V16 baliza geolokalizatuak, bide seguruagoak izateko beste urrats bat

luz de emergencia v16

2026az geroztik nahitaezkoak izango diren V16 gailu geolokalizatuak salgai daude dagoeneko. Oraingoz hiru dira, baina laster homologazio-prozesua gainditzen duten modelo gehiago egongo dira. Balizek arriskua aurretiaz ohartarazteko triangeluak ordezten dituzte eta, 2026ko urtarriletik aurrera, gailu horiek izango dira onartutako gailu bakarrak. 

 

V16 gailu berria 360º-ko argi horia igortzen duen baliza txiki bat da. Argia intentsitate handiz eta aldizka igortzen du, gutxienez 30 minutuz, eta, hala, ibilgailu matxuratua kilometro bateko distantziatik ikusgai geratzen da. Gailuak gutxienez 18 hilabeteko bizitza erabilgarria duen pila edo bateria bat du, kargagarria izan zein ez. Gainera, funtzionatzeko eta konektagarria izateko behar diren elementu guztiak ditu. 

 

V16 baliza geolokalizatuen abantaila nagusia hau da: aktibatutakoan, 100 segundo igaro ondoren (hori baita funtzionamendua probatzen den bitartean nahi ez diren konexioak saihesteko epea), automatikoki komunikatzen diete matxuratutako ibilgailuaren geoposizioa fabrikatzailearen hodeiari, DGT 3.0 plataformari eta estatuko sarbide-puntuari. 

 

Behin datu horiek jasotakoan, abisua berehala ematen zaie konektatutako gainerako ibilgailuei, denbora errealean gidatzeko laguntza eskaintzen duten aplikazio guztiei eta errepideko mezu aldakorreko panelen bitartez. Hala, matxuratutako ibilgailua argiz seinaleztatzeaz gainera, gainerako gidariek ohartarazpena jasoko dute hurbiltzen diren unean, jakinarazteko ibilgailu matxuratu bat dagoela bidean. 

 

Bada beste abantaila handi bat: arriskua aurretiaz ohartarazteko triangeluak ordezten ditu. Hala, saihestu egiten dela triangelua behar bezala jartzeko errepidean 50 metro ibili behar izateak dakarren harrapatua izateko arriskua. Gogora dezagun 2020an 107 oinezko hil zirela hiriarteko bideetan eta, 2021n, kopuru hori 118ra igo zela.   

Non eraman?

V16 gailua gidariaren postutik iristeko moduko leku batean eraman behar da (eskularru-kutxa edo autoko albo-poltsikoak), eta beti izan behar da kargatuta. Hor eramateko arrazoia da gidaria gailuaren bila autotik ateratzea saihestu behar dela, hori arriskutsua baita. 

 

Non jarri?

Ibilgailuaren zati altuenean, albait gehien ikusten dela bermatzeko. Hain zuzen ere, gailu horiek egonkor geratu behar dute gainazal lau batean (sabaia), eta baliabideren bat izan behar dute (iman bat, adibidez) gidariaren atean jarri ahal izateko. Eta, ahal dela, ibilgailuaren barrualdetik jarri behar da, leihatila jaitsiz eta besoa bakarrik ateraz. 

 

Nola jakin nire V16 baliza homologatuta dagoen?

Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean gaur egun homologatuta dauden modeloak ageri dira, eta etorkizunean gailu berriak gehituko dira, homologatzen diren heinean. 

Kirolaren eragina pertsonengan

ejercicios fisicos oficina

eta GJH-ak lortzean

Kirolak zeregin garrantzitsua betetzen du balio eta printzipio etikoak transmititzen, eta inpaktu handia du pertsonengan eta planetaren jasangarritasunean. Horregatik, NBEren Batzar Nagusiak, 2013. urtean, apirilaren 6a Garapenaren eta Bakearen aldeko Kirolaren Nazioarteko Egun izendatzea erabaki zuen. NBEren arabera, “Kirola garapen jasangarria errazten duen beste eragile garrantzitsuetako bat da. Aitortzen dugu kirolak gero eta gehiago laguntzen duela garapena eta bakea lortzen, tolerantzia eta errespetua sustatuz, eta emakumeen eta gazteen, pertsonen eta komunitateen ahalduntzea ere babesten duela, baita osasunaren, hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloko helburuak betetzen lagundu ere”.

Gainera, jarduera fisikoa egiteak inpaktu positiboa du, bai maila fisikoan, bai emozionalean. Kirola erregulartasunez egiteak onura ugari ekartzen ditu, hala nola bizi-kalitatea hobetzea, antsietatea eta estresa gutxitzea eta loaren kalitatea eta gaitasun kognitiboa hobetzea.

Ebidentzia zientifikoa

Sedentarismoak hein handiagoan bultzatzen du hilkortasuna tabakoak, hipertentsioak edo kolesterol altuak baino. “Exercise as medicine – evidence for prescribing exercise as therapy in 26 different chronic diseases” artikuluan agerian geratzen da jarduera fisikoa onuragarria dela, gutxienez, 26 gaixotasun kronikotan, hala nola gaitz muskuloeskeletikoetan, gaixotasun neurologikoetan, endokrinologikoetan, kardiobaskularretan eta minbizian, batez ere.

Osasun emozionalean ere badu eragina. Jarduera fisikoa eraginkorra da depresioa, antsietatea, estresa eta eskizofrenia tratatzeko. Zenbait lanek adierazten dute depresioan ariketa fisikoaren efektua medikuak agindutako antidepresiboena bezain garrantzitsua dela.

Jarduera fisikoa agintzea. 150+2 errezeta

Onura horiek guztiak lortzeko, honako hau da gomendatzen den gutxieneko dosia: ariketa aerobikoaren 150 minutu astean, eta indar-ariketen 2 saio astean.

150 zenbakia astean 150 minutuz erresistentzia-ariketaren bat egiteari dagokio (oinez ibiltzea, bizikleta, mendia, dantza, bizikleta eliptikoa…), intentsitate ertainarekin, astean bi egunez, gutxienez. 

+2 zenbakia, berriz, indar-ariketak egiteari dagokio, gutxienez astean bi egunez (pisuak, makinak, gomak, zintak, norberaren gorputz-pisua…), indar maximoaren % 50ean, 10-12 errepikapeneko 2-3 serie eginez, gihar-talde handien 8-10 ariketatan. 

MutualiaOn!

Mutualiak ohitura osasungarriak sustatzen lagundu nahi du, lan-ingurunean ere pertsona eta enpresa osasungarriak lortzeko.  Helburu horrekin, hainbat baliabide jartzen ditu eskuragarri, hala nola muskuluen tonifikazio eta deskargarako MutualiaOn! gida.

MutuaLex 243 zk.

mutualex

Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2023ko martxoaren 25tik 31ra bitarteko astea.

Oharra: Datorren astean ez da Mutualexik egongo Aste Santua dela-eta. Hurrengo argitalpena apirilaren 18a izango da, asteartea.

Etxeko enpleguaren gida eta baja-agirietako berrikuntzak

empleada de hogar 2023

Etxeko enpleguari buruzko legedian izan diren azken aldaketen ondoren (irailaren 6ko 16/2022 Errege Lege Dekretuan jasoak), Gizarte Segurantzak gida bat argitaratu du lan-baldintzetan izandako berrikuntzekin.

limpieza

Bestalde, apirilaren 1etik aurrera, etxe-langileek ez dizkiote baja-agiriak enplegu-emaileari eman behar, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) jakinaraziko baitizkio. Hala, etxe-langile batek baja medikoa hasten duenean, GSINek SMS bidezko jakinarazpen bat bidaliko dio enplegatzaileari.

Gainera, posta bidezko jakinarazpena ere bidaliko zaio, egoeraren berri izan dezan. Horrez gain, Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoan kontsultatu daitekeen jakinarazpen elektroniko bat egingo da.

Hemendik aurrera, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Importass atariaren bitartez ikusi ahal izango du enplegatzaileak baja medikoaren egoerari buruzko informazioa. Importass atariko eremu pertsonaletik, enplegatuaren baja medikoaren data ikus daiteke, baita bajak zenbat irautea aurreikusten den ere. Informazio hori eguneratu egiten da azterketa medikoen arabera, halakorik egiten bada; beraz, langilearen egoerari buruzko informazioa une oro dago eskuragarri.

Informazio hori kontsultatzeko, Importass atariko eremu pertsonalean sartu behar da, cl@ve gakoaren bidez, ziurtagiri elektronikoaren bidez edo SMS bidez (Gizarte Segurantzaren datu-basean telefonoa eguneratuta egonez gero), eta “Etxeko Enplegua” aukerari dagokion txartel berdea hautatu. “Ikusi lan-harremana” estekan, kontratatutako pertsona ageri da, eta han ikus daiteke baja medikoari buruzko informazioa, langilea baja-egoeran baldin badago.