Europa mailan irizpideak homogeneizatzeko gutxieneko segurtasun-mailak ezartzen dira. Lanean agente kartzinogenoen edo mutagenoen eraginpean egotearekin lotutako arriskuetatik langileak babesteari buruzko 2022/431 Zuzentarauarekin bat etorriz, araudi berriak gai horri buruzko 665/1997 Errege Dekretua aldatzen du.
Era berean, aldaketek hobetu egingo dute agente kantzerigenoen, mutagenoen eta birprotoxikoen eraginpean dauden langileen babesa, bai gure herrialdean, bai estatu kide guztietan.
Hau da, Errege Dekretu honek jasotzen duen berritasun nagusietako bat da lehen aldiz sartzen direla ugalketarekin oztopatzen duten substantziak, agente berrprotoxikoak, gizon eta emakume helduen sexu-funtzioan eta ugalkortasunean ondorio kaltegarriak izan ditzaketen agenteak, bai eta ondorengoen garapenean ere (abortuak eta fetuaren malformazioak), 1A eta 1B kategoriako agente birprotoxiko gisa ezagutzen direnak.
Aldatu egiten da:
665/1997 Errege Dekretuaren titulua bera, hau izango baita aurrerantzean: «665/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 12koa, lanean agente kantzerigenoen, mutagenoen edo birprotoxikoen eraginpean egotearekin lotutako arriskuen aurka langileak babesteari buruzkoa. »;
1. artikuluak xede eta eremu berria arautzen du;
2. artikuluan, “atalaserik gabeko edo atalasea duten agente birprotoxikoen” 2 definizio berri; 5. atal berria, “muga-balio biologikoa” definituz; edo 6.a “osasunaren zaintza” eragile horiei aplikatzeko egokitu da.
III. eranskineko esposizio profesionalaren muga-balioen taula ordeztu da, agente berriak gehituz (bi agente kantzerigeno eta hamabi agente birprotoxiko) eta bentzenoaren muga-balioa murriztuz. Besteak beste, beruna eta haren konposatu ez-organikoak. Askotariko aplikazioak ditu hainbat sektoretan, hala nola birziklatzean, baterietan, pigmentuetan eta pinturetan. Esposizioko muga-balioak ezartzen ditu akrilonitrilorako (ehungintzan dago) eta nikel-konposatuetarako (metalaren industrian, nikel-kadmiozko baterien fabrikazioan, zeramikaren eta beiraren industrian, pigmentu gisa), eta bentzenorako dagoen muga-balioa eguneratzen da (plastikoen, kautxu sintetikoaren, tinduen, erretxinen, detergenteetarako lehengaien eta pestiziden produkzioan, besteak beste, dagoena).
Dokumentu jakin batzuk kontserbatzeko berariazko epea ezartzen da, gutxienez berrogei urtez agente kantzerigenoen edo mutagenoen kasuan, eta gutxienez bost urtez agente birprotoxikoen kasuan. Lan-agintaritzari igorriko zaio, enpresak jarduera uzten badu.
Langileei eman behar zaien prestakuntza eta informazioa indartzen da, eta prestakuntza arriskuei buruzko ezagutzen bilakaerara egokitu beharko den kasuak osatzen dira, eta bereziki aipatzen da langileei osasun-arloan ematen zaien informazioaren aldizkakotasuna.
Jakina denez, gaixotasun profesionalak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) testu bategina onesten duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 157. artikuluan legez aurreikusten denez, azaroaren 10eko Gizarte Segurantzaren sistemako gaixotasun profesionalen koadroa onartu eta horien jakinarazpen eta erregistroa egiteko irizpideak ezartzen dituen 1299/2006 Errege Dekretuari dagokionez, une jakin batean azaleratzen diren arren, denboran zehar garatzen dira, isilik eta maltzurtasunez, langilea laneko substantzia, elementu edo baldintza jakin batzuekiko esposizioan izateagatik.
Aitzitik, lan-istripuetan —Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) testu bategina onesten duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 156. artikuluan aurreikusten dira— gertaera traumatiko batek edo mekanismo kaltegarri batek eragiten du lesioa.
Istripuan eragindako lesiotik, kasu baterako, desgaitasun iraunkorra eratortzen bada, prestazioen erantzukizuna izango da gertaera eragilea (jazoera traumatikoa) gertatzen den unean kontingentzia aseguratuta daukan erakundearena.
Aldiz, gaixotasun profesional baten testuinguruan, desgaitasun iraunkorrari, heriotzari eta bizirauteari dagokion pentsioaren prestazio-erantzukizunak, jurisprudentziaren aldetik, egozte-irizpide aski desberdinak ditu. Hemen, erantzukizuna banatuko da erakunde kudeatzailearen eta/edo kolaboratzaileen artean, estaldura ematen dieten enpresetan gaixotasuna eragin duen arriskuarekiko esposizioak iraun duen denborarekiko proportzioan. Gainera, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuen erantzukizunak, kasu guztietan, 2008/01/01etik aurrera izango du eragina; hain zuzen, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 51/2007 Legea indarrean sartu zenetik.
Aldi berean, testuinguru horretan, beste mota batzuetako erantzukizunak ere badaude, hala nola gaixotasun profesionalaren albo-ondorio gisa eragindako kalteengatiko kontratuzko erantzukizuna, Kode Zibileko 1.101. artikuluari eta hurrengoei jarraituz.
Hala, egoera horietan, adierazitako doktrina hori gaixotasun profesional horretatik eratorritako kalteetara ere zabaldu da, eta erantzukizun mankomunatua ezarri da. Hau da, Kode Zibileko 1.137. artikulutik 1.139.a bitarteko artikuluak aplikatuz, kalte-ordainen erantzukizuna proportzionalki banatuko da, langileak esposizioaren ondorioz gaixotasuna eragiteko arriskua duten enpresetan lan egin duen denboraren arabera. Modu horretan, erantzukizun indibidualizatua eta ez-solidarioa izango dugu; egoera hori gertatuko da erantzukizun zehatzak bereiztea ezinezkoa denean.
Hala, doktrina hau, lehendik ere ezaguna bazen ere (Goi Auzitegiaren uztailaren 21eko 685/22 epaia, besteak beste) behin betiko bateratu da Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren 696/2024 Epaiarekin (maiatzaren 21ekoa), termino hauetan:
“Horri dagokionez, errekurritutako epaiak jasotzen du doktrina egokia, sala honek dagoeneko askotan ezarri duen jurisprudentziarekin bat egiten baitu, hemen aztertu den gaixotasun profesionaletik eratorritako Gizarte Segurantzaren prestazioei buruzko erantzukizunez ari garela, betebeharrak mutualitate bati baino gehiagori eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari egozteari dagokionez, erreklamatutako prestazioak eragin zituzten kontingentziak segurtatu dituztenean denboran zehar. Doktrina hori modu berean aplikatu behar da lan-istriputik edo une jakin batean gertatu ez den gaixotasun profesionaletik eratorritako erantzukizun zibila erreklamatzen denean ere, baldin eta gaixotasun profesional hori garatzen doan heinean enpresa bat baino gehiago badira enplegatzaileak, eta haietan guztietan baldin badago gaixotasuna sortzen duten eragile kaltegarri berdinekiko esposizioa”.
SUESKOLA suteak prebenitzen eta itzaltzen trebatzeko azken belaunaldiko zentroa, aitzindaria Euskadin eta estatuan teknologia berritzaileari dagokionez.
SUESKOLA Fundazioa Ordizian (Gipuzkoa) dago, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen proiektu gisa 2009an. Erreferentziazko trebakuntza-zentroa da, suteak itzaltzen eta prebenitzen trebatzeko ikastaroei, suaren portaerari buruzko ikerketa aurreratuei eta parekorik ez duten instalazioei esker, non benetako suarekin egiten baitira praktikak.
Iñigo Aldasoro Fundazioko zuzendaria elkarrizketatu dugu.
Trebakuntzari dagokionez, zer ikastaro nagusi dituzue trebakuntzaren eta prebentzioaren alorretan, eta nori zuzentzen zaizkio?
SUESKOLAk trebakuntza ematen du suteak prebenitzearen eta itzaltzearen arloan etasalbamenduari lotutako beste alderdi batzuetan: arnasketa-ekipoak, espazio itxietan lan egitea, arrisku kimikoa, etab.
Askotariko kolektiboei zuzentzen zaie, hala nola partikularrei, langileei (dagokien lan-eremuetan) eta larrialdietako profesionalei.
Oso kolektibo desberdinak dira elkarren artean. Horregatik, trebakuntza haietako bakoitzaren premien arabera diseinatzen da. Partikularrei dagokienez, prebentzioa oso garrantzitsua da: sutea sortzea saihesten duena dasuhiltzailerik onena. Gure etxeetan izaten diren suteen kausak oso zehatzak izan ohi dira: kasurik egin ez zaien sukaldeak, berogailuak gaizki erabiltzea, behar bezala garbitu ez diren tximiniak, zigarro-mutxikinak, instalazio elektrikoen eta luzagarrien gainkarga… Gure eguneroko bizitzan xehetasun horietan arreta jartzeak istripu asko saihesten ditu.
