Martxoaren 25ean gure 125. urteurrena ospatzearekin bat, Mutualia Sariak banatzeko ekitaldia egin dugu Gasteizko Mutualiako Erabakimen Handiko Ospitalean. Ekitaldian Mutualia Sariak, ZeroBidean Aitorpenak eta Prebentzio Begiraden Lehiaketako sariak eman dira.
Marta Barredo Mutualiako lehendakariordea arduratu da ekitaldiari hasiera emateaz, mutuaren 125 urteko historiari erreferentzia eginez eta mugarririk garrantzitsuenak nabarmenduz. Ondoren, Lourdes Iscar Osalaneko zuzendari nagusiak hau azpimarratu du bere hitzaldian: “Enpresek ere eraman behar dute prebentzioaren kultura kalera, gizartera”.
MUTUALIA SARIAK, berrikuntza eta aniztasuna
Mutualia Saria, laneko arriskuen prebentzioko Berrikuntza kategorian, Bellota Herramientas SLU enpresari eman zaio, proiektu honengatik: “DOJO (Segurtasunean entrenatzeko aretoa)”.
Arteche Lantegi Elkartea SA eta Bilbo-Basurtuko ESI finalistei accesit bana eman zaie kategoria horretan.
Mutualia Saria, Enpresako Aniztasunaren kategorian, KL katealegaia enpresarentzat izan da, proiektu honengatik: “Askotariko gaitasuneko pertsonen enplegagarritasuna lortzeko industrializazio-metodologia”.
CIC energiGUNE eta Gamesa Gearbox enpresa finalistei accesit bana eman zaie kategoria horretan.
ZEROBIDEAN AITORPENAK
Ekitaldian, ZeroBidean aitorpenak eman zaizkie Central Forestal (Smurfit Westrock) eta Trelleborg Izarra SAU enpresei, lan-istripuak murrizteko egindako lanagatik, zero istripuko azken helburua duena.
PREBENTZIO-BEGIRADEN LEHIAKETA
Eguneko beste une nabarmenetako bat izan da argazki, AAk sortutako irudi eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko bideo labur onenarentzako Prebentzio Begiraden Lehiaketaren XXII. edizioaren sariak ematekoa. Hauek izan dira irabazleak: Carlos de Cos, argazkirik onenari; David Gómez Díez, bideo laburrik onenari; eta Danel Solabarrieta, adimen artifizialaren bidez sortutako irudirik onenari.
Ekitaldia diseinatzeko, Erronka Garbia metodologia erabili dugu; hain zuzen, Mutualiak ekitaldiak antolatzeko eta garatzeko txertatua duen prozedura, ingurumenean eragiten duten inpaktua murrizten duena.
Zorionak saritutako erakunde eta pertsonei, eta gure esker ona Mutualia Sarien edizio honetan beren proiektuekin parte hartu duten hautagaitza guztiei, bai eta gure 125. urteurrenaren ospakizuna gurekin bizitzera hurbildu diren pertsona guztiei.
Abenduaren 23ko11/2024 Errege Lege Dekretuak, erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzekoak, aldatu egiten du Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, eta aldaketa horiek 2025eko apirilaren 1ean sartuko dira indarrean.Aldaketa horietako batzuek zalantzak sortu dituzte, eta zalantza horiei erantzun die Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak 2025-03-07ko txostenean.
Mutualia Sarien hamargarren ediziora aurkeztutako hautagaitza guztiak aztertu ondoren, Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzako lantaldeak hautatu ditu proiektu finalistak. Aniztasuna Enpresan kategorian, berriz, erakunde hauek aurkezturikoak hautatu ditu:
GAMESA GEARBOX
CIC energiGUNE
KL katealegaia
Eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren kategorian, honako enpresa hauek aurkeztutako proiektuak hautatu ditu:
BELLOTA HERRAMIENTAS S.L.U.
ARTECHE LANTEGI ELKARTEGIA, S. A.
BILBO-BASURTUKO ESI / OSI BILBAO BASURTO
Kategoria bakoitzeko proiektu irabazlearen berri Mutualiak martxoaren 25ean Mutualiaren Gasteizko EHOn egingo duen ekitaldian izango dugu. Ekitaldia, gainera, laneko segurtasunaren, osasunaren eta aniztasunaren arloko erreferentziazko topaketa bat izango da. Ekitaldi hori erreferentziazko topaketa izango da enpresetako segurtasunerako, osasunerako eta aniztasunerako. Guneak estandak izango ditu eta David Delacamararen emanaldia izango da.
