2023ko Pazientearen segurtasuneko munduko jardunaldia

demos voz a los pacientes

Irailaren 17an ospatuko da 2023ko Pazientearen Segurtasunaren Munduko Eguna. Aurten, «Pazienteak pazientearen segurtasunean inplikatzea» da gaia, eta «Eman diezaiogun ahotsa pazienteei» leloa. Pazienteak beren segurtasun klinikoan sartzea lehentasuna da gaur egungo arreta medikoan. Ebidentziak frogatzen du gaixoen parte-hartze aktiboak lagundu dezakeela akats medikoei aurrea hartzen eta arretaren kalitatea hobetzen, eta, gainera, pazienteen gogobetetasuna areagotzen.

OMEk osasun-erakundeei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, esaterako, gaixoek politikak egiten parte har dezaten, gobernantza-egituretan parte har dezaten eta segurtasun-estrategien diseinu bateratuan parte har dezaten, eta jasotzen dituzten zainketetan zeregin aktiboa izan dezaten.

Mutualiak estrategia horretan lan egiten du hainbat ildotan, hala nola:

  • Pazientearen heziketa: haren egoera medikoari, tratamendu-aukerei eta arriskuei buruzko informazio argia eta ulergarria ematea.
  • Komunikazio irekia: Pazienteen eta arreta medikoaren hornitzaileen arteko komunikazio irekia eta zintzoa sustatzea. Pazienteak galderak egitera eta kezkak adieraztera animatzea.
  • Erabakiak hartzen parte hartzea: Pazienteak beren arreta medikoari buruzko erabakiak hartzen inplikatzea, haien balioak eta lehentasunak kontuan hartuta.
  • Erregistro medikoetarako sarbidea: Pazienteek beren erregistro mediko elektronikoetarako sarbidea izatea, beren historia berrikusi eta arreta hobeto uler dezaten.
  • Sendagaiaren segurtasuna: Medikamentuen berrikuspena eta pazienteen dosien eta albo-ondorioen ulermena sustatzea. Alergiei eta egungo sendagaiei buruzko komunikazioa sustatzea.
  • Akatsen identifikazioan parte hartzea: pazienteak animatzea arreta medikoan ikusten duten edozein segurtasun-akats edo -intzidenteren berri ematera.
  • Prestakuntza eta ahalduntzea: Pazienteei beren segurtasunerako aktiboak izateko prestakuntza eskaintzea; ohartarazpen-zeinuak ezagutzea eta arriskuen kudeaketa barne
  • Teknologia: tresna teknologikoak erabiltzea, hala nola aplikazio mugikorrak eta lineako atariak; pazienteek arreta medikoan aktiboki errazago parte har dezaten.
  • Pazienteen feedbacka: Pazienteek arreta medikoan duten esperientziari buruzko feedbacka biltzea eta prozesuak eta segurtasuna hobetzeko erabiltzea.

Egungo Plan Estrategikoan, ahalduntze horretan sakondu nahi dugu. Berriki lankidetza-hitzarmen bat sinatu da Anputatuen Elkarte Nazionalarekin (ANDADE) eta HUMANS Fundazioarekin, eta datorren udazkenean Pazienteen Plataformarekin lan-ildo bati ekingo diogu. Azken finean, paziente eta familiei ahots handiagoa ematen saiatuko gara, beren kezkak, espektatibak eta lehentasunak adieraz ditzaten, segurtasuna, pazienteak prozesuan duen eginkizun nagusia, fidagarritasuna eta ekitatea sustatzeko.

Ziur gaude pazienteak beren segurtasun klinikoan sartzeak berekin dakarrela informazio bidez ahalduntzea, komunikazio irekia sustatzea eta erabakiak partekatzea, eta teknologia eta feedbacka erabiltzea arreta medikoa hobetzeko. Ekimen horien bidez bermatu nahi da pazienteak beren zaintzan bazkide aktiboak izatea, eta akatsei aurrea hartzen eta arreta medikoaren kalitatea hobetzea

RED zerbitzu berria: ACREDITAko gorabeheren alta eta kontsulta (ACRA)

Alta y Consulta de Incidencias ACREDITA

Likidazio Zuzeneko Sisteman sortzen diren gorabeherak errazago eta hobeto kudeatzeko, jakinarazten dugu datorren irailaren 4tik (astelehena) aurrera erabilgarri izango dela ACRA (ACREDITAko gorabeheren alta eta kontsulta) aplikazio berria RED Online sisteman. 

