Mutualiak kudeatzen dituen prestazioak ordaintzeko egutegia:
Haurdunaldiko eta edoskitze naturalaren garaiko arriskuengatiko prestazioak.
Minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat daukaten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa
Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa (Kontingentzia Profesionala / Kontingentzia Arrunta.
Langile autonomoen jarduera eteteagatiko prestazioa.
Ordainketak hilaren 2tik 7ra artean egingo dira
Transferentziak zein egunetan egitea aurreikusten den jakin nahi baduzue, egutegian ikus dezakezue.
Jakinarazten dizuegu beharrezkoa dela prestazioen eskaera egitea. Eskaerak erraz egiteko, gure zentroetara etorri nahi ez baduzu, aukera duzu agiri guztiak eskaneatuta bidaltzeko, helbide elektroniko hauen bidez:
“Eskuara” egitasmoarekin bat egin du Mutualiak beste 23 enpresekin batera. Hitzarmen honen bidez, Mutualiak euskararen erabilera areagotzeko neurriak sustatzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartzen du, baita enpresan garatutako jardunbide egokiak partekatzekoa ere.
Abenduaren 11an, Arabako Enpresen Foroaren XI. edizioa izan da eta “Eskuara” egitasmoarekin bat egin du Mutualiak beste 23 enpresekin batera. Jardunaldian Iza igogailu enpresak eta Mutualiakpraktika onak aurkeztu dituzte. Honako enpresa hauek sinatu dute hitzarmena eta foroan egon dira: Adigrafik, Aenkomer, Aiaraldeko Faktoria, Angostoko Kanpinga, Asafes, Ciudad Jardin, Ediren, Egibide LH, Eraiken LH, Eska Hiunday, Galemys, Gamarra LH, Grafik Sarea, Idarte LH, Irsearaba, Iza, Laudioalde LH, Mendizabala LH, Metaposta, Mutualia, Sartu Araba, Sirimiri, Tartekamedia eta Uriarte.
Ekitaldiari harrera egin diote Sonia Rodriguez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, eta Saray Zarate, Arabako Foru Aldundiko Landa, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko foru diputatuak. Eskuara zerbitzuarekin bat egin duten enpresei aitortza egin die, bestalde, Zarate Fernandezek eta Iñaki Gurtubai, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak.
Lanbide Heziketak eta praktikek ezinbesteko zeregina dute euskalduntze-bidean lan-eremuan. Lanabes egitasmoak Euskarazko Lanbide Heziketa Duala sariak banatzen ditu, eta Arabako Enpresen XI. Foroan izan da aurtengo saridunetako bat: Ane Sesmilo Cruzek nabarmendu du praktikaldia euskaraz egiteak ekarri dizkion onurak, eta horrek enpresari ematen dion balio erantsia. Izan ere, enpresetan hizkuntza aniztasuna kudeatzen denean besteengandik bereizteko balio dutela esan du, eta horrez gain, baita enpresa kokatzen den errealitatearekin egokitzea ere. Praktiketako ikasle sarituarekin batera igo dira taula gainera Joseba Koldo Gartzia Hontz Extremeko enpresaria, bertan praktikak egin zituen Mikel Nevado eta Xabier Mendiguren Ciudad Jardin ikastetxeko kidea.
“Eskuara” proiektuaren helburua da 50 langile baino gehiago dituzten Arabako enpresetan euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza berdintasuna bultzatzea. Lanabes programaren barruan sortutako egitasmoa da.
Proiektuan parte hartzeko baldintza bakarra dago: enpresak bere behar eta neurrira egokitutako konpromisoak hartzea eta betetzea. Horretarako, Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatuko dute. Proiektuan parte hartzen duten enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuaren laguntza dute. Proiektua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen du.
“Eskuara” komunitatearekin bat egiteko eta zerbitzuak jaso ahal izateko eskuara@lanabes.eus helbidera mezua bidali eta aholkulariek harremanetan jarriko dira.
Laneko arriskuen prebentzioaren alorreko esperientzia partekatuen fitxa berriak dakarzkizuegu: #LapEsperientziak.
Oraingo honetan, aurreko edizioetan Mutualia Sarietara ENPRESAKO ANIZTASUNA kategorian aurkeztu izan diren proiektuak partekatuko ditugu gure enpresekin.
2022an, zenbait erakunde aurkeztu ziren, eta pertsona guztiak berdintasunean integratzeko eta gizarteratzeko duten esperientziaren berri eman ziguten.
