Trafiko-seinale berriak

señales trafico 2023

Aurtengo bigarren seihilekotik aurrera, gaur egungo trafiko-seinaleen katalogoa eguneratuko da, mugikortasunean gertatzen ari diren aldaketa berriei erantzuteko. Seinale berriak pixkanaka ezarriko dira errepide-sarean, 2023an zehar. Aldaketa Zirkulazioko Erregelamendua aldatzeko Errege Dekretuaren proiektuan dago aurreikusita, eta 2023. urtearen erdialdean sartuko da indarrean.Seinale batzuen diseinua erabat aldatuko da; beste batzuk garai eta mugitzeko modu berrietara egokituko dira; eta beste batzuk desagertu egingo dira. Garrantzitsua da haiek identifikatzen jakitea eta haiekin ohitzea, ustekabean harrapa ez gaitzaten eta ahalik eta azkarrena beteko ditugula bermatzeko.

Zer aldaketa datoz?

Seinale berriak:

S-1b: Errei anitzeko errepide baten hasiera adierazten du.

S-45: Bidegorria. Hiri-inguruneetan bidegorriak daudela adierazten du.

S-46: Oinezkoek eta txirrindulariek erabiltzeko pasabidea

R-118: Patinete elektrikoen zirkulazioa debekatzen du.

R-119: Patinete elektrikoen eta bizikleten zirkulazioa debekatzen du.

R-120: Emisio Gutxiko Guneetarako (EGG) sarbideetan

Zenbait ibilgailuri sartzea galaraziko zaie, duten ingurumen-bereizgarriaren arabera (B, C, ECO edo 0 Emisio).

R-120

R-420: Patinete elektrikoentzako bide esklusibo bat da.

Ibilgailu horiek handik joan behar dute derrigor.

CAP R 420

R-421: Bidea nahitaezkoa da patinete elektrikoentzat eta bizikletentzat; partekatu egin behar dute.

CAP R 421

R-422: Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen gidariak (patinete elektrikoak, bizikletak edo monozikloak) ibilgailutik jaitsi eta oinez jarraitzera behartzen ditu, seinalea ezeztatzen den arte.

CAP R 422

Seinale hauei diseinua aldatuko zaie:

STOP: Tipografia handiagoa du, eta hobeto ikusiko da.

CAP STOP

P-8:Barrerarik gabeko trenbide-pasagune arriskutsu bat. Lokomotoraren diseinua modernoagoa da.

CAP P8

P-20a:Oinezkoen pasabide bat hurbil. Aurreko karratu urdina ordezkatuko du.

p20a

P-22a:Txirrindularientzako pasabide bat dagoela eta horren arriskuaz ohartarazten du. (22b seinalearen ordez).

CAP P 22A

P-24a:Animaliak galtzadan. Lehen orein bat agertzen zen. Orain basurde bat ageri da, ohikoagoa baita inguru horietan.

CAP P 24A

P-33: Ikuspen gutxiko tartea. Orain, auto bat ikusiko dugu ikuspen gutxiko eremu batean sartzen.

CAP P33

Azpimarratzekoa da P-21 seinalearen aldaketa, zeinak haurrak ibiltzen diren leku bateko arriskua adierazten baitu: irudien ordena aldatu da, eta neska jarri aurrena.

Mugikortasuna eta ibilgailuen zirkulazioa etengabe aldatzen ari dira, gizartea aldatu ahala. Bide-erabiltzaile guztiekin justuagoa eta jasangarriagoa den mugikortasun bat lortzeko bidean, azpiegitura berriak sortzen dira, ohiturak eta lehentasunak aldatzen dira, eta gidariei erronka berriak sortzen zaizkie. Hemen, kasuistika oso ezberdinei erantzuten dieten seinaleak bildu ditugu, helburu bera dutenak: ahalik eta modurik eraginkorrenean ohartaraztea eta informazioa ematea MUGIKORTASUN BERRIA deitzen dugun oraingo erronka honetan.

Jazarpen morala VS Lan-gatazka

Acoso moral VS conflicto laboral

Hasteko, esan behar dugu lan-gatazka orotan ez dagoela jazarpen morala; garrantzitsua da hori zehaztea, ondorio juridikoei eragiten baitie, ezbairik gabe.

Lan-jazarpenaren definizioa testuinguruan kokatzeko, haren arau-aurreikuspena hartuko dugu kontuan, baita haren doktrina- eta jurisprudentzia-interpretazioa ere.

Hauek nabarmendu behar dira arau-aurreikuspen gisa:

Espainiako Konstituzioa (1978):

  • 10. art.: 1. Pertsonaren duintasuna, pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen librea, legearen errespetua eta besteen eskubideen errespetua oinarri dituzte ordena politikoak eta gizarteko bakeak. 2. Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei dagozkien arauak interpretatzeko orduan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari eta gai horietan Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tratatu eta hitzarmenei begiratuko zaie.
  • 14. art.: Espainiarrak berdinak dira legearen aurrean; debeku da, bada, inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.
  • 15. art.: Denek dute bizitzeko eskubidea eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, eta inori ezin pairaraziko zaio, ezein kasutan, ez torturarik, ez gizatasunaren edo duintasunaren kontrako zigor edo traturik. .Ezeztatzen da heriotza-zigorra, non eta lege penal militarrek ez duten besterik xedatzen gerra-denborarako.

Zigor Kodea (10/1995 LO):

  • 173.1 art.: 1. Norbaitek beste pertsona bati, beraren osotasun moralari kalte larria eginez, tratu apalesgarria ematen badio, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio. Zigor bera ezarriko zaie, norbaiten gorpua non dagoen jakinda, haren senide edo ahaideei informazio hori behin eta berriro ezkutatzen dietenei. Halaber, zigor bera ezarriko zaie, edozein lan- edo funtzionario-harremanetan eta nagusitasun-harremanaz baliatuta, beste norbait behin eta berriro etsaitasunez tratatzen edo umiliatzen dutenei, baldin eta, tratu apalesgarria eman ez arren, biktima larriki jazartzen badute.
  • OSASUNAREN MUNDU ERAKUNDEAK honela dio “Jazarpen psikologikoari buruzko sentsibilizazioa” (2004) dokumentuan: mobbinga lan-giroari aplikatzen zaio, eta talde bateko kide batek edo gehiagok (jazarlea) banako edo, batzuetan, talde batekiko (helburua edo biktima) duen portaera agresiboa eta mehatxuzkoa adierazten du.
  • LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEAK honela dio Jazarpenaren arloko erreklamazioak saihesteko eta konpontzeko hitzarmen kolektiboan (Lanaren Nazioarteko Bulegoak eta LANEk 2001eko otsailaren 26an Genevan sinatua): “Jazarpena” espresioak honako hauek hartzen ditu: pertsona babestu batentzat desegokia izan daitekeen eta egoera eta kasu guztietan modu arrazoituan jazarpen-portaera diskriminatzaile, iraingarri, laidogarri, beldurgarri edo bortitz kontsideratu daitekeen ekintza, jokabide, deklarazio edo eskabide oro, bai eta bizitza pribatuan bidegabe sartzea ere..
  • Europako Gutun Soziala (1996/05/03koa): 16. artikulua: Laneko duintasunerako eskubidea. Langile guztiek lanean beren duintasuna babesteko duten eskubidea modu eragingarrian erabiltzen dutela bermatzeko, alderdiek hauek egiteko konpromisoa hartuko dute, nagusi eta langileen elkarteei kontsulta egin ondoren:
    •  lantokian edo lanari lotuta sexu-jazarpenaren arloko sentsibilizazioa, informazioa eta prebentzioa sustatu, eta neurri egoki guztiak hartu langileak jokabide horietatik babesteko.
    •  lantokian edo lanari lotuta behin eta berriro edozein langileren aurka egiten diren ekintza zentsuragarriei edo berariaz etsaitasunezkoak eta iraingarriak direnei buruzko sentsibilizazioa, informazioa eta prebentzioa sustatu, eta neurri egoki guztiak hartu langileak jokabide horietatik babesteko.
  • Kontseiluaren Zuzentarauek (2000/43/EE, ekainaren 29koa; eta 2000/78/EE, azaroaren 27koa, tratu-berdintasunari buruzkoak) diskriminazioarekin erlazionatutako jazarpen-kasuen kontra neurriak hartzera behartu dituzte estatu kideak; besteak beste, tratu-berdintasunaren printzipioa urratu ez dela erakustea alderdi demandatzaileari dagokiola bermatzera.
  • Langileen Estatutua (2/2015 Legegintzako ED):
    • 2.e) art.: Langileari dagokion intimitatea errespetatzeko eta duintasuna behar den moduan kontuan hartzeko eskubidea dute langileek. Eskubide horretara biltzen dira, arrazaren, etniaren, erlijio edo sinesmenen, desgaitasunaren, adinaren zein sexu-joeraren ondoriozko jazarpenaren aurkako babesa, eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako babesa.
  • 15/2022 Lege integralak, tratu-berdintasunerako eta diskriminazioa ekiditekoak, diskriminazio-kausak zabaltzen ditu, eta hau aurreikusten du: inor ezin da diskriminatu jaiotzagatik, arrazagatik, etniagatik, sexuagatik, erlijioagatik, sinesmenagatik edo iritziengatik, adinagatik, desgaitasunagatik, sexu-joera edo -identitateagatik, genero-adierazpenagatik, gaixotasunagatik edo osasun-egoeragatik, egoera serologikoagatik edo aldez aurretik patologiak edo asaldurak jasateko jarreragatik, hizkuntzagatik, egoera sozioekonomikoagatik edo beste edozein egoera pertsonal edo sozialengatik.
  • Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren Prebentzioko ohar teknikoak honela definitzen du jazarpen morala: egoera bat, non pertsona batek edo pertsona-talde batek muturreko indarkeria psikologikoa erabiltzen baitute sistematikoki (gutxienez astean behin) eta luzaroan (6 hilabete baino gehiago) beste pertsona baten aurka lantokian, biktimaren komunikazio-sareak suntsitzeko, haren izen onari kalte egiteko, haren lana eteteko eta, azkenean, pertsona horrek lana uztea lortzeko.

