Lanean ari garela mugitzearen garrantzia: laneko osasuna eta ongizatea hobetzen

Gaur egungo lanetan, lanaldi luzeak egiten ditugu ordenagailu aurrean, zeregin askok sedentarismoa sustatzen dute, edo eskakizun fisiko handiko lan errepikakorrak egiten ditugu; horregatik, jarduera fisikorik ezaren ondorioak lehentasunezko gai bihurtu dira. Enpresetan, zeinetan berrikuntza eta produktibitatea funtsezko zutabe baitira, langileen osasuna hobetzen duten estrategiak erabiltzeak eragina izan dezake emaitzetan.


Bizimodu sedentarioak eragin negatiboa du osasunean, oro har, baina baita osasun muskulueskeletikoan ere. Eta horrek, langileei ez ezik, enpresei ere eragiten die, laneko bajak ugaritzen baitira, eta errendimendua murrizten. Hala ere, konponbidea ez da lanetik kanpo ariketa-saio luzeak egitea; mugimendua laneko eguneroko martxan txertatzea da gakoa.


Etenaldi aktiboak: luzaketak baino gehiago


Etenaldi aktiboak luzaketa hutsa baino gehiago dira orain. Nahiz eta luzaketak eraginkorrak diren muskulu-tentsioa murrizteko, berriki egindako ikerketek erakutsi dute indar-ariketak oso garrantzitsuak direla. Erresistentzia-ariketek, hala nola banda elastikoak edo norberaren gorputz-pisua erabiliz egindakoek, aukera ematen dute jarrera iraunkorretan eta mugimendu errepikakorretan parte hartzen duten muskuluak indartzeko, eta horrek, mina prebenitzeaz gain, langileen gaitasun funtzionala hobetzen du.


Mugimendu-snackak: dosi txikiak, emaitza handiak


Ikusten ari gara mugimendu-snackak estrategia sinple eta eraginkorra direla sedentarismoaren ondorioei aurre egiteko. Jarduera-aldi laburrak dira (1-5 minutu), eta ariketa hauek egin daitezke, besteak beste: eskailerak igo eta jaitsi, aulki batean eseri eta altxa edo besoen indarra lantzeko ariketak egin. Ariketa erraz horiek astean pare bat aldiz egiteak eragin positiboa du langileen osasunean eta ongizatean.

Lan-ingurunean duten onura


Osasun fisikoa hobetzeaz gain, laneko ariketa-programek eragin zuzena dute taldearen gogo-aldartean eta kohesioan. Gogobetetze-maila hobetzen eta enpresarekiko konpromisoa indartzen dituzte. Arlo ekonomikoari dagokionez, etenaldi aktiboetan inbertitzeak lagundu dezake gaixotasun-bajei eta nahasmendu muskulueskeletikoek eragindako tratamendu medikoei lotutako kostuak murrizten.


Aldaketarako gonbita


Irabaziak maximizatzeko, funtsezkoa da erakunde bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutako programak diseinatzea eta inplementatzea. Askotariko aukerak daude: hasi mugimendua erraztuko duten egokitzapen ergonomikoetatik eta profesionalek gidatutako etenaldietaraino. Izan ere, mugimendua, beharra ez ezik, etorkizuneko inbertsioa ere bada.


Jarri harremanetan gurekin, eta jakin nola inplementatu ditzakezun estrategia horiek eta nola egin dezakezun zure lan-ingurunea osasuntsuagoa eta produktiboagoa!


Erreferentziak


● Panahi, S., & Tremblay, A. (2018). “Sedentariness and health: is sedentary behavior more than just physical inactivity?”. Frontiers in Public Health, 6, 258.
● Luger, T., Maher, C. G., Rieger, M. A., & Steinhilber, B. (2019). “Work-break schedules for preving musculoskeletal symptoms and disorders in healthy workers”. Cochrane Database of Systematic Reviews, (7).
● Parry, S. P., Coenen, P., Shrestha, N., O’Sullivan, P. B., Maher, C. G., & Straker, L. M. (2019). “Workplace interventions for increasing standing or walking for decreasing musculoskeletal symptoms in sedentary workers”. Cochrane Database of Systematic Reviews, (11).
● Da Costa, B. R., & Vieira, E. R. (2008). “Stretching to reduce work-related musculoskeletal disorders: a systematic review”. Journal of Rehabilitation Medicine, 40(5), 321-328.
● Parra Vera, M. F., González Herrera, R. A., Ñiripil Árias, N. E., & Guzmán Muñoz, E. E. (2024). Efecto de pausas activas en la disminución de trastornos musculoesqueléticos de extremidades superiores en oficinistas. Revista de la Asociación Española de Especialistas en Medicina del Trabajo, 33(2), 209-217.

