Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2025ko urtarrilaren 18tik 24erako astea.
DATUEN BABESAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Adimen artifiziala Mutualian: etikarekiko eta berrikuntzarekiko konpromisoa
Mutualiak jarrera proaktiboa du adimen artifiziala (AA) erabiltzeko bere prozesuak eta zerbitzuak hobetzeko tresna estrategiko gisa. 2024ko abenduan Zuzendaritza Batzordeak onartu zuen Mutualiako Adimen Artifizialaren (erabilera eta gobernantza) Politika.
Politika horrek zehazten du nola erabili behar den AA modu etiko eta seguruan, erakundearen helburu estrategikoekin ardaztuta, eta eraginkortasuna eta eginkizunak betetzea bermatuta. Oinarria da AA modu arduratsu, garden, seguru eta fidagarrian erabiltzea, eta ziurtatzea legeria aplikagarria eta Mutualiaren balioak betetzen direla.
Politika hori erakunde osoari aplika dakioke, bai eta gobernu-organoetako kideei, goi-zuzendaritzari eta langile nahiz laguntzaile guztiei ere.
Jarduneko printzipio orokorrak
Besteak beste hauetarako erabiltzen da AA Mutualian: edukia sortzeko, prozesuak automatizatzeko, analisi prediktiborako eta medikuntzarako osagarri gisa. Hura erabiltzeko oinarrizko printzipioak, berriz, hauek dira:
- Gizakiarekiko eta gizarte-ongizatearekiko errespetua: AAk lagundu egin behar die pertsonei, giza duintasuna errespetatu behar du, eta Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat etorri behar du.
- Aniztasuna, diskriminaziorik eza eta ekitatea: Sarbide-berdintasuna bermatu behar du AAk, eta alborapen diskriminatzaileak saihestu.
- Integrazio informatikoa: AAko tresnek bat etorri behar dute Mutualiaren Informazio Sistemen arkitektura teknologikoarekin eta segurtasun-neurriekin. AAko tresnak martxan jarri aurretik, Informazio Sistemen Sailak eta Segurtasun Batzordeak onartu behar dituzte.
- Pribatutasuna eta datu-babesa: Datuak babesteko legeria bete behar da, eta bermatu behar da AAk prozesatutako datuak modu seguruan erabiltzen direla.
- Gardentasuna: AAren erabilerak garbia izan behar du, eta haren gaitasunen eta mugen berri eman behar zaie erabiltzaileei.
- Segurtasuna eta erresilientzia: AAko sistemek nahi gabeko kalteak minimizatu behar dituzte, eta baimendu gabeko sarbideei erresistentzia erakutsi behar diete.
- Araudia betetzea: Bermatu behar da araudi aplikagarria betetzen dela.
- Prestakuntza eta sentsibilizazioa: AA erabiltzearen arduradunek arriskuei eta segurtasun-jardunbide egokiei buruzko prestakuntza jaso behar dute.
- Erantzukizuna eta osotasuna: Erabiltzaileek zintzoak izan behar dute, eta lanak egiten laguntzeko AA erabili dutela aitortu behar dute.
- Eduki desegokia: Ezin da sortu legez kanpoko edukirik edo Mutualiaren irudiarentzat kaltegarria denik.
- Gizakiek gainbegiratzea: AA bidez egindakoak pertsonek berrikusi eta balioztatu behar dituzte, erabaki garrantzitsuetan batez ere.
Mutualiaren konpromisoa argia da IAren bidez bere zerbitzuen berrikuntzaren alde egindako apustuan: teknologian aurrera egitea, pertsonen pribatutasuna eta ongizatea bermatzeko konpromisoarekin.
GureEsperientziaPartekatua (#LAPesperientziak): laneko arriskuen prebentzioaren arloko berrikuntza
Laneko arriskuen prebentzioaren arloko truke- eta lankidetza- espazio bat da GureEsperientziaPartekatua, eta haren helburua da LAPeko jardunbide egokiak zabaltzea, hots, legezko betebeharretatik harago, langileen osasuna eta segurtasuna hobetzeko jarduerak zabaltzea. Esperientzia praktikoak bilatzen ditugu, eraginkorrak, ikuspegi berritzailea dutenak, eta balio positiboak helarazten dituztenak.
Besteak beste, Mutualia Sarietara aurkeztutako proiektuak daude espazio horretan, bai LAPeko Berrikuntzakoak eta bai Enpresako Aniztasuna kategoriakoak.
Hona hemen aurreko Mutualia Sarietan LAPeko BERRIKUNTZA kategorian aurkeztu diren proiektuetatik ateratako jardunbide egoki batzuk:
Espazio hau osatu eta zuen jardunbide egokiak gainerako enpresei helarazi nahi badizkiezue, oraindik ere baduzue aukera X. MUTUALIA SARIETARA aurkezteko.
MUTUALIAk MUTUALIA SARIAK antolatzen ditu, CONFEBASKekin, ADEGIrekin,CEBEKekin, SEArekin eta OSALANekin batera. Sari horien helburua da aintzatestea, ezagutaraztea eta sustatzea laneko arriskuen prebentzioaren arloan ikerketako, garapen teknologikoko edo berrikuntzako proiektu bat garatu duten eta Mutualiako bazkide diren enpresak eta langile autonomoak edo enpresetan dibertsitatea kudeatzeko egindako ahalegina eta jardunbide egokiak.
Animatu eta aurkeztu zure proiektua LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN ARLOKO BERRIKUNTZAREN SARIRAKO. Enpresetako eta inguruneko pertsonen antolakuntza, lan-baldintzak eta ongizatea hobetzen laguntzeko balio duten proiektuak aurkeztu daitezke, hau da, edozein esku-hartze prebentibo, produktu, sistema, tresna, irakaskuntza-material, soluzio teknologiko, kudeaketa-metodologia edo edozein jarduera berritzaile garatzen duten proiektuak.
Aurkeztuko diren enpresek 2025eko otsailaren 15a baino lehen bidali beharko dituzte proiektuak.
Mutualia Sarietan finalista diren enpresa eta/edo langile autonomoek Mutualia Sarien banaketa-ekitaldian aurkeztuko dituzte jendaurrean beren proiektuak, 2025eko martxoaren 25ean, Mutualiak 125 urte betetzen dituen egunean. Ekitaldi horretan, proiektuak baloratuko dira, proiektu irabazleak aukeratuko dira eta sariak banatuko dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Mutualiako Prebentzio Aholkularitzarekin.
MutuaLex 325 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2025ko urtarrilaren 11tik 17rako astea.
Mutualex epaia 2025ko Urtarrila
EZINTASUN IRAUNKORREKO PENTSIOEN BATERAGARRITASUNARI BURUZ

Auzitegi Gorenaren epaia, 2024ko azaroaren 27koa, 1227/2022 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan emana.Txostengilea: Sebastián Moralo Gallego magistratua.
Gai honi buruz ebatzi behar zuen epaiak: zehaztu behar zen ea bateragarriak diren Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean aitortutako ezintasun iraunkorragatiko pentsio berri bat eta langileak zenbait patologiagatik Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) deklaratuta zeukan ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa, kontuan hartuta langileak bi araubideetan egindako kotizazioak hartu direla aintzat horietako bat aitortzean.
Gertakariak eta Auzitegi Gorenak ebatzi duen prozedura aztertuko ditugu orain.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) 2005eko uztailaren 9ko ebazpenaren bidez, deklaratu zen aipatutako langileak ezintasun iraunkor osoa zuela ile-apaintzaile lanbiderako (bere lanbidea), patologia osteoartikular baten ondorioz. Langilea lanbide horretan zegoen afiliatuta eta alta emanda Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB). Gehienbat, 1999ko ekainetik 2005eko maiatzera bitarteko LAABeko kotizazioak hartu ziren kontuan, eta 2004ko urtarriletik 2005eko maiatzera bitarteko araubide orokorrekoak.
2007ko otsailaren 16az geroztik, langilea garbitzaile-zerbitzuak ematen hasi zen Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta, 2018ko apirilaren 15ean hasitako aldi baterako ezintasuneko aldi baten ondoren, eskatu zuen ezintasun iraunkorra aitortzeko koadro onkologiko batengatik. Egoera hori ukatu egin zitzaion, GSINen 2020ko urtarrilaren 21eko ebazpenaren bidez eta urte bereko martxoaren 10eko ebazpenaren bidez (aurreko erreklamazio bat ezestekoa).
Langileak demanda jarri ondoren, Valladolideko Lan-arloko 4. zenbakiko Epaitegiak, 2021eko otsailaren 4ko epaian, gaixotasun arruntagatiko ezintasun iraunkor osoa aitortu zion langileari garbitzaile lanbiderako (bere ohiko lanbidea); onartu zuen bateragarria dela LAABen aitortutakoarekin, eta, ezintasun berri horretarako, araubide orokorreko kotizazioak baino ez zituen hartu kontuan.