 

Jazarpen moralaren edo mobbingaren doktrina- eta jurisprudentzia-interpretazioari dagokionez, hauek aipatuko ditugu:

  • Konstituzio Epaitegiaren 2019ko maiatzaren 6ko 56/2019 Epaiak lan-jazarpen izan daitezkeen egoerak ezarri zituen:

Laneko estresarekin erlazionatutako askotariko egoera edo jokabide guztiak ikuspuntu terapeutikotik aztertzeko sortu zen lan-jazarpenaren kontzeptua psikologian. Egoera edo jokabide horiek, denboran errepikatzen direnez, lan-baldintzak umiliagarriak bihurtzen dituztenez, edo etsaitasuna dakartenez, langilearen osotasun pertsonalari erasotzea edo hura arriskuan jartzea dute helburu edo emaitza. Egoera edo jokabide horiek enpresako organigraman goragoko posizio batean daudenek dauzkatenean (hori izaten da ohikoena), «beheranzko jazarpen bertikala» edo «instituzionala» dela esan ohi da. Laneko jazarpenak askotariko helburuak ditu: oso esanekoa ez den langile bat errepresaliatzea; hura zokoratzea, nagusiak nabarmen ez uzteko; beldurra sorraraztea, gehiago ekoizteko; edo jazarlearen nortasun manipulatzailea edo erasotzailea asetzea (jazarpen «zital» deiturikoa), besteak beste. Erakunde pribatuetan, askotan, laneko jazarpenaren helburua edo ondorioa da langile jazarriak borondatez lanpostua uztea, eta, horrela, enpresak ez du kalte-ordainik ordaindu behar bidegabeko kaleratzeagatik; administrazio publikoetan, funtzionarioen berezitasunak direla-eta, langilea profesionalki zokoratzean datza jazarpena, era guztietako arrazoiengatik (mendeku pertsonala, zigor ezkutua, diskriminazio ideologikoa).

Baina, hasieran esan dugun bezala, lan-gatazka orok ez dio eraso egiten pertsonaren duintasunari, eta duintasunaren aurkako eraso oro ez da jazarpen morala.

