Ordu sindikalak ordaintzeak zilegi egiten dio enpresari haien erabilera justifikatzeko eskatzea?

horas sindicales

Langileen Estatutuaren (LE) 37.3.e) artikuluan, lan-baimenen testuinguruan, aukera jasotzen da langilea lanera ez joateko zeregin sindikalak edo langileak ordezkatzeko zereginak bete behar dituenean, dagokion ordainsarirako eskubidea duela. LEren 68.e) artikuluan xedatutakoa osatzen du, zeinean ezartzen baita enpresa-batzordeko kideek eta langileen ordezkariek, langileen legezko ordezkari gisa, beste berme batzuen artean, hileko ordu ordainduen kreditu bat izango dutela lantegi bakoitzean, beren ordezkaritza-zereginetarako.

Konstituzioan jasotako askatasun sindikalerako eskubidearen (EKren 28.2 artikulua) eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 143. gomendioaren isla dira, zeinak ezartzen baitu langileen ordezkariek beren funtzioak eraginkortasunez egin ahal izateko behar adina denbora libre izan behar dutela, bai langileak ordezkatzeko ideiari stricto sensu lotzen zaizkion lanetarako, bai bilera, prestakuntza-ikastaro, mintegi, biltzar eta hitzaldi sindikaletara joateko, eta ahalegina egingo dela horregatik langile horiek ez dezaten galdu soldatarik, prestaziorik eta bestelako abantaila sozialik.

Arauetan ordu sindikalen kreditua baimen ordaindu gisa zehazten denez, zalantza sortzen da lanera ez joateko eskubide orokor bat den ala enpresak kontrolatu dezakeen, modu ez-intrusiboan, eskubidea modu egokian erabili den egiaztatzeko.

Alderdi hori argitu du, hain zuzen, Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salak 2024ko ekainaren 11ko epaian (472/2021 errekurtsoa): enpresak uko egiten dio ordezkari sindikal bati ordu batzuk ordaintzeari, behar bezala ez dituela justifikatu jotzen baitu. Enpresaren ohitura izan da ordu horiek ez justifikatzea, harik eta 2019an jakinarazpen bat atera zen arte; jakinarazpen horretan, azpimarratu zen erabilitako denborari jarduera-mota bat (asanblea, biltzarra, bilera, etab.) generikoki esleitzeko beharra.

Kontrol generikoa askatasun sindikalaren aurkakoa dela jo zen, eta langileak demanda bat jarri zuen, ordu horiek eta kalte moralagatiko kalte-ordain gehigarriak ordaintzea exijitzeko. Lehen auzialdian ukatu egin zen, baina Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen uzia; enpresa ordainsariak eta dagozkion interesak ordaintzera behartu zuen, eta 6.250 €-ko kalte-ordaina ezarri zion kalte moralagatik.

Enpresak epaia errekurritu zuen, eta Auzitegi Gorenak, 2024ko ekainaren 11ko epai horretan, lehen auzialdiko epaitegiaren irizpidearekin bat egin zuen, eta enpresaren jokabidea baliozkotzat jo zuen, zehaztu baitzuen ordutegi-kreditua zertan erabiltzen den modu orokorrean eskatzeak ez duela urratzen askatasun sindikala; justifikatu gabe geratu den denborari dagokion ordainsaria ordaindu gabe utz dezakeela dio, betiere diziplinazko neurri gehigarririk gabe eta haren erabilera baldintzatu gabe. Hala ere, horrek ez dio enpresari zilegitasunik ematen justifikazio itogarri bat eskatzeko, askatasun sindikaleko injerentziatzat hartzeko modukoa.

Epaia argigarria da ordu-kredituaren erabilera justifikatzeko garaian enpresek duten eskubidearen mugak ezartzeari dagokionez. Orduak egoki erabili izanaren presuntzioa eta enpresaren aurretiazko baimenaren beharrik eza babestu du, baina enpresari justifikazio formala eskatzeko aukera ematen dio; horretarako, lanera huts egin duen orduetan langilea non izan den ziurtatzen duen probaren bat aurkeztu beharko litzateke. Jardueraren beraren edukiari buruzko informazioa erreklamatzea baztertu du epaiak, ordezkaritza-funtzioaren ezinbesteko independentzia eta askatasuna urratuko bailuke. Kredituaren erabilerak ezin du berekin ekarri ordezkariaren independentzia arriskuan jarriko duen enpresaren kontrol zorrotzik, ordezkariak bere zereginerako ekimena eta hura garatzeko askatasuna izan behar baititu.

Iñaki Esnal Zalakain   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

“Diagnostiko zuzenak, paziente seguruak” Pazientearen Segurtasunaren Munduko Eguna 

Día Mundial de la Seguridad del Paciente 2024

2024ko irailaren 17an Pazientearen Segurtasunaren Munduko Eguna ospatzen da, Osasunaren Mundu Erakundearen ekimena, Pazientearen Segurtasunaren gizarte-kontzientzia sustatu, ikusarazi eta areagotzeko

Aurtengo Pazientearen Segurtasunaren Munduko Egunaren goiburua “Diagnostiko zuzenak, paziente seguruak” da. Akats diagnostikoak saihets daitezkeen kalteen % 16 dira; besteak beste, diagnostikoaren atzerapenak, diagnostiko okerrak eta profesionalen arteko edo pazientearekiko komunikazio-akatsak. Horrek gogorarazten digu osasun-arretan garrantzitsua dela diagnostiko zehatzak, egokiak eta behar bezala komunikatuak egitea, segurtasuna eta kalitatea bermatzeko. 

2024ko Pazientearen Segurtasunaren Munduko Egunaren OMEren helburuak

  1. Pazienteei kalte egiten dieten diagnosi-akatsei buruzko kontzientziazioa areagotzea mundu osoan, eta, pazientearen segurtasuna hobetzeko diagnostiko zuzen, egoki eta seguruak duen funtsezko zeregina azpimarratzea. 
  1. Diagnostikoaren segurtasunari protagonismoa ematea pazientearen segurtasun-politikan eta praktika klinikoan; osasun-arretaren maila guztietan, Pazientearen Segurtasunaren aldeko Munduko Ekintza Planarekin (2021 – 2030) bat etorriz. 
  1. Arduradun politikoen, osasun-arretako agintarien, osasun-langileen, pazienteen erakundeen eta beste alderdi interesdun batzuen arteko lankidetza sustatzea, diagnostiko zuzen, egoki eta segurua lortzeko. 
  1. Pazienteak eta senideak trebatzea, osasun-langileekin eta osasun-arretako zuzendariekin aktiboki lankidetzan jardun dezaten, diagnostiko-prozesuak hobetzeko. 

Mutualiak pazientearen segurtasunean espezializatutako profesional-talde bat du, eta, urtero bezala, egun hori ospatzeko, hainbat jarduera antolatzen ditu Mutualiako pertsona guztiak prestatzeko eta kontzientziatzeko. 

mutualia pazientearen eguna 2024

Mutualiak ordaindutako prestazio ekonomikoei buruzko informazioa

batuz bizkaia

Bizkaiko Ogasunaren egoitza elektronikoan informazio-komunikazio bat egin zen joan den martxoan, 2024ko uztailaren 1etik aurrera Batuz sistema ezarri behar duten zergadunentzat, eta sistemarekin aldez aurretik eta borondatez bat egin ez zutenentzat.

Batuz sistemara atxikitzeak aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonentzat, adibidez, prestazio horiek “fakturarik gabeko sarreren azpikapituluan” erregistratzeko betebeharra dakar.

Gure Bulego Birtualean Mutualiak ordaindutako prestazioen jarraipena egin dezakezue eta hiru hilean behingo ziurtagiriak eskuratzeko aukera ematen dizuegu.

Gainera, informazio fiskala zuzenean jaso dezazuen (Mutualiarekin harremana dutenak) Bulego Birtualean gune bat gaitu dugu datu fiskalak partekatzeko.

Gomendatzen dizuegu ordainketa zuzena eskatzen duten autonomoei gure Bulego Birtualean erregistratzeko eskatzea (web edo app)eta hauta dezatela informazio fiskala partekatzea.

Ezintasun iraunkorra ez da izango langilea automatikoki kaleratzeko arrazoia 

despido laboral

OHARRA: Albiste honen eguneratzea hemen kontsulta dezakezu

Ministro-kontseiluak erabaki du, Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta Gizarte Eskubideetako, Kontsumoko eta 2030 Agendako Ministerioak proposatu ondoren, Langileen Estatutuaren 49.1.e artikulua aldatzea; hala, lan-harremana iraungitzeko kausa automatiko gisa ezabatu ahal izango da langileari ezintasun iraunkorra aitortzea. Ezintasunen bat duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordearekin (CERMI) adostutako hitzarmena jasotzen da arauan. 

