Soldaten ordainagiria, paperean edo euskarri digitalean?

Aztertuko dugun Auzitegi Gorenaren 2016ko abenduaren 1eko 1023/2016 zenbakiko Epaiak –1690/2014 kasazio-errekurtsoan doktrina bateratzekoak–, artikulu honen tituluan planteatutako eztabaida ebazten du, hain zuzen ere, Asturiasko bidaiarien garraioko enpresa bateko (200 langile inguru dituena) Ordezkaritza Sindikalak sustatutako Gatazka Kolektiboan sortutakoa.

Autoetan planteatzen zen gaia honako hau zen: enpresak langileei nomina euskarri informatikoan jakinarazteari dagokionez hartutako alde bakarreko erabakiaren baliozkotasuna; erabakiaren ondorioz, nomina langile bakoitzaren postontzian entregatzeko modua (paperean) aldatu zen, nominak langile bakoitzaren kontu pertsonalean txertatzeko mekanismo bat ezarriz. Postontzien ondoan kokatutako terminal informatiko batetik sar zitekeen langilea kontu horretan, soldata-ordainagiria ikusteko, NANaren zenbakia eta sarbide-gakoa sartuz. Ordainagiria inprimatzeko aukera ere ematen zuen.

Hasiera batean, Lan-arloko Epaitegiak ordezkaritza sindikalak jarritako demanda onetsi zuen, eta enpresaren eskaria baliogabetu; bestalde, Asturiasko Justiziako Auzitegi Nagusiak enpresak sustatutako erregutze-errekurtsoa onetsi zuen, txertatutako aldaketari baliozkotasuna emanez.

Aurreko doktrina bat (aztertutako kasuarekiko parekotasun handiko kasu bati buruzkoa; 2011ko abenduaren 22ko kontraesanezko Epaia, 3/2011 Kasazioa) alde batera utzita, eta kontuan hartuta datuak, dokumentuak, erabakiak eta abar biltzeko eta jakinarazteko papera erabili beharrean euskarri informatikoa erabiltzea orokortu dela, eta azken sistema hori asko erabiltzen dela eremu pribatuan nahiz Administrazio Publikoan, eta bestalde, enpresak ezarritako sistema berria langileentzat erraza eta eskuragarria dela balioetsita, Auzitegi Gorenak erabaki du enpresaren erabakia zuzenbidearen araberakoa dela, eta beraz, ordezkaritza sindikalaren errekurtsoa ezetsi egin du.

Aztertutako kasuan, zuzenean aplikagarriak diren xedapenak aztertzen dira Epaian, hau da, dagokigun gatazka kolektiboa sustatzen den unean indarrean dagoen Langileen Estatutuaren 29.1 artikulua, honako hau ezartzen duena: «honela dokumentatuko da soldata: langile bakoitzari ordainagiri bana emango zaio, soldata ordaindu dela zuritzeko. Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak onartutako ereduari lotu behar zaio soldaten ordainagiria, salbu hitzarmen kolektiboz, edo halakorik ezean, enpresaren eta langileen ordezkarien artean lortutako akordioz beste ereduren bat onartuta; argi eta ondo banakatuta agertu behar ditu langilearen hartzeko guztiak, eta legez dagozkion kenketa guztiak».

Aipatutako eredua 1994ko abenduaren 27ko Aginduak (2014ko azaroaren 6ko Aginduak aldatu zuena) onartu zuen, baina arau horretan ez da ezartzen ordainagiri hori entregatu beharreko euskarriari buruzko ezer.

Badirudi lehen irakurketatik ordainagiria paperezko euskarrian entregatu behar dela ondorioztatzen dela, langileak soldataren ordainagiria sinatu behar duelako, baina lehen uste hori hutsalduta geratzen da, ez baita beharrezkoa langileak soldata-ordainagiriaren bi aleetako bat sinatzea, soldata banku-transferentzia bidez ordaintzen denean, frogagirian jasota geratzen delako.

Horregatik guztiagatik, Auzitegi Gorenak ebatzi du aipatutako kasuan –soldata-ordainagiria terminal informatikoaren bitartez balia daiteke, baita haren kopia bat lortu ere–, betetzen dela soldata-ordainagiriaren kopia entregatzearen helburuarekin, hau da, langileak likidatutako zenbatekoak jaso dituela eta likidazioa osatzen duten ordainketa- eta deskontu-kontzeptuak argi ezagutzen dituela bermatzea; bestalde, adierazten du paperezko euskarriaren ordez euskarri informatikoa ezartzeak ez diola kalterik edo eragozpenik eragiten langileari, eta ezin dela enpresak ezarritako sistema zailtzat hartu, beraz, enpresaren erabakia baliozkotzat jotzen du, enpresa pribatuek nahiz Administrazio Publikoek teknologia berrien aplikazioan izan duten jarrerarekin bat etorriz.

Raquel Martínez. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

BONUS KANPAINA 2017

2016, 2015-2016, 2014-2016 eta 2013-2016 ikuskapen-aldiei dagozkien Bonus pizgarrirako eskariak aurkezteko epea urte honetako apirilaren 1etik maiatzaren 15era bitartekoa izango da, Bonus Sistema martxan jarri denetik orain arte gertatu den moduan, aurkezpen-epea 2017ko ekainaren 30era arte zabaltzen den kasuan izan ezik. Horrela izango balitz, webgunearen eta bitarteko honen bidez informatuko zaitugu.

 

Zure ohiko kudeatzailearekin harremanetan jar zaitezke hainbat datu ezagutzeko; zure enpresaren ezbehar-tasak, kanpaina honetan kontuan hartu beharreko kontingentzia profesionalen kuoten bolumena eta, pizgarria baliatzeko baldintzak betez gero, eskatu beharreko ikuskapen-aldia. Guk helarazitako informazioa berrikusteko gomendatzen dizugu, eta zurearekin bat ez badator kudeatzailearekin harremanetan jartzeko.

 

Gogorarazten dizugu eskaera Mutualiaren webgunean bete behar dela, eta zure enpresak ikuskapen-aldian garatutako jarduera bakoitzeko –betiere, kotizatzen badu– aurkeztu beharko dela pizgarriaren eskaera. Mutua bat baino gehiagok babestutako kotizazioko kontu-kodeak dauden kasuan, guztientzat eskaera bakarra egin beharko da, eskaeran bilduz kotizazioko kontu-kode guztien informazioa (kuotak, inbertsioak, akzioak eta abar). Azken kasu horretan, dagokion mutuaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, jarduera bakoitzari lotu beharreko, baina Mutualiak babestu gabeko, kotizazioko kontu-kodeekin, eta kontabilizatu beharreko IT eta IMS kuoten bolumena zehaztuz.

 

Lan Ikuskatzailetzaren jarduerak

 

2016ko azken hiruhilekoan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak (LGSI) berriro ere kanpaina bat egin du pizgarria baliatu ahal izateko baldintzak betetzen direla eta enpresek egindako eskaeretan deklaratutako prebentzio-informazioa egiazkoa dela egiaztatzeko.

 

404/2010 Errege Dekretuaren 2.1 g) artikuluaren prebentzio-ekintza «berezien» inguruan egin daitezkeen interpretazioak kontuan hartuta, egokitzat jo dugu eskaera betetzerakoan enpresei zalantza handienak eragiten dizkieten artikulu horren atalak gogoraraztea. Horretarako, azken epaietan eta LGSIk kanpainan sartzen diren enpresak bisitatu ondoren egindako txostenetan (Mutualiak eskuratu dituenak) oinarritu gara. Txosten horiek berez ezin dira Erakunde horren irizpidetzat hartu, baina eskaeran zein ekintza egiaztatuko diren erabakitzen lagundu dezake.

 

Esaterako, honako ekintza honi dagokionez, «prebentzio-baliabide propioak txertatu izana (izendatutako langileak edo prebentzio-zerbitzu propioa), nahiz eta legeak horretara behartu ez, edo jadanik zeuden baliabideak areagotzea», ikusi dugu aplikatzen ari den irizpidea enpresaren prebentzio-jardueraren kudeaketa aldatzea dela, kanpokoa izatetik barrukoa izatera, horretarako jarritako pertsonekin. Ez dira prebentzioko figuratzat hartzen enpresan dauden prebentzio-baliabideak (Lan Arriskuen Prebentzio Legearen 32 bis artikuluaren arabera) edo prebentzio-delegatuak. Enpresaren prebentzioa baliabide propioekin kudeatzen den kasuan, baliabide horiek areagotu egin behar dira ikuskapen-aldi bakoitzean; beraz, gerta daiteke nahikoa ez izatea aurreko ikuskapen-aldietan ezarritako prebentzio-baliabide propioei eustearekin.

 

Honako ekintza honen inguruan, «enpresaren prebentzio-sistemari dagokionez, kanpo-auditoriak egin izana, nahiz eta legeak horretara behartu ez», ondoko irizpide hau aplikatzen ari da: inguruabar hori aurkez dezakete legeak horretara behartu gabe, Lan Arriskuen Prebentzio Legearen baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko arauzko auditoria egiten duten enpresek (esaterako, Enpresatik Kanpoko Prebentzio Zerbitzuaren modalitatea dutenek) edo legeak horretara behartzen dituen enpresek (Enpresa barruko Prebentzio Zerbitzua dutenek), auditoria ikuskapen-aldian egiten dutenean, Prebentzio Zerbitzuen Arautegian ezarritako maiztasunaren arabera ez badagokie ere.

Arauzko auditoria egiteari ezingo zaizkio parekatu Lan Arriskuen Prebentzioari dagozkion bestelako ziurtagiri batzuk, esaterako, OSHAS 18001 ziurtagiria, nahiz eta ziurtagiri horiek Lan Arriskuen Prebentzio Legean ezarritakotik haratago egon; hain zuzen ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak ez ditu onartzen.

