Mutualiak, Gasteizen izango duen laguntza zentro eta egoitza berriaren lehen harria jarri du

• Urtsa Errazti Mutualiako presidentearekin eta Ignacio Lekunberri zuzendari gerentearekin batera, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika Sailburuak, Jon Darpon Osasun Sailburuak eta Tomas Burgos Gizarte Segurantzako Estatu Idazkariak hartu dute parte ekitaldian.

  • Aurreikuspenen arabera 2017. urtearen hasieran zerbitzua ematen hasiko den eraikinak 4.600 metro karratu baino gehiagoko azalera eraikia izango du.
  • 3 solairu eta erdi-sotoa izango dituen arreta zentroa izango da, Araban berritzaileak izango diren ekipamendu eta teknologiarekin, eta lurralde horretan mutuako kide diren 53.000 pertsona baino gehiagori emango die zerbitzua.
  • Mutualiak 11,9 milioi euro inbertituko ditu Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 12. zenbakian dauden instalazio berrietan.
  • M. Carmen Gomez Puente eta Luis Gomez Puente arkitektoek diseinatutako eraikina Mutualiak Araban izango duen erreferentziazko zentroa bilakatuko da.

 

Gasteizen, 2015eko uztailaren 20an

Gasteizko Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 12an dagoen Mutualiaren laguntza zentro eta lurralde zuzendaritzako egoitza berriaren lehen harria gaur jarri da. Ekitaldian Urtsa Errazti Mutualiako presidenteak eta Ignacio Lekunberri mutuaren zuzendari gerenteak hartu dute parte, eta beraiekin batera, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika Sailburuak, Jon Darpon Osasun Sailburuak eta Tomas Burgos Gizarte Segurantzako Estatu Idazkariak hartu dute parte ekitaldian.

Ekitaldian, Mutualia 1900. urtean sortu zenetik mutuan polizak izan dituzten Arabako enpresetako (Tubos Reunidos, Lascaray eta Naipes Heraclio Fournier) ordezkariek beraien enpresekin erlazionatutako zenbait objektu sartu dituzte kutxan.

2017. urtearen hasierarako erabilgarri egongo den eraikinean Mutualiak bateratu egingo ditu une honetan Arabako hiriburuko hiru tokitan eskaintzen dituen zerbitzuak. Horrela, Mutualiak Araban izango duen zentro berrian bilduko dira une honetan Gamarran (Makalen Etorbidea, 1) eskaintzen diren administrazio eta lurralde zuzendaritza zerbitzuak; Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 4. zenbakian dauden kontsultak eta osasun zuzendaritza eta orain arte Vithas San José Ospitalean egon diren gainerako osasun instalazioak. Gasteizko 80 langileek bertan izango dute lantokia.

Mutualiak aurreikusi duen eta Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak baimendu duen inbertsioa 11,9 milioi eurokoa izango da, eta horietatik 0,7 milioi euro orubea egokitzera bideratuko dira, aparkalekua eraikin berriaren beharretara egokitzeko; 8,2 milioi euro zentroaren eraikuntzara; eta ia 3 milioi euro gune horretan irrati-diagnostiko, erresonantzia magnetiko, ohiko erradiologia, ekografia… alorretako azken teknologia jartzera. Halaber, kirurgia handi anbulatorioa egiteko ebakuntza gela baterako ekipamendua ere aurreikusita dago.

Horrela, Mutualiak lehen mailako instalazioak izango ditu Araban, zerbitzu guztiak Gasteiz erdialdean kontzentratuta. Horrek, inolako zalantzarik gabe, mutuako kide diren pertsonei eskaini beharreko arreta hobetuko du.

M. Carmen Gómez Puente eta Luis Gómez Puente arkitektoek diseinatu dute Mutualiaren laguntza zentroa eta Arabako lurralde zuzendaritzaren egoitza jasoko dituen eraikin berria, eta beraiek arduratu dira, halaber, alboan dagoen aparkalekuaren egokitzapena proiektatzeaz. Ingurunea osasun alorreko erreferentzia gune bilakatuko da hiriarentzat, ekipamendu modernoagoa eta osasun zerbitzuen eskaintza zabala jasoko baitu.

Eraikiko den eraikinaren lehen harria, une honetan Mutualiaren Ondare Historikoa jabe den txandakako erabilerarako ibilgailu aparkaleku batek hartzen dituen lurren parte batean jarri da. Aparkaleku horren sarrera eta irteera Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 12tik egiten da. Obrak egin ahal izateko, aparkalekurako sarbide berriak egokitzea aurreikusi da. Horrela, ibilgailuen eta oinezkoen sarrera eta irteera Domingo Beltran kaleko 12. zenbakian ezarriko da. Halaber, oinezkoentzako sarbide berria egingo da Cercas Bajas kaleko 33. zenbakian. Aparkalekuak era independentean funtzionatuko du, eta eraikin berria egiteko gunea ibilgailuen eta oinezkoen sarreretatik eta irteeretatik libre geratuko da.

Eraikina

Gómez Puente Arquitectos etxeak proposatutako eraikinak, hirigintza lur-sailak hiri ingurunean dauden eta horren eskala txikia den arren –hirigintza araudi aplikagarriarekin bat etorriz– pieza argi eta trinko gisa proiektatu da, adierazkortasun eta ikusmen-eragin handiena bilatuz, bolumen indartsuaren bitartez. San Jose Ospitalearen atzera egiteari esker, Fatxada mehelinak eraikinaren identifikatzaile bilakatuko den elementu berezia sortzen du, Mutualiaren irudi korporatiboa erabiliz, eraikuntzako elementu gisa.

Beheko solairuaren parean, fatxada nagusiak atzera egiten du, eraikinaren sarrera nagusia eta Larrialdietako sarrera eratuko dituen gune estalia sortuz.

Proiektuak, kanpoko eta barruko erabilera kolektiboko guneen tratamendu ordenatua planteatzen du, kanpoan Larrialdi sailerako, larrialdi irteeretarako, hondakinen irteerarako eta eraikinaren gainerakorako sarbide independenteak sortuz eta barruan espazioaren kalitatea bilatuz.

Barruan, eraikina, eskailerak dauden erdigune zabalaren bitartez garatzen da. Eskailerek konpontzen dute barruko komunikazio bertikala eta horiek osatzeko bi igogailu daude, mugikortasun urria duten pertsonek erabili ahal izango dituztenak, eta osasun alorreko langileek baino erabili ezin izango duten beste igogailu bat.

Zirkulazioen tratamendu ordenatu horretan oinarrituta, erabiltzaileek erdiguneko gune irekiarekin etengabeko erlazioa izango duten eraikina proposatzen da. Itxaron guneetarako behar diren espazio guztiak elkartuz, begi bistaz erlazionatuta dauden tarteko gune zabalak sortzen dira. Perimetroa, argi eta aireztapen naturala behar duten arreta guneetara bideratuko da.

Beheko solairuan Harrera-Onarpen saila, Pazientearen eta Erabiltzailearen Arretarako Zerbitzua, Irrati-diagnostiko Saila eta Ingresorik gabeko Kirurgia Unitatea egongo dira, Larrialdi Zerbitzuaz gain.

Lehen solairuan eraikineko kontsultak egongo dira.

Bigarren solairu osoa Birgaitzera bideratuko da osorik, eta bereiztutako bi gune sortuko dira: Gimnasioa eta Hidroterapia, aldagela komunen bitartez banatuak. Hidroterapia sailean, beirazko hormen bidez, osasun alorreko langileei barruan birgaitze ariketak egiten dituzten pertsonak ikusteko aukera emango duen igerileku terapeutikoa instalatuko da. Horrela, Mutualia, igerilekua daukan birgaitze zerbitzu propioa duen Arabako lehenengo mutua bilakatuko da. Gainera, bizkarreko tratamenduetarako gunea ere egongo da toki horretan.

Hirugarren solairuan Mutualiaren Lurralde Zuzendaritzaren egoitza proiektatu da, erabilera gehien bat administratiboari erantzuten dion banaketarekin, behar guztietara erraz egokituko diren espazio irekiekin eta erabilera anitzekoekin.

Solairu hori erdi-sotoarekin osatzen da. Bertan, beheko solairutik zein etxaldearen barrualdetik duen sarbide errazari esker, ekitaldi aretoa eraikitzea planteatu da.

Ekitaldi aretoak 200 pertsonarentzako lekua izango du, eta, halaber, komunak eta arropak gordetzeko tokia ere jasoko dituen atari zabaletik sartuko da bertara. Erdi-soto solairu horretan eraikinaren instalazio orokorrak jasoko dituzten guneak egongo dira, eta baita biltegiak, artxibategiak eta eraikinean lan egiten duten langileentzako aldagelak ere.

Eraikin guztia, mugikortasun urria duten pertsonek erabili ahal izango dituzten espazio funtzionalak diseinatuz proiektatu da, banaketa osoa Irisgarritasunaren Sustapenerako Legera eta Eraikigarritasunaren Kode Teknikoaren Erabileraren eta Irisgarritasunaren Segurtasunerako Oinarrizko Dokumentura egokituz egin da.

Eraikina, Mutualiak bere inbertsio guztietan aurrera daramatzan iraunkortasun eta ingurumen eraginaren murrizketa irizpideei jarraituz proiektatu da. Horregatik, beheko solairua estalki berde ekologikoaren bitartez errematatuko da. Eraikinaren erdialdeko estalkiaren gune perimetrala, eguzki energia eskuratuko duten panelak jartzeko aukera emango duten estalki lau igarokorren bitartez bideratuko da. Eraikinaren barrualdeak era zenitalean argiztatutako patioa izango du, eta, ondorioz, argi eta aireztapen baldintza natural onak izango ditu, eraikinaren aprobetxamendu bioklimatikoa bultzatuz. Horrela, espazioaren %90ak argiztapen naturala izango du.

Era berean, barruko patioa, orientazioaren arabera zenbait eguzki kontrol izango dituzten kristalezko guneek mugatuko dute. Hori guztia, etengabeko aire joan-etorria bultzatzeko, aireztapen gurutzatuak sortuz, klimatizazio ekipoen hornidura beharrak murrizteko xedez.

Bisita ezazu Mutualiaren Erabakimen Handiko Ospitalearen argazki galeria gure webgunean.

 

Mutualiari buruz

Mutualia, 2006an Euskadiko laneko istripu eta gaixotasun profesionalen gizarte segurantzako hiru mutua garrantzitsuenak bat egitearen ondorioz sortu zen. Mutuak laneko istripuen, gaixotasun profesionalen eta ohiko kontingentzien ondoriozko aldi baterako ezintasuna bermatzen du, eta laneko arriskuen prebentzioaren alorreko zerbitzua eskaintzen die enpresei.

Mutualia Euskadiko Autonomia Erkidegoko lehenengo mutua da, eta 2014. urtea %42ko merkatu kuotarekin itxi zuen. Araban 53.000 langile baino gehiago dira mutuako kide.

Mutualiak 26 milioi euroko emaitza finkatuarekin itxi du 2014ko ekitaldia

• Araudi berria aplikatuz, mutuak 75 milioi euroko ekarpena egiten dio Gizarte Segurantza sistemari.
• 315.915 pertsona daude babestuta Kontingentzia Profesionalean (EAE-ko %41,8).

Donostian, 2015eko uztailaren 17an

Mutualiak, Gizarte Segurantzako 2 zenbakiko Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuak, 2014. urteko balantze ekonomikoa eta jarduera balantzea onetsi ditu gaur Batzar Nagusian. Diru sarrera osoak 289 milioi eurokoak izan dira, horietatik 285 milioi Gizarte Segurantzaren kudeaketari eta 4 Ondare Historikoaren kudeaketari dagozkionak.

Diru sarrera horiei esker, emaitza finkatu positiboa 24 milioi eurokoa izan da Gizarte Segurantzaren kudeaketa kontuetan, eta 2 milioikoa Ondare Historikoaren kudeaketari dagozkion kontuetan.

Azken ekitaldian, Mutualiaren jardueraren ezaugarri nagusia bere bezeroen aldeko zerbitzu eta harreman bokazio argia izan da. Horri esker, Euskadiko Autonomia Erkidegoko lehen mutua gisa finkatu da, 2014. ekitaldia %41,8ko merkatu kuotarekin itxiz. Kontingentzia Profesionalean babestutako batez besteko pertsona kopurua 315.915 pertsonakoa izan zen.

Ignacio Lekunberri Zuzendari Gerenteak, bezero tipologia guztiek lortutako gogobetetze maila altua azpimarratu du. Horrela, prestazio ekonomikoak jaso dituzten pertsonek 8,08 puntuko gogobetetze maila adierazi dute, eta osasun arretaren erabiltzaileen %93,52 pozik edo oso pozik agertu da jasotako zerbitzuarekin, Mutualiak arretaren kalitatearen alde egindako apustuari eta, inolako zalantzarik gabe, beharrei erantzuna ematen dieten instalazioei eta ekipamenduei esker, neurri batean. Mutualiako kide diren enpresek lortutako gogobetetzeari dagokionez, 7,7 puntukoa izan da. Zuzendari Gerenteak, Mutualiaren alderdi bereizleetako bat zentroen hedapena eta gertutasuna dela azpimarratu nahi izan du. Horren adibide, une honetan mutuak dituen 19 zentroak dira (horietatik 18 Euskadin). Zentro horietan 34.255 pazienteri eman zaie arreta eta 130.300 osasun kontsulta eta 1.388 ebakuntza kirurgiko egin dira.

 

Mutualiaren beste jarduera bat, kide diren enpresetako istripu maila murrizten laguntzea da. Horri dagokionez, joan den ekitaldian 3.233 prebentzio jarduketa baino gehiago egin dira. Jarduketa horien artean kasu jakinen azterketak, aholkularitza orokorra, jardunaldi teknikoen antolakuntza edo dibulgazio jarduerak daude. Horri esker, istripu maila murrizteko pizgarriak, Bonus izenez ezagutzen direnak, jasotzeko 119 eskari erregistratu dira, eta horien zenbatekoa 1.800.000 eurokoa izan da.

 

Joan den ekitaldian Mutualiak lorpen garrantzitsuak izan ditu bere kudeaketaren zenbait arlotan. Horien artean hauek azpimarratu behar dira: Prebentzio Sozietatearen salmenta, instalazioen eta ekipamenduen egokitzapena eta hobekuntza eta, batez ere, Ercilla Klinikako hidroterapia gunearen zaharberritzea, zenbait ziurtapen berriztatzea eta berriak lortzea, Henaoko zentroan lortutako irisgarritasunari buruzkoa eta Henaoko eta Ercilla Klinikako iraunkortasunekoak, besteak beste, eta bezeroekin harreman azkarragoa eta eraginkorragoa lortzeko teknologia berrien erabilera indartzea. Teknologia berrien aldeko azken apustu horri esker, bere App-ak Administrazio eta Smart City kategoriako aplikazio hoberenaren saria lortu du Star BiscayApp´14 Lehiaketan.

Batzar Nagusian, Alvaro Plaza Prestazio Berezien Batzordeko Presidenteak, Batzorde horrek 2014an aurrera eramandako jarduketak azaldu dizkie bertaratutakoei. Jarduketa horien onuradunak 215 pertsona izan dira, eta banatutako laguntzak, 561.000 eurokoak.

Amaitzeko, Urtsa Errazti Mutualiako Presidenteak, 2015ean Mutuen Legea onartu ondoren Mutualiak aurrean izango duen eszenatoki berria azpimarratu du. Horrela, legeak, bertan jarritako itxaropenak osorik bete ez dituen arren, mutuak, eta Mutualia horien artean, harro daude krisiak iraun dituen urteetan Gizarte Segurantzako Funtsetara 3.962 milioi euro bideratu izanaz, pentsioak ordaintzeko. Amaitzeko, ez dio bere aurkezpenari amaiera eman nahi izan erakundeko lantaldea osatzen duten eta beraien eguneroko lanarekin Mutualia EAE-ko erreferentziazko mutua bilakatzen lagundu duten 600 pertsona baino gehiagoren inplikazioa aitortu gabe. Langile horiek osasun eta ekonomia alorretako laguntza hoberena eskaini diete mutuako kide diren langileei eta, ondorioz, enpresak egunero lehiakorragoak izan daitezen lagundu dute, ekonomia berreskuratzen ari dela dirudien eszenatoki berri honetan.

