Enpresa txikietan faktore psikosozialak ebaluatzeko eta kudeatzeko metodoa

Ezagun da, oro har, enpresa txiki eta oso txikientzat zaila dela laneko arriskuen prebentzioa jorratzea, eta, bereziki, arrisku psikosozialena. Enpresa horien ezaugarriei egokitutako lanabes metodologikoak falta dira, eraginkorrak baina aldi berean sinpleak eta praktikoak izango direnak.

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak Enpresa txikietan faktore psikosozialak ebaluatzeko eta kudeatzeko metodoa garatu du. Libreki eta doan erabiltzeko lanabesa da, eta batik bat mikroenpresei eta 25 langilera arteko enpresa txikiei zuzentzen zaie, haien jarduera edozein dela ere, eta, bereziki, prebentzio-jarduerak enpresaburuak berak bere gain hartzen dituen enpresei. 

Ebaluazio-prozesuak 10 fase ditu, eta azalpenak eta babesa ematen ditu. Arrisku-faktore orokorrenak hartzen ditu ardatz, eta aukera ematen du, azkenik, lan-baldintzak aldatzeko neurri zehatzak ezartzeko. 

Ezaugarri hauek ditu:  

  • Aplikatzeko erraztasuna. 
  • Faktore psikosozialak kudeatzeko Europako ereduekin (PRIMA-EF) bat etortzea. 
  • Arrisku psikosozialeko faktoreen sailkapenetan jasota dauden arrisku-faktoreak. 
  • Parte-hartzeari begirako planteamendua. 

Datuen babesari eta lan-harremanei buruzko DBEBren gidaliburua

Datuak babesteari eta lan-harremanei buruzko gida bat argitaratu du Datuak Babesteko Espainiako Agentziak

DATUEN BABESA ETA LAN-HARREMANAK gidaliburua argitaratu dela jakinarazten dugu. Erakunde publikoei eta pribatuei laguntza-tresna bat eskaintzea da helburua, legedia modu egokian betetze aldera. 

Hainbat gai jorratzen dira gidaliburuan: enplegu-emaileak langilearen sare sozialak kontsultatzea, salaketak egiteko barne-sistemak, lan-jardunaldiaren erregistroa, laneko jazarpenaren biktimen eta genero-indarkeriaren ondoren bizirik iraun duten emakumeen datuen babesa, wearable delako teknologia kontrolerako erabiltzea… 
 

Datuen Babeserako Espainiako Bulegoak (DBEB) egin du gidaliburua, eta horretan parte hartu dute bai Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, bai enpresa-jabeek eta bai sindikatuek ere. 

Guia AEPD

GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUAK: GIH 11

GJH 11​  HIRI ETA​ KOMUNITATE JASANGARRIAK

HELBURUA 

Pertsona guztiek edukitzea oinarrizko zerbitzu egokiez gozatzeko aukera.  

Hiri eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak eta iraunkorrak izan daitezen lortzea. 

Etorkizuneko hirietan pertsona guztientzako aukerak eskaintzea. 

Kontsumo eta ekoizpen modu jasangarriak bermatzea. 

EKINTZAK 

Kultura korporatiboa zabaltzea. 

Gure kudeaketa ziurtagirien eta aitorpenen bidez sendotzea. 

Interes taldeekin harreman mekanismoak finkatzea. 

Bezero tipologietara egokitutako zerbitzua diseinatzea. 

Emaitzen kontua modu eraginkorrean kudeatzea. 

Dibertsitateetara egokitutako fitxaketa sistema automatikoa ezartzea. 
Garraiobide seguru eta jasangarriak sustatzeko neurriei buruzko informazioa ematea, sentsibilizatzea eta sustatzea. 

Erakundeko pertsona guztien artean laguntza zentroak zer hirigunetan ditugun azaltzen dituzten mapak sustatzea.  

DAVOS Adierazpena hurrengo eraikinetan. EUSKADI NAFARROAko arkitektura sektoreak epe laburreko onura ekonomikoen gainetik bizitzeko kultura aldarrikatzen duen adierazpenaren sinadura sustatu zuen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak bultzatuta.  

EASO POLITEKNIKOA ETA LAN ARRISKUEN PREBENTZIOA

Elkarrizketa egin diogu Easo Politeknikoko Mikel Odriozola Larrañagari (Prebentzioko kolaboratzailea eta Higiene Industrialaren irakaslea Laneko Arriskuen Prebentziorako zikloan). Easo Politeknikoa erreferentziazko ikastetxea da Donostian, 140 urteko ibilbidea du pertsonak prestatzen eta Gipuzkoan prestakuntza-zikloetako eskaintzarik zabalena du. 

Zer da gaur egun eta nola sortu zen Easo Politeknikoa, zein helbururekin? 

Easo Politeknikoa da Gipuzkoan Lanbide Heziketaren arloan dagoen eskaintzarik handiena163 irakasle ditu, eta 1.500 ikasle inguru. Profesional teknikariak prestatzeko sortu zen, eta horretan ari da oraindik ere. Hainbeste urtean, tokiz aldatu den bezala, aldatu egin ditu hezkuntza-eskaintza eta profil profesionalaren maila teknologikoa ere. 

 

Nolako zikloak ematen dituzue, eta nolako ikuspegia duzue enpresa eta lan munduan dagoen eskaintza ikusita? 

Ikastetxean etengabe egokitzen gara inguruneko beharretara; lehen, industria-arloko zikloak eskaini ohi ziren (mekanizazioa, elektrizitatea, arotzeria…), baina azken urteetan garrantzi handiagoa hartu du sektore soziosanitarioak (ahoaren eta hortz-haginen higienea, erizaintzako zaintza osagarriak, anatomia patologikoa, mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta, osasun-larrialdiak…). Iaz, elikagaien arloko produktuak merkaturatzeko ziklo berria sortu zen, eta datorren ikasturtean gizarteratze-zikloa aterako dugu. 

Gaur egun, 22 prestakuntza-ziklo ditugu institutuan, hamar lanbide-familia hartzen dituztenak, hala erdi-mailakoak nola goi-mailakoak, eta D, B eta A ereduetan.  

 

ERDI-MAILA:  

  • Elikadura-produktuak merkaturatzea 
  • Instalazioa eta altzari-hornikuntza 
  • Arotzeria eta altzarigintza 
  • Instalazio elektriko eta automatikoak 
  • Mekanizazioa 
  • Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta 
  • Osasun-larrialdiak 
  • Natura-inguruneko eta aisialdiko gidari-lanak 
  • Eritzaintzako zaintza osagarriak 

 

GOI-MAILA  

  • Gizarte- eta kirol-animazioa eta -irakaskuntza 
  • Egokitze fisikoa 
  • Anatomia patologikoa eta zitodiagnosia 
  • Ahoaren eta hortz-haginen higienea 
  • Eraikuntza-proiektuak 
  • Haur-hezkuntza 
  • Fabrikazio mekanikoko produkzioa programatzea 
  • Fabrikazio mekanikoko diseinua 
  • Arrisku profesionalen prebentzioa 
  • Ingurumen-hezkuntza eta-kontrola 
  • Automatizazioa eta robotika industriala 
  • Diseinua eta altzari-hornikuntza 
  • Gizarteratzea 

 

ESPEZIALIZAZIO-IKASTAROAK: 

  • Zibersegurtasuna eragiketa-teknologien ingurunean 
  • Zelula-kultiboak 

 

Nola txertatzen dira segurtasuna eta osasuna ikastetxean? 

Ikastetxeak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren parte denez gero, Prebentzio Zerbitzu Propioa du. Horretaz gainera, prebentzioko kolaboratzailearen figura dago ikastetxean, PZPari laguntzen diona neurriak jartzen eta zaintza egiten. 

Prebentzio-ziklokook ardura hori hartu nahi izan genuen, zeregin horretan are gehiago inplikatzeko gure zikloko irakasle eta ikasleak.  

 

Bestalde, zuzendaritzak kudeaketa sistema integratu bat jarri du ikastetxearen barne-jarduerarako. Hortaz, tailerretako, obretako, mantenimenduko eta abarretako arduradun guztiek beti dakite zein diren LAP betebeharrak, eta prebentziorako kolaboratzailearen eta sail bakoitzeko arduradunaren laguntza dute. Era berean, eskolak ematean zehar-ardatz gisa txertatu da LAPa. 

 

Horretaz gainera, ikastetxean oso argi dugu gizartea eraldatzeko elementu bat garela, eta ezin gaitezkeela konformatu legeak eta merkatuak LAP arloan dakartzaten eskakizunekin; areago jo behar dugu, eta gure ikasleek enpresetako prebentzioaren kultura aldatzen lagundu behar dute. 

 

“Prebentzioaren Astea” antolatzen duzue urtero. Nolako jarduerak izaten dira, eta nola lortzen duzue irakasleak zein ikasleak horretan inplikatzea? 

Easo Politeknikoaren prebentzioaren astea nolakoa den ulertzeko, irakaskuntzan eta ikaskuntzan gertatzen ari den metodo-aldaketari erreparatu behar diogu. Proaktibotasuna, autonomia, ekintzailetza eta kooperazioa bilatzen ditugu, ikaskuntza kolaboratibo eta praktiko baten bitartez. Hori dela eta, LAPeko ikasleek askotariko ebaluazioak egiten dituzte: soinu-higienea, arotzeriako hautsa, sailetako ergonomia, makinaria-ikuskapenak… Eta ebaluazio horiek ikastetxearen barne-ikuskapenetan integratuta daude. 

“Prebentzioaren astea” prebentzioko ikasleentzako erronka gisa planteatu dugu; ikastetxeko ikasle-irakasleei kultura prebentiboa sortzeko helburua planteatzen zaie. Ikasleek ideia eta jarduera berriak proposatzen dituzte urtero, eta horiek, gainera, ikastetxeak proposatutakoekin osatzen ditugu… 

Ziklo gisa, Mutualiaren LAPeko argazki-erakusketaz baliatu gara, baita SILFren (Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioa) ADI proiektuaz ere. Azken hori oso interesgarria da laneko istripuak edo lanbideko gaixotasunak izan dituztenen bizipenak ikasgeletara ekartzeko.  

Ikasleek sormen handia erakutsi dute ikasturtez ikasturte, eta mota askotako jarduerak antolatu dituzte: istripuak izan dituzten biktimen hitzaldiak, sindikatuenak, zumba-tailerrak aisialdian, luzaketak eta posturaren higienea lan sedentarioetarako, exoeskeletoen erabilera, jateko ohiturak, lanean droga kontsumitzearen arriskuaz sentsibilizatzea, istripuen ikerketarako scape room-a, laneko istripuek eragindako desgaitasunen simulazioa, LAPa lan-eskubidea dela aldarrikatzeko antzerkia, eta abar.  

Gainera, prebentzioari buruzko ezagutza-lehiaketa bat antolatzen dute; Easo Politeknikoko lehen mailako ikasle guztiek parte hartzen dute horretan, eta lanbide bakoitzaren arriskuei egokitutako galderak egiten dira. 

Hitzaldiak edo jarduerak aukeratzen dira, zikloak gaiaren egokitasunaren arabera inplikatzeko; hala, lehen mailako 500 ikasle inguruk parte hartzen dute jardueraren batean edo bestean. 

 

 

 

Pandemia izan dugun azken urte honetan, nola egokitu da ikastetxea murrizketetara? Nola bete dituzue prebentzio-neurriak? 

 

Martxoan, alarma-egoeran eta gure gizartean aurrez ikusi gabe konfinamendua genuela, berehala egokitu ginen pandemia-egoerara, eta online prestakuntza eman genuen, ez-presentziala, bermeduna eta kalitatezkoa  

Gu prebentzio-astean harrapatu gintuen hain zuzen ere, eta webgune bihurtu genuen aste hori, askotariko hitzaldi, hizketaldi eta tutorialekin, zeinak ondoren zikloetara bideratu baikenituen. Makina gehien erabiltzen duten zikloek (mekanika, arotzeria…) zailtasun handiagoak izan zituzten.  

Ikasturte honetan, Eusko Jaurlaritzak adierazitako protokoloak ezarri ditugu. Zenbait ziklok, jendetsuenek, eredu erdi-presentziala erabili behar izan dute, behar adina leku ez zegoelako, eta egun batzuetan hotza pasatu dugu gelak aireztatzeko leihoak irekita genituelako, baina, egia esateko, ikastetxean oso kutsatze gutxi egon da. Hala ere, ikastetxea gizartearen ispilu izan da uneoro COVIDak eragindako egoerari dagokionez, eta kutsatu-kopurua handiagoa izan da gizartean kasuak igo ahala. Batzuetan intzidentzia handitu egin da ikastetxeko ikasleetan eta langileetan , eta gizartean kopuruek behera egin ahala apaldu dira ikastetxean ere. Aipatzekoa da ikasturte osoan ikasgela bakarra egon dela konfinatuta. 

  

Nolakoa da lanbide-heziketaren etorkizuna, zein dira Easo Politeknikoaren erronkak? 

Lanbide Heziketa eraldatzeko prozesu batean ari da, lan-merkatua bezala. Inbertsio handiak egiten ari da digitalizazioan, berrikuntza teknologiko eta metodologikoan, eta abar. Ikastaro espezializatu aurreratuak jarriko dira, eta hala berean zatikako eskaintzen aldeko apustua egingo du gaitasun osagarri jakinak nahi dituzten langileentzat eta profesionalentzat. Easo Politeknikoa aitzindaria da horretan guztian, eta hala izaten jarraitu nahi dugu 

 

Ekainaren 5a, Ingurumenaren Munduko Eguna: “Ekosistemen lehengoratzea” 

Pertsonak eta planeta osasungarriak izateko, ekosistemek ere hala izan behar dute, haien menpekoak baikara denok.  

Ezin gara lehengora itzuli, baina gauza asko egin ditzakegu norabidea zuzentzeko.  

Gure azken aukera da. Izan gaitezen aktiboak, SORTU ETA LEHENGORATU!  

Nazio Batuek 3 lehengoratze-bide hauetako batean parte hartzeko dei egiten digute. Zein biderekin egin nahi duzu bat?   

  • Zenbait neurri hartzea; besteak beste, eremuan bertan lehengoratze-proiektu bat abiaraztea edo babestea.  
  • Erabaki zentzudunak hartzea. Esaterako, produktu jasangarriak bakarrik erostea eta norberaren dieta aldatzea.  
  • Ekosistemak kontserbatzearen eta lehengoratzearen aldeko aldarria egitea.  

Mutualiak, konprometitutako erakundea den neurrian, ingurumen-irizpideak txertatzen ditu hala egin daitekeen kontratuen % 100ean, eta lanean jarraitzen dugu ingurumenaren alde, ekosistemen lehengoratzea sustatzeko zenbait proiektutan.  

Mugi zaitez bizikletaz

Espainiako lehenbiziko bizikleta XIX. mende erdialdean fabrikatu zuten, baina XX. mendean ongi aurreratu arte (70eko eta 80ko hamarkadetara arte) ez zen hedatu haren erabilera, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta garraiobide gisa. 

Zer dela-eta igo da bizikletaren erabilera? 

XXI. mendean, hiri handietako mugikortasuna aldatzen ari da, eta bizikletak garrantzia hartu du. Oso erabilgarria da garraiobide gisa, eta lagungarria da osasuna hobetzeko, hiriak jasangarriagoak izateko, trafikoa arintzeko eta hirietan ingurumeneko kutsadura gutxitzeko; izan ere, garraiobide ekonomikoa, garbia eta jasangarria da, eta ingurumena zaintzen laguntzen du. 

Gaur egun, hiri askok mugikortasun seguru eta osasungarri baten alde egiten dute apustu; oinez eta bizikletaz ibiltzea sustatzen dute, zirkulazio abiadura murrizten dute 30eko eremuak ipinita, eta txirrindularientzako ibilbide berriak egiten dituzte. 

Zergatik mugitu bizikletaz? 

Garraiobide alternatibo honek onura ekartzen dio osasunari,  bizikleta egunero erabiltzeak osasun fisiko eta emozionala hobetzen laguntzen baitigu: odoleko kolesterol maila jaitsi, estres maila txikitu eta aldartea hobetzen du; bikaina da gizentasunari aurre egiteko, baita arnas eta bihotz sistema hobetzeko ere, eta bihotzekoak eta garun hodietako arazoak izateko arriskua gutxitzen du, giharrak indartzeaz bat. Jasangarria, garbia eta ekologikoa denez, ingurumena hobetzen laguntzen du, eta, beraz, onuragarria da osasunarentzat. Eta bizikleta bat erostea eta mantentzea merkeagoa da, adibidez, auto bat izatea baino; hortaz, garraiobide ekonomikoa da. 

Nola ibili hirian barrena bizikletaz modu seguruan? 

Araudi aldetik, Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak bizikleta bidezko garraioa arautzen du; alabaina, udal bakoitzak bere trafiko eta zirkulazio ordenantzak ezar ditzake, edo mugirkotasun ordenantzak, bizikleten zirkulazioarenak, eta abar.   

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) infografia praktiko bat sortu du, hiriko bizikletentzako zirkulazio arau nagusiak ez ezik aholku praktikoak ere badakartzana.  

Infografia

Eusko  Jaurlaritzak eta Trafiko Zuzendaritzak ere zenbait aholku eta gomendio ematen  dituzte bizikletaz zirkulatzeko. 

Mutualiaren prebentzio arloko aholkularitza