Loa eta gidatzea: zure amesgaiztorik txarrena.

Oinarrian dagoen arazoa da lo gutxi egiten dugula, eta gaizki. Errepidean bizitza salba diezagukeen baliabide natural hori oso gutxi baloratzen dugu. Espainiako Loaren Elkartearen datuen arabera, gauero 6,8 orduko atsedena hartzen dugu batez beste, eta hori kasurik onenean; izan ere, Espainiako Neurologia Elkarteak dio biztanleriaren % 30ek duela loaren nahasmenduren bat (% 4k kronikoa). 

 Arazo horiek guztiek tragedia bat izan dezakete ondorio; izan ere, egunez logura izatea eragiten dute, eta logura hori areagotu egiten da drogak, alkohola edo medikamentu-mota jakin batzuk kontsumituz gero.  

 Bost ordu lo egin duen gidari batek trafiko-ezbehar bat izateko duen  arriskua atseden hartutako pertsona batek duena baino bost aldiz handiagoa da. Loa eta alkohola konbinatuz gero, arrisku hori 30 aldiz handiagoa da. 

 

Logurak eragin oso latza du gidarien burmuinean. Logura izanez gero, erantzuteko eta kontzentratzeko gaitasuna txikia da, maniobrak ez dira hain zehatzak izaten, erreflexuak aldatu egiten dira eta modu agresiboagoan gidatzen dugu. Baina, batez ere, arriskuaren pertzepzioa murrizten da, eta hori oso arriskutsua da. Bide-ezbeharrak gertatzen dira okerreko erabaki bat hartzen delako arriskuaren pertzepzio desegoki baten ondorioz. 

Loak errepidean eragin ohi duen ezbehar tipikoa bidetik irtetea da. Gauez gertatu ohi da, eta, normalean, gidariak bakarrik bidaiatzen du eta objektu baten aurka talka egiten du. Azken emaitza heriotza izan ohi da, biktimak ez duelako frenatzen: lo zegoen. Bakarkako istripu deitu ohi zaie. 

 Halakorik gerta ez dadin, teknologia dugu lagun. Gaur egun, nahitaezko Gidatzen Laguntzeko Sistema Aurreratuak (ADAS) ditugu; esaterako, larrialdiko balaztatzea, gidatu bitarteko logalean eragin zuzena duena. 

 

Asmoa da ildo horretan aurrera egiten jarraitzea, baina bide luzea dago aurretik. EuroNCAP segurtasun-protokoloak honako hau aztertzen du: gidatzeko kaltegarriak diren sintomak antzemanez gero (kasu honetan, logura), ibilgailuak zuzenean esku hartzea; adibidez, beste ADAS sistema batzuen sentikortasuna areagotuta, hala nola ibilgailua erreian mantentzearekin lotutakoak. Baina etorkizun hori, non gidariak lo hartuz gero autoak erabakiak hartzeko gaitasuna izango baitu, iristeke dago oraindik. Eta, iristen denean ere, adituek argi dute: gidatu bitarteko loguraren aurkako borroka ez da teknologiarekin bakarrik irabaziko. 

 

Gidari gutxik dakite ez direla aharrausiak eta burukadak logura iragartzen duten zantzu bakarrak. Buruan ideiak bueltaka izatea, eserlekuan eroso ez sentitzea edo azken kilometroetan gertatu dena ez gogoratzea ere loak hartzear gaudelako sintomak dira. Baina are okerrago jokatzen dute lokartzeko zorian daudela jakin arren gidatzen jarraitzea erabakitzen dutenek.  Línea Directa-ren ikerketa baten arabera, inkestatuen % 61ek onartu zuen ez duela atsedenik hartzen 200 km-an edo 2 orduan behin, DGTk gomendatzen duen bezala, eta 1,5 milioi pertsonak adierazi zuen nekea gainditzen eta helmugara zuzenean iristen saiatzen direla, nahiago dutelako iritsi atsedena hartu baino. Baina geldialdi horrek bizia salba liezaieke. 

 

Prestakuntzaren eta kontzientziazio-lanaren garrantzia azpimarratu behar da, eta gidariei azaldu behar zaie zer egin dezaketen gidatu bitartean logura dutenean, askok ezertarako balio ez duten jokabideak baitituzte. Aire girotua jarri, musika entzun, leihoak zabaldu, abiadura bizkortu, kopilotuarekin hitz egin… Neurri horiek ez dute inolako eraginik, benetan egin beharko litzatekeenarekin alderatzen baditugu: gelditu eta atseden hartu, edo beste pertsona batek har dezala gidatzeko zeregina. HAIN ZAILA AL DA HALAKO NEURRI ERRAZAK HARTZEA? 

Aurrerantzean ez dira bateragarriak izango lan egitea eta ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortzea

sentencia del tribunal

Auzitegi Gorenak (AG) 16 urte baino gehiago behar izan ditu gai honi buruzko egungo jurisprudentzia zuzentzeko, hau da, lan ordainduaren eta ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiaren arteko bateragarritasunari buruzkoa. Salako Osoko Bilkuran egin du, 2024ko apirilaren 11ko epaian, landu beharreko auzi juridikoaren garrantziaren jakitun.

Egitatezko kasua, zeinaren azterketak eta planteamenduak irizpide-aldaketa eragin baitu, ez da berria; hain justu ere, zehaztu behar da ea bateragarriak diren ONCEko langile batek baliaezintasun handia aitortua izatea eta erakunde horretan kupoiak saltzen jarraitzea.

Are gehiago, auzia aspaldikoa da, jurisprudentziak ulertu baitzuen lehenagoko 141.2 LGSS/94 artikuluak, gaur egungo 198.2 GSAOk, honako hau xedatzen duela: «Ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiaren kasuan, biziarteko pentsioek ez dute eragotziko ezindua jardueraren batean aritzea, irabazizkoa izan edo ez, baldin eta jarduera hori haren egoerarekin bateragarria bada eta ez badu haren lan-gaitasunean aldaketarik eragiten berrikuspenaren ondorioetarako». Artikulu hori Gizarte Segurantzaren legediak oinarri dituen printzipio orokorren eta Kode Zibileko 3.1 artikuluak aipatzen duen errealitate sozialaren arabera interpretatu beharko litzateke. Horren ondorioz, ulertu beharko litzateke ezen legegilea, ezinduaren egoerarekin bateragarriak diren irabazi asmozko edo irabazi asmorik gabeko jarduerez hitz egiten duenean, lan marjinal eta garrantzirik gabekoez ari dela soil-soilik; hots, garrantzi gutxiko lanez. Izan ere, araua bestela ulertzeak sistema osoa eta Salaren doktrina erabat haustea ekarriko luke, Salak behin eta berriz adierazi baitu baliaezintasun iraunkor absolutuko egoera batean langileak eragozpenak dituela edonolako jarduera egiteko, jarduera hori arina eta mugimendu gutxikoa izanda ere. Bestela interpretatzeak sistemarekiko erabateko kontraesana ekarriko luke, eta horrek, ondorioz, absurdora eraman (1985eko abenduaren 20ko AGE).

Hala ere, geroago, Auzitegi Gorenaren Epai (AGE) bitik aurrera (2008ko urtarrilaren 30eko RCUD 480/2007 eta 2013ko urriaren 16ko RCUD 907/2012; azken hori, gainera, ONCEko kupoien salmentarekin lotuta), adierazi dute GIa besteren konturako lanarekin bateragarria dela. Doktrina hori Auzitegi Gorenaren Epai ugaritan errepikatu da, GIa eta IPA bereizi gabe; adibidez, hauetan: 2009ko apirilaren 23ko doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa (RCUD 2512/2008), 2009ko abenduaren 1ekoa (RCUD 1674/2008), 2013ko martxoaren 19koa (RCUD 2022/2012), 2016ko apirilaren 25eko 450/2018 AGEa (RCUD 2322/2016) eta, berrikiago, martxoaren 20ko 233/2019 AGEa (RCUD 2648/2017).

