Mutualiako osasun-zentroen 2023ko Aste Santuko ordutegia

reloj

Mutualiako osasun-zentroen ordutegia aldatu egingo da 2023ko apirilaren 3tik 14ra.

Ercilla eta Pakea klinikek 24 orduko ohiko zerbitzua dute.

Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak ere ohiko ordutegia mantenduko du 08:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretatik kanpoko larrialdiak Vithas Ospitalean artatuko dira (lehengo San Jose Ospitalean).

OSASUN-ZENTROen ordutegia honako hau izango da apirilaren 3tik 14ra:

ARABAKO OSASUN-ZENTROEN ORDUTEGIA

EHO Vitoria-Gasteiz: Ordutegia mantentzen du 8:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera.

Ordutegitik kanpo: Vithas Ospitalea (lehengo San Jose ospitalea)

  • Laudio: 8:00etatik 15:30era

BIZKAIKO OSASUN-ZENTROEN ORDUTEGIA

ERCILLA KLINIKA: 24 ordu

Mutualia Bizkaiaren osasun-zentroen ordutegia EZ da aldatuko: 8:00etatik 19:00etara. ONDORENGOAK IZAN EZIK:

  • Gernika: 8:00etatik 15:30era (ohiko ordutegia)
  • Zamudio eta Erandio: apirilaren 11tik 14ra, ordutegia 08:00etatik 15:30era izango da.

GIPUZKOAKO OSASUN-ZENTROEN ORDUTEGIA

PAKEA KLINIKA: 24 ordu

Gipuzkoako Mutualiaren osasun-zentroen ordutegia aldatu egingo da: 08:00etatik 15:30era.

  • Azkoitiako zentroa itxita egongo da.

Mutualiaren Ekitaldia: Adimen Artifiziala, 0Bidean Aintzatespenak eta LAP Argazki Lehiaketako sariak

Mutualiak Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna ospatzeko antolatu duen ekitaldi honetara gonbidatzen zaitu: “Mutualia. Adimen artifiziala lan-esparruan. 0Bidean Aintzatespenak eta 2023ko argazki-lehiaketako sariak ematea”.

Ekitaldian, laneko istripuak murrizten ekarpen nabarmena egiten duten enpresentzako 0Bidean 2023 Aintzatespenak emango dira, baita urtero gizartean laneko arrisku-prebentzioaren balioak azpimarratzeko antolatzen dugun Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Argazki Lehiaketaren XX. Edizioko sariak ere. 

Eta hitzaldi interesgarri bat izango dugu, “Adimen Artifiziala lan-esparruan. Araudia, arriskuak eta aukerak” izenburuarekin, hizlari hauen eskutik: Guillermo García González, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle titularra eta Amanda Moreno Solana, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UHUN) Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzenbideko irakaslea.

Osalanek 2023ko apirilaren 24an eta 25ean antolatutako “Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko Nazioarteko V. Biltzarrean” izango da ekitaldia.

Ekitaldiaren programa:

  • Ekitaldiaren aurkezpena
  • Hitzaldia: “Adimen Artifiziala lan-esparruan. Araudia, arriskuak eta aukerak”.
  • Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Argazki Lehiaketaren XX. Edizioko sariak ematea.
  • 0Bidean 2023 aintzatespenak ematea.
  • Amaiera, familia-argazkia eta otordua.

Tokia: Euskalduna Jauregia

Data: 2023ko apirilaren 24a

Ordua: 17:30etatik 19:00etara

Gainera, hilaren 24an eta 25ean, Laneko Segurtasunaren eta Osasunari buruzko Nazioarteko V. Biltzarrean izango dugun standean bisitatu gaitzakezue. Han, laneko ongizate fisiko eta emozionalaren esparruan prebentzio-aholkularitzatik eskaintzen ditugun zerbitzurik berrienak azalduko ditugu.

(Edukiera mugatua)

Elkarrizketa: Ana Santiago (SISTEPLANT)

Ana Santiago SISTEPLANT

Ana Santiago, SISTEPLANTeko CEOa, Espainiako TOP 100 emakume liderretakotzat aitortu dute. Industria-ingeniaritza aurreratuaren sektoreko enpresa liderra da SISTEPLANT.

Zorionak industria-ingeniari gisa egin dizuten azken aitorpen honengatik. Zure ustez, epaimahaiak zer faktore nagusi balioetsi ditu zu Espainiako 100 emakume liderren artean sartzeko?

