USOA enplegu-zentro babestu eta zentro okupazional bat da, eta Barakaldon (Bizkaia) du egoitza. Desgaitasunen bat duten pertsonei lan-aukera egonkorrak eta normalizatuak eskaintzea da haren xedea, pertsona horiek gizartean integratzeko eta garatzeko aukera izan dezaten.
Elkarrizketa egin diogu Marian Chaparro Domínguez giza baliabideetako arduradunari.
Nola sortu zen USOA, eta zenbat pertsonak osatzen duzue?
USOA Lantegia (USOA) proiektua 1983an sortu zen, eta garai hartako xedeak lantzen jarraitzen dugu plantilla osatzen dugun hogei lagunok. Boluntario batzuek irtenbide bat bilatu zuten desgaitasunen bat zuten seme-alabak zituzten familien eskeetarako; izan ere, eskola-urteak amaitu ondoren, ez zuten inolako baliabiderik. Modu horretan sortu zen proiektua.
“Gaur egun, xede bera izaten jarraitzen du: euskal eredu misto baten bidez pertsonak gizartean eta lan-munduan integratzeko tresna bat da, Enplegu Zentro Berezia (EZB) eta Zentro Okupazionala (ZO) bateratzen dituena”.
EZBa eta ZOa batuta, 460 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute USOAn; haietatik ia % 90ek % 33ko edo hortik gorako desgaitasunen bat dute (fisikoa, psikikoa, sentsoriala eta gaixotasun mentala).
Gainera, Barakaldoko Udalaren baliabide propioa gara, eta gero eta zerbitzu gehiago egiten ditugu udalean. Laguntza garrantzitsua da hori proiektuarentzat etorkizunera begira.
Nola trebatzen dituzue pertsonak lan-munduan integratzeko? Pertsona horiek hezteko eta gizartean eta lanean integratzeko programaren bat duzue?
Gure ibilbidean, pertsona zaurgarrienei eta zailtasun handienak zituztenei (egoera pertsonalak, familiarrak, gaixotasunak, desgaitasunak, etab. kontuan hartuta) lagundu diegu, laneratzearen bidez eta gizarteratzera bideratutako prestakuntzaren, lantegien eta jardueren bidez.
Laguntza ematen duen enpresa bat gara, eta erreferentea gara ezkerraldeko familia eta pertsonentzat. USOAk ematen dituen sareari eta lagunei esker, partaideek bizitza osoagoa izaten dute, baita lan-ingurune egokitu bat ere. Izan ere, produzitzeko gai direla erakusten dute, eta beste pertsona batzuekin integratzen dira.
USOA integrazioko eta gizartean eta lan-munduan txertatzeko euskal eredu mistoan oinarritu da hasieratik, eta zentro okupazionala eta enplegu-zentro berezia bateratzen ditu. Gainera, pertsona bakoitzak behar dituen baliabide eta profesionalak jartzen dira, errazagoa izan dadin bakoitzak toki egokia aurkitzea eta bizitza osasungarriagoa izatea.
Lankidetzan aritzen zarete erakunde publikoekin eta pribatuekin. Zer-nolakoak dira lankidetza horiek?
Lankidetzan dihardugu, sareak eratuz, Barakaldoko Udalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin (Tutoretza Erakundea, Desgaitasunaren ebaluazioa, IFAS, Bekoetxe, Goiztiri, Haurrak babestea, etab.), Bizkaiko zenbat udalerritako gizarte-zerbitzuekin (Barakaldo, Santurtzi, Sestao, Erandio, Derio, Basauri, etab.), Osakidetzarekin (familiako medikuak eta osasun mentaleko adituak), justizia (komunitate-lanak) eta Gorabide, Avifes, Eragintza eta erakunde gehiagorekin.
“Harreman horiei esker, osoko ikuspegi publikotik egin dezakegu lan, eta eraginak eta emaitzak biderkatu egiten dira: baliabide publikoen kudeaketa hobetzen da, zerbitzuak ez baitira bikoizten; premiak identifikatzen dira, eta esku-hartzeak bultzatzen dira, pertsona eta familia bakoitzak behar dituen doikuntzak eta zerbitzuak emateko”.
Zuen lanaren alderdi nagusietako bat, lan-inguruneko integrazioaz gainera, desgaitasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da, gizarteratzea. Nola islatzen da integrazio hori pertsonen bizi-kalitatean?
Prozesu luzea eta konplexua da, eta, batez ere, aberastasun pertsonal handia dakarrena. Asko laguntzen digute familiek, pertsona horien zuzeneko arduradunek eta langile eta erabiltzaileei arreta emateko profesionalek (medikua, psikologoa, EUD, logopeda, gizarte-langilea, gizarte-hezitzaileak, etab.). Beste pertsona batzuekin harremanak ditugunean, hazi egiten gara, eta integratuko garen inguruneak eta harremanak sortu nahi izaten ditugu, gure burua sentitzeko eta egiten dugunaz eta gizarteari eta gure inguruneari ekartzen diogunaz jabetzeko.
Horrenbestez, pertsonen garapen soziolaborala lantzen dugunean, haien autonomia pertsonala eta autodeterminazioa bultzatzen dira, eta gizarteak pertsona horiek aintzatestea eta baloratzea bilatzen da. Kudeaketa aurreratuko (Binklusion), partizipazioko eta bizi-kalitateko ereduak dira gure erreferentzia, desgaitasunen bat duten pertsonek beren autonomia pertsonal maximoa eta komunitatean txartatzea eta parte hartzea lor dezaten, betiere laguntza-sare pertsonalizatuekin batera. Hau da, pertsona eta haren gertuko ingurunea dira gure plangintzaren ardatza.
Gainera, 2024a USOAGUNE aisialdi-zentro inklusiboa inauguratu dugu Barakaldoko erdigunean, aisialdiko baliabideak errazteko desgaitasunen bat duten pertsonei eta haien familiei; gainera, desgaitasuna artatzeko zerbitzu bat du herritar guztientzat.
Zer motatako zerbitzuak eskaintzen dizkiezue enpresei?
USOAn egiten diren jarduerak kontuan hartuta, nabarmendu dezakegu jarduera hauek egiten ditugula Barakaldoko Udalarentzat eta beste enpresa eta erakunde batzuentzat: lorezaintza, lorezaintzaren alorreko aholkularitza teknikoa, digitalizazio ziurtatua, enpresek azpikontratatutako lanak (manipulatiboak, muntaketak, ekoizpen-prozesuak, papera suntsitzea, etab.), inbentarioen kudeaketa, laneko arropa eta norbere burua babesteko ekipoak egitea, garbiketa-zerbitzuak, gizarte- eta hezkuntza- interbentzioa, irisgarritasun kognitiborako aholkularitza, aisialdi inklusiboa, etab.
Nola laguntzen dute enpresek desgaitasunen duten pertsonak lan-munduan txertatzen direla bermatzeko?
Lana egunerokoa da. USOArekin lankidetzan diharduten enpresek, erakundeek eta entitateek kontratatu egiten gaituzte, eta haiek dira gakoa gure erakundea osatzen duten pertsonetako bakoitzaren premiei erantzuteko eta pertsona gisa garatzeko. Gure bezeroen laguntzarik gabe, proiektua ezingo genuke aurrera atera.
Nola bultzatu dezakegu desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko konpromiso soziala?
Komunitate bateko parte izatea ez da gainerako pertsonak izaten diren tokietan izatera mugatzen; harremanak berdintasunean, elkarrekikotasunean, konfiantzan eta errespetuan oinarrituta eraikitzen diren sare sozialak ere izan behar dira. Konpromisoak pertsonala eta komunitatearena izan behar du.
“Aurrera egin dugula ikusiko dugu desgaitasunen bat duten pertsonek beren ingurunean eta gertuko testuinguruan modu aktiboan, ekitatiboan eta esanguratsuan parte hartzen dutenean. Haien parte-hartzea erraztu behar da, eta zer premia dituzten entzun, betiere oztoporik gabeko programak diseinatuta, programa horiek aplikatuta eta etorkizuneko premiak kontuan hartuta”.
Hau da, proiektu pertsonalak eta sozialak sentitu, bizi eta gozatu behar dituzte eta haietan parte hartu behar dute, beren ikuspegia emanez, premiak, nahiak eta kezkak adieraziz; halaber, gustura parte hartu behar dute proiektuak planifikatzen, egiten eta gogoratzen.