Auzitegi Gorenak ulertzen du interpretazio-irizpide hori alde batera utzi eta ezintasun iraunkorreko prestazioen eta norberaren edo besteren konturako lanaren arteko bateragarritasun-erregimena arautzen duten arauak modu egokiagoan interpretatu behar direla, begirune handiagoz jokatuz lege-arauen hizkerarekin eta horien eta Gizarte Segurantzaren sistemaren helburuekin, eta aintzat hartuz Kode Zibilaren irizpide hermeneutikoak; bereziki, arauak aplikatu beharreko garaiko errealitate soziala.

Auzitegiak aitortu du bateragarritasun hori aurreko jurisprudentziako baldintza beretan onartzeak, zeinak sententzia honetan zuzentzen baitituzte, askotan ekartzen zuela, besteren kontura lan egiteari lotuta, ezintasuna onartua zuen pertsona batek langabezia-prestazioa jasotzen zuen langabe batek egin zezakeen lan bat egitea eta lehenak jasotzen zuen prestazioa lan berri horrekin bateragarria ez izatea. Horrela, onuradunak lanaren errenta jasotzen jarraitzen zuen, eta Gizarte Segurantzak bi prestazio ordaintzen zituen: baliaezintasunaren ondoriozkoa eta langabeziaren ondoriozkoa. Horrek gizarte-babeserako prestazio publikoen logikaren eta iraunkortasunaren kontra egiten du, eta baita Gizarte Segurantzaren ikusmolde konstituzional eta legalari eragiten dion elkartasun-printzipioaren aurka ere; izan ere, kasu horretan, edozein lanbide edo ogibidetan aritzeko legez ezinduta dagoenak pentsio publikoa eta berak egiten duen lanetik eratorritako errentak bateratzen ditu.

Auzitegiak berak zazpi arrazoi eman ditu hasierako interpretaziora itzultzeko; besteak beste, ezintasun iraunkorra erregulatzen duten arauen hitzez hitzezko interpretazioa, interpretazio sistematikoa, prestazio guztien helburu generikoa (hots, beharrizan-egoeran dauden afiliatuei diruz laguntzea) eta pentsioaren funtzioa, alegia, jada lan-jarduera baten bidez lortu ezin diren soldata-errentak ordeztea.

Aipamen berezia merezi du, berritzailea baita, teknologia berriei egiten zaien aipamenak, adieraziz baliabide horrek ezgaitasun-sistemaren berrikuspena bermatzen duela, onuradunaren gaitasunak sustatzeari eta hark bere ahaleginaren bidez errenta duinak lortzeari dagokionez, alde batera utzita pentsio publikoaren helburua zela existitzen ez ziren errentan ordeztea.

Susana Castaños del Molino
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko Abokatua

Erizaintza Mutualian

Datorren maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, erizainek osasun-arretan egiten duten lana aintzatesteko eguna. Mutualian, 130 erizainek baino gehiagok zaintzen eta artatzen dituzte pazienteak gure hiru ospitaleetan eta anbulatorioetan, Erizaintza Zuzendaritzarekin koordinazioan.

Erizaintza Zuzendaritzaren konpromisoa

Mutualiako Erizaintza Zuzendaritzak, asistentziaren kalitatea eta praktika kliniko bikaina bermatzen du, eta, gainera, konpromisoa du erizainen garapen profesionalarekin. Erizaintzako lantaldea antolamendu-balioetan oinarritzen da, pazientea bere arreta-ekintza guztien erdigunean jartzeko eta seguru sentiarazteko, eta pazienteak esperientzia positiboa izan dezan arreta medikoak dirauen artean.

“Pazientea seguru eta protagonista senti dadin nahi dugu; hala, ahaldundu egingo da sendatzeko eta erabakiak hartzeko prozesuan.”

Esku hartzeko eremuak

Mutualiako erizainek zenbait jarduera egiten dituzte. Asistentziaren alorreko erizainak kontsultetan, ebakuntza-gelan, ospitaleratzeetan, larrialdietan eta anbulatorioetan aritzen dira. Administrazioaren eta osasungintzaren alorreko erizainek, berriz, kontingentzia arruntengatiko bajen jarraipena egiten dute eta haurdunaldiko eta edoskitzaroko arriskuak baloratzen dituzte, besteak beste.