GSINek erregutze-errekurtsoa jarri zuen; Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren 2022ko urtarrilaren 24ko epaiaren bidez, berretsi egin zen Lan-arloko Epaitegiaren epaia, eta erakunde kudeatzaileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu zuen, zeina aztertzen ari garen epaian ebatzi baita.
Kasazio-errekurtsoan ez zen zalantzan jarri ezintasun iraunkorraren maila, pentsioen bateragarritasuna baizik, eta salatu zen urratu dela Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 163. artikuluan eta apirilaren 12ko 691/1991 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoa. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak zioen pentsioak bateraezinak direla LAABeko lehen ezintasun iraunkor osoa aitortzeko araubide horretako kotizazioak ez ezik araubide orokorreko kotizazioak ere gehitu behar izan baitziren.
Kontraste epai gisa aztertu da Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak 3938/2012 errekurtsoan 2014ko martxoaren 24an emandako epaia.
Auzitegi Gorenak bateragarritzat jo ditu aldi berekoak ez diren kotizazioen ondorioz araubide desberdinetan sortutako ezintasun iraunkorreko pentsioak, baldin eta araubide bakoitzean kotizazioak nahikoak badira pentsio horiek sortzeko.
Auzitegi Gorenak ezetsi egin du GSINen errekurtsoa, eta bi pentsioak bateragarritzat joz ebatziko du planteatutako auzia, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2022ko ekainaren 30eko epaian jasotako doktrina aplikatuz (C-625 gaia, pentsioen bateragarritasunari buruzkoa), uste baitu epai horren parametroen arabera egin behar dela interpretazio egokia.
Horretarako, Gizarte Segurantzaren arloko gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa azpimarratzen da, kasu honetan oso feminizatuta dauden bi lanbideri aitortzen baitzaie ezintasun iraunkor osoa: ile-apaintzailea LAABen eta garbitzailea Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean. Gaitz ezberdinak dira, eta bigarren ezintasun iraunkorra araubide orokorreko kotizazioen arabera aitortu da soilik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinarekin bat etorriz. Hala, emakumezko langileek gizonezko langileekiko duten desabantaila-egoeran eragiten duten oztopoak kendu dira, hau da, berriz ere genero-ikuspegia aplikatu da, gure ordenamendu juridiko osoan txertatu behar baita. Interpretazio horretan datza epai honen garrantzia.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
Kontsulta juridikoa 2025ko Urtarrila
LANGILE AUTONOMOEN ARAUBIDE BEREZIAN ERRETIRO-PENTSIOAREN GABEALDIA OSATZEKO ZENBATU AL DAITEZKE ORDAINDU GABEKO ETA PRESKRIBATUTAKO KOTIZAZIO-ALDIAK?

Gai interesgarri horretaz ari da 4.961/2022 errekurtsoan Auzitegi Gorenak 2024ko azaroaren 20an emandako epaia.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 314. artikuluan ezarritakoaren arabera, langile autonomoen araubide berezian, “babes-ekintza lege-testu horretako 42. artikuluan xedatutakoa izango da, langabezia-babesaren eta prestazio ez-kontributiboen kasuan izan ezik”. Lege horretan ezartzen denez, kasu guztietan, prestazioak jasotzeko, araubide berezi horretako langileek egunean egon behar dute kotizazioen ordainketetan, GSLOren 47. artikuluan aurreikusten denez.
Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) erretiro-pentsioa jasotzeko, kotizazio-aldi bat behar da (GSLOren 205. artikuluan eta aipatutako 314. artikuluan jasotzen da), eta, gainera, gertaera eragilea gertatu den unean, langileak egunean egon behar du kuoten ordainketan, GSLOren 47. artikuluan jasotzen denez —2530/1970 Dekretuaren 28. artikuluarekin lotuta—.
Auzitegi Gorenak ezarri du kotizazioen ordainketan egunean egoteko betekizuna bete daitekeela erakunde kudeatzaileak ordaintzeko egindako gonbidapena betetzen bada, betiere onuradunak gabealdia osatua badu.
