Elkarrizketa Thais Alonso

Thais Alonso aholkularia eta aditua da Adimen Emozionalean, Neurozientzian, Mindfullnesen eta Aldaketa, Duelo eta Erresilientzia prozesuetan, baita Erakunde Zoriontasuneko eta Ongizate Korporatiboko CHO (Chief Happiness Officer) ere.

FelizMENTE© Metodoaren sortzailea da. Braintrainer profesionala. European Institute of Happy work -Fullorange-ren sortzailea.

20 urte baino gehiagoko esperientzia du «erabateko arretaren» praktikan, aitzindaria izan zen Espainian enpresa-, hezkuntza- eta ospitale-erakundeetan Mindfulnesseko prestakuntza-programak ezartzen eta garatzen.

Azken 12 urteotan, milaka profesional, ekintzaile eta zuzendari prestatu ditu nazioko eta nazioarteko eremuetan, giza eta gizarte-paradigma berri baten alde eginez.

– Thais, zorion korporatiboa aipatzen duzu. Zertan datza, zehazki?

Zorion korporatiboa aipatzen dudanean, langileen ongizate emozional eta mentala sustatzen duen lan-ingurunea sortzeaz ari naiz. Horrek esan nahi du beharrezkoa dela harreman osasungarriak lantzea, lanaren xedea eta esanahia sustatzea eta langile bakoitzaren hazkunde pertsonal eta profesionalean laguntzea.

– Zer egin beharko lukete hori lortu nahi duten enpresek?

Ikerketek frogatu dute laneko zoriontasuna estu lotuta dagoela langileen konpromisoarekin, haien produktibitatearekin eta talentua atxikitzearekin. Zorion korporatiboa lortzeko, enpresek langileen ongizatea lehenetsi behar dute, elkartasunaren eta aitortzaren kultura sustatu behar dute eta maila pertsonal zein profesionalean garatzeko aukerak eskaini behar dituzte.

Garrantzitsua da kontuan hartzea gaur egun belaunaldi-aniztasun handia dagoela enpresetan eta horrek eragin zuzena izango duela aurrerantzeko lidergo-motan. Lidergo horrek beharrezkoak ditu begirada berriak, trebetasun berriak, zorionarekin lotutako erantzun berriak eta enpresa-kultura berri bat.

– Zein izaten da enpresa batean zoriontasunik ezaren arrazoia? Nola konpon daiteke?

Infoxikazioa, etengabeko aldaketak eta blended working delakoaren modu berrien ondorioz, profesionalek askotxo ikasi behar dute adimen emozionalaz eta kontrol mentalaz. Eta, neurri handi batean, horiexek izango dira enpresen eraldaketaren eta hazkundearen eragileak.

Hala ere, hainbat arrazoi egon daitezke erakunde batean zoriontasunik ez izateko: lan-giro toxikoa, komunikazio eraginkorrik eza, aitortzarik eza. Hori konpontzeko, garrantzitsua da gardentasunaren eta errespetuaren kultura sustatzea, langileen osasun fisiko eta emozionala zaintzeko ongizate-programak sustatuz.

Hitzaldian, zabalago arituko natzaizue gaur egun enpresetan oxitozinak duen garrantziaz.

– Gaur egun oso ohikoa da lantaldeetan lan egitea. Zer tresna behar ditu lider batek lantaldeak zuzen kudeatzeko?

Lider batek tresna-sorta zabala izan behar du estresaren eta oreka emozionalaren kudeaketa hobetzeko, norberarekiko eta besteekiko gatazkak konpontzen ikasteko, kontzentrazioa hobetzeko, automatismoak desprogramatzeko eta errendimendu handiko egoeretan aldaketak modurik onenean kudeatzea eta erabakiak hartzea eragozten duten ideia mugatzaileak aztertzeko.

Gainera, Neuromanagement delakoa dago; nire ustez, horixe da lidergoaren etorkizuneko tresna. Lidergo mota bat da Neuromanagement-a. Haren bidez burua entrenatzen ikasten da, estresarekin eta antsietatearekin lotutako burmuinaren zenbait eremu murrizteko eta, aldi berean, ongizatearekin, lasaitasunarekin eta poztasunarekin lotutako beste batzuk suspertzeko.

Horri esker, hobetu egiten da lantaldeen osasuna eta proiektuen kudeaketa arrakastatsua, eta oinarri-oinarritik elikatzen da zorion korporatiboaren kontzeptua.