Langileari erabateko ezintasun iraunkorra, ezintasun absolutua edo orain arte baliaezintasun handia esan zaiona aitortzen zaionean kontratua automatikoki iraungitzeko aukera ezabatuta, modu eraginkorragoan babestu daiteke ezintasunen bat duten pertsonen enplegua, eta enpleguari eta ezintasunari buruzko liburu zurian jasotako proposamenetako bat betetzen da. 

  • Enpresek dagoeneko ezingo dute beren aldetik bakarrik erabaki lan-harremana iraungitzea langileak ezintasun iraunkorra badu. 
  • Enpresek arrazoizko doikuntzak egin beharko dituzte edo langilea beste lanpostu batera aldatu beharko dute, langileen lan-harremana hasita dagoela aitortzen bazaie ezintasun iraunkorra. 
  • Termino gutxiesgarriak ere aldatu dira testuan, Konstituzioan egin zen moduan. Hemendik aurrera, “baliaezintasun handia”ri “hirugarrenaren laguntza-osagarria” esango zaio. 
  • Arauan zehazten dira, halaber, lanpostua egokitu behar duten enpresentzat zer kostu diren gehiegizkoak zehazteko irizpideak. 
  • Lan-arriskuak prebenitzeko zerbitzuek eta langileen legezko ordezkariek protagonismoa hartuko dute lanpostuak behar dituen ekarpenak eta langileak zer lanpostu berritan lan egin dezakeen zehazteko garaian. 
  • Testuan aipatzen da, gainera, langileak zer trebakuntza-behar izan ditzakeen laneko arriskuen prebentzioari dagokionez. 
  • Enpresak hiru hilabeteko epea izango du lanpostua egokitzeko edo lanpostua aldatzeko; denboraldi horretan, aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa jasoko du langileak. 

Zer balio duen fisioterapiak Mutualian 

fisioterapia manos

Irailaren 8a Fisioterapiaren Mundu Eguna da; izan ere, egun horretan sortu zen Fisioterapiaren Munduko Konfederazioa (World Confederation for Physical Therapy – WCPT), 1951n.  

Fisioterapiaren helburu nagusia pazienteen bizi-kalitatea hobetzea da, hura sustatuz eta prebentzio-lana eta tratamendua eginez, eta, egun honetan, fisioterapiako profesionalak omendu nahi ditugu. Izan ere, Mutualiako errehabilitazio-zerbitzuen oinarria dira, eta gure pazienteen segurtasunaren, ongizatearen eta babesaren alde lan egiten dute beti.   

Zer eragin eta irismen duen fisioterapiak Mutualian 

Langile batek lan-arloko istripu bat izaten duen unean, ondorioak fisikoak zein emozionalak izaten dira. Gure fisioterapeuten helburu nagusia da haien bizi-kalitatea berreskuratzea, eta horretarako haien ongizate integrala sustatzea.   

2023an, 121.946 fisioterapia-saio egin genituen gure asistentzia-zentroetan (Ercilla Klinika, Pakea Klinika eta Erabakimen Handiko Ospitalea).  Kualifikazio handiko talde bat dugu, etengabe trebatzen ari dena, eta azken ebidentzia zientifikoak aplikatzen dituena kasu bakoitza modu pertsonalizatuan lantzeko. Ikuspegi indibidualizatu horrek bermatzen du paziente bakoitzak erabat osatzeko behar dituen denbora eta baliabideak jasotzea, eta konfiantzazko harremana sortzen du fisioterapeutaren eta pazientearen artean. 

Eraldaketa digitala eta berrikuntza 

COVID 19aren pandemiaren ondorioz, urruneko errehabilitazioa ematen hasi zen Mutualia, eta, eraldaketa digitalaren aldeko apustua eginez, lan-ildo hori hobetzen eta osatzen jarraitzen dugu. Horretarako, zenbait baliabide ditugu, hala nola Gehitu plataforma eta YouTubeko kanala, “Fisioa etxean” eta “Mutualia On” bideoekin. Gainera, Hep2Go Plataforma ere erabiltzen dugu, zeina funtsezko tresna baita errehabilitazioko profesionalek etxean egiteko ariketa-programak sortzeko, gure errehabilitazioko eta fisioterapiako profesionalek gertutik gainbegiratuta. 

