DOKTRINA-IRUZKINA AUZITEGI GORENEKO LAN-ARLOAREN UZTAILAREN 9KO 663/2026 EPAIAZ
1. Auziaren xedea
Planteatutako arazoa ez zen zuzenean ebaztea demandatzailearen aldi baterako ezintasunak eta ezintasun iraunkor absolutuak lan-jatorria ote zuten, baizik eta ea bidezkoa zen jatorri profesional hori ukatu zuen lan-arloko epai irmo bat berrikustea.
Demandatzailearen nahia zen berrikus zedila 2015eko urriaren 26tik 2017ko apirilaren 25era bitartean izan zuen aldi baterako ezintasuneko prozesua lan-istriputzat deklaratzeari uko egin zion Bartzelonako Lan Arloko 1. Epaitegiaren 2021eko uztailaren 7ko epaia.
2. Prozesu-aurrekariak
Demandatzaileak, mosso d’esquadra zela, aldi baterako ezintasun-prozesu bat izan zuen, hasiera batean antsietate-nahasmendu modura diagnostikatu zitzaiona, gaixotasun arrunt baten ondorio gisa kalifikatu zena administratiboki. Geroago, ezintasun iraunkor absolutuko egoeran deklaratu zuten tratamenduari erantzuten ez dion II. motako nahasmendu bipolarraren ondorioz.
Berak eskatu zuen kontingentzia hori har zedila lan-istripuaren ondoriotzat. GSIN-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezezkoa eman zion 2017ko ekainaren 29ko ebazpenaren bidez. Bartzelonako Lan Arloko 1. Epaitegiak atzera bota zuen bere demanda 2021eko uztailaren 7an, eta ondoren Kataluniako JAN-Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen erabaki hori 2022ko ekainaren 14an.
Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa ez zuen aintzat hartu Auzitegi Gorenak 2024ko urtarrilaren 10eko auto baten bidez.
Beraz, epaia irmotu egin zen.
Aldi berean, demandatzaileak laneko jazarpenagatik salatua zuen bere nagusi hierarkikoa.
Bartzelonako Probintzia Auzitegiak, 2021eko abenduaren 10eko epaiaren bidez, laneko jazarpen delitu batengatik zigortu zuen haren nagusia, eta sei hilabeteko espetxealdia ezarri zion, bai eta 149.618,50 euroko kalte-ordaina ordaindu beharra ere.
Garrantzi berezia eduki zuen zigor-epai horren gertaera frogatu batek, zeinak adierazten baitu “jasotako tratuaren ondorioz, langileak aldi baterako ezintasun-egoera bat hasi zuen, lan-arazoen ondoriozkoa, eta horrek, gerora, erabateko ezintasun iraunkorra ekarri zuen”.
Ondoren, Kataluniako JANak funtsean berretsi egin zuen kondena 2023ko urtarrilaren 24an.
Auzitegi Goreneko Bigarren Salak atzera bota zuen zigortuaren kasazio-errekurtsoa, 2025eko urriaren 8ko epaiaren bidez.
Azken ebazpen horretan beren-beregi adierazi zen laneko jazarpenaren ondorioz eratorri zirela salatzailearen II. mailako nahaste bipolarra eta ezintasun iraunkorra.
3. Berrikusteko eskaria
Prozedura Zibilaren Legearen 510.1.1 artikuluan oinarritu zuen langileak berrikusketa.
Epai penal irmoak lan-arloko epaiarekin bateraezina zen egitate bat frogatzen zuela zioen; hau da, lan-arloko jurisdikzioak ondorioztatu zuela ez zegoela frogatuta ezintasuna lanaren ondoriozkoa zenik, eta zigor-arloko jurisdikzioak frogatutzat eman zuela laneko jazarpenak erakarri zituela patologia eta ezintasuna.
Demandatzailearen arabera, kontraesan horrek justifikatzen zuen lan-arloko epai irmoa berrikustea.
4. Alderdien ikuskera
Enplegu-emaileak, Generalitat de Catalunyak, eskatu zuen aintzat ez hartzea eta ondoren ezestea, zigor-arloko epaia lan-arloko epaiaren ondorengoa zelako, ezin zelako “berreskuratutako agiri” gisa kalifikatu hura, eta gainera bazirelako nahasmendu bipolarraren balizko sorburu genetiko bat adierazten zuten elementu medikoak.
GSIN eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia ere aurka agertu ziren, berrikusteko arrazoiak zorrotz interpretatu beharrekoak direlako, beranduagoko zigor-epai bat ez datorrelako bat PZLko 510.1 artikuluarekin, eta azkenik, Gizarte Segurantzako kontingentzien kalifikazioa autonomoa delako zigor-arloko erantzukizunarekiko edo erantzukizun zibilarekiko.