Aldi baterako ezintasuna, prestazio ez-kontributiboak eta epe laburrerako beste batzuk kudeatzeko Zuzendariordetza Nagusiak bultzatuta sortu da ACRA, zeinaren helburua baita ABErekin (aldi baterako ezintasuna), AKEZrekin (adingabearen jaiotza eta zaintza), HArekin (haurdunaldiko arriskua), EArekin (edoskitzaroko arriskua), EErekin (edoskitzaroko erantzunkidetasuna) eta MDAZrekin (minbizia duen adingabearen zaintza) lotutako Acredita gorabeheren kudeaketa automatizatzea. 

Zerbitzu berri honen bidez, RED baimena duten erabiltzaileek modu arin eta errazagoan eman ahalgo izango dituzte altan Acredita gorabeherak. Halaber, erabiltzaileak aukera izango du aurkeztutako gorabeheren egoera kontsultatzeko, haien kudeaketa eta izapideak zer egoeratan dauden jakiteko. Horrez gainera, gorabeheren altei dagozkien txosten eta ziurtagiriak bistaratu, deskargatu eta inprimatu daitezke. 

Erabiltzailea RED Onlinen baliozkotu ondoren, hurrengo pantailara igarotzen da, zeinean bistaratzen baita zer zerbitzu dauden erabilgarri; han dago Acredita gorabeherak kudeatzeko aukera. 

Irailean, gorabeherak kudeatzeko bi modu mantenduko dira: batetik, ACRA aplikazio berria eta, bestetik, Acredita postontzi probintzialak. Urriaren 1etik aurrera, Acredita gorabeherak RED Online sistemako ACRA zerbitzuaren bidez bakarrik aurkeztu eta ebatzi ahal izango dira. 

 Aplikazioaren erabiltzailearen eskuliburua Gizarte Segurantzaren webgunean dago, esteka honetan.  

Nobedadeak minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duten adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoan

cume

Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.6 artikulua aldatzearen ondorioz —minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen beren ardurapeko adingabea ospitaleratzean eta ondorengo tratamenduan zehar zaintzeko lan-jardunaldia murrizten duten eta prestazio ekonomikoa jasotzen duten guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoei buruzkoa—, duela gutxi aldatu egin da minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duten adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa aplikatzen eta garatzen duen Erregelamendua (1148/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa). 

Egindako aldaketei esker, laguntza hori nabarmen hobetu da. Oro har, aldaketa horien helburua da prestaziorako irispidea erraztea, laguntzaren aldia zabaltzea eta prestazioaren eskubidea berriztatzeko luzapenen tramiteak erraztea

  1. Gaixoa adinez nagusia izan daiteke, betiere minbizia edo gaixotasun larria hark 18 urte bete aurretik diagnostikatu bada

Aldaketaren aurretik, prestaziorako eskubidea aitortzeko, beharrezkoa zen gaixoa adingabea izatea. 

  1. Gaixoak 23 urte betetzen dituenean iraungiko da prestazioa. Baldin eta gaixoari % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna aitortu bazaio 23 urte bete baino lehen, 26 urte betetzen dituenean iraungiko da prestazioa, betiere ere desgaitasun hori mantentzen bada. 

Lehen, gaixoak adin-nagusitasuna betetzen zuenean iraungitzen zen prestazioa. Beraz, laguntzaren aldia nabarmen zabaldu da. 

  1. Prestaziorako eskubidea hilabeterako aitortzen da gehienez. Aldi hori, hasiera batean, bi hilabetez luza daiteke gehienez eta, ondoren, gehienez lau hilabeteko ondoz ondoko aldiak izapidetuko dira, harik eta prestazioa iraungitzen den arte. 

Lehen, luzapen horiek guztiak 2 hilabetekoak ziren gehienez, eta prestazioaren onuradunek bi hilabetetik behin jo behar izaten zuten adingabearen medikuarengana, hurrengo luzapena eskuratzeko medikuaren adierazpenaren bila. Hobekuntza horrekin, nabarmen hobetu da prestazioak eskatzeko egin beharreko izapideen prozedura, onuradunari, osasun zerbitzu-publikoari eta mutuei dagokienez. 