Testuinguru horretan, benetan didaktikoa da Konstituzio Auzitegiaren 81/2018 Epaia, uztailaren 16koa; honela dio:

Testuinguru arautzaile honetan, hauek ez dira jazarpen psikologikotzat hartzen: a) “Harreman simetrikoetan oinarrituta hartzen diren eta lan-eremuan alderdien arteko gatazka bat zehazten duten jokabideak, nola aldizkakoak, une zehatz batekoak, ala iraunkorragoak. Bistan denez, gatazka orok eragiten dio lan-eremuari, ingurune horretan gertatzen da, eta erakundean eta lan-harremanetan eragina du, baina ezin da mobbinga dela esan definizioko baldintzak betetzen ez baditu; b) Biktimarekiko ahalmen-posizio nagusi batetik egiten diren baina behin eta berriro eta luzaroan egiten ez diren laneko indarkeria-ekintzak. Benetan ‘laneko tratu txar psikologikoak’ izan daitezke, mobbingean sartutakoen antzekoak, baina hari dagozkion errepikapen eta iraupenik gabe, oso noizbehinkakoak direlako edo oso goiz salatu direlako. Indarkeriazko jokabideak direnez, lehenbailehen saihestu eta geldiarazi behar dira, eta, hala badagokio, erakunde bakoitzeko araudi propioaren arabera zigortu; baina ez mobbing gisa, ez baitituzte haren funtsezko ezaugarriak betetzen, eta; c) itxuraz definizioan sar badaitezke ere, beren ezaugarriengatik indarkeriazko portaeratzat jo ezin direnak (adibidez, lana ondo ez egiteagatiko ohartarazpen ‘oinarrituak’, baldin eta bidegabe izen ona kentzen ez badute) edo, bestela, aurkeztutako froga koherenterik ez dutenak, gezurrezkoak ez badira ere” (Estatuko Administrazio Orokorrean laneko jazarpenari aurre egiteko protokoloaren 2.1 art.).

Horri dagokionez, Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko salak 2022/11/15ean emandako epai bat nabarmendu behar da; honela dio:

Baina, lehen aipatu dugun NTP 476 oharrak gogorarazten duen bezala, laneko gatazka eta jazarpen morala ez dira errealitate korrelatiboak. Alde batetik, gatazka oro ez da jazarpen moralaren adierazpen; eta, bestetik, gatazka espliziturik ez egoteak ez du esan nahi jazarpen moralik ez dagoenik. Hortaz, ondoriozta daiteke gatazka bat egoteak ez duela esan nahi jazarpen morala dagoenik, nahiz eta, jakina, gaizki konpondutako laneko gatazka batek jazarpen-egoerak eragin ditzakeen.

Mota askotako arrazoiengatik (adibidez, eztabaidak, desakordioak edo liskarrak) lantokian gatazkak egoteak ez du esan nahi jazarpen moralean dagoen beste alderdi hori dagoenik, alegia, langilea sistematikoki gutxiestea edo iraintzea, baizik eta halakoak konpontzeko Zuzenbidean adierazitako bitartekoetara jotzea, zeinak arruntak eta ohikoak baitira eta ez baitute inolako inplikaziorik. Lan-harremanen inguruan gaurkotasun handiena duen ikuskerak berak (pluralismoa) nagusiaren eta langilearen artean azpiko gatazka bat dagoela hartzen du abiapuntutzat, eta gatazka horren azken epailea Estatua izango da. Izan ere, kontuan izan behar da, azken batean, lan-harremanak horixe direla; hots, bi talde horiek (beren interes eta helburu legitimo propioekin) gatazka batean elkartzen dituen erakunde bat. Gatazka hori berez ez da txarra, eta aurrerapen eta aldaketa positiboak dakartza, baldin eta behar bezala kudeatzen bada.