 Txostena PDF Formatuan
 Mutualia zifratan PDF Formatuan

2015, Mutualiako arreta-zentroen udako ordutegia

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan, , hain zuzen ere.Irailean ohiko ordutegia egongo da indarrean.

2015, Mutualiako arreta-zentroen udako ordutegia
Gipuzkoa Azkoitia Uztailaren 15etatik abuztuaren 14rarte itxita egongo da (biak barne)
Beasain Udako ordutegia. Astelehenetik Ostiralera 8:00etatik 15:00etara Abuztuaren 03. tik Abuztuaren 31 arte (biak barne)
Bergara
Eibar
Irun
Araba Laudio
Bizkaia Basauri
Erandio
Gernika
Iurreta
Santurtzi
Zamudio 2015ko Uztaila: Astelehenetik Ostiralera 8:00etatik 19:00etara , Uztailak 03, 10 eta 17an izan ezik,  ordutegia  08.00etatik 17:00etara izango delako

2015ko Abuztua:  Astelehenetik Ostiralera 8:00etatik 15:00etara

Gogorarazten dizuegu Mutualiak zuen eskura jartzen dituela gure erietxeen zerbitzu mediko iraunkorrak. Informazio gehiago behar baduzu, jar zaitez harremanetan gurekin  edo kudeaketa sailaren 902 540 250 telefonora deitua.

BURUKO MINAK: GARAI HONETAKO OINAZE BAT

Zefalea edo buruko mina giza espeziearen oinaze formarik ohikoenetakoa da. Buruko mina aldizka agertzen da, oro har, eta zenbait motak medikuaren diagnostiko zehatza eta tratamendu espezifikoa eskatzen dute. Hortaz, ez da komeni nork bere kabuz sendagaiak hartzea.

Migraina
Migrainaren kasuan, buruko min krisiak errepikakorrak dira, aldakorrak intentsitateari, iraupenari eta maiztasunari dagokienez, oro har hemikranialak, eta maiz, goragale eta gorakoari, fotofobiari eta fotosentikortasunari lotuak. Noizbehinka sentikortasunaren, sistema motorraren edo hizkuntzaren defizitaren ondoren edo haiekin batera gertatzen dira, eta ariketa fisikoarekin okerrera jotzeko eta loarekin hobetzeko joera dute.

Migrainak populazioaren % 10-15 ingururi eragiten dio, eta emakumezkoengan da ohikoagoa. Pazienteen % 70ek aurrekariak ditu familiaren historia klinikoan. Gizonezkoengan haurtzaroan hasteko joera du, eta lehen hilekoarekin batera emakumezkoengan. Maiztasunak behera egiten du urteekin.

Krisiok zenbait elikagai mota hartzeak eragin ditzake, hala nola tiramina asko dutenak (gazta ondua, banana helduak, kakahueteak) eta kafeinan eta feniletilaminan oparoak direnak (txokolatea, kafea, kola, tea), bai eta ingurune-faktoreek (argi dirdiratsuek, usain biziek) eta lo-orduak edota estresa areagotzeak ere.

Bi migraina mota daude:

Aurarik gabeko migraina (migraina arrunta): Ohikoena da.

Migraina auraduna (migraina klasikoa): Migraina mota horrek «aura» izeneko hainbat sintoma neurologiko itzulgarri ager ditzake: ikusmenaren nahasmenduak eta ikusmenarekin loturarik ez duten beste batzuk, esaterako paresia, parestesiak, disfasia eta entzumen- eta usaimen-haluzinazioak. Aurretiko 24-48 orduetan pazienteek bestelako sintoma prodromikoak izan ditzakete; hala nola, umore-aldaketak, adimen-trakestasuna, logalea edota goragalea.