– Asko hitz egiten da erresilientzia lantzeko beharraz. Lan-eremuan ere landu daiteke? Nola?

Zalantzarik gabe, lan-eremuan ere landu daiteke erresilientzia. Ezbeharrei aurre egiteko eta horietatik indartuta ateratzeko gizakiok dugun berezko gaitasuna da erresilientzia. Batzuetan, erresilientzia landuz, bikaintasun profesional eta pertsonal handia ere lortu daiteke.

Neurozientziaren arabera, pertsona erresilienteak dira estresari ondoen aurre egiten diotenak, presioa hobeto jasaten dutenak eta muturreko egoeretan hobeto jarduten dutenak. Hortaz, neurolidergoak burua entrenatzen lagunduko digu profil erabat erresilientea garatzeko; alegia, erronkei aurre egiteko trebetasunik onena, norberarena, erdiesteko.

– Zure aurkezpenean, burua arrakastarako entrenatzeaz diharduzu. Zer esan nahi duzu?

Esan nahi dut nork bere eredu mentalak ezagutu behar dituela, beraren baitako talentuak eta baliabideak garatu ahal izateko. Horrela, lidergo eraginkorra sustatzen da, eta helburua da barne-oztopoak gainditzea eta horiek arrakasta bihurtzea.

Horrek esan nahi du hainbat trebetasun garatu behar direla, hala nola buru-argitasuna, erresilientzia, denboraren eta estresaren kudeaketa eraginkorra eta baita gure helburuen ikuspuntuari eusteko gaitasuna ere, sor daitezkeen erronkak gorabehera.

Era berean, esan nahi dut nork bere barneko talentuak eta baliabideak bultzatu behar dituela, bere kabuz, jarrera-aldaketa positiboak eragiteko; horrek mesede egingo dio ingurune osoari, eta zorion korporatiboaren benetako kontzeptua sortuko da.

– FelizMENTE© metodoa garatu duzu. Azalduko diguzu zertan datzan? Zure ustez, zein da haren balio nagusia?

FelizMENTE© izeneko nire metodoan, Ekialdeko eta Mendebaldeko ikuspegiak txertatu ditut, neurozientzian oinarritutako tresnen bidez. Ikuspegi horiek erakusten dute zorionak lotura handia duela gure gogamenean sartzen uzten dugun edukiarekin.

Urteetan zehar, milaka pertsona trebatu ditut gogamen osasuntsuagoa, lasaiagoa eta zoriontsuagoa garatzeko, eta metodo hau eskarmentu horren emaitza da. Gogamen erne bat lasaiago bizi da, dramatismo gutxiagorekin, eta hobeto kontrolatzen ditu buruko korapiloak, estresa eta antsietatea eragiten dutenak, baita sufrimendu asko ere.

Nire metodoaren balio nagusia da zoriona eta ongizatea lantzeko ikuspegi holistikoa eta oso praktikoa eskaintzen duela. Horretarako, hainbat alderditan jartzen du arreta, hala nola emozioen kudeaketan, kontzentrazioan, erresilientzian eta, batez ere, lidergoaren garapen pertsonalean.

Thais Alonsori buruzko informazio gehiago

Pazientearen esperientzia Mutualiako osasun-zerbitzuetan 2023an: bikaintasuna sustatzen pazientearen osasun-arretan eta segurtasunean

calidad-asistencial-mutualia

Mutualian, kalitate asistentzialaren bikaintasuna funtsezko oinarria da, pazienteak esperientzia ona izan dezan bermatzeko.  2023an, emandako osasun-zerbitzuen kalitateari dagokionez pazienteak duen pertzepzioan eragina duten zenbait alderdi ebaluatu dira. Helburu nagusia da jakitea zer gogobetetze-maila duten pazienteek zerbitzuei dagokienez, etengabeko hobekuntzarako alderdiak ebaluatzeko eta ezartzeko. Jarraian, alderdi horietako bakoitzean lortutako emaitzak adierazi dira:

  1. Itxarote-denbora: Itxarote-denborak faktore kritikoa izaten jarraitzen du pazientearen esperientzian. Itxaronaldiak murriztera eta arretaren eraginkortasuna hobetzera bideratutako kudeaketa-sistema bat ezarri da. 2023an, 8,38ko batez besteko nota lortu da alderdi horretan.
  2. Informazioa: Gardentasuna eta informazio egokia funtsezko elementuak dira pazientea bere arreta-prozesuan ahalduntzeko. Bere osasun-egoerari buruzko informazioari esker, pazienteak aktiboki parte hartu dezake bere osatze-prozesuan. Helburu horrekin sortu zen Educator Programa. 2023an, gogobetetze-maila handia izan zen emandako informazioari dagokionez, eta batez besteko puntuazioa 8,66 izan zen.
  3. Arreta pertsonalizatua: Pazienteak esperientzia ona izan dezan, funtsezkoa da osasun-langileek gertuko arreta profesionala ematea. 2023an, arreta pertsonalizatua eta errespetuzkoa eskaintzen eta Humanizazio Proiektuan lan egiten jarraitu da. Alderdi horretan 8,93ko batez besteko puntuazioa lortu da.
  4. Kalitatezko instalazioak: Arreta-ingurunearen erosotasunak eta segurtasunak eragin nabarmena dute pazientearen esperientzian. 2023an zehar estandar altua mantendu da instalazioetan, eta 8,97ko batez besteko puntuazioa lortu da.
  5. Balorazio orokorra: Pazientearen ebaluazio orokorra hautemandako kalitate asistentzialaren funtsezko adierazle bat da. 2023an, alderdi horretan batez beste 8,74ko puntuazioa lortu da, eta 2022an 8,65ekoa izan zen. Adierazle horrek islatzen du Mutualiak emandako osasun-zerbitzuekiko gogobetetze-maila orokorra.

Eskainitako zerbitzuen balorazioari dagokionez, 2023an 2904 inkesta egin ondoren, ospitalizazio- eta errehabilitazio-zerbitzuan lortutako bikaintasuna nabarmentzen da, 9,46 eta 8,95eko puntuazioekin hurrenez hurren; ondoren, kontsulta- eta larrialdi-zerbitzuak daude, 8,5etik gorako notarekin.

Gomendatze Indize Garbia (NPS): 2023an, Mutualiak kontuan izan du NPSaren neurketa, pazientearen gogobetetasunaren funtsezko adierazle gisa. % 52,9ko batez besteko NPSarekin, agerian geratzen da erabiltzaileen gomendatze-maila handia izan zela, eta % 63,64k 9 eta 10eko puntuazioa eman zuten; horrek esan nahi du ikuspegi positiboa dagoela, eta probabilitate handia dagoela Mutualiaren zerbitzuak gomendatzeko.

Mutualiak lanean jarraitzen du pazientearen arretarako osasun-zerbitzuak hobetzeko, eta hurbileko eta kalitatezko osasun-laguntza eskaintzen du, kalitate asistentzialarekin eta pazientearen segurtasunarekin duen konpromisoa bermatzeko.

Mutualiak apirilaren 28a ospatu du, eta ezagutzera eman ditu Prebentziozko Begiradak Lehiaketaren XXI. edizioko argazki irabazleak eta 0Bidean Aitortzak

Apirilaren 28a Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Mundu Eguna da. Hori dela eta, Mutualiak ekitaldi bat egin du apirilaren 26an, Yimby Ercilla aretoan (Bilbo), 12:00etan.


Ekitaldi horretan, “Zorion korporatiboa, neuromanagementa eta erresilientzia” hitzaldia eman du Thais Alonsok. Thais Alonso aditua da adimen emozionalean, neurozientzian, antolakuntza-zoriontasunean eta ongizate korporatiboan.

Ondoren, “Prebentziozko Begiradak” lehiaketaren XXI. edizioko sariak banatu dira. Epaimahaia apirilaren 11n bildu zen irabazleak hautatzeko, eta honako hauek osatu zuten:

  • Iñaki Olaizola Nogales, Osalaneko Plangintzako zuzendariordea
  • José Antonio Carnero Fernández, Bizkaiko Lan Ikuskaritzako burua. 
  • Jorge Arbaiza Zabalo, idazkari nagusia – Gerentziako Zuzendaritzaren albokoa 
  • Mª del Mar Crespo Millán, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzako arduraduna 

Kategoriaz kategoria:

plakak
ARGAZKIRIK ONENAREN Saria (1.200 €) Carlos de Cos/Argazkiaren titulua: «Placas» («Plakak») 

