Meteorologia-aldaketa bortitzak gertatzea da udazkenaren ezaugarri bat. Ohikoa izaten da eguzki betetik behe-lainoa izatera igarotzea, edo ustekabeko euri-zaparradak; edo haize bortitzak direla-eta alertak izatea, oraintsu bezala. Bestalde, eguzki-orduak murrizten direnez eta arian-arian tenperaturak jaisten direnez, zuhurtzia handiagoz jokatu behar dugu urtaro aldakor honi lasaitasunez aurre egiteko.
Zein izango lirateke oinarrizko aholkuak urtaro polit bezain aurreikusgaitz honi segurtasunez aurre egiteko?
Kontsultatu eguraldia aldez aurretik. Ezinbestekoa da joan-etorria egin aurretik iragarpen meteorologikoa kontsultatzea. Sasoi ezegonkorra da, eta errepideko kondizioak asko alda daitezke egun berean.
Berrikusi ibilgailua bidaiatu aurretik. Komeni da ibilgailua puntuan jartzea udaren ondoren. Jarri arreta berezia pneumatikoei, haiek baitira gure ibilgailuaren eta asfaltoaren arteko lotunea; haiek egoera onean egotea lehentasunezkoa da segurtasunez bidaiatzeko.
Euria ari duela gidatzean. Galtzada bustita egoteak, euriaren eraginez ikuspena gutxitzeak edo abiadura desegokia izateak galaraz dezakete ibilgailuaren gaineko kontrola. Hala, euriarekin gidatzeko, neurri batzuk hartu behar ditugu segurtasun-maila egokia bermatzeko.
Zuhurrago jokatu. Egokitu abiadura bidearen egoerara. Gogoan izan balaztatze-distantzia bikoitza dela. Hori dela eta, handitu segurtasun-distantzia, eta beste gidariek ikusi ahal izateko adinako denboraz seinaleztatu maniobrak. Saiatu gainerako ibilgailuen arrastoari jarraituz gidatzen, eta ez gelditu ibilgailua.
Ez aurreratu ikuspen txikiko egoeretan, batez ere bi noranzkoko bideetan.
Ikusi eta ikus zaitzatela. Piztu dagozkion argiak. Piztu aireztatze-sistema, beira lurrundu ez dadin. Gorabeheraren bat izanez gero, ez geratu ibilgailuaren barruan. Seinaleztatu egoera larrialdi-argien bidez, gainerako gidariak ohartarazteko. Jantzi txaleko islatzailea; irten ibilgailutik euria egin arren, eta, trafikoaren egoerak aukera ematen badu, jarri hesiaren atzean edo trafikotik ahalik eta urrunen dagoen leku batean.
Behe-lainoarekin gidatzean. Behe-lainoarekin ere, gidatzean arreta handiagoa jarri behar da istripuak saihesteko, ikuspena murrizten eta zorua bustitzen baitu. Aurreko gomendioak ez ezik, beste gomendio espezifikoago batzuk ere izan behar dituzu gogoan:
Egokitu abiadura, eta ez aurreratu ikuspen gutxiko egoeretan. Saiatu beste ibilgailuen abiadura berean joaten, eta gogoratu behe-laino itxiarekin gerta daitekeela abiadura-sentsazioa galtzea.
Utzi segurtasun-distantzia handiagoa aurreko ibilgailuarekin, baina begien bistatik galdu gabe. Ez egin bat-bateko maniobrarik.
Ez geratu, ezta bazterbidean ere. Konponbiderik seguruena iruditu arren, istripua eragin dezakezu beste ibilgailuek ikusten ez bazaituzte.
Erabili argi laburrak eta laino-argiak, hobeto ikus zaitzaten. Argi luzeak aktibatzea izaten da joera naturala, baina, ispilu-efektua eragiten dutenez, gidaria itsutu eta ikuspena zailtzen dute.
Erabili galtzadaren eskuineko ertzeko marra gida gisa. Horrek lagunduko dizu hautematen zenbateko lainoa dagoen, eta hobeto eusten galtzadako kokapenari.
Etengabe begiratu galtzadari. Sasoi honetan, zikinkeria eta oztopo txikiak aurki ditzakegu galtzadan, zuhaitzen hostoak erortzen eta haize-bolada handiak izaten baitira.
Animaliak. Udazkenean, maizago gertatzen dira, bai animaliak harrapatzea, bai animaliak saihesteko ahaleginaren ondorioz istripuak izatea. Zehazki, egunsentian eta ilunabarrean izaten dira. Gidariak animalia saihesten beranduegi saiatzen direlako eta abiadura desegokian doazelako gertatzen dira istripuak. Landa-eremuetan gidatzen baduzu, kontuz ibili, eta arreta jarri haien presentziari.
Haizea. Alboko haizeak eta haize-boladek dute arriskurik handiena, kontrola galaraz baitiezaiokete gidariari. Haizea 70 km/h-tik gorakoa bada, komenigarria da ibilgailua etxean uztea, arriskutsua izateaz gain, erregai-gastu handiagoa eragiten baitu egoera horretan gidatzeak. Ezinbestean autoa hartu behar baduzu, adi egon aholku hauei:
Murriztu abiadura. Haizearekin zein beste fenomeno meteorologiko batzuekin, zuhur jokatu behar duzu. Abiadura txikitu eta martxa laburrekin gidatzen badugu, hobeto heltzen diote pneumatikoek galtzadari.
Eutsi bolanteari. Eutsi tinko bolanteari gidatzen duzunean, indarrez helduta. Maniobrek leunak eta kontrolatuak izan behar dute. Haize-boladek zabuak eragin diezazkizukete.
Erreiaren erdialdetik. Erreiaren erdialdetik zirkulatu behar da, hartara, haizeak autoaren ibilbidea desbideratzen badu, beste errei bat ez inbaditzeko eta, hala, istripurik ez eragiteko.
Aurreratzea. Agian aurreratzea da mementorik kritikoena haizearekin gidatzen dugunean. Ondo aztertu behar da nondik jotzen duen haizeak eta zer arrisku izan ditzakegun aurreratzean. Haizeak aurrez aurre jotzen badu, nabarmen murriztuko da autoaren abiadura, aurreko ibilgailuaren babesetik atera bezain laster. Horren ondorioz, baliteke maniobra motelago egitea eta ohi baino denbora luzeago behar izatea.
Haizea albokoa bada, zailagoa da aurreratu nahi den ibilgailua handia bada. Haizea eskuinetik badator, autobusak edo kamioiak haizea estaliko dute, eta, beraz, ibilgailu handienak bereganantz erakarriko du ibilgailu txikiena. Ibilgailu handia aurreratu bezain laster, kontrakoa gertatuko da, eta arekan bukatu dezakezu alboko haizearen ondorioz. Fenomeno horri “pantaila-efektua” esaten zaio, eta haizearekin gidatzean dugun arriskurik handiena da.
Kontuz SUVekin (kirol-ibilgailu utilitarioak) eta lur orotarikoekin. Kontuan izan behar da bolada handiek auto txikienei baino are gehiago eragiten dietela kamioiei eta autobusei. Arrazoi beragatik, auto handienek gehiago nabarituko dute haizea, grabitate-zentroa altuago baitute eta ezegonkorragoak baitira. Dena den, pisu eta altuera handiagoak izateak arindu dezake puntu hori, nolabait.
Tunelak eta zubiak. Ibilgailu handi bat aurreratzean bezala, zubi edo tunel batean sartzean, horrek haizetik babesten gaitu, baina, handik ateratzean, haize-bolada horiek itzuli egingo dira. Hori dela eta, aurreko zenbait puntu hartu behar dira kontuan: aurreikusi behar da autoa erreitik kanpo bultza dezakeela haizeak, eta, beraz, irmo-irmo eutsi behar zaio bolanteari, baliteke-eta gidariak ez jakitea haizeak nondik joko duen.
Aholku horiek lagunduko dizute bidaiak prestatzen eta joan-etorriak kontrolatzen, eta udazkenean seguru gidatzen.
Urriaren 29a Iktusaren Nazioarteko Eguna da. Gaixotasun horren 120.000 kasu izaten dira urtero Espainian. Emakumeen artean heriotza gehien eragiten dituen gaixotasuna da, 6 pertsonatik batek iktus bat izango baitu bere bizitzan, eta helduen artean desgaitasun-kausa nagusia da.