Tratamendua. Faktore eragileak ezabatzeko ahalegina egin beharko da. Tratamendu farmakologikoa bitarikoa izan daiteke, sintomatikoa (aspirina, ibuprofenoa, naproxenoa, parazetamola, metoklopramida edo sumatriptan) zein profilaktikoa (beta-blokeatzeileak, kaltzio-antagonistak, antidepresibo triziklikoak), hilabeteko 3 edo 4 migraina-krisitik gora sufritzen dituztenei gomendatuko zaizkienak.

Tentsio-tipoko buruko mina
Entitate ezberdinak baino, migraina arrunta eta tentsio-tipoko buruko mina antzeko prozesuak direla eta gaixotasun beraren bi muturrak irudikatzen dituztela uste da. Mina aldebikoa izaten da oro har, gorra, zapaltzailea, neurrizko intentsitatekoa, eta pazienteek buruaren zapaltze gisara deskribatzen dute, ilea ukitzean sentsazio mingarria eragiten duena. Buruko mina kroniko bilakatzen bada, antidepresibo triziklikoak baliagarriak dira hura kontrolatzeko.

Luku gisako buruko mina
Gizonen artean da nagusi, eta 35 urte ingururekin hasten da. Mina intentsitate handikoa da, taupakaria eta ziztatzailea, eta batez ere bekokiaren eta begien aldeari eragiten dio. Kopetatiko izerditzearekin, malko-jarioarekin, konjuntibako injekzioarekin eta sudur-kongestioarekin batera etorri ohi da, eta, zenbaitetan, erasandako aldeko betazalari eragiten dio. Egunean hainbat krisi izaten dira, ordu eta erdi baino gutxiago irauten dutenak eta hiru hilabetez ere luza daitezkeenak, ondoren hilabetetan edo urtetan asintomatiko iraun dezaketelarik. Batzuetan urtaro-aldaketei egozten zaizkie, eta gauez ager daitezke, loaldiaren hasieran. Oheratzean hartutako ergotamina bidezko tratamenduak erantzun ona eman ohi du (gaueko krisien aurka).

Hemikrania paroxistiko kronikoa
Batez ere emakume gazteek pairatzen duten koadro bitxia da, bekokiaren, begien eta loki-hezurraren aldeari eragiten diena, eta lepora, besora eta bularraren goialdera zabal daitekeena. Oso ongi erantzuten dio indometazina bidezko tratamenduari.

Trigeminoaren neuralgia
Ez da buruko mina zentzu hertsian, eta aurpegiko algien multzoan sailkatu beharra dago. Nerbio trigeminoaren (aurpegia inerbatzen duenaren) 2. edo/eta 3. adarraren banaketa-aldeko min laburra da, intentsitate handikoa eta pazienteen arabera «karranpa elektriko» oso mingarriaren parekoa. Karbamazepinaren bitartez arrakastaz tratatu ohi da.

Zelula erraldoien arteritisaren ondoriozko buruko mina
Zelula erraldoien arteritisa neurologian maiztasun handienarekin agertzen den arteriopatia inflamatorio ez-infekziosoa da. Buruko minaren koadro kliniko gutxi gorabehera osoa eragiten du, hau da, sukarra, sindrome konstituzionala eta murtxikatze- eta mihi-muskulaturaren klaudikazioa, eta lotura eduki dezake polimialgia erreumatikoekin. Ohikoagoa da arraza zuriko emakumeengan, 50 urtetik gorakoengan ia esklusiboki, eta oso eraginkorra izaten da prednisona bidezko tratamendua.

Garezur barruko hipertentsio idiopatikoa

Emakume gazte eta gizenegien ohiko gaixotasun bat da. Oinarriko nahasmendu endokrino bati egozten zaio maiz. Garezur barruko hipertentsioaren bestelako kausak baztertu beharra dago.

Ondorioz:

Azken batez, buruko mina patologia edo koadro kliniko jakin baten sintoma bat izan daiteke, eta beharrezkoa da diagnostiko zuzena egitea tratamendurik egokiena aurkitu ahal izateko. Hortaz, buruko min errepikakor baten edo ohikoa baino luzeago edo biziago baten aurrean, ezinbestekoa da lehen mailako arretako medikuarengana jotzea eta automedikazioa saihestea.