Mondi Ibersac enpresak (Gueñes udalerrian dago, Bizkaian) urteak daramatza paperezko zaku industrialak egiten, eta konpromiso irmoa du laneko segurtasuna eta osasuna zein elikagaien osasuna zaintzeko; horrezaz gain, ingurumen-kudeaketa sustatzen dihardu enbalajearen eta paperaren sektorean, eta, hori guztia, pertsonak erakundearen ardatz direla aintzat hartuta.
Mikel Anduaga eta Borja Pérez elkarrizketatu ditugu, MONDI IBERSAC ARANGUREN enpresako Fabrikako zuzendaria eta Segurtasuneko eta osasuneko koordinatzailea, hurrenez hurren.
- MONDI IBERSAC: hasieratik gaurdaino
Fabrika 50eko hamarkadan sortu zen, eta zenbait talderen jabetzakoa izan da, harik eta 2010. urtean MONDIk erosi zuen arte, eta hura izan zen aldaketaren abiapuntua.
Mondi Ibersac fabrika MONDI multinazionalaren jabetzakoa da, enbalajearen eta paperaren sektorean aitzindaria mundu osoan, eta mundu hobe bat lortzen laguntzen dugu, diseinu aldetik jasangarriak diren teknika berritzaileak erabiltzen baititugu. Mondik, dibisio guztien artean, 100 produkzio-lantegi eta 26.500 langile ditu 30 herrialdetan baino gehiagotan; nagusiki, EUROPAN, IPAR AMERIKAN eta AFRIKAN.
Mondi multinazionalaren barruan, gu PAPEREZKO ZAKUAK (PAPER BAGS) dibisiokoak gara, zeinean 40 fabrika baikaude (23 herrialdetan). Espainiako estatuan 3 fabrika ditugu: Arinagan (Kanariak), Abreran (Bartzelona) eta Arangurenen (Gueñes – Bizkaia).
Egun, Produktu INDUSTRIALETARAKO paperezko zakuak egiteko 2 produkzio-lerro ditugu, eta hirugarren produkzio-lerroa instalatzen ari gara. Era askotako produkzio-mixa daukagu, premiei erantzutea helburu hartuta, edozein dela ere merkatua, hala nola gizakien eta animalien elikadura, haziak, produktu kimiko eta mineralak, eta eraikuntzako materialak. Gure barne-merkatua gure produkzioaren % 50 inguru da, eta gainerako % 50a Europara esportatzen dugu; kanpo-merkatuari dagokionez, Frantziako merkatua da gure produktuen norako nagusietako bat.
Duela ez asko, Mailer/postako zakuak egiteko lerro bat instalatu dugu, merkatu hori suspertzen ari zela ikusita. Biltzeko formatu berri horrekin merkatuan hazi egingo garelakoan gaude.
- Mondi Ibersac enpresaren funtsezko balioetako bat lantaldea da. Zenbat lagunek osatzen duzue Mondi, eta nola lortzen duzue laneko arriskuen prebentzioan eta laneko osasunaren alorrean inplikatzea?
MONDI IBERSAC ARANGURENEN 100 lagun inguru ari gara lanean. Azken urteotan asko hazi gara, merkatu-eskariak gora egin ahala.
MONDIrekin lanean hasteak aldaketa ekarri zigun negozioaren pentsamoldean, eta, batez ere, SEGURTASUNAREN aldeko apustu irmoan. Multinazionalean sartu ginenean, OHSAS deritzon sistema ezarri genuen, baliabideak eman zizkiguten ingeniaritza-alorreko neurriak hobetzeko (segurtasuna makinetan, orgak eta oinezkoak elkarrengandik urrundu), segurtasunaren inguruko prozedurak ezartzeko eta prestakuntza eskaintzeko, baita SEGURTASUNAREN EGUNA ospatzeko ere (aurrerago hitz egingo dugu azken horretaz). Nola ez, gerora, ISO 45001 ziurtagiria lortu genuen. Baina hasiera-hasieratik hartu genituen kontuan gure arrisku nagusiak, intentsitate handienekoak izan daitezkeenak eta errepikakorrenak; bestalde, garrantzi handia eman diogu beste fabrika batzuetan gertatzen zenetik ikasteari, geurean gerta ez zedin ahalegintzeko.
Hau da, betidanik eman diogu garrantzia gure fabrikan eta beste batzuetan izaten ziren gorabeherak aztertzeari, arazoak non errepikatzen ziren jakiteko.
- Zer arrisku errepikakor detektatu dituzue?
Bai gure fabrikan eta bai gainerakoetan uda errepikatzen zen, oporraldiak eta behin-behinekotasunak eraginda noski; horrezaz gain, udan, behin baino gehiagotan egokitu zaigu lan-txandak handitu behar izatea, hazien merkatua zakuz hornitu ahal izateko. Udan istripu-tasak gora egiten zuen, eta uda oro segurtasuneko kanpainak egiten hasi ginen. Kartelak, arazoen kasuistika gogora ekartzeko; 10 minutuko etenaldiak hilero langile guztientzat, aurreko udaldietan izandako istripuak gogora ekartzeko; ohartarazi zeinen garrantzitsua den lankideen arteko komunikazioa (batez ere ohiko lankidearekin ari ez zarenean lanean); segurtasuna lantzeko era askotako jolasak.
Beste arrisku errepikakor bat, fabrika guztietan, gure lan-tresnak papera eta horzdun labanak baitira, EBAKIAK ziren. Horren jakitun, zenbait urratsetako kanpaina bat diseinatu genuen, oso garbi baikeneukan langileak inplikatu behar genituela, ia zeregin guztiek baitute arrisku hori; zehazki, langileei argazkiak atera genizkien zenbait zeregin nola egin behar diren eta nola EZ diren egin behar erakusten zutela, eta, gero, prozedura argazkien bidez gogorarazi genien.
TALDEAK arriskuak sailkatuta dauzka, zein den intentsitatea kontuan hartuta. FIVE TOP RISK deritzo sailkapenari: kontratak (zoritxarrez, oro har ez dute guk bezainbesteko kontzientziarik prebentzioaren inguruan), altueran egin beharreko lanak, mugitu eta biratzen den makineria, biltegietako manipulazioak eta lantegi barruko zirkulazioa. Halakotzat hartzen dira, hain zuzen, arrisku horiek heriotza edo bizitza aldarazten duten lesioak eragin ditzaketelako. Urtero lantzen ditugu arrisku horiek, askotan ingeniaritza-alorreko neurrien bidez eta inbertsioak eginez, baina prestakuntza ere eskaintzen dugu. Segurtasun-alorreko asmo handiko prestakuntza-plan bat antolatzen dugu urtero, eta helburuetako bat da beti langileak gogoan hartzea, bai haien beharrei bai parte-hartzeari begira. Nahiz eta guk ere aztertzen ditugun fabrikan izaten diren gorabeherak, beti galdetzen diegu langileei zer landu beharko genukeen, eta garrantzitsuena da prestakuntza-saioetan gero eta inplikatuago daudela eta parte-hartzea gero eta handiagoa dela. Zenbait prestakuntza-saio makinak aurrean direla egitekoak izan dira, eta batzuetan prestakuntza-saio horiek propio prestatu dira langileek elkarri emateko, betiere helburutzat hartuta ahalik eta parte-hartze eta inplikazio handiena lortzea, hala konpromisoa eta kultura sortzen jarraitzeko. Joan den urtetik beste tresna bat erabiltzen ari gara: ENGAGEMENT BOARD (konpromisoen taula). Lagun-talde txiki bat elkartzen gara fabrikan dugun arazo espezifikoren bat aztertzeko, eta helburua da konponbideak ezarri eta konpromisoak hartzea. Ekimena SEGURTASUNEKO SAILAK jarri zuen abian, eta, orain, beste arlo batzuetan ere lantzen dugu; besteak beste, kalitatea, ingurumena, elikagaien segurtasuna, etab.
Eta segurtasunaren alorrean egiten dugun beste gauza bat ere azpimarratzekoa da: SEGURTASUNAREN EGUNA. Guk MAKING A DIFFERENCE DAY esaten diogu, eta helburua da segurtasunaren eta osasunaren eguna ospatzea, horrekin zerikusia duten jarduerak eginez, baina ikastaroak izan gabe. Dagoeneko 12 urte daramatzagu ospatzen, eta denetarik egin dugu. Esate baterako, urteren batean Mutualiak parte hartu izan du BIDE-SEGURTASUNA gaitzat hartuta hitzaldi bat emateko, baita ETXEKO SEGURTASUNA bermatze edo areagotze aldera gomendioak emateko ere. Beste urte batean mendizale bat eta sorosle bat gonbidatu genituen, mendian eta hondartzan segurtasuna zaintzearen garrantziaz hitz egiteko. Hasieran asko lantzen genituen fabrikako berezko gaiak (altuera, orgak, makinak), eta nahiz orain ere lantzen ditugun, bestelako gaiak ere jorratzen saiatzen gara, adibidez, OSASUN MENTALA, ongizatea, talde-lana, lankideak elkar zaintzea eta elkarri irakastea; beste modu batera esanda, oso garrantzitsuak dira guretzat TALDEAK SORTZEA, KULTURA SORTZEA, KONPROMISOAK SORTZEA.
Azkenaldian, egun hori aitzakia hartuta, ate irekien jardunaldiak antolatu ditugu senideentzat eta lagunentzat, eta beste bat erretiroa hartua zutenentzat. Azken hori izan zen ni gehien hunkitu ninduena, eta hori ez nuela inor ezagutzen. Izugarria iruditu zitzaidan haiek hainbeste harritzea makina guztiak babes-sistemekin ikustean, edo lantegi barruko korridoreak barandekin babestuta ikustean, eta galdetzea nola egiten genituen hainbeste zaku, haiek egiten zituzten baino askoz zaku gehiago. Ni, berriz, bihotz-ukitu ninduen haietako askori gutxienez hatz bat falta zitzaiola ikusteak.
- Urtero, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astean, Mutualiak ekitaldi bat antolatzen du, eta, besteak beste, 0Bidean sariak banatzen ditu. Sari horiek laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak murrizteko, prebentzioaren alorrean jardunbide egokiak garatzeko eta kudeaketa-sistema egokia edukitzeko lan egiten duten enpresei ematen zaizkie; azken batean, ezbehar-tasa nabarmen murrizteko eta zero istripuko helburua lortzeko lan egiteagatik nabarmendu direnei, eta zuek hori agerian utzi duzue. 2023an MONDI IBERSAC izan da enpresa sarituetako bat; zer eragin izan du zuengan sariak?
Bada, guretzat ohore izugarria izan da. Egia esan, oso “sartuta” edo inplikatuta gaude punta-puntako multinazional batean, eta zenbait egoeratan oso “aurreratuta” gaude Espainiako egoerarekiko, eta horrek eragin digu lan asko egitea TALDEARENTZAT eta haren mugarriei begira-begira egotea. Horren adierazle da, adibidez, zuek izan zareten 2000 egun istripu bajadunik gabe izeneko ospakizuna; hau da, batzuetan ez gara konturatzen zer daukagun hemen bertan. Eta horixe bera gertatu zaigu; nahiz eta aurreko urteetan gaiari buruzko e-mailen bat jaso izan dugun, ez ginen mezuaren edukiaz oso kontziente, eta zuen lankideak deitu zidanean azaltzeko zertan datzan prozesua eta esan zidanean hautagaiak ginela, izugarrizko poza eta ohorea sentitu genuen.
- 2022. urtean KALITATEAREN saria jaso zenuten, MONDI TALDEAK emanda; izan ere, zuen proiektua izan zen irabazlea. Zertan zetzan proiektua?
GLUE PROIEKTUAGATIK eman ziguten iaz KALITATEAREN saria. Proiektu hura adostasun ezak zeren kausa ziren identifikatzean eta ekintza-planak ezartzean zetzan. Horretarako, sail guztietako langileek hartu zuten parte. Segurtasunaren alorrean egiten dugun moduan, proiektuaren oso oinarri garrantzitsua izan zen analisi egokia egitea eta langileak inplikatzea.
MONDI IBERSAC enpresak jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten du. Konpromiso hori tarteko ari zarete lanean ingurumen-kudeaketa sustatzen enbalajearen eta paperaren sektorean. Zer neurri hartzen dituzue ingurumen-jasangarritasunaren eta -babesaren alde egiteko, zuen sektorean hain zaila den testuinguruan?
MONDIk jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten du. Duela urte batzuk ISO 14001 ziurtagiria lortu genuen. Lehendik bagenituen PEFC eta FSC ziurtagiriak, zaintza-katearen ziurtagiriak; modu jasangarrian ekoiztearekin zerikusia dute, eta prozesu guztia hartzen dute barne, hasieratik amaierara arte: basoa, paperaren fabrikazioa, eta azken transformazioa paperezko zakuak lortzeko. Horrez gain, ziurtatu behar da beti basoak basoberritu egiten direla eta zura iturri jasangarrietatik datorrela. Azken urteotan ekonomia zirkularra ere ari gara sustatzen; zehazki, aztertzen ari gara zer aukera dauden gure materiaren zati bat paper birziklatua izan dadin. Mondik, World Wide Fund erakundeko kide izateaz gain, hondakindegira zabor-kantitate gutxiago botatzea edo deus ez botatzea edota berotegi-efektuko gasak murriztea helburu duten ingurumenari buruzko nazioarteko foroetan parte hartzen du. Lehen esandakoaren harira, energia-kontsumoak (elektrizitatea, gasa eta ura) neurtzen eta kontsumoa murrizteko moduak aztertzen ari gara. Duela gutxi oso inbertsio handia egin dugu plaka fotovoltaikoak instalatzen.
Era aktiboan hartzen dugu parte ingurumena, pertsonen garapena (berdintasun-plana) eta gizarte-erantzukizuna defendatzen duten programetan. Eskualdearen garapenaren alde ere egiten dugu lan; guri dagokigunez, Enkarterrien alde. Hain zuzen, orain dela bi urte Enkarterri Hoberantz saria jaso genuen, eskualdean egindako ekarpenaren aitortza gisa.