Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. Abuztuaren 4,7,8eta 9an zentroaren ordutegia 8: 00etatik 15:30era izango da.
Mutualia Araba laguntza-zentroen 2023 udako ordutegia
HAR Vitoria-Gasteiz: 8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea. Abuztuaren 4,7,8an zentroaren ordutegia 8: 00etatik 15: 30era izango da.
Euskadiko kirol-federazioen % 20k bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta EKFBk kirolean euskara sustatzeko egin duten akordioarekin
Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kirolean euskara sustatzeko akordioa hitzartu zuten iaz. Oraintsu, ekitaldi bat egin da Orioko Arraun Etxean, ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kirol-federazioekin. Han izan ziren Bingen Zupiria sailburua, Ángel Gurrutxaga EKFBko presidentea eta iaz ekimenarekin bat egin zuten bost federazioetako ordezkariak (txirrindularitza, errugbia, gimnastika, surfa eta pilota). Ekitaldian bertan jakinarazi zen beste lau federaziok konpromisoa hartu dutela beren erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko: arrauna, karatea, mahai-tenisa eta xakea.
Bai Eusko Jaurlaritza, bai Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta prozesuan parte hartu duten federazioak bat etorri ziren ideia honetan: lankidetza behar-beharrezkoa da euskararen erabilera normalizatzeko. Iaz lortutako akordioa aurrerapauso handia izan zen, kirolaren arloko hainbat eragile inplikatu zituelako; besteak beste, erakundeak, kirol-federazioak, kirol-elkarteak eta klubak, zuzendaritza-batzordeak, entrenatzaileak, gurasoak, jokalariak…
Kirolean euskararen erabilera sustatzeko akordioari esker, 2022an bost federaziok diagnostikoa egin zuten euskarak beren erakundean zer egoera eta erabilera zituen aztertzeko eta, ondoren, euskara-planak abiarazi zituzten beren erakundeetan. Gainera, beren kirolari lotutako euskarazko trebakuntza espezifikoa eskaini zaie lehenengo aldiz, eta euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza-estrategiei buruzko trebakuntza ere bai. Alderdi horiei buruzko azalpenak eman zituzten ordezkariek: Iñaki Erdoiza (txirrindularitza), Meritxel Pagadigorri (surfa), Iñigo Marotias (errugbia), Jose Mari Mitxelena (euskal pilota) eta Ane Aizpurua (gimnastika).
Prozesuari esker, federazioak jabetu dira euskararen erabilerak zer-nolako garrantzia duen, eta ikusi dute eredugarriak direla eta besteengan eragiteko aukera dutela. Zuzendaritza guztiek babestu zuten euskara-plana, eta euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu zuten; horretarako, hizkuntza-irizpideak ezarriko dituzte, besteak beste.
Lana Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB) osatzen duten federazio guztiei bidaliko zaie, haren berri izan dezaten, eta ekimenean parte hartzera animatu daitezen.
Akordio horren barruan, “Elkar Ekin euskaraz” kanpaina egin zen, federazioen eta kirolaren munduko eragileen parte-hartzea bultzatzeko. Kanpaina horretan, era berean, 26 kirol-jardueratako 460 kirolarik parte hartu dute, eta 66 argazki eta bideo atera dituzte, kirolean euskararen erabilera sustatzeko.
Euskal Selekzioa Gainera, Joseba Iraolak eta Euskal Selekzioa eskuderiak albiste onak ekartzen jarraitzen dute. Oraingoan Italiatik iritsi dira berri onak, Ascoliko Coppa Paolino Teodori lehiaketatik: podiumean izan da, bere idoloetako batzuekin batera. Balmasedako pilotuak garaipena lortu zuen 2SC kategorian, lasterketa luze eta sutsua jokatuta. Bigarren postuan dago Europako txapelketako sailkapen orokorrean, eta scractheko hirugarrenean, Italiako bi pilotu handiren atzetik. Hona hemen Iraolaren hitzak: “Pozik gaude. Orain arte lortutakoa kontuan hartu beharrekoa da, aurkariak punta-puntakoak baitira. Harro nago Europako txapeldunen ondoan egoteaz, hain gertu, gainera. Taldeak hamarrekoa lortu du proba guztietan”.