Mutualia Sarien X. Edizioan , nahi duten enpresa guztiek aurkeztu ahal izango dute beren proiektua kategoria honetan:
ENPRESAKO ANIZTASUNAREN SARIA
Aurkeztutako proiektuek edozein esku-hartze prebentibo, prozedurazko, metodologiko eta abar garatu dezakete, lan-ingurunean aniztasunaren kudeaketa hobetzen laguntzeko. Proiektu horien helburua izango da lan-baldintzak egokitzea erakundea osatzen duten pertsonen ezaugarrietara, eta laguntzea ez dadin pertsonen arteko diskriminaziorik izan generoagatik, adinagatik, arrazagatik, hizkuntzagatik edo dibertsitate funtzionalagatik, besteak beste.
Aurkezpen-data
Aurkeztuko diren enpresek 2025eko otsailaren 15a baino lehen bidali beharko dituzte proiektuak.
Mutualia Sarietan finalista diren enpresa eta/edo langile autonomoek Mutualia Sarien banaketa-ekitaldian aurkeztuko dituzte jendaurrean beren proiektuak, 2025eko martxoaren 25ean, Mutualiak 125 urte betetzen dituen egunean. Ekitaldi horretan, proiektuak baloratuko dira, proiektu irabazleak aukeratuko dira eta sariak banatuko dira.
Gustatuko litzaiguke Gure Esperientzia Partekatua ez izatea argitalpen hauek bakarrik. Horregatik, Mutualiako Prebentzio Zerbitzuak dei egiten die enpresa elkartuei laneko arriskuen prebentzioan dituzten esperientziak eta bizipenak ezagutzera eman ditzaten, Prebentzioko gure taldearekin. harremanetan jarriz.
Ospakizun-egunak datoz, lagunekin eta familiarekin elkartzeko egunak, mahaiaren bueltan bildu eta jaiak ospatzekoak. Baina egun hauetan oso garrantzitsua da gure osasunari ere kasu egitea, neurrian jatea eta edatea, sedentarismoa alde batera uztea eta gure osasun emozionala zaintzea.
Horixe adierazi digu Carlos Sarabiak, Mutualia Osasuntsua taldeko kide eta medikuak, zeinak aholku batzuk eman baitizkigu Gabonetan ere bizimodu osasungarria egiteko.
Nutrizioa: neurrian jatea eta edatea
Planifikatu menu orekatu eta askotariko bat, produktu freskoak, sasoikoak eta bertakoak barne hartzen dituena, betiere barazkiak, fruta eta fruitu lehorrak oinarria direla.
Jakiak plantxan, lurrunetan edo labean egitea oso aukera osasungarria da; saltsak eta gisatuak dituzten platerak ez bezala, erraz digeritzen dira.
Hartu neurria azukreari eta Gabonetako gozokiei. Aukera ona izan daiteke sasoiko fruta pixka batekin konbinatzea: laranja, anana, mazedonia, konpota eta abar.
Hidratatu, eta ez edan alkoholik. Edatekotan, neurrian egin, eta jatorduetan; kaloriak baino ez ditu ematen alkoholak, eta digestio-sistemari eta nerbio-sistemari kalte egin diezaieke epe laburrean. Hidratatzea funtsezkoa da. Edan ura; heste-igarotzea errazten du, eta janariarekiko antsietatea gutxitzen. Beste likido batzuk ere har ditzakegu, hala nola zuku naturalak, infusioak edo zopak.
Jarduera fisikoa: baztertu sedentarismoa, eta egin bizimodu aktiboa
Oso litekeena da ospakizun-garai hauetan eguneroko jarduera fisikoaren errutina aldatzea, baina komeni da alde batera uztea sedentarismoa.
Ibili oinez, igo eta jaitsi eskailerak —ariketa aerobiko bikaina da—.
Oinez nahiz bizikletaz ibili hirian opariak erosteko, Gabonetako azokak ikustera joateko…
Egin dantza ospakizunetan; gure ongizate fisiko eta emozionala orekatzen laguntzen du.
Aire zabaleko jarduerak egitea izan daiteke aktibo egoteko beste modu bat; hartu parte San Silbestreko lasterketa batean edo joan mendira Urteberri eguna ospatzera.
Gure alderdi emozionala zaintzea ere garrantzitsua da. Festa-egunek, erosketek, otorduek, opariek eta abarrek estresa eragiten digute.
Hori saihesteko, funtsezkoa da aldez aurretik planifikatzea.
Banatu lanak denen artean.
Lagundu gehien behar dutenei. Aldendu perfekzionismotik eta hartu denbora babesgabeekin egoteko.
Elkartu maite dituzunekin eta bizi une goxoak haiekin.