Iktusaren Nazioarteko Eguna dela eta, Freno al Ictus Fundazioak, Espainiako Neurologia Elkartearekin (SEN) eta SENen Gaixotasun Zerebrobaskularrak Aztertzeko Taldearekin (GEECV-SEN) batera, eta GMPren laguntzarekin, dibulgazio-jardunaldi bat egingo du urriaren 28an, “Iktusari buruzko Topaketa Zientifiko eta Soziala” izenburupean. Jardunaldiaren helburua da gaixotasun honek ikuspegi zientifiko eta sozialetik duen eragina aztertzea. Egitaraua: https://www.frenoalictus.org/noticias/dia-mundial-del-ictus-2024-encuentro-cientifico-y-social-sobre-ictus-1709
Freno al Ictus Fundazioak gogorarazi duenez, iktusen % 90 prebenitu daitezke; horregatik da hain garrantzitsua prebentzioaren kultura eta bizimodu osasungarria sustatzea.
Osasuna zaintzeko metodologia bat dauka Mutualiak, MutualiaOn!, bai enpresak bai enpresa osatzen duten pertsonek guztien ongizate fisiko eta mentala bila dezaten, eta, aldi berean, komunitatean parte hartu eta laneko giro fisikoa zaindu dezaten.
Mutualiak lan egutegi berria prestatu du 2025. urterako. Bertan, jaiegunen zerrenda dago jasota. Mutualiaren egutegia PDF betegarriaren formatuan dago eskuragarri , eta buletinak argitaratu ostean prestatu da, bertan baitaude jasota 2025. urteko jaiegunen zerrendak.
Hauek izango dira lan-egutegiak Euskadin 2025an izango dituen hamabi jaiegunak:
Urtarrilaren 1a, Urteberri eguna.
Urtarrilaren 6a, Jaunaren epifania.
Apirilaren 17a, Ostegun Santua.
Apirilaren 18a, Ostiral Santua.
Apirilaren 21a, Pazko Astelehena.
Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.
Uztailaren 25a, Santiago Apostoluaren Eguna.
Abuztuaren 15a, Ama Birjinaren Jasokundea.
Azaroaren 1a, Santu Guztien Eguna.
Abenduaren 6a, Konstituzio Eguna.
Abenduaren 8a, Ama Birjina Sortzez Garbiaren Eguna.
Abenduaren 25a, Eguberri eguna
Lanaldi horiei beste bi jaiegun gehitu behar zaizkie, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzaren lurralde-ordezkaritzek horretarako irekiko duten prozesu berrian Udalei eta Aldundiei dekretatzea dagokienak.
Txema Franco Barrosorekin gaude gaur. Barroso Gorabideko zuzendari kudeatzailea da, eta Bizkaiko elkarte horri buruz hitz egingo digu. 1962tik, adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien gizarteratzea eta bizi-kalitate bultzatzen ditu Gorabidek.
Gorabide aitzindaria izan da Bizkaian, beste erakunde batzuekin batera, adimen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioan. Azken urteotan, zer bilakaera izan du gizarteak pertsona horien dibertsitateari eta integrazioari buruz duen pertzepzioak?
Gizarte gisa aurrerapauso handiak eman ditugu, maila askotan. Adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aitortu dira, aukera-berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin eremu guztietan. Eta ez soilik eremu sozialetan, baita ere parte-hartze politikoan, aisialdian, kulturan, osasunean, lanean, prestakuntzan eta abarretan. Komunitatean duten parte-hartzea ikusarazten eta normalizatzen ere aurrera egin da. Eta, azkenik, inklusioan aurrera egin dugula esango nuke, baita ekarpenari dagokionez ere, nork bere aletxoa jartzen baitu Bizkaia inklusiboagoa eta solidarioagoa izan dadin.
Zer ekarpen egiten du Gorabidek adimen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa agerikoagoa eta sozialki onartuagoa izan dadin?
Elkarte gisa, adimen-desgaitasuna duten pertsonen kolektiboa ikusgarri egiteko aukerak eta espazioak sortzeko potentziala duten ekintza komunitario guztietan inplikatzen gara. Eta hor funtsezko zeregina betetzen du gure profesionalen inplikazioak; beti erakutsiko diegu gure aintzatespena eta esker ona. Gainerakoaz haiek arduratzen dira, adimen-desgaitasuna dutenak; gizartean parte hartuz, harresiak eraisten dituzte eta onarpen soziala areagotzen dute.