Auzitegi Gorenak ezarri du ordaintzeko gonbidapen-mekanismoak funtzionatzen duela baldin eta “prestaziorako eskatzen den gabealdia beteta badago, eta soilik aldez aurretik interesdunak egina duenean prestazioak jasotzeko eskubidea ematen dion kotizazioa”. Interesdunak eskatu zaizkion kuoten ordainketa egunean ez badu, erakunde kudeatzaileak ordaintzeko gonbidapena egingo dio; beraz, “preskribatu gabeko kuotak ordaintzeko gonbidapena egiteko, ezinbestekoa da aldez aurretik gabealdi galdagarria egiaztatzea, eta kuotak gertaera eragilearen ondoren ordaintzeak ez dakar balio txikiagoa izatea”.
Kasu honetan, lehen esan dugunez, ordaindu gabeko kuota batzuk preskribatuta daude, ordaindu ez direnetik lau urte baino gehiago igaro direlako, eta ordaintzeko gonbidapenik jaso ez duelako; eta kontua da ea aldi horiek kontuan har litezkeen gabealdia handitzeko eta beharrezko gutxieneko gabealdia osatzeko. Gai horri dagokionez, Auzitegi Gorenak ebatzi du gertaera eragilearen aurretik ordaindu ez diren kotizazioek ez dutela balio gabealdia handitzeko. Izan ere, haren ustez, ezin dira nahasi kuoten ordainketan egunean egoteko baldintza (ordaintzeko gonbidapena aktibatu daiteke) eta gabealdi galdagarria (zeina beharrezkoa baita erretiro-pentsioa eskuratu ahal izateko). Kotizazio preskribatuak izanik, ezin dira kontuan hartu gabealdirako, gabealdia ezin delako osatu ordaindu gabeko eta preskribatutako kotizazioekin.
Beraz, erretiro-pentsioa eskuratzeko, gabealdia eskatzen den gainerako prestazioetarako bezala, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean araututako beharrezko gabealdia kotizatuta eduki beharko da, eta beharrezkoa den gabealdi hori ezin da osatu preskribatuta egon arren ordaindu ez diren kotizazioekin.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
Nola eskatu premiazko garraio sanitarioa lan-istripua gertatuz gero
Istripu arinak
Lan-istripu arin bat gertatzen baldin bada eta osasun-arreta jasotzeko berehala lekualdatzeko beharra baldin badu, Mutualiak 24 orduko doako arreta-linea eskaintzen die enpresa elkartuei eta pertsona babestuei: 900.50.60.70.
Zerbitzu hau erabiltzean:
• Mutualia arduratuko da garraioa kudeatzeaz (anbulantzia, taxia edo VTC).
• Ordainketa ez du inork aurreratu beharko, ez enpresak, ez istripua izan duen pertsonak.
Garrantzitsua:
Istripua izan duen enpresak edo pertsonak garraioa eskatzen baldin badu (adibidez: taxi edo VTC bat kontratatu), unean bertan ordaindu beharko du kostua, eta, gero, Mutualiari itzultzeko eskatu dio.
Istripu larriak
Lan-istripua larria edo oso larria bada, funtsezkoa da 112 zenbakira deitzea, arreta mediko espezializatua eta eraginkorra emateko.

Atzerrian gertatutako lan-istripuak
Atzerrian gertatutako lan-istripuetarako, Mutualiak laguntza-telefono bat du: +34.94.425.63.98.
ALDI BATERAKO EZINTASUN BEREZI BERRI BAT ORGANO-EMAILEENTZAT
6/2024 Legeak, abenduaren 20koak, bizirik direla ondoren transplantatzeko organoak edo ehunak ematen dituztenen babesa hobetzekoak, paragrafo bat gehitu dio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 169.1.a) artikuluari. Paragrafo horren bidez, beste egoera bat gehitu zaie aldi bateko ezintasun-egoerei:
“Kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasuntzat hartuko dira transplantatzeko organoak edo ehunak ematen dituztenekin lotutakoak. Egoera horren barruan sartzen dira, batetik, emaileak Gizarte Segurantzaren osasun-laguntza jasotzen duen eta kirurgiarako prestakuntza medikoaren ondorioz lanerako ezinduta geratzen den egunak (egun solteak nahiz segidakoak), eta, bestetik, prestaketa hori egiteko edo transplantea egiteko ospitaleratzen den egunetik alta medikoa eman arteko egunak”.