Ekimenaren helburua da agerian jartzea emakumeak hainbat esparru ekonomiko eta sozialetan betetzen duen rola. Nire kasuan, ETE eta startupen kategorian hautatu naute. Faktore giltzarrietako bat zera izan da, Sisteplantek industriaren garapenari eta berrikuntzari egiten dien ekarpena, bai eta teknologia berriekiko dugun pasioa ere.

Zer mezu helaraziko zenieke etorkizuneko belaunaldiei STEM diziplinetarako bokazioak bultzatzeko, batez ere emakumeen artean?

Teknologiak azkar egiten du aurrera. Aurrerapen horren parte izatea eta mundu hobe bat sortzen laguntzea zirraragarria da.

«STEM diziplinak bide egokia dira munduko erronketako batzuk jorratzen ari diren inguruneetara belaunaldi berriak hurbiltzeko».

Gainera, teoria eta praktika konbinatzen dituen prestakuntza batean pentsatzen badugu, konbinazio perfektua izango dugu.

Euskadiko industria-sektoreak zeregin garrantzitsua du, eta, hura garatzeko, beharrezkoa da etorkizuneko langileak prestatzea, bai unibertsitatean, bai lanbide-heziketako zentroetan.

Erronka berri baten aurrean al gaude lan-ingurunean, Euskadiko industriaren beharretara egokitzen diren profilen eskariari dagokionez?

Asko aurreratu da azken urteotan, baina oraindik badago lana. Industria gizarte baten ongizatearen funtsezko faktoreetako bat da, eta oso ahalmen handia du gainerako sektoreak bultzatzeko. Hain zuzen, industria-enplegu bakoitzak 4 ere sor ditzake zerbitzuen sektorean, eta, gainera, kualifikazio handiko beste enplegu batzuk ere eragiten ditu, hala nola zentro teknologikoetan, unibertsitateetan eta abar.

Azken urteotan, prestakuntza-programa berriak garatu dira, bai lanbide-heziketako eskoletan, bai unibertsitateetan. Programa horiek hauekin hibridatzen dute prestakuntza teknikoa: datuen analitika eta interpretazioa eta osasun-munduko prozesu eta merkatuen aldagaien portaeraren aurreikuspena. Era berean, enpresak eta prestakuntza-zentroak gero eta hurbilago daude elkarrengandik, bai prestakuntza praktikoa sustatzeko, bai industriaren beharrak ulertzeko.

«Bide onetik goaz, baina ez dugu bide hori alde batera utzi behar: argi dago arlo horietan espezialista-gabezia dagoela gaur egun, eta, era berean, argi dago profil horiek beharko direla etorkizunean».

Zure ibilbide profesionalean zehar, SISTEPLANT industria-ingeniaritza aurreratuaren sektoreko enpresa lidertzat har dadin lortu duzu.

Pertsonak al dira eraldaketa horren motorra?

Sisteplant duela 38 urte sortu zen, erronka industrialak konpontzeko eta haiei aurre egiteko asmoz. Gaur egun 160 pertsona gara, zenbait egoitzatan banatuak, eta gehienok profil teknikoa dugu.

Gure jarduerak bi arlo hauek konbinatzen ditu: fabriken eta prozesu disruptiboen diseinua eta haien digitalizazio fisiko eta «adimenduna». Berrikuntzak eta erronka teknologikoek mugitzen gaituzte.

Duela 10 urte, hausnarketa sakon baten ondoren, etorkizuneko fabrikak nolakoak izan behar zuten definitu genuen. Horren guztiaren emaitza gure Tecnoiplant eredua izan zen, zeinak teknologia, pertsonak eta digitalizazioa barne hartzen baititu.

«Pertsonak dira edozein eraldaketaren ardatz nagusia, sektorea edozein dela ere, eta, gure kasuan, are gehiago. Horregatik, ahalegin handia egiten dugu talentu kualifikatua erakartzeko eta atxikitzeko, batez ere erronka teknologikoei ekiteko helburuarekin».

Hiri adimendunez, etorkizuneko fabrikez, robotika kolaboratiboaz… ari gara. Nola lagundu dezake ingeniaritzak ingurune osasungarriak sustatzen eta garatzen?

Etorkizuneko hiriek eta etorkizuneko lantegiek oinarri komun bat dute: pertsonen zerbitzura dagoen teknologia, gizarte hobe bat lortzeko eta belaunaldi berrien etorkizuna bermatzeko.

