Gabonetako ordutegiak 2024-2025

🕒2024ko abenduaren 23tik 2025ko urtarrilaren 6ra, Mutualiako osasun-zentroen ordutegia 08:00etatik 15:30era izango da.

📅 Abenduaren 24an eta 31n ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da.

⚠️Salbuespenak:

  • Eibar: Abenduaren 9tik aurrera: 08:00etatik 15:30era.
  • Azkoitia: Abenduaren 9tik aurrera: astelehen, asteazken eta ostiraletan bakarrik zabalik, 08:00etatik 15:30era.
  • Beasain: Abenduaren 16tik aurrera 08:00etatik 15:30era.

Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara.

Abenduaren 24an eta 31n, Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitalearen ordutegia 08:00etatik 15:30etara izango da. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean.  

gabon txartela 2024

Mutualiak berritu du asistentzia-kalitatean sari gorena: QH 3 izar egiaztagiria

qh mutualia 2024

Azaroaren 12an, berriz ere jaso dugu Osasuna Garatu eta Integratzeko Institutuak (IDIS) ematen duen sari gorenaren berriztapena: Asistentzia-kalitateko Bikaintasunaren QH 3 Izar egiaztagiria.

QH Mutualia 2024

2015ean, Asistentzia-kalitateko Bikaintasunaren QH egiaztagiria jaso genuen; orduan, QH 1 Izar kategorian izan zen. 2016an, maila hobetzea lortu genuen (QH 2 Izar egiaztagiria), eta, 2018an, IDISek ematen duen sari gorena eskuratu genuen: QH 3 Izar egiaztagiria, mutualitateak asistentzia-kalitatean eta etengabeko hobekuntzan egindako ahaleginaren aitorpen gisa. Sari hori berritu egin zen 2020 eta 2022an, eta, orain, 2024an, berriz.

QH akreditazioa emateko ekitaldia azaroaren 12an izan zen, Madrilen, eta bertan izan ziren Mutualiako ordezkari, gure Madrilgo zentroko lankide Luis Canel eta Martinez doktorea.

Sari horiek ematen dituen erakundeak mutuak lortutako ziurtagiri eta sari guztiak hartzen ditu kontuan, Mutualiak gure bezeroen, aliatuen eta, oro har, gizartearen asistentzia-kalitatearekin eta etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoaren erakusgarri.

Mutualiak ondorengo kudeaketa-sistema hauek ditu zentro guztietarako ziurtatuta:

•    ISO 9001 Kalitatearen Kudeaketa
•    ISO 14001 Ingurugiro Kudeaketa
•    ISO 50001 Energia Kudeaketa
•    ISO 45001 Laneko Segurtasun eta Osasuna
•    ISO 27001 Informazioaren Segurtasuna.
•    Segurtasun Eskema Nazionalarekin bat datorren ziurtagiria.
•    UNE 19601 Compliance Penala
•    UNE 179003, Pazienteen Segurtasun Arriskuen Kudeaketa 
•    Eta hiru kliniketarako: UNE 179006, ospitaleetako osasun-arretarekin lotutako infekzioen zaintza, prebentzioa eta kontrola

Gainera, ziurtagiri ugari lortu ditugu berdintasunaren, aniztasunaren eta kontziliazioaren arloan, euskararenean, irisgarritasunarenean, humanizazioarenean eta gure kudeaketa-ereduaren aintzatespenenean. Hemen ikus dezakezue gure ziurtagirien eta aitorpenen zerrenda osoa.

Sentsibilizazio-kanpaina – #BesteEdozeinBezalakoEgunBat  

besteEdozeinBezalakoEgunBat

Lan-istripu bat edo gaixotasun profesional bat daukazunean, #EdozeinEgun izan zitekeenak beste edozein bezalako egun bat izateari uzten dio.  

Horrela hasten da Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak (INSST) azaroaren 11tik 25era egingo duen kanpaina. Kanpaina horren bidez, gogorarazten da egunean bi pertsona hiltzen direla lan-istripuen ondorioz, 35 ospitaleratzen direla eta ia 30.000 lagunek gaixotasun profesional bat izaten dutela.  

Hain zuzen ere, helburua da laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak saihesteko prebentzioak duen garrantziaz sentsibilizatzea enpresak eta langileak.  

Dosier bat erantsi dugu, partekatzeko.   

https://www.insst.es/documentacion/espacio-monotematico/un-dia-cualquiera

Hauek barne hartzen ditu dosierrak:  

  • Bideoak (bakoitzerako estekak)  
  • Infografiak  
  • Kartelak  
  • Bannerrak  
  • Publizitatea  
  • Eta sare sozialetarako egokitzapenak.  