11/2024 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa, erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzekoa

Arau hori 2024ko abenduaren 25ean sartu zen indarrean, baina haren edukia, salbuespen batzuekin, 2025eko apirilaren 1ean sartuko da indarrean. Salbuespen horien artean daude manufaktura-industriako erretiro partzialaren aurreikuspenak.

Aldaketak manufaktura-industriako erretiro partzialen araubide iragankorrean, zeina 2029ko abenduaren 31ra luzatzen baita:

  • Erretiro partzialak irauten duen bitartean, enpresak eta langileak lanaldi osoko erretiro partzialari legokiokeen kotizazio-oinarriaren % 80ri dagokiona kotizatuko dute. Kotizazio hori gradualki aplikatuko da urtetik urtera: 2025. urtean % 40 kotizatuko da, eta 2029an % 80.
  • Aldi berean txanda-kontratua duten erretiro partzialen araudia aplikatzen jarraituko da araua betetzen duten eta 2030eko urtarrilaren 1a baino lehen sortzen diren pentsioei.
  • Langileen % 75ek baino gehiagok kontratu mugagabea izan behar dute.

Erretiro-adin arruntera iritsi gabe txanda-kontratuarekin erretiro partziala hartzen den kasurako aldaketak:

  • Erretiro partziala erretiro-adin arrunta baino bi urte lehenago hartzen denean, lehenengo urtean % 20tik % 33ra bitartean murriztuko da lanaldia. Kasu horietan, bigarren urtetik aurrera, alderdiek lanaldiaren murrizketa aldatu ahal izango dute.
  • Langileak erretiro-adin arruntarekin hartzen duenean erretiro partziala, txanda-kontratu bat egin ahal izango da; haren lanaldia, gutxienez, erretiro partziala hartu duen pertsonak hutsik uzten duena bestekoa izango da, eta denbora mugarik gabea edo iraupen jakin batekoa izan daiteke. Iraupena mugatua bada, aldi bateko kontratu horrek indarrean egon behar du erretiro partzialak irauten duen bitartean, eta, kasu guztietan, bi urtekoa izango da gutxienez. Txanda-kontratua langabezian dagoen edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratua duen pertsona batekin egingo da.
  • Txanda-kontratuak mugagabeak eta lanaldi osokoak izango dira, eta erretiro partziala amaitu ondorengo bi urteetan mantendu behar dira, gutxienez. Baldin eta txanda-kontratua erretiro partziala hartzen duen langileak erretiro osoa hartu baino lehen amaitzen bada, enpresaburuak beste kontratu bat egin behar dio baldintza beretan.
  • Lanaren eta pentsioaren bateragarritasun efektiboari esker, lana pilatu ahal izango da (asteko egunetan, hilabeteko asteetan, urteko hilabeteetan edo beste denbora-tarte batzuetan), banaka hitzartutakoaren edo, hala badagokion, negoziazio kolektiboaren arabera, haren adierazpena dena dela, lantokiko hitzarmena barne, eta inongo esparrutan ezin da haren erabilera mugatu edo eragotzi.
  • Adinak kasuan kasuan Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko (GSLO) 205.1.a) artikulua aplikatuta dagokiona baino hiru urte gutxiago izan behar du gehienez, eta, oro har, hogeita hamahiru urteko kotizazio-aldi bat frogatu behar da. Lanaldia % 25etik % 75era bitartean murriztuko da.
  • Halaber, erretiro-adin arrunta baino geroago erretiratzea sustatzeko eta erretiro aktibo deritzona bultzatzeko aldaketak egin dira araudian.
  • Araua indarrean sartu aurretik sinatzen diren txanda-kontratuak sinatzen diren unean indarrean dagoen araudiaren arabera eraenduko dira.

