Mutualia Foroaren hamalaugarren edizioko hitzaldiak 2015eko azaroa

Jorratutako gaiak hauek izan ziren:

1. 2015/10/23 eta 30ko Langileen Estatutuaren eta Gizarte Segurantzaren Testu berri Bateginak.
2. Autonomoak:
• Autoenpleguaren Sustapena.
• Langile Autonomoen Jardunari Uztearen epearen zabaltzea.

3. Itsas Sektoreko langileen aldaketak.
4. Soilik bulego lanetan diharduten langileen kontingentzia profesionalen kotizazio-mota.
5. Erregimen Orokorraren Afiliazioa eta Alta, Hitzarmen Kolektiboaren esleipena.
6. Lan-sozietateen Legearen erregulazio berria.

Oharra

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 20 urte bete ditu.

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 20 urte bete zituen azaroaren 8an. Hogei urte horien ondoren, hain zuzen ere, “arriskuen ebaluazioa”, “kanpoko prebentzio-zerbitzuak” edo “prebentzioaren integrazioa” terminoak, besteak beste, ohiko hitzak eta kontzeptuak bihurtu dira gure enpresen eguneroko jardunean .

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legea Europako 89/391/EEE Zuzentarauaren transposizioa da, Espainiako ordenamendu juridikoaren barruan. Legeak garapen osagarri handia izan du, besteak beste, Prebentzio Zerbitzuen Arautegiaren bidez, zenbait gairi buruzko errege-dekretuen bidez (zamen eskuzko manipulazioa, norbera babesteko ekipamenduak –NBE–, etab.), eta LSHINren gida teknikoen eta ohar teknikoen bidez.

Zer ondorio ekarri du LAPLak?

Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak ematen dituen datuei begiratzen badiegu, bai lanaldian gertatzen diren eta baja eragiten duten istripuei dagokienez (ez dira sartzen in itinere istripuak), bai istripu hilgarriei dagokienez, hogei urtean izandako bilakaera egiaz positiboa izan da. Horrela, 1995. urtean –legea onartu zenean–, baja eragin zuten lanaldiko istripu jakinaraziak 6.060 izan ziren, 100.000 langileko (intzidentzia-indizea). 2014. urteko intzidentzia-indizea 3.111 izan da. Laneko istripu hilgarriei dagokienez, 1995. urtean, istripu hilgarrien intzidentzia-indizea 10.07 izan zen; 2014an, ordea, 3.42. Hala, 1995ean 996 istripu hilgarri gertatzetik, 2014an 467 izatera igaro zen.

Istripu-tasei buruzko datuez gain, halakoetan beste faktore batzuek ere izango baitzuten eragina, ziur asko –hala nola, 20 urte hauetan ondoz ondo gertatu izan diren hazkundeko eta atzerapeneko aldi ekonomikoek–, prebentzioaren inguruko jarrera-aldaketa oso garrantzitsua da. Dena dela, baditugu oraindik alderdi asko hobetzeko eta lantzeko. Esaterako, prebentzioa erabat integratzea dugu egiteko, ohitura bihurtu behar baitugu hala jardunean urteak daramatzatenentzat, nola lan-merkatura sartzen ari direnentzat; edo mikroETE deritzen enpresa txiki eta ertain guztiak prebentziora gehitu behar ditugu, berariazko tresnak eta laguntzak lortzeko lan eginez, hala nola, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak abian jarritako prevencion10 izeneko plataforma.

Mutualiaren 2016ko Lan Egutegia

Mutualiak emakumeen kontrako indarkeria arbuiatzen du

Mutualia jakitun da gaur egun genero indarkeriaren alorrean dauden gizarte-arazoez eta hori prebenitzeko bidean gizarte-eragile guztiek izan beharreko inplikazioaz; hori dela-eta, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldietan parte hartuko du.

Horretarako, puntu lila ikusgai jarriko du, emakumeen kontrako indarkeriaren arbuioa erakusten baitu ikur horrek; izan ere, sentsibilizazioa oso garrantzitsua da genero-indarkeria desagerrarazteko. Mutualiak animatu egiten ditu pertsona guztiak emakumeenganako indarkeriarekiko arbuioa agertzera, udalerrietan antolatutako mobilizazioetan parte hartuta edo era horretako indarkeriaren kontrako ikurra den puntu lila erakutsita.

Gizarte-mobilizazioa eta pentsaera aldaketa dira, Mutualiaren ustez, funtsezko ekintzak genero-indarkeria desagerrarazteko; gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren ikurrik bortitzena da, eta, horregatik, Berdintasun Politikak gaitz horrekin amaitzeko funtsezko tresna direla aldarrikatzen du.

 

Mutualiako Berdintasun Batzordea.

Iradokizun onenaren IV. saria

Dagoeneko jarri dugu martxan Iradokizun Onenaren IV Saria. Sariketarekin, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideiarik onena aitortu nahi dugu.

Ekimena gure enpresa elkartuetako eta lankide ditugun aholkularitzetako langileei xedaturik dago.

Horien lanaren eta lankidetzaren bila gabiltza, zerbitzurik onena eskaintzen lagun diezaguten eta horien mutualitatea izaten jarrai dezagun.

Gure web-orrian eta gure asistentzia-zentroetan inprimaki sinple bat eskuratu dezakezue, iradokizuna eta egilearen datuak idazteko.

Iradokizunak 2015eko abenduaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira eta finalisten zerrenda 2016ko urtarrilean kaleratuko da.

Irabazleak iPad bat eskuratuko du.

Ekimena zure enpresako langileen artean zabaltzea eskatzen dizugu. Zenbat eta eskaera gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago izango ditugu gure zerbitzuak hobetzeko.

Mila esker hobetzen laguntzeagatik.