“Diziplina anitzeko ikuspegi horri esker, osotasunez artatzen dira pazienteen premiak, eta arreta oso eta pertsonalizatua bermatzen zaie.”

Etengabeko prestakuntza: funtsezko oinarria

Etengabeko prestakuntza funtsezkoa da Mutualiarentzat, eta erakundearen erronka nagusietako bat. Hala, urteko trebakuntza-plan bat dugu, profesionalki garatzea eta jakintzak eguneratzea bermatzen duena. Zenbait gaitasun (komunikazioa, lidergoa, pazientearen segurtasuna, osasun-arretako etika, etab.) lantzeko trebakuntzak ere egiten dira plan horren barruan.

“Etengabeko prestakuntza funtsezkoa da asistentzia-kalitatearen bikaintasuna eta pazientearen segurtasuna bermatzeko”

Erizaintzaren lidergoa Mutualian

“Mutualiako erizainek diziplina anitzeko zenbait talde zuzentzen dituzte, eta pertsonen zaintzari, berrikuntzari, humanizazioari eta asistentziaren kalitateari eta pazientearen segurtasunari lotutako proiektuak bultzatzen dituzte.”

Lan hori guztia, gainera, langile guztien artean zehaztutako gobernantza-ereduaren eta balioen arabera egiten dute, alderdi hauek oinarri direla: profesionaltasuna, gertutasuna, taldea, gardentasuna, abangoardia eta efizientzia.

Erretiro aktiboari buruzko informazioa eta galderak

Erretiro aktiboa 5/2013 Errege Lege Dekretuan jasotzen da, non langile zaharrenen lan-bizitzaren jarraipenaren aldeko neurriak eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriak ezartzen baitira: soldata eta pentsioa aldi berean jasotzeko aukera ematen duen modalitate bat da; hartaz baliatzen direnek pentsioa eta besteren edo norbere konturako lan-jarduera bat bateratu ditzakete denbora jakin batez, betiere urteko diru-sarrerek ez badute LGSa gainditzen.

Pentsioa jasotzen den artean egiten den lanak ez du ordu-mugarik; beraz, jardunaldi partzialekoa edo osokoa izan daiteke.

Eskakizunak eta kotizatuta eduki beharreko urteak

  • Erretiratzeko legezko adina betea izatea. 2027an, 67 urte izango da adin hori. Ordura arte, 65 urtetik 67 urterako trantsizio-aldi bat ezarri da, kotizatutako urteen arabera aldatzen dena. Esate baterako: 2024an, 38 urte edo gehiago kotizatu badira, erretiroa 65 urterekin hartu ahal izango da; eta 38 urte baino gutxiago kotizatu badira, 66 urte eta hiru hilabeterekin, Gizarte Segurantzak adierazten duenez.
  • Erretiro aktiboa hartu ahal izateko, gutxienez urtebete igaro behar da erretiro-adin arrunta betetzen denetik.
  • Pentsioaren % 100 jasotzeko adina urte izan behar dute kotizatuta.
  • Onuraduna pentsioduntzat joko da ondorio guztietarako.
  • Modalitate hau bateraezina da erretiro aurreratuarekin.
  • Gizarte Segurantzaren sisteman pentsioetarako ezarritakoaren arabera birbalorizatuko da pentsioa.

Zer baldintza bete behar dituzte langile autonomoek?

Autonomoek baldintza berdinak bete behar dituzte erretiro-mota hori hartzeko: gutxienez urtebete igaro behar da erretiro-adin arrunta bete dutenetik, eta pentsioaren % 100 kobratzeko adina urte izan behar dituzte kotizatuta.

Autonomoak pentsio aitortu totalaren % 50 sartu behar du, ez badu bere kargurako langilerik; aldiz, gutxienez soldatapeko langile bat kontratatuta duela frogatuz gero, zenbateko hori % 100era igo daiteke.

Nola egin behar da eskaera?

Erretiro aktiboa eskatzeko, Gizarte Segurantzak emandako eskaera-orria bete behar du interesdunak, eta bere datu pertsonalak eta zerga- eta kotizazio-datuak eman. Langileak inprimaki hau bete behar du: enpresak erretiro aktiboko pentsioa eskatzeko erabiltzen duen adostasun-eredua.

Pentsio txikiagoa kobratuko dut erretiro aktiboarekin?

Bai. Lan egin bitartean, erretiro-pentsioaren zenbatekoa % 50 murrizten da, hasierako aintzatespenari dagokionez. Hala ere, erakundeak gogorarazi duenez, erretiratuak bere kontura lan egiten badu eta gutxienez langile bat kontratatuta duela frogatzen badu, erretiro aktiboagatiko pentsioa % 100ekoa izango da.

Modalitate honetan, lanerako ezintasunagatik bakarrik kotizatzen da, eta % 9ko ordainketa solidarioa dakar berekin, bi alderdiek ordaindu beharrekoa: % 7 enpresak eta % 2 langileak.

Nola kalkula dezaket zer pentsio jasoko dudan erretiro aktiboa hartzen badut?

Gizarte Segurantzak simulagailu bat du Zure Gizarte Segurantza webgunean. Cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala erabiliz sartu behar da, eta sistemak datu-leiho berri bat irekiko du.

Zer desberdintasun dago erretiro aktiboaren eta malguaren artean?

Erretiro aktiboaz ari garenean, langileak erretiro-adina bete du, eta lanean jarraitu nahi du, pentsioa kobratzen duen bitartean. Erretiro malgua alderantzizko prozesua da: langilea erretiratuta dago, eta berriro itzuli nahi du lan-merkatura. Langile autonomoek ezin dute modalitate honetaz baliatu.

Modalitate honekin, besteren konturako lan-jarduera bat erretiro-pentsioaren parte bat kobratzearekin bateratu daiteke. Hala ere, langileak pentsiodun aitortza jaso ondoren hasi behar du lanean, ez lehenago. Gainera, lanaldi partzial murriztuan egon behar du kontratatuta, eta horri dagozkion baldintzetan.

Pazientearen segurtasuna eta eskuetako higienea

limpieza-de-manos

“Zergatik da hain garrantzitsua eskuetako higieneari buruzko ezagutzak zabaltzen jarraitzea? Patogeno arriskutsuak ez zabaltzen laguntzen duelako arreta medikoan”: OMEk goiburu hori hautatu du 2024ko kanpainarako, gogoan izan dezagun eskuetako higienea dela infekzioak prebenitzeko neurri eraginkorrena, bai osasun-profesionalentzat, bai pazienteentzat.

Osasun Ministerioak “Eskuetako higieneak infekzioak prebenitzen ditu” esloganarekin abiarazi du 2024ko kanpaina, eta haren helburu nagusia da azpimarratzea zer garrantzitsua den eskuetako higienea laguntza-alor guztietan eta guztiontzat.

Mutualiak bat egin du egun horrekin, eta zenbait ekimen antolatu ditu pazienteen segurtasuna bermatzeko estrategiaren barruan. 2005etik, Mutualiako Eskuen Higieneko Taldeak zenbait hezkuntza-programa eta gida landu eta dibulgatu ditu, eskuak ongi nola garbitu behar diren azpimarratzeko. Bestalde, eskuak ongi garbitzen ote dakigun ebaluatzeko inkestak eta saioak ere egin ditu. Osasun-laguntzako biltzarretan ere parte hartu du, zeinetan ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu baititu.

Aurten ere, eta, bereziki, maiatzaren 5ean, Eskuetako Higienearen Egunean, Mutualiako Eskuen Higienea Taldeak gaiari buruz sentsibilizatu eta jardunbide egokiak bultzatu nahi ditu, bai bere langileen artean, bai bere pazienteen artean eta haien ingurunean., Ekimen horrekin, laguntza-kalitatearekin eta pazienteen segurtasunarekin duen konpromisoa berretsi nahi du.

Nola garbitu behar dira eskuak?

Zein dira akats nagusiak eskuak garbitzeko garaian?

errores en la higiene de manos