Nola eragiten dion horrek pentsioari eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) izena emateko betebeharrari
Kasu askotan, lan-bizitza aktibotik erretiratuta dauden langileak, beren ibilbidea dela eta, sozietate-erakundeetako zuzendaritza-organoetan kide gisa parte hartzera gonbidatzen dituzte. Sarritan, parte-hartze hori lankidetza bat baino ez da izaten, bertaratze-dieta hutsen bidez ordaindutako kidetza bat. Alabaina, horrelako kontuetan parte hartzeari uko egiten zaio nolabait; izan ere, batzuek uste dute ondorioak izan ditzakeela jasotzen duten pentsioan eta, beharbada, LAABen izena eman behar dutela.
Hau da kontuan hartu beharrekoa: sozietatearekiko (merkataritzakoa edo asoziatiboa) lankidetza horrek Gizarte Segurantzaren araubideren batean kokatzea dakarren ala ez, dela Araubide Orokorrean, dela LAABen. Jarduera hori dela eta araubide horietakoren batean afiliatu beharra izanez gero, horrek ondorioak izango lituzke, zalantzarik gabe, erretiratuak jasotzen duen erretiro-pentsio osoari dagokionez (normalean, Araubide Orokorretik jasotzen du).
Demagun lankidetzan diharduenak ez duela partaidetzarik kapital sozialean edo, izanda, ez dela iristen hura benetan kontrolatzeko aukera emango liokeen kuotara. Funtsean, kasu honen aurrean egongo ginateke: sozietatearen administrazio-kontseiluaren noizbehinkako bileretan kide gisa parte hartuko duen pertsona bat, trukean bertaratze-dietak bakarrik jasoko dituena.
Sozietatearen administrazio-kontseiluko kide diren pertsonek, irabazi-asmoz sozietatearentzat kudeaketa-lana egiten dutenek zuzenean, ohikotasunez eta pertsonalki (hau da, zuzendariak, kudeatzaileak, kontseilari delegatuak, presidente exekutiboak, etab.), LAABen izena eman behar dute, baldin eta, gainera, sozietatearen benetako kontrola badute, GSLOren 305.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Halakorik ez badute, ez dute LAABen afiliatuta egon behar, baizik eta GSAOn, besteren konturako langileen pareko langile gisa, GSLOren 136.2 eta 305.2 artikuluen arabera —langabezia-babesetik eta Soldatak Bermatzeko Funtsetik kanpo—.
Zuzendaritza-batzordean edo administrazio-kontseiluan noizean behin kide gisa parte hartzen duen pertsona baten kasua aztertzen ari bagara, eta pertsona horrek sozietatearen ohiko eta eguneroko kudeaketa-lanak egiten ez baditu, baizik eta eskuordetu ezin direnak bakarrik, trukean dietak kobratuz, oso zalantzazkoa da LAABen alta emanda egon behar izatea, eta are gutxiago GSAOn.
Esan bezala, GSLOko gaur egungo 305.2 artikuluan dago zehaztuta kontseilariak, haien ezaugarrien arabera, Gizarte Segurantzako Sistemaren araubideren batean sartuta dauden. Artikulu horretan ezarritakoaren arabera, LAAB araubidea aplikatuko zaie, nahitaez, honako hauei: «Kontseilari- edo administratzaile-karguan aritzeak dakartzan zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunak betetzen dituztenak, edo kapital-sozietate baterako beste zerbitzu batzuk ematen dituztenak, irabazi amoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietate horren benetako kontrola, zuzena edo zeharkakoa, badute. Nolanahi ere, inguruabar hori gertatzen dela ulertuko da baldin eta langilearen akzioak edo partaidetzak gutxienez ere kapital sozialaren erdia badira». Eta honako hau gaineratzen du: «Aurkako frogarik ez badago, langileak sozietatearen benetako kontrola duela ulertuko da, baldin eta baldintza hauetakoren bat betetzen bada:
- Bere zerbitzuak jasotzen dituen sozietatearen kapitalaren erdia, gutxienez, bizikide dituen bazkideen artean banatuta egotea, baldin eta haiekin ezkontza-lotura badu edo ahaidetasunezkoa, dela odolaren, ezkontzaren edo adopzioaren bidezkoa, bigarren mailarainokoa. 2. Kapital sozialean duen partaidetza haren herenaren parekoa edo handiagoa izatea. 3. Kapital sozialean duen partaidetza haren laurdenaren parekoa edo handiagoa izatea, baldin eta zuzendaritzako eta gerentziako lanak esleituta baditu.»
Horrenbestez, LAABen sartu behar izateko ezinbestekoa da:
- Zuzendaritza- edo gerentzia-eginkizunak betetzea.
- Edo, bestela, beste zerbitzu batzuk ematea, irabazi-asmoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietatearen benetako kontrola badu.
Zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunei dagokienez, bi figura bereizi behar dira. Batetik, kontseilari exekutiboa, hau da, normalean dedikazio profesionala eskatzen duten zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunak betetzen dituena. Bestetik, kontseilari pasiboa edo egonekoa, kontsulta- edo aholkularitza-eginkizunak soilik betetzen dituena eta batzarretan laguntzen duena; beraz, normalean bere karguek ez dakarte dedikazio profesionalik, ez, jakina, ohikotasunez egin beharreko lanik edo sozietatearen eguneroko eta zuzeneko kudeaketari lotutakorik.
Kasu honetan, eraginpeko pertsonak batzordekide gisa edo horren pareko gisa hartzen badu parte administrazio-kontseiluan, hau da, exekutiboa ez den kontseilari huts gisa, eta egiten duen bakarra bada administrazio-organoak deitutako bileretara joan ordainsari baten truke (bertaratze-dietak), eta horrek ez badakar dedikazio profesionala eskatzen dion zerbitzurik eman behar izatea sozietateari, ez litzateke beteko baldintza bakar bat ere kontseiluko kide hori LAABen afiliatu behar izateko, ez baitu zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunik betetzen eta ez baitu beste jarduerarik egiten sozietatearentzat, ez bada administrazio-organoak deitutako batzarretara noizean behin joatea. Funtsean, ez du egiten «kontseilari- edo administratzaile-kargua betetzeak berekin dakarren zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunik edo kapital-sozietate bati beste zerbitzu batzuk ematen dizkienik, irabazi-asmoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean».
Arrazoi berengatik, ez legoke GSAOra atxikita, ez baititu eginkizun horiek betetzen; beteko balitu, sozietatearen benetako kontrolik izan gabe, besteren konturako langiletzat jo beharko litzateke. GSLOren 7.1 a) artikuluaren arabera, Langileen Estatutuan ezarritako baldintzetan lan egiten duten besteren konturako langileak soilik sartuko dira nahitaez GSAOren aplikazio-eremuan. Bestalde, LEren 1.3.c) artikuluak ezartzen du pertsona hauek ez direla izango besteren konturako langileak: “Sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan kontseilari-kargua edo administrazio-organoetako kidearena soilik betetzen dutenak, baldin eta enpresaren barruan kargu horri datxezkion eginkizunak bakarrik egiten badituzte”.
Beraz, azaldutakoa bezalako egoera batean ez litzateke GSAOn edo LAABen afiliatuta egoteko beharrik izango, eta, beraz, erretiro-pentsioa ez litzateke murriztuko GSLOren 214.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Jarduerak zuzenean, ohikotasunez, pertsonalki eta ordainsari baten truke lan egitea eskatzen duelako erretiratuak LAABen edo GSAOn alta eman behar badu, pentsa liteke, erratuta, sozietateak enplegatuak izanez gero haren erretiro-pentsio osoa babestuta geratuko litzatekeela. Azpimarratu behar da salbuespen hori, zeina artikulu berean jasotzen baita, soilik aplikatuko dela langile erretiratuak beste pertsona bat kontratatzen badu jarduera horretarako, eta hori ez da, inola ere, sozietateak enplegatuak izatearen parekoa.
Azken batean, erretiratuaren jarduera administrazio-kontseiluaren bileretan kide gisa edo horren baliokide gisa esku hartzera mugatzen bada, beste jarduera gehigarririk gabe, jarduera horretan aurrera egin daiteke, erretiro-pentsioa babestuta geratuko den gutxieneko segurtasunarekin.
Iñaki Esnal Zalakain
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letratua