Plastigaur, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren erreferentea 

Nerea Garmendia Goñi

Plastigaur enpresari eman berri dizkiote Platinum Ecovadis 2022 Domina –enpresaren gizarte-erantzukizunaren eta erosketa jasangarrien alorrean ematen den aitorpen gorena– eta Garapen Jasangarriko Enpresaren Adegi Saria. Andoainen du egoitza (Gipuzkoa) enpresa berritzaile eta jasangarri honek, eta ontzi eta bilgarri malguak egiten ditu bai industriaren sektorerako bai kontsumorako.

Elkarrizketa egin diogu Plastigaur enpresaren finantza-zuzendari Nerea Garmendia Goñiri.

  • Nola sortu zen Plastigaur?

Plastigaur familiarteko enpresa bat da; 4 bazkidek sortu zuten 1989an, eta Andoainen (Gipuzkoa) dago kokatuta. Sorrera berezia izan zuen, izan ere, 2 anaiak sortu zuten, Antxon (nire aita) eta Juan Mari Garmendiak, eta haiek, aldi berean, bi ahizparekin zeuden ezkonduta, Maite (nire ama) eta Mª Antonia Goñi; horrek senitarteko ukitu nabarmenagoa ematen dio enpresari. 80ko hamarkadan, lau sortzaile horiek paperezko ahozapiak eta poltsak egiteko proiektuari ekin zioten, eta, handik urte batzuetara, plastikozko bilgarri malguekin zerikusia duen proiektua abian jartzeko aukera sortu zitzaien; horixe izan zen gaur egungo Plastigaurren abiapuntua. Garai hartan oso bizkor hazten ari zen materiala zen plastikoa, eta, horren ondorioz, arreta guztia material horretan jarri, eta alde batera utzi zuten paperaren proiektua.

  • Giza taldea da Plastigaurren funtsezko balioetako bat. Zenbat lagunek osatzen dute enpresa? Zein da lan metodologia?

Gaur egun 155 lagun gara guztira. Orain dela 7 urte 90 baino gutxiago ginen; beraz, guretzat harro egoteko modukoa da gure ingurunearentzat eta 155 familientzat aberastasuna sortu izana.

Jasangarritasunaren aldeko apustuak bultzatutako negozio-eredua berritzearen ondorioz, gaur egun aldaketa sakonak egiten ari gara antolamendu prozesuetan, prozesuen eraginkortasuna optimizatzeko helburuarekin, eta zalantzan jartzen ari gara gaur egun arte gidalerro izan ditugun irizpide eta ziurtasun guztiak. Horretarako, Lean metodologia dugu ardatz nagusia.

  • Plastigaurrek berrikuntzaren, kalitatearen eta jasangarritasunaren aldeko apustua egin du, eta jasangarritasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa funtsezko alderdiak dira plan estrategikoan. Plastikozko ontzi eta bilgarrien sektorearentzat guztiz zaila izanik gaur egungo testuingurua, zer neurri aplikatzen ari zarete planeta babesteko ekonomia zirkularraren aldeko apustu honetan?

Plastigaur proiektu osoa dago gaur egun EKODISEINUAk gidatua, enpresak eta egiten ditugun produktuek ingurumenean uzten duten arrastoa murrizteko asmoz.

Bi helburu ditugu: alde batetik, jatorri fosileko lehengaiaren erabilera murriztea. Horretarako, dagoeneko garatuta eta merkatuan ditugu edukiaren % 70 birziklatua duten film paperak; hainbat irtenbide lortu ditugu hondakin plastikoak, landare hondakinak, sukaldeko olio erabilia… kimikoki birziklatuz. Era horretara, murriztu egiten da petroliotik eratorritako lehengaia, eta nabarmen hobetzen da ingurumenean uzten dugun arrastoa eta karbonoaren arrastoa.

Bestetik, egiten ditugun material guztiak eta batez ere lehen mailako ontziak (besteak beste, elikagaietarakoak) birziklagarriak izan daitezen lortzea, gaur egun oso zaila baita birziklagarria izatea. Horretarako, % 100 birziklagarria den material bakarreko irtenbideak garatu ditugu.

  • Lortu berri dituzue Platinum Ecovadis 2022 Domina –Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren aitorpena–, karbono arrastoa murrizteko egindako lanagatik, eta orain gutxi Adegi Saria, Garapen Jasangarriko Enpresari emandakoa. Zer esanahi dute zuentzat aitorpen horiek guztiek?

Beti sentitzen da ohorea zure enpresarekin gogoratzen direnean sariak edo aitorpenak emateko, eta pozgarria da benetan, horrek esan nahi baitu iraganean hartutako erabaki estrategikoak egokiak zirela eta bide onetik goazela. Baina batez ere indar handia ematen dizu, eta energia erantsia, etorkizunean ere bide beretik jarraitzeko.

Sortzaileen ausardiari eta Plastigaur familia osatzen duen giza taldearen lanari eta ahaleginari egindako aitorpena da, inondik ere.

  • Nola ikusten duzu sektorearen eta Plastigaurren etorkizuna?

Gaur egun, plastikoa bidegabe deabrututako materiala da. Material arina, isolatzailea, malgua eta ingurumen arrasto txikikoa da. Hau da, ezinbesteko materiala da gizartearentzat; beraz, plastikoak badu etorkizuna. Benetako arazoa hondakin plastikoaren kudeaketa da; erabili eta gero, lehengai bat da guretzat, eta modu egokian kudeatua izatea behar dugu, guregana irits dadin. Gai horretan, gizartea oro har eta balio katea gara irtenbidearen parte.

Plastigaurren ikuspegitik, urte asko daramatzagu gai horretan lanean, eta enpresaren negozio eredua aldatu dugu jasangarria izan dadin ikuspegi ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik; hori dela-eta, ondo posizionatuta gaude packaging-aren sektorean, gaur egungo erronkei eta etorkizunekoei aurre egiteko.

Euskal kirola digitalizatzen ari da

logo-ekfb

UFDV-EKFB erakundearen atal honetan, hilero, euskal kirolean eragina duten albisterik nabarmenenen berri ematen dugu; oraingo honetan, erakunde honen pixkanakako modernizazioaz arituko gara. Duela bi hilabete, Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasunak aurrerapauso garrantzitsu bat eman zuen euskal kirola digitalizatzeko bidean, kirol-ekitaldiak transmititzeko sistemetan espezializatutako ATM Media enpresarekin akordio bat sinatu zuenean. Transmisio horiek egiteko, enpresak adimen artifiziala erabiltzen du, merkatuan aitzindaria den Pixellot teknologiaren bidez. UFDV-EKFB erakundeak helburu argi bat zuen: Euskadiko oinarriko kirol eta kirol egokitu federatu amateurraren ikus-entzunezko edukia eraldatzen hastea.

Duela gutxi, UFDV-EKFB erakundeak eta Zumarragako Udalak sinatutako akordioari esker, Argixao futbol-zelaia lehena izan zen halako kamera digitalak izaten. Gipuzkoako udalerri horretako Udalak une oro lagundu zuen proiektu berritzaile horretan, eta, aldi berean, mota guztietako erraztasunak eman zituen Euskadin aitzindaria den instalazio hori martxan jartzeko.

Sistema iraultzaile horrekin emititzeko lehenengo probak ekainaren 18an (larunbata) egin ziren. Hala, adimen artifizialaren aroari hasiera eman zitzaion Euskadiko kirol emankizunetan.

Emititzeko proba pilotu hori egiteko, Urola KEaren 50. urteurrenaren ospakizunak aprobetxatu ziren. Hala, zuzenean eman ziren ospakizun horren barruan izandako partidak. Lehenik, Urolako eta Ilintxako beteranoen arteko norgehiagoka. Gero, emakumezkoen triangeluarra izan zen, zeinetan Gipuzkoako eta Bizkaiko kadete selekzioak aritu ziren Urola KEko kadete-taldearen aurka.
UFDV-EKFB erakundearen emankizun horiek guztiak zuzenean ikus daitezke Euskal Kirola Telebistan: www.euskalkirolatb.eus


Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasuna (UFDV-EKFB) euskal kirolaren proiektu bat da, 2003an sortua. Gure herrialdeko kirol-federazio guztiak ordezkatzen dituen erakundea da, eta, sortu zenetik, erakunde juridiko bakar batean euskal kiroleko federazio guztiak biltzea du helburu. Ekimenaren arrakastak agerian jartzen du euskal kirolean horren beharraz kontzientziatuta zeudela: Euskadiko kirol federazio guztiak Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kide dira, hau da, 200.000 kirolari baino gehiago daude federatuta (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ia %10).


Gure kirolarien arrakasten artean, besteak beste, aipagarria da Pragan kadeteek, juniorrek eta 21 urtetik beherakoek jokatutako Europako txapelketan euskal karateak emaitza historikoak izan zituela. Mireia Vizuetek urrea lortu zuen 48 kilotik beherako emakumezkoen kumite junior kategorian –Lucia Mrazova eslovakiarra garaitu zuen finalean–; eta Naia Bilbaok brontzea lortu zuen emakumezkoen taldekako kata kategorian. «Euskadik ez zituen inoiz bi domina lortu Europako txapelketa batean, eta, gainera, bi emakume izan dira. Mireia oso seguru aritu zen eta finala 4-1 irabazi zuen», azpimarratu zuen Karateko Euskal Federazioko presidente Manu Colásek. Bestalde, waterpoloko emakumezkoen Euskal Selekzioak benetan merezitako brontzezko domina lortu zuen Brno hirian (Txekiar Errepublika) egindako EU Nations 2022 nazioarteko txapelketan.

Euskal taldeak bi garaipen lortu zituen taldekako fasean Galesen eta etxeko selekzioaren aurka, eta Ingalaterra Red taldearen aurka galdu zuen. Finalaurrekoan, Euskal Selekzioak Hungariaren aurka galdu zuen, eta huraxe izan zen txapelketaren garaile berria. Azkenean, emakumezkoen euskal taldeak 11-10 irabazi zuen Ingalaterra White taldearen aurka, eta hirugarren postua lortu zuen.

Kaleratze baliogabea izan den kasuetan oinarrizko eskubideak urratzearen ondoriozko kalte morala ordaintzea. Horien egiaztapena eta kuantifikazioa

Despido

Artikulu honetan, kaleratze baliogabea dela-eta oinarrizko eskubideak urratzearen ondoriozko kalte moralaren ordainaren arazoa aztertuko dugu, baita kalte-ordaina kuantifikatzeko modua edo formula ere.

Ikuspegi juridikotik, Lan arloko Jurisdikzioaren Legearen 183. artikuluaren azterketa hartu behar dugu abiaburu.

Xedapen horren arabera:

 1. “Epaiak urraketa egon dela adierazten duenean, epaileak erabaki beharko du zenbateko kalte-ordaina dagokion alderdi demandatzaileari, hala badagokio, oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen diskriminazioa edo beste kalteren bat jasan duelako, oinarrizko eskubidearen urraketari loturiko kalte moralaren arabera, bai eta eragindako kalte-galera gehigarrien arabera ere.”

2. “Auzitegiak kaltearen zenbatekoari buruzko erabakia hartuko du, eta zuhurtziaz zehaztuko du zenbateko zehatzaren froga zailegia edo nekezegia den, biktimari behar besteko ordaina emateko eta biktimari, ahal den neurrian, kaltearen aurreko egoera osoa berrezartzeko, bai eta kalteari aurre hartzeko helburuari laguntzeko ere.”

3. “Kalte-ordain hori bateragarria izango da, hala badagokio, lan kontratua aldatzeagatik edo azkentzeagatik langileari legokiokeen ordainarekin eta langileen estatutuan eta gainerako lan arauetan ezarritako beste kasu batzuetakoekin”.

4. “Zigor arloko prozedura batean delituaren edo faltaren ondoriozko kalte-galeren akzioa gauzatu denean, ezin izango da kalte-ordainaren eskaera lan arloko jurisdikzioan berriro egin, harik eta jurisdikzio horretan jarduteari uzten zaion arte edo jurisdikzio hori ebatzi gabe geratzen den arte, largespen edo absoluzio bidez, zigor arloko ebazpen irmoaren bidez; bien bitartean eten egingo da bide sozialean den akzioaren preskripzio epea”.

Xedapen hori aztertuta esan daiteke arau orokor bat eta salbuespen bat ezartzen direla bertan. Batetik, arau orokorra honako hau da: eskatutako kalte-ordaina zehazteko, inguruabar garrantzitsuak ezarri beharko dira, kaltearen larritasuna, iraupena eta ondorioak barne, edo langilearentzako kalteak kalkulatzeko oinarriak. Bestetik, salbuespena izango da oinarrizko eskubidearen urraketarekin lotutako kalte moralen kasuan, horiek kalkulatzea zaila denean, hori baita ohikoena nortasunaren esparruari lotutako ondareaz kanpoko kalte mota horietan.

Xedapen hori oinarri hartuta, lehenengo galdera da ea nahikoa ote den kalte moralaren kalte-ordaina eskatzea, nahiz eta ez oso modu zehatzean izan, egiaztatu denean oinarrizko eskubidearen urraketa izan dela kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortzeko.

Gai horri dagokionez, Auzitegi Gorenak otsailaren 23ko epaian (179/2022) adierazitakora joko dugu. Gorenaren abiapuntua kalte moralak kuantifikatzeak dakarren zailtasuna da; izan ere, arlo horretan ez dago kalte moral hori dakarren sufrimendua termino ekonomikoetan zehaztasunez islatzeko aukera ematen duen parametrorik, eta horrek zuhurtzia handiagoa dakar balorazioan, eta, neurri batean, lausotu egiten du “kalte-ordainaren quantuma” eta parametro objektiboen aplikazioak duen garrantzia, jasandako sufrimenduak, pairamenak edo kalteek ez baitute zuzenean edo sekuentzialki itzulpen ekonomikorik. Horregatik, eskatutako kalte-ordaina zehazteko garrantzitsuak diren inguruabarrak identifikatzeko Lan arloko Jurisdikzioaren Lege arautzailean jasotzen den eskakizuna salbuetsi egin behar da oinarrizko eskubidearen urraketarekin loturiko kalte moralen kasuan, horiek kalkulatzea zaila denean zehazki.

Gainera, Gorenak adierazten duen bezala, baliogabetzat jotako kaleratzeetan garrantzi berezia du ukigabetasun bermeak; izan ere, berme hori babes judizial eraginkorra izateko eskubidearen barruan kokatzen da (Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua), eta horri buruz Konstituzio Auzitegiaren 140/1999 Epaiak honako hau jasotzen du: “Babes eraginkorrerako eskubidea, epaile eta auzitegien jardunaren bidez ez ezik, ukigabetasun-bermearen bidez ere betetzen da, eta horrek esan nahi du ekintza judizialean edo hura prestatzeko edo haren aurreko ekintzetan, ezin dela ondorio kaltegarririk izan harreman publiko edo pribatuen eremuan horien protagonista den pertsonarentzat, eta lan harremanen esparruan, ukigabetasun bermearen ondorioz, ezingo da langilearen jardunaren ondoriozko errepresalia neurririk hartu, bere eskubideak babesteko helburuarekin.”

Auzitegi Gorenaren premisa horretatik abiatuta, kalte moral horren egiaztapenari eta kuantifikazioari buruz auzitegiak xedatu duena aztertuko dugu:

 a) Egiaztapenari dagokionez. Gorenak epai horretan onartzen du kalte moralak egotea erabat lotuta dagoela oinarrizko eskubidearen urraketarekin, eta, bereziki zaila denez zehaztasunez kalkulatzea, kalte-ordaina zehazteko eskakizun normalak malgutu egin behar direla, eta adierazten du ematen den epaiak oinarrizko eskubidea urratzearen ondorioen ordaina xedatu beharko duela, berariaz barne harturik kalte-ordaina eta kaltearen zenbatekoari buruzko erabakia hartu behar dela; zuhurtziaz zehaztu behar da kalte horren zenbatekoa zailegia edo neketsuegia denean, bereziki kalte moralen ordaina eman behar denean.

Horrela, kalte moralen kalte-ordainak aukera ematen dio organo judizialari zenbatekoa zuhurtasunez ezartzeko, erreklamatzaileari hura zehazteko oinarri zehatzagorik eta doiagorik emateko eskatu gabe; izan ere, arlo horretan ez dago kalte moralaren sufrimendua termino ekonomikoetara ekartzeko parametrorik.

 b) Kuantifikazioari dagokionez. Gorenaren arabera, kalte moralari atxikitako kalte-ordaina jasotzeko eskubidea onartu arren, kuantifikazioak ezin du ia automatikoa izan, malgua izan behar du eta ez mekanikoa, unean uneko inguruabarrei erantzun behar baitzaie (enpresan zerbitzuak ematen emandako denbora, soldataren zenbatekoa…), eta horiek organo judizialaren beharrezko zuhurtziazko irizpidearen arabera baloratuko dira.

Ondorioz, organo judizialak “kalte-ordainaren quantuma” baloratzeko orduan zuhurtziaren tarte handiagoa aitortzen da, eta oinarrizko eskubideak urratzeagatiko kalte-ordainari, kalte-ordainaren funtzioa ez ezik, prebentzioarena ere esleitzen zaio, eta horrek koherentzia ematen dio Lan arloko Arau-hausteei eta Zigorrei buruzko Legean aurreikusitako diru zehapenetara jo izanari.

María José Marcilla


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia

2022, Mutualiako Arreta-Zentroen udako ordutegia

horario

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan.

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean.

Mutualia Araba laguntza-zentroen 2022 udako ordutegia

  • HAR Vitoria-Gasteiz: 8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea. Abuztuaren 4,8,9an zentroaren ordutegia 8: 00etatik 15: 30era izango da.
  • LAUDIO:

Mutualia Bizkaia laguntza-zentroen 2022 udako ordutegia

  • ERCILLA KLINIKA: 24 ordu
  • BASAURI:
  • ERANDIO:
  • GERNIKA:
  • IURRETA:
  • SANTURTZI:
  • ZAMUDIO:

Mutualia Gipuzkoa laguntza-zentroen 2021 udako ordutegia

  • PAKEA KLINIKA: 24 ordu.
  • AZKOITIA:
  • BEASAIN:
  • BERGARA:
  • EIBAR:
  • IRUN:

Beste zentroak:

Mutualia Madril laguntza-zentroen 2022 udako ordutegia

Ordutegia, 2022ko abuztuaren 1etik 21era.~ ~ 08.00etatik 15.00etara, astelehenetik ostegunera.~ Ostiraletan 08:00etatik 14:30era

MutuaLex Epaia- 2022ko ekaina

sentencia

Gorenak irizpidea aldatu du eta alarguntza pentsioa kobratzeko izatezko bikote gisa inskribatuta egotea eskatu du.

Epai horren bidez, Auzitegi Gorenak zuzendu eta aldatu egin zuen duela urtebete sostengatutako doktrinan (2021eko apirilaren 7ko epaia) ezarritako irizpidea; izan ere, doktrina horretan atea ireki zitzaion ofizialki inskribatu gabeko izatezko bikoteek alarguntza pentsioa eskuratu ahal izateari, beste frogabide batzuen bidez egiaztatuz bizikidetza, hala nola erroldatze ziurtagiriaren bidez.

Egitatezko kasua

Administrazioak alarguntza pentsioa ukatu zion kausatzailearen bikotekideari, zeinarekin bizi izan baitzen etenik gabe 60ko hamarkadaz geroztik, errolda ziurtagiritik ondorioztatzen denez, eta zeinarekin izan baitzituen lau seme-alaba, Erregistro Zibilean jaulkitako jaiotza partidetan agertzen den bezala.

Ukapena apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen testu bategineko 38.4 artikulua aplikatuz egin zen, uste baitzen ez zela izatezko bikoterik egiaztatu lege agindu horretan zehatz-mehatz jasotako baliabideren baten bitartez.

Kasuari aplikatzeko araudia

Apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen testu bategineko 38.4 artikulua, non zehazten baitira izatezko bikotea egiaztatzeko baldintzak, honako hau adieraziz: “Bizilekua dagoen autonomia erkidegoko edo udaleko berariazko erregistroren batean inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiriaren bidez edo bikote hori eratu dela jasotzen duen agiri publikoaren bidez egiaztatuko da”.

Zuzenbideko oinarriak:

Auzitegiak berak adierazten duen bezala, kasazio interesa duen gaia honako honetan datza: indarrean dagoen 38.4 artikuluaren laugarren lerrokadan ezarritako betekizunak izatezko bikotea dagoela egiaztatzeko, alarguntza pentsiorako eskubidea sortzeari dagokionez, agindu horretan aurreikusitakoak baino ez diren, edo, aitzitik, legez aurreikusitakoez bestelako bide batzuen bidez egiaztatu daitekeen.

Horretarako, gai horri buruz bi interpretazio daudela hartzen du abiaburu Auzitegi Gorenak:

a) 2020ko maiatzaren 28ko epaian ezarritakoa:

Zeinak defendatzen baitzuen “izatezko bikote bat alarguntza pentsioa aitortzearen ondorioetarako era honetara baino ezin dela egiaztatu: 38.4 artikuluaren laugarren lerrokadan adierazitako bitartekoen bidez, hau da, bizilekua den autonomia erkidegoko edo udaleko erregistro espezifiko batean inskribatuta egonik edo agiri publiko baten bidez, eta biek izan behar dute gutxienez kausatzailea hil baino bi urte lehenagokoak”.

b ) 2021eko apirilaren 7ko epaian jasotakoa:

Zeinak honako doktrina hau ezartzen baitzuen: “Izatezko bikote bat ezin da egiaztatu soilik alarguntza pentsiorako eskubidea aitortzeko 38.4 artikuluaren laugarren paragrafoan adierazitako bitartekoen bidez, hau da, bizileku den autonomia erkidegoko edo udaleko berariazko erregistro batean inskribatuta egonda edo agiri publiko baten bidez, eta biek izan behar dute kausatzailea hil baino gutxienez bi urte lehenagokoak; elkarbizitza zalantzarik gabe egiaztatzen duen errolda ziurtagiriaren bidez edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein frogabideren bidez ere egiaztatu ahal izango da”.


Irizpide desberdintasun horren aurrean, Gorenak berak adierazi du beste erabaki bat hartu behar dela, bere doktrina argitzeko eta, hala badagokio, jurisprudentzia berresteko, indartzeko, osatzeko, zehazteko edo zuzentzeko.

Magistratuek defendatzen dute, doktrina desberdintasun hori justifikatzeko, 2021eko apirilekoaren kasuan oso zirkunstantzia partikularrak zeudela (erreklamatzen zuen pertsonak ez zuen diru-sarrera propiorik, etxekoandre gisa aritu baitzen beti, eta muturreko egoera bat zen), eta adierazten dute hor zehaztu zena salbuespena zela eta ez duela araua izan behar; horregatik onartu zuen izatezko bikote bat zegoela egiaztatzen zuen froga gisa errolda ziurtagiria edo elkarbizitza frogatzeko balio duen beste edozein bide.

Orain, Auzitegi horrek doktrina hori zuzendu eta 2020ko maiatzaren 28ko epaiari dagokiona berreskuratu du. Horretarako, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian oinarritzen da, zeinak baieztatzen baitu “arauak ezartzen duen alarguntza pentsioa ez dela izatezko bikote guztien aldekoa, bizikidetza egiaztatua duten bikoteen aldekoa baizik, legez ezarritako moduan eratutako bikoteen mesederako bakarrik (bizileku den autonomia erkidegoetako edo udaletako berariazko erregistroren batean inskribatuta egotearen ziurtagiria edo bikotea eratu dela jasotzen duen agiri publikoaren bidezkoa), eta horrek ez duela urratzen legearen aurreko berdintasunerako eskubidea”, zalantzan jarritako arauak ikuspegi konstituzionaletik justifikazio objektibo eta arrazoizko bati erantzuten diola baieztatzeagatik, pentsioen aitorpenean segurtasun juridikoa emateko eta Gizarte Segurantzaren prestazio sistema koordinatzeko.

Ondorio gisa, Auzitegi Gorenak zehaztu du, azkenik izatezko bikotea dagoela frogatzeko, alarguntza pentsiorako eskubidea aitortzeari begira, 170/1987 Errege Lege-dekretuaren 38.4 artikuluaren laugarren lerrokadan adierazitako bitartekoak erabili behar direla, hau da, bizilekua autonomia erkidegoan edo udalerrian berariaz inskribatuta egotearen bitartez edo agiri publiko bidez, eta biek kausatzailea hil baino gutxienez bi urte lehenagokoak izan behar dutela.

María José Marcilla


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia

Kontsulta juridiko 2022ko ekaina

consulta

Enpresa batek erabil al ditzake bideozaintzako kamerek grabatutako irudiak diziplinazko kaleratze batean froga baliagarri gisa?

Kontsulta hori ebazteko, Auzitegi Gorenak 2022ko martxoaren 30ean eman berri duen epaian horri buruz ezarritako irizpidea hartu behar dugu abiapuntutzat. Epai horretan, doktrina finkatu eta bidezkotzat jo zuen bideozaintzari dagokion froga kaleratze bat justifikatzeko.

Epai horretan, Barajasko aireportuan lehen mailako saltzaile gisa lan egiten duen langile baten kasua aztertzen da. 2018an kaleratu zuten, lantokian lapurretak egiteagatik, zortzi grabaziotan egiaztatutakoaren arabera.

Grabazio horiek enpresak lapurretak murrizten eta saihesten saiatzeko eta txikizkako merkataritzan ezagutzen ez diren galeren arazoari aurre hartzeko instalatutako kontrol sistemaren bidez hartu ziren.

Zaintza sistema horren bitartez hainbat kamera jarri ziren zentroen barruan eta kobratzeko makinen gainean.

Langileak bazekien bideozaintzako sistema hori jarrita zegoela (kamerak kartel itsasgarriekin seinaleztatuta zeuden, eta, horri esker, esparrura sartzen ziren pertsona guztiek, bai bezeroek, bai langileek, bazuten horren berri; gainera, langileen ordezkariei ere horren berri eman zitzaien), baina ez zen jakinarazi sistema horren helburua, esparrurako sarbidearen segurtasuna ez ezik, lan jardueraren kontrola ere bazenik.

Kontakizun faktiko horretan oinarrituta, Gorenak adierazten duen bezala, beharrezkoa da gatazkan dauden eskubide eta ondasun konstituzionalak haztatzea; langilearen datuak babesteko eskubidea eta enpresako zuzendaritzaren boterea. Horretarako, Auzitegi Gorenak 1999ko DBLO interpretatzeko doktrina konstituzionalera eta jurisprudentziaren doktrinara jotzen du. Doktrina horren arabera, bideozaintzaren bidezko langilearen datu pertsonalen tratamenduak ez zuen arau horren 6. artikuluaren onespenik behar (berariazko onespena), lan harremana betetzen dela kontrolatzera bideratutako neurria baitzen, eta, beraz, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluaren arabera, arau horren 5. artikuluko informazioa emateko betebeharra baino ez zen beharrezkoa.

Bestalde, kontuan hartu behar da enpresaburuari dagokiola “kaleratze gutunean egotzitako egitateak justifikatzeko egitate horiek egiazkoak direla frogatzea”; beraz, enpresaburuak defentsarako egokitzat jotzen dituen frogabideak erabiltzeko eskubidea du (Espainiako Konstituzioaren 24.2 artikulua), eta Auzitegi Gorenak adierazi zuen, kamera horien instalazioari dagokionez, neurri JUSTIFIKATUA zela, segurtasun arrazoiek, zentzu zabalean, jardueraren kontrola hartzen zutelako; EGOKIA zela helburu horiek lortzeko (arau hausleak aurkitu ahal izateko eta haien jokabideak zigortzeko); NAHITAEZKOA zela, helburu hori lortzeko ez baitago intrusio txikiagoko beste biderik, eta orobat PROPORTZIONATUA zela helburu horiek betetzeko.

Hori guztia oinarri hartuta, eta laburpen gisa, Auzitegi Gorenak berretsi du zaintzako kamerek grabatutakoa erreproduzitu izana neurri justifikatua, egokia, beharrezkoa eta proportzionatua dela froga lortzeko helburuarekin, eta, beraz, proportzionaltasun eskakizunak betetzen dituela. Ondorioztatzen du, bere ustez, neurri horrek justifikatzen duela oinarrizko eskubideak mugatzea eta enplegatzaileak ez duela langilearen berariazko baimenik behar segurtasun helburuarekin eta lan harremana betetzen dela kontrolatzeko enpresan instalatutako kameren bidez lortutako irudiak tratatzeko, eta langileari horren berri ematea baino ez dela beharrezkoa.

Auzitegi Gorenak dagoeneko finkatuta duen doktrina hori kontuan hartuta, era honetara ebatzi dezakegu kontsulta: zilegi da kaleratze batean bideozaintzako kamerek grabatutako irudiak baliozko froga gisa erabiltzea, baldin eta horien helburua lan harremana betetzen dela kontrolatzea bada, neurri justifikatutzat, egokitzat, beharrezkotzat eta proportzionaltzat jotzen delako.

María José Marcilla


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia

Babes zaitez berotik. Bero egiten duenean lan egiteko gomendioak

ola de calor

Udarekin batera, tenperatura altuak iristen dira, eta gehiegizko beroak langileari erasan diezaioke. Gorputzak baditu mekanismoak berora egokitzeko, baina, tenperatura oso altua denean, bero-kolpea gerta daiteke, eta ondorio larriak edo oso larriak eragin ditzake osasunerako.

Sintoma nagusiak hauek dira: gorputzeko tenperatura igotzea, buruko mina, zorabioak, gorakoak, arranpak, takikardiak… Eta horrek akidura, nahastea eta konbultsioak ekar ditzake, baita konorte-galera ere.

Langileek jakitun izan behar dute arrisku horietaz, eta prebentzio-neurri guztiak hartu behar dituzte; enpresaren zuzendaritzak aurrez eman beharko die neurri horien berri. 

Bero-kolperik ez izateko gomendio nagusiak

  • Ez egon eguzkitan luzaroan.
  • Kontsultatu UV erradiazioa: baxua, neurrizkoa, altua, oso altua, muturrekoa.
  • Hidratazioa: edan etengabe, nahiz eta egarririk izan ez.
  • Babestu eguzkitik; batez ere, burua eta lepoa. UV izpiekiko babesa duten eguzkitako betaurrekoak erabili. Kolore argiko jantzi lasaiak erabili, halako moldez non gorputzaren zati handiena estaliko duen. Erabili azala babesteko kremak.
  • Saiatu ez erretzen, otordu oparorik ez egiten eta edari alkoholdunik ez edaten.
  • Ez egin ariketarik bero handieneko orduetan (12:00etatik 17:00etara).

Nola jokatu bero-kolpea hartu duen pertsona batekin?

  • Jarri pertsona gerizpea eta giro freskoa dagoen leku batean.
  • Kordea badu, eman ura.
  • Kordea galdua badu, jarri etzanda, albo batera begira, eta saiatu freskatzen ura edo oihal bustiak erabilita.
  • Deitu 112ra, eta jarraitu osasun zerbitzuetakoen jarraibideei.

Prebentzioa enpresan

  • Langileak prestatu; beroari lotutako arriskuei aurre egiteko prebentzio-neurriak jakinarazi, baita haren eraginak eta izan ditzakeen ondorioak ere.
  • Langileei azaldu nola jokatu behar duten aipatutako sintomaren bat izanez gero; egiten ari diren jarduera eten beharko dute.
  • Atsedenaldiak maiz egin ditzaten ahalbidetu eta etenaldien maiztasuna areagotu; betiere, leku freskoetan.
  • Laneko ordutegiak egokitu. Txandak ezarri esposizioaren denbora edo intentsitatea murritz dadin, ahal dela.
  • Esposiziorik txikiena dagoen orduetarako planifikatu zereginik astunenak.
  • Isolatuta lan egitea saihestu.
  • Langilearen babeserako baliabide egokiak eman: hidratazioa, jantziak, eguzkitako krema…

Informazio gehiago:

LSOIN: “Trabajar con calor”

Osalan: “Estrés térmico: recomendaciones para trabajar con calor”

Kataluniako Generalitatea: “El calor durante la jornada de trabajo en verano”

MUTUALIA FOROAREN XVIII. EDIZIOKO HITZALDIAK

foro-mutualia-2022-pakea

Ekainaren 8tik 13ra bitartean, Mutualia Foroaren XVIII. edizioko jardunaldiak egin dira Gasteizen, Donostian, eta Bilbon.

Jarraian, bideo-ponentziak eta aurkezpenak eskainiko dizkizuegu.
Aurkezpen eta bideo horiek gaztelaniaz daude eta ez dira itzuli, hizlariek erabiltzen duten hizkuntza baita.

Lan-erreformaren funtsezko gaiak. 32/2021 Errege Lege Dekretua, abenduaren 28koa.

Kontratazioa (aldizkako finkoak, ordezkapenekoak eta produkzioaren inguruabarrak direla-eta)

Bideoa

Aurkezpena

Hizlaria: José Antonio Prieto, Mutualiako Pertsonen Garapeneko abokatua.

Prestakuntza-kontratuak

Bideoa

Aldi baterako enpregu-erregulazioko espedienteak (E.R.T.E.)

Bideoa

Aurkezpenak

Hizlaria: Susana Castaños, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.

 21/2021 Legea, abenduaren 28koa. Erretiro-pentsioaren erreforma

Bideoa

Aurkezpena

Hizlaria: Iñaki Esnal, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua.

Mutualia Foroak indarra hartu du Euskadin azken urteetan, lege-berritasun interesgarri eta konplexuenak praktikaren ikuspegitik aztertuta. Oraingoan, 400 lan-aholkulari inguru bildu ditu, proposatutako gaiek erakarrita: