Diputatuen Kongresuak Prepara plana luzatzeko Errege Dekretua baliozkotu du

Langabeziagatiko babesa amaitu zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa (Prepara plana) ohiz kanpo eta denbora mugaturako berriz aktibatzea onesteko Errege Lege Dekretua 2018ko apirilaren 30era arte luzatu da, eta sei hilabetean behin programa automatikoki luzatuko da, garai horretako azken Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera langabezia-tasa ehuneko 18 baino handiagoa bada.

Indarraldia amaitu ondoren, beharrezkoa zen beste programa bat onartzea, etorkizunari begira langabeen babes-maila mantentzeko. Baina, era berean, beharrezkoa zen abuztuaren 16aren eta araua onesteko egunaren artean langabeziagatiko babesa amaitu zitzaien pertsonak ere bertan sartzea. Horrela, aurreko programei dagokienez, etenaldi bat egotea eta langabeak babesik gabe uztea saihestu da. Horrek justifikatzen du araua premiaz onetsi izana.

Tenisa

ekfb

Gure artean gero eta zabalduago dagoen kirol bete-betea

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, gure kirolarien arrakastak, ekitaldi garrantzitsuak eta kirol bakoitzak sortzen dituen onurak tartekatzen ditugu. Hil honetan tenisaren txanda da. Berriki, Euskadiko Tenis Txapelketa Absolutua jokatu da. Irati Urbaneja eta Diego Chávez izan dira txapeldunak, Jolaseta Erret Klubean lehiatutako finaletan Naiara Uriarteri eta Mikel Lópezi irabazi ondoren. Gizonezkoen finalean, Chávezek ez zion aukerarik eman Lópezi; 6-3 eta 6-2 garaituta, 2016ko titulua berretsi zuen eta bere palmareseko hirugarren garaipena izan zen. Getxon bizi den tenislariak ATP rankingeko jokalari gisa duen eskarmentua erabiliz irabazi zion Mikel Lópezi; azken hori junior mailako Espainiako txapelduna izan zen uztailean, bikoteka. Bestetik, Irati Urbaneja getxotarra emakumezkoen taldeko jokalari sendoena izan zen. Hala, 15 urterekin lehenengo aldiz irabazi zuen titulua, beheko kategoria guztietan txapeldunordea izan ondoren. Fadura Tenis Klubeko jokalariak 7-5 eta 6-0 irabazi zion Naiara Uriarteri. Entrenamenduan ordu asko partekatzen dituzten bi jokalariren arteko partida bat izan zen. Hain zuzen ere, horixe da tenisaren abantailetako bat, sozializatzea. Gainera, kirol hori bizitza osoan egin daiteke. Hemen dagoeneko gogorarazi dugu tenisean astean hiru orduz jokatuz gero heriotza-arriskua erdira murrizten dela. Zoriontasunean ere eragiten du, tenislariek indar, autoestimu eta baikortasun maila handiagoa izaten dutelako eta horrek psikologikoki hobeto egotea eta tentsioa murriztea dakarrelako.

Tenisa kirol bete-betea eta onuragarria da; erne egotea eta egoera bakoitza taktikoki aztertzea eskatzen duenez, garuneko nerbio-terminalen arteko konexio berriak sortzen ditu. Tenisean jokatuz energia asko gastatzen da, hainbat faktore direla medio: indarra, ematen diren kolpeengatik; abiadura, esprint laburrak egiten direlako; eta erresistentzia, partiden iraupenagatik. Orduko 400-600 kilokaloria erre daitezke.

Jokoan erabat kontzentratu behar denez, pertsona fisikoki eta mentalki asko liberatzen duen kirol ludiko bat da. Giharrak, hankak, besoak eta enborra (bularra eta abdominalak) indartzen ditu, muskulu-masaren potentzia garatzen du eta koordinazioa areagotzen du. Tenisean jokatuz desplazamenduak sinkronizatzen ere ikasten da. Tenisean hasten diren neska-mutilen ikasketaren ardatza mugimenduak koordinatzea da. Hasieran, pilotarekin asmatzea da helburua, ez norabidearekin asmatzea. Teniseko lehenengo pausoak dira. Lehenengo klaseetan ondo pasatzeko jolasak antolatzen dira eta aurrerapauso nabarmenak ematen dira, txikienak konturatu ere egin gabe. Izan ere, pixkanaka, ariketetara eta bakoitzaren adinari dagozkion gaitasunetara egokitzen joaten dira. Hamabi urteetatik aurrera, gorpuzkeraren eta altueraren arabera, helduak bezala jokatzen hasten dira. Orduan, orkatilak, belaunak, aldaka, besoa, ukondoa, eskumuturra… lantzen dira. Era berean, tenisak osasuna eta gaitasun fisikoa hobetzen, lidergo-gaitasunak garatzen, autodiziplina izaten, agintea errespetatzen, lankidetzan aritzen, lehiakorra izaten eta arlo psikologikoan edo sozialean autokonfiantza izaten laguntzen du. Denon eskura dagoen kirol bete eta dibertigarria da.

Elkarrizketa Aspanovasi

(Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkartea)

Irailean, «Piztu itxaropena!» kanpaina abiarazi da, gaixotasun hori duten adingabeak ikusgai egiteko.

–          Nola sortu zen ekimen hori?

Ekimena mundu osoan sortu zen, Childhood Cancer International elkartearen bidez. Eta Minbizia duten Haurren Gurasoen Espainiako Federazioaren bidez batu ginen hartara. Herrialde anglosaxoietan tradizio handia du, baina nazioartean ekimen honek hiru urte ditu.

–          Nola lagundu dezakegu enpresetan?

Enpresek kausa hau babesteko, beren egoitzak urre-kolorez argizta ditzakete edo, hori ezin bada egin, urre-koloreko begizta bat jar dezakete ongi ikusten den leku batean. Gainera, oso garrantzitsua da eraikinetan egiten den ikusgaitasunaren aldeko edozein ekintza sare sozialetan zabaltzea eta partekatzea. Mugimendu honi ikusgaitasuna emateko, beharrezkoa da argitalpenean «#EnciendeLaEsperanza» traola sartzea eta @aspanovas eta @cancerinfantil aipatzea.

Hala, Bizkaiko bazter guztietan ikusi ahalko da, eta, sare sozialetan, mundu osoko mugimendu batera batuko gara.

–          Eta gutako bakoitzak nola lagundu dezakegu kanpaina zabaltzen?

Horretarako, gure egoitzan urre-koloreko begizta bat duten tatuajeak ditugu; horiekin edozein pertsonak kausarekin bat egitea nahi dugu. Badakigu askorentzat gure egoitzara etortzea ez dela oso erosoa. Horregatik, kanpainarekin bat egiteko nahikoa izango da urre-koloreko begizta bat jartzea eta kausarekin bat egitea. Baina, betiere, oso garrantzitsua da sare sozialetan argitaratzea «#EnciendeLaEsperanza» traolarekin eta @aspanovas eta @cancerinfantil aipatzea.

–          Noiz sortu zen Aspanovas elkartea?

 

Aspanovas 1989an sortu zen, haur minbizidunen Bizkaiko guraso-talde batek sustatuta. Garai hartan osasun- eta laguntza-arloan zituzten beharrez eta gabeziez ohartu ziren, eta hori dela eta, batzea erabaki zuten bizi-kalitatea eta egoera horretan dauden haurren garapen etengabea hobetzeko.

 

–          Zer helburu du?

Haurren eta familien garapen integralarekin jarraitzea eta bizi-kalitaterik onena eskaintzea, bai suspertze-prozesuan bai hori bukatutakoan.

–          Zein da zuen lana?

Aspanovas Bizkaia elkartean konpromiso handia dugu haurrekin eta gaixotasunak irauten duen bitartean haien garapen integralarekin jarraitzeko beharrarekin.

Horregatik, funtsezkoa da prozesu horretan guztian nola haurrak hala haien familiak babestea eta laguntzea.

Gaixotasunaz eta sendatzeko prozesuaz informatzea eta kontzientziatzea ezjakintasunaren aurkako borroka bat da.

Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat elkarterekin batera, lankidetzarako neurri berriak koordinatu eta bultzatu nahi ditugu.

Prest gaude sormena lantzea eskatuko duten eta gure helburuak hobetzen eta lortzen lagunduko diguten ideia berriak hartzeko.

Kontziente gara elkarte baten baliabideak gobernatzeak berekin dakarren erantzukizunaz; horregatik, gardentasuna lortu nahi dugu gure proiektu guztietan.

 

–          Nola eta nor izan daiteke boluntario?

Gurekin elkarlanean aritu nahi duen oro da ongi etorria; baldintza bakarra adin nagusikoa izatea da, eta adin nagusikoa ez bada, heziketa-proiektu bateko kide izan daiteke; izan ere, hainbat eskolatako haurrak ere agertzen dira ospitalera txikiekin egotera.

Arratsaldeetan gurasoek atsedenaldia egin dezaten eta haurrekin egoteko ospitalera joaten den taldeaz gain, oso beharrezkoak zaizkigu haurren minbiziarekin sentsibilizatzeko eta hori ezagutarazteko ekitaldietara joateko tarte bat hartzen duten pertsonak, baita ASPANOVASi buruzko informazioa ematen dutenak edota elkartearen alde egiten diren proiektuetan hura ordezkatzen dutenak ere.

–          Boluntarioen artean profil desberdinak daude? (Osasun-langileak, psikologoak, gizarte-laguntzaileak, irakasleak…)

Edozein izan daiteke boluntario; eskuarki medikuntzako edo gizarte-laneko jendea jartzen da harremanetan gurekin, baina bere prestakuntza, sormena, esperientzia edo ekimena dela bide, hobekuntzarekin eta gure familien ongizatearekin lotuta, gauzak proposatzen dizkigun edonor da ongi etorria.

–          Lankidetza-ildo desberdinak dituzue?

Bai, esaten nizun bezala, hiru proiektutan lan egiten dugu. Hala, talde batek ospitaleko bisitak egiteko ardura du, beste batekoek sentsibilizatze-jardunaldietan parte hartzen dute, eta hirugarren taldekoek jarduerak eta ekitaldiak proposatzen dituzte.

–          Nola lagundu diezaioket nik zuen elkarteari?

ASPANOVASen giza baliabideak mugatuak dira; beraz, lana erraztuko digun edozein laguntza ongi datorkigu beti, dela ekitaldietan, dela materiala garraiatzen, dela kanpaina solidarioetara joaten…

Ekonomikoki ere lagundu daiteke, gure elkarteko bazkide eginez edo diru-bilketa solidarioen bidez.

Azken finean, bururatzen zaizuen edozein laguntza, gure familien bizi-kalitatea eta gure elkartearen lana hobetu dezakeena, eta gure haurren ongizate psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duena.

 

Ekimen eta Jarduera Sozialen Taldea

Errehabilitazio-zerbitzu berria Basauriko zentroan

Mutualiak zerbitzuak hobetu ditu Basauriko asistentzia-zentroan, errehabilitazio-gune berri bat gehitu baitu, inguru horretan bizi diren edo lan egiten duten pertsonek erabiltzeko.

Gune berria urriaren 2an inauguratu zen, eta, instalazio bikainak izateaz gainera, tratamendu berritzaileak ditu.

Santiago Vidorreta Mutualiako Errehabilitazio-arduradunaren hitzetan, “Mutualiaren zerbitzuak lesionatutako pertsonei hurbilarazteko dugun politikarekin jarraitzen dugu, eta orain, hain zuzen ere, Nerbioi Garaia eskualdean emango du zerbitzua. Bestalde, errehabilitazio-zerbitzuak laguntza emateko gure espezialitateko baliabide tekniko guztiak ditu, hipertermia sakona (Tecar) eta elektroterapia analgesikoa zein eskuzko zinesiterapia eta termoelektroterapia barne”. 

Zuretzako babesik onena, ez al dago zeure baitan?

Segurtasunez pentsatu eta jokatu.

«Pertsonek segurtasunez jokatu ahal izatea eta horrela jokatzen jakitea ez da nahikoa benetan hori egin dezaten. Horrez gain, segurtasunez jokatzeko borondatea izan behar dute, segurtasunez jokatzeko arrazoiak izan behar dituzte edo, gutxienez, segurtasunik gabe jokatzeko baino arrazoi gehiago». Jokabide Segururako Hiru Baldintzen Teoria (Meliá, 2007).

Carlos Frías Pérez  Babestu burua.  

Ekografia Muskuloeskeletikoari buruzko Nazioarteko IX. Ikastaroa

Urriaren 4an, 5an eta 6an, Ekografia Muskuloeskeletikoari buruzko Nazioarteko IX. Ikastaroa egingo da Donostia-San Sebastiánen.

Edizio honetan, osasun-arloko 150 profesional baino gehiago elkartzeko topagunea izango da ikastaroa. Parte-hartzaileak alor hauetako adituak izango dira: laneko medikuntza, kiroleko medikuntza, traumatologia, erradiologia, lehen mailako arreta, eta lesio muskuloeskeletikoei, artikularrei eta tendinosoei loturiko beste espezialitate batzuk.

www.ecografiamusculoesqueleticass.com

Zenbat eta gorago igo segurtasunik gabe, orduan eta gogorragoa izango da erorikoa.

Antonio Jesús Pérez  Segurtasuna ez du hirugarren dimentsio bat.

Gizarte Segurantzaren Nazioarteko Elkarteak (GSNE), 19 herrialdetako 337 enpresa aztertuta ondorioztatu duenez, laneko arriskuak prebenitzeko inbertitutako euro bakoitzagatik 2,2 €-ko etekina lortzen da, hau da, bikoitza baino handiagoa. Goldman Sachsen 2007ko beste txosten baten arabera, lanean segurtasuna eta higienea ondo kudeatzen ez dituzten enpresek ondo kudeatzen dituztenek baino emaitza finantzario kaskarragoak dituzte.