Mutualiak bat egiten du kanpaina honekin, eta gogorarazten dizue gure kanpaina ez dela egun bakarrekoa, urteko egun guztietakoa baizik.   

https://www.mutualia.eus/es

Gure webgunean eskuliburuak, infografiak, kartelak, bideoak eta abar ditugu, zuen lanpostuetan egin nahi dituzuen kanpainetan laguntzeko. Kontuan izan, halaber, prebentzio-aholkulariak ere zuen esanetara daudela, aholku emateko.  

Kontsultatu hemen: prevencion@mutualia.es  

Kontsulta juridikoa 2024ko Azaroa

consulta

BALIOZKOA DA ERRETIRO AURRERATUARI UKO EGITEA?

kontsulta

Kontsulta honetan planteatzen da ea baliozkoa den onuradunak erretiro aurreratuagatiko pentsioari uko egitea, aitortutako pentsioak ez dituenean betetzen onuradunaren espektatibak.

Nahiko ohikoa da aldez aurretik Gizarte Segurantzan galdetzea zenbateko pentsioa dagokigun, baina erretiro aurreratuaren kasuan, batez ere, batzuetan ez da kontsultatzen, eta, beste batzuetan, kontsultan jasotako informazioa ez da zehatza edo nahikoa izaten.

Horrenbestez, hemen aztertuko dugu zer gertatzen den erretiro aurreratua eskatu eta prestazioaren erakunde kudeatzaileak aitortzen digunean, zenbatekoak ez gaituelako asebetetzen, erretiro arruntera iritsi arte lanean jarraitzea erabakitzen badugu.

Auzitegi Gorenak ebatzi du auzia zenbait erabaki jurisdikzionaletan, eta ondorio honetara iritsi da: “erretiroagatiko prestazio bat eraginik gabe utz daiteke onuradunak hala nahi badu. Prestazioa jakinarazi eta berehala aitortu behar da, aurrerago eskatu ahal izateko, hobea izan baitaiteke, kotizazio-aldia handiagoa izango baita”.

2024ko irailaren 25eko epaian eta beste batzuetan jasotako jurisprudentzia-doktrinan (1172/2024 errekurtsoari dagokio eta beste batzuk ere aipatzen dira) gaia aztertzen da; hau da, ea Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 3. artikuluak babestutako eskubide utziezin bat den. Goi Auzitegiak ez du halakorik onartzen; izan ere, erretiroagatiko prestazioari uko egin dakiokeela da ildo orokorra (debekatuta egongo litzateke bere horretan gure ordenamendu juridikoan). Baina kasu honetan ez dago ukorik, ez baitago borondatezko aitorpenik, zeinaren arabera uneko edo etorkizuneko erretiroagatiko prestazio baten onuradunak bere ondare juridikotik eskubidez egokitu dakiokeen erretiro-prestazioa jasotzeko eskubidea kanporatzen baitu . Langilearen erabaki aldebakarrekoa da hau, erakunde kudeatzailearen ebazpena ikusita, zeinaren bidez hura ez erabiltzea erabaki baitu. Alde batera utzi du eskaera, eta eraginik gabe utz dadin eta erabaki horren ondorioez ez gozatzea eskatu du, lanean jarraitu eta bere interesak aintzat hartuta egokiagoa denean berriro eskatzeko erretiroagatiko prestazio bera beste gabezia- eta kotizazio-egoera batzuetan, prestazio handiagoa eragin baitiezaiokete.

Aukera hori ez da berariaz jasotzen arauetan eta ez da berariaz debekatzen. Izan ere, egoera honetan ez zaio inola ere uko egiten erretiroagatiko prestazioa jasotzeko eskubideari: aitortutako zenbatekoa jaso nahi ez dela adierazi da, aurrerago jasotzeko, pertsonaren interesetarako egokiagoa izan daitekeenean. Esan behar dugu Auzitegi Gorenak aztertutako kasuan onuradunak erakunde kudeatzaileei kontsultatu ziela eta adierazi zuela emandako informazioa ez zela zehatza eta nahikoa izan. Auzitegiak dio alegatzea ez dela beharrezkoa eta erabaki hori hartzeko ez dela beharrezkoa, halaber, aldez aurretik kontsultatzea; eta aurretiazko kontsulta horrek ere ez duela eragotziko prestazioaren onuradunak prestazioari uko egin eta lanean jarraitzea, ez duelako garrantzizkotzat jotzen onuraduna adierazitako moduan jokatzera bultzatu duten arrazoiak egiaztatzea, bere onerako egin baitzuen. Izan ere, kontuan hartu beharrekoa da erretiroa eskatzea ez dela beharrezkoa erretiro-adin arrunta dutenentzat; gainera, sistemak berak aukera ematen du (eta bultzatu egiten du, gainera) bizitza aktiboa luzatzeko eta, horrenbestez, erretiroa atzeratzeko.