  1. 18 urte bete ondoren, gaixoa ezkontzen bada edo izatezko bikote bat eratzen badu, haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak prestaziorako eskubidea izango du, betiere prestazioa eskuratzeko eskakizunak betetzen baditu. 

Lehen ez zen aukera hori jasotzen araudian: adingabe gaixoaren guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoek bakarrik jaso zezaketen prestazioa. 

  1. Banandu, dibortziatu edo ezkontza deuseztatuz gero, eta izatezko bikotea hautsiz gero, gaixoarekin bizi den guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoari aintzatetsiko zaio prestaziorako eskubidea, nahiz eta beste guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoak lanik ez egin, betiere gainerako eskakizunak betetzen badira. 

Lehen beharrezkoa zen bi guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoak Gizarte Segurantzaren erregimenen batean afiliatuta eta alta emanda egotea eta biak aldi berean jardunean izatea. Horregatik, babesgabetasun-egoerak gertatzen ziren dibortzioa edo banantzea izan edo izatezko bikotea hautsi eta bikotekideetako bat seme-alaba gaixoa zaindu ezin zuen urruneko beste leku batera joaten zenean bizitzera. 

Gogorarazten dizuegu minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duen seme-alaba bat zaintzeagatiko prestazioa Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuek kudeatzen dutela, eta zuzentzen zaiela minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme-alaba bat ospitaleratzean eta ondorengo tratamenduan zehar zaintzeko beren lanaldia murriztu behar duten guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoei (gutxienez % 50 murriztu behar dute, lan-harremana etetera iritsi gabe), familia-unitateak egoera larri eta ohiz kanpoko horretan dituen sarrera-galerak konpentsatzeko.

 

Diego Badosa Quintana


Laneko jarduera uzteko prozesuaren zuzendaria. Bonusaren eta CUMEren arduraduna

Langile autonomoen kotizazio-sistema berrian etekinak aitortzeko epea gogoraraztea

sistema de cotización de autónomos

Urriaren 31n amaitzen da Langile Autonomoen Araubide Bereziari atxikitako langile guztiek, zeinak aurreko ekitaldietatik hona lanean baitihardute, Gizarte Segurantzaren aurrean beren jardueraren urteko etekinen nahitaezko aitorpena aurkezteko epea.

Aitorpen hori nahitaezkoa da autonomoen kotizazio-sistema berriari atxikitzeko egintza delako; sistema 2023tik aurrerako jarduera-etekin errealetara egokituko da. Oraindik aurkeztu ez dutenek 2022ko abenduan aplikatzen zuten kotizazio-oinarriaren arabera kotizatu dute ekitaldi honetan, behar bezala eguneratuta. Egoera iragankor hori ezingo da luzatu aitorpena nahitaez aurkeztu beharreko datatik aurrera, eta 2023ko urtarrila-urria bitartean egindako kotizazioak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak erregularizatu beharko ditu, aitortutako etekinekin behar bezala harmonizatzeko, betiere desbideratzerik ikusten bada.

Aitorpena telematikoki aurkeztu behar da ImportaSS atariaren bidez. 2023ko ekitaldirako zenbatetsitako urteko etekin errealak jakinarazi behar dira. Datu hori zehaztasun nahiko handiarekin kalkulatu daiteke, ekitaldia aurreratu ahala lortutako etekinak abiapuntu hartuta.

Gastu orokorren murrizketa aplikatuta —kasuaren arabera, % 3 edo % 7 izango da—, 2023ko azarotik aurrera aplikatu beharreko hileko kotizazio-oinarria komunikatutako datuetatik lortuko da, eta, ondoren, indarrean den kotizazio-tasarekin biderkatuta kalkulatuko da kuota. Kotizazio-oinarri horrek, zeina aitortutako etekinen emaitza baita, berekin dakar kotizatzailea 2023. urterako ezarritako eskalaren kotizazio-tarte jakin batean kokatzea (eskala taula orokorrekoa zein taula murriztukoa izan daiteke). Gainera, kotizatzaileak egokitzat jotzen duen oinarria aukeratu ahal izango du aitortutako etekinengatik esleitu zaion tartearen barruan, eta, behar izanez gero, aldatu ere egin ahal izango du horretarako ezarritako bi hileko leihoetako edozeinetan.