«Ingeniaritza da espazio horiek sortzen laguntzen duen diziplina. Gaitzaile teknologikoen eta tresna informatikoen potentzialik handiena ateratzen du, ingurumena errespetatzen duten espazio jasangarriagoak sortzen ditu, eta, jakina, balio erantsiko produktu eta prozesuak sortzen ditu».

SISTEPLANTek erakutsi du konpromiso sendoa duela berrikuntzarekin, eta, horren ondorioz, apustu handia egiten duela digitalizazioan eta I+G+Bko inbertsioan. Hori al da haren garapenaren eta hedapenaren gakoetako bat? Zein dira SISTEPLANTen etorkizuneko erronkak?

Argiak dira berrikuntzaren aldeko gure apustua, gure giza kapitalaren garapena—diziplina anitzeko talde konprometitu bat—, eta, batez ere, gure ametsen, epe ertainerako planen eta epe laburrerako erreakzio-gaitasunaren arteko oreka.

«Gure fakturazioaren % 20 I+Gko proiektuetara bideratzen dugu, eta, estrategia horri esker, gure bizitzako 38 urteetan abangoardia izan gara industrian».

Gure erronkei dagokienez, lehen esan dudan bezala, asko dira. Alde batetik, nazioarteko hedapena. Mexikon eta Brasilen gaude, baina beste lurralde batzuetan ezartzeko asmoa dugu. Lurralde berri horietan talentua erakartzea eta gure kultura eta egiteko modua garatzea erronka handia da, argi eta garbi.

Arlo teknologikoan, gure Promind adimen artifiziala optimizatzeko lanean ari gara, bai eta bilakaera teknologiko sendo batean ere, bai mantentze-lanen arloan, bai balio-katearen kudeaketa integral eta digitalean, monitorizazio- eta iragarpen-sistema adimendunen bidez.

Ana Santiago elkarrizketa entzun

Ir a descargar

Plataforma hauetan dago eskuragarri:

spotify
apple_podcasts
google_podcasts
youtube
ivoox

Mutualex epaia 2023ko Martxoa

sentencia

Erretiro aurreratuko pentsio baten onuradunak ez ditu betetzen ezintasun iraunkor osoko pentsioa sortzeko eskakizunak

mazo

Auzitegi Gorenak, 2023ko otsailaren 22ko epaiaren bidez, kasatu eta baliogabetu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 2019ko urriaren 15ean emandako epai bat , 2019ko maiatzaren 10eko epai bat berresten zuena (Bilboko Lan Arloko 2. Auzitegiaren epaia), erretiro aurreratua hartu zuen pertsona bati gaixotasun arruntagatiko ezintasun iraunkor osoa aitortu ziona; orain epai hori ezereztu egin da.

GSINek bide administratibotik (2018ko irailaren 17ko ebazpena) ezetsi egin zuen erretiro aurreratua hartu zuen pertsonak ezintasun iraunkor osoa aitortzeko egindako eskaera, alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran ez egoteagatik; pertsona horrek 2018ko otsailaren 28an hartu zuen baja Langile Autonomoen Araubide Berezian, eta erretiro aurreratura igaro zen 2018ko martxoaren 1ean.

Errekurritutako epaiaren eta Kataluniako Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 2007ko urtarrilaren 8an emandako epaiaren (187/2006 errekurtsoa) arteko kontraesanean oinarritutako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan orain Auzitegi Gorenak adierazten duenez, soilik aztertzen da “ea auzi-jartzaileak, zeinak erretiro aurreratuagatiko pentsio bat jasotzen baitu,  betetzen duen ezintasun iraunkor osoaren pentsioa sortzeko eskakizun hau: alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran egotea kontingentziaren unean”.

Orain arte Auzitegi Gorenak ez du hartu alderdi horri buruzko erabakirik. Aldiz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2018ko uztailaren 3an emandako beste epai baten aurkako errekurtsoan Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai bera kontraesankor gisa aipatuz, planteatua zitzaion auzi honetan epaitzen denaz bestelako auzigai bat: izan ere, EAEko auzitegia, aldi hartan, auzi-jartzailearen gaitz horiek, larritasunagatik, ezintasun iraunkor osoagatiko pentsio bat sortzeko adinakoak ziren aztertzera mugatu zen. Argudiatu zuen larritasunak justifikatzen zuela eskatzen zen ezintasun iraunkor osoko edo ezintasun iraunkor partzialeko maila, eta, aztertu gabe ea Gizarte Segurantzako altaren edo altarekin parekatutako egoeraren eskakizuna bete beharrekoa zen, ezintasun iraunkor partzialeko egoera aitortu zion erretiro aurreratuagatiko pentsioaren onuradun bati. Auzitegi Gorenak, 2021eko uztailaren 21ean (4311/2018 errekurtsoa), kontraesana ukatuz ebatzi zuen, eta irmotzat jo zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia.

