Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko maiatzaren 07tik 13rako astea.
2/2022 Lege Organikoa, martxoaren 21ekoa, genero-indarkeriaren biktima umezurtzen babesa hobetzeari buruzkoa
Lege honen aitzinsolasaren oinarrian zifra beldurgarri bat dago: 2013az geroztik genero-indarkeriaren ondorioz umezurtz gelditu diren 300 adingabe baino gehiago daude. Krimen horiek maila desberdinetan izaten dituzten eraginei buruzko hausnarketa dator jarraian, talde horren zaurgarritasun berezia azpimarratzen du, eta horrek justifikatzen ditu, zalantzarik gabe, lege horretan planteatzen diren erreformak.
Kontuan izan behar dugu, legegileak egiten duen legez, askotan umezurtz horiek ama galtzen dutela aitak erail duelako eta, gero, espetxe-zigorraren ondorioz, aita ere galtzen dutela. Horrek guztiak eragin psikologiko eta emozional ikaragarria sortzeaz gain, estigma sozial beldurgarria ere berekin izaten du, eta askotan, gertutakoa ezkutatu egiten denez, are zailagoa izaten da ondorio psikologikoak gainditzea eta bizitzan erabateko garapena lortzea.
Gogoan izan behar dugu askotan egoera horien ondorioz umezurtz horien bizimodua nabarmen eraldatzen dela; beste etxe batera joan behar izaten dira bizitzera, familiakoekin, edo, muturreko kasuetan, Gizarte Zerbitzuek eskainitako tokietan bizi behar izaten dira. Krimen horien ondorioei aurre egiteko inolako laguntzarik ez dute izaten, ezta amaren heriotzaren ondoriozko zigor-prozesuan, ondorengotza tramiteetan edo harrera egiten dieten familiekiko loturan ere.
Egoera horiek guztiek funtsezko eragina dute umezurtzen eta harrera egiten dieten familien egoera ekonomikoan.
Legearen aitzinsolasean zailtasun horiek guztiak aipatzen dira, eta legearen ondoriozko osoko erreformaren bidez, genero-indarkeriaren ondoriozko umezurtzek aurre egin beharreko arauzko zalantza eta oztopo batzuk kendu nahi dira, umezurtz horien biktima izaeraren ondorioz duten muturreko zaurgarritasun egoera apur bat arindu ahal izateko.
Ondorengotza tramiteetan izaten dituzten hamaika oztopo aipatzen dira zehatz esateko, baita delituaren ondoriozko erantzukizun zibilagatik dagozkien kalte-ordainak jasotzeko zailtasunak ere; genero indarkeriaren emakume biktimen kasuan, baita irabazpidezko ondasunen sozietatearen likidazioari ezarri beharreko prozedurari buruzko zalantzak ere.
Hori guztia dela eta, beharrezkoa izan da Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 807. artikuluan eta ondorengoetan aurreikusitako erregimena aldatzea, berariaz arautzeko hildako biktimaren jaraunsleen legitimazioa, ezkontza-erregimena likidatzeko eskatzeko, han aurreikusitako prozeduraren arabera.
Era berean, aldaketa horren ondorioz beharrezkoa izan da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 87.3 artikulua aldatzea, genero-indarkeriako krimenen ondorioz hildakoen jaraunsleek ezkontzaren erregimen ekonomikoa likidatzeko eskatutako prozeduren gaineko eskumena emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegiei esleitzeko.
Delituaren ondoriozko erantzukizun zibilagatik edo amen jaraunspeneko ondasun eta eskubideengatik dagozkien kalte-ordainei dagokienez, eta kalte-ordain horiek kobratzea ezinbestekoa denean, gutxienez zati batean elementu zuzentzailea izan dadin, izaera objektiboko onura fiskal berri bat sartu da. Onura hori da irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan aipatutako karga-modalitateetatik salbuestea seme-alaba adingabeen mesederako ondasunen edo eskubideen eskualdaketak, baldin eta horien erabilera genero-indarkeriaren ondorioz hildako emakumeek egingo badute.
Eta, amaitzeko, Gizarte Segurantzako prestazioaren ikuspegitik, martxoaren 1eko 3/2019 Legeak funtsezko aldaketa ekarri zuen arren, genero indarkeriaren ondorioz umezurtz geratutako pertsonen babesean, zurztasun-prestazio berri bat sortu baitzuen, hildako emakumea altan edo altaren pareko egoeran ez zegoen kasuetarako edo hura sortzeko nahikoa kotizazio ez zuen kasuetarako, urteekin ikusi da kasu batzuk aztertu beharra dagoela umezurtz gehiagok izan dezaten pentsio eta prestazio horiek lortzeko aukera, batez ere pobrezia eta zaurgarritasun egoera handienean daudenek. Xede horrekin jaso dira zenbait aldaketa (GSLOren 216.3 eta 224.2 artikuluak) eta Gizarte Segurantzaren alorra denez, hau da, gurea, zehatz aztertuko dugu.
- Umezurtz-pentsioa jasotzeko eskubidea eten eta erabateko zurztasun-kasuetarako aurreikusitako igoera adierazten da, bai eta umezurtz-prestazioa jasotzeko eskubidea ere, emakumearen aurkako indarkeriaren ondorioz hildako kausatzailearen seme-alabak adoptatzen direnean, baldin eta adopzio-familiaren errenta-mailak une bakoitzean indarrean dagoen LGSaren % 75 gainditzen badu urteko zenbaketan, aparteko ordainsarien zati proportzionala kenduta.
- Umezurtz-pentsioa jasotzeko eskubidea aitortzea jasotzen da, dagokion gehikuntzarekin, edo, hala badagokio, zurztasun-prestazioa jasotzea, baldin eta emakumearen aurkako indarkeriaren ondoriozko heriotza kausatzailearen seme-alaben gurasoa ez den beste erasotzaile batek eragin badu. Kasu horretan, bizikidetza-unitatearen errendimenduek aurreko puntuan adierazitako ehunekoa ez gainditzea ere eskatzen da, eta eskubidea eten egingo da kasua bestelakoa bada.
A eta b kasuetan:
- etenak ondorioak izango ditu etenaren gauza gertatu biharamunean hasita.
- pentsioa edo prestazioa jasotzeko eskubidea berreskuratuko da elkarbizitza unitateko sarrerek aurrez aipatutako gehieneko muga gainditzen ez badute, eta jasotako sarreren zenbatekoa aldatzen den biharamunetik izango ditu ondorioak, ondorengo hiru hilabeteetan eskatzen bada, edo gehienez ere hiru hilabeteko atzeraeragina izango du eskatzen denetik zenbatzen hasita, epez kanpo egiten bada eskaria.
- Bateraezintasunen araubidea ezartzen da, eta, beraz, aukera-eskubidea, adopzioa eginda dagoela jasotzen jarraitzen den genero-indarkeriagatiko zurztasun-pentsioaren edo -prestazioaren eta adoptatzaileetako baten heriotzaren ondorioz sor daitekeen pentsio edo zurztasun-prestazio berriaren artean.
- Erabateko zurztasun-presuntzioa sartzen da, baldin eta bizirik dagoen gurasoak familia-erantzukizuna bertan behera utzi badu eta emakumearen aurkako indarkeriaren ondoriozko umezurtzaren harrera edo tutoretza eman bazaio hirugarrenen edo senideren bati.
María José Marcilla
Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia
Elkarrizketa: Trienekens
Joan den apirilaren 30ean, Trienekens País Vasco enpresari Mutualia 2022 Saria eman zioten, Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko Berrikuntzaren kategorian, “Prebentzio-kudeaketaren integrazio eraginkorra” proiektuarengatik.
Alberto Domínguez, Trienekens País Vasco enpresako Laneko Arriskuen Prebentzioko zuzendaria, elkarrizketatu dugu.
Zer da Trienekens, eta zertan aritzen da?
Trienekens jatorri alemaniarreko multinazional bat da, eta hondakinen kudeaketa integralaren arloan aitzindaria izateagatik da ezaguna.
Ibilbide luze honetan, birziklatzeko dozenaka lantegi kudeatu ditugu, eta gure aprobetxamendu-prozesu zorrotzak oinarri izan dira Alemaniako ingurumen-arloko legeria murriztailea garatzeko; halaber, Europako egungo araudia Alemaniakoan oinarritzen da.
Euskadin, Trienekens País Vasco gure filialaren bidez jarduten dugu. Enpresa eta jarduera talde bat gidatzen du filialak, eta enpresa horiek ingurumen-zerbitzuak eskaintzen dituzte eta Ekonomia Zirkularrarekin konprometituta daude; guztira, 100 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu.
Hondakinak tratatzeko industria-lantegiak diseinatzen, garatzen eta kudeatzen ditugu, eta eskarmentu handia dugu etxeko ontziak sailkatzeko lantegietan.
Zein da laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikuspegia?
Trienekens enpresako Zuzendaritzak erabateko konpromisoa du bere langileen laneko ongizatearen aurrean, eta beharrezko inbertsio guztiak egiten ditu eta beharrezko baliabide guztiak jartzen ditu helburu hori lortzeko.
Bi lan-ildotan egiten dugu lan nagusiki: alde batetik, langile bakoitza nolabait teknikari bat izatea lortzea, lantegiaren barruan prebentzio-zeregina egiteko.
Langileen know howa baliatu nahi dugu, arrisku bat eragin dezaketen egoerak hautemateko eta horiei aurrea hartzeko, edo egunerokotasuna erraztuko dien neurri edo hobekuntza hori egiteko.
Bigarren ildoa enpresa egiten ari den digitalizazioa da, eta, horren barruan, oso tresna indartsua (APP bat) sortu dugu, beste erabilera batzuez gain, informazioa erraz jasotzeko balio diguna, langileek beraiek egindako behaketen bitartez.

Zertan datza berrikuntzaren kategoriako Mutualia 2022 Saria irabazi duen proiektua, “Prebentzio-kudeaketaren integrazio eraginkorra” izenekoa?
TRIENEKENS etxeak garatu duen aplikazioan oinarrituta dago proiektua; aplikazio horren bidez, hainbat alderdi kontrolatzen ditugu denbora errealean.
Segurtasun-oharrak: arrisku potentziala ekar dezaketen egoeren berri ematea. Lehenago esandakoaren ildotik, langileen zuzeneko behaketaren bidez egiten da, baina, horrez gain, arriskuen ebaluaziotik, kanpoko prebentzio-zerbitzuaren txosten batetik edo gertakari batetik abiatuta hauteman daitezke egoera horiek.
Ohar horiek deskribapen batean oinarritzen dira, eta argazkiak ere erants daitezke.
Oharra gorde ondoren, APPa instalazioko buruari mezu elektroniko bat bidaltzeko programatuta dago, eta nik ere beste mezu elektroniko bat jasotzen dut, Prebentzio Saileko arduradun gisa.
Laneko Arriskuen Prebentzio Sailean, ohar horren atzean egon daitezkeen arriskuak aztertzen ditugu, eta analisi horrek berak denbora bat zehaztuko digu gorabehera hori konpontzeko, arriskuaren larritasunaren arabera.
Bestalde, oharra eragin duten arrazoien azterketa kausala egiten dugu, eta zer ekipo, instalazio edota langile dauden inplikatuta aztertzen dugu, hala, errepikatzen diren anomaliak dauden ikusteko.
Oharrari konponbidea bilatu ondoren, hartutako neurriak egiaztatzeko eskatuko digu APPak (argazkiaren bidezko ebidentzia erants daiteke), eta, neurrien zenbatekoa adierazteaz gain, horien eraginkortasuna balioetsi beharko dugu. Kudeaketa horrekin, prebentzio-plangintza arin eta eguneratua sortuko dugu TRIENEKENS PAIS VASCOren barneko enpresetan.
Langileen kudeaketa: langile guztiak erregistratuta ditugu aplikazioan, haien argazkiak eta datuak, bai eta beste hainbat informazio ere, hala nola enpresan duten antzinatasuna, lanpostua, txanda, balioaniztasuna, egindako prestakuntza, egiteke duten prestakuntza, emandako babes-ekipamenduen txostena, egin dizkiguten oharrak edo haiekin lotuta daudenak, bai eta ordura arte izandako absentziak edo galdutako lanaldiak ere.