Kodemandatuak, hierarkian langilearen goragoko mailakoa zenak, halaber, argudiatu zuen jurisdikzioen arteko loturaren ondorio automatikorik ez dagoela, eta zigor-epaiak ez zuela erabat baztertu gaixotasunerako aurrejoera genetiko bat.
Fiskaltzak, aldiz, demanda baiestearen aldeko txostena egin zuen, zigor-epaia laneko jazarpenaren eta patologia psikiatrikoaren arteko lotura kausala frogatzeko agiri erabakigarria zela iritzita.
5. Auzitegi Gorenaren doktrina berrikuspenari buruz
Salak gogorarazi du epai irmoen berrikuspena ezohiko bidea dela, salbuespenezkoa eta interpretazio murriztailekoa, eta ez duela balio froga-eztabaida bat berrabiarazteko, okertzat jotzen diren epaiak zuzentzeko edo hirugarren auzialdi bat sortzeko.
Legean tasatuta dauden zioengatik bidegabeki lortutako epai irmoak deuseztatzea baino ez duela helburu.
Horretan datza ebazpenaren muina. PZLko 510.1.1 artikulua aztertzen du Auzitegi Gorenak, eta artikulu horrek epai irmo bat berrikusteko aukera ematen du, epaia eman ondoren, halabeharrez edo epaiak mesedetutako alderdiaren jarduketaz erabili ezin izan ziren dokumentu erabakigarriak berreskuratzen edo lortzen direnean.
Salak behin eta berriz errepikatzen du doktrina hori: berrikuspen bat justifikatzeko, aurkaratutako epaiaren aurretik existitu behar du dokumentuak, ezkutuan edo eskuraezin egon behar izan du ezinbesteko kasuagatik edo beste alderdiaren jarduketagatik, eta erabakigarria izan behar du epaitzarako.
Hizpide dugun egitate-kasuan, zigor-epaia 2025ekoa da eta, beraz, lan-arloko epaitegiak 2021ean eman zuena baino geroagokoa. Beraz, ez da berreskuratu den dokumentu bat, ez eta atxikita egon dena ezinbesteko zioengatik, ezta aurkako alderdiaren jarduketagatik ere, eta ez ditu betetzen berrikuspena egiteko eskatzen diren legezko baldintzak.
Zigor-arloko jurisdikzioaren eta lan-arlokoaren arteko harremanari dagokionez, funtsezko ideia bat azpimarratzen du Salak: Zigor-arloko jurisdikzioak eta lan-arlokoak helburu desberdinak dituzte, froga baloratzeko arau desberdinak aplikatzen dituzte, eta zilegi zaie konklusio desberdinak ateratzea egitate berberei buruz.
Gainera, 36/2011 Legeak, urriaren 10ekoak, Lan-arloko jurisdikzioa arautzen duenak, zigor-arloko ebazpenetatik eratorritako berrikuspen-kasu berezi bat bakarrik aurreikusten du espresuki: zigor-arloko absoluzio-epai bat dagoenean egitatea edo akusatuaren parte-hartzea ez dela existitzen adierazten duena (LAJALen 86.3 artikulua).
Dagokigun kasuan, zigor-epaitza kondenazkoa izan zen, eta beraz, kasua ez dator bat LAJALen 86.3 artikuluarekin.
Premisa horiekin, Auzitegi Gorenak erabaki du ez dagoela berrikusteko legezko arrazoirik. 2025eko zigor-epaia ez da dokumentu baliagarria PZLko 510.1.1 artikulua aktibatzeko, eta berrikuspen-prozesua ezin da erabili jada modu irmoan ebatzita dagoen eztabaida bat berriz abiarazteko.
Hori dela-eta, berrikusteko demanda ezestea erabaki du, eta 2021eko uztailaren 7ko lan-arloko epaiaren irmotasunari bere horretan eustea.
6. Ondorioa
Auzitegi Gorenaren Laugarren Salaren 663/2026 epaia interes handiko ebazpena da, argi eta garbi berresten baitu zigor-arloko geroagoko kondena-epaitza ez dela agiri erabakigarria eta baliagarria PZLko 510.1.1 artikuluaren arabera lan-arloko epai irmo baten berrikuspena oinarritzeko.
Epaiak segurtasun juridikoa lehenesten du jurisdikzioen arteko koherentzia materialaren gainetik, eta gogorarazten du berrikuspen-prozesua ez dela egia juridikoa lortzeko tresna bat, baizik ezohiko hutsaltze-mekanismo bat, mugapen zorrotz baino zorrotzagoen mende dagoena.
Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua