanera eta hasten da ikasturtea eta, egoera horretan, trafikoa modu orokorrean areagotzen da, oporretan egindako bidaien nekea metatzen da, atseden-asteen ostean zenbaitetan gidatzeko ohitura galduta izaten da eta lehen egunetan erritmoa azkartzeko joera egoten da, berandu ez iristeko. Horiek dira, besteak beste, udako oporren bueltan urtez urte gertatzen diren egoerak. Horri gehitu behar zaio ibilgailu askok ohi baino kilometro askoz gehiago egin dituztela udan, eta ez direla beti behar bezala ikuskatzen eguneroko erabilerari berrekin aurretik.
Arriskua murrizteko gomendio eta estrategiak
- Ibilbidea denboraz planifikatzea Behar adina denboraz irteteak presaka ibiltzea ekiditen du eta hori da, hain zuzen ere, segurtasunez gidatzearen etsai nagusia.
- Errutinara itzuli aurretik, ibilgailua ikuskatzea. Pneumatikoek, balaztek, likido-mailek eta argiek egoera onean egon behar dute oporraldiaren ondoren.
- Beharrezkoak ez diren desbideratzeak saihestea. Gogoan izan ibilbidean justifikaziorik gabeko etenaldiak egiteak in itinere istriputzat hartzea galaraz dezakeela, legezko ondorioetarako.
- Atsedena zaintzea. Oporretatik itzuli ondorengo nekeak berarekin ekartzen ditu erreakzio-denbora murriztea eta arreta galtzeko arrisku handiagoa.
- Alternatiba seguruak sustatzea. Garraio publikoak, auto partekatuak edo mugikortasun aktiboak (bizikleta, patinetea araudiarekin) arriskua gutxitu dezakete kasu bakoitzaren arabera.
- Saihestu gailu elektronikoak erabiltzea gidatzen duzun bitartean. Mugikorrean “ez molestatu” modua aktibatzeak edo eskuraezin uzteak asko murrizten du distrazio-arriskua, eta hori da, hain zuzen, zirkulazio-istripuen lehen kausa.
- Sarrera-orduak mailakatzea, posible denetan. Enpresek oporretatik itzultzeko ordutegi malguak ezar ditzakete, zirkulazio handiko uneak saihesteko eta ordurako iristeko presioa murrizteko.
- Gidatzeko modua eguraldira moldatzea. Irailean lehen euriak izaten dira, asfaltoan koipea eta hautsa metatzea eragiten duen uda lehorraren ondoren. Ondorioz, labaintzeko arrisku handiagoa egoten da, eta, halaber, balaztatze-distantziak nabarmen egiten du gora.
- Enpresak langileak prestatzea eta informazio egokia eskaintzea. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko hitzaldietan errepideko segurtasuna ere jasotzea eta in itinere istripuen kasuan jarraitu beharreko prozedura gogoraraztea.
- Ibilbide eta garraiobide alternatiboak erabiltzeko aukera baloratzea. Distantziaren, segurtasunaren eta errepidearen egoeraren araberako aukerak konparatzea (autoa, garraio publikoa, bizikleta) lagungarria izan daiteke ohiko ibilbidean segurtasuna hobetzeko.
- Medikazioaren eraginpean ez da gidatu behar, gidatzearen gainean sor litezkeen arriskuen inguruko informazioa jaso gabe aldez aurretik. Tratamendu-prospektuak aztertzea, oso ohikoak iruditzen bazaizkigu ere, batzuek gidatzean erreakzio-gaitasunari eragiten baitiote.
Joan-etorriko ibilbidea lanaldiaren zati bat da prebentzio-ondorio guztietarako, eta hori zaintzea gidari eta enpresa guztien erantzukizuna da, modu eraginkorrean parte hartu behar baitute, adibidez, bide-segurtasunaren kultura sortuz eta laneko arriskuak prebenitzeko planetan integratuz.
Iraila garai berezia da eta, horregatik, une ona da langileen artean mezuok indartzeko.