“Silver” belaunaldia, etorkizuneko gidariak.

GENERACIÓN “SILVER”, LOS CONDUCTORES DEL FUTURO.

Biztanleriaren zahartzea eta egungo gizartean gertatzen ari den alderantzikatze demografikoa aurrez aurre ditugun erronka handienetakoak dira, dagoeneko. EINren datuen arabera, 2019ko uztailean biztanleriaren %19,5ek 65 urte edo gehiago zituen, eta ehuneko hori %32ra igoko da 2050ean. Logikoa denez, hori gidarien erroldan ere islatzen da. 2008an, 64 urtetik gorakoak 2.224.218 ziren (%9,4), eta 2018an, 4.175.612 zenbatu ziren (%15,5). Ondorioz, arazo horrek bere isla du bide-segurtasunean.

Ondorengo urteetan adineko gidari gehiago egongo dira; hain zuzen ere, bizitza osoa daramate gidatzen eta gauza bera egiten jarraituko dute. Gainera, bizi-itxaropena eta, batez ere, bizi-kalitatea handitu direnez, denbora gehiagoan egingo dute. Baina adinekoek istripu bat izateko arrisku handiagoa al dute? Granadako Unibertsitateak egin eta Geriatria eta Gerontologiako Espainiako aldizkariak gidatzeari eta zahartzeari buruz argitaratu dituen azken ikerketen arabera, «balio absolutuetan», adineko gidariek beste adin-talde batzuek baino ezbehar gutxiago izaten dituzte. Arrazoiak: beren gabeziez jabetzen dira, arriskuekiko esposizio txikiagoa dute (gauez gutxi ateratzen dira eta ibilgailua ibilbide ezagunetan erabili ohi dute) eta arrisku-jokabideak saihesten dituzte (gehiegizko abiadurak, ausarkeriazko aurreratzeak, etab.).

Hala ere, ez dugu ahaztu behar 2019an 64 urtetik gorako 492 pertsona hil zirela bide-ezbeharretan (biktima guztien % 28), eta horrek hausnarketa bat egitera bultzatzen gaitu, azaldu dugun moduan etorkizunean ezinbestekoagoa izango den egoera bati irtenbideak emateko. Gero eta adineko gehiago daude eta, batez ere, aktiboagoak dira.

Orduan, noiz arte gidatu dezakete? Gaur egun, Espainian ez dago adin-mugarik. Gidabaimena 10 urtean behin berritzen dugu, eta 5 urtera igarotzen da 65 urte betetzean. Adineko gidariei ez diete proba berezirik eskatzen, gaixotasun kronikoren bat dutenean izan ezik; hala, norberak eta ingurukoek egiten duten nolabaiteko erregulazio baten moduan funtzionatzen du gehiago.

Geriatrian eta bide-segurtasunean adituak diren doktoreek bi ideia nagusi aipatu dituzte: epemugak ez luke adin kronologikoaren araberakoa izan beharko, adin funtzionalaren eta mentalaren araberakoa baizik, eta Osasun Sailaren eta gidarien azterketa-zentroen arteko harreman handiago baten alde egin dute.  

DGT bat dator aditu horiekin, eta autonomia-erkidegoen inplikazio handiagoa eskatzen du, osasun arloko eskumenak dituztelako. Zentro Mediko-psikoteknikoen Espainiako Elkarteak ere (ASE-CEMP) jarrera hori defendatzen du, eta osasun txarteleko datuak atzitzeko aukera izan dezaten eskatzen du, balorazio zehatzagoak eta kalitate handiagokoak egiteko.

Aditu horien arabera, oso garrantzitsua da proba fidagarri bat aurkitzea, ziurtasun handiagoaz zehaztu ahal izateko noiz den egokia gidatzea eta noiz ez. Hala ere, gidatzeko eskubidea ere defendatzen dute; izan ere, pertsona batek gidatzeari uzten dionean haren autoestimua txikiagotu daiteke eta depresioa izateko arrisku handiagoa dago. Horregatik, oso garrantzitsua da oreka bilatzea, ez dezagun ahaztu mugikortasunak isolamendua saihestu eta autonomia errazten duela.

Institut Guttman institutua neurorrehabilitaziorako ospitale bat da eta, RACCrekin eta FIA federazioarekin lankidetzan, 60 urtetik gorakoentzako test bat aurkeztu du, zeinak, mediku baten diagnostikoa ordezkatzen ez duen arren, gidariaren gaitasunen inguruan orientatzen duen. Era berean, arestian aipatutako «Gidatzea eta zahartzea» artikuluak gomendioak ematen dizkie adineko gidariei: esaterako, beren trebetasunetara egokitutako gidatze-praktikak egitea, aldizkako mediku-azterketak egitea, bidaia luzeak saihestea eta entrenamendu- eta birgaitze-programetara joatea. Halaber, gaur egungo trafiko-seinaleetan aldaketak egitea iradokitzen dute; hain zuzen ere, frogatuta dago aldaketa txiki batzuei esker, esaterako, tamaina handiagoa eta distira gehiago erabiliz, adineko gidarien pertzepzio goiztiarra eta ulermena errazten dela.

Azaldutakoaren ondoren, esan beharra dago gaur egungo zahartzeko modua aurreko hamarkadetakoa baino hobea dela; horregatik datorkit burura Ron Howarden Cocoon filma, zeinetan, 1985ean jada, adineko jendearen bizitzarekiko grina eta, batez ere, bizitzeko gogoa ikus genezakeen. Egiaz, adinekoak baino gehiago, esperientzia handiagokoak dira, eta bizitzak utzitako aztarnak dituzte. Baina gero eta prestatuago daude eta aktiboagoak dira.  

Bide batez, oso gomendagarria da filma eta, batez ere, BIZITZEA.