 

Azkenik, honako ekintza honi dagokionez: «ikuskapen-aldiak iraun artean, gaixotasun profesionalak nozitzeko arriskua duten enpresako edo lantokiko langileen ehunekoak behera egin duela ziurtatzea», Madrilgo Auzitegi Nagusiak maiatzaren 18an emandako 147/2016 zenbakiko Epaiak ondoko irizpidea aplikatzen du: langileek gaixotasun profesionala nozitzeko arriskuan egotetik, inongo arriskurik ez izatera igaro behar dute. Esaterako, ez da ontzat emango trikloroetilenorekin (agente kantzerigenoa) lan egiten duten pertsonen kasuan, agente hori osasunerako hain kaltegarria ez den beste agente batekin ordeztea, esaterako etanolaminarekin, hau ere gaixotasun profesionala eragin dezakeen produktu narritagarria baita. Kasu horretan, esposizio-arriskua murriztu da, baina ez da ezabatu gaixotasun profesionalarekiko esposizio-arriskua.

Ekintza hau betetzea zaila da praktikan; izan ere, lanpostu batean izan daitekeen gaixotasun profesionalaren arriskua agente anitzek eragin dezakete (zarata, dardarak, produktu kimikoak eta abar); beraz, agente horiek guztiz desagerrarazi beharko dira ekintza betetzeko. Gaixotasun profesionalaren arriskua murriztu izana, inguruabar hori egiaztatzen duten txosten medikoen, neurrien eta abarren bidez ziurtatu beharko da.

 

Azken batean, Bonusa eskatzeko atalari nahiz Lan Arriskuen Prebentzioko oinarrizko baldintzak betetzeko atalari dagokienez, zera gomendatzen dugu, zehatz-mehatz balioesteko ekintza horiek betetzen ote diren, betiere, desadostasunak saiheste aldera.

 

Bonus Kanpainaren egoera

 

2016ko abenduaren amaieran, Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak 2015eko kanpainan aurkeztutako Bonus eskaerak ebatzi ditu. Erakunde horrek 137 enpresari onartu die pizgarria jasotzeko eskubidea; guztira, 1.376.509 €-ko zenbatekoa da hori, enpresako, 10.048 €-ko batez besteko pizgarria, eta ebatzi den ikuskapen-aldian ordaindutako kontingentzia profesionalengatiko kuoten % 7,67.

 

Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak oraindik ez ditu ebatzi 2016ko kanpainan aurkeztutako eskaerak, eta ez da aurreikusten 2017ko abendura arte ebatziko dituenik.

 

Lerroon bidez, Mutualiaren enpresa elkartu guztiei urte honetako Bonus pizgarriaren eskaera aurkeztera animatu nahi diegu, pizgarriak eskainitako onurak jaso ditzaten eta beren kargura dituzten langileen segurtasunaren eta osasunaren arloan duten konpromisoa agerian utz dezaten.

 

 

Kanpaina

2010

2011

2012

2013

2014*

2015*

2016**

Ikuskapen-aldia

2009

2010
2009-2010

2011
2010-2011
2009-2011

2012
2011-2012
2010-2012
2009-2012

2013
2012-2013
2011-2013
2010-2013

2014
2013-2014
2012-2014
2011-2014

2015
2014-2015
2013-2015
2012-2015

Egoera

Itxia

Itxia

Itxia

Itxia

Ebatzi bidean

Ebatzi gabeko gora jotzeko errekurtsoa

Ebatzi bidean

Ebatzi gabeko entzunaldiaren irizpidea

1. ebazpenaren zain.

2017ko abendurako aurreikusia

Onartutako pizgarria

759.815 €

1.194.029 €

1.274.569 €

1.387.261 €

1.428.111 €

1.376.509 €

Gauzatu gabeko pizgarri zenbatetsia

193.425 €

438.842 €

1.910.000 €

% Pizgarria / KP kuota-bolumena

% 4,92

% 7,73

% 7,79

% 8,48

% 7,63

% 7,67

% 8,14

Onartutako batez besteko pizgarria

4.633 €

12.438 €

12.374 €

11.010 €

11.706 €

10.048 €

14.044 €

Aldeko eskaeren kop.

164

96

103

126

122

137

136

Kontrako eskaeren kop.

22

7

9

8

7

11

0

*Behin-behineko datuak    **Balioetsitako datuak

 

 

 

Diego Badosa Quintana

Bonus Pizgarriaren arduraduna

OSAKIROL PROIEKTUA

Mutualiaren Prestazio Berezien Batzordeak 2016ko ekitaldian onartutako eta urte honetako otsailean ezarritako beste gizarte-laguntza kolektibo bat.

Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren jarduerak aintzat hartuta, eta Osakirol Proiektua –GaituzSport Fundazioak 2016ko irailaren 14an aurkeztu ziguna– balioetsi ondoren, Batzordeko kideek proiektu hau onartu egin dute, Mutualiako pentsiodunen alde. Osakirol Proiektua desgaitasun fisikoa, sentsoriala, fisiologikoa edo mentala –lan-istripuz edo -gaixotasunez sortutakoa– duten pertsonei zuzendutako osasun- eta gizarteratze-proiektu bat da, Jarduera Fisiko Egokitua baliatzen duena.

Jarduera fisikoa jarduera fisiko egokituaren berezko eskakizunetara ondo egokitutako instalazio publikoetan garatuko da, beste erabiltzaileekin batera, honako zentro hauetan:

• Bilbo: San Inazioko kiroldegia (Bilbao Kirolak)

• Donostia: Hegalak Kirol Zentroa Hegalak Zabalik Fundazioa

• Gasteiz: Almudena Cid Zentroa Zuzenak Fundazioa

Programaren helburu nagusia honako hau da: berregokitze funtzionalari eta gizarteratzeari laguntzea, osasunaren kontzeptu orokor batetik (errekuperazio fisikoa, psikikoa eta gizarte-harremanei dagokiena). Hori guztia diziplina anitzeko ikuspegiarekin.

Aisialdi atsegina eskaini nahi da, gure Errehabilitazio Zerbitzuetako fakultatibo arduradunek proposatzen dituzten Mutualiako pentsiodunei beren gaitasun fisiko eta mentalei eusten eta hobetzen lagunduz, autoestimua handituz eta gizarteratze-prozesua sustatuz.

Kirol-jarduera gehienez 10 pertsonaz osatutako taldeetan egingo da, gure Errehabilitazio Zerbitzuetako fakultatiboen kontrolarekin eta jarraipenarekin. Hasiera batean, Lurralde Zuzendaritza bakoitzean gutxienez talde bat osatuko litzateke urtean, eta gastuen hasierako aurrekontuak programan agertzen diren kontzeptu guztiak bilduko lituzke (18.000 € inguru urtean), baina gizarte-laguntzako prestazio bat denez, Mutualiara atxikitako –edo bere babespeko– desgaitu bakoitzari agindutako eta bakoitzak gauzatutako jarduera fisikoaren arabera indibidualizatuko da gastua.

 

Otsailean osatu dira ekainera arte Lehen Osakirol Proiektuan parte hartuko duten lehen hiru taldeak. Horrela, ezintasun iraunkorra duten sei pentsiodun parte hartzen ari dira Arabako Lurralde Zuzendaritzan, beste sei, Gipuzkoakoan eta beste zazpi, Bizkaikoan. Otsailaren 13an ekin zioten jarduera fisikoari, baina desgaitu gehiago sar daitezke taldeetan, talde bakoitzean hamar partaideko kopurua osatu arte.

 

Ekintza kolektibo honekin espero dugu lortzea Sir Ludwig Guttmannek duela urte asko adierazitakoa, eta guk Proiektu Termaletako desgaituengan atsegin handiz antzeman duguna:

«Errehabilitazio fisikoan eta psikikoan funtsezko elementua da kirola, desgaitasuna duen pertsonak bere buruarekiko konfiantza berreskuratzeko, adimena garatzeko eta lehiakortasun- eta adiskidetasun-espiritua sustatzeko».

(Sir Ludwing Guttmann, 1948)

Mutualiak DenBBora Sarean parte hartzen du

TALDE ERAGILEA / GRUPO MOTOR

Otsailaren 17an, DenBBora Sarearen TALDE ERAGILEAK lan-saio bat egin zuen BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN egoitzan.  Hainbat enpresa gaude talde honetan, esaterako, VIRTUAL WARE, ARTEZ, TORREZURI, GUEDAN, EROSKI ZUBIETXE eta MUTUALIA, eta une honetan, 29 enpresak osatzen dugu Denbbora Sarea; Sare hau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren ekimenez sortutako lankidetza publiko-pribatua da, Denbora Erabiltzeko Modu Berrietan interesa duten Bizkaiko beste enpresa batzuk ere lankide izanik.

Topaketaren helburua DenBBora SAREAren NAZIOARTEKO IV. Jardunaldia prestatzea izan zen; jardunaldi hori apirilaren 7an izango da, Bizkaia Arenan (Abandoibarra 3) eta honako hau izango da gaia:

PARTAIDETZA ETA ITUNAK,denborak modu berrian kudeatzeko enpresetan

Jardunaldi horretan Irabazi ekonomikoei buruzko ikerketa egingo da.

Bileraren amaieran, jarduera ludiko bat egiteko aukera izan genuen; izan ere, bisita gidatu interesgarri bat egin genuen Foru Jauregira. Jauregi hori 1900ekoa da, denborak beste modu batean kudeatzen ziren garaikoa, hain zuzen ere. Gaur egun, denboraren erabileran BERRITZAILE izatea dagokigu, eta horretan ahalegintzen gara DenBBora Sarean.

Sareari buruz gehiago jakiteko, honako helbide honetara jo dezakezu: www.denbbora.net

Hiztegi elebiduna

LAN SAIOA. SESION DE TRABAJO

2017ko OTSAILAREN 17a,  17 de Febrero de 2017,

BIZKAIKO FORU LIBURUTEGIKO ARETOA.

DIPUTACION FORAL DE BIZKAIA. Biblioteca Foral

JARDUERA LUDIKOA AUKERAN, BISITA GIDATUA. FORU JAUREGIAN

 ACTIVIDAD LÚDICA OPCIONAL  VISITA GUIADA en el PALACIO FORAL.

HELBURUAK. OBJETIVOS

2017ko lan-plana. Plan de trabajo 2017

Nazioarteko Jardunaldiaren Programa. 2017ko apirila Programa de la Jornada Internacional. Abril 2017

Irabazi ekonomikoei buruzko ikerketa. Estudio sobre los beneficios económicos.

Ikusteko Ahotsak / Voces para ver

Otsailaren 13an, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren Berdintasun Zuzendaritzak ekitaldi bat egin zuen Bilboko Artelan Berreginen Museoan, emakumeen aurkako indarkeriari buruz egin duten liburuaren aurkezpena zela-eta.

Cristina Mendia gonbidatu zuten, Mutualiako Berdintasun arduradun gisa, eta liburuaren hitzaurrea idatzi duen Miguel Lorenteren (Granadako Unibertsitateko Auzitegiko Medikuntzako irakasle titularra eta Berdintasun Ministerioko Genero-indarkeriaren arloko gobernu-ordezkari ohia) hitzaldira bertaratu zen.

Lanak «Ikusteko Ahotsak / Voces para ver» izenburua du, eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek bizi duten infernuaren testigantzak jasotzen ditu. Emakumeen aurkako indarkeriaren errealitate gordina agerian jartzen duten narrazioen bilduma da.

Mutualia Másfamilia Fundazioaren X. urteurrenaren ospakizunean

2017ko otsailaren 2an, Cristina Mendiak –Mutualiaren ordezkari gisa– Másfamilia Fundazioaren X. urteurrena ospatzeko jardunaldian parte hartu zuen Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioan.

Ekitaldian, 80 erakundek jaso zuten bateragarritasun-bereizgarria Dolors Monserrat ministroaren eskutik, guztiak ere 2016an Familiarekiko Arduratsuak diren Enpresen ziurtagiria jasotako enpresak.

Ekitaldia Cadena 100 irrati-kateko Javi Nieves esatariak aurkeztu zuen, beren enpresetan bateragarritasuna kudeatzearen aldeko apustua egin duten erakundeen lidergoa nabarmenduz.

550 enpresak baino gehiagok txertatu dituzte bateragarritasun-neurriak beren kudeaketan, 500.000tik gora langileri eta beren familiei onura ekarriz. MUTUALIA da enpresa horietako bat.

Másfamilia Fundazioaren presidente Antonio Trueba hamar urte hauetan Fundazioak garatu dituen jardueren laburpena egin zien bertaratuei; esan zuenez, «ez dira urte errazak izan», eta Gobernuari eskatu zion bateragarritasuna barne hartzen duten klausula sozialak ezartzeko kontratazio publikoan.

Amparo Sánchez, abeslaria

«Egoera latz bat aurkitu nuen, espero nuen bezala; baina, espero ez nuena irribarreak, kantuak, bizipoza izan ziren»

Aurtengo uztailean, Amparo Sánchez abeslari, konposatzaile, musikari, idazle eta produktoreak, Amparanoia taldeko buru izan zenak, Bartzelonako bere egoitzatik Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hirirako bidaia bat abiatu zuen. Hori Aintzira Handien eskualdea da, hau da, Afrikako bihotz lazgarria.

Haren helburua Kivu Iparraldeko eskualde koloretsu eta kaotikoan barrena egitea zen, zuzenean, gure garaiko dramarik handienetako baten berri izateko: emakumeen aurkako sexu-indarkeria sistematizatua eta orokortua, duela 20 urte baino gehiagotik irauten duen gatazka armatu baten testuinguruan.

Esperientzia xarmagarri, aztoragarri, ezinbesteko horren emaitzak Mamá África du izena. Abesti horrek mina ekartzen du gogora, baina batez ere, Amparok aurrera egin ahala topatu zituen emakumeen ausardia eta itxaropena goraipatzen ditu. Proiektu hau «Gatazkarik gabeko Teknologia» kanpainaren parte da, eta abestiaren playekin eta deskargekin bildutako irabazi guztiak kausa horri laguntzeko izango dira.

(http://www.tecnologialibredeconflicto.org/amparosanchez/)

 

Zerk bultzatu zaitu ALBOANen «Gatazkarik gabeko Teknologia» kanpainan elkarlanean aritzera, Mamá Áfricaabestia ekarri duen elkarlanean, hain zuzen ere?

 

Abestiak beti sortzen dira partekatzeko behar batetik, barruan mugitzen den zerbait kontatzeko beharretik. Nik uste dut Kongoko emakumeek bizi duten errealitate beldurgarria kontatu behar dela. Hortik sortu zen elkarlana ALBOANekin eta bere kanpainarekin.

Eta zer topatu zenuen hara iritsi zinenean?

Susmoa nuen Kongorako bidaia esperientzia ahaztezina izango zela, baina inoiz imajinatu ez nuena baino gehiago izan zen. Errealitate gogor bat imajinatu nuen, eta halakoa topatu nuen; baina ez nuen imajinatu jarrera hain sendoa aurkituko nuenik, ez nituen imajinatu emakumeen irribarreak, kantuak, bizipoza.

Lazgarrikeriaz eta sufrimenduz betatako beren istorioak kontatzeko prest agertu ziren emakumeak, eta benetan hunkigarriak izan ziren topaketa horiek. Moralki eta fisikoki lur jota zeuden emakumeak: ez zekiten non zeuden beren seme-alabak, ezin ziren etxera itzuli, etxerik ez zeukatelako. Batzuk ez ziren nire begiradari eusteko gauza ere, dardarati, markatuta, baina baita indartsu ere.

 

Nondik ateratzen dute indar hori?

Kongoko emakumea indarra eta poza da. Ustekabean harrapatzen zaituzte irribarreek, txerak, maitasunak, nola besarkatzen zaituzten, nola begiratzen zaituzten, nola ahalegintzen diren komunikatzen. Hainbeste min jasan dute, eta bizitzaren amaiera hain gertutik ikusi dute, non benetan sentitzen baitute aukera berri baten aurrean daudela. Hortik dator indar eta poz hori.

Kongoko Errepublika Demokratikoko emakumeekin duzun lotura eta haien egoera Synergie des Femmes pour les Victimes des Violences Sexuelles (SFVS) erakundearen buru den Justine Masikaren eskutik etorri zen.

Halaxe da. Justine ezagutzeko aukera izan nuen Donostian aurtengo martxoan, eta lehen unetik, bion arteko konplizitatea erabatekoa izan zen. Justine emakume indartsu bat da, irribarrea inoiz galtzen ez duen horietakoa. Ez ditu baikortasuna eta itxaropena galtzen, egoera hain gogorra izanik ere. Eta gainera, Justinek talde handi bat du inguruan, hurbiltzen diren emakumeei eta herrialdea suntsitzen duen sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei maitasuna, arreta, laguntza psikologikoa, laguntza juridikoa… eskaintzen dieten emakumeak. Nik Justine eta bere lagunak superemakume ikusten ditut, ikaragarrizkoak.

SFVSen zereginetan Bulengo Etxea funtsezkoa da, emakume horien abegi-lekua.

 

Bai, Bulengo Etxea nire bizitzan emakumeei begira ikusi dudan gauzarik onenetako bat da. Jakina, bortxaketan izugarrizko zauria eragin diete, baina niri gehien helarazten zidatena etorkizunari begirako itxaropenik eza zen, etortzeko dagoenarekiko esperantza falta. Baina, aldi berean, itxaropen-izpi bat adierazten zuten, haiek bezalako emakumez inguratuta ikusten baitute beren burua, handik igaro diren eta beste fase batean dauden emakumez. Zentzu horretan, etxearen zeregina funtsezkoa da, lehen une batean maitasuna, babesa ematen baitie, eta bigarren une batean, aurrera egiteko tresnak.

Oso gustuko izan nuen alderdi bat bertan egiten duten alfabetatze-lana izan zen. Nola ari diren gazteak trebatzen, eta nola ikusarazten dieten beharrezkoa dela hezkuntza izatea, trebakuntza horrek indarra ematen baitie duten ahultasun-egoeraren aurrean. Ikasketak izanda gauzak beste modu batean uler daitezke.

 

Bidaia horren, esperientzia horren emaitza izan zen Mamá África abestia eta bideoklipa

Hala da, MAMÁ ÁFRICA idazteko han bizitako eta entzundako guztian oinarritu naiz; emakume horiek helarazi zidaten indarra agertu nahi nuen, eta batez ere, emakume gisa bizi duten drama.

Musika lagun izan nuen bidaia guztian; han musika tradizionala entzuten zen, baina baita reggaea eta afro-beata ere. Ideiak hartu nituen, horrela abestiaren letrarekin indarra eta salaketa transmititzeko, baina baita amorrua eta ezintasuna adierazteko ere. Uste dut nazioarteko abesti bat dela, alaia, indar asko duena.

 

Amparo Sánchez bizitza guztian aritu da musikaren munduan. Estiloak batzearen eta mestizajearen aitzindari, zortzi album argitaratu ditu Amparanoia taldearekin, Europa eta Latinoamerika guztian zehar egin ditu birak, eta musika-mugimendu horren erreferente bihurtu da. Amparo Sánchez, zalantzarik gabe, indar handiko emakume nekaezina da, salaketari eta giza eskubideen aldeko borrokari lotua, batez ere, emakumeen giza eskubideen alde.

 

EIAS Mutualia

José Ramón Quintelari elkarrizketa

Mercedes-Benz España, SAU enpresako Berdintasuneko arduraduna

Mercedes-Benz Españak VII. Mutualia saria irabazi du «Prebentziorako eta esku-hartzeko protokoloa jazarpena gertatuz gero, zuzendaritzaren eta ordezkaritza sozialaren arteko esku-hartze bateratuan oinarrituz» proiektuari esker. Sari honen helburua da erakunde mutualisten prozedurak errekonozitzea, laneko jazarpen sexuala eta sexista saihesteko eta horri aurre egiteko. José Ramón Quintela elkarrizketatu dugu, enpresako Berdintasun arduraduna, eta saria lortzeko ezinbesteko giltzarrietako bat.

1-     Zertan datza sortutako «Jazarpenaren prebentziorako eta esku-hartzerako protokoloa»?

Berdintasun Planari «Jazarpenaren prebentziorako eta esku-hartzerako protokoloa» eransteko helburua izan da edozein motatako jazarpenik gabeko lan-harreman askeak eta osasungarriak sustatzea eta horien inguruan sentsibilizatzea, zuzendaritzaren eta ordezkaritza sozialaren partaidetza eta elkartze ikuspuntutik. Horretarako, enpresako beharrezko kide guztien arteko elkarlanean eta partaidetzan oinarrituko da prozedura. Gainera, aurkeztutako salaketen ebaluatzearen eta indargabetzearen alde izango da, eta erabateko onarpena eta zilegitasuna emango die.

 

2-     Noiz eta zergatik sortu zen protokolo hau sortzeko ideia?

«Jazarpenaren protokoloa» sortu zenetik, hau da, 2010eko irailaren 27an onartu zen lehen Berdintasun Planaren garaitik, Berdintasun Komisioko kideok hainbat ikerketa-prozedura ezarri ditugu. Horretarako jaso ditugun salaketa eta kexetan oinarritu gara, gehienak laneko jazarpenari edo mobbingari lotuak. Gure ustez, hura une egokia zen salaketa horiek giza baliabideen bidez era arruntean konpondu baino, denen lankidetza eta partaidetza eskatuko lukeen prozedura zehatz bat esplizituki idazteko.

3-     Zein da jarraitzen duzuen prozedura?

 

Salaketen instrukzio-faseari dagokionez, prozedura orokorrak hainbat elkarrizketa egitea eskatzen du, alderdi sozialeko kide baten eta Berdintasun Komisioko arduradunaren eskutik (zuzendaritzak eta sindikatuek adostua). Horren bidez, salaketaren nondik norakoak argitu nahi dira. Ondoren, instrukzio-fasetik lortutako ondorioak eta irizpen orokorrak egingo dira dagokien informean.

 

Azkenik, kasu bakoitza ebazteko egoki uste diren gomendioak eta jokaerak idatziko dira. Gainera, Komisioak komenigarria ikusi dezake amaierako bilera bat egitea, Berdintasuneko arduradunak eta alderdi sozialeko kideak zuzenean kaltedunak aurkeztutako salaketaren azken irizpenaren inguruan jakinarazteko.

 

4-     Prozedurak ezarri zenituztenetik ikasitakoak aintzat hartuta, zer ekarpen egin dizkiete enpresari eta langileei?

 

Prozeduraren zabalkundeak kontzientziazio handia lortu du maila guztietan, errespetuzko eta jazarpenik gabeko lan-harreman libreak arautzeari dagokionez. Salaketak Berdintasun Komisioari zuzentzen zaizkio, eta onarpen orokorra egon behar da aurkeztutako ebazpen guztietan. Horrela, zuzendaritzaren eta alderdi sozialaren artean dagoen lankidetzak konfiantza ematen du, eta erabateko garantiaren isla da.

 

5-     Zein ezaugarri bereizgarri ditu protokolo honek?

 

Protokoloak bi alderdi ditu, «prebentiboa» eta Komisioaren «zuzeneko jarduna». Bi kasuetan, zuzendaritzaren eta ordezkaritza sozialaren arteko esku-hartze bateratuak konpromiso eta babes-maila handia sortuko du.

Prebentzioari dagokionez, zuzendaritzak eta alderdi sozialak errespetuan oinarritutako lan-giroa egon dadin zainduko dute.

Jardunari dagokionez, bi maila bananduko dira, salaketaren larritasunaren arabera. Batetik, bitartekaritza-fasean, irteera adostu bat lortzea da helburua, etorkizunean egoera okertu ez dadin. Bestetik, ongitze-fasean, jardunerako proposamenak eta iradokizunak egingo dira.

Horretarako, enpresarentzat ezinbestekoa da aurkeztutako jazarpeneko egoera potentzialen salaketen partaidetza eta erantzunkidetasuna onartzea. Gainera, oinarrizkoa da Komisioko kideek helburu hori betetzearen arabera Komisio bera eratzea, eta Berdintasun arduradunak (zuzendaritzak eta sindikatuek adostua) lankidetza pozgarri eta eraginkor horretarako beharrezkoak diren konpromiso, gardentasun eta konfiantza baldintzak eratzea.

 

6-     Beste enpresa batzuetan aplika daitekeela uste al duzu?

 

Lortutako emaitzak ikusita, prozedura beste enpresa batean arazorik gabe erabili daitekeela uste dugu. Horretarako, apustu nagusia da gisa honetako gai sentsitiboekiko adostasun-jarrera ageria izatea. Ondorioz, elkarrekiko konfiantza sortzeko erraztasunak eman behar dira, baita partaide diren alderdien arteko gardentasuna indartu ere. Laburbilduz, beharrezkoa da alderdi guztien arteko partaidetzari esker sortuko diren, eta gai horietan beharrezkoak diren asepsia eta egiazkotasun baldintzak bultzatzea eta proiektatzea.

Mendi-lasterketak

Erronkei aurre egiteko ahalegina

Mendi-lasterketak modan daude. Proba zorrotzetako lehiak ugaritzen ari dira, eta geroz eta jende gehiago ausartzen da erronka horiei aurre egitera. Korrikalari ugari hasi dira mendi-lasterketetan azkenaldian. Lasterketa mota horrek izugarrizko gorakada izan du, bai antolatutako lehiaketen kopururi dagokionez, bai zaletu kopuruari dagokionez. Mendi-lasterketek korrikalarien zoriontasuna eta ongizatea handitzen dituzte.

Trail running deritzon lasterketen abantailetako bat muskulatura nabarmen handitzen duela da. Hankek eta oinek askoz biziago egiten dute lan mendian errepidean baino. Hankek lur motetara eta desnibeletara egokitu behar dute. Ondorioz, giharrak eta tendoiak etengabe aritu behar dira erresistentzia handitzeko. Jardueraren ondorioz, bihotzak errendimendu osoan garraiatzen du odola. Horregatik, arterietako presioa txikitzen da eta biriketako hondar-airea garbitzen da. Gainera, modalitate honek pisua kontrolatzen, begiak, eskuak eta oinak koordinatzen eta oreka hobetzen laguntzen du. Desnibel nabarmenek hankak indartzeaz gain, lasterketetako teknika hobetzen laguntzen dute; igoera eta jaitsiera, esaterako. Lurren bihurguneek eta aniztasunak erritmo aldatzea ekartzen dute, eta, horri esker, gorputzak azkarrago indarberritzeko aukera du. Atsedeneko pultsazio kopurua txikitzen du. Bidean aurkituko ditugun oztopoekin (zuloak, harriak, adarrak edota desnibelak) adi egon behar dugu.

Exijentzia maila handia denez, entrenamendu gogorra eskatzen du. Edonola ere, lesio batetik atera berri direnek ez lukete lur aldapatsuetan ibili behar, berriz ere lesionatzeko arriskua dute eta. Mendi-lasterketen ondorio atseginenetako bat naturarekin bat izateko aukera da. Mendian ibiltzeak hirian bizi ez ditugun sentsazio jakinak izango ditugu. Partaideak bakarrik egotean eta naturarekin bat egitean sekulako askatasun sentsazioa izango dute. Gainera, gisa horretako jarduerek psikologikoki estimulatzen gaituzte. Ikerketen arabera, mendiko bide luzeko lasterketek onura psikologiko ugari dituzte. Horrez gain, halako eremuetan adimenak ere bidaiatu egiten du, gure gozamenerako. Korrika ibiltzean, tentsioak arintzen dira eta konpondu gabeko auziei irtenbidea aurkitzeko gai izaten gara. Onura sozial bat ere badu, lagunak egiten laguntzen duelako. Lasterketak aukera ezin hobeak dira gure zaletasun bera duten pertsonak ezagutzeko. Lasterketetan ezagutzen ditugun pertsonak lagun bilakatzen dira elkarrekin zailtasunei aurre egitean. Hala, hurrengo probetan elkarrekin izena emango dugu. Halako pertsonak ez genituzke beste leku batzuetan ezagutuko. Bidaiatzea eta mendiak ezagutzea dira kirol hau egiteko motibazio nagusietako bat.

Gorputzerako onuragarria izan arren, esan bezala, gehiegizko konfiantza eta prestakuntza falta arriskutsuak izan daitezkeela azpimarratu beharra dago. Lasterketek esfortzu handia eskatzen dute, eta komenigarria da prestaketa egokia izatea. Mendi-lasterketak ez daude runningean hasiberriak direnentzat pentsatuta. Funtsezkoa da mendian korrika egiteko beharrezko teknikak eta zailtasunak ezagutzea, baita norberaren mugak ere. Trail lasterketa gehienek kilometro asko izan ohi dituzte, eta oso lagungarriak izaten dira erresistentzia lortu nahi dutenentzat. Sekulako akatsa da mendiko lasterketak errepideko lasterketen denboran egin daitezkeela pentsatzea: gogortasun maila eta erritmo exijentzia ezberdina dituzte.