Antonio Vicente Sempere Navarro irakasleak azterketa interesgarri eta xehatua egin du Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Hirugarren Salak 2024ko ekainaren 13an emandako epaiari buruz. Azterketa horrek interes eta garrantzi praktiko handiko auzi bati heltzen dio, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eta lan-arloko jurisdikzioaren harremanak direla eta, eta bi jurisdikzioen arteko harremanetan jartzen du operadore juridikoaren arreta.
Egitatezko kasu zehatz batek ekarri du azterketa hori: langile autonomo batek ezintasun iraunkor osoa aitortzeko eskatu zuen, baina Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezetsi egin zuen eskaera; langileak errekurtsoa aurkeztu zuen lan-arloko jurisdikzioan, eta jurisdikzio horrek demanda baietsi zuen, 2017ko maiatzaren 31ko epai baten bidez zeinean 2014ko uztailaren 9tik aurrerako ondorioak ezarri baitzitzaizkion ezintasun iraunkorreko pentsioari.
Demanda izapidetu bitartean, langilea alta-egoeran egon zen ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ), eta Langile Autonomoen Araubide Bereziari (LAAB) kotizazioak ordaintzen jarraitu zuen; halaber, langileak argudiatu zuen berez ez zela aritu ohiko ekoizpen-jardueran, eta hori enplegatu baten esku utzi zuela.
2017ko urriaren 6an, LAABen baja emateko eskatu zion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari (GSDN), argudiatuz 2014ko uztailaren 9an amaitu zela jarduera, ezintasun iraunkor osoa aitortzen duen epaian oinarrituta (ordurako irmoa). GSDNk 2017ko maiatzaren 31tik aurrerako ondorioekin aitortu zuen baja, eta ez 2014ko irailaren 9tik aurrerakoekin.
Langileak demanda aurkeztu zuen administrazioarekiko auzien epaitegian, eta baietsi egin zen. Ondoren, GSDNk errekurritu egin zuen, eta Balear Uharteetako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak administrazioaren errekurtsoa baietsi zuen. Horren haritik, kasazio-errekurtso bat aurkeztu zuen langileak Salan, eta Auzitegi Gorenak onartu egin zuen, haren iritziz jurisprudentzia eratzeko kasazio-interes objektiboa zuelako, erabakitzeko “ea egokia den langile baten LAABeko bajaren ondorioak atzera eramatea, lanbiderako ezintasun iraunkor osoa aitortzen zuen lan-arloko epai irmo batean ezarritako datara, Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraituz gero eta ekonomia-jardueren zergan alta emanda egonez gero”.
Auzitegi Gorenak ondore logiko eta zuzen gisa baloratzen du langile errekurtsogileak LAABeko kotizazioak ordaintzen jarraitu izatea baliaezintasun-pentsioa aitortu gabe geratu ostean, ez zuelako kotizazio-denborarik galdu nahi. Bestela, sakrifizio bidegabea galdatuko litzaioke eskatzaileari babes judizial eraginkorra eskatzeko, errekurrituz gero exijituko bagenio bezala pentsioa arriskuan jartzeko, auzitegiek ukoa berretsiko balute; halaber esaten da, GSDNk adierazi bezala errekurtsogileak jarduerarekin jarraituz gero, zuzenbidearen aurkako administrazio-ebazpen baten ondore zuzena izango litzatekeela.
Balorazio hori gorabehera, gauza epaituaren instituzio juridikoa izango da auzia konpontzeko gakoa (Prozedura Zibilaren Legearen 222. artikulua), azken batean auzitegiek emandako epai irmo baten eraginkortasun osoak nagusitu behar baitu, zeinaren arabera Gizarte Segurantzak aitortu egin behar baitzuen langileak data jakin batean eskatu zuen ezintasuna. Gaia auzitara eraman zuen auzitegiak finkatutako data onartzen ez bada, hein batean baztertu egiten da lan-arloko jurisdikzioaren erabakia, eta urratu egiten da epai honetako gauza epaitu materialaren ondorioa. Beste kontu bat dira aitorpen horren ondoreak; esaterako, ezintasuna aitortu den dataren ondoren ordaindutako kuoten erregularizazioa eta ezintasunagatik dagozkion zenbatekoen ordainketa. Hala ere, eztabaidaezina da lan-arloko jurisdikzioaren auzitegiak finkatutako datara eraman behar direla ezintasunaren aitorpena eta haren ondorio guztiak.
Auzitegi Gorenak uste du ez dela onargarria eskatzailearen beraren kalterako izatea ezintasun iraunkor osoa ukatzea zuzenbidearen aurkakotzat jo duen jurisdikzio eskudunaren erabaki bat (kasu honetan lan-arlokoa); gauza bera gertatuko litzateke administrazio-jarduna bera bidegabea izatearen ondorioz atzeratuko balira geroagoko data batera aitorpen horren ondorioak (hots, Gizarte Segurantzan kotizatzeko aldiaren amaierara).
Horrenbestez, lan-arloko jurisdikzioak erabakiko du ondorioen baliozko data, eta aurrekari logiko eta beharrezko gisa sortuko ditu ondorio guztiak.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokat