Mutualia informazio juridikoa

2017ko urriaren 23tik 28ra bitartean buletinetan argitaratutako interes orokorreko xedapenak (BOE, EHAA, ALHAO, BAO, GAO eta EBAO)

2017ko urriaren 30etik azaroaren 4ra bitarteko buletinetan argitaratutako interes orokorreko xedapenak (BOE, EHAA, ALHAO, BAO, GAO eta EBAO)

2017ko azaroaren 6tik 11ra bitarteko aldizkarietan (BOE, EHAA, ALHAO, BAO, GAO eta EBAO) argitaratutako interes orokorreko xedapenak

2017ko azaroaren 13tik 18ra bitarteko aldizkarietan (BOE, EHAA, ALHAO, BAO, GAO eta EBAO) argitaratutako interes orokorreko xedapenak

«Bereziki sentiberak diren langileen gaineko kudeaketa prebentiboa» mintegi teknikoa

Kudeaketa prebentiboaren funtsezko alderdi bat zenbait arriskurekiko bereziki sentiberak diren langileen babesa da; Laneko Arriskuen Prebentzioko 31/1995 Legearen 25. artikuluak arautzen du, besteak beste.

Hainbat alderdi ezagutarazi ziren mintegian: batetik, bereziki sentibera den langilearen kontzeptua eta hori arautzen duen esparru juridikoa, eta, bestetik, langileok behar bezala babestea bermatzen duten funtsezko faktoreak. Hori lortzeko, kudeaketa prebentibo eraginkorra egin beharra dago, lan-baldintzak, -prozesuak eta/edo -ingurunea egokituta, lanpostuak aldatuta eta jarduteko protokoloak ezarrita, esate baterako. Gainera, arloko enpresa-esperientziak trukatzeko foro bat ezarriko da.

Lehenengo hitzaldian, Marta Muñoz Nieto-Sandoval andreak, Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizatearen Institutu Nazionalaren Zuzendariordetza Teknikoko koordinatzaileak, kudeaketa prebentibo eraginkorra egiteko funtsezko faktoreak azaldu zizkigun, hartara, enpresek langileon babesa bermatu ahal izan dezaten.

Bigarren hitzaldian, Raquel Serrano Olivares andreak –Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean– bereziki sentiberak diren langileen inguruko arazo juridikoak azalduko ditu.

Ondoren, Antonio Grinda jaunak, Euskadiko Laneko ikuskatzailea, Ikuskaritzaren irizpideen berri eman zigun, eta bereziki sentibera den langileei dagokienez, gure enpresa-parkearen jarrera zein den jakinarazi zigun.

Azkenik, Fran Navarro Marhuenda jaunak, Gureak Itineraryren Pauso Berriak proiektuaren arduradunak, hitz egingo du. Gizarte-inklusiorako Pauso Berriak proiektuaren berri emango du. Proiektu itxaropentsu, berritzaile eta etorkizunez betea da. Erakundeen laguntza eta adimen-urritasuna duten pertsonen eta beren familien harrera beroa jaso du eta enpresarien eta Gipuzkoako enpresen eta gizartearen konpromisoa. Programaren helburua adimen-urritasuna duten pertsonak beren lan-ibilbidean laguntzea da, betiere komunitatearen parte diren enpresa, erakunde edo ageriko lanpostuetan: ikastetxeetan, museoetan, egoitzetan, udaletxeetan, bulegoetan…

Mutualia Foroaren XV. edizioa

Azaroaren 22tik 28ra bitartean, Mutualia Foroaren XV. edizioko jardunaldiak egin dira Bilbon, Donostian, Eibarren eta Gasteizen.

Mutualia Foroak indarra hartu du Euskadin azken urteetan, lege-berritasun interesgarri eta konplexuenak praktikaren ikuspegitik aztertuta. Oraingoan, 500 lan-aholkulari inguru bildu ditu, proposatutako gaiek erakarrita:

  • Lan Autonomoaren Premiazko Erreformen urriaren 24ko 06/2017 Legearen berritasun aipagarrienak.  
    Hizlaria: Iñaki Esnal, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua.

 

  • Prevención10 doako prebentzio-plataforman egindako hobekuntzak.

           Hizlariak: Silvia Amo, Arrate Arrillaga eta Fran Vallo. Mutualiako prebentzio-teknikariak.

 

  • Erretiro partzialetan lanaldia pilatzeari eta aldi baterako lan-kontratuak azkentzeagatik jaso beharreko kalte-ordainei buruzko epai judizialak eta GSINen ikuspegia.
    Hizlaria: Susana Castaños. Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko Zuzendaria.

 

  • Lanaldiaren ordu-erregistroari buruzko berritasunak. Langileen Estatutua aldatzeko lege-proposamena, 2017ko urrikoa.
    Hizlaria: Susana Castaños. Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko Zuzendaria.

 Hitzaldiak dagoeneko eskuragarri daude gure webgunean. Eskura itzazu.

Espazio hau baliatu nahi dugu jardunaldietan hitzaldiak eman dituzten pertsonen ahalegina errekonozitzeko. Eskerrik asko zuen langatik eta ekarpenagatik. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu diren profesionalei eman diguten laguntzagatik eta gai interesgarrien gainean egin dizkiguten iradokizunengatik; izan ere, iradokizun horietan oinarrituko da MUTUALIA FOROAren hurrengo edizioa. Hori ere gustuko izatea espero dugu.

Eskerrik asko!

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kontratuen gida

Urrian eguneratu zen Kontratuen Gidak lan-kontratuei eta kontratatzeko pizgarriei buruz indarrean dagoen araudi guztia biltzen du.

Erabiltzaileek eta gure-lan-merkatuan jarduten duten hainbat eragilek egindako informazio-eskaerari erantzuteko asmoz, orain dela gutxiko kontratu-ereduen sinplifikazio-administratibora egokitu da eta lau kontratu-ereduak (mugagabea, aldi baterako kontratua, prestakuntza eta ikasketako kontratua eta praktiketako kontratua) ezagutzeko gidaliburu ulergarri gisa egituratu da: horien ezaugarriak eta horietako bakoitzak izan ditzakeen klausula bereziak, langilea eta/edo enpresaburua gorabehera.

Absentismoa kudeatzeko beste ikuspuntu bat

Azaroaren 14an, asteartea, Gasteizko Bereizmen Handiko Ospitalearen eraikinean jardunaldi interesgarria antolatu zen. Bertan, Sergi Riau Urbanok, Solutia GHSko zuzendariak, egun puri-purian dagoen absentismoari dagokionez, enpresen ikuspuntua aldatzeko giltzarriak aipatu zituen.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren azken azterketaren arabera, Laneko absentismoak gora egin du Espainian, eta % 4,8ko tasan dago, 2012. urteko maila berean. Horrek 5.993 milioiko kostu zuzena dakarkio Gizarte Segurantzari eta 5.065 milioiko kostua enpresei. Gainera, 62.000 milioiko aukera-kostua da, BPGd-aren % 6a, alegia.

Aurreko datuak ikusita, ez da harritzekoa, enpresek duten arduretariko bat egoera horri nola aurre egin izatea, okerragotu egin baitaiteke egungo joerak iraunez gero.   Zenbaki hutsez gain, kasu hauetan enpresak gehien arduratzen dituen gaietako bat antolaketa-aldaketak egin behar izatea da, eta horrek zer kostu duen zeharkako kostuetan; besteak beste, zerbitzuaren edo produktuaren kalitatean, irudi korporatiboan, osasunean eta lan-giroan.

Arazo garrantzitsu hori gorabehera, gutxi dira absentismoa kudeatzeko planak egiten dituzten konpainiak, absentismo-maila handia eduki arren. Enpresa bakoitzak absentismo-maila bere sektoreko mailarekin alderatu beharko luke eta gainetik edo azpitik dagoen edo egon nahi duen lekuan dagoen ikusi.  Kontrolatzeko plan bat, langileen sentsibilizazioa, komunikazio ona edo laneko kalitatea, horiek dira gakoak enpresako absentzien indizea murrizteko.

Jardunaldian, Sergi Riauk, eskarmentu handia duen absentismoan adituak, arazo horri aurre egiteko gakoak nabarmendu zituen:

«Absentismoaren hazkuntzari buruzko berriak jasotzen ari gara etengabe, baina enpresa gutxik dute absentismoa kudeatzeko planen bat».

