Urtero, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Mundu Eguna ospatzen da apirilaren 28an Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LNE) sustatuta. Egun hori aprobetxatu nahi izaten da laneko istripuak eta laneko gaixotasunak prebenitzeak duen garrantziari ikusgarritasun handiagoa emateko, edozein delarik enpresen tamaina eta sektorea, izan publikoak zein pribatuak.
Aurtengo mundu-egunaren ardatza izango da aztertzea digitalizazioak eta adimen artifizialak (AA) nola eragiten dioten langileen osasunari eta segurtasunari gai hau oinarri hartuta: “Iraultza segurtasunaren eta osasunaren sektorean: AAren eta digitalizazioaren zeregina lanean”. EU-OSHA erakundeak ere gai hori aztertuko du “Lan seguruak eta osasungarriak aro digitalean” izeneko bere kanpainan, eta arreta berezia eskainiko dio langileak AAren bidez kudeatzeari. Kanpaina horren berri zabaldu genuen Lan seguruak eta osasungarriak aro digitalean, 2023-2025. JARDUNBIDE EGOKIETARAKO SARIAK, eta gure dokumentazioa eskaini genuen Plataforma digitaletako lanetarako.
Egun horretan, Mutualiak bat egiten du LNEren kanpainarekin, eta bere laguntza eskaintzen die zenbait enpresa elkarturi nahi dituzten ekimenekin ospa dezaten osasunaren eguna, astea, hilabetea, edo nahi dutena.
Adibidez:
Easo Politeknikoari, “Prebentzio Begiradak” argazki-erakusketan erabilitako panelak utzi dizkiogu.
EITBri AHOTSA ondo erabiltzeko arrisku-faktoreen eta prebentzio-neurrien gure eskuliburua bidali diogu osasunaren astean erabil dezan; datuak bistaratzeko pantailen erabilerari buruzko informazioa eta lanpostuan etenaldi aktiboa egiteko ariketa fisikoetarako errutina batzuk ere bidali dizkiogu.
ASK CHEMICALi zenbait material bidali diogu osasunaren hilabetean erabil dezan, hala nola bulegoetan etenaldi aktiboa egiteari buruzko informazioa, elikadura osasungarriari buruzko infografiak eta adinarekin narriadura fisikoa eta kognitiboa prebenitzeko eta hobetzeko jarraibideak.
ArcelorMittal Sestaori zenbait jarduera eskaini dizkiogu, hala nola elikadura osasungarriari buruzko hitzaldi bat, nahasmendu muskulu-eskeletikoekiko sentsibilizazio-jardunaldi bat eta lanpostuan etenaldi aktiboa egitea. Siemens Gamesa Renewable Energy Eólicari ere halako jarduerak eskaini dizkiogu.
BELLOTA HERRAMIENTAS SLUk Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren 2025eko Mutualia Saria jaso du, “DOJO (segurtasuneko entrenamendu-gela)” proiektuagatik
Elkarrizketa egin diegu Bellota Herramientaseko Montse Cartañàri (Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria) eta Carlos Aranari (Sistemetako zuzendaria).
Bellota. Hasiera eta jarduera
Bellota Herramientasek ibilbide luzea du kalitate handiko esku-erremintak fabrikatzen. Patricio Echeverríak sortu zuen 1908an Legazpin (Gipuzkoa, Euskadi, Espainia). Hasieran, pieza forjatuak ekoizten zituen konpainiak, nekazaritzaren sektorerako eta industriarako.
Haren produktuak beti izan dira gogorrak eta iraunkorrak, ezkurra bezala, eta hortik datorkio “Bellota” izena.
Bellota erreminta-aukera zabalduz joan da, eta sektore askotara iritsi da, hala nola nekazaritzara, eraikuntzara, segurtasun-oinetakoen sektorera, lorezaintzara eta industriara.
Erreferentziazko marka bihurtu da, bai Espainian, bai nazioartean, etengabe sustatzen dituelako berrikuntza, fabrikazio-prozesuetako kalitatea eta azken erabiltzailearekiko hurbiltasuna.
Bellotak bere presentzia globala sendotu du, eta jasangarritasun- eta ergonomia-irizpideak integratu ditu bere erreminten diseinuan.
Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta 1.950 langile eta 14 ekoizpen-instalazio ditu.
Nola kudeatzen da laneko arriskuen prebentzioa Bellota Herramientasen eguneroko lanean?
Bellotan, modu jarraituan eta egituratuan kudeatzen da laneko arriskuen prebentzioa, erakundearen eguneroko lanean integratutako ekintzen bitartez. Hasieratik, segurtasuna erdigunean kokatzen da: Montsek hasierako harrera egiten die langile berriei, eta, DOJO espazioan, langile adituek ere lagunduta, prozesuetara eta jardunbide egokietara ohitzen dira. Gero, Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak bigarren harrera egiten du, arrisku espezifikoen ebaluazioan eta substantzia kimikoen erabilera seguruan ardaztua.
Prebentzioaren kultura egunero sendotzen da saileko bileretan, zeinetan segurtasuna baita beti gai-zerrendako lehenengo gaia. Bilera horietan, ekintza ez-seguruak aztertzen dira, azkenaldiko gertakariak berrikusten dira, eta hobetzeko neurriak proposatzen dira; zeregin horietan, zuzenean hartzen dute parte Montsek eta tartean diren langileek.
Gainera, aldizkako segurtasun-ikuskapenak egiten dira, eta gainbegiraleek, batzordekideek eta funtsezko beste eragile batzuek aktiboki parte hartzen dute.
“Dinamika horri esker, gure lan-ingurunean langile guztiek oso sentsibilizazio handia dute segurtasunarekiko, eta lasai ematen dute arrisku posibleen berri; horrela, etengabe hobetzen dugu.”
Nola lortzen duzue langileak segurtasun-gaietan trebatzea eta haiekiko sentsibilizatzea?
Bellotan, zeharka eta etengabe heltzen zaie segurtasunaren arloko sentsibilizazioari eta trebakuntzari: teoria eta praktika konbinatzen dira, eta hasieratik sustatzen da prebentzioaren kultura. Gakoa da segurtasuna eguneroko bizitzan integratzea eta enpresaren DNAren parte bihurtzea.
Enpresan sartzen denetik, langile berriari kontu handiz diseinatutako harrera-prozesua egiten zaio, eta egunero sendotzen da, sailetako bileretan, zeinetan tarte espezifiko bat egoten baita segurtasunarekin erlazionatutako alderdiak aztertzeko, azkenaldiko gertaeretan ikasitakoak partekatzeko, eta jardunbide egokiak indartzeko; orobat, trebakuntza espezifikoak ematen zaizkio askotariko segurtasun-gaietan (ATEX, goratze-bitartekoak, arrisku elektrikoak, eskorgak, kargen manipulazioa…), eta sentsibilizazio-kanpainak egiten dira hainbat euskarritan (WhatsApp, pantailak, mezu elektronikoak…).
“Funtsezkoa izan da partaidetza-ikuspegi iraunkor eta hurbil horri eustea Bellotako langile guztiak segurtasuna hobetzeko prozesuaren parte aktibo sentitu daitezen.”
Zertan datza “DOJO (segurtasuneko entrenamendu-gela)”, berrikuntzaren kategorian 2025eko Mutualia Saria irabazi duen proiektua?
“Ingurune seguru eta konfiantzazko bat sortzean datza DOJO: 11 lan-estazio ditu, eta haietan egiten dira trebakuntzak, harrerak, istripuen analisiak, birziklapenak…”
Hamaika estazio horiek prebentzioarekin erlazionatutako gaurkotasun-gaiak lantzen dituzte, hala nola kargen kudeaketa, seinaleztapena, esku-erreminten eta erreminta motordunen kudeaketa, NBEen erabilera, pieza beroekin matxardak nola erabiltzen diren…
Proiektu horrek indarrean jarraitzen du, eta, orain, beste bi estazio zabaltzeko asmoa dugu produktu kimikoen erabilerari eta ATEX eremuen segurtasunari eta eskakizunei buruz.
Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen ezartzen?
Bellotako gaur egungo trebakuntza-eredua ekarri zuen proiektua duela hiru urte sortu zen, eta enpresak Japoniara egindako bisita baten emaitza da; bidaia hartan, enpresak hurbiletik ezagutu ahal izan zituen lean manufacturing edo ekoizpen doituaren zenbait jardunbide egoki. Bidaia hartan, Bellotako taldeak industria-inguruneari aplikatutako DOJO baten funtzionamendua ezagutu zuen; eremu hori trebakuntza praktikorako eta etengabeko hobekuntzarako da.
Hain inspiratzailea izan zen esperientzia, ezen ideia hori Espainiara ekartzea eta Bellotaren instalazioaren errealitatera eta behar espezifikoetara egokitzea erabaki baitzen. Helburu nagusia zen trebakuntzaren ikuspegia erabat aldatzea, eta eredu nagusiki teoriko batetik esperientzian oinarritutako eta lanpostuan ardaztutako eredu praktiko batera pasatzea.
Gainera, eredu berriak zuzenean eta nabarmen hurbildu nahi zuen segurtasuna langileengana, eta hasieratik ikaskuntzaren funtsezko zati gisa integratu.
Egun, DOJO eremu hori funtsezko tresna bihurtu da langile berriak gaitzeko eta taldea etengabe hobetzeko, eta bat dator eraginkortasunaren, kalitatearen eta prebentzioaren printzipioekin.
Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?
DOJO eremua eta trebakuntzaren ikuspegi praktiko berria ezarri zenetik, Bellotak hobekuntza esanguratsuak izan ditu segurtasunaren eta laneko osasunaren arloan. Lorpen nagusietako bat izan da handitu egin dela prebentzioaren kontzientzia langileen artean; hala, modu inkontzientean haien eguneroko lanaren parte ziren egoera ez-seguru asko identifikatzen eta zalantzan jartzen hasi dira.
Pentsamolde-aldaketa horrek eragin zuzena izan du arriskuen murrizketan.
2024an bakarrik, langileak aktiboki parte hartzeari esker, 250 ekintza ez-seguru baino gehiago identifikatu eta zuzendu dira. Esku-hartze horiei esker, argi eta garbi murriztu da laneko istripuen kopurua, eta bat egin ahal izan da enpresaren lehentasunezko helburuarekin: Bellota osatzen duten pertsona guztien segurtasuna eta osasuna bermatzea.
“Trebakuntza praktikoa, parte-hartze aktiboa eta konpromiso kolektiboa konbinatuta, konpainiaren eguneroko laneko funtsezko elementu bihurtu da prebentzioa, eta segurtasun tinko, jasangarri eta partekatuaren kultura sendotu da.”
Ezar liteke proiektuaren eredua beste enpresa batzuetan?
Bellotaren esperientziak erakusten duenez, ezarritako eredua, eraginkorra izateaz gain, beste enpresa eta industria batzuetan ezartzeko modukoa ere bada. Trebakuntza praktikoan, langileen parte-hartze aktiboan eta segurtasunaren eguneroko integrazioan oinarritutako ikuspegi horrek emaitza neurgarriak erakutsi ditu arriskuen murrizketan eta langileen kontzientziazioan.