Joseba Iraolaren Euskal Selekzioa eskuderiak automobilismoko mendi-lasterketetako Europako Txapelketako sei probatan parte hartu du, Ascoliko Coppa Paolino Teodori lehiaketarekin. Italiako lehiaketa horretan podiumera igo zen, eta hala egin zuen, halaber, Ecce Homo Sternberk lehiaketan (Txekiar Errepublika), Rampa da Falperran (Portugal), Subida al Fiton (Asturias), Rechbergen (Austria ) eta Saint Jean du Gard-Col Saint Pierre lehiaketan (Frantzia).
Frantziako Tourra Euskaditik igarotzen ari den arren, murrizketak izango dira errepideetan ekainaren 28tik uztailaren 3ra.
Gure asistentzia-zerbitzu guztiak ohiko ordutegietan mantenduko dira; gure web orrian ikusi ditzakezu. Hala ere, gure zerbitzuak behar izanez gero, kontuan hartu Tourrak trafikoan izan dezakeen eragina, egunaren eta orduaren arabera, gure zentroren batera egiten duzun joan-etorria oztopatu baitezake.
Zuzeneko ordainketari eta ordainketa eskuordetuari buruzko araudi berriari buruzko taula, 2/2023 Errege Dekretuaren Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 170. eta 174. artikuluekin bat. Taula horretan ikus daiteke lehen nola zegoen araututa eta nola hemendik aurrera, honako kasu hauetan:
Alta 1. ebazpenean
Alta 1. ebazpenean jakinarazi arte
Alta 2. ebazpenean edo hurrengoetan
Altarekiko desadostasuna
Luzapena
Ezintasun iraunkorraren proposamena, 365 egun (1. ebazpena)
Ezintasun iraunkorraren proposamena, 365 eta 545 egun bitartean (2. ebazpena)
Ekainaren 8an eskaini du Estivill doktoreak “Loa eta hark lanarekin duen zerikusia” jardunaldia, Mutualiak antolatua Somorrostro Irakas-Gunearekin lankidetzan.
Hitzaldiaren hasieran, Estivill doktoreak azaldu du loaren espezialitatea oso berria dela, 100 urte baino ez baitira igaro lo gaudela zer gertatzen den jakiten hasi garenetik.
Hiru ardatz izan ditu hitzaldiak: zer den loa, zertarako balio duen eta zenbat lo egin behar den (eta horrek lanarekin duen zerikusia).
Loaren kontzeptua
Estivill doktoreak azaldu duenez, egunean zehar gastatu duguna konpontzeko eta leheneratzeko lantegia da loa.Konponketa intelektuala da. Garunak ezin du ezer ikasi lo gaudela, baina ikasi duguna finka dezake. Izan ere, lo gaudela konfiguratzen da memoria. Hortik dator gaztelaniazko esaera ezaguna: “lección dormida, lección sabida”
Zenbat orduz egin behar dugu lo?
Lo indarberritzaile baterako beharrezko ordu-kopuruak aldatu egiten da adinaren arabera:
10 urtera bitarteko haurrak, 11 ordu egunean. Egunez energia asko gastatzen dute, etengabe ikasten ari baitira. Gauez atseden hartu behar dute fisikoki, eta memoria antolatu. Frogatu da ordu horiek lo ematen dituen haurra hurrengo egunean zoriontsu dela eta eskolan errendimendu ona duela. Loak baldintzatzen ditu jarduera guztiak.
18 urtera bitarteko nerabeak, 9 ordu egunean. Asko ikasten dute sasoi honetan. Nerabeek, oro har, ez dute behar adina lo egiten. Sare sozialek ez dute laguntzen; nerabeak berandu lotaratzen dira, eta loaren gabezia kronikoa izaten dute. Lo falta horrek jokabide-arazoak, ingurunera egokitzeko arazoak, gatazkak, eskola-errendimendu baxua, familia-gatazkak… eragiten ditu. Estivill doktoreak azpimarratu du ez dugula jakin nerabeei azaltzen lo-ordu horiek zenbaterainoko garrantzia duten errendimendu ona izateko.