«Absentismoa kudeatzea ez da fokua langilearengan jartzea, ez mutuari presio egitea langilearen jarraipena eta kontrola egin dezan, ezta langile absenteen ordezkoak kudeatzea ere».

Absentismoaren kudeaketa hori baino gehiago da:

  • Kultura-aldaketa
  • Absentzien Kudeaketa Plana
  • Absentzien kudeaketan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdiak
  • Barne-komunikazioa
  • Ezarri beharreko protokoloak eta neurriak
  • Eta gehiago

Aurreko puntuei ekiteko funtsezko kontzeptuak nabarmendu ziren jardunaldian, honako hauek adibidez: Erabaki-balantza, absentziak ez normalizatzea, ez kriminalizatzea, patologia vs ezintasuna, besteak beste.

Laburbilduz, enpresako absentismoa aldatzeko, enpresa-kultura aldatu behar da. Absentzia inoiz ez da hartu behar gauza normala balitz bezala.

Prebentzio Saila

«estresa prebenitzeko eta gatazkak ebazteko gaitasun profesionalen entrenamendua» izeneko jardunaldia.

Mutualiak antolatu zuen jardunaldia, Somorrostroko Prestakuntza Zentroarekin batera, eta 80 bat parte-hartzaile izan genituen bertan.

Jardunaldian izan zen Patxi Rocha del Cura psikologoa, terapeuta eta coacha, enpresetan pertsonak prestatzeko eta garatzeko prozesuetan lanean aritzen dena. Estresaren alderdi negatiboak murrizteko gaitasunak eta jarrerak lantzeko teknikak azaldu zituen modu argi eta praktikoan.

Jardunaldiaren bigarren zatian Mª Eugenia Ramos izan genuen gurekin. Zuzenbideko lizentziadun hau gatazkak ebazten espezializatua dago eta Gizagune Fundazioko koordinatzailea da. Lanean eta, oro har, bizitzan gatazkak nola sortzen diren azaldu zigun, bai eta horiei nola aurre egin ere.

Esperientzia arrakastatsu horren ostean, lanean ari gara dagoeneko Somorrostroko Prestakuntza Zentroarekin batera etorkizunean egingo ditugun proiektuak prestatzeko, eskualdeko enpresen erreferentziazko zentroa delako eta, horrela, Mutualia enpresa bazkidetuengana are gehiago gerturatzen dugulako.

Confebaskek eta bere elkarte kide ADEGIk, CEBEK-k eta SEAk SEGURMANIA ZUREKIN abiarazi dute, Euskadin prebentzio-kultura bultzatzeko webgunea, Osalanen laguntzarekin

Laneko Arriskuen Prebentzioa lege- eta forma-betekizun zelako ustea atzean uzteko ekimen berri bat abiarazi da azaroaren 14an. Mezu argi, zuzen eta ulerterrazekin, denen inplikazioa lortu nahi da Prebentzio Kulturaren alde.

Hainbat urtez enpresek 31/1995 Legetik eta ondorengo legeetatik ondorioztatzen ziren laneko arriskuen prebentzioaren arloko betebeharren betearazpen formalean lan egin badute ere, konformatu ez eta hobetzen jarraitu zuten erakundeak lan-prozesuetan segurtasuna eta osasuna txertatzen hasi ziren, segurtasuna eta osasuna kudeatzeko sistema eraginkorrak ezarriz.
Gaur egun, hainbat enpresak nahi du hobetzen jarraitu eta ezbehar-kopurua 0ra edo gorabehera-maila oso txikietara murriztu. Prebentzio-ahalegin handiagoa egiten jarraitu behar dute, eta ahalegin hori «prebentzioaren kulturaren» hobekuntzarekin lotuta dago.  Delako prebentzioaren kultura hobetzeko, enpresetan zein gizartean, oro har, oso garrantzitsua da guztiak inplikatzea. Horregatik Confebask ekimen honetan inplikatzea, Osalanen laguntzarekin, oso garrantzitsua da, eta Euskadiko enpresetan laneko arriskuen prebentzioak lehentasuna eduki behar duela ematen du aditzera. Gakoa hauxe da: segurtasunak eta osasunak betebehar izateari utzi eta enpresa-balio bat izan behar dute.
Laburbilduz, derrigortasunetik jardun ordez konbentzimendutik badihardugu, benetako prebentzioaren kultura eskuratuko dugu.  Helburu hori du ekimen on horrek.
SEGURMANÍA webgunera euskaraz zein gaztelaniaz sartu ahal izango da www.segurmaniazurekin.eus web-helbidearen bidez eta Confebask-en webgunearen bidez.
Gainera, sare sozialetan ere egongo da:
Partekatu hau:
Mutualiako Prebentzio Saila