Partikularrek, adibidez, azaldutako alderdi horiek kontuan hartuta eta su-itzalgailu bat behar bezala erabiltzen jakinda, zartagin batek sua hartu badu estalki batekin edo zapi heze batekin itzali behar dela jakinda (ez da inoiz ere urik bota behar erretzen ari diren olioen gainean) eta ateak itxita kea eta sua gure etxean zabaltzea saihesten direla jakinda, bizi asko salba ditzakete.
Lan-esparruan, laneko arriskuen prebentzioan, garrantzitsua da langileek trebakuntza jasotzea suari aurre egiteko moduei buruz eta enpresan gerta daitezkeen beste larrialdi-mota batzuei buruz. Lantokian dituzten instalazioak eta materialak ezagutuz gero, langileek lehenengo esku-hartze bat egin ahal izango dute autobabes-denboran (istripu/gorabehera bat detektatzen den unetik larrialdi-zerbitzuak gure enpresara iritsi arteko denbora-tartea) enpresako langileen eta instalazioen segurtasuna bermatzeko.
Enpresa bakoitzak dituen baliabideen eta arriskuen arabera, trebakuntza desberdina da, eta egin ditzaketen ikastaroen katalogoa ondo definitu behar da:
Suteak itzaltzeko oinarrizko ikastaroa
Su-itzalgailuak erabiltzeko eta ebakuazioak prestatzeko ikastaroa
Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko ikastaroa
Esku-hartzeko ekipamenduei buruzko ikastaroa, I. maila eta II. maila
Arnasketa-ekipamenduei buruzko ikastaroa (suteak itzali behar direnerako ez ezik, osasuna arriskuan izan daitekeen beste jarduera-mota batzuetarako ere)
Espazio itxietan lan egiteko ikastaroa
Arrisku kimikoari buruzko ikastaroa
Enpresa-jarduera bakoitzak dituen arriskuak kontuan hartuta, haiei aurre egiteko behar diren baliabideak eduki behar dira, eta langileak gaitu, baliabide horiek segurtasun osoz erabil ditzaten.
Larrialdietako profesionalen trebakuntzari dagokionez, profesional berrientzako trebakuntza eta eguneratzeko eta perfekzionatzeko trebakuntza bereizten ditugu. Mota askotako larrialdiei aurre egin beharko dioten eta mota askotako tresnekin trebatzeko beharra duten profesionalei zuzentzen zaie lehenengoa; eta, bigarrena, birziklatze-ikastaroa, profesional horiek gai oso espezifikoetan trebatzeko egiten da: barruko suteak, arrisku kimikoa eta, gaur egun, jarduketa desberdinak behar dituzten teknologia berriak (teknologia berriak erabiltzen dituzten ibilgailuak, bateriak, etab.).
Zer alderdi espezifiko lantzen dira prebentzioari dagokionez?
Partikularren kasuan bezala, enpresan ere oso garrantzitsua da prebentzioa. Jarduera batean izan daitezkeen arriskuak modu egokian aztertu ondoren, prebentzio-sistema egokiak eduki behar dira (adibidez, suteak detektatzeko eta itzaltzeko sistemak).
Baina prebentzioa ez da baliabide materialekin bakarrik egiten. Fundazioan, garrantzi handia ematen diogu langileak prebentzioaren alorrean trebatzeari. Ohikoa da sarritan egiten ditugun jarduerek segurtasun-sentsazio faltsua ematea, eta hori bera saihestu behar dugu. Ekintza erraz batzuen bidez (adibidez, lanpostua ordenatuta eta garbi edukitzea, ebakuazio-bideetan oztoporik ez izatea, sua itzaltzeko baliabideak ikusgai eta erraz eskuratzeko moduan edukitzea, toki berean produktu kimiko asko ez gordetzea…), lehenik eta behin, gorabehera bat gertatzeko aukera murrizten da, eta, bigarrenik, larrialdia gertatuz gero, bizkorrago eta modu eraginkorragoan egin ahal izango zaio aurre.
Larrialdi-zerbitzuetan ere, prebentzioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Herrietan, enpresetan, azpiegitura kritikoetan… gerta daitezkeen arriskuen azterketak barne hartzen dituzten prebentzio-lanei esker, arriskuak murrizten dira, eta, gainera, larrialdi-zerbitzuak prest egongo dira larrialdia gertatzen den egunean esku-hartze eraginkorragoak eta efizienteagoak egiteko.
Egiten dituzuen sentsibilizazio-jarduerak ere garrantzitsuak dira. Zer motatako jarduerak egiten dituzue, eta nori zuzentzen zaizkio?