Parte-hartze soziala eta aisialdi-guneetan parte hartzeko aukera izatea zutabe garrantzitsuak dira adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan. Zer ekimen garatu ditu Gorabidek gizarte- eta kultura-jardueretan kolektibo horren inklusioa sustatzeko?
“Aisialdirako eta parte-hartze sozialerako eskubidea oso garrantzitsua da pertsona guztientzat, baina agian are garrantzitsuagoa da zailtasun handiak dituztenentzat.”
Gorabidek aukera inklusiboak sortu nahi ditu, eta aukera horiek ingurune komunitarioetan gauzatu daitezen saiatzen gara: zinemara joatea, txangoetan parte hartzea, zerbait hartzera irtetea, beste edozein bezalakoak diren kuadrillak osatzea, boluntariotzan jardutea eta abar. Baita errugbian, surfean edo pilotan jardutea ere, kasuan kasuko klubek antolatutako taldeetan. Futbolean eta saskibaloian talde propioak ditugu, salbuespen batekin: Genuine Ligan, Athletic Clubekin kolaboratzen dugu.
Lan-arloan, zein dira adimen-desgaitasuna duten pertsonek lan-mundura sartzeko dituzten erronka nagusiak?
“Aurrerapenak aurrerapen, adimen-desgaitasuna duten pertsonek langabezia-tasarik handiena eta jarduera-tasarik txikiena dute.”
Une honetan, hauek dira erronka nagusiak: prestakuntza-prozesuak egokitzea, lan-merkatuan sartzen laguntzeko; adimen-desgaitua duten pertsonen lan-gaitasunei buruzko sentsibilizazioa lantzea enpresetan; eta adimen-desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa eskuratzeko duten aukera orokortzea.
Badago lankidetzarik edo hitzarmenik tokiko enpresekin adimen-desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa sustatzeko?
Bizkaian, Lantegi Batuak Fundazioa sustatu zuen Gorabidek. Fundazio horrek berrogei urte daramatza Bizkaiko enpresekin lanean, eta adimen-desgaitasuna duten ehun pertsona baino gehiago sartu dira enpresa horietan lan egitera.
“Oso garrantzitsua da pertsonak zein enpresak babestuta eta lagunduta sentitzea gizarteratze-prozesuan.”
Gainera, gero eta naturaltasun handiagoz bizi da prozesu hori, ez industrian bakarrik, baita zerbitzuetan ere.
Zer eragin du laneratzeak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan, bai maila pertsonalean, bai gizartean integratzeari dagokionez?
“Euskal gizartean, lanak gure identitatearen zati garrantzitsu bat izaten jarraitzen du; eta, desgaitasuna duten pertsonen kasuan, funtsezko elementua da inklusio erreala eta eraginkorra lortzeko.”
Autoestimuaz harago doa, baita lan egiteko eta harremanak izateko gaitasunak areagotzeaz harago ere. Horregatik, oso elementu garrantzitsua izaten jarraitzen du.
Nola irudikatzen du Gorabidek adimen-desgaitasuna duten pertsonen etorkizuna Euskadin, eta zer helburu dituzue datozen urteetarako?
Imajinatzen dugun gizartean, ez da albistea adimen-desgaitasuna duen pertsona batek lana eta bizimodu independentea izatea; aisialdia atsegin duen horretan igarotzen du, eta pertsona gisa erabat garatzeko behar dituen laguntzak soilik jasotzen ditu. Gure erronka amets horiek betetzeko baldintzak sortzea da.
Amaitzeko, zer mezu bidali nahiko zenioke gizarteari inklusioak, boluntariotzak eta erakundeen babesak adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat eta haien familientzat duten garrantziari buruz?
Adierazi nahi dudan gauza bakarra da lankidetza korala behar dela adimen-desgaitasuna duten pertsonak erabat gizarteratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko. Haiek eta haien familiek sortutako mugimendu bat, profesionalak, administrazio publikoak eta gizarte osoa biltzen dituena. Boluntarioek aparteko aipamena merezi dute. Boluntarioen parte-hartzerik gabe, pentsaezina litzateke iristen garen toki guztietara iristea: laguntza ematen dute irteeretan, oporretan, aisialdian… Esandakoa: pentsaezina. Eta, beraz, ezinezkoa da behar adina eskertzea adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideekin duten inplikazioa.