“Eredu hau Japonian ikusitako jardunbide egokietan oinarrituta dago, eta ezin hobeki egokitu da Bellotaren errealitatera. Erreferentzia baliagarria izan daiteke beren prebentzio-kultura eraldatu nahi duten erakundeentzat. Kontua ez da inbertsio handiak egitea, baizik eta ikuspegia aldatzea: teoriatik praktikara igarotzea, pertsonei protagonismoa ematea, eta segurtasuna balio partekatu bihurtzea”
Gainera, sistema malgutasunez egokitzen da hainbat sektoretara, haren printzipioak —esperientzian oinarritutako trebakuntza, behaketa zuzena, ohitura ez-seguruen zuzenketa eta etengabeko komunikazioa— unibertsalak baitira edozein lan-ingurunetan. Zalantzarik gabe, Bellotaren esperientziak ibilbide-orri inspiratzailea eskaintzen du lan-ingurune seguruagoak, parte-hartzaileagoak eta eraginkorragoak lortzeko bidean aurrera egiteko.
AUTONOMOEK BA AL DUTE EZINTASUN IRAUNKOR BATEN ONDORIOZKO PRESTAZIOAK JASOTZEKO ESKUBIDERIK, GIZARTE SEGURANTZAREKIN KOTIZAZIO-ZOR GERORATUAK BADITUZTE?
Horretarako, lehenik eta behin, kontsultaren xede den gaia arautzen duen araudiari heldu behar diogu.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 193.1 artikuluak, GSLOren 194. artikuluarekin lotuta, honela definitzen du kotizaziopeko ezintasun iraunkorra: dagokion tratamendua egin ondoren, lanerako gaitasuna murrizten edo deuseztatzen duten murrizketa anatomiko edo funtzional larriak dituen langilearen egoera, hura hainbat mailatan sailkatuta (partziala, osoa, absolutua eta baliaezintasun handia).
Bestalde, Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia arautzen duen abuztuaren 20ko2530/1970 Dekretuaren 28. artikuluak ezartzen duenez, prestazioak jasotzeko eskubidea izateko, langileak egunean izan beharko ditu kotizazioak.
Era berean, Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onesten duen ekainaren 11ko1415/2004 Errege Dekretuaren 31.3 artikuluak aurreikusten duenez, geroratutako zorrak emanez gero, eten egingo da bilketa-prozedura, eta zordunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela joko da, diru-laguntzak, hobariak, erantzukizun-salbuespenak eta abar lortzeari dagokionez.
Azkenik, Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra aplikatzeko eta garatzeko arauak ezartzen dituen maiatzaren 25eko1562/2005 Ministro Aginduaren 171.1 artikuluak atzeratutako kuoten geroratzea gizarte-kotizazioen ordainketan egunean egotearekin parekatzen du, prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzeari dagokionez.
Kontsultaren xede den gaia ez da Gizarte Segurantzarekin zorrak dituen langile batek ezintasun iraunkorreko prestazio bat jasotzeko eskubidea ote duen, erantzuna zalantzarik gabe ezezkoa baita. Argitu beharreko gaia da ea eskubiderik badagoen Gizarte Segurantzarekiko zorrak geroratuz gero.
Hortik aurrera, eta logikari jarraituz, geure buruari galdetu behar diogu gerorapen hori gertaera eragilearen dataren aurretik edo ondoren eskatu den, edo, bestela esanda, prestazioa aitortzea ekar lezakeen onuradunaren premia-egoeraren edo egoera patologikoaren aurretik edo ondoren eskatu den. Langilearen babesa gertatuko da geroratzeko eskaera gertaera eragilearen data baino lehen egiten denean.
Hori da Auzitegi Goreneko Gizarte-arloko Salak maiatzaren 5eko 98/2025 Epaian hartutako irizpidea, zeinak doktrina bateratzen baitu, jurisprudentzia-ildo finkatu bat aldatzea eragozten duten segurtasun juridikoaren eta berdintasunaren printzipioak argudiatuta.
Auzigaia udal-arkitekto baten eta toki-korporazio bateko alkatearen arteko lan-desadostasunei buruzkoa da. Urteetan zehar, arkitektoak hainbat gatazka izan zituen bere nagusiarekin, kaleratze-mehatxuak eta bulego-aldaketak barne, eta horrek lan-giro txarra sortu zuen. Aldi berean, arkitektoak antsietate- eta depresio-sindromea eta erreakziozko depresio-nahasmendu handia izan zituen lan-egoeraren ondorioz, eta, horregatik, mediku-baja luzea izan zuen.
Prozeduraren itera ebazpen judizial hauetan oinarritzen da:
Zigor-arloko Epaitegiaren epaia(2020ko azaroak 4): Don Benitoko Zigor-arloko 1 zenbakiko Epaitegiak alkatea kondenatu zuen osotasun moralaren aurkako delituagatik (laneko jazarpena) eta lesio-delituagatik, eta espetxe-zigorra eta gaitasungabetzea ezarri zizkion, arkitektoari kalte-ordaina emateaz gain.
Badajozko Probintzia Auzitegiko Zigor-arloko Salaren epaia (2022ko martxoak 21): Kondenatuak epaia apelatu zuen, eta Badajozko Probintzia Auzitegiak (3. sekzioa) kondena baliogabetu zuen, delituetatik absolbitu zuen eta kalte-ordaina ondoriorik gabe utzi.
Kasazio-errekurtsoa Auzitegi Goreneko Zigor-arloko Salan (2025eko otsailak 6): Udal-arkitektoak kasazio-errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenean, Zigor Kodeko zenbait artikulu ez aplikatzeagatik legea urratu zuela argudiatuta. Auzitegi Gorenak ezetsi egin zuen kasazio-errekurtsoa, eta berariaz kondenatu zuen kostuak ordaintzera.
Auzitegi Gorenak errekurtsoaren arrazoiak aztertu zituen, zeinak manu hauek ez aplikatzean zentratzen baitziren:
Zigor Kodearen 173.1 artikulua: osotasun moralaren aurkako delitua tipifikatzen du, barnean hartuta laneko jazarpena. Laneko jazarpentzat hartzeko, hierarkian gorago dagoen batek langilearen osotasun moralaren aurka egiten duen jokabide errepikatua gertatu behar da.
177. artikulua, Zigor Kodearen 147. artikuluarekin lotuta: lesio-delitua arautzen dute. Lesioengatiko kondena batek kausalitate-harremana eskatzen du laneko jazarpen-delituaren eta biktimak jasandako kaltearen artean.
109. artikulua, Zigor Kodearen 116. artikuluarekin lotuta: delituen ondoriozko erantzukizun zibila ezartzen dute. Lesio-delitua egiaztatzen ez bada, ez da kalte-galerengatiko kalte-ordainik emango.
Prozedura Kriminalaren Legearen (PKL) 849.1 artikulua: Legea hausteagatik kasazio-errekurtsoa jartzeko aukera ematen duen arau prozesala.
Auzitegi Gorenak adierazi duenez, ez zen egiaztatu hasieran kondenatutako pertsonaren jazarpen-jokabide sistematiko eta errepikaturik, laneko jazarpen-mota penalaren barruan sar zitekeenik. Frogatutako gertaerek lan-eremuko gatazkak eta tentsioak deskribatzen dituzte, baina ez hierarkikoki mendekoa den pertsonaren osotasun morala arriskuan jartzea helburu zuten aurkako ekintza umiliagarriak. Ekintza horiek nabarmen larriak izan behar dute, eta larritasun hori ezin da finkatu soilik kontuan hartuta jazarpena jasaten ari dela esaten duenaren pertzepzio pertsonala.
Laneko jazarpen gisa tipifikatutako jokabiderik ez dagoenez, ezinezkoa da jazarpenarekin lotutako lesio-delitu bat egitea. Deliturik egin dela egiaztatu ez denez, ezin da hartu kalte-galerengatik kalte-ordaina emateko erabakirik ere.
Epaiak azpimarratzen du argi eta irmo egiaztatu behar dela laneko jazarpen sistematikoa egon dela. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela inguruabarren azterketa sakona egitea, salatzailearen jokabidea barne, laneko jazarpenaren delituaren konfigurazioa zehazteko. Horri dagokionez, ohartarazi du halaber lan-gatazka testuinguru administratibo zail batean gertatu zela, zeinean bizilagunek kritikak egin baitzizkioten udal-arkitektoaren jarduera profesionalari eta egiteke zeuden lanak egiteko beste teknikari batzuk kontratatu behar izan baitziren.