Portaera zehatz bat jazarpen moraltzat (mobbinga) edo laneko gatazka gisa hartzeak dituen ondorio juridikoek, zalantzarik gabe, garrantzi handia dute. Horrela, jazarpen moralaren oinarri faktikoak behar bezala egiaztatuta soilik eska litezke hauek:

  • Kontratua azkentzea eta kalte-ordaina ordaintzea, Langileen Estatutuko 50. artikuluan ezarri bezala.
  • Diziplinaz kaleratzea, Langileen Estatutuko 54. artikuluan ezarri bezala.
  • Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteari buruzko prozesua gauzatzea (Lan Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 177. artikulua eta hurrengoak), Espainiako Konstituzioaren 14. eta 15. artikuluak urratzeagatik.
  • Laneko arau-hauste oso larritzat hartzea, Gizarte-ordenako arau-hauste eta zehapenei buruzko Testu Bateginaren 8.13 artikuluan ezarri bezala.
  • Arau-hauste penaltzat hartzea, Zigor Kodearen 173.1 artikuluan ezarri bezala.

 

Jon Careaga Correa


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Mutualiak Ospitale Zerbitzuen Humanizazio Ziurtagiria lortu du  

Maiatzaren 4an, Mutualiaren Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitalean egindako ekitaldi batean, Humans Fundazioko presidente Julio Zarco doktoreak Humans Ziurtagiria (A maila) eman dio Mutualiari.  

Ziurtagiri horren bidez, osasun-laguntzan humanizazio- eta kalitate-neurriak ezartzeagatiko aitorpena eta bereizgarria jaso ditu Mutualiak. Mutualiak lanean jarraitzen du gertuko osasun-laguntza kalitatezkoa eskaintzeko konpromisoan. Horretarako, osasun-laguntza pertsonalizatzeko batzorde bat eratu du, zeinaren ardura baita kontrolatzea paziente bakoitza modu pertsonalizatuan eta indibidualizatuan artatzen dela, betiere haren beharrak kontuan hartuta eta osasunaren arloko azken teknologiaren laguntzarekin.  

Ekitaldian hauek izan dira: Nerea Urien Azpitarte, Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordea; Julio Zarco, Humans Fundazioko presidentea; eta, Mutualiaren izenean, Ignacio Lekunberri, zuzendari kudeatzailea, Victor Etxenagusia, Zerbitzu Asistentzialetako zuzendaria, Karmele Araujo, Anbulatorioetako zuzendaria, eta Javier Oleaga, Arabako zuzendari medikoa. 

ELKARREKIN azkartuko dugu ekintza

lavado de manos 2023

ESKUEN HIGIENEAK milioika bizitza salbatzen ditu urtero, osasun-arreta ematean une egokietan egiten denean. 

Urtero bezala, maiatzaren 5ean Eskuen Higienearen Munduko Eguna ospatzen da. Aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak azpimarratu nahi du garrantzitsua dela elkarrekin osasunaren zaintzan infekzioak eta antimikrobianoekiko erresistentzia prebenitzeko ekintza bizkortzea. 

Elkarrekin segurtasuneko eta kalitateko kultura eraiki behar dugu, non lehentasuna ematen zaion eskuen higienea hobetzeari. 

Eta, osasunaren zaintzan, elkarrekin ekintzak bizkortuz komunitatea indartu eta ahaldundu dezakegu ondorengo kasuetan: esku higienea hobetzean, prebentzioa hobetzean eta kontrol puntuetan infekzioen kontrola hobetzean. 

Osasun-langileen komunitateak, politika-egileak eta gizarte zibileko erakundeak (SOC) izan daitezke aldaketaren buru eta bizkortu dezaketenak, pertsonak seguru eta osasuntsu mantentzeko. Infekzioen prebentzioari eta kontrolari buruz jasotako ikasgaiak inplementatu behar ditugu COVID-19aren pandemiaren ondoren.  

Elkarrekin ekintza bizkortu behar dugu eta bizitzak salbatu

Autonomoentzako zerbitzu berriak Importass-en

importass

Importass-ek eguneratze berriak txertatu ditu kolektibo honentzat, Gizarte Segurantzako izapideak egitea eta 2023an indarrean jarri den kotizazio-sistema berrira aldatzea errazteko asmoz.