Mutualiak parte-hartze nabarmena izan du Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkartearen (SECA) XL. Kongresuan, urriaren 16tik 18ra Las Palmas Kanaria Handikoan egindakoan. Osasun-arretaren kalitatea hobetzera bideratutako ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzeko topagunea izan da. Aurtengo leloa honako hau izan da: “Zainketen humanizazioan aurrera eginez: osasun-arretaren pertsonalizazioa“. Zainketak humanizatzea eta pazienteen premia indibidualetara egokitzea izan da kongresuaren ardatza. Halaber, berrikuntzaren eta teknologiaren erabilera nabarmendu da —hala nola adimen artifiziala (AA)—, osasun-arreta eta pazientearen segurtasuna optimizatzeko eta hobetzeko.
Miguel Ulibarrenak, Mutualiaren Osasun Kudeaketako eta Kanpoko Osasun Laguntzako zuzendariak, mahai-inguru honetan hartu du parte: “Gizarte Segurantzako Mutua Laguntzaileen arteko Benchmarking-a: hobekuntzak pazientearen segurtasunean”, zeinean hitzaldi hau aurkeztu baitu: “Zainketen humanizazioan aurrera eginez: osasun-laguntzaren pertsonalizazioa”. Hitzaldian, Mutualiak osasun-arreta hurbilago eta gizatiarrago batekin duen konpromisoa azpimarratu du. 2023an Humans Ziurtagiria lortu zuen (A maila), osasun-arretan humanizazio- eta kalitate-neurriak ezarri izana aitortzen duena.
Ulibarrena doktoreak, halaber, “Adimen artifizialaren aplikazioak lan-mutualitateko osasun-arretan”komunikazioa aurkeztu du, zeinean Mutualiak garatutako hiru proiektu berritzaile ezagutarazi baititu, adimen artifizialean oinarrituak. Proiektu horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
AA irudi erradiologikoen tratamenduan, hezurretako lesioak diagnostikatzen lagungarri.
AA datu masiboen analisian, kontingentzia arruntengatiko bajen jarraipena eta kudeaketa egiteko.
AA hizkuntzari aplikatua, lehentasunezko hizkuntza gisa euskara eskatzen duten pazienteentzat urgentziazko txostenak hizkuntza horretan sortzeko aukera ematen duena.
Mutualiak, halaber, pazientearen segurtasunarekin eta arretaren kalitatearekin lotutako hainbat poster aurkeztu ditu:
“Baimen kirurgikoaren zirkuitua. Beste urrats bat pazientearen segurtasunean”, eta abar.
“Espetxeetako pazienteentzako osasun-arreta eta jarduera-prozedura”
Arreta-jarduera kudeatzeko sisteman lanean jarraitzen du Mutualiak. Arreta pertsonalizatua eta arretaren kalitatea hobetzeko ildoak sustatzen ditu, betiere pazientearen segurtasuna delarik ardatza.
Urtero bezala, egutegiko 43. astean, urriaren 21tik 25ra, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Astea ospatzen da. Aurten, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak (EU-OSHA) antolatutako kanpainak gai hau du ardatz: “Lan seguruak eta osasungarriak aro digitalean”. Ekimen hau 2023-2025 kanpainaren parte da, eta bere helburu nagusia lantokiko segurtasunaren eta osasuna aktiboki eta parte hartuz kudeatzeak duen garrantziaz kontzientziatzea du helburu.
EU-OSHAk zenbait tresna eta gida praktiko eskaintzen ditu, interesa duten lantokiek segurtasunari eta osasunari buruzko bere kanpainak egin ditzaten.
Mutualiaren konpromisoa aro digitaleko prebentzioarekin
Mutualian aurrera egiten jarraitzen dugu, aro digitaleko lanari lotutako arriskuak murrizten laguntzeko gure enpresa elkartuen eta langileen eskura jartzen ditugun hainbat tresna eta baliabide sortzen eta hedatzen.
Prebentzioa merkataritza digitalean.
Merkataritza digitalaren gorakadak lan-arrisku berriak sortzen dituzten jarduera eta negozio-eredu berrien garapena bultzatu du. Plataformen kudeaketa, logistika-zentroetako langileak edo banatzaileak bezalako sektoreetako langileek zenbait erronkaren eraginpean daude, eta ondorio negatiboak aurreikusteko eta prebenitzeko ekintzak behar dituzte. Horrela, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzatik ESKULIBURU bat jartzen dugu eskuragarri, kolektibo horri eragiten dioten arrisku berriak berariaz lantzen dituena.