Helduak (18-65 urte). Helduen % 90ek 8 ordu lo egiteko beharra dute. Hala ere, helduen % 5-10ek nahikoa dute 6 ordu lo eginda, eta beste % 5-10ek egunean 10 ordu lo egiteko beharra dute. Garrantzitsua da lo erregular eta egunerokoa izatea. Hau da, bizitzako egun guztietan egin behar da behar adina orduz lo. Nola jakin dezakegu kasu bakoitzean zenbat ordu behar diren? Pertsona bakoitzaren araberakoa da lo egin beharreko ordu-kopurua; 8, 6 edo 10 orduz lo egin eta egunean zehar nola gauden ikusi behar da.
65 urtetik gorako helduak. Gauez 6 ordu eta egunez bi siesta egin behar dira. Siesta laburrak izan behar dute, eta bazkaldu edo afaldu aurretik nahiz ondoren egin daitezke. Adin-tarte honetan ohikoa izaten da lo egiteko pilulak hartzea, eta tratamendu horiek loguratuta uzten dituzte nagusiak. Horren ondorioz, ahulago sentitzen dira, eta horrek erorikoak, hausturak… eragiten ditu. Adierazi dugun ordu-banaketa kontuan hartuz gero, ordea, ez litzateke beharko halako medikamenturik.
Loaren etapak
Loaren estadioa ziklotan banatzen da, eta ziklo horiek 3 fasetan gertatzen dira.
Eskailera bat irudikatuko dugu, eta goitik behera hasiko gara:
Lehenengo fasea. Lehenengo maila honetan, begiak ixten ditugu, logura sentitzen dugu, gure gorputza erlaxatu egiten da eta arnasketa uniforme bihurtzen da. Fase honetan, ohikoa izaten da, besteak beste, hankak astintzea, loa azalekoa baita artean.
Bigarren fasea. Loak aurrera jarraitzen du, eta garuneko uhinak moteldu egiten dira.
Hirugarren fasea. Eskailerako hirugarren maila honetan sartzen gara lo sakonean. REM fase (rapid eye movement) izenez da ezaguna, hori gertatzen baitzaigu garunean jarduera onirikoa egiten den artean. Hala, REM fase honetan esnatzen bagara, amesten ari ginena gogoratu dezakegu, beste bi faseetan ez bezala.
Gauean zehar fase horiek errepikatzen ditugu; guztira, 90-120 minutu irauten dute. Gau batean 4 edo 5 lo-ziklo oso egin ditzakegu.
Erritmo zirkadianoen garrantzia
Erritmo zirkadianoa erritmo biologiko bat da, zeinean aldaketa fisiko, mental eta jarrerazkoak gertatzen baitira.24 orduan behin errepikatzen da.
Argiaren arabera funtzionatzen du. Egunez loa fabrikatzen dugu, eta gauez eguna fabrikatzen dugu. Bi zelula-multzo txiki dira; gure erlojuak, nolabait esateko: noiz egin behar dugun lo eta noiz egon behar dugun esna esaten digute. Eta edozein erlojuri bezala, giltza eman behar zaie; hau da, behar bezala funtzionatzeko informazioa behar dute. Hala, gaua iristen denean, argia joaten ari dela sumatu behar dugu, melatonina fabrikatzen hasteko. Iluntasuna behar da ondo lo egiteko. Bestalde, eguna argitzen duenean, garunak argia jaso behar du, eta melatonina fabrikatzeari utzi eta kortisola sortuko du, melatonina indargabetzeko.
Horregatik, garrantzitsua da erritmo eta ordutegi jakin batzuk mantentzea eguneroko jardueretan: ariketa fisikoa goizean, bazkaria eguerdian, lotara joateko eta altxatzeko ordua… Horrekin guztiarekin, gure bizi-kalitatea hobetuko da, erlojuak ondo funtzionatuko baitu.
Gogoeta orokorrak
Loaren murrizketa 1 eta 4 ordu bitartekoa izaten da, eta gauaren bigarren erdian gertatzen da batez ere.
Asteburuetan eta opor-garaian ordutegi normala berreskuratzen da.
Lo falta dugula eta ez gaituela indarberritu sumatzen dugu subjektiboki.
Ondorioak ditu laneko segurtasunean.
Gaueko lana eta txandakakoa
Sektore batzuetan, gauez eta txandaka lan egiten da: suhiltzaileak, polizia, osasun-profesionalak, aire-kontrolatzaileak eta abar.
Zer dira “gaueko aldia” eta “gaueko langilea”?
Gaueko aldia da gutxienez 7 ordu hartzen dituen denbora-tarte bat, 00:00etatik 05:00etarako aldia barne hartzen duena.
Gaueko langilea da gutxienez 3 orduz gaueko aldian lan egiten duena.
Gaueko langileek eta txandaka aritzen direnek egunez lan egiten dutenek baino lo gutxiago egiten dute, eta loa asaldatua izaten dute. Lo falta hori konpentsatzen saiatzeko, egun libreetan lo gehiago egiten dute askok, eta horrek bizi-ohiturak aldatzen dizkie. Hauek dira ondorio nagusiak: loaren gabezia kronikoa, dieta desorekatuagoa, sedentarismo handiagoa eta nahasmendu kardiobaskularrak eta digestiokoak.
Txandakako langileen loa hobetzeko, kontuan hartu behar dira alderdi hauek:
Txandatzearen abiadura
Txanda zer ordutan hasten den
Loaren iraupena
Txandatzearen noranzkoa
Loa hobetzeko soluzioak
Lo-orduak babestea. Loa errespetatzea eta langilearen eguna haren gaua dela pentsatzea; beraz, ez da atseden hori eten behar. Kontzientziazio orokorra behar da: ez da telefonoz deitu behar, ez mezurik idatzi… Gauez ez genuke halakorik egingo, ez “molestatzearren”.
Lo-ordutegi erregularra izatea.
Jatordu arinak egitea eta kafeina eta bestelako estimulatzaileak saihestea ohera joan baino 5 ordu lehenagotik.
“MUTUALIA” Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutualitatearen (aurrerantzean, Mutualia) Zuzendaritza Batzordeak, 2023ko martxoaren 24an eta 2023ko maiatzaren 26an egindako ohiko bileran, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluan eta Erakundearen Estatutuen 22. eta 23. d) artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, enpresa elkartuei EZOHIKO ETA OHIKO batzar orokorretararako DEIALDIA egitea erabaki du. Batzarrak ONDOZ ONDO egingo dira, 2023ko uztailaren 14an (ostirala), 12:00etan, lehen deialdian, eta 12:30ean, bigarren deialdian, Donostian (PAKEA Klinikako areto nagusia, Arriola pasealekua 26, Ibaeta Auzoa), honako honi jarraituz:
EZOHIKO batzar orokorraren gai-zerrenda
Presidentearen hasierako agurra.
Hala badagokio, eta Zuzendaritza Batzordeak proposatuta, Entitatearen Estatutuen aldaketa onestea, 24., 28., 33., 34., 36., 44., 47. eta 54. artikuluak eta azken xedapena aldatzeko.
Aurreko proposamena onetsiz gero, Zuzendaritza Batzordeari berariaz eta modu zabalean baimentzea aurreko erabakia exekuta dezan eta Estatutuen testuan jaso ditzan Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak kasuan kasu proposatzen dituen gehikuntzak, aldaketak edo zuzenketak.
Bi kontu-hartzaile izendatzea, bileraren akta berretsi eta onesteko.
OHIKO batzar orokorraren gai-zerrenda
Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa aztertu eta, hala badagokio, onartzea honako hauek barne hartuz: aldi baterako finantza-inbertsioen txostena, ondare historikoaren zuzkidurak eta aplikazioak barne; memoria, Gobernu Korporatiboaren urteko txostenarekin; 2022ko ekitaldiko balantzeak eta emaitza-kontuak, Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenak ezagutu ondoren; eta 2022. ekitaldiko emaitza ekonomiko positiboa eta soberakinaren aplikazioa.
2024ko ekitaldirako aurrekontuen aurreproiektuari buruzko informazioa ematea eta, hala badagokio, onestea, eta Zuzendaritza Batzordeari eskumenak eskuordetzea Gizarte Segurantzaren Aurrekontuen Proiektuan integratzeko behar diren aldaketak egin ditzan.
2022ko ekitaldiko Prestazio Berezien Batzordearen kudeaketari buruzko txostena.
