Bela: Balioak eta ikasketa itsasoan

ekfb

Sartuta gaude dagoeneko udako sasoian. Askori iritsi zaizkie jadanik horrenbeste espero zituzten oporrak, eta beste batzuei, berriz, berehala iritsiko zaizkie. Eta bela da garai honetan izen gehien duen kiroletako bat. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunetik jakinarazi nahi dizuegu trebetasun asko lantzen direla bela jardueretan, mota eta ontzi aukera guztietan, eta, orobat, indartu egiten direla giharrak. Dena dela, batez ere, planifikatu egin behar da, ezin baita nabigatzera atera prestakuntza-lan egokia egin gabe. Belak, gainera, estresa baretzen laguntzen du, itsasoarekin harremanetan egiten baita, eta patroiaren jarraibideei jarraitu behar zaienez, erabakiak hartzearen balioa eta talde-lana ulertzen laguntzen du. Urte sasoi honetan nabigatzea oso atsegina da, baina erantzukizun handiko jarduera ere bada, bizitzako beste desafio batzuei aurre egiteko. Belaren jarduerak onura handiak ekartzen dizkie neska-mutilei, besteak beste, leialtasunaren, aurrera egitearen eta harrotasunaren zentzua indartzen baitu. Bela-eskoletan gauza asko ikasten dituzte txikienek: itsasontziei buruzko gauzak, itsasontzietako atalei eta kontzeptuei buruzkoak, itsasoari eta itsasoko bitxikeriei buruzkoak, eta, orobat, erakusten zaie besteekin komunikatzen eta kezkak gainditzen. Naturarekin lortzen den lotura oso baliagarria da ingurumenaren errespetuari eta itsas faunari buruzko balioak erakusteko. Horrez gainera, adiskidetasunaren eta lankidetzaren sentipena sortzen da ontzian doazenen artean. Norbaitek laguntza behar duenean bizkor eta eraginkortasunez erreakzionatzen ikasten da. Era berean, beraien akatsak onartzen dituzte, eta horietatik ikasten dute. Kirol espezialitate erakargarri honetan, bestalde, indar fisikoa eta norabidea zuzentzeko edo belak aldatzeko trebetasuna behar da. Eragina du, beraz, azkarra izateak; baldintza meteorologikoak aldakorrak izaten direnez, estrategiak planifikatu behar dira helburuetara iristeko, eta horrek asko laguntzen du erabakiak eta erantzukizunak hartzeko unean. Azken batean, belak hainbat balio bultzatzen ditu, besteak beste, adiskidetasuna eta sakrifizioa; itsasoarekin zerikusia duten ezagutzen ikaskuntza errazten du; pertsonak prestatzen ditu egoera konplexuetan erreakzionatzen jakin dezaten; indarra eta gaitasun fisikoak hobetzen ditu; eta behar-beharrezko balioak erakusten ditu, esate baterako, ingurumenarekiko errespetua.  

Euskal Federazioak behin eta berriz adierazi du gazteenengan inbertitu eta haiekin ahalegindu behar dela, bela arinetik hasita, nahi den mailara iritsi ahal izateko. Federazioa lan handia egiten ari da alderdi horretan sakontzeko, eta oinarriaren ahalmena zabaldu nahi du, gazteenak behetik has daitezen eta esperientzia hartzen joan daitezen. Urtean zehar proba asko egiten dira bela arinaren alorrean. Horiez gainera, Euskadiko Gurutzaontzi Txapelketa lau estropadaz osatuta dago. Lehena, ‘Iñigo Jauregui’ izenekoa, aurreko maiatzean izan zen, Hondarribiko uretan. Ondoren, Bizkaiko Txapelketa izan da, Abran, eta ondoren datoz Vicente Munilla Memoriala (uztailak 13 eta 14) eta Getxoko Kopa (irailak 14 eta 15). Alabaina, aurten bi ekitaldi gailenduko dira euskal belaren munduan. Alde batetik, J80 klaseko Munduko Txapelketa izango da. 85 ontzik eman dute izena munduko lehiaketa garrantzitsu horretan parte hartzeko. Uztailaren 13tik 20ra izango da, eta mundu osoko ehunka estropadalari elkartuko dira. Hortaz, Getxon izango dira herrialdeko espezialista onenak, munduko txapeldunak barne, bai eta gero eta jarraitzaile gehiago dituen klase honetan tradizio handia duten beste leku batzuetakoak ere. Izena eman dute, besteak beste, Ingalaterra, Frantzia, Irlanda, Alemania, Belgika, Kanada, Errusia, Polonia, Estatu Batua eta Indiako tripulazioek. Hemengoei dagokienez, honako ordezkari hauek jardungo dute: José Azquetaren ‘Biobizz’ (hirugarrena Espainiako azken Txapelketan), Ramón Zubiagaren ‘Mandovi’, Gonzalo Chávarriren ‘Fin Gol Fin’, Christian Jaureguiren ‘Freus’, José Luis Ribeden ‘Pilgrim’, Ander Etxaberen ‘Intenance-RDT’, Lourdes Bilbaoren ‘Siemens Gamesa’, Ignacio Real de Asúaren ‘Montarto’, Juan Morocoaren ‘Hib-Brut’, Alfonso Churrucaren ‘Alpega’, Pablo Gomezaren ‘Obélix’, Joana Abásoloren ‘Ave Fénix’ edota Juan Llanoner ‘Vissi’. Horrez gainera, estropadalari gazte talde bat dago, ‘J80 Worlds 2019 Getxo’ Munduko Lehiaketan nabigatuko duena. Munduko txapelketa horretan beste hiru modalitate hauek egongo dira: emakumeak (nesken dozena erdi bat tripulazio), corinthian eta senior. 2019ko bela denboraldi hau, bestalde, oso berezia izango da, Euskal Kostaldea-Elkano Zeruertza Estropadaren 28. edizio honen berezitasunak direla-eta. Uztailaren 6an izango da estropada, larunbatean, eta bi irteera egongo dira, Getxon bata eta Hondarribian bestea, eta Getariara iritsiko dira denak. Eta hala izango da, aurten ospatzen delako Magallanesekin batera hasi eta Juan Sebastian Elkanorekin amaitu zuen Munduaren inguruko Lehengo Biraren V. mendeurrena. Ibilbidea euskal kostaldetik izango da, eta bi irteera egongo dira, bat Getxon eta bestea Hondarribian, eta, azkenik, Getarian elkartuko dira ontzi guztiak. Kostaldeko nabigazioa programatuko da, garai hartako espedizioetan funtsezkoa izan zen Euskal Kostaldea omentzeko, bertatik irten baitziren nabigatzaile handiak, Juan Sebastian Elkano esaterako, euskal ontzioletan egindako ontzietan.  

ekfb

2019, Mutualiako arreta-zentroen udako ordutegia

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan, hain zuzen ere. Irailean ohiko ordutegia egongo da indarrean.

 Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pk 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 


Udako ordutegia hau izango da

Uztailaren 15tik irailaren 06era: 08:00 – 15:00

Azkoitia Abuztuaren 5tik abuztuaren 23era itxita -Irekita 27an eta 29an
Bergara Uztailaren 01etik irailaren 06era: 08:00 – 15:00
Abuztuaren 16an Itxita
IrunUztailaren 1ean Itxita

Gogorarazten dizugu zuen eskura jartzen ditugula gure osasun-zentroen zerbitzu mediko iraunkorrak. Informazio gehiago behar baduzu, jar zaitez harremanetan gurekin.

Ezagutu Mutualiaren Prebentzio-aholkularitzaren topaketak eta tailerrak

Urtero, Prebentzio Aholkularitzak antolatzen dituen zenbait eskola, jardunaldi, tailer eta topaketa eskaintzen ditu Mutualiak, elkartutako enpresetan diharduten langileen lan-egoera hobetzeko asmoz.

