Gaurko EHAAOn argitaratu da ekainaren 2ko 9/2016 LEGEA, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa, bihar (ekainak 14) indarrean sartuko dena

12/1994 Legea indargabetzen du, eta indarrean sartzen denetik 18 hilabeteko epean araubidez garatuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioek, hala ere, bi urte izango dituzte euren estatutuak lege berri honek aurreikusitakoaren arabera egokitzeko. Behin epe hori igarota estatutuak egokitu gabe baleude, ez da fundazioaren dokumenturik dagokion fundazioen erregistroan inskribatuko, aldaketa horiek egin direla egiaztatu arte. Betebehar hori ez betetzeak, gainera, dagozkion erantzukizunak sorraraziko ditu, eta, ondorioz, fundazioak ez du diru-laguntza edo laguntza publikorik jasoko Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik.

 

Fundazioetako organoen eraketari dagokionez, Laugarren Xedapen Gehigarriak jasotzen duenaren arabera, Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako aurreikuspenak hartu beharko dira kontuan, organo horietan gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua izan dadin.

 

Aurreko legea Europako Parlamentu eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/CE Zuzentarauak jasotako eskakizunekin bat zetorren arren, azken urteotan arrazoi berriak sortu dira, eta, horien arabera, arlo honetan lege berria egitea gomendatu da. Arrazoi horiek lirateke, besteak beste, Administrazio publikoari nahiz fundazioei, eta, oro har, herritarrei segurtasun juridiko gehiago eskaintzeko beharrizana; erakunde horiei aplikatzeko moduko arauak bateratzeko beharra, eta aldaketa tekniko-juridikoak txertatzeko beharra, fundazioetako arauak berritu eta gizartearen egungo eskakizun eta beharrizanetara egokitzeko. Ez da ahaztu behar, gainera, Zuzenbide Zibilak arautzen duen zatian, EAEko Zuzenbide Zibilaren egungo errealitatera egokitu beharra zegoela, ekainaren 25eko 5/2015 Lege berriarekin bat etorriz.

 

Lege berri honen bidez administrazioaren gorabeherak sinplifikatu eta zerbitzu publikoak arrazionalizatuko dira, fundazioak sortzeko eskubidea sustatuz eta, era berean, fundazioen berezko trafikoaren segurtasun juridikoa bermatzeko beharrezkoak diren kontrolak ezarriz; halaber, fundazioen araubide juridiko berezitik eratorritako eskakizunak modu egokian betetzen direla bermatuko da.

Berrikuntzen artean, gaitasun berri batez hornituko dira aurrerantzean fundazioak, zehatzeko gaitasunaz, alegia. Horren helburua da administrazioarekiko betebeharren kontrako jokabideen aurrean disuasio-mekanismoa izatea, eta erakunde hauen finantzaketan laguntza ematen dutenengan konfiantza sorraraztea.  Mekanismo betearazlea da, eta ordenamenduak administrazio publikoen esku uzten du horren aplikazioa, fundazioen proiektua interes orokorraren eta fundatzaileen borondatearen arabera garatu dadin.  Ondorioz, fundazioen baitan gehien gertatzen diren arau-hausteak tipifikatu dira. Horien aurreko zehapen gaitasuna, beraz, mekanismo eraginkorra da, esku-hartze gogorragoak saihesteko.

 

LEHENDAKARITZA

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legea.

 

 

Informazio juridikoa. 2016ko maiatzaren 30etik ekainaren 4ra

Interes orokorreko xedapenak, 2016ko maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitarteko aldizkari eta buletinetan (BOE, EHAAO, BAO, AAO, GAO eta EBAO) argitaratutakoak.
I.- SEKTOREKO HITZARMEN KOLEKTIBOAK:
II.- XEDAPEN ARAUEMAILEAK:
BOE (Estatuko Aldizkari Ofiziala):
2016-06-02

OGASUN ETA HERRI LANEN MINISTERIOA

·         Balio Erantsiaren gaineko Zerga.- Maiatzaren 30eko HAP/841/2016 Agindua, honako ereduak onartzen dituena: 364 “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Jasandako zerga-kuotak itzultzeko eskaera, honakoetan: “Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea, erakunde horren Nazioarteko Kuartel Nagusiak, eta Tratatuaren parte diren Estatuak” eta 365 “Balio Erantsiaren gaineko Zerga”. Aurrez aitortzeko eskaera, honako salbuespenei dagokienez: “Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea, erakunde horren Nazioarteko Kuartel Nagusiak, eta Tratatuaren parte diren Estatuak”, eta aurkezpen elektronikorako baldintza orokorrak eta prozedura; era berean, martxoaren 16ko EHA/789/2010 Agindua aldatzen da, bai eta zergei buruzko beste araudi bat ere.- 5273. xedapena – 14 or.

2016-06-03

PRESIDENTETZA MINISTERIOA

·         Albaitaritzako osasuna.- Maiatzaren 31ko PRE/847/2016 Agindua, azaroaren 28ko 993/2014 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan barne hartzen diren animalia eta produktuak zehazten dituena; bertan daude jasota esportazioak egiteko albaitaritza-ziurtagiri ofiziala eskuratzeko prozedura eta baldintzak. 5341. xedapena – 13 or.

2016-06-04

OGASUN ETA HERRI LANEN MINISTERIOA

  • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Hauteskundeetako gastuak. Diru-laguntzak.- Maiatzaren 4ko HAP/663/2016 Aginduaren akats-zuzenketa; agindu horren bidez, murriztu egin ziren 2015eko zergaldirako etekin garbien indizeak eta indize zuzentzaileak, hirugarrenei pentsua erosterakoan, zenbait salbuespen berezi direla-eta nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren estimazio objektiboko metodoan aplikatzeko modukoak direnak; eta horren bidez aldatu zen, era berean, apirilaren 1eko HAP/572/2015 Agindua, 2015eko maiatzaren 24ko udal hauteskundeen ondoriozko jarduerek eragindako gastuak diruz laguntzeko zenbatekoak finkatzen dituena. 5429. xedapena – 2 or.

EKONOMIA ETA LEHIAKORTASUN MINISTERIOA

  • Aseguruak.- 2016ko maiatzaren 31ko Ebazpena, Aseguru eta Pentsio Fondoen Zuzendaritza Nagusiarena; horren bidez, Aseguruak Konpentsatzeko Partzuergoaren aldeko errekargua onartu zen, motordun ibilgailuen zirkulazioan erantzukizun zibileko nahitaezko aseguruaren berme-fondo gisa dituen egitekoak finantzatzeko.- 5431. xedapena – 2 or.

 

  • Aseguruak.- 2016ko maiatzaren 31ko Ebazpena, Aseguru eta Pentsio Fondoen Zuzendaritza Nagusiarena, 2006ko azaroaren 27koa aldatzen duena; horren bidez, Aseguruak Konpentsatzeko Partzuergoaren aldeko errekarguak onartu ziren, asegurudunek nahitaez ordaindu beharreko aparteko arriskuen aseguruei buruzkoak, aseguru-poliza arruntetan txertatu beharreko estaldura-klausulari buruzkoa, eta aparteko arriskuak estaltzeko erregimenean barne harturiko polizei dagokienez aseguru-etxeek eman beharreko informazioari buruzkoa.  2016. xedapena – 11 or.

 

EHAA (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria):
2016-06-01

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA

  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren 2016ko maiatzaren 16ko Agindua, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen dituen hezkuntza zerbitzuei dagozkien prezio publikoak hirugarrenez aldatzen dituena.- 2332. xedapena – 4 or.

2016-06-03

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA

·         Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendariaren EBAZPENA, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko enpresa esleipendunen Hitzarmen Kolektiboaren Batzorde Paritarioaren Erabakia erregistratu, argitaratu eta gordailatzen duena (Hitzarmenaren kodea: 86002115012003).-  2391. xedapena – 7 or.

AAO (Arabako Aldizkari Ofiziala):
2016-06-03

Arabako Batzar Nagusiak

 

BAO (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala):
GAO (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala):
EBAO (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala):

Ordu osagarriei eta kontratuak bihurtzeari buruzko zenbait zalantza

Gure aholkularitza kolaboratzaileetako batek ordu osagarriei eta kontratuak bihurtzeari buruzko zenbait zalantza helarazi dizkio gure Aholkularitza Juridikoari. Jarraian jaso ditugu zalantzok, pixka bat gehiago argitzeko asmoz, behin baino gehiagotan galdetzen baitituzue.