Egin erlaxatzen laguntzen duten jarduerak, hala nola ariketa fisikoa, meditazioa, musika entzutea…
Lo-ohiturak. Ezohiko ordutegietan ibiltzen gara askotan Gabonetan, eta garrantzitsua da atsedena lehenestea. Saiatu lotarako ordua gehiegi ez atzeratzen eta ordutegia orekatzen.
Gogoan hartu Sarabia doktoreak elkarrizketa-podcast honetanesandakoa: “Oreka aurkitu behar da ohitura osasungarrien hiru ardatz nagusien artean: nutrizioa, jarduera fisikoa eta ongizate emozionala. Egin daiteke, eta gomendagarria da”.
Aldi baterako ezintasun-egoerara pasatzen bagara, luzatu egiten da langabezia-prestazioa jasotzeko aldia?
Kontsulta asko egiten dira kasu horri buruz, eta ezin da erantzun unibokorik eman; izan ere, zuzenbidearekin bat datorren erantzun bat emateko, kontuan hartu behar dira egitateen azterketa zehatza, aldi baterako ezintasun-prozesuaren kontingentzia eta noiz igarotzen den langilea aldi baterako ezintasun-egoerara.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, langilea kontingentzia profesionalaren ondoriozko aldi baterako ezintasun-egoeran badago eta egoera horretan dagoelarik kontratua azkentzen bada, langabezia-prestazioa jasotzeko alditik ez da kenduko, kontsumitu gisa, aldi baterako ezintasun-egoeran egon den denbora.
Ez da gauza bera gertatzen ezintasuna kontingentzia arruntek eragindakoa bada; kasu horretan, langabezia jasotzeko alditik kendu egiten da, kontsumitu gisa, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon den denbora. Ikusten dugunez, kontingentzia profesionalak tratu hobea eskaintzen dio langileari.
Orain beste egoera batetik abiatu behar dugu: lan-harremana amaitua da jada, eta langilea langabezia-prestazio osoa jasotzen ari da, eta orduan hasten da aldi baterako ezintasun-egoera (berdin dio aurreko prozesu bati dagokion birgaixotzea den ala ez). Legegileak ezarri du eta Auzitegi Gorenak berretsi du berriki, 2024ko urriaren 15ean, 3.302/2022 errekurtsoan emandako epai batean, langabezia-prestazioa jasotzeko aldia ez dela luzatuko aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzeagatik, aldi baterako kontingentzia edozein dela ere (283.3 artikuluaren hirugarren paragrafoa).
Ikusten dugunez, legegileak erregulazio bereiziak sartu ditu langabezia-prestazioaren eta aldi baterako ezintasuneko prestazioaren gaineko ondorioetan, eta horiek kontuan hartu beharko dira gure ordenamendu juridikoaren araberako erantzuna emateko orduan.
AUZITEGI GORENEKO LAN ARKOLO SALAREN EPAIAREN IRUZKINA (2622/2021 DOKTRINA BATERATZEKO KASAZIO-ERREKURTSOA), 2024KO URRIAREN 15EKOA
Auzitegi Gorenaren 2024ko urriaren 25eko epaia, 2622/2021 doktrina bateratzeko errekurtsoan emandakoa, zeinaren txostengilea Concepción Rosario Ureste García andre agurgarria izan baita.
Prozeduran planteatzen da zererakundek ordaindu behar duen kontingentzia arruntagatiko aldi baterako ezintasunaren prestazioa, pazientea berriz gaixotu bada eta erakunde aseguratzailea aldatu bada.
Erabakia ekarri duten gertaerak sinpleak dira. Langile batek kontingentzia arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prozesua hasi zuen 2017ko abuztuaren 15ean, eta haren enpresak MC Mutual mutuarekin zituen adostuta kontingentzia profesionalak eta aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoa. Aldi baterako ezintasuneko egoera amaitu zenean, luzatu egin zen. 2019ko otsailaren 28an alta medikoa jaso zuen ukituak.
2019ko maiatzaren 1ean (ondorioetarako data), aldi baterako ezinari dagozkion kontingentzia arrunten ondoriozko prestazio ekonomikoen estaldura aldatu zuen enpresa enplegatzaileak, eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren estaldura kontratatu zuen.
2019ko apirilaren 12an, langileari berriro eman zioten laneko baja, eta GSINek ebazpen bat atera zuen 2019ko apirilaren 24an, zeinaren bidez aurreko aldi baterako ezintasunaren luzapentzat (langilea berriro gaixotzeagatik) aitortu baitzen egoera. Ezgaitasun iraunkorraren inguruko espediente bat hasi zen, 2019ko urriaren 14ko ebazpenaren bidez amaitu zena; ebazpen horretan, ezintasun iraunkorra ukatu zitzaion langileari, eta 2019ko urriaren 15ean amaitu zen aldi baterako ezintasunaren luzapena, ondorio ekonomikoetarako.
