OPORRETAN GIDATZEA 

consejos mutualia conducir en verano

Uztailean eta abuztuan egiten dira ibilbide luzeko joan-etorririk gehien. 2021ean, pandemia baino lehenagoko mailetara iritsi ginen berriz, eta ia 91 milioi desplazamendu egin ziren. Aurten, zifra hori gainditzea espero da. Bestalde, kontuan izan behar dugu ibilbide motzeko desplazamenduak ere areagotuko direla bigarren mailako errepideetan, bai eta bidean ziklista eta oinezko gehiago ibiliko direla ere. Horrenbestez, uda honetan gidatuko baduzu, goza ezazu eta eragotz itzazu sorpresa ezatseginak, gomendio soil batzuei jarraituta soilik.  

1. PLANIFIKATU BIDEA ETA ATSEDENALDIAK.  

Ezinbestekoa da nahi ez diren ibilbideak saihestea, bide luzeagoetan barrena denborarik galdu nahi ez baduzu. Komeni da atseden hartzeko, jateko eta hidratatzeko geldialdiak planifikatzea (2 ordurik behin). Kontuan izan behar dugu hamabostaldiak aldatzen direnean egiten direla desplazamendurik gehien, batez ere abuztuaren 15ean (jaieguna hainbat autonomia erkidegotan eta udalerri askotako jaietako ospakizun-eguna).  

Igande arratsaldeetan ere, herritar asko beren bizilekuetara itzultzen direnez gero, trafiko-intentsitatea handiagoa izaten da hiriguneetara sartzeko, eta gaueko ordu txikietara arte luza daiteke trafikoa.  

Saihets dezagun bero handieneko orduetan edo gauez gidatzea ere, ohituta ez bagaude behintzat.  

2. GIDATZEAN.  

Errespeta ezazu bide bakoitzean ezarrita dagoen abiadura, eta zaindu ezazu aurreko ibilgailuarekiko segurtasun-tartea. Ez edan alkoholik gidatu behar baduzu, eta taldeko norbaitek edaten badu, zure erantzukizuna da hari gidatzen ez uztea.  

Itzali mugikorra edo jarri ibilgailu moduan, hori daukan gailua izanez gero. Bidaiari gisa bazoaz, ez utzi gidariari ez mugikorra ez nabigatzailea erabiltzen.  

Eraman ezazu segurtasun-uhala behar bezala lotuta, eta egiaztatu ibilgailuko gainerako kideek ere hala dutela. Adin txikikoek bidaiatuz gero, beti erabili behar dute homologaturiko haurren jarleku bat, haien altuerari eta pisuari dagokiena.  

Oso garrantzitsua da ateak ireki baino lehen begiratzea. DGTk behin baino gehiagotan errepikatu du “holandar erara” egiteko, hau da, jaitsiko garen lekuaren kontrako eskua erabilita. Hartara, erabiltzaileek beren burua behartzen dute gorputza biratzera, eta, beraz, kanpora eta atzera ondo begiratzera, inor ez datorrela ikusteko.  

3. MASKOTAK, ONDO LOTUTA.  

Maskotarekin bidaiatuz gero, ondo lotuta joan behar du (garraiatzailean, arnesarekin, segurtasun-uhalarekin, eserleku babesgarrietan…), eta gidariarengandik bereizita, gidatzean ez dezan eragin. Gainera, pentsatu behar da, ez badoa ondo lotuta, 60 km/h-ko abiaduran joanda, talka batean, 4 kg-ko maskota bat zugana atera eta zu joz gero 225 kg-ko indarrarekin jotzea bezala izango litzatekeela.  

4. MALETAK.  

Bidaia baino egun batzuk lehenago, komeni da maleteroa garbitzea eta bidaiarako behar ez dugun guztia botatzea edo beste nonbaiten uztea. Izan ere, lekua irabaziko dugu horrela. Koka itzazu objekturik astunenak behean eta erdian, grabitate-zentroa baxu egon dadin, eta eraman ezazu guztia ondo lotuta (maleteroko euste-puntuetan ainguratuta), ez dadin mugitu.  

Komenigarria da atzeko eserlekuetako segurtasun-uhalak lotzea ez badoa inor, istripua izanez gero ez dadin ekipajerik sartu bidaiari-lekuan.  

5. OINETAKO ETA ARROPA EGOKIAK.  

Arropa arinak jantzi, ibilgailuaren barruko mugimenduak ez diezazkizun oztopatu. Gida ezazu oinetako erosoak jantzita; ez diezazutela eragotzi ondo maniobratzea oinak pedaletan dituzula. Gomendagarria da ez janztea ez txankletarik, ez takoirik. 

6. ERAMAN DOKUMENTAZIOA EGUNERATUTA, ASEGURUA ETA IAT BARNE.  

Dokumentazioa behar bezala eraman behar dugu, hau da, asegurua egunean dagokion ordainagiriarekin, eta IAT gaindituta.  

7. TXALEKOA ETA TRIANGELUAK EDO LARRIALDI-ARGIA.  

Autoan, txaleko islatzaileak eraman behar dira, eta jantzi egin beharko dira autoa bazterbidean edo errepidearen erdian matxuratzen bada. Eta seinaleztapen-triangeluak edo V-16 larrialdi-argia ere bai.  

8. ORDEZKO GILTZA-JOKOA.  

Gomendagarria da autoko bigarren giltza-joko bat eramatea, bidaia luze bat edo egonaldi luze bat egiten badugu bizilekutik urrun. Familiako beste kide batek eramango ditu, eta nahigabe bat baino gehiago eragotziko duzu horrela.  

9. EZ HOTZ, EZ BERO.  

Ibilgailu barruko tenperatura ideala 21 eta 23 gradu artekoa da. Hortik gorako tenperaturak logura eragiten du. Hainbat azterlanen arabera, 23º C-tik gora izanda ez dira ikusten seinaleen % 3, eta 35º C-tik gora, gidariak 0,5 miligramoko alkohol-tasa izatearen antzeko sintomak izaten ditu.  

Jar dezagun nork bere aletxoa uda honetan ezbehar kopurua murrizteko, aholku sinple hauek praktikan jarriz.  

Uda on, eta gozatu, bada-eta ordua.