Transportes Fernández Aedo enpresara jo dugu, salgai arriskutsuen garraioaren sektorekoa den eta Leioan egoitza duen Innovabideko enpresara, eta bertako zuzendari Julene Fernández Aedo elkarrizketatu dugu, haren eguneroko jarduera gertuagotik ezagutzeko.
Lehenik eta behin, enpresaren deskribapen laburra egin nahi nuke, bai eta enpresak izateko arrazoia eta dituen printzipioak azaldu ere. Familia-jatorriko sozietate mugatu bat gara, 1960an eratua, egoitza EAEn duena eta gaur egun hirugarren belaunaldian dagoena.
Gure eragin-eremua nazionala eta nazioartekoa da, batez ere Frantzia eta Belgikan. Enpresa kimiko, farmazeutiko eta bestelako sektore batzuentzat lan egiten dugu (bateriak, ongarriak, etab.), garraiatzen diren produktuen ekoizle, kontsumitzaile, bitartekari edo saltzaile izan.
Lau alderdi hauetan laburbil daitezke gure bereizgarriak:
Malgutasuna eta bezeroaren beharretara egokitzea, tratu hurbila eta pertsonalizatua, bezeroarekiko konfiantza eta espezializazioa. ADRko 8. motako produktu korrosiboen (azidoak eta baseak) garraioan espezializatuta gaude. Gaur egun, Espainiako flotarik handiena gara, arrisku handiko produktu korrosiboen garraioan espezializatua, 8. motako I. enbalaje-taldean (oleuma eta nitriko gogorra). Zerbitzuaren kalitatea eta garraiatutako salgaiaren kalitatea (ez kutsatzea) eta segurtasuna bermatzen ditugu, gure langileen profesionaltasunarekin.
Zer prestakuntza-mota behar dute Transportes Fernández Aedo enpresako langileek?
Gidarien prestakuntzari dagokionez, bete behar dituzten lege-baldintzez gain, harrera-prozesu teoriko eta praktiko bat gainditu behar dute.Gure gidariek eduki behar dute: “C+E” trailer-txartela
Oinarrizko ADR txartela eta zisternetako espezialitatea, “salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko nahitaezko ziurtagiria”. Azken hori 5 urtean behin berritzen da, 9 orduko oinarrizko prestakuntza teorikoa + praktikak eta 4,5 orduko prestakuntza teorikoa + zisternetan espezializatzeko praktikak eginez. Ondoren, Trafikoan egin behar dituzte azterketak. Baimena iraungi aurreko urtean berritu behar da ADR txartela.
GPA: Europar Batasuneko lurralde osoan balio duen Gaitasun Profesionalaren Agiria, gidari profesional gisa hasierako kualifikazioa lortzeko eskatzen diren ikastaroak eta azterketak gainditu dituela egiaztatzeko balio duena. 5 urtean behin eguneratze-ikastaro bat egin behar dute. 35 orduko ikastaro teorikoa da, eta nahitaez joan behar da eskoletara. Alabaina, ez da azterketa ofizialik egin behar.
Gidariaren takografo-txartela.
Lege-baldintzak betetzen dituztela aztertu ondoren, hasierako mediku-azterketa egiten zaie, eta, ondoren, barne-prestakuntzako prozesu bat hasten da. Prozesu horretan, sarrera txiki bat egiten zaie, enpresaren jatorriari eta balioei buruz, haiengandik espero denari buruz, politika eta estrategiari buruz, norantz goazen azaltzeko. Gero, beren jarduerako prozesu zehatzei buruzko prestakuntza ematen zaie: zamalanak, zisternaren elementuak, mantentze-lanak eta berrikuspenak, dokumentazioa, ibilgailuen ekipamendua (traktorea eta zisterna), babes-planak eta larrialdi-planak. Amaitzeko, lanpostuari dagozkion arriskuei, prebentzio-neurriei eta babes-ekipamenduei (erabilera eta kontserbazioa) buruzko prestakuntza eta informazioa ematen zaizkie.
Prestakuntza teorikoaren ondoren, eta sektorean eta zisternetan duten esperientzia kontuan hartuta, prestakuntza praktikoa hasten da. Gidari beterano bat esleitzen zaio; gutxienez 15 egunez lagunduko dio, eta azalduko dio zisternaren gorabeherak, dokumentazioa nola bete…
Bulegoko langileei dagokienez, salgai arriskutsuei, laneko arriskuen prebentzioari, prestakuntza juridikoari eta ekonomikoari buruzko prestakuntza duten langileak ditugu, beti etengabeko prestakuntza jasotzen dutenak enpresan eragin zuzena duten hainbat arlotan (ISO 90001-14001, lidergoa, floten kudeaketa).
Sektore horretan segurtasuna lehentasunezkoa da. Nola bideratzen duzue laneko arriskuen prebentzioa?
Gure sektorean, garraioaren eta pertsonen segurtasuna da garrantzitsuena. Salgai arriskutsuak garraiatzen ditugu, eta merkantzian eragina duen istripu batek ondorio larriak izan ditzake, are gehiago ihes egiten badu.
Flotaren aldizkako prebentzioko berrikuspen-sistema bat dugu finkatuta (arauzko ikuskapenetatik harago doana), eta, horren ondorioz, bide- eta lan-segurtasuna hobetzen dira, hirugarrenentzako eta gidariarentzako berarentzako garraio segurua ziurtatzeko. Segurtasuna lortzeko, baliabide material seguruak eta laneko arriskuetan trebatutako langileak eduki behar dira. Horregatik, ahalegina egiten dugu gure jardueran eragin berezia duten hornitzaileei helarazten gidarien eta jardueraren segurtasunean daukaten garrantzia (adibidez: tailer mekanikoak, gurpilak, konponketak).
Era berean, kontratatzean, harrerarekin batera, lan- eta bide-segurtasunaren kultura helarazten zaie. Hodeian gidariaren eskuliburu bat eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko eskuliburu bat dituzte eskura, bai eta bezeroek eskatutako segurtasun-arau guztiak, beren jarduerari dagokion araudia eta beren jarduerarako interesgarriak diren beste informazio batzuk ere. Enpresak eguneroko jarduera errazten duten teknologia berrien alde egiten du (posta elektronikoa, Dropbox, inprimagailuak ibilgailuetan, garatzen ari den aplikazio espezifikoa…).
Urtero, enpresako kide guztiek laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza jasotzen dute kanpoko enpresa baten eskutik, eta, prestakuntza horren bidez, lortu nahi da edozein pertsona gai izatea bere eguneroko lanean arrisku potentzialak detektatzeko eta arrisku horiei aurrea hartzea.
Enpresak laneko arriskuetako goi-mailako teknikari bat du, eta bere gain hartzen ditu laneko segurtasuna, industria-higienea, ergonomia eta psikologia aplikatua espezialitateak. Mutualia da gure mutualitatea, eta osasunaren zaintza Imq Prevención-ekin hitzartuta dugu.
Bide-segurtasunarekin konprometitutako euskal enpresen sarea den Innovabide proiektuaren parte zarete. Zer ekintza egiten dituzue bide-segurtasunaren arloan?
Landu nahi dugun funtsezko alderdi bat da bezeroak bide-segurtasuneko gure politika eta planetan sartzea. Gaur egun, bezero gutxik hartzen dute parte bide-segurtasuneko planetan, ez baitute uste haien ardura denik. Haiek, zeharka, segurtasunean parte garrantzitsua dira. Bezero batzuen zamalanetarako ordutegia eta datak betetzeak eragina du gidariengan, gidarien estresa areagotzen baitu; beraz, kontzientziatu egin beharko lirateke, baina, kasu askotan, haien errentagarritasun ekonomikoa kontrajarrita dago bide-segurtasunarekin.
Enpresak lehentasuna ematen dio ibilbide seguruagoak erabiltzeari, azkartasun- edo kostu-irizpideen aurretik (gainera, jarduera motaren arabera, trafikoan eskumenak dituzten Estatuko eta autonomia-erkidegoetako araudiek ezarritako ibilbideak arautzen du).
Era berean, arreta berezia jartzen da langileen egoera fisiko eta psikikoan eta baldintzatzaile pertsonaletan, horiek baitira istripuen arrazoi nagusiak. Arreta horrek esan nahi du, ahal den neurrian, egin beharreko lana gidariaren baldintza fisiko-psikikoetara egokitu behar dela, edo, bestela, baimena eman behar zaiola; hau da, ahal den neurrian, zerbitzuak antolatu behar direla langileen behar pertsonalen arabera.
Lehen adierazi dugun bezala, elkarrizketa eta partaidetza darabiltzan enpresa bat gara, eta, horregatik, enpresako langileen iradokizun guztiei erantzuten diegu, bai segurtasunaren arloan, bai beste arlo batzuetan. Guztiak balioesten dira; hartzen badira, langile guztiei jakinarazten zaie, eta, hartzen ez badira, arrazoiak jakinarazten zaizkio iradokizuna egin duen pertsonari.
Gidariek ikuskapen bat egin behar diote egunero ibilgailuari martxan jarri aurretik, eta, jakina, araudiak ezarritako gidatze- eta atseden-arauak errespetatu behar dituzte. Hala ere, maila nazionalean, errepide edo bide askotan ez dago atsedenleku egokirik, ezta segururik ere; askotan, gidariek benetako kalkulu matematikoak egin behar izaten dituzte aparkatzeko, garbitzeko edo zerbait jateko moduko eremu batera iritsi ahal izateko. Atseden-eremu askok ez dute gutxieneko zerbitzurik, eta administrazioa ez da horretaz jabetzen. Edozein auto edo utilitario irits daiteke zerbitzuak dituen eremu batera, egin beharreko distantzia gorabehera, bere denbora ez baitago takografoz araututa. Alabaina, kamioiek ezin dute egin, gidaldiak errespetatu behar dituzte, eta, askotan, tamalez, zamalanetako denborek zapuztu egiten dituzte haien kalkuluak. Enpatia ez da orokortu sektore honetan.
Gune hau aprobetxatu nahi nuke gizarteari sentsibilizazio handiagoa eskatzeko, gidatzean tonaje handiko ibilgailuen garraioa errespetatzeko. Nik neuk autoetako gidariek egindako zuhurtziagabekeriak ikusi ditut, kamioietako gidariak arriskuan jarri dituztenak; izan ere, ez dira jabetzen ibilgailu horiek maniobratzeko duten tarte txikiaz, ibilbide luzeagoa behar dute balaztatzeko, litekeena dela zama dela-eta bat-batean balaztatzean iraultzea talka saihesteko, eta abar.
Erronka handienetako bat da ingurumenarekiko konpromisoa. Zer neurri duzue hondakinak murrizteko eta ingurumen-kutsadura prebenitzeko?
Gu izan ginen ISO 14001 ziurtagiria lortu zuen EAEko salgaien garraioko lehen enpresa, 2000ko otsailean, duela 21 urte baino gehiago.
Errepideko garraioa guztiz laidoztatuta dagoen jarduera bat da, eta, bitxia bada ere, ingurumena zaintzen duen sektore bat gara, ibilgailuak aldizka berritzen ditugulako eta ibilgailu eraginkorren aldeko apustua egiten dugulako. Gaur egun, Euro 6 kamioi-flota bat dugu, lantegi ofizialetan egiten dira hura mantentzeko lanak, eta haiei hondakinen kudeaketan baimendutako kudeatzaileekin lan egitea eskatzen zaie.
Gure ustez, ingurumen-alderdirik larriena eta gogotik lantzen duguna da garraioan izan daitekeen istripua, salgaiak tartean direla. Hori dela-eta, hori prebenitzeko neurriak lantzen ditugu, eta, hala behar denean, larrialdien simulakroak egiten ditugu, halakoetan nola jokatu jakiteko.
Nire ustez, egokiena litzateke kamioiak energia garbien bidez propultsatzea, erregaiari dagokionez; hau da, energia eguzkiaren bidez lortzea, adibidez. Horrela, ziklo ekologikoa erabat garbia izango litzateke lortzen denetik, baina horrek ez du interesik pizten.