Aitorpena adierazitako epean egiten ez badu, langileak ez du beteko informazioa emateko betebeharra. Ondorioz, batetik, falta astun gisa hartuko da, eta, bestetik, erregularizazio posible batek eragindako zorrak errekargua eta interesak izango ditu, epe barruan aitortutako etekinetan egindako kalkulu-akatsen ondorioz sortutako ohiko erregularizazioan ez bezala.

Iñaki Esnal Zalakain 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Nola eragiten digu beroak gidatzen dugunean? 

Nola eragiten digu beroak gidatzen dugunean 

Meteorologiako Estatu Agentziak (AEMET) azken txostenean iragarri duenez, aurtengo uda —zehazki, aurtengo uztaila— mende honetako beroen eta lehorrenetan bosgarrena izan da, eta seigarrena erregistroak daudenetik. Bi bero-bolada izan dira jada penintsula osoan.  

Abuztua hasi orduko, beste olatu bat iragarri zuten. Nola eragiten digu beroak errepidean joan-etorri gehien gertatzen diren garaian? Zer neurri har dezakegu gidatzean beroaren ondorioak arintzeko? 

Egun hauetan errepidera irtetean, gogoan izan behar dugu beroa arriskutsua dela, eragin kaltegarria egiten baitie gidariei, bidaiariei eta ibilgailuei. Beroak, oso handia denean, kalte egiten dio gidariari, agresibitatea eragin baitiezaioke eta nekea areagotu. Bestalde, erreflexuak moteltzen ditu: denbora gehiago behar izaten dugu erreakzionatzeko, eta, ondorioz, akats gehiago egiten ditugu. Gainera, 35 °C-an gidatzen dugunean, ez ditugu ikusten trafiko-seinaleen % 10 eta % 20 artean.  

Zenbait azterlanen arabera, istripu-arriskua % 20 ere igotzen da tenperatura altuetan.  

Ez dugu ahaztu behar ibilgailuari ere eragiten diotela tenperatura altuek. Horregatik, bidaia hasi aurretik, ibilgailuaren zati guztiak berrikusi behar ditugu, eta, kasu honetan, arreta jarri behar diegu bereziki bero handia egiten duenean gehien sufritzen dutenei:  

  • Pneumatikoak: beroarekin, asfaltoak tenperatura altua hartzen du, eta higadura handiagoa eragiten du.  
  • Alternadorea: aire girotua, motorra hozteko sistema eta beste pieza elektriko batzuk gehiegi erabiltzean, ohi baino lan handiagoa egiten du alternadoreak udan. Egiaztatu ez daudela hondatuta alternadorea eta haren uhala. Saihestu gehiegizko esfortzuak eragindako matxurak.   
  • Bateria: egiaztatu beti erabiltzeko baldintza onetan dagoela.  
  • Hozte-sistema: motorraren hozte-sistemak huts egiten badu, motor osoa honda daiteke. Horregatik, funtsezkoa da sistema hori baldintzarik onenetan dagoela kontrolatzea. Autoa geldirik dagoenean motorra hozten duen haizagailu elektrikoa da udan gehien hondatzen den piezetako bat.  

Ikusi dugunez, beroa erronka da ibilgailuarentzat zein gure organismoarentzat. Hori dela eta, neurri batzuk hartu behar ditugu geure ongizatea handitzeko. DGTk gomendatzen du udan neurri osagarri hauek hartzea:  

–    Gidatzen hasi aurretik, jaitsi autoko leihatilak, bidaiari-lekua aireztatzeko eta barruko eta kanpoko tenperaturak berdintzeko.  

–    Aire girotua pizten baduzu, eduki jaitsita leihatilak lehenengo segundoetan, aire beroa kanpora botatzeko.  

–    Klimatizagailuaren tenperatura 22-24 °C-an eduki, hoztu ez zaitezten auto-kanpotik barrura dagoen bat-bateko tenperatura-aldaketa dela eta. Ez orientatu haizebideak aurpegira edo bularraldera.  

–    Aireztatu bidaiari-lekua bidaian zehar, leihatilak jaitsiz. Kontuz bidaiariek atera ez ditzaten besoak edo burua.  

–    Programatu irteerak, bero handien egiten duen orduak saihesteko.  

–    Erabili arropa erosoa eta zabala, eta oinari behar bezala eusten dioten oinetakoak.  

–    Eraman alkoholik gabeko edari freskoak.  

–    Egin geldialdia 200 km-an behin edo 2 orduan behin, hidratatzeko, ibilgailua aireztatzeko eta erlaxatzeko.  

–    Edozein unetan neke- edo logura-sintomarik nabaritzen baduzu, gelditu berehala atseden hartzeko edo lo egiteko.  

–    Geldialdiak egitean, saiatu autoa itzaletan uzten. Autoa eguzkitan badago, ez utzi adineko pertsonarik, haurrik edo animaliarik ibilgailuaren barruan.  

Gogoan izan uda bakoitzak duela bere istorioa eta beste asko kontatu behar ditugula.  

Fisioterapia Mutualian: prebentzioa eta osasuna lanean

fisioterapia mutualia

Fisioterapiaren Munduko Egunean, irailaren 8an, Fisioterapiako profesionalei omenaldia egin nahi diegu, pazienteen bizi-kalitatea berreskuratzeko eta hobetzeko funtsezko eginkizuna betetzen baitute.

Langile batek lan-istripu bat izaten duenean, bere lesioaren inpaktuak eragina izango du bere egoera fisikoan zein emozionalean. Mutualiako fisioterapiaren helburu nagusia gure pazienteen bizi-kalitatea hobetzea da, haien segurtasuna, kalitatea, ongizatea eta babesa zainduz. Fisioterapeutek mina arintzen, mugikortasuna hobetzen eta bere funtzionaltasuna berreskuratzen laguntzen diote pazienteari.

2022an, 115.864 fisioterapia-saio egin dira gure laguntza-zentroetan eta Ercilla, Pakea eta Erabakimen Handiko Ospitalean. Horretarako, azken teknologia eta profesional kualifikatuak eta etengabeko prestakuntzan daudenak ditugu, eta azken ikerketei ebidentzia zientifikoarekin jarraituz, kasu bakoitzari banan-banan heltzea ahalbidetzen dute, errekuperatu arte behar diren denbora eta baliabideak eskainiz. Eta gure pazienteek positiboki baloratzen dute, fisioterapeuta/pazientearen arteko lankidetza estua ezarriz, konfiantzazko eta lasaitasunezko harremana sortuz.

Telerrehabilitazioa COVID19aren pandemiaren ondorioz sortu zen beste zerbitzu bat da. Gure Gehitu plataformaren eta YouTubeko kanalaren bidez, “Fisioa etxean” eta “Mutualia On” bideoak eskaintzen jarraitzen dugu. Halaber, Hep2Go plataforma dugu (Mutualia lizentzia) errehabilitazioko profesionalentzat, pazienteentzako etxeko ariketa-programak sortuta; eta, azkenik, gure Mutualia aplikazioa. Hori guztia gure errehabilitazio-zerbitzuek (mediku errehabilitatzaileak eta fisioterapeutak) zuzendu eta gainbegiratuta, paziente bakoitzarekin harreman pertsonalizatua eta etengabea baitute.

Lan-istripuen errehabilitazioan duen eginkizunaz gain, fisioterapiak berebiziko garrantzia du nahasmendu muskuloeskeletikoen tratamenduan. Nahasmendu horiek mugikortasuna mugatzen dute, eta arazo ugari eragiten dituzte, bai ongizate fisikoari dagokionez, bai emozionalari dagokionez, eta laneko absentismoaren lehen kausa da (laneko bajen % 25 inguru eta gaixotasun profesionalen % 80 baino gehiago NMEk eragindakoak dira). Gure fisioterapeutek patologia mota horien prebentzioan duten zeregina funtsezkoa da NMEek eragin ditzaketen gaitzak eta lesioak murrizteko.

Fisioterapia funtsezko zutabea da arreta mediko modernoan. Fisioterapiaren Egunean, osasun-profesional horien eginkizun garrantzitsua aitortu eta baloratu nahi dugu, eta pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin duten konpromisoa eskertu.

VIDRALA TALDEA

Aitor Peña

Berrikuntza eta teknologia beirazko ontzien ekoizpenean, mundua eraldatzeko.

Vidrala Taldea, beirazko ontzien salmentan eta fabrikazioan erreferentziazkoa den enpresa, Laudion (Araba) sortu zen, 1965ean. Denborarekin, bere prozesuetan txertatuz joan da produktu amaituen fabrikazio eta kontroleko azken garapen teknologikoak, eta, horren ondorioz, urtean 8.000 milioitik gora beirazko ontzi ekoiztera iritsi. Enpresaren helburu nagusietako bat gizarteari ekarpena egitea da, ingurumena errespetatuko duen etorkizun konprometitu, osasungarri eta jasangarri baten aldeko apustua eginez.  

 

Elkarrizketa egin diogu Aitor Peñari, Vidralako Marketin eta Harreman Publikoetako arduradunari. 

 

Erakunde ororen zutabeetako bat giza taldea da. Vidralak bere pertsonengan jartzen du arreta, haien grinan, ezagutzan eta garapenerako borondatean. Zenbat lagunek osatzen dute Vidrala, zein dira haien profil profesionalak eta zein dira erronkak? 

Pertsonak dira gure konpainiaren oinarrietako bat. … Gaur egun, Vidralak kualifikazio handiko 3.600 langiletik gora ditu, gure 9 ekoizpen- eta betetze-instalazioetan estrategikoki banatuta. Gure taldean, nabarmentzekoa da profil profesional ugari ditugula, baita prestakuntza bikaina dutela ere, neurri batean enpresak eskainitako 130.000 ordutik gorako prestakuntzari esker.   

 

Vidralan, langile moldakorrak eta osoak izateak duen garrantzia baloratzen dugu. Gure langileek rol eta ardura ugari dituzte, eta, horri esker, gure eragiketak eraginkortasunez eta efizientziaz garatu ditzakegu, maila guztietan. Instalazioetako profesionaletatik hasi (lan tekniko eta operatiboak egiten dituzte), jarraitu bulegoko langileekin (administrazio- eta kudeaketa-arloetan funtsezko euskarria ematen dute), eta zenbait arlotan espezializatutako ingeniari eta enpresaren norabide estrategikoa zuzentzen duten zuzendarietaraino, guztiek jartzen dute beren esperientzia eta konpromisoa Vidralaren arrakastaren esku

vidrala lantegia

 

Enpresaren apustuaren beste gakoetako bat pertsonen ongizatea sustatzea da. Zertan datza “Be Healthy” programa? 

“Be Healthy” gure langileen osasuna zaintzeko ohitura osasungarriak eta ongizatea sustatzera bideratutako programa bat da. Praktikan jartzeko, gure langileei kirol- eta ongizate-programa zabal bat eskaintzen diegu. Horren barruan sartzen dira entrenamenduak, elikadura osasungarria eta, aldian behin, kirol-probetan parte hartzea, gure instalazio guztietan.  

 

Ildo horretan abian jarri den azken ekimenetako bat Vidrala-Crisnova Laneko Osasuna  programa da. Albaceten dugun Crisnova Vidrio instalazioan ezarri da, lan-inguruneko lesioei aurrea hartzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko. Horretarako, osasuneko profesionalen talde bat sortu genuen, langileei aholku emango ziena jarrera-, entrenamendu- eta osasun-ohiturak hobetzeko.  

botilak

 

Osalanen “Laneko Arriskuen Prebentzioa Integratzeko Jardunbide Egokien” saria jaso duzue, 3R deritzen dinamiken metodologiagatik. Zertan datza metodologia hori?  

Dinamika horiek pertsonak erdigunean jartzeko helburuarekin diseinatu ziren. Hala, R3 dinamikak honela laburtzen dira: istripu-arriskua murriztea (Reducir), ohitura seguruak birziklatzea (Reciclar) eta ikaskuntza positiboak berrerabiltzea (Reutilizar), portaeran, harremanetan, berrikuntzan eta eraginkortasun operatiboan oinarritutako kultura-eraldaketaren bidez.  

Horretarako, talde guztiek batera diseinatutako prozesu bat ezarri dugu, langileak, arduradunak, prebentzioko ordezkariak, giza baliabideen taldeak eta prebentzio-zerbitzua barne.  Ikuspegi sistemiko eta erantzukizun partekatuko horri esker, harreman-gaitasunak garatu ahal izan ditugu, portaera proaktiboak eta solidarioak sustatuz, segurtasun- eta osasun-ingurune bat sortzeko 

 

Vidralak ingurumenarekiko konpromiso argia erakutsi du eta aitzindaria da jasangarritasunean. “A” kalifikazioa jaso du Klima Aldaketan, eta “B” kalifikazioa Uren Kudeaketan, Carbon Disclosure Project-en 2022ko txostenean. Zer esan nahi dute aintzatespen horiek? 

Aintzatespen horiek beti dira pozgarriak. Uste dugu Carbon Disclosure Project-en 2022ko txostenaren arabera klima-aldaketan “A” kalifikazioa izateak eta uraren kudeaketan berriz “B” kalifikazioa izateak nolabait agerian uzten duela gure lana ongi egiten ari garela. Horiek adierazle garrantzitsuak dira eta ingurumenarekiko konpromiso argia dugula adierazten dute. Gainera, uste dugu kalifikazio hori lagungarria dela Vidrala ingurumenaren babesarekin konprometitutako enpresa gisa posizionatzeko, hots, beiraren industriako erreferente gisa, ingurumenaren jasangarritasunari dagokionez 

 

 

Vidralak berriki iragarri du industriako asmo handieneko Science-Base Target-en baliozkotzea eta zero emisioko beirazko lehen ontziak sortzeko helburua. Zer dira Science-Base Target-ak eta zer esan nahi du mugarri horrek, berrikuntzari eta jasangarritasunari dagokienez? 

Science-Base target-ak honela definitzen dira: enpresa batek zehazten duen helburu-multzoa, atmosferara isurtzen dituen berotegi-efektuko gasak murrizteko estrategia argia ezartzeko. Helburu horiei atxikitzeak, lehenik eta behin, balioa ematen dio Vidralak bere prozesuen jasangarritasuna hobetzeko hartutako konpromisoari, atmosferarako emisioak ahalik eta gehien murriztuz. Nabarmentzekoa da hain asmo handiko ingurumen-helburuak ezartzen dituzten munduko lehen beiragileak garela, eta horrek, beste behin ere, jasangarritasunaren aitzindari moduan posizionatzen gaitu sektorean. 

 

Konpromiso horrek berrikuntzan eta teknologian inbertitzera bultzatzen gaitu, gure lantegiak eta ekoizpen- eta birziklatze-prozesuak ahalik eta puntakoenak izan daitezen.  

  Oraingoz, helburu hori gauzatzeko, gure instalazio gehienetan instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko inbertsioa egin da, edo azken belaunaldiko labeekin berritzeko estrategia erabili da, hala nola Portugalgo Gallo Vidro instalazioan berriki inauguratu den labearen kasuan. Gaur egun Encirc dibisioan (Erresuma Batua) Diageorekin batera egiten ari garen asmo handieneko proiektuetako bat munduko Net Zero beirazko lehen botilak sortzea da, karbono-emisioetan ultrabaxua den beirazko labe iraultzaile bat eraikiz.  

vidrala langilea

 

 

Etorkizuneko zer erronka ditu Vidralak, eta nolakoa da sektorearen etorkizuna? 

Gero eta aldaketa azkarragoak gertatzen ari diren garaiotan eta BANI ingurunean, sektoreak eta Vidralak erronka handiak dituzte aurretik, zalantzarik gabe.  

 Aldi berean, uste dugu aukera asko ditugula gure jardueraren bidez aurrera egiteko, bizileku izan nahi dugun mundura gehiago hurbilduz, alegia, mundu konprometitu, osasungarri, errespetuzko eta planetarekin jasangarri batera hurbilduz.  

 

Vidralan gure balioen eta gure pertsonen bitartez lortu nahi dugu hori. Gaur egungo testuinguruan, jaten edo edaten dugunaren kalitatea gero eta garrantzitsuagoa izateaz gain, gero eta garrantzitsuagoa da nondik jaten dugun, esperientzia nolakoa den eta horrek guztiak gure osasunean, gure gizarte-harremanetan eta bizi garen ingurunean duen eragina ere. Prozesu horrek garrantzia ematen dio ontziari; izan ere, edukiontzi soilen espektatiba tradizionalez gaindiko ekarpenak espero ditugu gaur egun. Kontsumitzaile modernoen munduranzko bide horretan, beirazko ontziek funtsezko rola izatera eramango dituen abantaila erabakigarriak eskaintzen dituzte. 

 

Vidralaren lana gure bezeroen eta, azken batean, kontsumitzailearen beharrak asetzea da, gure beirazko ontziak fabrikatuz eta ontziratze-zerbitzuak modurik eraginkor, errentagarri eta jasangarrienean eskainiz, eta gure pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatuz