Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko ekainaren 4tik 10erako astea.
2022ko ohiko Batzar Nagusirako deialdia
Ezohiko eta Ohiko Batzar Nagusia
2022ko uztailaren 15ean-12:30ean
Arriola pasealekua 26, Ibaeta auzoa (Pakea Klinika) Donostia
OHIKO ETA EZOHIKO BATZAR OROKORRETARAKO DEIALDIA
“MUTUALIA” Gizarte Segurantzarekin Lankidetza duen 2. zk.-ko mutuaren (Mutualia) Zuzendaritza Batzordeak, 2022ko martxoaren 29an egindako bileran, erabaki zuen Ohiko eta Ezohiko Batzar Orokorretarako dei egitea enpresaburu elkartuei, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluan eta erakundearen Estatutuetako 22. eta 23. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Batzarrok uztailaren 15ean izango dira, bata bestearen ondoren; 12:00etan lehen deialdian eta 12:30ean bigarren deialdian, Donostia-San Sebastiánen, Ibaeta auzoan, Arriola pasealekuko 26. zenbakian (Pakea Klinika). Hauek izango dira gai-zerrendak:
Ezohiko Batzar Orokorrerako gai-zerrenda
- Presidentearen agurra.
- Zuzendaritza Batzordeak proposatutako erakundearen indarreko Estatutuak aldatzeko proposamena onestea, hala badagokio; helburua da honako artikulu hauek aldatzea: 1., 3., 6., 26., 27.2, 34. eta 35. artikuluak.
- Aurreko proposamena onetsiz gero, Zuzendaritza Batzordeari berariazko baimena ematea aurreko erabakia gauzatzeko, eta Estatutuen testuan sartzeko Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioak proposatutako gehikuntza, aldakuntza edo zuzenketak.
- Bi ikuskatzaile izendatzea bileraren akta berretsi eta onesteko.
Ohiko Batzar Orokorrerako gai-zerrenda
- Presidentearen agurra.
- Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa aztertzea eta, hala badagokio, onestea, honako hauek barne: Aldi baterako finantza-inbertsioen, zuzkiduren eta ondare historikoaren aplikazioen txostena; Memoria, Gobernu Korporatiboaren urteko txostenarekin; 2021eko ekitaldiko balantzeak eta emaitzen kontuak, Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenen ondoren; eta 2021eko ekitaldiaren emaitza ekonomiko positiboa eta soberakinaren aplikazioa.
- 2023ko ekitaldirako Aurrekontuen Aurreproiektuari buruzko informazioa ematea eta, hala badagokio, onestea, eta Zuzendaritza Batzordeari ahalak eskuordetzea behar diren aldaketak sar ditzan Gizarte Segurantzaren Aurrekontuen Proiektuan.
- Prestazio Berezien Batzordearen 2021eko ekitaldiko kudeaketari buruzko txostena.
- Gobernu Korporatiboaren Politika Orokorraren aldaketa aztertzea eta, hala badagokio, onestea.
- Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatzea eta berritzea.
- Bi ikuskatzaile izendatzea bileraren akta berretsi eta onesteko.
- Presidentearen esku-hartzea.
- Galde-eskeak.
Estatutuen testua eta hura aldatzeari buruzko azalpen-txostena, aldi baterako finantza-inbertsioei buruzko txostena, Txostena, Balantzeak, Emaitzen Kontuak, Gobernu Korporatiboaren Politika Orokorra, eta Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak egindako auditoretza-txostenak mutualitatearen web-orrialdean (www.mutualia.es) kontsultatu ahal izango dira Batzar Orokorrak baino 15 egun lehenagotik, baldin eta azken horiek Mutualiari jakinarazi bazaizkio, eta, betiere, jakinarazten den egunetik aurrera.
Legitimazioa egiaztatzeko bidea eta aplikatzeko baldintzak:
Mutualiako kide diren enpresaburu guztiek dute bilerara joateko eskubidea, kide izateko hitzarmena indarrean badute Batzar Orokorren datetan; dena dela, sozietatearekiko betebeharrak egunean dituztenek soilik izango dute boto-eskubidea. Era berean, bertaratzeko eta botoa emateko eskubidea izango du elkartutako langileen ordezkariak ere, bai eta erakundeko langileen ordezkariak ere. Bertaratzeko eta botoa emateko eskubideak gauzatu ahal izateko, jakinarazten da sozietatearen egoitzan eta Mutualiaren egoitza operatiboan kontrol-erregistro eguneratu bat izango dela Batzar Orokorretarako deialdia egiten den egunean, kide diren enpresaburuei eta sozietatearekiko betebeharrak egunean dituztenei dagokiena, haiei buruzko datuekin; horrez gain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Elkartze Agiria erakutsiz ere egiaztatu ahal izango dira betekizun horiek. Mutualitateko kide den enpresaburu orok zuzenean nahiz ordezkaritza bidez Batzar Orokorretan izan nahi badu, “Bertaratze-txartela edota botoa eskuordetzeko txartela” izan beharko du; Mutualiako zentro horietako edozeinetan jaso ahal izango da, edo, bestela, www.mutualia.es webgunean ere eskuratu ahal izango da. Botoa elkartutako enpresaburu bati eskuordetu ahal izango zaio soilik, bai eta presidenteari edo Zuzendaritza Batzordeko edozein kideri ere.
Edozein zalantza edo galdera izanez gero: 94.425.25.03
Bilbo, 2022ko martxoaren 29a
Zuzendaritza Batzordea
PRESIDENTEA
Udan seguru gidatu: bermatu zure oporren arrakasta
Uda iristearekin batera, oporrez gozatzeko norbere ibilgailua erabiltzea ohiko praktika bihurtzen da. Urteko sasoi horretan, biderkatu egiten dira errepide bidezko joan-etorriak, eta, ondorioz, orduan gertatzen dira istripu gehien. Horregatik, oso adi egon behar dugu, eta joan-etorri horiek ahal bezain atsegin eta seguru egin behar ditugu.
Zer aholku edo jarraibide segururi jarraitu behar diegu?
Joan-etorri guztiak eta batez ere luzeak aurrez planifikatzea oso garrantzitsua da.
Bidea jakiteak (GPSa egoki erabiltzea), trafikoaren egoeraren eta klimatologiaren berri izateak eta deskantsatuta gidatzeak (atsedenaldiak antolatzea) bidaia antolatuagoa, erosoagoa eta seguruagoa bihurtuko dute.
Oso garrantzitsua da, era berean, patxada eta jarrera positiboa izatea, eta iristeko ordurik ez ipintzea.
Hori guztia, arauak errespetatuta, segurtasun-tarteak utzita eta abiadura-mugak ez gaindituta.
Gidatzearekin lotutako udako aholkuen artean, hauek nabarmenduko ditugu:
1. Ez gidatu eguneko ordurik beroenetan. Gidatzeko une egokienak egunsentia, goiza edo iluntzea dira. Ibilgailuak izan beharko lukeen tenperatura ideala 20 eta 23 graduren artean dago. Gradu asko badaude, gure gorputza gehiago deshidratatzen da, eta neke eta logura seinaleak agertzen dira; baldintzatzaile horiek gidatzean erreflexuak galarazi, eta errepideko edozein anomaliaren aurrean erreakzionatzea zailtzen dute.
Auto barruan gehiegizko tenperatura dagoela gidatzeak % 20ra arte areagotu dezake istripua izateko arriskua. Gainera, ordurik beroenetan, eguzki izpiek nabarmen murrizten dute gure ikuseremua, eta molestatu ere molestatu dezakete. Halakoetan, onena da berorik handieneko orduetan ez gidatzen saiatzea.
2. Bidaian zehar ondo hidratatu. Udan, joera dago gure gorputzeko likidoen galera areagotzeko, eta deshidratazioak gertatzen dira. Ondorioz, nekea eta nahasmena handitu egiten dira, eta horrek larriki kaltetzen du gure gidatze-segurtasuna. Konponbide erraz bat da likido asko edatea, eta aproposena, ura edatea, egarririk izan gabe ere. Horrela, gure gorputza hidratatuta izango dugu. Era berean, gomendagarria da nutrizio-ohitura egokiak izatea, elikadura osasungarrian oinarrituta.
3. Ez edan alkoholik eta ez egin jatordu oparorik. Udan ohikoa izaten da gertaerak ospatzeko edo ekitaldiak egiteko jendearekin biltzea, eta, gainera, bazkari-afariak oparoak izaten dira; horrek arazoak sor ditzake, esate baterako, nekea edo logura areagotzea. Halaber, janariarekin batera edari alkoholikoak edateak ere kalte egin diezaguke. Gure ibilgailua hartzen dugun bakoitzean, asko jatea eta alkohola edatea (gutxi bada ere) saihestu behar dugu.
4. Arropa arinak jantzi. Arropa erosoa eta arina janztea da aproposena ibilgailuaren barruko mugimenduak ahalik eta gehien errazteko. Gomendagarria da zirkulatzeko oinetako egokiak erabiltzea beti, are gehiago bidaia luzeetan. Eroso egotea funtsezkoa da egoki gidatzeko. Adi txankletekin gidatuz gero. Ez da batere gomendagarria, oso arriskutsua baita, eta debekatuta dago, gainera; beraz, zehapenak ekar ditzake.
5. Erabili eguzkitako betaurreko homologatuak. Begien bistakoa dirudi: eguzkiari aurre egiteko, onena betaurrekoak janztea da. Eguzki izpien zeharkako argiak murritz ditzakete, eta, beraz, ikuspena hobetzen dute, zeina ezinbestekoa baita zirkulatzen dugunean. Begiak babestea oinarrizkoa da; izan ere, gidatzean, hautematen dugun guztiaren % 90 ikusmenaren bidez hautematen dugu. Horregatik, garrantzitsua da eguzkitako betaurreko homologatuak izatea; bestela, ez dugu babes egokirik izango, eta arriskuan jarriko dugu gure begien osasuna.
6. Aldizka, atseden hartzeko geldialdiak egin. Bidaia luze bat programatu badugu, gomendagarria da 20 minutuko geldialdiak egitea, bizkortzeko. DGTk gomendatzen du gehienez ere 200 kilometro egindakoan edo bi ordutik behin atseden hartzeko. Atsedenaldi horietan, hala gidaria nola gainerako bidaiariak autotik jaits daitezke. Une egokia izango da hidratatzeko, indarrak hartzeko eta freskatzeko, bai eta artikulazioak luzatzeko ere, batez ere haurren kasuan. Gogoratu, ahal dela, itzalpean aparkatzeaz, ibilgailua gehiegi berotu ez dadin.
7. Ez erabili bidaiari-tokia ekipajearentzat. Motxilak edo maletak, edonolakoak direla ere, maletategian ondo jarrita eraman beharko dira, beti. Eserlekuen artean edozein objektu edo arropa zintzilik eramateak behar den bezala ikustea galaraz diezaioke gidariari. Halaber, bidaiarien bidaia desatseginagoa eta arriskutsuagoa bihur dezakete, ibilgailu barruan lekua kentzea baitakar. Kontuan izan behar dugu, bat-bateko balaztada bat edo talka bat egonez gero, bidaiariengana joan daitezkeela indar biziz.
8. Udako doikuntzak. Oso gomendagarria da konponketa-lantegi batera joatea, autoa osorik azter dezaten. Funtsezkoa da neguak ibilgailuan zer eragin izan duen ikustea; likidoen egoera egiaztatu behar da, eta kalteak izan ahal dituzten elementuak ordeztu, esate baterako, haizetako-garbigailuak edo gurpilak.
Azkenik, baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa, aipamen berezia egingo diegu distrakzioei, istripurik gehien eragiten duen arrisku-faktorea baitira, eta, batez ere, telefono mugikorrari eta gailu elektronikoei; halakoak erabiltzea eta gidatzea bateraezinak dira, erabat.
Gogoratu: “Bidaiatzeak hitzik gabe uzten zaitu, eta, gero, istorioen narratzaile bihurtzen zaitu”. Goza dezagun guztiok iristear dagoen udaz.
MutuaLex 204 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko maiatzaren 28tik ekainaren 03rako astea.