BIDEO LABUR ONENAREN Saria (1.200 €): Oscar López / Bideoaren titulua: «La vida no para ante los actos inseguros» («Bizitza ez da eteten ekintza ez-seguruen aurrean»)

Segurtasuna itsas zabalean: ekaitzerako prestatuta
ADIMEN ARTIFIZIALEZ SORTUTAKO ARGAZKIRIK ONENAREN Saria (600 €):  Danel Solabarrieta/Argazkiaren titulua: «Segurtasuna itsas zabalean: ekaitzerako prestatuta»  

Era berean, 2024ko 0Bidean Aitortzak eman zitzaizkien azken urteetan laneko ezbehar-tasa murrizten lagundu eta ibilbide ona izan dutela egiaztatu duten enpresei. Edizio honetan aitorpenak jaso dituzten enpresak hauek dira:

  • Bakelite Ibérica SA
  • Ikusi Proyectos
  • Lantek Sheet Metal Solutions S.L.U.

Hori guztia Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) antolatu du, 2024ko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Mundu Egunerako. Aurten, honako gai hau du ardatz lehiaketak:

“Klima-aldaketaren ondorioak laneko segurtasunean eta osasunean

https://www.ilo.org/global/topics/safety-and-health-at-work/events-training/events-meetings/safeday2024/lang–es/index.htm.“

Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei, eta zorionak irabazleei.

Kontsulta juridiko 2024ko Apirila

consulta

Kotizatutzat jotzen al da Covid-ak eragindako ABEEE-aren ondorioz eta ezinbestean langabezia-prestazioa jasotako aldia, baldin eta beste langabezia-prestazio bat jaso nahi bada?

kontsulta

Zalantzarik gabe, gai honek Gizarte Segurantzaren onuradun ugariri eragiten die, COVID-19ak eragindako pandemiak izan zuen hedadura dela eta. Horregatik, erantzun bat emateko, COVIDaren ondoriozko langabezia-prestazioak arautzeko lege berezia eta Gizarte Segurantzak prestazio horretarako dituen arau orokorrak aztertu eta interpretatu behar dira.

Langabezia-prestazioen iraupenari buruzko arau orokorra hemen dago jasota: urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 269. artikulua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) testu bategina onesten duena.

Lehen apartatuan, langabezia-prestazioaren iraupenari aplikatu beharreko eskala dago; horretan, legezko langabezia-egoeraren aurreko 6 urteetako okupazio kotizatuaren aldiak hartzen dira kontuan.

Bigarren paragrafoan ezartzen da ezin direla kontuan hartu aurretik beste eskubide bat onartzeko aintzat hartutako kotizazioak, ezta ere erakunde kudeatzaileak egiten dituenak —edo enpresak, hala badagokio— prestazioa ordaintzen den bitartean.

Jurisprudentziak funtsezko termino bat interpretatu du: “lanean benetan aritzea”. Horren bidez, prestaziorako eskubidea izateko kontuan hartu beharreko aldiak baloratzen dira, ulertzen baita eskubide hori lana eta kotizazioa daudenean sortzen dela eta ez dela nahikoa kotizazio hutsa; hau da, kotizatzearekin batera, lana egin ere egin behar da. Zerga-sistema horren ardatza da lanak eta kotizazioak eratzen dutela lanaren gabezia ordezten duen prestazioa.

COVID-19aren ondoriozko langabezia-prestazioa erregulatzeko ezarritako arau bereziak aztertu behar ditugu; bereziki, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 24. artikulua. Horren arabera, COVID-19ari lotutako arrazoi ezinbestekoen ondoriozko kontratu-eteteei eta jardunaldi-murrizketei dagozkien espedienteetan enpresa salbuetsi egitenda GSLOren 273.2 artikuluan aurreikusitako enpresa-ekarpena ordaintzetik, bai eta baterako diru-bilketako kontzeptuengatiko kuotak ordaintzetik ere. Eta hori guztia berretsi zen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege Dekretuan, zeinean aldi hori benetan kotizatutzat jotzen baita ondorio guztietarako, aldez aurretik adierazitako artikuluan bezala.

Fikzio horren irismena zehazteko, Auzitegi Gorenak 2023ko azaroaren 16ko epaian (doktrina bateratzeko 5326/2022 kasazio-errekurtsoa) erabaki du legegileak hau esan nahi izan duela araudi berezi horretan: langileari ez dio kalterik eragin behar COVIDaren ondoriozko lan-etenaren edo jardunaldi-murrizketaren ondoriozko langabezia-pertzepzioetan enpresa-kuota ordaintzearen salbuespenak. Arau horren xedea da enpresa-kuotaren salbuespenagatiko ondorio juridikoak erregulatzea eta, horretarako, langabezia-aldi hori benetan kotizatutzat jotzen jarraitzea, enpresa-kotizaziorik gabeko alditzat jo ez dadin.

Auzitegi Gorenaren arabera, arau bereziak ez du eragiten COVIDaren ondoriozko langabezia-prestazioak aurreikusitakoak baino onura gehiago ekar dezakeen erregelarik, eta ez du GSLOn jasotakoa baino eskubide zabalagorik eta haren bestelakorik eragin nahi; aldiz, araudi arruntean onartutako estatutu juridiko bera mantendu nahi du langilearentzat, langabezia-aldian enpresa-kotizaziorik izan ez arren.

Lan-zerbitzuak denbora-tarte jakin batez benetan gauzatu izanak bakarrik sor dezake prestaziorako eskubidea. Legegileak beste zerbait adierazi nahi izan balu, berariaz jaso behar zukeen. Beraz, erantzuna hau da: ezin da luzatu langabeziagatiko prestazioa jasotzeko aldia.

Raquel Martínez Bálbas


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualex epaia 2024ko Apirila

sentencia

Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salaren epaia, 2024ko urtarrilaren 25ekoa, 3521/2020 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan oinarritua; Juan Molins García-Atance magistratua izan da hizlaria

mazoa

Epai honen helburua da zehaztea ea alarguntasun-pentsioen oinarri arautzailearen ehunekoa areagotzen duen lege-erreforma baten ondoren berrikusi egin behar den erreformaren aurretik gertatutako lan-istripu baten ondoriozko Gizarte Segurantzaren prestazioen errekargua.

Hona zein diren kontuan hartu beharreko oinarrizko gertaerak: 1995eko abuztuaren 31n gertatutako lan-istripu batean, auzi-jartzailearen senarra hil zen.

1995eko irailaren 1etik aurrerako ondorioetarako, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) oinarri arautzailearen % 45eko alarguntasun-pentsio bat onartu zuen; Lan Arloko Epaitegiak 2003ko maiatzaren 9an emandako epaiaren bidez, % 50eko errekargua finkatu zitzaion alarguntasun-pentsioari.

2003ko abenduaren 23an, abenduaren 26ko1795/2003 Errege Dekretua onetsi zen, zeinak % 52ra igo baitzuen alarguntasunaren oinarri arautzailearen ehunekoa, 2004ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2018ko abenduaren 10ean, auzi-jartzaileak eskatu zuen prestazioen errekargua oinarri arautzailearen % 52aren gainean ordaintzeko, haren % 45aren gainean ordaindu beharrean.

Gijóngo Lan Arloko 2. Epaitegiak auzi-jartzailearen eskaera onartu zuen, baita Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiaren ekainaren 30eko epaiak ere (1007/2020 autoak), eta biek ala biek aitortu zuten langileak eskubidea zuela prestazio-errekargua % 52ko oinarri arautzailearen gainean kalkulatzeko. Prestazioen errekarguaren ardura zuen enpresak kasazio-helegitea aurkeztu zuen, doktrinaren bateratzea argudiatuta.

Kontraesanak aztertu ondoren, eta helegitearen mamiari heltzeko, Auzitegi Gorenak xehetasunez aztertu du Gizarte Segurantzaren prestazioen errekarguaren figura; erakunde konplexua da Gizarte Segurantza, elementu zigortzaileak, indemnizatzaileak eta prestaziozkoak dituena.

Prestazioen errekarguaren helburuak, alde batetik, zigortzaileak eta prebentziozkoak dira, enpresariaren segurtasun-zorra urratzen duten joera antijuridikoak zigortzen baitira, enplegatzaileak edo beste batzuek etorkizunean zor hori ez betetzea saihesteko; errekarguaren ehunekoa faltaren larritasunaren arabera ezartzen da (ez eragindako kaltearen arabera), eta ez dago aseguruez baliatzeko aukerarik.

Bestalde, indemnizazioaren xedea dago, istripua izan duen langileak Gizarte Segurantzaren prestazio bat jasotzen baitu, segurtasun-zor hori urratu izan ez balitz kobratuko zukeena baino handiagoa.

Gizarte Segurantzaren pentsioen goranzko berrikuspena dakarten lege-erreformek ez diete normalean eragiten haiek indarrean sartu aurretik sortutako pentsioei; beraz, “oro har ez diete eragiten lege-erreformaren aurretik gertatutako lan-istripuetatik eratorritako prestaziozko errekarguei”. Ez da halakorik gertatzen alarguntasun-pentsioetan, pentsioaren oinarri arautzailearen ehunekoaren igoera horrek bai eragin baitzion lege-erreformaren aurretik aitortutako pentsioari. Izan ere, lege-agindu bat aldatu zen, sexu-arrazoiengatiko diskriminazioa saihesteko, eta aldaketa horren bidez alarguntasun-pentsioen oinarri arautzailearen ehunekoa areagotu zen; pentsio hori emakumezkoek jasotzen dute nagusiki.

Hain zuzen ere, arau diskriminatzaile batean oinarrituta onartu zen zenbateko eskas bat alarguntasun-pentsiorako, eta legegilea diskriminazio hori zuzentzen saiatu zen gero, alarguntasun-pentsioaren ehunekoa areagotuz eta aldaketa hori lege-erreformaren aurretik sortutako pentsioei ere aplikatuz. Auzitegi Gorenaren iritziz, “igoera horren ondorioz, birkalkulatu egin behar da prestazio-errekarguaren ehunekoa , alarguntasun-pentsio berria kontuan hartuta”, prestazio-errekargua ez baitzen preskribatu, zeren eta kasu honetan ez erakunde kudeatzaileak ez pentsioaren onuradunak ez baitute izan eskubidea iraungiarazten duen jarrera pasiborik; aldiz, lege-erreforma atera ahala, eta epearen barruan, helegileak eskatu zuen jasotzen zuen alarguntasun-pentsioaren gaineko errekargua kobratzea (% 52). Horrenbestez, langilearen eskubidea aitortu da, eta lege-aldaketa baten arabera aldatutako alarguntasun-pentsio berri horrekiko errekargua aplikatu da.

Raquel Martínez Bálbas


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Martxoaren 26ko 322/2024 Errege Dekretuaren berrikuntzak; errege-dekretu horrek Gizarte Segurantzaren Diru Bilketaren Erregelamendu Orokorra aldatzen du

  • Elkartasunezko kotizazio gehigarria garatu da, eta 2025eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Gehieneko kotizazio-oinarriak gainditzen dituzten besteren konturako langileen soldatek kotizatu egin beharko dute. Kotizazioa bi zenbateko hauen arteko diferentziari aplikatuko zaio: batetik, aplikatu beharreko kontingentzia arruntengatiko gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekoa; bestetik , gehieneko oinarri hori ez balego GSLOren 147. artikuluaren arabera egokituko litzaiekeen kotizazio-oinarririk handiena. Gainera, enpresariaren eta langilearen arteko elkartasunezko kotizazio-tasaren banaketak kontingentzia arruntengatiko kotizazio-tasaren banaketaren proportzio bera izango du, eta elkartasunezko kotizazio gehigarria bankuan sartzeko gehieneko arauzko epea ordainsariak ordaindu beharreko hilabetearen hurrengo hilabeteko azken egunean amaituko da.

  • Enpresek informazio hau jakinaraziko diote GSDNri, baliabide elektronikoen bidez: kotizazio gehigarri horren eraginpeko langileen identifikazio-datuak, ordainsariak zer epetan ordaintzen diren, aplikatu beharreko kotizazio-oinarri maximoa gainditzen duen kotizazio-oinarria zehazten duten ordainsarien zenbatekoa eta gehieneko oinarriaren eta ordainsari konputagarriek zehaztutako kotizazio-oinarrien arteko zenbatekoa.

  • Epe berri bat ezarri da (2024ko ekainaren 30ean amaitzen da), orain argitaratu den errege-dekretua indarrean sartzen den egunean LAABen edo Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian lehen kotizazio-taldeko langile autonomo gisa alta emanda dauden langileek eta, bietan barne hartzeagatik, urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren 30.2.b) artikuluaren 1. eta 8. paragrafoen artean jasotako datuak aurkeztu behar dituztenek datu horiek eman ditzaten, baldin eta ez bazituzten jakinarazi 2023ko azaroaren 1aren aurretik.

  • Gizarte Segurantzaren Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorraren 80. artikuluak bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko prozedura arautzen du. 80. artikuluaren 4. apartatuaren arabera, behartuta dauden subjektuek arauzko zenbait epe eska ditzakete zor dituzten zenbatekoak itzultzeko. Hala ere, epe horiek baimentzea organo eskudunaren irizpidearen mende dago; izan ere, hark erabakiko du, behartuta dauden subjektuen egoera ekonomikoak eta bestelako alderdi batzuk kontuan hartuta, zailtasunik duten dagokien zenbatekoa adierazitako epean itzultzeko. 2024ko martxoaren 27an argitaratutako errege-dekretuak ezabatu egiten du irizpidekotasun-faktore hori zor diren zenbatekoen ordainketa zatikatzeko eskaerei buruzko ebazpenetik, eta aukera ematen du eskaera horiek onartzeko, interesdunak hala eskatzen badu. Ordainketa zatikaturako baimena baliogabetzen duten kasuak arindu dira. Ezarri denez, baimen hori baliogabetuko da emandako zatikatze-epeetako hiruri dagokien zenbatekoa ordaintzen ez denean bakarrik, eta ez epe bakar bat ordaintzen ez denean.

  • GSDBEOren 90. eta 120. artikuluak aldatu dira, enbargatu beharreko kontu korronteei buruzko informazioa osatzearen egokitasuna arautzeko eta enbargatutako ondasunen bigarren enkante bat ahalbidetzeko, lehenengoarena baino tasa txikiagoan.

  • Erregelamendu horretako zortzigarren xedapen gehigarria aldatu da, kuota GSren bulego likidatzaile gisa aritzeko baimendutako erakunde finantzario batean irekitako kontu batean helbideratuz ordaindu behar diren kasuak zabaltzeko. Barne hartu dira langabezia garaian Besteren Konturako Nekazaritzako Langileentzako Sistema Berezian sartuta daudenak, baita GSrekiko hitzarmen bereziari dagokion kuota ordaindu behar duten subjektuak ere, salbuespen batzuekin; lehenengo xedapen gehigarriaren bidez epe zabal bat ezarri da banku-kontuaren berri emateko betebehar berria aplikatzen zaien eta jada GSn alta emanda zeuden subjektuentzat.

BOEn argitaratu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean sartuko da indarrean. Hala ere, Gizarte Segurantzaren Diru Bilketaren Erregelamendu Orokorraren lehen artikuluaren aldaketak, 80.4 artikuluari eta zortzigarren xedapen gehigarriari dagokienez, 2024ko uztailaren 1ean sartuko dira indarrean; bigarren artikuluaren aldaketa, elkartasunezko kotizazio gehigarriari buruzkoa, 2025eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Lan seguruak eta osasungarriak aro digitalean (2023-2025). JARDUNBIDE EGOKIEN SARIAK

galardones buenas practicas

LSOrako Europako Agentziak (2023-2025) “Lan segurua eta osasungarria aro digitalean” jardunbide egokien Europako sarien deialdia egin du, dagoeneko jardunbide horiek badituzten erakundeak aintzatesteko. Mutualiak eman zuen horren berri , eta, gainera, tresna eta gida praktikoak eskaini ditu, interesa duten lantokiek beren segurtasun- eta osasun-kanpainak egin ditzaten.

Jardunbide egokien sariak EU-OSHAk eta haren erreferentzia-zentro nazionalek antolatutako «Lan osasungarriak» kanpainaren parte dira, eta aukera ezin hobea eskaintzen dute kanpainan parte hartzeko. Horri esker, erakundeek jardunbide egokiak sustatu eta partekatu ditzakete Europa osoan.

Deialdi honek bi modalitate ditu: bata 100 langile baino gutxiagoko enpresetarako eta bestea 100 pertsona edo gehiagoko enpresetarako.

Parte hartzen duten enpresek hautagaitza aurkezteko inprimakia bete beharko dute, bertan dauden jarraibideei jarraituz, eta 2024ko urriaren 15a baino lehen bidali pfocalagenciaeuropea@insst.mites.gob.es helbidera.

Lehiaketa bi fasetan egingo da: Hautaketa-prozedura nazional baten ondoren, Europako epaimahai bat bilduko da azken irabazleak zein diren erabakitzeko.

EU-OSHAk eta haren sareko bazkideek biziki sustatzen dituzte saritutako jardunbide egokien adibide guztien lorpenak.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu erantsitako dokumentazioa.

Mutualiak baditu zenbait tresna eta jarduera beharra izan dezaketen lanpostuetan horrelako arriskuak gutxitzeko. Kanpaina osatzen duten 5 gai nagusien artean, hauei buruzko dokumentazioa dago:

Plataforma digitaletako lana:

Merkataritza digitaleko plataformak, eskuliburua: “LAN-ARRISKUAK MERKATARITZA DIGITALEKO PLATAFORMETAN” 

Mutualiaren Campus Birtualeko katalogoko doako jardueren artean:

Dokumentazio horri buruzko informazio gehiago jasotzeko, jarri harremanetan Prebentzio Aholkularitzarekin

Gailu digitalak erabiltzeko politikari eta langileen ordezkarien parte-hartzeari buruzkoak

trabajador con dispositivo digital

Auzitegi Gorenak, 2024ko otsailaren 6ko epaian, 263/2022 errekurtsoan emandakoan, analizatzen du enpresaren jabetzakoak izanik langileen eskura jarritako ekipamendu informatikoak erabiltzeko politikaren edozein alderdi aldatzeko, eguneratzeko edo zehazteko prozedura, baita horien bidezko Interneterako sarbidea ere.

Prozeduraren jatorria gatazka kolektiboko demanda bat da, sindikatu batek aurkeztua, informatikako ekipamenduen erabilerari buruz enpresak egindako jakinarazpen baten ondorioz. Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salak bazuen jakinarazpen horren berri, eta baliogabetu egin zuen; izan ere, langileen ordezkarien parte-hartzerik gabe egina zen, Datuak Babesteko Lege Organikoaren (DBLO) 87.3 artikuluan ezarritakoaren aurka.

Enpresak kasazio-errekurtsoan zioenez, lan-kontratuan bazeuden protokolo batzuk baliabide informatikoen erabilera pertsonala debekatzen zutenak, eta, beraz, jakinarazpena gogorarazpen hutsa zen; hau da, ez zen baliabideak erabiltzeko politika berri bat.

Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan xedatutakoan oinarritzen zuen enpresak jokabide hori. Artikulu horrek aitortu egiten du enpresaburuak lan-harremanen eremuan duen zuzendaritza-ahalmena langileek berei dagozkien betebeharrak konplitzen dituztela egiaztatzeko, eta ahalmena ematen dio zaintza- eta kontrol-neurri egokienak hartzeko. Xedapen orokorra da, jarduera-mota guztiei aplika dakiekeena, lanean erabiltzen diren baliabide materialak edozein direla ere: beraz, ez da beharrezkoa langileen ordezkariek parte hartzea horri buruzko arauak ezartzeko.

Baina DBLOren 87.3 artikuluak espezifikoki aipatzen ditu enpresaburuak enplegatuen eskura lanerako jartzen dituen gailu orokorrak erabiltzeko irizpideak, eta haiek erabiltzeko arauak eta irizpideak ezartzeko ahalmena ematen dio enpresaburuari; baina, aldi berean, mugak ezartzen dizkio enpresaren zehaztapen-botere horri, langileen intimitate-eskubidea aintzat hartuta.

Auzitegi Gorenak adierazten du DBLOren 87.3 artikulu hori aginduzkoa dela lana gailu digitalen bidez egiten den kasuetan. Horrelakoetan, langileen ordezkariek parte hartuta ezarri behar dira irizpideak, eta, aginduak atzeraeraginik ez duen arren, DBLO indarrean sartu aurretik ezarritako irizpideen edozein aldaketak, edozein zehaztapenek, zabaltzek edo murrizketak indarrean dagoen legean ezarritako arauei jarraitu behar die.

Auzitegi Gorenaren Laugarren Salaren iritziz, gainera, enpresaren zirkularra ez zen gogorarazpen hutsa; aldaketa bat zekarren instrukzio horrek, eta, edozelan ere, irizpideen eguneratzea; ondorioz, indarreko araudia betez egin behar ziren irizpideok. Hortaz, langileen ordezkariek parte hartuta finkatu behar dira irizpideak.

Zalantzarik gabe, epai interesgarria da, eta kontuan hartu beharreko irizpidea, ugari erabiltzen baitira baliabide teknologikoak lanpostu askotan.