Ahots-eskola

Ekainean eta uztailean, hainbat ahots-eskola eman eta emango dira EAEko hiru lurraldeetan.

Ahots-eskolaren helburu nagusia da ahotsa lantresna gisa erabiltzen duten profesionalek ahots-teknika erabiltzen ikastea. Fonazio-aparatuak nola funtzionatzen duen eta modu zuzenean nola erabiltzen den azalduko zaie; ohitura eta ahots-higiene egokiak edukitzeko jarraibideak emango zaizkie, eta ahotsaren gaixotasun eta patologia nagusiak ezagutu eta prebenitu ahal izango dituzte.

Jardunaldiak doakoak izango dira elkartutako enpresentzat, eta esperientzia handiko logopeda batek emango ditu; bertan, ahots-teknika landuko da modu praktikoan eta talde txikietan.

Mutualiako ahots-eskolaren jardunaldi berriak urrian izango dira, honako egun eta ordutegi hauetan:

BILBO: Urriak 8, 15 eta 22, 13:00 – 15:00.

DONOSTIA: Urriak 9, 16 eta 23, 13:00 – 15:00.

GASTEIZ: Urriak 10, 17 eta 24, 13:00 – 15:00.

Estresa kudeatzeko eskola

Erakundeetan, estresaren eragiletzat har ditzakegun egoerak gertatu daitezke. Gaur egun, badakigu erantzuteko modua kontrolatu dezakegula, hau da, estresa gainditzeko estrategiak geureganatu ditzakegula.

Beharrizan horren jabe, Mutualiak estresa kudeatzeko eskola sortu zuen, estresaren prebentzio-kudeaketaren gaia jorratzen laguntzeko —bai enpresen aldetik, bai langileen aldetik—, baita estresa identifikatzen, horren abiarazleak zeintzuk izan litezkeen eta berau maneiatzeko teknikak ikasteko ere. Ikastaroa doakoa da enpresa elkartuentzat, eta gaian aditua den psikologo batek emango dizkie eskolak talde murriztuei.

Aurten, estresa kudeatzeko eskola EAEko hiru lurraldeetan egingo da, irailean eta azaroan, honako egun eta ordutegi hauetan:

URTEKO LEHENENGO ESKOLA:

  • BILBO: IRAILAK 10, 17 eta 24, 09:30etik 13:00era.
  • DONOSTIA: IRAILAK 11, 18 eta 25, 09:30etik 13:00era.
  • GASTEIZ: IRAILAK 12, 19 eta 26, 09:30etik 13:00era.

URTEKO BIGARREN ESKOLA:

  • BILBO: AZAROAK 5, 12 eta 19, 09:30etik 13:00era.
  • DONOSTIA: AZAROAK 6, 13 eta 20, 09:30etik 13:00era.
  • GASTEIZ: AZAROAK 7, 14 eta 21, 09:30etik 13:00era.

Absentismo-topaketak

Gaur egun, absentismoa enpresen arazo nagusietako bat da; izan ere, eragin nabarmena dauka, hala emaitzetan nola sistema eragileetan. Horrexegatik, Mutualiak aholkularitza-zerbitzu bat emango die enpresa elkartuei, eta zerbitzu horren xedea izango da laneko absentismoa murrizteko beharrezkoak diren jarduketa-ildoen inguruko orientazioa ematea. Helburu hori aintzat hartuta, hainbat mintegi eta tailer eskainiko dira, eta adituak prest egongo dira gai horretan pertsonalizatutako aholkularitza emateko.

Absentismoa kudeatzeari buruzko topaketak ekainean hasi dira, Laudion eta Durangon, baina beste tailer batzuk egingo dira irailean, beste udalerri batzuetan.

2019ko OHIKO BATZAR NAGUSIRAKO DEIALDIA

deialdia-txiki

MUTUALIA” – Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2 zk.ko Mutuaren (Mutualia) Zuzendaritza Batzordeak, martxoaren 26an egindako bileran, erabaki zuen, urriaren 3Oeko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluan eta bere Estatutuen 22. eta 23. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, enpresaburu elkartuei Ohiko Batzar Nagusirako deia egitea. Batzarra uztailaren 19an egingo da, 12:00etan (lehen deialdian) eta 12:30ean (bigarren deialdian), Donostiako Arriola pasealekuko 26. zenbakian, Ibaeta auzoan (Pakea Klinika), eta gai-zerrenda hau izango du:

Gai-zerrenda:

  1. Presidentearen agurra.
  2. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa-txostena, zuzkidurak eta ondare historikoaren aplikazioak, memoria, balantzeak eta emaitza-kontuak aztertzea eta, hala badagokio, onartzea, Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak igorritako auditoretza-txostenak nahiz 2018ko ekitaldiko emaitza ekonomiko positiboa eta soberakinen aplikazioa ezagutu ondoren.
  3. 2020ko ekitaldirako aurrekontu-aurreproiektuaren berri ematea eta, hala badagokio, onartzea, eta Zuzendaritza Batzordeari ahalmenak eskuordetzea, Gizarte Segurantzaren aurrekontu-proiektuan sartzeko beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan.
  4. Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatzea eta berritzea.
  5. Prestazio Berezien Batzordearen kudeaketaren berri ematea.
  6. Bileraren akta berresteko eta onartzeko bi kontu-hartzaile izendatzea.
  7. Presidentearen esku-hartzea.
  8. Galde-eskeak.

Batzarra amaitu eta gero,mahai-inguru bat egongo da 

Elkarrizketak Mutualian… 

“Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin” 

Mahai inguruko koordinatzailea:

  • Jose Miguel Ayerza 

ADEGIko Idazkari Nagusia. 

  • Carlos Emilio García Martín  

Araban Lurralde Ikuskaritzako Nagusia eta EAEko Lurralde Zuzendaria 

  • Juan Ramón Tabernero Sánchez 

Gipuzkoan  Lurralde Ikuskaritzako Nagusia

MUTUALEX EPAIA 2019KO EKAINA

epaia

Auzitegi Gorenaren Epaia, 2019ko martxoaren 20koa – Ezintasun Iraunkor Absolutuagatiko pentsio-bateragarritasuna, ordaindutako lanaldi partzialarekin

epaia

Egitatezko kasua:

Langile autonomoa (sukaldaria), Autonomoen Erregimen Bereziaren arabera Ezintasun Iraunkor Absolutua aitortu zaionean, informatikari bezala hasi da lanean, inoren kontura, lanaldi partzialeko kontratuarekin (lanaldi osoaren %75). Langileak garuneko gaixotasun baskular akutu atzeraezinezkoa adierazten duten sintomak izan zituen, eta, ondorioz, hemiplegia nozitu zuen ezkerreko hankan, eta konbultsio-krisiak behin eta berriz.

GSINk ulertu zuen lan berria bateraezina zela pentsioa jasotzearekin, eta, ondorioz, ordainketa eten zion; langilea erabaki horren aurka altxatu zen. Lan-arloko Epaitegiak langilearen demanda hasiera batean onartu bazuen ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-arloko Salak gaitzetsi egin zuen ondoren, eta epaia eman zuen, GSINren errekurtsoa baietsiz. Langileak azken errekurtso hori errekurritu zuen Auzitegi Gorenaren aurrean, eta kasua behin betiko ebatzi zenean, pentsioa kobratzea eta inoren kontura lan egitea bateragarriak zirela aitortu zuen epaiak.

Eztabaidagaia: Auzitegi Gorenak zenbait arauren norainokoa ebazten du, hasiera batean kontrajarriak diruditenak. Epaiaren hasierako oinarrian 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra dagoen arren, termino juridikoak berdintsuak dira indarreko 2015eko Legean jasotakoekin.

Alde batetik, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 194.1.c eta 194.2 artikuluek eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko prestazioei buruzko Araudi Orokorraren 12.4. artikuluak Ezintasun Iraunkor Absolutua (EIA) “edozein lan” egiteko eragozpen gisa definitzen dute. Era berean, 1974ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak (2065/1974 Dekretuaren 135. art.) jada ezartzen zuenez, EIA moduan ulertu beharko litzateke “lanbide edota ofizio oro gauzatzeko langileak erabat ezgaitzen” dituena. Gogoratu EIA aitortu zaienek oinarri arautzailearen %100 besteko pentsioa jasotzen dutela, hau da, osorik berreskuratzen dituzte laneko jarduera erabat uzteagatik galdu dituzten errentak.

Hala ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 198.2. artikuluak (eta horren baliokide den GSLO/94 141.2. art.) bateragarritasun printzipio orokor bat jasotzen du ezintasun iraunkor absolutuagatik eta baliaezintasun handiagatik prestazio bidez jasotakoaren eta “ezgaituaren egoerarekin bateragarriak diren, eta lanerako gaitasunean aldaketarik eragiten ez dutenen artean”.

Xedapen horren inguruan 1996ko urtarrilaren 18ko Ministro Aginduaren 18.4. artikuluak, 1300/1995 Errege Dekretua garatuz, GSINk pentsioa etetea erabakitzeko daukan ahalmena adierazten zuen, pentsioaren zenbatekoaren eta garatutako lanaren artean egon zitekeen bateraezintasunaren arabera, laneko jarduerak dagozkion mugak gainditzen zituenerako.

GSINren ustez, “jarduera bateragarri” horiek GSLO/94 7.6. artikuluan aurreikusten den jarduerarekin identifikatu beharra zegoen; hau da, “lanaldia edota ordainsaria kontuan hartuta bazterrekoa edota bizi ahal izateko nahitaezkoa ez dena”.  Horri gehitu behar zaio, inoren kontura lan egiten duten langile minusbaliatuen lana, laneko harreman arrunta bezala baino, enplegu zentro berezietan zerbitzua ematen duten langileen izaera bereziko harreman modura bideratu daitekeela (Langileen Estatutuko 2.1.g. art.), eta, beraz, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartuko litzateke (GSLO/2015 13. art.).

Beraz, Auzitegi Gorenaren Salak ustezko kontraesana ebatzi beharra zeukan; alde batetik, hasiera batean aurreikusita zegoen ezintasunaren maila, edozein lanbide edota ofizio gauzatzeko debekuaren aldekoa; eta, bestetik, legean aurreikusita dagoena hori ere, egoera horretan “bateragarriak” diren jarduerak garatzea ahalbidetzen duena. Hori guztia, betiere, kasu zehatz batean txertatuta, non zalantzan jartzen den ea informatikari bezala inorentzat lan egitea bateragarritzat jo daitekeen, pentsioari murrizketarik egin gabe, sukaldari autonomo lan egiteko gaitasuna, berez, indargabetuta dagoela kontuan izanda.

Auzitegiaren ondorioak: Salak bateragarritasunaren alde egin zuen, oinarri moduan 2008ko urtarrilean emandako epai bat hartuta (errekurtsogileak kontrasterako proposaturikoa), antzeko kasu bat jasotzen baita bertan. Logikoa denez, kasuen arteko berdintasun horrek eragina izan zuen azken erabakian. Hala ere, kasuaren zehaztasunak kenduta, Salak bere egiten ditu orokorrak diren gogoeta jakin batzuk.

Ukatu egiten du GSINren irizpidea, jarduera bateragarriak lan txikiei dagozkiola edota bizitzeko baliabide nahikorik osatzen ez dutela dioena, alegia. Definizio murriztaile hori, izan ere, ez dator bat Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak 198.2. artikuluan (eta horren parekoa den GSLO/94 141.2. art.) jasotako bateragarritasun-arauei buruzko termino zabalekin.

Gehitu du, baita ere, bateraezintasunak, GSINk planteatzen dituen terminoetan ulertuta, motibazioa galaraziko lukeela EIA edota Baliaezintasun handiko egoeran dagoenaren gizarteratze nahiz laneratzean. Izan ere, lan berriaren bidez ordaindurako kotizazioak etorkizuneko prestazioei begira egokiak izanda ere (erretiroagatiko pentsioa/EIAgatiko prestazio berria), lan arruntaren ondorioz sarrerak jasotzeagatik pentsioa eteteak ez lioke inolako pizgarri ekonomikorik eskainiko ezgaituak seguruenik esfortzu dezenterekin (psikofisikoa) gauzatu behar den jarduerari.

Gehitu du planteamendu horrek erabateko indarra hartzen duela teknologia berrien kasuan (batez ere informatikari eta telelanari buruzkoak), laneko jarduera bat baino gehiago –lanaldi osokoak– eskaintzen baitizkio EIA edota Baliaezintasun Handiko egoeran dagoenari. Horrela ulertzen den bateragarritasunak –jarduera sedentarioen markoan adierazi bezala–, beraz, pizgarri handia dakar gaitasuna murriztua duten langileen gizarteratzeari begira

IÑAKI ESNAL

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

KONTSULTA JURIDIKOA 2019KO EKAINA

kontsulta

28/2018 Errege Lege-Dekretuak nahitaezko erretiroaren itzulera dakar?

Joan den urtarrilaren 1ean 28/2018 Errege Lege-dekretua indarrean sartu arte, indarreko Langileen Estatutuak (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua) honakoa aurreikusten zuen Hamargarren Xedapen Gehigarrian: “Langileak Gizarte Segurantzaren araudian finkatutako erretiro-adin arrunta betetzeagatik lan-kontratua amaitzea ahalbidetzen duten hitzarmen kolektiboetako klausulak deusezak eta ondoriorik gabeak izango dira, klausula horien irismena edozein dela ere”. Neurri hori, nahitaezko erretiroa ohiko eran arautzeko gaitasuna mugatzen duena, ez zen 2015eko Langileen Estatutua aldarrikatzearen ondoriozkoa, uztailaren 6ko 3/2012 Legean baitu jatorria.

Lege horrek, 2012ko uztailaren 8an indarrean sartu zen unetik bertatik, aldatu egin zuen orduan indarrean zegoen 1995eko Estatutuak jasotzen zuen erregimena; azken horrek hitzarmen kolektiboetan klausula bat ezartzea ahalbidetzen zuen, zeinaren arabera, laneko kontratua iraungi zitekeen, langileak Gizarte Segurantzako araudiak ohiko erretirorako finkaturiko adina gainditzen zuen unean bertan. Nahitaezkoa zen klausula horiek zenbait baldintza betetzea; batetik, hitzarmen kolektiboan bertan adierazitako enplegu-politikekin koherenteak ziren helburuei lotuta egotea (enpleguan egonkortasuna hobetzea, aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzea, enplegua mantentzea, langile berriak kontratatzea, edota enpleguaren kalitatea hobetzea helburu duten bestelakoak), eta, bestetik, kontratua iraungitzearen ondorioz kalteak jasaten zituen langileak, gainerako baldintzez gain, gutxieneko kotizazio-epea gaindituta edukitzea, pentsioa kalkulatzeko orduan oinarri arautzaileari % 80ko ehunekoa aplikatu ahal izateko, gutxienez.

2012ko uztailaz geroztik, beraz, legezko gaikuntzarik ez zegoenez, ezinezkoa zen hitzarmenetan erretiroa behartzera bideraturiko klausularik txertatzea, ez soilik aurreikusita dauden ohiko adinetarako, baita erretiroa adinez aurreratu edota atzeratu ahal izateko ere. Hala ere, legea aldatu aurretik adostu, eta, aldaketa ostean oraindik indarrean zeuden Hitzarmen Kolektiboen kasuan, epealdi iragankor bat ezarri zen, 3/2012 Legean bertan 5. Xedapen Iragankorrean jaso zena hasiera batean, eta 2015eko Estatutu berriaren 9. Xedapen Iragankorrean errepikatu zena gero.

Hori izan da egoera, 28/2018 Errege Lege-Dekretuaren 1. Azken Xedapen bidez berriro ere aldaketa etorri (2019ko urtarriletik aurrerako ondoreekin), eta arestian aipatu dugun egungo Estatutuaren 10. Xedapen Gehigarria bertan behera geratu den arte, berriro txertatu delarik nahitaezko erretirorako ohiko klausulak ezarri ahal izateko nahitaezko lege-gaikuntza. Hala ere, ez du egiten 2012ko uztailera arte indarrean egondako termino berdinetan, klausula horiek bete beharreko baldintzetako bat aldatuta baizik.

Laneko kontratuaren iraungitzearen ondorioz kaltea jaso duen langileak Gizarte Segurantzari buruzko araudiak eskatzen duena bete beharko du, nahitaez, erretiroko pentsioa % 100ean jasotzeko eskubidea izan dezan, ordaindutakoaren arabera. Ez da nahikoa, lehen gertatzen zen bezala, kotizatzen duenarekin oinarri arautzailearen % 80 jasotzeko eskubidea izatea. Mantendu egiten da, ordea, neurri hori hitzarmen kolektiboan bertan adierazita dauden enplegu-politika koherentedun helburuei lotuta egoteari buruzko baldintza, eta aurreko testuan jasotakoei belaunaldi-erreleboa gehitzen zaie.

Jakina denez, horrek ez du esan nahi 2019ko urtarrilaz geroztik enpresek langileak erretiroa hartzera behartuko dituztenik baldin eta erretiroa % 100ean kobratzeko eskubidearekin iristen badira dagokien ohiko adinera; izan ere, hitzarmen aplikagarriak, aurretiaz, deskribatu diren klausuletakoren bat aplikatu beharko du horretarako. Seguruenik, klausula horiek apurka-apurka sartuko dira hitzarmenak berriztatu edota luzatzeko prozesuan; hala gertatu da, dagoeneko, aurten adostu diren hitzarmenetan.

Ondorioz, nahitaezko erretiroaren figura bueltatu da, baina langilearentzat horren kaltegarriak ez diren baldintzekin. Arauketa berriarekin, izan ere, ez da posible izango neurri hori aplikatzearen ondorioz prestazioan murrizketarik egotea. Jakina denez, neurri horiek, behin hitzarmenetan ezarrita daudenean, eraginkortasuna kenduko die Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrak 214. eta 215. artikulu bidez jasotako erretiro aktibo eta malguari buruzko xedapenei.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

AMATEK ETA BIHOTZAREN FUNDAZIOAK LANEKO INGURUNEAN AZTURA KARDIO-OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO PROGRAMA AURKEZTU DUTE

Bihotzaren Espainiako Fundazioak enpresei zuzendutako 2019ko prestakuntza-programa bat antolatu du, laneko ingurunean aztura kardio-osasungarriak sustatzeko xedez. Laneko Istripuen Mutualitateen Elkartearen (AMAT) lankidetzarekin egingo da ekimena, eta elkarte horrek garatzen duen Mutualitateen Jarduera Bateratuen Planaren barruan dagoen programan dago sartuta, hots, enpresetan kontingentzia profesionalak eta arruntak prebenitzeko eta murrizteko programan.

Lehenengo saioa ekainaren 26an egingo da, Madrilen, Bihotzaren Etxean. Bertan, motibazioaren garrantzia eta estresaren kontrola landuko dira, La Paz-IdiPAZ Unibertsitate Ospitaleko psikologo ikertzaile Helena García-Llana doktoreak emango duen konferentzia baten bidez.

“MOTIBAZIOAREN GARRANTZIA ETA ESTRESAREN KONTROLA”

Eguna: ekainak 26

Ordua: 11:00etatik 13:15era

Lekua: Bihotzaren Etxeko ekitaldi-aretoa. Nuestra Sra. de Guadalupe 5-7. 28028 Madril

Informazio osagarria eta izen-emateak