Prebentzioa eta lehen laguntzak ostalaritzan liburua editatu du Mutualiak

Bilboko Mediku Zientzien Akademiak antolatutako 2017-2018 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldiaren barruan aurkeztu zen liburua. Bertan egon ziren Jacinto Batiz liburuaren idazleetako bat, Jorge Arbaiza Mutualiako Operazio zuzendaria, Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusia eta Fernando Canales Etxanobe proiektuko chefa.

Ostalaritza ez da bereziki nabarmentzen lan ezbehar ugariko sektorea izateagatik, baina, aldiz, sektorea Euskadin izaten ari den hazkundearen ondorioz, istripuen intzidentzia gero eta handiagoa da urtetik urtera. Iaz 163 istripu gertatu ziren hoteletan; zorionez, bat bera ere ez larria. Jatetxe eta tabernetan, ordea, 1.048 istripu izan ziren; horietako bi, larriak. Mutualiako Operazio zuzendari Jorge Arbaizak honakoa adierazi zuen aurkezpenean: «Enpresek iaz adierazitako istripu bajadunen % 4,64 eman ziren ostalaritza sektorean. Horien % 99,82 arinak izan ziren; % 0,18, aldiz, larriak. Istripuen % 85 azaleko lesioak, zaintiratuak eta erredurak izan ziren».

Aipatutakoa eta sektoreko enpresak gehienbat enpresa txikiak direla eta gaian eta bezeroengan eragiteko baliabide mugatuak dituztela kontuan izanik, aurkeztutako liburuak sektorean istripuak prebenitzeko oinarrizko gida izan nahi du. Gainera, beste sektore eta elkarte askotan ere aplikatzeko baliagarria izan daiteke.

Mutualiak argitaratutako liburuak honako egile hauek izan ditu: Jacinto Bátiz Cantera (medikua), Ainhoa Bátiz Cano (medikua), Gorka Bátiz Cano (sukaldaria eta chefa) eta Olatz Bátiz Cano (psikologoa). Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Alergologia Saileko presidente eta IMQko mediku Pedro Gamboa Setién ere liburuaren egilekidea izan da. Pablo Barredo arduratu da irudiez eta maketazioaz, eta Ricardo Franco Vicariok idatzi du hitzaurrea.  Jatetxe eta hoteletan gerta daitezkeen arrisku-egoerak biltzen dira liburuan; esaterako, intoxikazioak, erredurak, elektrokuzioak, ebakiak, traumatismoak, itotzeak, konorte-galerak, istripu baskularrak, alergiak, eta abar. Horretaz guztiaz gain, langileen arrisku psikosozialak lantzen dira, bereziki, estresa.

Obrak 148 orrialde ditu, eta bi bertsiotan editatu da: bata gaztelaniaz, eta, bestea, euskaraz. Mutualiak Bilboko Mediku Zientzien Akademiarekin eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin (Osalan) batera garatzen duen Gizarte Segurantzako Prebentzio Jardueren Plan Orokorraren barruan sartzen da liburuaren argitaratzea.

Laburbilduz, hitzaurrean Ricardo Franco doktoreak nabarmendu bezala, «establezimenduotako langileentzako prebentzioa eta lehen laguntza lantzeko gida erabilgarria izateaz gain, publikoarentzat berarentzat ere, alegia, establezimenduetako erabiltzaileentzat, baliagarria da».

