ERGOLAN, Osalanen ergonomia-kanpaina berria

ergolan

Kanpainak lau urteko iraupena izango du (2024-2027), eta bere helburu nagusia da ergonomiarekin lotutako nahasmendu muskuloeskeletikoen ondoriozko laneko istripu-tasa murriztea hainbat sektore ekonomikotako lanpostuetan, hala nola zerbitzu, industria, eraikuntza eta lehen sektoreko lanpostuetan.

Nahasmendu muskuloeskeletikoak dira lanera ez joatearen arrazoi nagusia.  Lan-istripuen % 30 inguru sistema muskuloeskeletikoak egindako gehiegizko esfortzu fisikoaren ondorio izaten da, eta gaixotasun profesionalen % 78 inguru arazo muskuloeskeletikoen ondorio. Eta patologia muskuloeskeletikoengatiko gaixotasun profesionalaren susmoaren jakinarazpena areagotu egin dela ikusi da, 2022tik 2023ra % 100 baino gehiago igo baita.

Arlo horretako prebentzioa jarrera egokiak eta gaitz horiek saihesteko ariketak ikastean eta mantentzean datza. Prebenitzeko, jakin behar da zer prebenitzen den. Lanpostuen antolaketa ergonomikorako informazio espezifikoa emateko, beharrezkoa da lan-arriskuen prebentziorako dokumentu teknikoak izatea, arrisku-faktoreen inpaktua arintzeko; esate baterako, kargak maneiatzearena, jarrera behartuena eta mugimendu errepikakorrena. Faktore horiek sor ditzaketenak identifikatzea eta egoera bakoitzerako egokiak diren balorazio ergonomikoko metodoak erabiltzea dira lehen urratsak.

Azken urteotan, ikertzaileak, teknikariak eta enpresa-arduradunak ergonomia parte-hartzailea aldarrikatzen ari dira laneko gaixotasunak murrizteko metodologia eraginkor eta berritzaile gisa. Kanpainan zehar, Osalaneko teknikariek sektore bakoitzeko hainbat enpresa bisitatuko dituzte, ergonomiaren ikuspegitik sentikorrak diren lanpostuak identifikatzeko.
Lanpostuak aztertu ondoren, diseinuan, ingurunean eta gauzatzean dauden arrisku ergonomikoak zehaztuko dira, eta prebentzio-neurrien fitxa batzuk argitaratuko dira, ergonomiari dagokionez jardunbide egokien kodea sortuz sektore guztietan.

Zerbitzuen sektorean emango zaio hasiera kanpainari.