MC Mutual mutuak ordaindu zuen aldi baterako ezintasunaren subsidioa 2019ko apirilaren 2tik apirilaren 30era, eta langileak eskatu zuen 2019eko maiatzaren 1etik 2019ko urriaren 15erako subsidioa ordaindu ziezaioten. Haren eskaera ezetsi egin zen, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak jo baitzuen MC Mutual etxearen ardura zela.
MC Mutual mutuak demanda jarri zuen, eta Zaragozako Lan Arloko 7 zk.-ko Epaitegiak ezetsi egin zuen, eta 2019ko maiatza eta urria bitarteko subsidioa ordaintzearen erantzuletzat aitortu zuen erakundea. Epai hori Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi zuen, 2021eko ekainaren 14an, eta MC Mutualek kasazio-errekurtsoa ezarri zuen Auzitegi Gorenean.
Eztabaidatzen ari gara zer erakunderen erantzukizuna den aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzea, erakunde aseguratzailea aldatu bada prestazioa luzatzeagatik, ukitua berriro gaixotu delako.
Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsorako aukera izateko eskakizunak aztertu ondoren, Auzitegi Gorenak kasazio-errekurtsoa baietsi du, eta adierazi du GSINek ordaindu beharko duela aldez aurretik zehaztutako aldi baterako ezintasunaren prestazioa, jarraian azalduko ditugun arrazoiak kontuan hartuta.
Auzitegi Gorenak dio, gaixotasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioak ordaintzeari dagokionez, legegileak ez duela erantzukizun desberdinik ezartzen hasierako faserako, luzapenerako edo atzerapenerako, zeinetan lan-kontratua etenda baitago, eta adierazi du prestazioa ordaintzearen erantzukizuna ez dela etorkizuneko kotizazioa mantentzearen araberakoa, baizik eta egoera eragin duen gertaera jazotzen den uneko aseguramenduaren indarraldiaren araberakoa.
Beraz, une jakin batean aldi baterako ezintasunaren prestazioaz arduratzen den erakundea aldatzen bada, aldi baterako ezintasunaren gehieneko aldia agortzeagatik lan-kontratua etenda dagoela, dagokigun kasuan bezala, aurrekoaren tokian jarri den erakunde berriak arduratu beharko du estalduraz.
Auzitegi Gorenak dio hala izango dela, kotizatzeko betebeharrik ez dagoen une batean aldatzen bada ere aseguratzailea, aseguramendua batasunaren eta integritatearen arauak zuzentzen baitu, barne direla aldi baterako ezintasun-egoera aldatzeko unean daudenak eta kontratua etenda dutenak, une horretatik aurrera hartzen baita prestazioaren kudeaketaren eta hura ordaintzearen erantzukizuna, baita une horretan dagoeneko sortuta daudenez ari garela ere.
Auzitegi Gorenak emandako soluzioan, ukitua berriz gaixotzeagatik aldi baterako ezintasunaren luzatze-egoeran erakunde aseguratzailea aldatu den kasu honetan, erakunde berriak hartu behar du bere gain une horretatik aurrera subsidioaren ordainketa, Auzitegi Gorenak dioenez, kontingentzia arruntetarako ezarritako banaketa-sistema finantzarioaren arabera, langile guztientzat kotizatutakoa kolektibo aseguratuaren kontingentziak estaltzeko erabiltzen baita, etorkizunerako baliabideak metatu gabe epe luzerako, kotizatzeko betebeharrik ez dagoenean ere.
Auzitegi Gorenaren epai hori efikazia handikoa da praktikan, eta operadore juridikoei, enpresei eta prestazioen onuradunei laguntzen die.
Gabonak gainean ditugu, eta, egun horietan, ugaritu egiten dira familiarekin, lagunekin eta lankideekin elkartzeko eta ospatzeko uneak. Hala ere, gogoratu behar da ospakizun horiek arriskuak ere izan ditzaketela, eta badela horiek saihesterik garaiz eta modu egokian jokatuz gero.
Mutualiak segurtasunarekin, osasunarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa indartzen du, eta aholku praktikoak ematen ditu istripuak prebenitzeko eta larrialdi-egoeretan nola jokatu jakiteko. Hain zuzen, Mutualiaren Educator Programa dauka Mutualiak, eta programa horren helburua da langileei jakintza sanitarioa eta higieniko-sanitarioa transmititzea, istripu bat gertatuz gero zer egin jakiteko eta prebentzioan eta zaintzan aktiboki parte hartzea sustatzeko.
Nola jokatu larrialdi-egoeretan?
Mutualiak gomendioak ematen ditu, infografia eta bideo formatuan, jakiteko nola jokatu egun hauetan gerta daitezkeen arrisku-egoera ohikoenetan, hala nola eztarrian zerbait trabatuz gero edo bihotz-biriketako bizkortzea egin behar izanez gero. Eduki horiei beste bi arrisku-egoera gehitu dizkiete: batetik, ebaki edo zauriak, eta, bestetik, erredurak.
Zer egin norbaiti eztarrian zerbait trabatzen bazaio
Aurten ere badator abendua, baita horrek berekin dakarren guztia ere: afariak, bazkariak, enpresako edo lagun arteko elkarretaratzeak… betiko kontuak. Ez dugu ahaztu behar abendukoak urteko egunik motzenak eta gaurik luzeenak direla; beraz, inoiz baino arriskutsuagoa da gidatzea urte-sasoi honetan.
Gauez ordu gehiago gidatzeak eta jai-giroak koktel oso arriskutsua osa dezakete, eta, zoritxarrez, datuek tesi hori berresten dute.
Espainian, 2013 eta 2023 artean, 276.000 istripu baino gehiago izan ziren gauez, eta 6.500 lagun baino gehiago hil ziren haietan. Nabarmena da gaueko istripuen hilgarritasun handia, egunekoek baino % 55 hildako gehiago eragin baitituzte. Gainera, azpimarratu behar da gaueko istripuen kopurua % 24 hazi dela azken 10 urteetan. Nola liteke? DGTren ikerketa xehatu baten arabera, pandemiaren osteko “errebote-efektu” delakoarengatik da. Berriro kalera irteteak eragindako euforiak alkoholaren eta drogaren kontsumoa handiagotzea ekarri zuen, baita gehiegizko abiaduragatiko isun gehiago ere.
Datu horiek guztiek errealitate kezkagarri bat islatzen dute, eta errealitate hori areagotu egiten da abenduan eta antzeko garaietan. Zer egin dezakegu gutako bakoitzak? Zirkulazio-arauekiko sentsibilitate handiagoa garatu behar dugu, eta bide-segurtasunaren balioak gehiago errespetatu behar ditugu; horrez gain, errealitate fisiologiko ukaezin batez jabetu behar dugu: gure garunak ez du gogoko gauez gidatzea.
Gauez gidatzean, gure garuna baldintza konplexuagoetan lan egitera behartzen dugu, hala nola argi falta, nekea eta abar, eta geure burua istripu-eragile diren egoeretan jartzen dugu.
Hauek dira adibiderik ohikoenak.
Errepideko hipnosia. Ez dago ezer monotonoagorik gauez gidatzea baino; izan ere, estimulu bisualen gabeziak berdindu egiten ditu kristalaren bestaldeko inguruak. Garuna moteldu egiten da, eta, horren ondorioz, gidari askok “deskonektatu” egiten dute, eta denbora batez inkontzienteki egiten dute aurrera. Arazoa hau da: ezusteko estimulu bat agertzen denean, pilotu automatiko horretatik gidatze aktibora igaro behar dugu, istripu bat gerta daitekeen egoera batera.
Nekea eta mikroloaldiak. Nekatuta gaudenean, erreakzio-denbora handitu egiten da, eta garunak okerreko erabakiak har ditzake. Gaitasun-galera hori pixkanaka gertatzen da. Eta baliteke ohartu ere ez egitea egoera arriskutsu bat parean egokitu arte.
Mikroloaldiek 6 bat segundo irauten dute, eta ez gara kontziente izaten. 120 km/h-ko abiaduran, 2 segundoko begi-kliska batean bi futbol-zelairen arteko distantzia egin dezakegu, batere kontrolik gabe.
Hitz batean, giza begia ez dago gauez ikusteko prestatua, eta gure ikusmen-eremuaren % 20 galtzen dugu. Ikusi dugunez, gure garunak ez du oso gustuko gauez gidatzea.
Beraz, aukera bakarra dugu: zentzuz jokatzea eta egoera horiek saihestea.
Gogoan izan abenduan gaudela; jai-giroa da nagusi, baita gaueko joan-etorriak ere. Koktela leherkorra izan ez dadin, bi kontzeptu oso garrantzitsu: erantzukizuna eta zentzua.