1º) Lanaldi murriztuko kontratuetan, ordu osagarriak egiteari buruz.

Lan egindako orduok atseden-egunekin konpentsa al daitezke edo nahitaez ordaindu eta kotizatu behar al dira?

 

16/2013 Errege Lege Dekretua, abenduaren 20koa, kontratazio egonkorra errazteko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko neurriei buruzkoa.

 

Errege lege-dekretu horrek egiten duen lanaldi partzialeko kontratuaren erregulazio berriak erantzuten dio kontratazio mota hori sustatzeko dagoen premiazko beharrizanari, lana sortu eta birbanatzeko asmoz. Azken urteotan kontratu mota hori ugaldu bada ere, gutxiegi erabiltzen da oraindik gure inguruko beste herrialdeekin alderatuta, nahiz eta abantaila handiak ekartzen dizkien enpresei eta langileei lan-denbora malgutasun handiagoz antolatzeko orduan.

 

Hori horrela izanik, aldaketa esanguratsuenetako bat orduen (arruntak, osagarriak, eta abar) araubidearen arauketari lotuta dago.

 

Ordu osagarriak 1. artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoaren arabera egingo dira.

Dena den, ordu arruntek eta ordu osagarriek –aurrez hitzartutakoak eta borondatezkoak barne– osatutako kopuruak ezingo du gainditu lanaldi partzialaren legezko ordu-muga.

 

 

Ordu osagarriak dira lanaldi partzialeko kontratuan hitzartutako ordu arruntei eransten zaizkien orduak, honako arau hauen arabera:

 

a) Ordu osagarriak betetzeko eskatu ahal izateko, enpresaburuak berariaz hitzarmen bat egin beharko du langilearekin.

b) Ordu osagarriak hitzartu ahal izateko, denbora partzialeko kontratuak ez du, urteko zenbaketan, asteko hamar ordutik beherako lanaldia izango.

c) Ordu osagarrien hitzarmenean jasota egon beharko da enpresaburuak zenbat ordu osagarri betetzeko eskatu ahal izango dion langileari.

Hitzartutako ordu osagarrien kopuruak ezin izango du izan lan-kontratuan zehaztutako ordu arrunten kopurua baino % 30 gehiago. Hitzarmen kolektiboek beste ehuneko maximo bat finkatu ahalko dute; hori ezingo da izan inondik ere aipatutako % 30 baino handiagoa eta ezingo ditu gainditu kontratatutako ordu arrunten % 60.

d) Langileari hiru egun aurretik jakinarazi behar zaio zein egun eta ordutan egingo diren hitzartutako ordu osagarriak, non hitzarmenak ez duen ezartzen epe laburrago bat aurretiko jakinarazpena emateko.

e) Ordu osagarriei buruzko hitzarmena bertan behera utzi ahal izango du langileak, hamabost egun lehenago jakinarazten baldin badu, hitzarmen hori izenpetu zenetik urtebete igaro ostean, baldin eta ondorengo egoeretako bat gertatzen bada:

Lege honen 37.5. artikuluan aipatzen diren familiako betebeharretako bati aurre egin behar baldin badio.

Prestakuntzak ezarritako beharrizanengatik, orduen bateraezintasuna egiaztatzen bada.

Lanaldi partzialeko beste kontratu batekin bateraezina izateagatik.

f) Ordu osagarriak egiteko hitzarmena eta haiek egiteko baldintzak goragoko letretan aurreikusitako arauen mende daude. Arau horiek betetzen ez badira, langileak ordu osagarriak egiteari uko egitea (nahiz eta hitzartuta egon) ez da lan-arloko zehapena eragiteko moduko gertakaria izango.