Kontraste-epaia, aztertzen ari garen errekurtsoan orobat alegatua, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2007ko urtarrilaren 8an eman zuen epaia da,,  zeinak instantziakoa berretsi baitzuen. Epai horren bidez, eskatzen ziren ezintasun iraunkorraren maila guztietarako (osoa edo, subsidiarioki, partziala) aukera ukatzen zen, eskatzailea erretiratuta zegoelako, erretiro aurreratua izan arren.

Hain zuzen, hori da aztertzen ari garen epaia eragin duen kasazio-errekurtsoaren xedea, zeren “auzigaia baita ea auzi-jartzaileak, zeina erretiro aurreratuagatiko pentsio baten onuraduna baita, ezintasun iraunkor osoko pentsioa aitortzeko eskubidea duen ala ez”. Auzitegi Gorenak ondorioztatu du kontraesana dagoela errekurritutako EAEko Auzitegiaren epaiaren eta Kataluniako Auzitegiak emandako epaiaren artean.

Gorenak, kontraesanaren eskakizuna aztertu ondoren, legezko agindu hauetan oinarritzen du errekurtsoaren baiestea:

 “1.- GSLOren 195.1 artikulua, 165.1 artikuluarekin lotuta, zeinak, ezintasun iraunkor osoko pentsioari dagokionez, eskatzen baitu onuraduna alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran egotea. Bestalde, GSLOren 195.4 artikuluak eskakizun horretatik salbuesten ditu ezintasun iraunkor absolutuagatiko eta baliaezintasun handiagatiko pentsioak.

 2.- Erretiro aurreratuagatiko pentsioaren onuraduna: a) Ez dago alta-egoeran, ez baitu egiten 84/1996 Errege Dekretuaren 7. artikuluan eta harekin bat datozenetan sar daitekeen jarduerarik (artikulu horiek Gizarte Segurantzako dagokion araubideko alta arautzen dute). b) Ez dago altarekin parekatutako egoera batean, erretiro aurreratua ez baita jasotzen 84/1996 Errege Dekretuko 36.1 artikuluan.

Ondorioz, auzi-jartzaileak, zeinak erretiro aurreratuagatiko pentsioa jasotzen baitu, ez ditu betetzen ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa sortzeko eskakizunak.

 

David Erauskin Perez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Kontsulta juridiko 2023ko Martxoa

consulta
kontsulta

Gizarte Segurantzako administrazioak ofizioz berrikus al ditzake kokatze-egintzak, lan-jurisdikziora jo gabe?

2023ko urtarrilaren 12tik aurrera bai, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean 1/2023 LEDak egindako erreformaren ondorioz.

 

Beste aldaketa batzuen artean, honako hauek nabarmentzen dira planteatutako gaiari dagokionez:

 

  • 5. artikulu berri bat txertatzea (afiliazioa, altak, bajak eta datu-aldaketak ofizioz berrikustea):

“Aurreko apartatuan aipatzen diren prozeduretako edozeinen bidez egiaztatzen bada afiliazioa eta altak, bajak eta datu-aldaketak ez datozela bat legeetan eta haien xedapen osagarrietan ezarritakoarekin, Gizarte Segurantzako Administrazioaren erakundeek ofizioz berrikusi ahal izango dituzte gai horietan emandako egintzak, edozein unetan, eta desegoki deklaratu ahal izango dituzte, deuseztasunez edo deuseztagarritasunez, kasuan kasu, haiek xedatzen dituzten arauetan ezarritako prozeduraren arabera, eta lege eta xedapen osagarri horietara egokitzeko behar diren administrazio-egintzak emango dituzte.

Halaber, edozein unetan zuzenduko dira afiliazioaren, alten, bajen eta datu-aldaketen esparruan emandako egintzetako akats materialak edo egitezkoak eta aritmetikoak”.

  • artikulua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kuota-likidazioen gainean dituen egiaztatze-ahalmenak) berriro idaztea.
  • artikuluaren 1. eta 2. apartatuak aldatzea (enpresariek datuak inskribatzea eta aldatzea).
  • artikuluaren 2. apartatua aldatzea (kotizazio-betebeharrak ez betetzeagatik emandako egintzak ofizioz berrikustea).

Gizarte Segurantzaren Administrazioari dagozkion ofiziozko berrikuspen-ahalmenak jasotzen dituen (gai horri buruzko legezko preskripzioak ez betetzeagatik egin beharreko kokatze-egintzei dagokienez) Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 16., 138. eta 139. artikuluen erreformaren justifikazioa arauaren zioen azalpenean bertan jasota dago, honako hau dioenean: “Saihestu egingo da egintza horien inpugnazioa Lan Jurisdikziora eramatea, horrek kolapso eta atzerapenak eragin baititzake administrazio-kudeaketan eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak iruzurraren aurkako borrokan egindako proposamenetan, baita jurisdikzio horretako organo judizialen auziak eta lan-karga areagotu ere”.

Arau-aldaketaren garrantzia azaltzeko, zioen azalpenak saihestu daitezkeen prozedura judizialen kopurua kuantifikatzen du jarraian: “Ildo horretan, adibidez, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak, 2018. eta 2021. urteen artean, langileen 24.000 alta-mugimendu baino gehiago baliogabetu ditu, ez dagozkiolako benetako jarduera bati. Horrek esan nahi du, lan-simulazioen edo lan faltsuen ondorioz egindako berrikuspenen esparruan bakarrik, 24.000 prozedura judizial baino gehiago sustatu behar ziratekeela adierazitako lau urteetan”.

Urtarrilaren 12tik aurrera, Gizarte Segurantzako Administrazioko organo eskudunek eskumen berri honen esparruan egiten dituzten egintzak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratuko dira.

Kontsultatutakoaren harira, aipatzekoa da 2023ko martxoaren 2tik aurrera ondorioak izango dituen erreforma garrantzitsua, Lan-arloko jurisdikzioa arautzen duen Legearen 148. artikuluan araututako ofiziozko prozedura lan-arloko jurisdikzioaren eskumenetik desagerrarazten duena, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legeak d) apartatua indargabetzeagatik.

 

“Laneko Ikuskaritzak eta Gizarte Segurantzak egindako edozein arau-hauste- edo likidazio-aktaren aurka, 3. artikuluko f) letran ordena sozialeko ezagutzatik kanpo utzitako Gizarte Segurantzako gaiei buruzkoa bada, arduradunak aurkaratu duenean, lan-agintaritzaren iritziz ikuskapen-jardunaren xede den harreman juridikoaren lan-izaera hutsaldu dezaketen alegazio eta probetan oinarrituta.

Ofiziozko demanda:  … . Demanda onartuz gero, administrazio-espedientea eten egingo da … . Epai irmoa lan-arloko agintaritzari jakinaraziko zaio eta horretan ebatzitako puntuetan loteslea izango da lan-arloko agintarientzako eta arau-hauste- edo likidazio-akta aurkaratzen zaien administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoentzako”.

Susana Castaños del Molino


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Ez-egitezko inkongruentzia epaitegi eta auzitegien epaietan; betekizunak eta ondorio juridikoak

bombilla e ideas

Epai judizialen kongruentzia eskatutakoaren eta ebatzitakoaren arteko funtsezko bat-etortze moduan definitzen da, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa epaiak adostasun literal eta zurrunik izatea alderdien eskakizunekin, baizik eta adostasun arrazionala eta malgua. Kongruentzia, beraz, alderdien jarduera prozesal jakin baten eta epaileak epaian emandako erabaki- edo ebazpenaren arteko korrelazio-behar gisa planteatzen da.

Prozedura Zibilaren Legearen (PZL) 218.1 artikuluan zehazten da epaiek argiak, zehatzak eta kongruenteak izan behar dutela, alderdiek garaiz egindako demandei eta gainerako uziei dagokienez. Halaber, argitzen du ezen auzitegiak, alderdiek egitezko zein zuzenbideko oinarrietan bermatuz epaiketan zerbait eskatzeko duten arrazoitik desbideratu gabe, kasuari aplikagarri zaizkion arauen arabera emango duela ebazpena, auzilariek arauok behar bezala aipatu edo alegatu ez badituzte ere.