APParen beste funtzionalitate bat da NBEak entregatzean erregistratu egiten dituela; langileak, NBEak jasotzen dituenean, aplikazioan bertan sinatzen du, eta erregistratuta gelditzen da. Horrela, entrega-orriak bilatu behar izatea edo horiek galtzea eta abar saihesten dugu.
Absentismoa eta ezbehar-tasaren indizeak: langile batek alde egin behar duenean, aplikazioan adierazten da, eta arrazoia ere jarri behar dute (baimenak, gaixotasun arrunta, gaixotasun profesionala, istripua, etab.); horrela, une oro APPan zenbatuta eta eguneratuta ditugu galdutako lanaldiak. Istripu baten ikerketa ere APPan erregistratuta geratzen da, eta, hala, enpresa bakoitzaren ezbehar-tasaren indizeak denbora errealean lortzen ditugu.
Bestalde, aplikazioak aukera ematen digu lan-txanden, taldeko enpresen eta abarren arteko adierazleak aztertzeko, hala, jatorrizko kausen azterketa sakonagoa egin ahal izateko.
Mediku-baliabideen eskaera. Aplikazioa programatuta dago gure Osasun Zaintzako Zerbitzuan (kanpoko prebentzio-zerbitzuan) hitzorduak eskatzeko, dagokion osasun-zentroan eta ordutegi-tarte egokienean (pertsona baten gaitasunaren iraungitze-dataren aurretik).

Etengabe garatzen ari den APP bat da, eta enpresaren beharretara egokitzen da eta kudeaketa-lana errazten du.
Nola sortu zen ideia?
Beharrizan multzo baten ondorio izan zen. Alde batetik, Enpresaren Zuzendaritzak argi ikusi nahi zuen Trienekenseko lantokietako agertokia; adierazle batzuk behar genituen, laneko arriskuen prebentzioaren ikuspegitik gure egoera modu objektiboan ezagutu eta diagnostikatu ahal izateko.
Eta, bestetik, langileen integrazio eraginkorra bilatu nahi genuen Prebentzio Kulturan. Horretarako, Jesús Martínezekin (Berrikuntza eta Garapen arloko arduraduna eta punta-puntakoa aplikazioen diseinuan) batera, APP bat garatzen hasi ginen; langileei ahotsa emango zien bitarteko erraz eta azkar bat garatu nahi genuen. Langileek hautemandako egoerak azaleratzea bilatu dugu, zuzendu edota hobetu ahal izateko.
Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?
Lehenengoa eta garrantzitsuena langileen inplikazioa izan da; hasieran, gure zalantzak genituen APPak izango zuen harrerari buruz, baina erraz ohitu dira eta oharrak egiten dituzte…; oso erraza da erabiltzea.
Alderdi psikologikoa ere hor dago; izan ere, langileek balioetsi egiten dituztela sentitzen dute, enpresak haiek iradokitako neurri horiek hartzen dituenean; ekarpenak egiten jarraitzera bultzatzen ditu horrek, kudeaketa-sistema honen barnean inplizituki dagoen etengabeko hobekuntza bultzatuz.
Gaur egun, informazio asko iristen zaigu, eta, aplikazioari esker, ez dugu informazio hori galtzen; kontrolatuta, antolatuta, eskuragarri eta eguneratuta daukagu une oro.
Adibide gisa, Zuzendaritzak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko txosten bat eskatzen badit, klik bakarra eginez txosten grafiko bat egin dezaket, larritasunaren, egoeraren (irekiak/itxiak) eta horietan kontabilizatutako inbertsio ekonomikoaren arabera sailkatutako oharrak/anomaliak jasotzen dituena. Bestalde, KPIak (absentismoa/ezbehar-tasa) ere aurkeztu ditzaket. Begiratu batean, grafikoak zentroen arabera antolatuta ikusiko ditu, une horretan duten egoerarekin.
Behin informazioa/datuak sartu ondoren, horiek baliozkoak dira edozein sailetarako; adibidez, Giza Baliabideen saila langile baten datuak hartzeko sar daiteke, hala nola antzinatasuna, edo sail horrek absentzia bat sartzen duenean, niri APPak absentismo hori erakusten dit, eta datu hori kontuan hartzen du.
Sailen eta landa-langileen arteko informazio-sinergiak aprobetxatzen ditugu, eta horrek prebentzioaren kudeaketan denbora asko aurrezten laguntzen digu.
Beste enpresa batzuetan erabil daiteke?
Jakina, APP hau prebentzioaren eguneroko kudeaketan guztiok ditugun beharrei erantzuteko pentsatuta eta aurreikusita dago.
“Elkarrekin, etorkizun partekatu baten alde” Balorazio Funtzionalari buruzko XVI. Jardunaldietan parte hartu du Mutualiak
Maiatzaren 6an, Julia Fernández Leroy Mutualiaren Bilboko Ercilla klinikako Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko mediku espezialistak Biomekanika Institutuak (IBV) antolatutako jardunaldietan parte hartu zuen. Jardunaldiak aldi baterako ezintasunaren kudeaketaren alorrera bideratuta egon dira.
Balorazio biomekanikoak zeregin garrantzitsua du laneko patologia baloratzeko tresna objektibo gisa. Julia Fernández doktoreak hitzaldi hau eman zuen: “Analisi dinamiko eta zinematikoa, lunboziatika duten pertsonek pisua jasotzeko ariketa egiten dutenean”. Hitzaldiaren oinarrian, Mutualian, laneko ingurunean gerrialdeko patologia duten pazienteei buruz egindako ikerketa-lan bat zegoen, non balorazio biomekanikoko Ned Lumbar/IBV tresna erabiltzen zen, funtzio lunbarra zinetikoki eta zinematikoki baloratzeko.

Halaber, “Zer ekarpen egiten du biomekanikan ikertzeak nire laborategiaren funtzionamendu egokian?” mahai-inguruan hizlari aritu zen, Raquel Salinas eta Javier Pérez de la Torre Mutua Montañesako medikuekin batera.
Jardunaldiak elkargunea izan dira, biomekanika laborategien kudeaketari buruzko esperientziak trukatzeko; hala, kasu kliniko konplexuak eta mugimenduak aztertzeko teknologia berriak aurkeztu dira. Era berean, gai hauetara bideratutako saioak ere egon dira: txostenak idaztea, komunikazioa, I+Gko proiektuak eta biomekanikaren etorkizuna laneko medikuntzan.
Ariketa sendagaia da, baita laneko medikuntzan ere
Elkarrizketa honetan, Aramendi doktoreak, Mutualiako Pakea klinikako kirol-medikuntzako mediku espezialistak, ariketa fisikoak osasunari dakarzkion onurez eta heriotza-tasan duen eraginaz hitz egin digu, ebidentzia zientifikoa oinarri hartuta.
- “Ariketa sendagaia da” American College of Sports Medicine-ren (Kirol Medikuntzaren Amerikako Elkargoa) marka erregistratua da. Zertan oinarritzen da?
Funtsean, ideia honetan: medikuok ariketa fisiko gehiago errezetatu beharko geniekeela geure pazienteei.
- Zer zehaztasun metodologikorekin esan daiteke ariketak heriotza-tasan duen eragin onuragarria farmako askok dutenaren antzekoa dela?
2013an, zehaztasun metodologiko oso handiko artikulu bat argitaratu zen British Medical Journal aldizkari entzutetsuan. Ikerketa hartan, zenbait gaixotasunen ondoriozko heriotza-tasan ariketak duen eraginari buruz argitaratu diren azterlan guztiak bildu zituzten, eta, horiekin batera, patologia horiengatiko heriotza-tasan medikamentuek zer eragin duten aztertuta zuten saiakuntza kliniko guztiak ere bai. Ikerlanen kalitatea baloratu zuten, eta onenen datuak bakarrik hartu zituzten. Emaitzak aztertuta, ondorioztatu zuten gaixotasun koronarioen, iktusen, bihotzeko gutxiegitasunaren eta diabetesaren prebentzioaren kasuan, behintzat, ariketak heriotza-tasa gutxitzen duela, gaitz horietarako erabili ohi diren botiken neurri berean.
- 2015eko “Exercise as medicine – evidence for prescribing exercise as therapy in 26 different chronic diseases” artikuluaren arabera, ebidentziak dio ariketa fisikoak onura dakarrela 26 gaixotasun kronikoren kasuan: nahasmendu muskuloeskeletikoak, gaixotasun neurologikoak, minbizia, gaitz endokrinologikoak eta kardiobaskularrak, funtsean.
- NME-en kasuan, eta zerbikalgian, lunbalgian eta artrosian zentratuz, zein da errezetarik egokiena?
Egia esateko, ariketaren abantailetako bat da errezeta berak gaixotasun gehienetarako balio duela. “150+2” da errezeta hori.
- Deskribatuko diguzu?
Kontsentsuz ezarrita dago ariketa fisikoaren onura guztiez gozatzeko erresistentzia- eta indar-ariketak egin behar direla.
150 zenbakiak adierazten du pazienteak astean gutxienez 150 minutuz egin behar duela erresistentzia-ariketa (oinez ibili, bizikleta, mendia, dantza, eliptikoa…), neurriko intentsitatean, etaastean bi egunetan, gutxienez.
+2k esan nahi du astean bi egunetan, gutxienez, pazienteak indar-ariketak egin behar dituela (pisuak, makinak, gomak, zintak, norberaren gorputzaren pisua erabilita…), bere gehieneko indarraren % 50ean. Muskulu-talde handien 8-10 ariketa egin behar dira, 10-12 errepikapeneko 2-3 sailetan.
- Bularreko minbiziaren kasuan, frogatuta dago ariketa fisikoaren eta heriotza-tasaren arteko loturarik?
Bai. Bularreko minbizia duen paziente batek astean 4 orduz egiten badu ariketa, haren hilkortasuna % 22 jaisten da, eta astean 7 orduz egiten badu, % 40.
- Esan dezakegu ariketa benetako polipilula dela. Gure osasun emozionalari ere eragiten dio?
Hala da, bai. Gutxienez 26 gaixotasunetan eragina duen beste botikarik ez dago; eta, gainera, kontrako hain efektu gutxirekin. Lehen aipatutako bigarren artikuluan, erakusten da ariketa eraginkorra dela depresioaren, antsietatearen, estresaren eta eskizofreniaren kasuan. Lan batzuek frogatu dute ariketak depresioan duen eragina ohiko antidepresiboena bezain garrantzitsua dela.
- Nola eragiten du ariketa fisikoak gure gorputzean eta gogoan, hain onuragarria izateko?
Duela urte batzuk dakigu muskuluek, lanean ari direnean, benetako hormona-organo batek bezala jarduten dutela. Dozenaka substantzia jariatzen dituzte, miokina izenekoak; horiek era askotako efektuak dituzte hainbat ehun eta organotan. Substantzia horietako batzuk antiinflamatorioak dira; beste batzuek odol-fluxua hobetzen dute; beste batzuek, berriz, zelulek oxigenoa hobeto erauztea eragiten dute… Mekanismo horien eta beste batzuen bitartez gauzatzen da ariketak gaixotasun askotan duen eragin onuragarria.
- Medikuek ariketa fisiko gehiago errezetatu beharko liekete beren pazienteei?
Zalantzarik ez! 150+2, paziente gehienentzat.
MutuaLex 200 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko apirilaren 30etik maiatzaren 06rako astea.
Absentismoa era berritzailean kudeatuz
Zalantzarik gabe, absentismoak arazo handia izaten jarraitzen du enpresetan, eta urte askotan dirauen arazoa da, maila ekonomikoan ez ezik, maila operatiboan ere bai.
Ratioak ez dira hobetzen, ezta hurrik eman ere; urtero Estatu mailako absentismo-ratioetan igoerak ikusten ditugu etengabe, eta, gainera, COVID-19aren pandemia bezalako azken gertakariek are gehiago korapilatu dituzte ratio horiek. Historian lehen aldiz, BPGaren jaitsiera nabarmena izanik, absentismoak ez zion hari jarraitu, eta hazten joan zen; orobat historian aurrenekoz igo egin ziren nola intzidentzia, hala batez besteko iraupena.
Eta dagoeneko nekatuta gaude, asko hitz egin dugu jadanik absentismoaz, saialdi ugari egin ditugu, eta badirudi ezer gutxi izan dezakegula egiteko. Neke hori nabaritu egiten da absentismoa kudeatzean, eta, batez ere, epe ertain edo luzera aldaketak lortzeko aukera emango liguketen neurri batzuetan atzera egitera garamatza.
Hasteko, gure langileak lanera zergatik ez doazen identifikatu beharko genuke, eta langile baten erabaki-prozesua edo erabaki-balantza deritzona askotan aztertu ondoren, konturatu gara, batez ere, langileak lanera ez joatearen arrazoiak euren kontuak (norbere edo senideen osasun-arrazoiak) eta gero datorkiena dela. Eta zer datorkie bada gero? Bada, enpresa, eginkizunak, nagusia, lankideak, enpresa-kultura eta abar datorkie.
Orain dela urte asko ikasi genuen, laneko ezbehar-tasa murrizteko, istripu-arriskuez arduratu behar genuela, baina istripuak gertatu aurretik, prebentzioaz arduratu behar genuela, eta, ondorioz, istripu-tasa murriztu egin zen. Hori horrela izanik, oraindik ere zergatik kezkatzen gara absentziez horiek gertatu eta gero? Zer egin dugu prebentzio aldetik?
Baldin eta egia-uneen teoria zaharrean oinarrituta oraingo Employee journey map joera aplikatuko bagenu, langileak lanera ez joatea erabaki aurretik bere erabaki-balantza martxan jartzen duen une oro guk zertan eta nola jokatu beharko genukeen pentsatzea litzateke egokiena. Eta, dudarik gabe, absentzia-eguna egia-uneetako bat da, zeinetan enpresa moduan zerbait egin beharko dugun; zenbat egia-une uzten ditugu pasatzen langileak lanera ez joatea erabaki baino lehen?
Jakina, lanera joan ez den langile batekin hitz egin beharko dugu! Baina hitz egiten al dugu haiekin gure enpresan dauzkagunean? Zertarako balio du lanean ez daudenean hitz egitea, enpresan dauden bitartean, eguneroko zereginetatik harago, haiekin hitz egiteko denborarik hartzen ez badugu, haien itxaropenei buruz mintzatzeko, bilakaerari buruz, integrazioari buruz, nola dauden, zer pentsatzen duten. Enpresa industrial edo banaketa-enpresa asko dira buruz dakitenak nola bermatu lehengaien hornikuntza-lerroa edo zenbat geldialdi-ordu egin behar diren mantentze-lanetarako, baina ez dute zehazten edo aurreikusten nolako ordutegia/giza baliabideak behar diren horretarako.
Eta hori, aldi berean, lidergoaren garrantziarekin lotuta dago. Lidergo horrek, nola ez bada, erdi mailako agintarien prestakuntzarekin du zerikusia, baina erdi mailako agintariez harago iritsi behar du, eta korporazio-lidergoan bertan jarri behar du arreta, lidergo osasungarriaren ikuspegitik, enpresa pertsonen garrantziari begira jartzeko, ez bakarrik piezen edo ekoizpenaren garrantziari. Beraz, kontua ez da erdi mailako agintarien erantzukizuna ezartzea soilik, baizik eta horiek bideratzea, mezu unibokoekin, konfiantza sortu, jarduteko tartea eman eta haien jarduerak eta erabakiak jarraitu eta zuzendu.
Eta hori guztia, benetako aldaketekin, absentismoari lehentasuna emanez, baldin eta benetan lehentasuna bada (ohar labur bat erantsiz, asko hitz egiten da absentismoaren arazoaz, baina denbora eta diru gutxi eskaintzen da hori murrizteko; horrek ere gogoetako atala izan beharko luke, ez da hala?).
Nondik hasi? Bada, esaterako, honelako kontu soilekin: nola neurtu dezakegu absentismoa, nola identifikatu KPIak. Absentismoaren ehuneko ezaguna neurtuz gero, norantz bideratuko ditugu jarduerak? Bada, iraupen luzeko kontingentzia arrunteko bajetara, eta horietan, balizko lanbide-ezintasunez gain, beste ezer gutxi egin ahal izango dugu.
Non dugu esku hartzeko tarterik handiena? Bada, absentismo-ehunekoak bideratzen ez gaituen guneetan. Baina, horrez gain, nekatu arte esan izan dugu absentismoa arazo handia dela enpresentzat, baina ez dugu inoiz absentismoa enpresaren fokupean jarri, esanez beharbada, produktibitatea lan egindako orduen arteko ekoizpen gisa neurtu beharrean, produktibitatea kontratatutako orduen arteko produkzio gisa neur daitekeela… Aldaketa txiki horrekin, ekoizpen-talde osoaren fokuak presentzia eta absentzia kontuan hartzea lortuko dugu, eta, horrela, haren jardunak bideratzea.
Eta, azkenik, zer iruditzen absentismoaren ehunekoa neurtu beharrean Bradforden adierazlea edo intzidentzia aztertzea (zenbakia ber bi bider iraupena)? Agian, adierazleak aldatzea izango da modu bakarra eginkizunetan eragin zuzena izateko aukera dugun kontuetan gure arreta jartzeko.
Amaitzeko, gure komunikazioa pixka bat aldatu beharko genuke, argi eta garbi, soilago bihurtuz, absentismoaz hitz egiteari utzi eta absentistekin hitz eginez. Haiekin zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta hobeto jakingo dugu zer gertatzen ari den eta zer egin dezakegun hobetzeko; osasun pertsonaleko, familia-osasuneko edo antolaketa-osasuneko arazo bategatik, norbait lanera ez baldin badoa, aukera izango dugu haren absentziaren benetako arrazoia ezagutzeko eta gure KPIan modu proaktiboan eragiteko aukera emango diguten irtenbideak aurkezteko.
| prebentzioa | employee journey map | lidergo osasungarria | adierazleak | komunikazioa.
MutuaLex 199 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko apirilaren 23tik 29rako astea.
Bizkaiko Foru Aldundia eta Trienekens dira Mutualia Sarien irabazleak
• Aitortza hauek laneko arriskuen prebentzioaren berrikuntza eta enpresako aniztasuna saritzen dituzte.
• Sari banaketa ekitaldia Euskaldunan izan da, enpresetako segurtasunari, osasunari eta aniztasunari buruzko ekitaldi batean.

Mutualiak bere sarien bederatzigarren edizioaren banaketa ekitaldia ospatu du. Bertan, 250 pertsona baino gehiagok, bide-segurtasunari, enpresa osasungarriari, exoeskeletoei eta enpresetako absentzien kudeaketari eskainitako stand ezberdinak bisitatu ahal izan dituzte. Jardunaldiaren ekitaldi nagusian Mutualia Sariak banatu dira. Enpresa finalista bakoitzak proiektuak aurkeztu eta bertaratutako pertsonen eta epaimahai espezializatu baten balorazioa egin ondoren, Laneko Arriskuen Prebentzioaren Berrikuntzaren Saria Trienekens enpresari eman zaio, “Integración eficiente de la gestión preventiva”, proiektuarengatik. Enpresako Aniztasunaren Saria, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldeko epaia jaso du, «Acceso e inclusión de personas con discapacidad intelectual en la organización de la Diputación Foral de Bizkaia» proiektuarekin. Aurkeztutako proiektu guztien kalitatea kontuan hartuta, epaimahaiak erabaki du accesita merezi dutela kategoria bakoitzeko bi enpresa finalistek: Metro Bilbao eta Bahia Bizkaia Gas prebentzioaren berrikuntzan eta Emtesport eta Gureak enpresa aniztasunean.
Mutualia Sariez gain, 0Bidean sariak ere banatu dira, lan-istripuen murrizketan ibilbide luzea duten eta lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketa bikaina duten enpresak nabarmentzen dituztenak, eta Ingemat, Salto System, Talleres Escoriaza eta Zigor Corporacion enpresak jaso dute aitortza.
Azkenik, laneko arriskuen prebentzioko argazkirik onenaren saria ere banatu da. Mutualiak urtero antolatzen du, gizartea prebentzioaren garrantziaz kontzientziatzeko. Igor Otaegi Gurrutxaga argazkilariak aurkeztutako «Garaiak aldatu dira, zuretzat» argazkia izan da irabazlea. Irudi honek, beste bi finalistekin batera, Mutualiaren erakusketa ibiltariko argazki-bilduma osatuko du, Euskalduna Jauregian ere ikusi ahal izan da.