“Lehen esan dudanez, sutea edo gorabehera saihesten duena da suhiltzaileonena. Horregatik, adin guztietako jendearekin jarduerak eginez (hasihaurretatik eta hirugarren adineko pertsonetara), ezbehar-kopuruamurrizten dugu.”
Urteko sasoi bakoitzean, sute-mota desberdinak edo kausa desberdinak izaten dira, eta, hori kontuan hartuta, sentsibilizazio-kanpainak egiten dira hainbat alorretan. Hona hemen haietako batzuk:
Petardoek, bengalek eta gailu piroteknikoek eragindako suteak
San Joan jaietako suak
Kausa-mota desberdinak dituzte sute horiek, eta, askotan, erraz saihestu daitezke.
Segurtasunaren eta suteen aurkako borrokaren inguruko ikerketa da SUESKOLAren helburuetako bat.
Bai, Fundazioak beste enpresa eta zentro teknologiko batzuekin lankidetzan dihardu suteak detektatzeko eta itzaltzeko baliabideak diseinatzen. Erakunde horiekin duen lankidetza-harremanean, arrisku-egoera-errealak gertarazten ditu, arrisku horiei aurre egiteko zer ekipamendu garatu daitekeen ikusteko.
SUESKOLA, bestalde, suhiltzaileentzako ekipamenduaren fabrikatzaileekin aritzen da lankidetzan, besteak beste, ekipamendu berrien saiakuntza-bankuak eta esku hartzeko jantziak lantzen. Ekipamenduak baldintza oso gogorretan probatzen dira; ekipamendu horiek, gero, larrialdietako profesionalen bizia salbatuko dute.
Aitzindariak zarete benetako suarekin lan egiten. Instalazio espezifikoak behar dira horretarako.
Lehen adierazi ditugun kolektiboak trebatzeko, Fundazioak prestakuntza ematen du Ordiziako egoitzan (Gipuzkoako Foru Aldundiaren instalazioak dira) eta Ispasterko Maniobra Parkean (Bizkaiko Foru Aldundiaren instalazioak dira).
“Lan-zentro horietan, suaren hainbat agertoki-mota ditugu: gasezko suaduten agertokiak, solidoen suak eta fuel-suak dituztenak eta kanpoaldekosuteen agertokiak, zeinetan simulatzen baitira likido sukoien ondoriozkosuteak, sute petrokimikoen praktikak, merkantzia arriskutsuekiko etazisternekiko istripuak, etab.Gainera, baditugu arnasketa autonomokotresnak erabiltzeko agertokiak, tripodea eta gas-neurgailuak behar dituztengune itxiak eta abar .”
Lehen esan dizudanez, enpresak dituen arriskuetara eta baliabideetara egokitu behar da trebakuntza, eta langileek ahalik eta modu errealenean eta seguruenean praktikatzea erraztu.
Amaitzeko, azpimarratu behar da zer baliabide ditugun jarduera horiek guztiak ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz egiteko: prestakuntza-jardueretan erabiltzen den ur guztia birziklatu egiten da, fuela eta hautsa bereizteko iragazki/bereizgailu batzuk erabilita; eta erauzte-sistema bat ere badugu, keak iragazten dituena kanpora atera baino lehen.
Zer gomendio orokor emango zenizkiguke orain, udaldian, sute-arriskuak gora egiten duela kontuan hartuta?
Ekainean, San Joan suetako istripuak eta barbakoak egitean gure inguruan izan daitezkeen arriskuak prebenitzeko mezuak zabaldu ditugu.
Uztailean eta abuztuan, eguraldi ona badugu (oraingoz ez da izan uda-girorik), basoetako suteak prebenitzeko kanpaina abiaraziko dugu. Kasu honetan, Euskadin kantauriar isurialdea eta mediterraneoa bereizi behar ditugu: Araban eta Nafarroan, probintzia horietako klima dela eta, udako hilabeteetan baso-suteetarako arrisku handia izan ohi da. Gipuzkoan eta Bizkaian, baso-sute larrienak otsaila eta apirila bitartean gertatu izan dira, negu oso hotz eta lehorren ondoren.
“Kasu honetan, klima-aldaketa dela-eta, baso-suteen arriskua hazten ari dahegoaldetik iparraldera; gaur egun, tenperatura altuko boladen ondoren,hezetasun-indize baxua eta haize biziak izanez gero, baso-suteen arriskuakgora egiten du. Kasu horietarako aholkuak ditugu gure webgunean(www.sueskola.eus).”
Aukera ematen badidazu, elkarrizketa amaitu aurretik, herritar guztientzako moduko pare bat aholku eman nahi ditut: lehenik eta behin, mundu guztiari gomendatzen diot ke-/sute-detektagailuak instalatzea etxeetan eta lantokietan. Gailu txikiak dira, oso merkeak eta instalatzen errazak; oso bizkor detektatuko dugu sutea dagoela, eta denbora izango dugu sute-hasiera horri aurre egiteko edo gunea segurtasunez husteko. Eta, bigarrenik, ateak ixtearen garrantzia gogorarazi nahi dut: sutearen eta gu gauden tokiaren arteko ateak ixten baditugu, kea zabaltzea oztopatzen ariko gara (keen gasek eragiten dituzte hildako gehien suteetan), eta sutea askoz polikiago hedatzea ere lortuko dugu (modu horretan, denbora emango diegu larrialdi-zerbitzuei beren lana behar bezala egin dezaten).
Internetekin batera jaio dira, mugikor adimendunekin hazi dira, eta klima-aldaketaren zama astuna bizkarrean dutela sartu dira helduaroan. Beharbada, horiek izango dira Z belaunaldiak talde gisa dituen ezaugarri komun nagusiak. Z belaunaldikoak dira, hain zuzen, gutxi gorabehera 1996tik 2009ra jaiotako biztanleria-segmentua. Gaur egun 15 eta 28 urte bitarte dituzte, munduko biztanleriaren laurdena osatzen dute, eta errealitate geografiko eta sozioekonomiko oso desberdinak bizi dituzte.
Estatu mailan, Estatistikako Institutu Nazionalak 2001ean egineta 2023an eguneratutako “Biztanleriaren eta etxebizitzen funtsezko ezaugarriei buruzko inkesta”n jasotzen denez, lantokira/ikastetxera joateko eguneroko garraiobide nagusiari dagokionez, 30 urtetik beherakoek erabiltzen dute gutxien ibilgailu partikularra (% 45ek; 30-49 adin-tartean, % 71,7k); gainera, 30 urtetik beherakoek erabiltzen dute gehien garraio publikoa (% 29), eta beste asko oinez joaten dira (% 21,6). Datu horiek bat datoz Europa osoko datuekin; McKinsey aholkularitza-enpresak 2023an argitaratutako inkestaren arabera —Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko 4.000 pertsona baino gehiagoren ohiturak eta lehentasunak jaso zituen—, Z belaunaldikoen % 32k baino ez zuten lehenetsi ibilgailu pribatua etorkizunerako garraio nagusi gisa, garraio publikoaren azpitik (% 43) eta mikromugikortasunaren (mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, bizikletak eta motor elektrikoak) azpitik, zeina % 41era iristen baita dagoeneko. Gainera, McKinseyk nabarmendu zuen multimodalitatea hedatuago dagoela gazteen artean, haien malgutasunari eta gaitasun digitalei esker.
Inkesta horiei erreparatuta, argi dago zerbait aldatzen ari dela, eta, Mariano Urracok (Soziologian doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean) azaldu duenez, garrantzitsua da azpimarratzea belaunaldi hori krisialdi-testuinguruan hazi izan dela ia etengabe 2008tik, eta prekaritatea eta aldakortasuna naturalizatu dituztela. M. Urracok honela dio: “Lehen, gure bizimodua etxebizitza bat edo ibilgailu bat izateak, lanpostu finko batek… markatzen zuten. Haientzat askoz zailagoa da lotura sendoak ezartzea. Hortik sortu dira mugikortasun-modu berrietako batzuk. Merkatuak onura bat sortu du premia horretatik. Ez daukat argi Z belaunaldikoei autoa partekatzea gustatzen ote zaien, baina ez dute beste aukerarik”.
Dena den, datuek erakusten dutenez, gazteen joerak aldatu egin dira, eta ez inkestetan bakarrik. DGTren datuen arabera, 2003an, 18 urtetik 28 urtera bitarteko gazteek eskuratzen zituzten B motako gidabaimenak; 2023an, ehuneko hori % 67ra jaitsi da. Apirilean eman zituen Pere Navarro Trafikoko zuzendari nagusiak horri buruzko azalpenak: “Landa-inguruneko Espainian, 18 urterekin ateratzen dute gidabaimena; eta, hirian, 27 urtetik aurrera; hau da, premia dutenean”. Izan ere, mugikortasun berri hori hirietan nagusitu da batez ere, eta askoz neurri txikiagoan landa-eremuetan eta biztanle gutxiagoko tokietan.
ALDAKETA NAGUSIA HIRI-MUGIKORTASUNEAN GERTATU DA. Hona zer esan duen Pablo Morante Espainiako Gazteria Kontseiluko Klima Ekintzako arduradun eta Z belaunaldiko kideak: “Hiri-ingurunean bizi garenontzat autoa jada ez da lehentasuna, beste aukera batzuk ditugulako. Multimodalitatearekin eta mugikortasun partekatuarekin zerikusia duen guztia errazten du teknologiak. . Eta, bidaiatzen dugunean, erraz eta merke bidaiatzeko ohitura dugu. 20 euroan hegaldi bat eros daiteke, eta BlaBlaCar bat har dezakegu beste hiri bateko jaietara joateko; hala, badugu mugitzeko aukera, lan-prekaritate eta guzti”.
Gainera, aldaketa hori globala dela ikusteko, garrantzitsua da Estatu Batuetako (automobilgintzaren gunea) egoera aztertzea: ibilgailuen jabetza eta emandako gidabaimenen kopurua nabarmen murriztu dira gazteen artean, arrazoi finantzarioengatik eta bizi-estiloarengatik; izan ere, etxebizitzak eta ibilgailuak garestitu egin dira, ikasle-bizitza luzatu da, emantzipazioa eta lanean hasteko unea atzeratu dira, eta hirietako biztanleriak gora egin du (garraio-aukera gehiago daude hirietan).
Horrekin guztiarekin batera, mugikortasun aktiboa eta jasangarria bultzatu duten politikak garatu dira: emisio gutxiko eremuak martxan jartzea, trafikorako espazioaren berrantolaketa modala, aparkalekuak murriztea, hiriguneak oinezkoentzat egitea, garraio publikoa hobetzea eta mikromugikortasun-zerbitzuak bultzatzea. Gaur egun, EBn, ibilgailu pribatuak jarraitzen du aukera nagusia izaten adin-tarte guztietan, baina gazteen artean (15-29 urte) tarte txikia ateratzen dio dagoeneko oinez ibiltzeari, eta bizikleta eta garraio publikoa gorantz doaz etengabe.
Azkenik, zer neurritan eragiten du klima-aldaketak mugikortasunaren inguruan hartzen dituzten erabakietan? Hau dio Pablo Morentek (Gazteria Kontseilua): “Egia da kontraesankorra dela kosta ahala kosta mugitu nahi izatea, hegaldi merkeekin, eta ingurumena zaintzea. Baina egia da, halaber, gure belaunaldia aitzindaria dela trenez joateko aukera dagoenean hegaldi laburrak bertan behera uzteko aukera bultzatzen; gainera, borrokan ari gara bizikleta eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak aukera erreala eta segurua izan daitezen”.
Horregatik, hau da ondorioa: gure gazteak “gidari” dira mugikortasun berrian.
Euskadiko langileen % 45 ingururi eskaintzen dio babesa Mutualiak.
370.000 osasun-laguntza baino gehiago eskaini zituen 2023an, eta 310 milioi euro ordaindu zituen prestazio ekonomikotan.
Osasun-laguntza jaso duten pertsonen % 94,1ek diote pozik edo oso pozik daudela eskainitako laguntzarekin.
Donostia, 2024ko uztailaren 19a
Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuak, Ohiko Batzar Orokorra egin du, eta 2023ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduera onartu ditu hartan. Ignacio Lekunberri zuzendari kudeatzailearen arabera, kontingentzia profesionalen kudeaketak ia 64 milioi euroko soberakina izan zuen 2023an, baina kontingentzia arrunten kudeaketak ia 73 milioi euroko saldo negatiboarekin itxi zuen urtea. Hala ere, Mutualiak 3 milioi euro inguru emango dizkio Gizarte Segurantzari, langile autonomoen jarduera-etetearen kudeaketaren emaitza positibotik datozenak. Berriro ere, kontingentzia arruntengatiko prestazioen igoera handia izan da 2022ko ekitaldiaren ezaugarri nagusia. Igoera horrek lotura zuzena du jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren indarberritzearekin.
Batzar Orokorrean, Urtsa Erraztik, Mutualiako presidenteak, Plan Estrategikoan orain arte lortutako helburuen garrantzia azpimarratu zuen, baina oso kezkatuta agertu zen Euskadiko langileen baja-egunen kopuruaren bilakaerarekin, handia baita Estatuko gainerako lurraldeetakoekin alderatuta. Erraztik “Euskadin bajen portaera berezi horren arrazoi posibleak” zeintzuk diren azaldu zuen, eta, ildo horretan, gomendatu zuen azkartu daitezela arazo hori aztertzeko hasitako lanak, eta lehenbailehen martxan jar daitezela proposatzen diren ekintzak.
Batzar Orokorraren ondoren, Juanma Legorburu Mutualiako medikuak Absentziak Kudeatzeko Gida aurkeztu zuen, inplikatutako eragile guztientzako hobekuntza-tresna gisa.
Aurten ere, Batzar Orokorra Mutualiaren Pakea klinikako ekitaldi-aretoan egin da, eta hura diseinatzeko eta antolatzeko garaian Erronka Garbia metodologiari jarraitu zaio, zeinak aukera ematen baitu ekitaldietan izaten diren ingurumenarekiko inpaktu negatiboak minimizatzeko neurriak aplikatzeko.
AUZITEGI GORENEKO LAN ARLOKO SALAREN 2878/2024 EPAIA, MAIATZAREN 22KOA.
TXOSTENGILEA: IGNACIO GARCÍA-PERROTE ESCARTÍN
Enpresa batek Balearretako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren 286/2021 Epaiaren —uztailaren 21ekoa— aurka jarritako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtso bat baietsi du Salak; epai horren bidez, langile baten alargunak Menorcako Lan Arloko 1 zk.-ko Epaitegiaren 160/20 Epaiari —abenduaren 10ekoa; haren bidez, langilearen heriotza lan-istripuaren kontingentzian barne hartzeko eskatzeko jarritako hasierako demanda ezetsi zen— erantzunez formulatutako erregutze-errekurtsoa baietsi zen.
Eztabaidagaia da zehaztea lantokiko aldageletan, fitxatu aurretik eta laneko txanda hasi aurretik, izandako bihotzekoa lan-istriputzat jo behar den ala ez.
Labur-labur, gertaera azalduko dugu: Langilearen lan-ordutegia 8:00etan hasten zen; aldagelan zegoen 7:50 inguruan, segurtasun-botak jantzita (NBEak jantzita), eta bihotz-biriken geldialdia izan zuen; horren ondorioz, hil egin zen.
Adierazi dugunez, Balearretako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak baietsi egin zuen errekurtsoa, eta langilea lan-istripuaren ondorioz hil zela jo zuen. Ebazpen horretan, Auzitegi Gorenaren 2012/09/18ko epai bat aipatzen da (doktrina bateratzeko 1996/99 kasazio-errekurtsoa); haren arabera, laneko denborak zehazteko faktore erabakigarria da, fitxatzea baino gehiago, langilea aldagelan egotea norbera babesteko ekipamenduak erabiltzea nahitaezkoa zelako. Hau da, langileak segurtasun-botak jantzita bazeuzkan, esan nahi du zerbitzuak emateko nahitaezko jarduera bat egiten ari zela.
Hala ere, orain Salak iritzi dio bihotzekoa fitxatu aurretik eta lanaldia hasi aurretik gertatu bada, aldageletan eta segurtasun-botak jantzita izanda ere, ezin dela lan-istriputzat jo, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 156.3 artikuluan zehazten denez.
Laburbilduz, doktrina egokia kontraste-epaikoa dela jotzen du; zehazki, Auzitegi Gorenaren 2006/07/14ko epaiak (doktrina bateratzeko 787/05 kasazio-errekurtsoa), haren arabera istripuak lanekotzat jotzeko, GSLOren 156.3 artikuluan jasotakoaren arabera, ez baita nahikoa langilea enpresako aldageletan egotea gertaeraren (kasu honetan, bihotzekoa) unean, dagokigun kasuan gertatu zen moduan. Izan ere, “lan-denbora” legezko terminoak esanahi zehatzagoa du, Langileen Estatutuaren 34.5 artikuluan jasotakoaren arabera: langileak bere lanpostuan egon behar du, eta jotzen da jardueraren bat edo ahaleginen bat —fisikoa edo intelektuala— egiten hasia dela. Modu horretan, gertaera errazago lotzen zaio lanari, eta kasu horretan bai, aplikatuko litzateke lan-presuntzioa.
Legezkoa al da langile batekin harremanetan jartzea aldi baterako ezintasuneko prozesu batean dagoenean?
Kontsulta hau enpresetan gero eta kezka handiagoarekin ikusten duten lan-absentismoaren ondorioz sortua da, ikusirik aldi baterako ezintasuneko prozesu ugari eragiten dituela. Egoera horren ondorioak oso kaltegarriak izaten dira batzuetan enpresaren bilakaerarako: bai alderdi ekonomikotik, bai enpresa barruan izan daitezkeen gatazkengatik, gainerako lankideek lan-karga handiegia hartuz gero.
Egoera horren aurrean, enpresa batzuk babesik gabe sentitzen dira, eta iruditzen zaie apenas dutela legezko aukerarik horri aurre egiteko eta egoera hobetzeko, ez baitute eskumenik aldi baterako ezintasuneko prozesuei lotutako gaietan. Hori hala dela ikusirik, enpresa horiek neurriak hartzea erabakitzen dute, langileengana gehiago hurbiltzeko eta bajen iraupena murrizteko.
Jarraian ikusiko dugunez, protokolo edo neurri horiek zorrotz errespetatu behar dituzte langileen eskubideak, hala nola diskriminaziorik eza, osotasun fisikoa, osotasun eta duintasun pertsonala, eta deskonexio digitalerako eskubidea —guztiak ere egokiro arautuak gure ordenamendu juridikoan—.
Horixe gertatu zen, hain zuzen, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak eman berri duen 2687/2024 Epaiak azterturiko egitatezko kasuan. CCOO sindikatuak gatazka kolektibo bat planteatu zuen BOSCH SERVICE SOLUTIONS SAU sozietatearen aurka, zeinean eskatzen baitzion adieraz zezala enpresaren jarduera-protokoloak langileen eskubideak urratzen zituela. Sindikatuak eskatzen zuen, orobat, enpresak berehala utz zezala bertan behera praktika hori.
Vigoko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak emaniko 422/2023 Epaiak egitateen zerrendan ezartzen duenaren arabera —eta aurretik aipatu dugun Salak berretsi egin du epai hori—, enpresa demandatuaren Team Leader edo koordinatzaileek absentzien jarraipena egiteko prozedura bat aplikatzen zuten, langilearen osasun-egoeraz galdetzeko; zehazki, telefono-deiak egiten zituzten. Protokoloan jasota daukate debekaturik dagoela langileari lanera bueltatzeko eskatzea edo langilea hertsatzea; era berean, debekatuta daukate berriro deitzea nabarituz gero langileak ez duela jarrera harkorra, eta ezin dute bajaren arrazoia galdetu, ez eta deia dokumentatu ere.
Salaren ustez, kasu honetan ez dira urratzen inola ere langileen eskubideak. Ez zituzten urratu langilearen eskubide merezituak koordinatzaileak osasun-egoeraz galdetzeko dei egitean; izan ere, dei haien helburua ez zen langileari lanera itzul zedin eskatzea eta baja zergatik hartu ote zuen jakitea. Aitzitik, dei adeitsuak izan ziren, eta lankideen arteko lan-giro onaren inguruabarretan interpretatu behar dira. Era berean, epaiak gaineratzen du ez dela urratzen deskonexio digitalerako eskubidea ere: dei bat jasotzeak —kontuan izanik, gainera, ez dagoela erantzutera behartuta— ez dakar nahitaez enpresak emandako bitarteko digitalekin konektatzea atseden hartzeko aldian.
Finean, ikuspegi juridikotik baiezta dezakegu enpresak bajan dagoen langile bati deitzea ez dela hertsapen-egintza ilegal bat, betiere zorrotz errespetatzen badira haren lan-eskubideak.
Jakinarazten dizuegu argitaratu dela 665/2024 Errege Dekretua, uztailaren 9koa, Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorra, abenduaren 22ko 2064/1995 Errege dekretuak onetsia, aldatzen duena LAABko langileen kotizazioari lotuta, zeinak zenbait zehaztapen gehitzen baititu aipatutako Kotizazioari buruzko erregelamenduko 44 (Kotizazio-oinarriak eta -motak) eta 46 (Kotizazioaren urteko erregularizazioa) artikuluetan, urtean lortutako errendimenduaren arabera, haiek egokitzeko araubide honetarako kotizazio-sistema ezarri zuten aldaketetara:
Epez kanpo aurkeztutako altei eta altarik ez izateagatik Laneko Ikuskaritzak eta Gizarte Segurantzak sustatutako likidazio-aktetan barne hartutako aldiei aplika dakizkiekeen oinarriari lotutako zenbait alderdi zehazten ditu.
Zehazten du ezen, erregularizazio-prozeduratik eratorritako Gizarte Segurantzako kuota kalkulatzeko, kontuan hartu behar direla ez bakarrik jardueratik eratorritako errendimenduak, baita bestelako inguruabarrak ere (adb., egindako jardueraren sailkapen ekonomikoa aldatzeagatik edo langilearen alta- eta baja-data berrikustetik eratorritakoak), baldin eta kuotok kalkulatzeko erabakigarriak badira.
Kasu zehatz batzuetan urteko errendimenduak nola erregularizatu zehazten da; besteak beste, Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian eta Itsasoko Langileen Araubide Bereziko I taldean langile autonomo gisa altan aldi berean egotearen kasuan edo egindako jarduerengatik arau bereziak aplika badaitezke, adibidez, errendimendu baxuko artista autonomoen edo salmenta ibiltariko langile autonomoen kasuan.
EDa 2024ko abuztuaren 1ean sartuko da indarrean (hura argitaratu ondorengo hileko lehen egunean)