Pilota

ekfb

Ondo pasa pilotan

Esku pilota, zalantzarik gabe, gure kirolen artean nagusiena da. Zale ugari erakartzen ditu, eta hori bera egiaztatu ahal izan da oraintsu, Lau t’erdiko finalean. Partida zirraragarrian, Jokin Altuna pilotari gazteak 22-21 irabazi zion Mikel Urrutikoetxeari. Bi pilotariak hainbeste onura dituen kirol tradizional horrekiko grinaren erakusle dira, eta pilotalekuetan gero eta gazte gehiagok jokatzen dute pilotan. Bestalde, euskal pilotariek nazioartean ere presentzia handia dute. Hain zuzen ere, hori bera ikusi da Kolonbian, CIJB erakundeak antolatutako Munduko IX. Pilota Txapelketan (Euskal Federazioa CIJB erakundearen eskubide osoko kide da). Bertan, zuzenean jokatzen diren llargues, nazioarteko jokoa eta chaza jokamoldeetan aritzeaz gain, one wall modalitatean ere aritu ziren. Diziplina horiek oso errotuta daude bai Europan bai Amerikan. Euskal Federazioaren egoitzan egin zen aurkezpen ofiziala, eta bertan zeuden Gotzon Enbil (presidentea), Álvaro Suso (Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kudeatzailea), hautatutako pilotariak eta J. M. Mitxelena eta Aitor Erauzkin hautatzaileak. 17 selekziok hartu zuten parte: Italia, Belgika, Holanda, Frantzia, Ingalaterra, Mexiko, Venezuela, Ekuador, Bolivia, Uruguai, Txile, Argentina, Kuba, Paraguai, Valentziako Erkidegoa, Kolonbia eta Euskal Herria.

Ba al zenekien euskal pilota 1924ko Olinpiar Jokoetan aurkeztu zela lehenbizikoz? Euskal pilotak ehunka urteko tradizioa du; hainbat aldaera dituen joko unibertsala da eta, gainera, aparteko zaleak ditu. Denborak aurrera egin ahala, Euskal Herria beste zibilizazio batzuen tradizioa gordetzeko gai izan da, baita bere ukitu, kutsu eta nortasuna emateko ere. Horri esker, espezialitate berriak sortzeaz gain, arauak zehaztu eta diziplina horretarako talde partikularra sortu zen. Euskal pilotak tradizio handia du bai Frantzian bai Espainian, baina beste herrialde batzuetan ere jokatzen da: Ameriketako Estatu Batuak, Filipinak, Argentina, Bolivia, Kanada, Txile, Costa Rica, Brasil, Kolonbia, Kuba, Ekuador eta El Salvador.

Atal honetan, kirolen onurak aurkezten ditugu, eta esku pilotak gure osasunerako abantaila ugari eskaintzen ditu. Gainera, gure inguruko tradizioan oso errotuta dagoen kirola egingo dugu. Pilotalekuan jokatzea haurrentzako jarduera bikaina da, gorputz osoa lantzen baitute. Korrika egin, oreka mantendu eta koordinazioa lantzen da, bereziki, frontisetik datorren pilota jasotzeko. Haurrek gorputz eta buru azkarrak behar dituzte, jokaldiak egin ahal izateko eta pilotalekuan dagoenaren ikuspegi orokorra planifikatzeko. Eta horren arabera jokatzeko. Erresistentzia fisikoa ere asko garatzen da, partida luzatuz gero, ahaleginak neurtzen ikasi behar baita. Pilotan jokatu ahal izateko, trebetasuna izatea oso garrantzitsua da; izan ere, kirol horri esker, haurrek era progresiboan, azkarrean eta seguruan garatzen dituzte kirolerako dohainak. Asko latzen diren beste ezaugarri batzuk ere eskaintzen ditu: mugimenduen malgutasuna eta joko azkarra. Pilotak ez du beti altuera berdinean bote egiten, beraz, kolpe bakoitzean jarrera aldatu beharra dago. Nahi izanez gero, pixkanaka, frontenisean jokatu ordez esku pilotan jokatzeko indarra lortzen da (kolpeak potentzia handiagoa behar du). Pilotalekuan jokatzea, beraz, oso kirol egokia da pertsona ororentzat. Egoera fisiko ona izatea eskatzen duen kirola denez, gazteak beste kirol edo txapelketa batzuetarako prestatzeko balio dezake.