Martxotik, hiru zerbitzu berri daude martxan:

  1. Kuota-simulatzaile pertsonalizatua
  2. Jarduera berria jakinaraztea
  3. Jardueraren bat amaitzearen berri ematea

1- Kuota-simulatzaile pertsonalizatua                                                                                                            

Autonomoek dagokien kuota doitua kalkulatzeko aukera izango dute, haiek zenbatetsitako errendimenduak, urteko kotizazioak eta ordaindutako azken kuota kontuan hartuta. Hala, ez dute urtearen amaieran beren egoera erregularizatu beharko eta itzulketarik edo erreklamaziorik egin beharko.

Simulatzaile honetara sartzeko, cl@ve, ziurtagiri elektroniko edo sms bidez identifikatu eta eremu pertsonalera sartu behar da. Gida praktiko honetan azaltzen dizugu nola sar zaitezkeen.

Identifikatu ondoren, “Berrikusi zure kuota” esteka sakatu behar da, simulagailu pertsonalera joateko.

Revisa-tu-cuota-autonomos

Langile autonomoak hilean zenbateko errendimendu garbia espero duen adierazi behar du. Horretarako, ezarrita dauden hileko errendimendu garbien 15 tarteetako bat aukeratu behar du. Hala, esperotako errendimendu garbien tarte batekin baino gehiagorekin egin ditzake simulazioak.

Horren ondoren, autonomoak oinarri-aldaketa indarrean jartzen den hurrengo egunetik urte-amaiera arte izango duen “Kuota eta kotizazio-oinarri” doitua erakutsiko du simulagailuak, erregularizatu beharrik izan ez dezan. Kuota hori aldatu egin daiteke langile autonomoaren inguruabarrak aldatuz gero.                                                                                                                                           

Cuota-ajustada

2- Beste jarduera baten berri ematea                                                                                                             

Autonomo gisa alta emanda dauden eta beste jarduera baten berri eman nahi duten langileentzat da zerbitzu hau.

Estekak eremu pertsonalera birbideratzen du erabiltzailea, eta, han, bere autonomo-fitxan sartu eta beste jardueraren berri eman dezake. Prozesu honetarako urratsak hasierako altaren oso antzekoak dira, salbuespen batzuk izan ezik.

Lehen urratsa da uneko jarduera zein helbidetan egiten den berrestea, autonomoak jarduera nagusian helbiderik ezarrita ez duen kasuetan.

Ondoren, jarduera berriaren hasiera-data adierazi behar du. Gogoratu jarduera horrek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda egon behar duela dagokion Zerga Administrazioan. Jardueraren hasiera-datek bat etorri behar dute bi administrazioetan, eta jarduerarekin hasi eta hiru eguneko epean eman behar da haren berri.

Langile autonomo batek nekazaritza-jarduera bati ekiten badio, ezingo du zerbitzu honen bidez jakinarazi, baina Altxortegiari jakinarazteko moduari buruzko azalpenak emango zaizkio.

Nuevos-servicios-Importass

3- Jarduera-amaieraren berri ematea

Aurreko kasuan bezala, honetan ere sarbide zuzeneko txartel bat gaitu da “Zure jarduera bat amaitzearen berri ematea” izapidea egiteko, eremu pertsonalera birbideratzen duena.

Zerbitzu horretatik abiatuta, jakinarazitako jardueren fitxetara sar daiteke erabiltzailea; hautatutako jarduera amaitu eta hiru eguneko epean eman ahal izango du horren berri.

ELKARRIZKETA: SANTIAGO CÓRDOBA (BINARY SOUL)

Binary Soul
micro

BINARY SOUL enpresa Bilbon dago, eta enpresei teknologia berritzailearen eta soluzio pertsonalizatuen bidez eraginkortasuna hobetzen laguntzea du helburu. Haren Trama Learning plataformak lanposturako e-learning plataforma onenaren saria jaso du, Madrilen egindako Expo e-learning sariketa-galan. 

BINARY SOUL, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA 

Gaur Santiago Córdoba elkarrizketatzeko aukera dugu, Binary Soul enpresaren CEOa eta sortzaileetako bat. 


Noiz eta nola sortu zen Binary Soul? 