Gobernu Korporatiboaren Politika Orokorraren aldaketa aztertu eta, hala badagokio, onartzea.
Zuzendaritza Batzordearen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Barne Erregelamenduaren aldaketa aztertu eta, hala badagokio, onartzea.
Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzea.
Bi kontu-hartzaile izendatzea, bileraren akta berretsi eta onesteko.
Presidentearen azken hitz-hartzea.
Galderak eta eskaerak.
Estatutuak aldatzeko proposamenaren testua eta azalpen-memoria, aldi baterako finantza-inbertsioen txostena, memoria, balantzeak, emaitza-kontuak, Gobernu Korporatiboaren Politika Orokorra, Zuzendaritza Batzordearen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Barne Erregelamendua eta Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenak Mutuaren webgunean kontsultatu ahal izango dira (www.mutualia.es/eu), batzar orokorren aurreko 15 egunen barruan, baldin eta azken horiek Mutualiari jakinarazi bazaizkio, eta betiere jakinarazpenaren egunetik hasita.
Legitimazioa ziurtatzeko modu eta baldintza aplikagarriak:
Batzar orokorrak egiten diren egunean indarrean dagoen kidetze-hitzarmena duten Mutualiako enpresaburu bazkide guztiek izango dute bertaratzeko eskubidea. Hala ere, beren betebehar sozialak egunean dituztenek bakarrik izango dute botoa emateko eskubidea. Bertaratzeko eta botoa emateko eskubidea izango dute atxikitako langile autonomoen ordezkariak eta erakundeko langileen ordezkariak ere. Bertaratzeko eta botoa emateko eskubideak erabiltzearen ondorioetarako, jakinarazten da Mutualiaren helbide sozialean eta egoitza operatiboan kontrol- erregistro eguneratu bat dagoela, batzar orokorren deialdia egiten den egunean dauden enpresaburu bazkideak eta betebehar sozialak egunean dituztenak jasotzen dituena, haiei dagozkien datuekin. Betebehar horiek kidetze-agiria eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria erakutsita ere egiazta daitezke. Mutualitatearen bazkide den eta batzar orokorretara bere izenean edo eskuordetzaz joan nahi duen enpresari orok “BERTARATZEKO ETA/EDO BOTOA ESKUORDETZEKO TXARTELA” izan behar du. Mutualiaren edozein zentrotan edo gure webgunean (www.mutualia.es/eu) eskuratu daiteke txartel hori. Botoa eskuordetzan emanez gero, beste enpresaburu bazkide bati eman ahal izango zaio ordezkaritza, baita lehendakariari edo Zuzendaritza Batzordeko edozein kideri ere.
Edozein zalantza edo kontsultatarako: 94 425 25 03
Bilbon, 2023ko maiatzaren 26an Zuzendaritza Batzordea
Animaliek etxean duten presentziak gora egin zuen nabarmen pandemiaren ostean; zehazki, % 38 hiru urtean, zifra hauetaraino: 9 milioi txakur, 6 milioi katu eta 5 milioi txori; horiei arrainak eta bestelako espezieak erantsi behar zaizkie.
Joan den hamarkadako hazkunde kuantitatiboaz gain, hazkunde kualitatibo bat ere izan da haiekin dugun harremanean, gure familietako kide aktibo bihurtu baitira. Harreman horren ondorioz, gizarteak gero eta zerbitzu eta produktu gehiago eskaintzen ditu animalien ongizaterako, eta beraz, zenbat eta integrazio handiagoa, orduan eta erregulazio eta baliabide gehiago pertsona eta animalien egunerokotasuna errazteko.
Aipagarria da mugikortasun segurua biziki garrantzitsua bihurtu dela animalion eguneroko bizitarako; kasu honetan, Animalien Ongizatea eta Bide Segurtasuna batu egiten dira, animaliaren espeziea eta tamaina gorabehera, garraio-formularik egokiena bilatzeko.
Zer dio benetan arauak?
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen 13.artikuluaren arabera, arreta berezia jarri behar dugu “[gidariak] garraiatzen dituen gauzak edo animaliak ondo kokatuta joan daitezen, gidariari trabarik sor ez diezaioten.” Arau hori guztiz urri eta zehaztasunik gabea da gaur egun. Zentzuzkoa denez, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren hurrengo aldaketan, xehetasun handiagoz jasoko da etxeko animaliak ibilgailuetan garraiatzeko era. Bitartean, adituei galdetu diegu, eta zenbait gomendio zehatz egin dituzte, guztiak ere sen onari jarraituz.
ZER EZ DUGUN EGIN BEHAR INOIZ:
Animaliei beren uhalarekin bakarrik eutsi.
Aske utzi, eserlekuan zein maletategian.
Aurreko eserlekuetan jarri.
Burua leihotik ateratzen utzi.
Txikiak badira eta garraio-kutxa batean badaramatzagu, kalitate txarreko plastikozkoa izatea kutxa eta ainguratu gabea uztea.
ZER EGIN BEHAR DUGUN:
Txikitatik autora ohitu.
Pisua eta tamaina kontuan hartu kalitatezko segurtasun-arnesak edo eta garraio-kutxak hautatzeko.
Garraio-kutxen kasuan, istripu edo eta balazta-kolpe gogorrek aurrerantz botako ez dituztela ziurtatu.
Geldialdiak sarri egin.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egin nahi dituen aldaketak eta segurtasun-estandarrak finkatzen dituen Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Pasiboari Buruzko Lantaldeak (GRSP) dioena ikusirik, nabarmena da murriztu egin nahi dela animaliei buruzko pertzepzio sozial berriaren eta haiekiko kontsiderazio burokratiko eta administratiboaren artean dagoen aldea. Gogoratzea besterik ez dago duela urte gutxi arte adingabeek inolako euspenik gabe bidaiatzen zutela ibilgailuetan.. Eboluzionatzeak hobetzea esan nahi du, segurtasuna hobetzea.
Nola eta non sortu zen Elkar eta zein dira bere jarduera nagusiak?
Elkar-en sorreran bi abiapuntu daude. Batetik 1960ko hamarkada amaieran Joseba Jaka etxez etxe liburuak saltzen hasi zen, eta horrekin batera handik eta hemendik bildutako materiala ikastoletara zabaltzen. Bestetik, 1972an, Baiona, Ipar Euskal Herriko 20 kulturzalek ELKAR argitaletxea sortu zuten; handik bi urtera talde hura Hego Euskal herriko beste 20 lagunekin osatu zen eta handik gutxira Zabal liburu-denda zabaldu zuten.
1976an, Donostian Bilintx liburu-denda zabaldu zen eta Zabaltzen liburu eta diskoen banaketarako enpresa sortu zituzten Jaka anaien artean (Joseba, Goio, Jon) eta gerora Joxemari Sors, Iñaki Sors eta Xanti Jaka gehitu zitzaizkien. Une horretatik aurrera, euskal kulturari ikusgarritasuna emateko helburuarekin argitaletxea Donostian ere kokatu zen eta liburu-dendak zein banaketa Euskal Herri osora zabaldu ziren.
Gaur egun elkar Fundazioaren baitan antolatutako enpresa taldea dugu elkar, zeinaren barruan dauden argitaletxea (Elkar, Ttarttalo, Txertoa eta Sua zigiluak hartzen ditu), inpresio zentroa (Leitzaran Grafikak), banaketa enpresak (elkar Bakaneta, ACL, Dispe) liburu-dendak euskal lurralde guztietan (18 elkar liburu-denda eta online denda).
Elkar Fundazioak bere enpresa taldean bidez gartzeko duen xedea da euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea da, enpresa eta ekonomia euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarriz.
Zenbat pertsonak osatzen dute Elkar eta zeintzuk dira bere profil profesionalak?
Elkar talde osoan 400 langiletik gora ari gara gaur egun, era oso diferentetako lanetan, edizio lanetatik hasi, liburu-denda, inpresio eta biltegi lanetaraino. Era berean, eginkizun horiei guztiei zerbitzua ematen dieten administrazio, informatika, marketin eta beste hainbat sail.
Era oso diferentetako lana egite dituzten pertsonak, beraz, beti ere euskal liburuarekin eta euskal kulturarekin dugun konpromisoak lotuta, modu profesional eta konprometituan lan eginez egunez egun enpresan beharrei eta euskal kultuaren beharrei erantzuteko.