g) Ordu osagarrien hitzarmenaren kontra egin gabe, iraupen mugagabeko lanaldi partzialeko kontratuetan, urteko zenbaketan lanaldiak astean hamar ordu baino gutxiago ez duen kasuetan, enpresaburuak langileari aldi oro eskaini ahalko dio borondatezko ordu osagarriak egiteko aukera, kontratuan hitzartutako ordu arrunten % 15 gainditu gabe, nahiz eta hitzarmen kolektibo bidez % 30era emendatu ahalko den. Langileak ordu horiek egiteari uko egitea ez da lan-arloko zehapena eragiteko moduko gertakaria izango.

h) Lanaldi partzialeko langileen lanaldia egunean-egunean erregistratuko da, eta hilean behin guztizko kopurua kalkulatuko da. Soldataren ordainagiriarekin batera, langileari egindako ordu guztien laburpenaren kopia bat emango zaio hilero, eta bertan, ordu arruntak eta 5. paragrafoan aipatutako ordu osagarriak jasoko dira.

Enpresaburuak lanaldi-erregistroen hileroko laburpenak gorde beharko ditu, gutxienez lau urteko denbora-bitartean.

Adierazitako erregistratze-betebeharrak betetzen ez badira, izenpetutako kontratua lanaldi osokoa dela pentsatuko da, non ez den aurkezten zerbitzuak partzialak direla erakusten duen bestelako frogarik.

i) Ordu osagarriak egiterakoan, betiere bete beharko dira lanaldiari eta atsedenei buruz ezarritako mugak.

j) Benetan egindako ordu osagarriak ordu arrunt gisa ordainduko dira.

 

Arauaren arabera, bada, orduak arrunt gisa ordaintzeko aukera baino ez du aurreikusten printzipioz, beraz, ulertzen dut ordu osagarriak ezin direla denboran konpentsatu, eta, hortaz, ordu arruntaren balioa ordaindu behar dela, eta horrela agertu behar dutela nominan. Horren azalpena izan daiteke ordu osagarrien (partziala) eta estren (osoa) arteko ezberdintasuna; izan ere, aurrenekoak ordu arrunt gisa ordaintzen dira eta lanaldi partzialeko kontratuetan baino ezin dira erabili; aldiz, ordu estrak arruntak baino gehiago ordaintzen dira normalean, eta atsedenarekin konpentsatzen dira. Ordu osagarrietan ez dago ordainketa gehigarririk, logikoa denez, ordu osagarriak ezohikoak direlako, behar-une jakin baterako behar direnak; hala, opor egunak sortuz gero, hori atzeratu egingo litzateke, eta, ondorioz, are gehiago gutxituko litzateke lanaldi partzialeko kontratua.

 

2) Aldi baterako kontratu bat (lanaldi murriztuko obra edo zerbitzua) kontratu mugagabe bilakatzeari, kontratu mugagabeko langile kopurua handitzeko betekizuna betez, hobaria aplika al dakioke?

 

Galderat horri lotuta, Diruzaintzaren PDFa atxikitzen dugu: GIZARTE-SEGURANTZAREN KOTIZAZIOKO ONURAK KONTRATAZIORAKO EDO JARDUERA AUTONOMORAKO PIZGARRIENGATIK, ETA BESTE KOTIZAZIO-BEREZITASUN BATZUK.

 

http://www.seg-social.es/prdi00/groups/public/documents/binario/146061.pdf

 

 

Ulertzen dugu «Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea –Enplegua eta kontratazio mugagabea sustatzeko programa–» delakoan sar litekeela, betekizun hauekin:

 

B) Enplegu-programak aplikatzetik sortutako onuretatik kanpo utzita ez egotea, preskribatu ez diren arau-hauste oso astunengatik.

 

K) Enpresek, langile autonomoak barne, ezin izango dute hartu kontratua azkentzeko erabaki bidegaberik kontratua egin aurreko sei hilabeteetan. Mugak dagokion araudian zehaztutako egunetik aurrera azkendutako kontratuei bakarrik eragingo die, eta kontratua azkendu dieten langileen lanbide-talde bereko lanpostuen eta lantoki beraren estaldurarako.

 

P) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea, bai langileen alten ondorio-datan, bai enpresa-ekarpen murriztua aplikatzerakoan. Murriztapena aplikagarria den bitartean, betebeharrak arauzko epean ordaintzen ez badira –partzialki edo erabat–, automatikoki murriztapena galduko da, ez-betetzea gertatzen den hilabetetik aurrera.

 

Q) Egindako kontratu mugagabeek enpresako enplegu mugagabearen maila eta enplegu osoaren maila handitzea eragitea.

 

R) 36 hilabetez mantentzea (murriztapena aplikatzen zaion kontratu mugagabea indarrean hasten den unetik zenbatzen hasita) kontratu horrekin lortu den enplegu mugagabearen maila eta lortutako enpleguaren guztizko maila.

 

Informazioa erabilgarri izango zaizuelakoan,

Gaiari buruzko edozer zalantza argitzeko, jo Mutualiarengana.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Kontratuen Gidaren eguneraketa

Kontratuen Gidak lan-kontratuen eta kontrataziorako pizgarrien arloan indarrean den araudi osoa jasotzen du.

Hark erabiltzaileen eta gure lan-merkatuan jarduten duten eragileen aldetik eskatzen den informazioa ase behar du; gainera, kontratu-ereduen administrazio alorreko sinplifikazio berrira egokitzen da eta lau kontratu-ereduak (mugagabea, aldi batekoa, prestakuntzara eta ikaskuntzara xedatua, eta praktikak egiteko kontratua) ezagutzeko eskuliburu gisa egituratuta dago. Era berean, horien ezaugarri eta baldintza zehatzak jasotzen dira, langilearen eta/edo enpresariaren ezaugarri zehatzak kontuan hartuta.

Eguzki erredurak

Ba al dakizu haurtzaroan eguzki erreduraren bat izateak gerora azaleko minbizia izateko arriskua bikoizten duela? Eta bizitzan bost aldiz erredura izateak arrisku hori bikoizten duela, era berean? Mutualian lagundu nahi dizugu arazo honen prebentzioan.

Eguraldi ona iristen denean, jende asko jarri ohi da eguzkitan, hartu beharreko babes neurri egokiak hartu gabe, ohartu gabe eguzki irradek azala kaltetzen dutela. Era horretako azaleko lesioek, gainera, aldarazi egiten dute DNA, eta nabarmen handitzen dute azaleko minbizia jasateko arriskua. Eguzki esposizioaren maila melaninaren –hau da, azala babesten duen pigmentuaren– babes ahalmenetik gorakoa denean, eguzkiak azala erretzen du.

 

Azala beltzarantzeko eguzkitan jartzen garenean, era honetako lesioak jasateko arriskua dugu, baita eguzki-babesgarriren bat erabilita ere. Oro har, azala erortzen hasten da, halakoetan, berezko sendatze prozesu baten ondorioz. Sukarra ere izanez gero, ordea, osasun arloko profesional bati galdetu behar zaio, intsolazioaren seinale izan baitaiteke.

 

Zer egin dezaket erredurarik ez izateko?

 

–       Babestu azala ongi, bereziki haur txikiena, fotobabesgarriekin eta arropa egokiarekin, baita lainotuta dagoenean ere.

–       Galdetu osasun arloko profesional bati zure azal motarako zer eguzki-babesgarri den egokiena.

–       Eman fotobabesgarria azalean, eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago, gutxienez; eguzkitan zauden bitartean ere eman, aldian-aldian.

–       Erabili betaurreko homologatuak begiak babesteko.

–       Ez eduki 3 urtetik beherako haurrak eguzkitan.

–       Ez gelditu eguzkipean lo eta saiatu egunaren erdiko orduetan –12:00etatik 16:00etara, gutxi gorabehera– eguzkitan ez egoten. Ez dago eguzki irradekiko erabateko babesa ematen duen eguzki-babesgarririk.

–       Eguzkia hartu ondoren, hidratatu azala ongi.

 

Baliteke  prebentziorako babes neurri zuzenak hartu arren noizbait erreduraren bat gertatzea. Hona hemen erredura arina jasanez gero kontuan hartzeko zenbait aholku:

 

–       Hidratatu ongi (ura, freskagarriak, zukuak, etab.)

–       Bainatu ur hotzetan, freskatzeko

–       Hidratatu azala, krema ez koipetsuarekin

–       Ez jarri berriro eguzkitan, erredura sendatu arte