Gure Campus Birtualean online prestakuntza-jarduera bat ere garatu dugu, langileei eta enpresei ingurune digitalean arriskuak prebenitzeko eta kudeatzeko beharrezko tresnak emateko.
Mutualian, badakigu laneko arriskuen prebentzioko prestakuntza-ekintzak eskaintzen jarraitu behar dugula, eta, beraz, prestakuntza-jarduera berriak zabaldu eta osatu ditugu, hala nola:
Jarduera horien helburua da prestakuntza integrala eskaintzea, langileek beren lana segurtasun-baldintza egokietan egin ahal izan dezaten, eraldaketa digitalarekin sortzen ari diren arriskuei aurrea hartuz.
Informazio gehiago:
Kanpaina honi edo beste edozein prebentzio-jarduerari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jar zaitez harremanetan gure prebentzio-aholkularitzarekin: prebentzioa@mutualia.eus. Pozik lagunduko dizugu zure lan-ingurunean segurtasuna eta osasuna hobetzen.
Auzitegi Gorenaren 2024ko irailaren 11ko Epaia, 2314/2021 doktrina bateratzeko errekurtsoan emandakoa, zeinaren txostengilea Ignacio García Perrote Escartín jaun agurgarria izan baita.
Prozeduran planteatutako arazoa da zein izan behar den oinarri arautzailea aldi baterako ezintasuna berriz gertatzen den kasuetan; zehazki, ea aurreko hilabetekoa izan behar duen eta ez aldi baterako ezintasunaren lehen prozesukoa.
Langilea, prozesu honetako alderdi errekurtsogilea, aldi baterako ezintasun-egoeran egon zen 2016ko maiatzaren 24tik azaroaren 8ra bitartean, orduan alta medikoa eman zitzaion, baina 2017ko martxoaren 9an berriz gaixotu zen eta aldi baterako ezintasun-egoerara itzuli zen 2017ko abenduaren 6ra arte.
2018ko ekainaren 8ko ebazpenaren bidez, GSINek adierazi zuen aldi baterako ezintasuneko prozesuek izaera komuna zutela, Mutua Fremap izendatu zuen prestazio ekonomikoaren arduradun gisa eta mutua horri zegokion, beraz, prestazioaren kargu egitea.
Ebazpen horren aurrean, langileak salaketa bat jarri zuen, zeina Tarragonako Lan-arloko Errefortzuko Epaitegiaren Epaiak baietsi zuen; hala, GSINen ebazpena baliogabetu zuten eta adierazi zuen prozesuak lan-istripuen ondorio zirela.
Epai horren aurka errekurtsoa jarri zuen Entitate Laguntzaileak, Erregutze-errekurtsoa jarriz, ulerturik ezen, 2016ko azaroaren 8ko aldi baterako ezintasun-prozesuaren oinarri arautzailea 2.703,33 eurokoa bazen ere, 2017ko martxoaren 9ko aldi baterako ezintasun-prozesuaren oinarri arautzaileak 1.597,18 eurokoa izan behar zuela. Uzia ezetsi egin zuen Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren martxoaren 29ko Epaiak, eta berretsi zuen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 169.2 artikuluaren legezko birgaixotze-kasua dela, alta medikoa indarrean jarri eta ondorengo 180 egun naturaletan antzeko patologia izateagatik.
Auzitegi Gorenak, Auzitegi horrek berak 2007ko uztailaren 12an emandako kontraste-epaiarekin kontraesanik dagoen aztertu ondoren, eta aplikatzeko eskubidea aztertuz, 1646/1972 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoa, honako hau ezartzen duena: “aldi baterako ezintasunagatiko subsidioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarri arautzailea langileak ezintasun-egoera hasi aurreko hilean duen kotizazio-oinarriaren zenbatekoa zatitzearen emaitza da”.
Bestalde,1967ko urriaren 13ko Aginduaren bigarren paragrafoak honako hau xedatzen du: “lan–ezintasunaren aldi baterako prozesua 6 hilabetetik gorako lanaldiek eteten badute, beste prozesu bat hasiko da, gaixotasun bera edo antzekoa izanda ere”.
Auzitegi Gorenak adierazi du ezen, bi manu horiek hitzez hitz aplikatzeak lehen konklusio moduan ekar badezake ere ulertzea prestazioaren oinarri arautzailea egoera hasi aurreko hilabetekoa dela, ezin garela literaltasun hutsetik abiatu baizik eta prestazioak lortu nahi duen helburuan bilatu behar dela irtenbidea.
Auzitegi Gorenaren ustez, aldi baterako ezintasunaren izaera kontributibotik eta subsidio horren helburutik abiatzen bagara, hau da, lan-bajaren egoeraren ondoriozko errenta-gabezia prestazio horrekin betetzea, planteatutako egoerari eman beharreko irtenbide logiko bakarra hau baino ezin da izan: ulertzea prestazioak konektatuta egon behar duela azken bajatik gertuen dagoen egoerarekin. Hala, egoera berri horrek zehazten du eskubidea aitortzea, bai eta beraren zenbatekoa ere; beraz, berriz gaixotuz gero, momentu horretan ebatzi eta berriz kalkulatu beharko da prestazioaren oinarri arautzailea, une horretako inguruabarrak kontuan hartuta; horrenbestez, baietsi egiten da Entitate Laguntzaileak jarritako errekurtsoa.
Beraz, aldi baterako ezintasuneko prozesu bakoitzerako eta haren birgaixotzeetarako, prozesua hasi aurreko hileko kotizazio-oinarriaren arabera kalkulatu beharko da prestazioaren oinarri arautzailea.
NIRE ENPRESARI JAKINARAZI BEHAR DIOT BAJA MEDIKOAN NAGOELA?
Abiapuntutzat hartu behar dugu 2023ko apirilaren 1etik aurrera indarrean jarri zirela baja, berrespen eta alta medikoko parte mediko berriak. Hala, garatu egin zen 1060/2022 Errege Dekretua. Dekretu horrek 625/2014 Errege Dekretua aldatzen du, zeinak aldi baterako ezintasunagatiko prozesuen kudeaketaren eta kontrolaren alderdi jakin batzuk arautzen baititu lehen hirurehun eta hirurogeita bost egunetan. Aldaketa horren xedea aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen pertsonari izapideak arintzea eta betebehar burokratikoak ezabatzea zen: ezabatu egin zuen langileak baja, berrespen eta altako parteen kopia bat enpresan entregatu beharra, eta horien guztien izapidetzea aldatu zuen inplikatutako eragileentzat: osasun-zerbitzuak, mutuak, GSIN, enpresak eta langileak.
Beraz, egun horretatik aurrera langilea ez dago legez behartuta enpresari parte medikoaren ale bat emateko, baina, kontsultan planteatu denez eta Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiak berriki baloratu duenez 2024ko uztailaren 26ko Epaian, zeina 1135/2024 errekurtsoari baitagokio, baja medikoaren partea ematen denean langileak enpresaburuari arduraz jakinarazi behar dizkio zerbitzuak ematea eragozten dioten inguruabarrak.
Asturiasko Auzitegi Nagusian aztertutako kasuan, ezetsi egiten da langileak sustatutako errekurtsoa, zeinean behin eta berriro lanera ez agertzeagatik izandako kaleratzea deusez deklaratzeko eskatzen baitzen, kalte-ordain gehigarriarekin, ulerturik enpresak langilea kaleratzean izan zuen jokabideak oinarrizko eskubideak urratzen zituela eta osasuna babesteko konstituzio-eskubidea urratzen zuen errepresalia bat izan zela, langileak jakinarazi ez zuen baja medikoko egoera.
Beraz, enpresari bajaren parte medikoaren kopia bat entregatu beharrik ez badago ere lanera ez joatea justifikatzeko, beharrezko informazioa da eta komeni da enpresari egoera jakinaraztea; izan ere, eragin nabarmena du lanaren antolaketan eta langilea babesten du haren aurkako enpresa-erabakietatik.
Ildo beretik, Auzitegi Nazionalaren 2023ko abenduaren 18ko Epaiak, 269/2023 errekurtsoan emandakoak, irizpide berdina du; izan ere, haren ustez, baja ez da justifikatu behar enpresari osasun-zerbitzu publikoen edo mutualitateen dagokion partea emanez, baina beharrezkoa da jakinaraztea, bai parteei kalteak ekiditeko, bai lanera ez joatea justifikatzeko eta lana bera antolatzeko.