Epaile eta auzitegien babes eraginkorrak (Espainiako Konstituzioaren —EK— 24.1 artikulua) ez du barne hartzen legezko xedapenak hautatzeari, interpretatzeari eta aplikatzeari dagokien trebetasun judizialerako eskubiderik, baina barne hartzen du, beste alderdi batzuen artean, ebazpen judizial arrazoitu bat lortzeko eskubidea; lehenik eta behin, ebazpenak behar den mailan arrazoitua izan behar duela jotzen da; hau da, erabakia zer irizpide juridikotan oinarritu den jakiteko judizio-elementu eta -arrazoiak jaso behar ditu. Arrazoitzeak zuzenbideko oinarri bat izan behar du, horrek bermatzen baitu erabakia ez izatea legearen aplikazio arbitrario baten ondorio, eta ez izatea nabarmenki zentzugabea, ageriko akats batean edo oinarri juridikoen arteko edo oinarri juridikoen eta epaiaren arteko kontraesan nabarmen batean oinarritua. Izan ere, kasu horretan, legezkotasuna itxurazkoa baino ez litzateke izango.

“Behar bezain arrazoitua” izateko, ez da nahikoa ondorio faktiko edo juridiko bat azaltze hutsa; beharrezkoa da arrazoiketa edo inferentzia. Azalpen formal hutsak, inolako argudiorik gabe eta kasuari eta eztabaidagai den instituzio juridikoari erreferentzia egiten dion arrazoiketarik gabe, erakusten du erabakia ez dela arrazoitu arauaren ratioarekin alderatuta, eta, halaber, erakusten du irtenbide hermeneutikoa ez datorrela bat instituzioak bilatzen dituen helburuekin eta haren aurresuposamenduekin, kasuaren egoerak kontuan hartuta.

Ez-egitezko inkongruentziaren akatsa egiten da organo judizialak alderdiek planteatutako gairen bati erantzuten ez dionean, betiere isiltasun judiziala ezin bada ulertu ebazpenaren edukien arrazoiketetatik eratortzen den isilbidezko ezespentzat, babes judizial eraginkorrerako eskubideak ez baitakar berekin uziaren oinarritzat ematen diren alegazio guztien erantzun esplizitu eta xehatu bat. Funtsezko eskubide horren ondorioetarako, kasuaren egoera partikularrak kontuan hartuta, nahikoa izan daiteke alderdiek egindako alegazioei uziaren erantzuna azaltzen duen erantzun orokor bat ematea, alegazio zehatz ez-substantzial bakoitzari erantzun espezifiko bat eman gabe. Doktrina ezagun hori azaltzeko garaian, berriro adierazi behar da kongruentziak erantzuna eskatzen duela: uzien beren erantzunez gainera, funtsezko alegazioen erantzuna ere bai. Izan ere, babes judizial eraginkorraren funtsezko eskubidea urratzen da uziari ez zaionean erantzunik ematen eta, halaber, organo judizialak alde batera uzten duenean alderdietako batek modu egokian planteatutako funtsezko alegazio bati buruzko ohar oro.

Kongruentziaren betebeharra benetako uziei dagokienez baino ez da ezartzen, haietako bakoitza erantzun zehatza behar duen causa petendi bilakatzen baita.

Erantzun falta beti ez da ez-egitezko inkongruentzia; izaera hori edukitzeko, funtsezko ezaugarri hauek izan behar ditu: alde batetik, auzitegiak uziaren elementu baten berri izatea eta haren inguruan erabakia hartzea esanguratsuak izatea epaia zehazteko garaian; beste alde batetik, organo judizialak epaian hari ez ematea erantzun berariazko edo inpliziturik. Alderdi bati buruzko erabaki falta baldintza horiek betetzen direnean bakarrik izango da justiziaren uko tazitua, eta, beraz, EKren 24.1 artikuluan zehazten denaren aurkakoa izango da.

Ez-egitezko inkongruentziaren akatsa epai judizialaren eta alderdien uzien azalpenen arteko desadostasun bat da, gehiago edo gutxiago eman delako, edo eskatzen zenaz bestelako zerbait eman delako. Babes judizial eraginkorrerako eskubidea urratzea dakar horrek, betiere desbideratze horren “izaera dela-eta” gatazka prozesalaren zehaztapenak modu esanguratsuan aldatzen badira.

Ez-egitezko inkongruentziaren pean erori den auzitegiaren edo epaitegiaren jarduketen atzeraeragina eta beste epai bat eman behar izatea dira inkongruentzia-mota horren ondorioak; epai berri horretan, baloratu ez diren alderdi guztiak hartu beharko dira kontuan, auzitegi edo epaitegiaren irizpidean, jakintzan eta prozeduran oinarrituta.