Nahasmendu muskuloeskeletikoen prebentzioa eta tratamendua 

Fisioterapiak funtsezko zeregina du, halaber, nahasmendu muskuloeskeletikoen prebentzioan eta tratamenduan. Lanarekin lotutako osasun-arazoak dituzten langileen % 60k uste du arazo muskuloeskeletikoak direla beren arazo larriena. Laneko bajen % 25 eta gaixotasun profesionalen % 80 eragiten dituzte, eta,  mugikortasun fisikoari ez ezik, ongizate emozionalari ere eragiten diote. Ezinbestekoa da gure fisioterapeutek patologia horietan garaiz esku-hartzea intzidentzia txikitzeko eta etorkizuneko lesioak prebenitzeko. 

ERREPIDE ARRUNTAK, UDAKO BESTE ARRISKU BAT

accidente de trafico

Uda guztietan gertatzen den bezala, ugaritu egiten dira joan-etorriak edozein motatako errepideetan. Hori dela eta, errepide arruntetako zirkulazioak ere gora egiten du.

Errepidean hildako hirutik bi bide horietan gertatzen dira. Erabiltzaile ahulenei erreparatuta, arazoa oso nabarmena da: lau motorzaletatik hiru eta harrapatutako 118 oinezkoen ia erdiak hil egin ziren.

Errepide arruntak —Espainian, bideen % 89— arriskutsuenak dira gure inguruko herrialdeetan ere. Hilgarritasun horren erruaren zati bat haien diseinuari dagokio. Haiek berritzen ahalegintzeko garaia iritsi da, bide horiek errealitate ukaezin batera egokitzeko: gidariek akatsak egiten dituzte, eta, oraingoz, errepide arruntetan ordaindu egiten da hori.

Sare arruntean ezbehar-tasa murrizteko, errepideak ikuskatu behar dira eta administrazio guztiek haietan inbertitzen hasi behar dute, orain arte inoiz egin izan ez den moduan. Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak bide horien prebentziozko kontserbazio-eredu bat abiarazi zuen 2023an, 300 milioi euroko zuzkidura zuena, hiru urtean zehar aplikatzeko. Sare arruntaren kontserbazioa hobetzeaz gainera, lehentasuna da sarea zatiz zati analizatzea eta leku bakoitzera egokitutako konponbideak ematea. Izan ere, errepide konbentzional guztiak ez dira berdinak, ez azpiegituraren ikuspegitik bakarrik, baita funtzionaltasunaren ikuspegitik ere.

INBERTSIO ERAGINKORRA

Denak balio du errepide arruntetan ezbehar-tasaren egoera itzulikatzeko: hala soluziorik sofistikatuena nola sinpleena. Aldaketa txikiak eginda ere, asko lor daiteke.

  • Soinu-gidak: banda fresatuak dira, galtzadatik irteteko edo beste errei bat inbaditzeko arriskuan gaudela ohartarazten digutenak.
  • Segurtasun-hesiak: ibilgailua galtzadatik irtetea eta oztopo baten aurka talka egitea eragozten dute.
  • Marruskadura handiko zoladurak: balaztatzean marruskadura handitzea ziurtatzen dute eta aquaplaninga saihesten.

Hain zuzen ere, Espainiako Errepidearen Elkarteak egindako “Nola salbatu 300 bizitza urtean Espainian” izeneko txostenak erakusten du zein onuragarria den errepide arruntetan kostu txikiko esku-hartzeak, arestian azaldu ditugunen antzerakoak, egitea. Neurri sinple horietaz gainera, orain arteko azpiegitura-soluziorik arrakastatsuenetako bat 1998an sortu zen Suedian: 2+1 errepideak. Errepide arruntak dira, hiru erreiko errepide bihurtuak: bat zirkulazioaren noranzko bakoitzerako, eta beste bat, erdikoa, hesi batez babestua, era seguruan aurreratzeko erabiltzen dena leku bakoitzeko arriskuaren arabera, errei nagusietako batetik bestera txandakatuz. Sistema horrekin, Suediak % 50eko murrizketa lortu du hildakoetan eta zauritu larrietan.

Azpiegitura-neurri horietaz guztiez gainera, ez dugu ezkutatu behar abiadura dela bide horietako arrisku-faktoreetako bat. Bide horietako gehienek bi noranzko dituzte. Hartutako neurrien arteko bat errepide arruntetako abiadura 100etik 90era jaistea izan zen. Hurrengo urtean, bide horietan hildakoen kopurua % 10 murriztu zen.