Patologia kardiobaskularra da munduan heriotza-kausa nagusia. Prebentzio Kardiobaskularraren Europako Egunaren esparruan, Nazio Batuek 2011n abiarazitako eta World Heart Federationek sustatutako The Heart 25 by 25 kanpainaren berri ematen dugu. Ekinaldiaren helburua da gaixotasun kardiobaskularrek eragindako bi milioi heriotza baino gehiago saihestea 2025erako. Ekimen horrek bihotzarekin lotutako hainbat elkarte eta fundazioren babesa du, hala nola Espainiako Bihotzaren Fundazioarena (FEC).
Prebentzio Kardiobaskularraren Europako Egunak arrisku-faktore nagusiak zein diren gogoratzeko balio digu; halaber, gure bihotza zaintzearen eta bizitza pertsonalean zein lan-ingurunean ohitura osasungarriak hartzearen garrantziaz hausnartzeko unea da.
Arrisku-faktore nagusiak
- Hipertentsioa. Zenbat eta presio arterial handiagoa izan, orduan eta arrisku handiagoa dago gaixotasun kardiobaskularrak izateko eta horien ondoioz hiltzeko.
- Kolesterola: Kolesterol-maila altuek bikoiztu egiten dute bihotzekoa izateko arriskua, maila normalekin konparatuta.
- Obesitatea: Gorputz-masaren indize (GMI) altua izatea hilkortasun handiagoarekin lotuta dago, batez ere arrazoi kardiobaskularrengatik.
- Sedentarismoa: Kardiopatia iskemikoa izateko arriskua areagotzen du, eta beste arrisku-faktore batzuk larriagotzen ditu, hala nola obesitatea eta hipertentsioa.
- Alkohola: Alkohol gehiegi edateak ondorio larriak ditu gorputzean, eta eragin negatiboa du presio arterial altuan
- Tabakoa: Erretzeak gaixotasun koronarioak izateko aukera hirukoizten du.
- Diabetesa: Diabetesa duten pertsonek gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko probabilitate bikoitza, hirukoitza edo laukoitza dute.

Arrisku kardiobaskularraren prebentzioa lan-ingurunean
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalaren Lan-baldintzen Behatokiaren arabera, gaixotasun kardiobaskularrak dira lanaldian lan-istripuek eragindako heriotzen kausa nagusia, eta horrexegatik gertatu ziren 2022. urtean lan-arrazoiengatik izandako heriotza guztien % 40 baino gehiago.
Lan-istripuen Mutuen Elkartearen (AMAT) arabera, gaixotasun kardiobaskularrek 70.000 aldi baterako ezintasun-prozesu eragiten dituzte urtean; normalean iraupen luzekoak izaten dira, eta lana garaia baino lehen utzi behar izatea eragiteko probabilitate handia izaten dute.
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak enpresan bihotzeko gaixotasunak prebenitzeko eta osasun kardiobaskularra hobetzeko estrategia bat diseinatzeko gomendio nagusiak jasotzen ditu argitalpen honetan: NTP 1191: Salud cardiovascular: recomendaciones para su gestión en el ámbito laboral – 2024. urtea; Ekintza horiek alderdi hauetara bideratuta daude: lan-baldintzak, sentsibilizazioa eta prestakuntza, osasuna zaintzea eta lanera itzultzea.
MUTUALIAON!
Mutualiak ohitura osasungarrien MutualiaOn! eredua sustatzen jarraitzen du, pertsonen osasunaren kudeaketa partekatuan oinarritua. Mutualiak, enpresek eta langileek helburu komun bat dute: langile guztien osasuna eta ongizate fisiko eta mentala hobetzea.