9/2024 Errege Lege Dekretua: Gizarte Segurantzaren arloko neurriak

sistema de cotización de autónomos

Arau hori argitaratu eta hurrengo egunean sartu zen indarrean, 2024ko abenduaren 25ean, baina kotizazio-oinarrien eguneratzeak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorio ekonomikoak, beste neurri batzuen artean.

  • Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) 2025eko LGS berria onartu arte luzatuko da. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxieneko kotizazio-oinarriak gutxieneko LGSaren ehuneko bera baino seiren bat gehiago handituko dira, eta gehieneko oinarriak ezartzeko, berriz, pentsioak goratzeko aurreikusitako ehunekoari GSLOren hogeita hemezortzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa gehituko zaio.
  • Belaunaldiarteko ekitaterako mekanismoari dagokion kotizazioa % 0,80 izango da (% 0,67 enpresaren kontura eta % 0,13 langilearen kontura).
  • 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, GSLOren 19 bis artikuluan aipatzen den elkartasun-kuota gehigarria aplikatuko da.
  • GSLOren berrogeita laugarren xedapen gehigarrian (ABEEei eta RED Mekanismoari dagozkien kotizazio-onurak) araututako kotizazio-salbuespenei dagokienez, baldintza gisa ezartzen da ukitutako pertsonak lanpostuan mantendu behar direla ABEEaren indarraldia amaitu ondoren gutxienez sei hilabetez eta gehienez bi urtez.
  • Gizarte-babesa ziurtatzeko eta kaleratzeak saihesteko laguntza-neurriak luzatzea: zuzeneko laguntzen onuradun diren enpresek ezingo dituzte justifikatu energia-kostuak handitzean oinarritutako kaleratze objektiboak; Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. artikuluan araututakoaren arabera lanaldia murrizteko edo kontratuak eteteko neurriak ezartzen dituztenek ezingo dituzte arrazoi horiek erabili langileak kaleratzeko.
  • Beste xedapen gehigarri bat, laugarrena, gehitu zaio uztailaren 26ko 13/2022 Errege Lege Dekretuari, zeinaren bidez kotizazio-sistema berri bat ezartzen baita norberaren konturako langileentzat edo langile autonomoentzat, 2025eko urtarrilaren 1etik kuotak erregulariza ez daitezen sistema publikoaren osagarri den gizarte-prestazioen kooperatiben arteko sistema bat duten langile autonomoen kasuan. Xedapen horretan bertan ezartzen da, halaber, ezen langile autonomo horiek aukeratuko dutela beren hileko kotizazio-oinarria, taula orokorreko 1. zatiko oinarri minimoaren berdina edo handiagoa izanik, eta, beraz, beren errendimenduaren arabera kotizatzetik salbuetsiak daudela eta horregatik ez dela beharrezkoa urte bakoitzeko kuotak erregularizatzea.

Pentsioak

  • Errege Lege Dekretuaren IV. tituluko I. kapituluak pentsioen goratzea du ardatz, eta % 2,8ko igoera ezartzen du, aurreko urteko abenduaren aurreko hamabi hilabeteetan kontsumoko prezioen indizearen urte arteko aldakuntza-tasen batez besteko balioan oinarrituta. Goratze hori funtsezkoa da pentsiodunen erosteko ahalmenari eusteko.
  • Pentsioen 2025eko gutxieneko zenbatekoak eta beste muga batzuk Dekretuaren I. eta II. eranskinetan daude. Garrantzitsua da azpimarratzea gutxieneko zenbatekoak ez direla pentsiotzat hartzen; aitzitik, errenta-baldintza batzuk betetzen dituzten pentsiodunei bermatzen zaizkien zenbateko ez-kontsolidagarritzat hartzen dira. Beraz, pentsio aitortuak goratzen dira, eta, baldintzak betetzen badira, osagarri bat gehitzen zaie dagokien gutxieneko zenbatekoa lortu arte.
  • Errege Lege Dekretu honetan jasotzen dira, halaber, Gizarte Segurantzaren sistemako gehieneko kotizazio-oinarriaren eguneraketa eta elkartasun-kotizazio berriaren aplikazioa, eta 2025eko urtarrilaren 1ean hasiko da aplikatzen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 19 bis artikuluan araututakoaren arabera.