Apirilaren 22an, Ama Lurraren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, ingurumena zaintzearen garrantzia gogorarazteko egun bat. Lehen aldiz 1970ean ospatu zenetik, karbono gutxiko mundu bateranzko trantsizioa sustatzeko eta berotze globalarekiko sentsibilizatzeko deia izan da egun hori.
Jasangarritasuna erantzukizun bat dela ulertzen du Mutualiak. Gure konpromisoa da neurriak hartzen jarraitzea, etorkizuna garbiagoa eta jasangarriagoa izan dadin, bereziki ingurumenaren arloan.
Zer egiten dugu horren alde?
Berotegi-efektuko gas-isurpenak murriztu
Teknologia eraginkorragoak eta jasangarriagoak ezartzen ditugu gure zerbitzu eta eraikin guztietan, eta, horri esker, gure ingurumen-inpaktua murritz dezakegu, eta gure eraginkortasuna hobetu. Hor sartzen dira, besteak beste, berokuntzaren eta aire girotuaren kontsumoa kontrolatzea.
Gehiago ekoizten dugu baliabide gutxiagorekin eta ingurumen-inpaktu txikiagoa eraginez.
Energia berriztagarriak erabili
Energia berriztagarriak erabiltzen ditugu iturri ez-berriztagarrien ordez; horrek ingurumen-onura ugari ditu, hala nola berotegi-efektuko isurpenak murriztea, kutsadura gutxitzea, jasangarritasuna handitzea, tokiko garapena sustatzea eta independentzia energetikoa areagotzea.
Ikuspegi integral eta konpromiso jasangarri horrek barnean hartzen du langileak sentsibilizatzea.
Baliabideak eraginkortasunez erabili
Eskuragai dauden baliabideen erabilera optimizatzen dugu, ahalik eta gutxien xahutuz lortzeko emaitzak; besteak beste, uraren kontsumo arduratsua eta erosketa arduratsua sustatzen ditugu.
Ahalik eta baliabide gutxien erabiliz errendimendu maximoa lortzen dugu; funtsezko helburua da hori epe luzera arrakasta izateko eta jasangarritasuna lortzeko.
Ekonomia zirkularra
Ekonomia linealak baliabide-eskasiara eta hondakin-kantitate handiak sortzera garamatza, eta horrek ingurumen-inpaktu jasanezina eragiten du.
Gure instalazioetan, sortutako hondakinak bereizten eta kudeatzen ditugu, eta beste bizitza bat ematen diegu baztertutako edo alde batera utzitako ondasunei.
Hornitzaileekiko lankidetza
Jasangarritasunarekiko gure konpromisoak berekin dakar gure erosketa- eta kontratazio-prozesu guztietan ingurumen-irizpideak ezartzea; hortaz, funtsezkoa da gure hornitzaileekin elkarlanean aritzea. Adibidez, ekipamendu informatikoa hornitzeko espedientean, eskaintzen dizkiguten ekipamenduen ingurumen-balioa frogatzen duten ziurtagiriak edo ezaugarriak aurkezteko eskatzen diegu enpresa lizitatzaileei.
Askotariko alderdiak baloratzen dira; besteak beste, energia aurrezteko aukera ematen duten funtzionamendu-moduak, beroa disipatzeko ezaugarri onenak, eta substantzia kaltegarrien isurpen-maila txikiak. Hala, ingurumen-inpaktu txikiagoa izatea bermatzen da.
Mutualiako osasun-zentroen ordutegia aldatu egingo da 2025ko Apirilaren 14tik (astelehenetik) 25era (ostiralera) (biak barne), zentroek ordutegi honetan jardungo dute:
Salbuespena Azkoitiko Zentroa izango da, itxita egongo baita.
Ordutegia: 8: 00etatik 15:30era
Ercilla eta Pakea klinikek 24 orduko ohiko zerbitzua dute.
Gasteizko Bereizmen Handiko Ospitaleak ere ohiko ordutegia mantenduko du 08:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretatik kanpoko larrialdiak Vithas Ospitalean artatuko dira (lehengo San Jose Ospitalean).
Artikulu honetan landuko dugun gaian zentratzeko, lehenik eta behin, aplikatu beharreko araudia aipatu behar da, gaur egungo jurisprudentziaren ikuspuntutik aztertu ahal izateko.
Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikuluan hau aurreikusten da:
“Legeak informatikaren erabilera mugatuko du, herritarren ohorea, norberaren nahiz senitartekoen bizitza pribatua, eta haien guztien eskubideen egikaritza osoa bermatzeko”.
Bestalde, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 20.3 artikuluak hau xedatzen du:
“20. artikulua. Laneko jarduerak zuzendu eta kontrolatzea.
3. “Langileak laneko bere betebehar eta eginbeharrak betetzen dituela egiaztatzeko zaintza eta kontrolerako neurririk ustez egokienak har ditzake enpresaburuak, langilearen giza duintasunari zor zaion begirunea zainduz, bai neurriok hartzerakoan zein ezartzerakoan ere; hala dagokionean, desgaitasuna duten langileen benetako gaitasuna hartu behar du kontuan”.
Ondoren, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa jasoko dugu:
“22. artikulua. Bideozaintza helburu duten tratamenduak.
1. Pertsona fisiko edo juridikoek, publiko edo pribatuek, irudien tratamendua egin ahalko dute kamera- edo bideokamera-sistemen bidez, pertsonen eta ondasunen segurtasuna gordetzeko, bai eta beren instalazioena ere.
2. (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 12. artikuluak xedatutako informatzeko eginbeharra bete dela ulertuko da informazio-gailua erraz ikusten den toki batean jartzen denean eta gailuak gutxienez hauen berri ematen duenean: tratamenduaren berri, arduradunaren identitatearen berri eta Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura artekoek xedatutako eskubideak egikaritzeko aukeraren berri. Era berean, informazio horretara daraman lotura-kodea edo Interneteko helbidea sartu ahal izango da informazio-gailu horretan”.
Horren harira, EB 2016/679 Erregelamenduak —datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa— hau ezartzen du:
“12. artikulua: EBFTren 16. artikuluko 2. apartatuan, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari ematen zaie datu pertsonalen tratamenduaren arloko pertsona fisikoen babesari buruzko arauak eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeko ardura”.
Halaber, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 89. artikuluan xedatutakoa jasoko dugu:
“89. artikulua. Intimitaterako eskubidea, lantokian bideozaintzarako eta soinu-grabazioetarako gailuak direnean.
Enplegatzaileek zilegi izango dute kamera-sistemen bidez edo bideokameren bidez lortutako irudiak tratatzea, langileak edo enplegatu publikoak kontrolatzeko, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan eta funtzio publikoaren gaineko legerian, hurrenez hurren, ezarritako eginkizunak betetzen dihardutenean, baldin eginkizun horiek haien lege-esparruaren barruan eta esparru horri dagozkion mugen barruan egikaritzen badira. Enplegatzaileek neurri horren jakitun ipini behar dituzte langileak edo enplegatu publikoak eta, hala badagokio, haien ordezkariak ere, aldez aurretik, berariaz eta argi eta labur”.
“Langileek edo enplegatu publikoek legez kontrako ageri-ageriko ekintzaren bat egin dutela atzematen bada, informatzeko eginbeharra jadanik betetzat joko da baldin lege organiko honen 22.4 artikuluan aipatzen den gailua, gutxienez, existitzen bada”.
Arau horiekin guztiekin, auzitegiek epaiak eman dituzte dagokigun gaiaren inguruan, eta lan-prestazioa bideozaintzako gailuen bidez kontrolatzeari buruzko aurretiazko informaziorik izan ez den kasuak zehaztu dituzte.
Auzitegi Konstituzionalaren 39/2016 epaiak (martxoaren 3koa) ohartarazi zuen, hartutako neurriaren proportzionaltasuna aztertu ondoren, aldez aurretiko informazioa ematearen betebeharra hausteak ekarriko lukeela datuen babeserako funtsezko eskubidea bakarrik urratzea.
Auzitegi Konstituzionalaren 119/2022 epaiak (irailaren 29koa) ezarri zuenez, enpresaburuaren informatzeko betebeharrak ez du eskatzen langilearen berariazko baimena, baina enpresaburuak aldez aurretik, modu argian eta berariaz jakinarazteko betebeharra du, funtsezko eskubide baten berme saihetsezin gisa; eginbehar hori betetzeko, toki ikusgai batean jarri behar da sistemaren, haren arduradunaren eta datuen tratamendutik eratorritako eskubideen berri ematen duen gailua (legez kontrako ageri-ageriko jokaera bat egin bada) .
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2019ko urriaren 17ko epaiak adierazi zuen interes publiko edo pribatuak aginduz babesteko betebeharrak bakarrik justifika dezakeela bideozaintzako gailuei buruzko aldez aurretiko informaziorik ez izatea.
Azkenik, Auzitegi Goreneko Laugarren Aretoaren 23/205 epaia, urtarrilaren 14koa, aipatuko dugu. Kasu horretan, langile bat kanporatu zuten mota horretako gailuak erabiltzen zituen enpresa batetik; ez zegoen aldez aurretiko informaziorik, baina langileek bazekiten gailuaren berri, eta hartutako neurriari ezaugarri hauek aitortu zaizkio:
Justifikatua, langilearen jokabide irregularra susmarazten zuen zantzu nahikoa zegoelako.
Lortu nahi zen helbururako egokia; hain zuzen, jarrera legez kontrakoa zela frogatzea zen helburua, eta hala egiaztatu zen irudiak ikusita.
Beharrezkoa, dirudienez ezin baitzen inbasio-maila txikiagoko bestelako neurri eraginkorrik hartu laneko arau-haustea ziurtatzeko.
Proportzionatua, kontratuzko fede onaren aurkako jarrera ziurtatzeko bidezko baliabide gisa.
Laburbilduz, eta kasu guztiak banan-banan aztertzeko beharra alde batera utzi gabe, ondoriozta dezakegu enpresetan laneko jarduera kontrolatzeko jarritako bideozaintzako gailuen instalazioari buruzko informazioa aldez aurretik emateko eginbeharra ez betetzeak ez dituela urratzen datu pertsonalen babesaren funtsezko eskubidea eta intimitaterako eskubidea ageri-ageriko ekintza bidegabe bat egin denean.
Biztanleria zahartzen ari da, eta gizartearen hainbat alderdiri eragiten dio horrek. Esate baterako, lanpostuan adina eraginkortasunez kudeatzea erabakigarria da lan-baldintza seguruak eta osasungarriak bermatzeko lan-bizitzan.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, zahartzeak gaitasun fisikoak eta mentalak pixkanaka gutxitzea dakar, eta horrek eragina izan dezake lanpostuaren eskakizunei erantzuteko gaitasunean. Hain zuzen, zahartzaroan ongizatea ahalbidetzen duten gaitasun funtzionalei eustea da zahartze osasungarria. Gaitasun hori pertsona baten berezko gaitasunaren, bizi den ingurunearen eta dituen interakzioen araberakoa da.
Gaur egun, helburuetako bat da denbora ahalik eta gehien bizi ahal izatea osasuntsu eta desgaitasunik gabe, hots, zahartze osasungarria izatea. Horretarako, zahartze aktiboa lortzeko esku-hartzeak egiten dira bizi-ziklo osoan. Lan-esparruan ere beharrezkoa da horrelako ekintzak egitea, eta, horregatik, Adina eta lana eskuliburua jarri dugu denon eskura: