Abuztuaren 10ean (asteazkena) jarri zen indarrean 14/2022 Errege Lege-dekretua. Haren 29. artikuluan energia-kontsumoa murrizteko neurriak daude. 6 neurri ezarri dira:
- Mugak tenperatura-atalaseetan. Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) 3.8.1 ITaren 2. atalean adierazitako esparru habitagarri egokituetan:
- Administratiboa. Administrazio publikoak barne.
- Merkataritza: dendak, supermerkatuak, saltoki handiak, merkataritza-guneak eta antzekoak.
- Pertsonen bilguneak: Kultur arlokoak, ikuskizun publikoetarako eta olgetako jardueretarako establezimenduak, jatetxeak, eta geltoki eta aireportuak.
Honako hau bete beharko da:
a) Airearen tenperatura, berogailuz berotutako esparruetan, ez da izango 19 ºC-tik gorakoa.
b) Airearen tenperatura, hoztutako esparruetan, ez da izango 27 ºC-tik beherakoa.
c) Aipatutako tenperatura horiek % 30 eta % 70 bitarteko hezetasun erlatiboari dagozkio.
Adierazitako tenperatura-muga horiek, hala badagokio, lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 15eko 486/1997 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betetzeko doituko dira. Horrek esan nahi du airearen tenperatura, lan arinak egiten diren lokaletako esparru hoztuetan, ez dela izango 25 ºC-tik beherakoa.
- Aurrezte-neurrien aplikazioari buruzko informazioa eman beharko da, kartelen edo pantailen bidez.
- Kalerako aterabidea duten eraikin eta lokaletan itxiera automatikodun ateak edukiko dira.
- Erakusleihoen eta eraikin publikoen argiteria 22:00etan itzaliko da.
- Eraginkortasun energetikoari buruzko ikuskapenak aurreratzea, IT 4.2.1 eta IT 4.2.2an aipatutako instalazioetan.
- Artikulu honetan aurreikusitako betebeharrei EITEaren IX. Kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Neurrien aplikazioaz informatzeko beharra betetzeko, Mutualiak kartel hauek jarri ditu elkartutako enpresen eta autonomoen esku.