
Iritsi da negua, eta, garai honetan, gure artean kirol-modalitate arrakastatsuenetako bat eskia da. Negu Kiroletako Euskal Federakuntzak zenbait lehiaketa antolatzen ditu espezialitate ezberdinetan, hil hauetako egutegia osatzeko. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetatik, kirol honen onuren berri emango dizuegu, denboraldian bete-betean sartuta baikaude eta badirelako bastoiak, botak eta eskiak hartuta pista eta estazioetara abiatu diren pertsona ugari. Federazioek gogorarazi nahi dute garrantzitsua dela federatzea, kirolaz segurtasun osoz gozatzeko. Europa-mailako estaldura duen istripu-aseguru bat lor daiteke. Horren bidez, txartel batzuk lortuko ditugu, eta erreskatea eta pistetako asistentzia estalita izango ditugu. Gainera, lesiorik izatekotan, jarraipena egingo digute. Halaber, errehabilitazioa barne hartzearen garrantzia azpimarratzen dute.
Eski alpinoak, iraupen-eskiak eta snowboardak abantailak dituzte osasunerako. Besteak beste, ingurune natural apartez gozatzeko aukera dugu, aire zabalean egiten baita, oso aire purua dagoen lekuetan. Horrek odolaren oxigenazioari laguntzen dio. Kirol-jarduera hori, gainera, gaixotasun kardiobaskularraksaihesteko jarduerarik onenetakoa da, kirol aerobikoa da eta.. Gastu energetiko handia dakar. Beraz, kaloria ugari erretzen dira, gainpisuari aurre egiten zaio eta odoleko kolesterol mailak murrizten dira. Eskiak odolaren zein biriken lana hobetzen du. Horrez gain, oreka-zentzua lantzen du, kirol hori egoki egiteko mantendu behar den posizioa dela medio. Muskulu-talde ezberdinen arteko koordinazioa indartzen da, eta erresistentzia fisikoa, arintasuna eta kontzentrazioa areagotzen dira.
Eskiatzean, oinak dira gorputzaren pisu guztiaren euskarri. Eta belaunak dira pisuari eutsi eta artikulatzen duten artikulazioak. Maiztasunez eskiatuz gero, artikulazioak gehiago garatuko dira, eta etorkizunean lesiorik edukitzea ez da hain probable izango. Gainera, hezurrak indartzen dira eta osteoporosia saihestu edo atzeratzea lortzen da. Malda bat jaisten ari garenean egiten dugun aldaka-kulunka ariketa ona da. Zahartzaroan mugikortasuna galtzeko kausa nagusietako bat muskulu-ahulezia izan ohi da. Muskuluen-erresistentzia eskatzen duen ariketarik egiten ez bada, muskuluak ahulduz doaz. Horregatik, eskia bezalako erresistentzia-entrenamendu bat faktore garrantzitsua da osasunarentzat eta gure muskulu eta hezurren ongizatearentzat, zahartzen goazen heinean. Adinaren poderioz galtzen diren muskulu-ehunak berreskuratzeko oso era eraginkor bat izango litzateke astean bi edo hiru aldiz eskiatzea lau hilabetetan zehar.
Gainera, burmuinak gorputzaren zati ezberdinen posizioa sentitzen du eta ahalegina egiten du horiek mugitu eta koordinatzeko. Gero eta gehiago eskiatu, orduan eta gehiago garatuko da ahalmen hori. Eski-pistaren ingurune dinamikoak kirol hori egiten duten pertsonak behartzen ditu arreta handia ematera uneko baldintzen aldaketari, bai eta oztopoei (zuhaitzak edo harriak), gainerako eskiatzaileei (lehen aldiz ari direnei) edo bidean izan daitezkeen beste oztopo batzuei ere. Hori dela eta, mendiko eskiak eskatzen du gorputzaren posizioa etengabe ezagutzea, postura-egonkortasuna lortzeko. Gainera, azelerazio-aldaketak, elur-baldintzek eta bestelako eragozpenek eskiatzailea behartzen dute gorputzaren posizioa eta norabidea maiztasunez aldatzera. Horrek energia asko eskatzen du, baita gorputzaren ezagutza handia ere, eskien gainean, kirolez betetako neguaren protagonisten gainean, oreka mantentzeko.