David Erauskin Perez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Euskal Kirol Federazioen Batasuna- 20 urteko ibilbidea

Euskal Kirol Federazioen Batasuna (UFDV-EKFB) 2003an –orain dela bi hamarkada– gauzatu zen euskal kirolaren proiektua da. Beraz, hogeigarren urteurrena betetzen da aurten. Ibilbide horren balorazioa oso positiboa da. Izan ere, euskal kirolaren federazio guztiak erakunde juridiko beraren pean batzeko asmoa bete da. Ekimenaren arrakastak erakusten du euskal kirolaren eremuan barneratuta zegoela haren beharra. Euskal kirol-federazio guztiak Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kide dira. 200.000 kirolari inguru hartzen dituzte (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ia % 10), guztiak helburu berberak dituztenak.


Euskal selekzioak bultzatzea, babestea eta ikusgarritasuna ematea da helburu nagusietako bat, baita Euskal Herrian kirol federatua garatzea ere. Iaz, federazio horietako 300 kirolari baino gehiago kontinente guztietako 25 herrialdetan izan ziren, Euskal Selekzioak izenaren pean. Hogei bat euskal kirol federazio izan ziren, eta 20 kirolen lehiaketa ofizialetan, lagunarteko topaketetan eta erakustalditan hartu zuten parte. Kopuru horrek laburbiltzen du euskal kirol selekzioen 2022ko nazioarteko jarduera.


UFDV-EKFBk, halaber, ahaleginak egiten ditu federazioei eta kirolariei dirulaguntzak ahalbidetzen, bai eta kirol-politikak lantzeko ideiak ematen ere. Euskal federazio guztien arteko lankidetza sustatzen da, eta mutualitate komun bat dago, zerbitzuak hobetzeko eta federazioei kostuak merkatzeko helburua duena. Erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetzaren alde egiten du lan, zerbitzu komunak lortzearen alde, bai eta federazioei baliabide ekonomiko eta materialak aurreztearen alde ere. Eta gero eta gehiago bultzatzen da kirol federatuan lana euskaraz egitea eta genero-berdintasuna, hainbat ekimenen bidez.
Dagoeneko lortu dugu pilota- eta surf-selekzioen ofizialtasuna. Helburuetako bat da Euskal Selekzio moduan parte hartu ahal izatea txapelketa eta lehiaketetan, eta dagoeneko ari gara horretan. Pilotaren eta surfaren ofizialtasunaz gain, beste zazpi euskal kirol-federaziok formalki eskatu dute euren nazioarteko federazioetan ofizialki integratzea. Zehazki, kirol hauetako federazioek: igeriketa, piraguismoa, squasha, esgrima, mahai-tenisa, xakea eta automobilismoa.

2023.urte hau ilusionagarria da. Euskal kirol-selekzioen aldeko apustua erabatekoa da. Aliantza bat dago Eusko Jaurlaritzaren, UFDV-EKFBren, tokiko erakundeen eta euskal federazio eta kluben artean. Hori funtsezkoa da euskal kirola ahalduntzeko eta sustatzeko, bai eta nazioarteko kirol-erreferentzia bilakatuko duten oraingo eta etorkizuneko proiektuak egiteko ere. Horrek guztiak eta Euskadi nazioartean bultzatu eta ordezkatu ahal izateak ilusio eta harrotasun handia sortzen ditu. Badira 2023rako aurreikusitako zenbait jarduera. Urte hau izango da, beharbada, euskal kirol-selekzioen historiako urterik aktiboena. Halaber, azpimarratzekoa da kirolean euskara erabiltzeari eta sustatzeari dagokionez sentsibilizatzeko kanpaina, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailak bultzatua. Euskal Kirol Federazioen Batasunak, duela gutxi, Ofizialtasunaren Euskadi saria jaso zuen Deia egunkariaren eskutik.

Oldarkor gidatzea: zergatik gertatzen da?

persona conduciendo
conductor enfadado

Zein dira oldarkor gidatzearen kausa nagusiak? Zergatik gidatzen dugu oldarkortasunez? Galdera horiei erantzuten eta arazoa konpontzen saiatzeko modurik onena, hain zuzen ere, arazoa ezagutzea eta arretaz aztertzea da.

Gidatzea bera eta haren hiru jarduera-mailak hartuko ditugu abiapuntutzat:  

  • kontrolaren maila,  
  • maniobraren maila  
  • eta planifikazioaren maila.  

Hiru maila horiek ondo funtzionatzea zenbait aldagairen araberakoa da, hala nola informazio-kantitatearen, informazio-kalitatearen eta gidariaren nortasunaren araberakoa. Azken horrek zehazten ditu gidatzean izaten diren azken erabaki eta jokabideak, gidariaren sinesmen eta espektatibek baldintzatuak.  

Nabarmentzekoa da ibilgailua bigarren azal bihurtzen dela, isolamendu eta anonimatu jakin bati bide ematen diola, eta horrek erraztu egiten duela bestela inhibituta dauden bulkadak agertzea. Bulkada horiek jokabide oldarkorrak eragin ditzakete gidatzean, eta arrisku-faktore horrek harremana izan dezake trafiko-istripu ugarirekin. Zenbait azterketaren arabera, oldarkortasunak nabarmen egin du gora azken urteotan; baina ez hori bakarrik, izan ere, Europako batez besteko gidarien berezko jarrera bihurtzera irits daiteke.  

Azpimarratzekoa da oldarkor gidatzearen kontzeptuak barne hartzen dituela bai hitzezko adierazpena, bai adierazpen fisikoa, bai ibilgailuaren erabilera bera. 

Jarrera oldarkor horren eragina balioesteko, hura eragiten eta areagotzen duten faktoreak ulertu behar dira, eta bereizi egin behar dira gidariaren mendekoak, barne-faktore deritzenak, edo kontrolatu ezin diren kanpoko inguruabar zehatzak, kanpo-faktore deritzenak.  

Barne-faktoreak: Zenbait faktore bereiz daitezke haien barruan:  

  • Egoera emozionala eta nortasuna: pertsona batzuk, nortasunaren ezaugarri jakin batzuen eta bizitzako garaiaren arabera, beste batzuek baino errazago izaten dituzte zirkulazio-istripuak. Horregatik aipatzen da “istripua izateko aldez aurretiko joera”. Ildo horretan, oldarkor jokatzeko joera handiagoa duten pertsonek errazago interpretatuko dute besteen jokabidea mehatxu gisa.
  • Egozteak: errepidean gertatzen diren egoerei buruz egiten den interpretazioa erabakigarria da ondorengo erreakziorako. Horregatik, ezinbestekoa da kontuan izatea egozte horiek ez direla beti zuzenak eta, horrela, liskar-maila murriztea.
  • Enpatia-falta: enpatia faktore erabakigarria da errepideko gatazken prebentzioan. Eraginkortasun handiagoz gidatzea sustatzeaz gain, lagungarria da beste erabiltzaileen mugimenduei aurrea hartzeko, egoeren kudeaketa positiboa eginez, besteen ekintzak errazten baititu.
  • Inpunitate- eta anonimatu-sentsazioa: gidatzean sortzen den anonimatuari esker, sen primarioak azaleratu daitezke, eta gerta daiteke errepideaz bestelako esparruetan kontrolatuko liratekeen zenbait bulkada ez erreprimitzea.

Kanpo-faktoreak: oldarkor gidatzearekin harremana duten kanpo-faktoreek kontrolatu ezin diren egoerak aipatzen dituzte; batez ere, zirkulazioa, presa izatea, aparkalekurik ez aurkitzea, inguruko zarata eta tenperatura desegokia. Gidarien erdiek baino gehiagok gidatzeko estiloa aldatzen dute arrazoi horiengatik. Egoera horiek frustrazioa eragiten dute, eta, ziurrenik, jarrera oldarkorragoak izatera bultzatzen dute.  

Ondorioak:  

Jarrera oldarkorrek biktimadun istripu bat izateko arriskua areagotzen dute. Gidariaren jokabidea zenbait motibazio pertsonalek bideratzen dute, eta egiten dituen aukerak erabakigarriagoak dira gidatzeko jardueraren ezaugarri zehatzak baino. 

Aurreko guztia kontuan hartuta, eta kasu bakoitzaren inguruabarrak bakarrak izan arren, badira zenbait aholku oldarkortasuna hobeto kontrolatzeko eta, hartara, arriskuak murrizteko.  

  1. Kontzientzia osoz gidatzea, arreta gure jokabidean jarriz.
  2. Kontrolatu daitezkeen faktore guztiak (sor litezkeen auto-ilarak, tentsioak ibilgailuaren barruan, zarata, tenperatura…) albait gehien doitzea.
  3. Jabetzea haserre-mailak gora egiten jarraituko duela, eta arnasketa- edo erlaxazio-teknikak aplikatzea, haserrea kontrolatu ahal izateko.
  4. Beste gidarien inguruabarrak ez epaitzea. Gidatzeko orduan izaten den tolerantzia lantzeak murriztu egingo du frustrazio-maila.
  5. Gidatzeko arauak errespetatzea: horrela, istripuak saihesteaz gain, liskar-giroa kontrolatua izango duzu.