Mutualia Sarietako enpresa finalistak

premio mutualia evento 2022

Mutualia Sarien bederatzigarren ediziora aurkeztutako hautagaitza guztiak aztertu ondoren, Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzako lantaldeak hautatu ditu proiektu finalistak. Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren kategorian, honako enpresa hauek aurkeztutako proiektuak hautatu ditu: Metro Bilbao S.A., Trienekens País Vasco S.L. eta Bahía de Bizkaia GAS; Aniztasuna Enpresan kategorian, berriz, erakunde hauek aurkezturikoak hautatu ditu: Emtesport, Gureak eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Kategoria bakoitzeko proiektu irabazlearen berri Mutualiak apirilaren 29an Euskalduna Jauregian egingo duen ekitaldian izango dugu. Ekitaldia, gainera, laneko segurtasunaren, osasunaren eta aniztasunaren arloko erreferentziazko topaketa bat izango da. Bertan, bide-segurtasunari, enpresa osasungarriari, absentzien kudeaketari eta exoeskeletoei eskainitako standak egongo dira, eta laneko arriskuen prebentzioaren berrikuntza-arloko hitzaldi bat eskainiko du Silvia Lealek; zientzia dibulgatzailea eta etorkizuneko joeretan aditua da bera.

Ekitaldian bertan, 0Bidean aintzatespenak ere emango dira; horien bidez, Mutualiak aitortza egiten die laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak murrizteko bide onean doazen eta laneko arriskuen prebentzioa egoki kudeatzen duten enpresei. Aurten, enpresa hauek nabarmenduko dira: Zigor Corporación S.A., Ingemat S.L., Talleres Escoriaza S.A.U. eta Salto Systems S.L.

Apirilaren 29ko ekitaldia amaitzeko, laneko arriskuen prebentzioari buruzko argazki-lehiaketako sariak banatuko zaizkie aurkeztutako argazki guztien artetik onenei. Mutualiak urtero antolatzen du lehiaketa hau, laneko segurtasunak eta osasunak duten garrantziari buruzko kontzientzia pizteko gizartean, eta lehiaketako argazki irabazleak “Prebentziozko begiradak” erakusketa ibiltarian sartzen dira; ikusgai egongo dira egun horretan Euskalduna Jauregian.

Telelana eta laneko segurtasuna eta osasuna: alderdi juridikoak eta arrisku psikosozialak  

Telelana Somorrostro

Martxoaren 25ean, “Telelanaren alderdi juridikoak. Arrisku psikosozialak eta teknoestresa” jardunaldia antolatu zuen Mutualiak, Somorrostroko Prestakuntza Zentroaren lankidetzarekin. Urrutiko lanaren alderdi juridikoak eta telelanaren ondoriozko arrisku psikosozialak aztertu ziren jardunaldian. 

Hizlari gisa honako hauek aritu ziren: Guillermo García González doktorea, lanaren zuzenbidearen eta Gizarte Segurantza gaiaren irakasle titularra UNIR – Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean; Amanda Moreno Solana doktorea, lanaren zuzenbidearen eta Gizarte Segurantza gaiaren irakaslea Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, eta Tatiana Cuervo Caravel doktorea, Laneko Arriskuen Prebentzioa eta SIG (KSI-Kudeaketa Sistema Integralak)-ESIT (Ingeniaritzako eta Teknologiako Goi Mailako Eskola) masterreko irakaslea UNIR unibertsitatean.  

Guillermo García González doktoreak telelanaren eta laneko segurtasunaren eta osasunaren dimentsio juridikoa landu zuen, eta nabarmendu zuen “arriskuen ebaluazioaren xedeak eta urrutiko lanaren prebentzio jardueraren plangintzak kontuan hartu beharko dituztela lan modalitate horren berezko arriskuak, eta arreta berezia jarri beharko zaiela faktore psikosozial, ergonomiko eta antolamenduzkoei…”. Ondorio nagusiak honako hauek izan ziren: telelanaren ikuspegi espezifiko baten beharra, nola maila juridikoan hala teknikoan; etxearen bortxaezintasunaren birformulazioa, prebentzio zerbitzuek arriskuen ebaluazioa egin ahal izateko; negoziazio kolektiboaren zeregina; eta prebentzioaren ikuspegitik kontratuko betebeharrak mugatzea (alone workers). 

Amanda Moreno Solana doktoreak “Telelana eta Deskonexioa, laneko arriskuen prebentziorako neurri gisa” txostena aurkeztu zuen. Deskonexio digitalak esan nahi du pertsonek eskubidea/betebeharra dutela lan denboraz kanpo deirik ez egiteko, edo posta elektronikorik edo mezurik ez bidaltzeko. Era berean, enpresak deskonexio digitalaren eraginkortasuna bermatuko duten neurriak hartzeko betebeharra du (2021eko martxoaren 9ko DBLO – STJEU, 88. art. eta DLO, 18. art. eta 1. xedapen gehigarria, 2. paragrafoa). Ondorio gisa nabarmendu zuen “Deskonexio digitalerako eskubideak hainbat ondasun juridiko aldarrikatzen dituela, hala nola intimitatea edukitzeko eskubidea, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea, laneko osasuna eta atsedenerako eskubidea. Baina bereziki langileen segurtasunaren eta osasunaren ondasun juridikoa.” 

Jardunaldiari amaiera emateko, Tatiana Cuervo Carabel doktoreak telelanaren ondoriozko arrisku psikosozialetan jarri zuen arreta, hala nola teknoestresaren aldaera hauetan: teknoantsietatea, tentsioa eta IKTen gaur egungo edo etorkizuneko erabilerak eragindako ondoeza; teknonekea, buruko neke eta akidura sentimenduak, teknologien erabileraren ondorioz; eta teknoadikzioa, teknologia berriekiko adikzioa. Honako hauek dira teknoestresaren ondorioak: tentsioa, larritasuna, nekea, lanean dugun gogobetetzea gutxitzea, arazo kardiobaskularrak, urdail-hesteetako arazoak, insomnioa, giharren tentsioa… Arrisku psikosozialak kudeatu ahal izateko, beharrezkoa da arriskuen ebaluazio on bat egitea, enpresan dauden arrisku faktoreak identifikatzeko eta enpresaren eta langileen errealitatera eta beharretara egokitutako estrategiak ezartzeko.