Bazkide sortzaileek Digipen Unibertsitate amerikarrean ezagutu genuen elkar, bideo-jokoen programazio eta diseinuari buruzko masterra egiten ari ginela, 2013an, eta handik atera zen Binary Soul. Binary Soul softwarea garatzeko sortu zen, teknologia berritzaileen erabilerari eta gamifikazioari esker gainerako konpainietatik bereiziz. 

Equipo-de-Binary-Soul

 

 

Pertsonaz osatutako taldea. Zenbat pertsonak osatzen duzue Binary Soul eta zein dira zuen profil profesionalak? 

 

Enpresa nabarmen hazi da azken hiru urteotan, batez ere 2019an abian jarri genuen gure negozio-lerro nagusiarekin, Trama Learning deritzon gure e-learning plataformarekin. Gaur egun, taldea 15 pertsonak baino gehiagok osatzen dugu, eta askotariko profilak ditugu: marketin- eta merkataritza-arloa, software-garatzaileak, aplikazioak eta web-aplikazioak garatzera orientatutako php eta bestelako lengoaia batzuk oso ondo ezagutzen dituzten pertsonak, 3D-modelatzaileak, sistema-ingeniariak eta, jakina, enpresa kudeatzeko beharrezkoak diren profil guztiak (CFO, CTO, CEO…). 

 

Nola lagundu diezaieke Binary Soulek beste enpresa batzuei beren eraginkortasuna hobetzen? 

 

Zalantzarik gabe, pertsonak gaitzearen ikuspegitik. 

 

“Trama Learning aukera bikaina da, bakarra bere arloan, pertsonak beren lanpostuko zereginak ikasten trebatzeko. Baita ziurtapenekin loturiko guztia kudeatzeko ere, azken batean pertsonen ezagutza gauzatzea baino ez baita hori”. 
 

 

Zer sektoreri zuzentzen dizkiozue zuen zerbitzuak? 

“Gure zerbitzuak enpresa guztieintzat dira zuzentzen zaizkie, sektorea gorabehera, beren langileen trebakuntza- eta kudeaketa-prozesuen digitalizazioa garrantzitsutzat jotzen badute”.  

Esaten dugun bezala, lanpostuak eta jarraibideak badituzu, digitalizazioarekin bat egiteko beharrezkoa den guztia duzu. 

 

Zer produktu-/aplikazio-mota eskaintzen dituzue? 

Aipatu bezala, gure produktu izarra, gure arretaren % 100 eskaintzen dioguna, Trama Learning da.  

binary-soul-curso-trama

Trama Learning lanpostu bakoitzerako prestakuntza-ibilbideak sortzeko plataforma bat da, oso lagungarria dena harrera-lanetan, langileen balio-aniztasuna eskuratzeko orduan eta pertsonen gaitasunekin zerikusia duen oro eguneratuta mantentzeko orduan”. 

 

Adimen artifiziala eta antzeko teknologiak hain modan dauden honetan, zer plan duzue tresnarekin, horri dagokionez? 

Urteak daramatzagu adimen artifiziala gure prestakuntza-plataforman txertatzea baloratzen. Ez beste plataforma batzuek ematen dioten erabilera tipikoa emateko, hots, edukiak gomendatzeko, baizik eta enpresa batera zuzentzen garenean izaten dugun sarrera-oztopoetako bat ezabatzeko, hau da, ebaluaziorako behar den edukia (test motako galdera-multzoak) sortzeko 

Ildo horretan, jada ari gara probak egiten adimen artifizialak tresna erabiltzea errazten duten edukiak sor ditzan”. 

 

Azkenik, enpresa mailan, zer erronka jorrati nahi dituzue etorkizunean? 

Hurrengo erronka enpresa haztea da. Trama Learning oso harrera ona izaten ari da Estatuko merkatuan, eta horrek adierazten du nazioartean ere oso ondo funtziona dezakeela. Horretarako, inbertsio-txanda bat ixten ari gara, nazioartekotzeko baliabideak izatea ahalbidetuko diguna. Beraz, erronka bikoitza dugu aurrean: txanda ixtea eta salmenten nazioartekotzea martxan jartzea. 

Logo-Binary-Soul