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Mutualex epaia 2024ko Azaroa

sentencia

AUZITEGI GORENAREN EPAIA, 2024KO IRAILAREN 24KOA

mazoa

Auzitegi Gorenaren 2024ko irailaren 24ko epaia, doktrina bateratzeko 4005/2021 kasazio-errekurtsoari buruzkoa, zeinean Sebastián Moralo Gallego jaun txit gorena izan baitzen txostengilea. 

Epai honetan, argitu behar da auzi-jartzailea alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran dagoen, gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor eta osoagatiko prestazioa aitortzearen ondorioetarako, hori baita auziaren gaia. 

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak (GSIN, aurrerantzean) langilearen eskaera ukatu zuen, jo baitzuen eskatzailearen lesioek ez zutela justifikatzen ezintasun iraunkorraren inolako mailarik eta langilea ez zegoela alta-egoeran edo altaren pareko egoeran eskubide-eragineko datan. 

Langileak (ile-apaintzailea da lanbidez) 2010eko maiatzaren 31n utzi zuen bere konturako azken lan-jarduera, eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatu zen 2015eko martxoaren 18an; ezintasun iraunkorra eskatu zuen data bera da hori. Ezintasun-eskaera ukatu egin zitzaion, 2015eko maiatzaren 28an. 

Toledoko Lan Arloko 3 zk.-ko Epaitegiaren 2016ko maiatzaren 3ko epaian, langilearen eskaera ezetsi zen, jo baitzen sekuelek ez zutela ezintasun iraunkorrik eragiten, eta adierazi zen ez zela beharrezkoa aztertzea ea gertaeraren datan langilea alta-egoeran zen ala ez. 

Auzi-jartzaileak erregutze-errekurtso aurkeztuta, Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak 2018ko maiatzaren 2an emandako epaiak baietsi egin zuen errekurtso hori, eta eskatutako ezintasun iraunkor osoa aitortu; ez zuen ezer adierazi alta-egoeraren edo altaren pareko egoeraren eskakizunari buruz. 

Auzitegi Gorenak, 2021ko martxoaren 23ko epai batean, GSINek aurkeztutako kasazio-errekurtsoa baietsi zuen; hala, aurreko epaia baliogabetzat jo zuen, omisiozko inkongruentzia zela eta, erregutze-aretoak erabaki bat eman zezan alta-egoeraren edo altaren pareko egoeraren alderdiari buruz. 

Epai hori betez, Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaia eman zuen 2021eko irailaren 28an: langilea altaren pareko egoeran dagoela jo zuen, eta langileak azken lan-jarduera utzi zuenetik enplegu-eskatzaile gisa etenik gabe inskribatuta egotearen eskakizuna malgutzeko doktrina humanista bat aplikatu zuen ondorio horietarako; horri dagokio prozedura honetako errekurtsoa. 

GSINek jarri zuen erregutze-errekurtsoa; salatu zuen ez direla bete 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 138. eta 124. artikuluak eta gaur egun indarrean den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 164., 166. eta 195. artikuluak, iritzi ziolako arau horietatik ondorioztatzen dela ezinbestekoa dela alta-egoeran edo altaren pareko egoeran egotea gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor eta osoagatiko prestaziorako aukera izateko, eta eskakizun horren interpretazioan zentratuko da azterketa. 

Kontraste-epaia Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren 2019ko ekainaren 13ko epaia da, 1800/2018 errekurtsoari dagokiona. 

Aplikatutako eskubideari dagokionez, abiapuntua Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO, aurrerantzean) 165.1 artikulua da, zeinean hau ezartzen baita: “Araubide Orokorreko prestazioetarako eskubidea sortzeko, haren aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonek, prestazio bakoitza eskuratzeko eskatzen diren betekizun partikularrez gainera, araubide horretan afiliatuta eta alta emanda, edo altarekin parekatutako egoeran, egon behar dute babestutako gertakaria edo egoera gertatzen denean, legezko xedapen baten bidez kontrakoa adierazi ezean”. 

Altarekin parekatutako egoerak dira kasu batzuk zeinetan Gizarte Segurantzan baja emanda egon arren, prestazio jakin batzuk aitortzearen ondorioetarako, langileak aldez aurretik zuen alta-egoera mantendu behar baita; horietako kasu bat da erabateko langabezia subsidiatuaren legezko egoera eta nahi gabeko legezko langabezia-egoera, kontribuzio- eta zerga-prestazioa amaitu ondoren, betiere langabetu gisa inskribatuta egonez gero langabezia-bulegoan. Jo da egoera honetan lanerako borondateak jarraitzen duela eta ez dela lan-merkatutik kanpo geratu, enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon baita etenik gabe eta modu eguneratuan, eta kasu jakin bakoitzaren egoerak kontuan hartuko dituen interpretazio humanizatzaile baten bidez eskakizun hori arindu duen jurisprudentzia-doktrina batekin osatu dela, babesgabetasun-kasu ez-justifikatuak saihesteko; hala, kasu bakoitzean aztertu beharko da lan-merkatutik kanpo geratu den langilea edo ukitutako pertsonaren borondatea ordezteko adinako bestelako eragozpen larririk izan den. 

Auzitegi Gorenak aztertutako kasuan, auzi-jartzaileak Langile Autonomoen Araubide Berezia utzi zuen 2010eko maiatzean, eta handik aurrera ez zen inskribatu enplegu-eskatzaile gisa, 2015eko martxoa arte; hilabete horretan bertan aurkeztu zuen ezintasun iraunkorraren eskaera, eta ez dago egoera hori justifika dezakeen arrazoirik. 

Bost urtez jarraian enplegu-eskatzaile gisa ez inskribatzeak argi erakusten du lan-mundutik urruntzeko nahia, eta egoera horretan ezin da esan gertaeraren datan langilea altarekin parekatutako egoeran zegoenik. Beraz, ezin da aitortu gaixotasun arruntagatiko ezintasun iraunkor eta osoa. 

Gure ustez epaia oso interesgarria da, batez ere altarekin parekatutako egoeren balioarengatik, bereziki langabezia-egoerari eta enplegu-eskatzaile gisa egoera horretan jarraitzeari dagokienez. 

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Mutualiaren PREBENTZIOZKO BEGIRADAK XXII. LEHIAKETAn parte hartzeko epea irekita dago (2025 urtea)

Mutualiako Prebentzio Aholkularitzak martxan jarri du Laneko Arriskuen Prebentziozko Begiradak Argazki Lehiaketaren beste edizio bat. Gizartea laneko segurtasunari eta osasunari buruz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da lehiaketaren helburua. 

 Modalitateak

  • Argazki onenaren saria, 1.200 € 
  • Adimen artifizialaren bidez sortutako irudi onenaren saria, 600 € 
  • Bideo labur onenaren saria, 1.200 € 

Material guztiek laneko arriskuen prebentzioa landu behar dute, estatuko errealitatean bakarrik jarriz arreta eta prebentzioaren balioak nabarmenduz, dela arrisku-egoerak dela jardunbide egokiak aipatuz,  azken horien balioespen positiboa egingo delarik. 

Epea 2025eko otsailaren 15ean amaituko da, eta epaimahaiaren erabakia Mutualia Sariak banatzeko ekitaldian jakinaraziko da. Ekitaldia Mutualiako erabakimen handiko ospitalean (EHO Mutualia) egingo da, Gasteizen, 2025eko martxoaren 25ean, Mutualiaren 125. urteurrenean. 

 Parte-hartzea doakoa da, eta lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarriak erabat onartzea. 

ANIMATU PARTE HARTZERA! 

 

Antibiotikoak, haien lana gu babestea da. Zurea, haiek ondo  erabiltzea

antibioticos 2024

Lelo horren pean, PRANek (Antibiotikoei Aurre Egiteko Plan Nazionala) Antibiotikoen Erabilerari buruzko Kontzientziazio Astearen eta Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Egunaren kanpaina zabaltzen du.  

Kanpainaren helburu nagusia da pertsona guztiak antibiotikoen erabilera egokiaren inguruan kontzientziatzea eta haien erabilera zuhurra eta egokia sustatzea. 

Botikorresistentziaren ondorioz, antibiotikoak eta mikrobioen aurkako beste medikamentu batzuk ez dira eraginkorrak bihurtzen, eta, beraz, infekzioak gero eta zailagoak edo tratatu ezinagoak dira. Osasun publikoaren mehatxu larrienetako bat bakterioak sendagai-mota horiekiko erresistente bihurtzea da. Izan ere, bakterio multirresistenteek urtean 35.000 heriotza eragiten dituzte Europan, bai eta 1.500 milioi euroko osasun-gastu gehigarria ere.  

Antibiotikoak gehiegi erabiltzea da antimikrobianoen aurkako erresistentzien arrazoi nagusietako bat, gutxitzea denon erantzukizuna da

Hobeto prebenitu 

Antibiotikoekiko erresistentzia-prozesuari laguntzen dioten faktoreen artean, infekzioen prebentzioan eta kontrolean dauden gabeziak daude, baita farmako horien erabilera okerra ere. Pertsona guztiok neurriak hartu behar ditugu inpaktua murrizteko. 

Osasunaren Mundu Erakundeen (OME) gomendioak 

  • Eskuak maiz garbitzea.  
  • Elikagaiak ongi garbitzea.  
  • Gaixorik dauden pertsonekin harreman zuzenik ez izatea.  
  • Txertoen egutegia behar bezala betetzea.  

Mutualiaren Eskuko Higienearen Batzordea 

Mutualiak Eskuko Higienearen Batzorde bat du, zeinak, aldian-aldian, eskuak egoki nola garbitzen diren erakusten baitu, OMEren gidalerroei jarraituz, hau da, eskuak garbitzeko bost uneak aintzat hartuz. Gainera, jarraibide oso zehatzak ditu ebakuntzen aurretik eskuak garbitzeko eta desinfektatzeko, eskularruak eta mantalak jartzeko eta abar. Jarraibide horiei esker, asistentziarekin lotutako infekzio-indizeek behera egin dute Mutualian.  

2024ko A17: Zirkulazio-istripuen biktimak oroitzeko mundu-eguna 

carretera seguridad vial

Azaroko hirugarren igandean, mundua gelditu egiten da zirkulazio-istripuek —edo, gaur egun esaten den bezala, errepide-ezbeharrek— eragindako biktimak oroitzeko. 

2005eko urriaren 26an aldarrikatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak egun hori, errepide-istripuek eragiten dituzten ondorio ekonomikoen eta giza sufrimenduaren gainean kontzientzia pizteko. 

 Bestalde, larrialdi- eta laguntza-zerbitzuek egiten duten lan garrantzitsua aitortu nahi da, eta ekintzak sustatu nahi dira, etorkizunean errepideetako tragediak prebenitzeko. Egun horrek bizitzaren hauskortasuna eta bide-segurtasunaren garrantzia gogorarazteko balio izan du ezarri zenetik. 

Aurten, 2024ko azaroaren 17an, Errepide Ezbeharren Biktimak Oroitzeko Mundu Eguna ospatuko da. Hausnarketa, elkartasuna eta ekintza bultzatuko ditu egun horrek. 

STOP ACCIDENTES eta beste zenbait erakunde eta laguntza-taldek bat egin dute mundu osoan jarduerak antolatzeko. Ildo horretan, omenaldi-ekitaldiak eta kontzientziazio-kanpainak antolatu dituzte, besteak beste. Helburua argia da: halako istripuetan bizitza galdu dutenak gogoratzea eta errepidean etorkizun seguruagoa lortzearen alde egitea. 

Aurtengo gaiak prebentzioa eta hezkuntza ditu ardatz. Bide-segurtasuneko adituek nabarmentzen dutenez, neurri zorrotzagoak eta eraginkorragoak ezarri behar dira ezbehar-kopurua murrizteko. Horren barruan sartzen dira segurtasun-uhalaren erabilera sustatzea, kontzientzia piztea alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak dituen arriskuei buruz, eta abiadura-mugak errespetatzearen garrantzia zabaltzea. Horretaz gainera, azpiegitura seguru eta irisgarrietan inbertitzeko deia egiten zaie gobernuei, bai eta biztanleriaren sektore guztietara iristen diren hezkuntza-kanpainak bultzatzekoa ere. Teknologiak ere garrantzi handia du; gidariari laguntzeko sistemetan izaniko aurrerapenei esker, badirudi errepideak seguruagoak izango direla etorkizunean. 

Oroitzapen-egun honetan, funtsezkoa da gutako bakoitzak geure gidatzeko moduari eta ohiturei buruz hausnartzea. Bide-segurtasuna guztion erantzukizuna da, eta gure jokabidean egiten dugun aldaketa txiki orok alde handia eragin dezake. Gogora dezagun giza faktoreak eragiten dituela errepide-ezbeharren % 70 eta % 90 bitarte. 

Espainian ere egoera kezkagarria da. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emaniko datuen arabera, 2023an 1.100 pertsona hil ziren Espainiako errepideetan. Aurreko urteekin alderatuta beherakada txiki bat izan bada ere, onartezina izaten jarraitzen du. 

2024an, 850 pertsona hil dira zirkulazio-istripuetan orain arte. Horrek esan nahi du asko dagoela oraindik ere egiteko, bide-segurtasuna hobetzeko ahaleginak egiten ari diren arren.