Ekitaldi horretan, Prebentzioko Begiradak lehiaketako sariak ere banatuko dira. Sari horiek Mutualiak urtero antolatzen duen lehiaketa honetara aurkeztutako argazki, IAren irudi eta bideo guztien artean aukeratuko dira, gizartea laneko segurtasunaren eta osasunaren garrantziaz kontzientziatzeko. Sari horiek irabazi dituzten lanak egun horretan ere ikusgai izango den “Prebentzioko Begiradak” erakusketa ibiltariari gehituko zaizkio.
Martxoaren 25eko topaketari amaiera emateko, 0bIdean aintzatespenak ere emango dira; horien bidez, Mutualiak aitortza egiten die laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak murrizteko bide onean doazen eta laneko arriskuen prebentzioa egoki kudeatzen duten enpresei. Aurten, enpresa hauek nabarmenduko dira:
Urtetik urtera argi ikusten da kontziliazioarekin dugun konpromisoa; izan ere, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea errazten duten ekimenak egiten ditugu. Gainera, lan-ingurune osasungarriagoa sortzen laguntzen dute ekimen horiek. Aplikatzen ditugun neurrien artean, hauek nabarmentzen dira: lanaldi-murrizketak, lan- eta antolamendu-malgutasuna, eszedentziak eta soldatarik gabeko baimenak eta telelana.
Ziurtagiriak
Mutualiak EFR ziurtagiria du Enpresa ProAktiboa B kategorian, eta MásFamilia Fundazioak sustatutako telelanaren charterra ekimenaren parte da.
Lan-ingurune malgua eta gure langileen premietara egokitua eskaintzeko egiten dugun ahalegin etengabearen isla dira ziurtagiri horiek.
Kontziliazio-neurriak
2024an 432 kontziliazio-neurri onetsi dira, eta haietatik 337 (% 76,8) emakumeek baliatu dituzte. Agerian geratzen da batez ere emakumeek jarraitzen dutela oraindik ere horrelako neurriak hartzen, plantillan duten presentzia baino ehuneko handiagoan, gainera (2024/12/31n, % 73 ziren emakumeak). Datu horrek azpimarratzen duenez, aukera-berdintasuna eta kontziliazio-neurrietarako irispide ekitatiboa bultzatzen jarraitu behar da.
Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna
Funtsezkoa da kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren arteko desberdintasuna ulertzea. Kontziliazioaren xedea da bizitzako zenbait alderdi bateratzea, eta erantzunkidetasunak esan nahi du gizonezkoek eta emakumezkoek modu ekitatiboan parte hartzea etxeko lan guztietan, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen, jarduera pertsonaletan eta profesionaletan eta norberarentzako denboran. Mutualian, bi kontzeptuak bultzatzen ditugu, oreka zuzena eta jasangarria bermatzeko.
Izan ere, Mutualian sinetsita gaude kontziliazioa eta erantzunkidetasuna ezinbestekoak direla etorkizun hobea izateko. Lanean jarraituko dugu, ohitura horiek errealitate bilaka daitezen bizitzako alderdi guztietan, gogoan izanez, betiere, guztioi dagokigula erantzukizuna, guztionganakoa.
Gaixotasun arruntetik edo lanez kanpoko istriputik eratorritako ezintasun iraunkorraren kontingentzia, aldez aurreko patologia dagoela
Nabarmena da Gizarte Segurantzaren onuradunek lanez kanpoko istriputik eratorritako prestazio baten aitorpena lortzeko duten interesa, dela aldi baterako ezintasuna, dela ezintasuna iraunkorra, bai eta heriotzagatiko eta biziraupenerako prestazioak ere. Izan ere, prestazioak jasotzeko eskakizunak onuradunen aldekoak dira alta-egoerari edo baliokideari, aurretiko kotizazioaren eskakizunari eta prestazioen kalkulu mesedegarrienari dagokienez.
Kasu batzuetan (halakoa da aztertzen ari garen kasua), lesio batzuk eragiten dituen lanez kanpoko istripua izaten du pertsona batek, zeinak bestelako patologia batzuk baitzituen aldez aurretik, gaixotasun arruntetik eratorriak; lanez kanpoko istripu horren ondoren aitortzen da gaixotasun arruntaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra. Planteatzen da kontingentzia arruntetik eratorritako ezintasun hori gaixotasun arruntak ala lanez kanpoko istripuak eragin duen; izan ere, baja medikoaren prozesua lanez kanpoko istripu horren ondorioz hasi da, baina, ikusiko dugunez, baloratu beharko da zer jatorri duten aitortutako ezintasunaren gradua eragin duten lesioek.
Lan-istripuen testuinguruan, onuradunen egoera baloratzeaz ari garela, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156. artikuluan —bigarren zenbakiko e), f) eta g) letrak— lan-istripuaren kontzeptua zabaltzen da; hala, lan-istriputzat joko dira (eta, horrenbestez, kontingentzia horretatik eratorri gisa) istripuak eragindako lesioen ondorioz larriagotzen diren gaixotasunak edo okerrak. Baina hori, ikusiko dugunez, ez zaio aplikatzen lanez kanpoko istripuari, zeinak eskatzen baitu “bat-bateko ekintza bortitz” bat gertatzea eta ezin baita izan aldez aurretiko lesio edo okerren narriadura larritzea.
Auzitegi Gorenak duela gutxiko epai berrietan aztertu duenez (adibidez, 2024ko abenduaren 17ko epaia, doktrina bateratzeko 232/2023 kasazio-errekurtsoan oinarritua), lanez kanpoko istripua gaixotasunetik bereizten duena ez da lesioa, berdina izan baitaiteke bi kontzeptuetan: istripuetan, bat-bateko kanpoko lesio bortitz bat dago, eta gaixotasunean, berriz, osasuna pixkanaka narriatzen duten barne-prozesu batzuk gertatzen dira.
Kontuan hartu beharko dira baloratzen diren lesioak, eta ea agertuak ziren lanez kanpoko istripuaren aurretik, bai eta lesio horien jatorria istripuan ez dagoen ere; kasu horietan ez da aplikatuko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156.2.f) artikuluan xedatutakoa. Auzitegi Gorenaren doktrinaren arabera, langileak aldez aurretik zituen gaixotasun eta oker horiek lan-istriputzat jo daitezke, egoeraren larriagotzea lantokian eta laneko denboran gertatzen bada edo lan-istriputik eratorritako patologiaren ondorioz; baina ez da gauza bera gertatzen lanez kanpoko istripuarekin, beti eskatzen baitu bat-bateko ekintza bortitz bat gertatzea eta ezin baita izan aldez aurretiko lesio eta okerren narriadura larritzea..
Beraz, patologia zehaztasunez aztertu beharko da beti, eta kontingentzia profesionalaren kontzeptua ezin da zabaldu lanez kanpoko istripuetara.
Auzitegi gorenaren epaia, 2025eko otsailaren 3koa (doktrina bateratzeko 85/2025 kasazio-errekurtsoa)
Errekurtso honetan galdera hau planteatzen da: lan-istriputzat jo daitekeen miokardio-infartu batetik eratorritako aldi baterako ezintasuna. Langileak aurreko igandean min zentrotorazikoa izan zuen, eta osasun-etxera joan zen; han adierazi zioten ospitalera joan behar zuela, baina ez zen joan. Gainera, ez zen jasota geratu hurrengo egunean laneko orduetan eta tokian inolako ohiz kanpoko ahaleginik egin behar zuenik.
Langilea besteren konturako igeltseroa zen. Astelehenean, lanean hasi zenean, gaizki sentitu zen; ospitaleko larrialdi-zerbitzura eraman zuten, eta miokardio-infartua diagnostikatu zioten. Aurreko egunean (igandea), langileak min zentrotoraziko arina izan zuen —opresioa sentitzen zuen— egun osoan, irradiaziorik eta goragale eta izerdi hotzik gabe. Osasun-etxean izan zen, non esan baitzioten ospitalera joan behar zuela, osasun-langileekin batera, baina ez zuen halakorik egin.
Asteleheneko lanaldia hastean, materiala prestatu zuen eta igeltsero-ofizialari lagundu zion alikatatzen eta morteroa jartzen.
Aurreko urtean stent bat jarri zioten.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) lan-istriputik eratorritako aldi baterako ezintasunaren prozesua aitortu zuen; horren harira, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutuak demanda bat jarri zuen; Cádizko Lan Arloko Auzitegiaren 2019ko maiatzaren 20ko epaiak demanda hori baietsi zuen eta GSINen ebazpena ezeztatu zuen; gainera, aldi baterako ezintasuna kontingentzia arruntetik eratorria zela aitortu zuen.
Lan Arloko Auzitegiaren epaiak kontuan hartu du langileak egiteko arruntak egiten zituela lanean, eta irizten dio ez zela ohiz kanpoko ahaleginik egin behar egiteko horietan.
Langilea hil egin zen, eta haren alargunak jarraitu zuen prozedurarekin, erregutze-errekurtsoa jarriz Lan Arloko Auzitegiaren Epaiari . Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak (Sevillan du egoitza), 2022ko otsailaren 14ko epaian, errekurtsoa baietsi zuen, eta epaia ezeztatu, aldi baterako ezintasuna lan-istriputik eratorri zela adieraziz.
Justizia Auzitegi Nagusiak errekurtsoa baietsi zuen arren, ez zuen baietsi egin nahi zen aldaketa faktikoa (frogatutako egitateetan sartzea langilea astelehenean zolarria deskargartzen ari zela), irizten baitio instantziako organoari bakarrik dagokiola frogak batera baloratzea.
Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, errepikatzen den doktrina bati jarraituz, infartua aurreko egunean hasi bazen ere, lanean hasi ondoren areagotu ziren sintomak, eta orduan utzi behar izan zuen laneko jarduna eta ospitalera joan; horrenbestez, ezin da alde batera utzi lanak eragina izan zuela aldez aurretik hasitako krisialdia larriagotzean.
Mutua arduradunak kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Gorenak, bere epaian, Auzitegi Goreneko Laugarren Aretoaren doktrina zabala berrikusi zuen; baloratu zuenez, ez da ezinbestekoa lesioa egindako lanaren ondoriozkoa izatea, baizik eta lantokian izan behar du, eta lan egitearen ondorioz. Bestalde, adierazi zuen presuntzioa ez dela baztertzekoa langilea lehenagotik gaixorik zegoela egiaztatu delako edo sintomak lanean hasi aurretik agertu zirelako. Ondorio horietarako, baloratzen dena ez da lanaren ekintza lesio kardiakoaren kausa gisa, ez bailitzateke hautemango, lesio horien etiologia komuna dela eta; baloratzen da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 156.2.f) artikuluaren esparruan, lanaren ekintza krisia eragin duen faktore gisa, krisiak eragiten baitu beharraldi babestua. Eta lanaren ekintza posible horrek bere alde du GSLOren 156.3 artikuluko legezko presuntzioa, eta ezin da baztertu gaixotasuna lehenagotik zetorrela frogatzeagatik bakarrik. Izan ere, hala balitz ere, krisialdia izan behar da kontuan babesaren ondorioetarako, eta ez aldez aurretiko gaitza.
Orain arte erantzun hori eman du behin eta berriz Auzitegi Gorenak, baina kasu honetan erantzuna desberdina da. Izan ere, doktrina hori kontuan hartuta, aztertzen ari garen kasu zehatza baloratu du eta GSLOren 156.4.b) artikuluan xedatutakoa aplikatu du, zeinean esaten baita ez dagoela lan-istriputzat jotzerik istripua izan duen pertsonaren zuhurtziagabetasun ausartegia tartean dela gertatutako istripua. Osasun-zerbitzu publikoan emandako preskripziotik infartua gertatu zen unera igarotako denbora-tarte laburra eta halako gomendio larriaren (ospitalera joatea osasun-langileekin batera) eta krisialdi kardiobaskularra gertatu zen unearen (lan-jarduera hasi eta ordu gutxira) artean lan-ahalegin handiko tarterik ez izatea ere bat datoz aurreikuspen honekin, eta medikuen argibideei kasurik egin gabe lanera joaten den pertsonak arrisku larrian jartzen du bere osasuna; halaber, jokatzeko modu horrekin eta orain arte azaldutakoarekin, epaitegiaren iritziz, GSLOren 156.3 artikuluko presuntzioa are gehiago hutsaltzen da.
Auzitegi Gorenak prozedura honetako gertaerak baloratu ditu; eta, batez ere, adierazitako GSLOren 156.3 artikuluan xedatutako presuntzioak aurkako frogak onartzen dituela. Horregatik, epai honek ez du aldatzen infartua lan-istripu gisa jotzeari buruzko doktrina klasikoa, baina presuntzioaren balioa kasu bakoitzeko gertaerak kontuan hartuta baloratzen da; Auzitegi Gorena hirugarren instantzia gisa aritu da.
Mutualian, pazientearen gogobetetzea da gure osasun-laguntzaren ardatzetako bat. Laguntza-zerbitzuaren kalitateari buruzko galdetegiaren emaitzen arabera, gogobetetze globala % 94 baino handiagoa da. Datu horrek berretsi egiten du erabiltzaileen arreta hobetzeko eta horretan bikaintasuna lortzeko dugun etengabeko konpromisoa.
Emaitza aipagarriak
Hauek dira adierazle aipagarrienak, besteak beste: itxarote-denbora, jasotako arreta, instalazioak eta tratua (azken horrek 9,05 puntu lortu ditu lehen aldiz).
Itxarote-denbora: Joera positiboari eutsi zaio, eta 8,91ko batez besteko nota erdietsi da. Horrek erakusten du inplementatutako kudeaketa-sistema eraginkorra dela.
Informazioa: Gardentasunak eta komunikazio eraginkorrak indargune izaten jarraitzen dute, 8,87ko batez besteko puntuazioarekin.
Arreta pertsonalizatua: Tratu goxo eta profesionalak balorazio handia izaten jarraitzen dute, eta 9,05eko batezbestekoa lortu dute.
Instalazioak: Instalazioen erosotasunak eta segurtasunak estandar handia izaten jarraitzen dute, eta 9,13 puntu lortu dituzte batez beste.
Balorazio orokorra: Pazientearen gogobetetze orokorrak 8,74 puntu lortu ditu.
Ondoen baloratutako zerbitzuak
Ospitalizazioa (9,53)etaErrehabilitazioa eta Fisioterapia(8,95) zerbitzuek baloraziorik onena izaten jarraitzen dute; horren atzetik daude Kontingentzia Profesionaleko (KP) Kontsultak eta Larrialdiak (8,81) eta Kontingentzia Arrunteko (KA) Kontsultak (8,74).
Gomendatze-indize garbia (NPS) – Net Promoter Score
Mutualiaren osasun-eremu osoko NPS indizea % 57,15ekoa da. Indize hori kalkulatzeko, kenketa bat egin behar da: 1etik 6ra bitarteko puntuazioa eman diguten paziente gaitzesleen ehunekoa ken 9 eta 10 puntu eman dizkiguten paziente sustatzaileen ehunekoa.
Gomendatze-ehunekoa (sustatzaileak)
9 eta 10 puntu eman dituzten pazienteen ehunekoari dagokienez, % 68,11 lortu da KPn, eta % 65,05 KAn; horrek erakusten du hobekuntza bat egon dela eta gomendatze- eta gogobetetze-mailak handiak direla.
Mutualiak kalitatearekin, etengabeko hobekuntzarekin eta pazientea ardatz duen arretarekin duen konpromisoa berresten du, eta, besteak beste, gertutasunean, efizientzian eta profesionaltasunean nabarmentzen da.
Hau izan da “BBK ESG Hub Cámarabilbao” Sarien lehen edizioa, ESG irizpideen integrazioan nabarmentzen diren erakundeak aintzatesten ditu.
Hauek izan dira saritutako enpresak:
Ingurumen-Berrikuntza Saria: Tubos Reunidos Group, ingurumenaren zaintzan eta deskarbonizazioan duten ikuspegi bereziagatik, ekimen propio eta berritzaileen bitartez.
Aipamen berezia BROMALGAE enpresari.
Berrikuntza Sozial Jasangarria Saria: Mutualia, alderdi sozialetan egindako lanagatik eta ibilbideagatik.
ESG irizpideak hobekien integratzen dituen ETE Saria: Zabalgarbi, bere kudeaketa-ereduan jarduera etikoak, ingurumenekoak eta sozialak ezartzeagatik.
Mutualiak sari hau jaso du bere aniztasun-proiektuaren aintzatespen gisa, balio estrategiko gisa ezarria eta bere interes-talde guztiei bideratua. Myriam Rabanal eta Mónica Carballo Mutualiako Aniztasun Batzordeko kideek jaso dute saria. Berdintasun-, aniztasun- eta inklusio-politikek Mutualiarentzat duten balio estrategikoa azpimarratu dute. Halaber, Mutualiako taldeek jasangarritasuna bultzatzeko egiten duten lana eskertu dute.