2022.urtean 50 urte bete ditu Elkarrek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aintzat hartu du mende erdian euskara eta euskal kultura sustatzeko eta garatzeko egindako lanagatik. Zer suposatu du aitortza horrek?
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman izana berri ona eta handia izan da elkar-entzat, urte luzez ondo egindako lanaren ordain gisa hartu baitugu. 50 urtetik gora daramatza elkar-ek euskal kultuarekin konprometituta, euskal kulturari ahalik eta ikusgarritasunik handiena emateko lanean, Euskal Herriko beste kultur eragile askorekin batera hainbat ekimen martxan jartzen, eta horren errekonozimendua ikusi dugu sariarekin.
«OBE DA aldez AURÉTIK GALERAZI GEROZ ZUZENDU BAÑO», 1935ean, lelo horrekin PAKEAk, gaur egun Mutualiak, Espainiako lan-arriskuen prebentziorako lehen egutegia argitaratu zuen, euskaraz zein gaztelaniaz. Argitaletxea Gráficas Laborde eta Labayen zen. Zer bilakaera izan du euskarazko kulturaren kontsumoak?
1935etik hona gauzak asko aldatu dira. 1936an Espainian izan zen estatu golpeak, ondoko gerrak eta 40 urteko frankismoak euskal kultura erabat ezkutatzea ekarri zuten.
1960ko hamarkadan hasi zen berriro euskara eta euskal kulturaren aldeko mugimendua eta militantzia eta garai horretan abiatutakoa da gaur egun ezagutzen dugun elkar bera. Euskaraz ia ezer ez izatetik loratze bat etorri zen euskal kulturarentzat, jende askoren ekarpenari esker: liburuak, euskaraz ikasteko materiala, antzerkia, musika… kultur arloko eremu guztietan euskal ekoizpen gero eta oparoagoa dugu, nahi genukeen adinakoa ez bada ere.
Kontsumoari dagokionez hura ere ekoizpenarekin haziz joan izan da urteetan, baina gaur egun geldialdian gaudela esan dezakegu. Globalizazio garaiotan, hizkuntza nagusietan garatzen den kultura denon eskua dago eta horrek bete betean eragiten du euskaraz egindako kulturaren irisgarritasunean eta kontsumoan. Ez da samurra munduko plazan euskal ekoizpena kokatzea eta ezagutzera ematea. Ondorioz, euskal kulturaren jarraipena ez da nahi bezain indartsua. Sortzen dira, tantaka, arrakasta handiko liburu, musika talde edo filmak, baina, oro har, behar eta merezi baino harrera eskasagoa izaten dute euskal kultur sortzaileen emaitzek, haien kalitatea gero eta handiagoa bada ere.
Zein da sektorearen eta Elkarren etorkizuna?
Liburuaren sektoreak garai zaila eta aldakorra bizi du.
Alde batetik, kultur kontsumora bideratutako elementu berriak ditugu, bereziki ikus-entzunezkoetako plataformak, eta horietan sartzen dugun denbora bestelako kultur adierazpenerako eskaini izan dugunetik kentzen dugu batez ere; beraz, liburu irakurzaletasunak eta irakurketara dedikatzen dugun denborak behera egin du.
Bestetik, lehen aipatutako globalizazioa dugu, non kultura txikiek, are gutxituek, gero eta eremu zabalagoan lehiatzen dute, baliabide askoz ere gehiagorekin eta tamaina askoz ere handiagoan ekoizten duten kulturen ondoan egin behar dute tokia eta hori zaila da.
Alegia, egoera ez da samurra, eta horrek eskatuko digu guztioi ere lan egiteko moduak berritzea, bide berriak topatzea lekua egin eta jendearengana iristeko, jendeak ezagutu eta balora dezan euskal kulturak eskaintzeko duena. Ez da samurra izango, baina euskal kulturak ez du inoiz erraza izan eta duela 50 urteko kemen bertsuarekin egiten badugu lan uste dugu ezagutuko ditugula garai oparoagoak. Optimistak izan behar dugu eta ez etsi gure lanean, konpromisoak ekarri gaitu hona eta horrek eraman gaitzake eszenario berrietara.