Egoera berezia da, Legearen hitzaurrean adierazten denez: Transplanteen Erakunde Nazionalak ekintza altruistatzat hartzen du, eta, haren esanetan, “gizakien arteko borondatezko ekintza garrantzitsuena da, aukera ematen diena milaka pertsonari bizirik jarraitzeko edo beren bizi-kalitatea hobetzeko”. Gainera, mundu osoan liderra da Espainia organo-emateei dagokienez. Bada, egoera horietarako babes-erregimen berezi bat da hau, prestazio ekonomikoari dagokionez pribilegioak dituena. Hain zuzen, kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunetarako ezarritako kotizazio-oinarriaren % 100eko prestazio bat da. Gainera, prestazio hori jaso ahal izateko, ez da kotizazio-aldirik eskatuko, eta kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunari dagokion prestazioa erakunde kudeatzaileak edo kolaboratzaileak ordainduko du, hasi baja hartzen den egunetik eta alta hartu eta lanean hasteko gai izan arte. Ezintasun-egoera horretan, kotizatu egin beharko du langileak, ezinbestean.
2025eko martxoaren 3an sartuko da indarrean.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
MutuaLex 324 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2025ko urtarrilaren 04tik 10erako astea.
Botiken eraginpean gidatzea: isilpeko arrisku bat
Botiken eraginpean gidatzearen gaiak garrantzi berezia hartu du azken urteetan, batik bat Espainia eta Euskal Herria bezalako tokietan, non erabat ohikoa baita gaitzak tratatzeko farmakoak erabiltzea. Izan ere, zenbait sendagaik logura ematen dute, eta horrek eragotzi dezake ibilgailuak segurtasunez gidatzea, bai eta trafiko-istripuak izateko arriskua areagotu ere.
Botikak eta logura
Espainian, logura eragiten duten botikak kontsumitzen dituzte gidari askok. Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren datuen arabera, agindutako medikamentuen % 20 inguru lasaigarriak dira edo logura ematen dute. Halakoak dira analgesiko batzuk, antidepresiboak, antihistaminikoak eta antsietaterako medikamentuak.
2022an egindako ikerketa batek erakutsi zuen Euskadin trafiko-istripua izan zuten gidarien % 30 inguru sendagaien eraginpean zeudela, eta sendagai horiek eragina zutela haien kontzentrazio-gaitasunean eta erreakzio-denboran. Horregatik, beharrezkoa da gidariak jabetzea botikek eragina izan dezaketela gidatzean.
Gidarientzako aholkuak.
- Galdetu medikuari edo farmazialariari. Tratamendu berri batekin hastean, gidatu aurretik, hitz egin osasun-arloko profesional batekin. Galdetu albo-ondoriorik baduen, eta gidatzea segurua den edo ez.
- Irakurri erabilera-orria. Gidatzeari buruzko oharrak ere baditu. Funtsezkoa da informazio hori irakurtzea eta ulertzea zer arrisku dituen jakiteko.
- Saihestu botikak konbinatzea. Botika bat baino gehiago aldi berean hartzeak lasaigarri-efektua areagotu dezake, eta gidatzean arriskuak handitu. Hartzen ari zaren botika guztien berri eman medikuari.
- Aztertu zure burua. Botika bat hartu eta logura sentitzen baduzu, zorabiatuta bazaude edo pertzepzioa alteratua duzula uste baduzu, ez gidatu.
- Bilatu beste aukera batzuk. Kasu batzuetan, botika horien ordez beste batzuk hartuta logura gutxiago sentitzen da. Galdetu medikuari aukera horiei buruz.
Estatistikak eta kontzientziazioa
2022an, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) kanpaina bat abiarazi zuen sendagaiek gidatzean duten eraginari buruz kontzientziatzeko. Haren estatistiken arabera, Espainian zirkulazio-istripuen % 10 lotuta daude sendagaiak hartzearekin. Euskadin, zertxobait handiagoa da portzentaje hori, % 12koa.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egindako inkesta baten arabera, gidarien % 40rentzat botikek eragindako logura ez da arazo larria. Horregatik, beharrezkoa da herritarrak hezten eta bide-segurtasunaren kultura sustatzen jarraitzea.
Ondorioa
Botiken eraginpean gidatzearen kezka gero eta handiagoa da Espainian eta mendebaldeko egungo gizarte guztietan, biztanleriaren zahartzeak eta egungo bizimoduak (estresak, antsietateak…) eraginda.
Logura gaudela gidatzea hilgarria izan daiteke, eta funtsezkoa da gidariak jakinaren gainean egotea eta kontziente izatea tratamendu medikoek dituzten arriskuez. Hezkuntza eta prebentzioa ezinbestekoak dira arazo horrekin lotutako istripuen kopurua murrizteko eta gure errepideetako segurtasuna hobetzeko.