Zaintzen gaituztenak zainduz: Erizaintzaren esentzia Mutualian 

dia de enfermeria 2025

Maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Mutualiak bat egiten du Erizainen Nazioarteko Kontseiluak aurtengo hautatutako leloarekin: “Gure erizainak. Gure etorkizuna. Erizainak zainduz ekonomia indartzen dugu”. Izan ere, aurtengo leloak erizainen osasunean eta ongizatean eta horrek ekonomian eta osasun-sistemetan duen eragin positiboan jartzen du arreta.  

Mutualiaren hiru ospitaleetan eta anbulatorioetan, 130 erizain profesionalek baino gehiagok egiten dute lan egunero pazienteak zaintzen eta artatzen. Erizaintzako Zuzendaritzak asistentziaren kalitatea eta praktika kliniko bikaina bermatzen ditu, eta, gainera, konpromisoa du erizainen garapen profesionalarekin.  

Izan ere, etengabeko prestakuntza funtsezkoa da Mutualian asistentziaren kalitatearen bikaintasuna eta pazientearen segurtasuna bermatzeko. Horregatik, Mutualiako erizainek diziplina anitzeko zenbait talde zuzentzen dituzte, eta pertsonen zaintzari, arretaren humanizazioari eta pazientearen segurtasunari lotutako proiektu berritzaileak bultzatzen dituzte.  

Erizainen Nazioarteko Kontseiluaren txosten batek aditzera ematen duenez, badira zantzu batzuk erizainen ongizatearen krisi global gero eta handiago batez ohartarazten dutenak. Halaber, azpimarratzen du garrantzitsua dela erizainei babesa ematea, “ez soilik zuzenena delako, baizik eta modu bakarra delako osasun-sistema, ekonomia eta gizarte indartsu eta erresilienteak eraikitzeko. Mutualiak konpromiso argia du bere pertsonen zaintzarekin. Horregatik, Mutualiako erizaintzako taldeak ere parte hartu du María Egea Carro erizain eta Deustuko Unibertsitateko doktoregaiak egindako doktore-tesian: “Erizainen funtzionamendu psikosozial eta laboralerako, bizi-kalitaterako eta ongizaterako arrisku- eta babes-faktoreak”. Haren helburu nagusia da erizainen bizi-kalitatea eta ongizatea aztertzea; Mutualiako erizainena, bereziki. 

Erizaintzaren Egun honetan, ezin dugu aipatu gabe utzi Frantzisko Aita Santuak egindako hausnarketa, esan baitzuen erizainak “itxaropen-aingeruak” direla. Haien ezagutza zientifiko-teknikotik harago, jendea entzuten, ulertzen eta kontsolatzen egunero egiten duten ahalegin biziak pertsona guztien osasuna zaintzeko egiten duten bokaziozko lanari buruz hausnartzeko bidea ematen digu. Maiatzaren 12 honetan, Mutualiak bere esker ona adierazi nahi die erizain guztiei, harremanaren bidez gizartea humanizatzen eta etengabe hartaz arduratzen egindako ekarpenagatik. 

ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO PRESTAZIOA ALDIZKAKO KONTRATU FINKOA ETA/EDO LANALDI PARTZIALEKO KONTRATUA DUTEN PERTSONEN KASUAN 

trabajadores discontinuos

Aldaketa bat izan da lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileen aldi baterako ezintasuneko (ABE) prestazioaren kalkuluan; 2025eko apirilaren 1ean sartu zen indarrean. 

 


Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 248.1.c) artikuluaren lehengo testuak (indarrean izan zen 2025/03/31 arte) hau ezartzen zuen: 

 

“c) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken altatik egiaztatutako lanaldi partzialeko kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza. 

 

Aldizkako kontratu finkoa duten pertsonentzat, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken deialdiak eragindako zerbitzu-ematea hasi eta araubide horretan alta eman zutenetik egiaztatutako kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza.” 

 

Hortaz, 2025eko martxoa bitarte, artikulu horren arabera eta lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileei dagokienez, adibidez 2025eko martxoan hasitako ABE baten oinarri arautzailea kalkulatzeko, kontuan hartzen zen prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabeteetako kotizazioa aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza; hau da, 2025eko otsaileko eta urtarrileko eta 2024ko abenduko kotizazio-oinarriak batu eta emaitza aldiaren egunekin zatitu behar zen: 28 + 31 + 31 = 90 egun. 

 

Baina, gaur egun, 2025eko apirilaren 1etik aurrera, adierazitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 248.1.c) artikuluaren arabera (Erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzeko abenduaren 23ko 11/2024 Errege Lege Dekretuaren lehen artikuluko zazpigarren atala betez ezarria —abenduaren 24ko BOE—): 

 

“c) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken altatik egiaztatutako lanaldi partzialeko kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hilabetearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza. 

 

Aldizkako kontratu finkoa duten pertsonentzat, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken deialdiak eragindako zerbitzu-ematea hasi eta araubide horretan alta eman zutenetik egiaztatutako kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hilabetearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza. 

 

Beraz, 2025eko apirilaren 1etik aurrera, lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileek mediku-baja hartzen dutenean, honela egingo dira kalkuluak: mediku-baja, adibidez, 2025eko maiatzaren 10ean hasten bada, ABEaren prestazioaren eguneko oinarri arautzailea kalkulatuko da kontuan hartuz mediku-bajaren aurreko hilabetearen aurreko 3 hilabeteetako kotizazio-oinarriak; hau da, ez lirateke kontuan hartuko 2025eko apirileko kotizazioak, eta 2025eko martxoko, otsaileko eta urtarrileko kotizazio-oinarrien batura aldi horretako egun naturalekin zatitu beharko litzateke: 31 + 28 + 31 = 90 egun.

 

 

Jesús María Vicente Cuadrado 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

0BIDEAN 2025 SARIAK

zerobidean mutualia

0Bidean 2025 Saria jaso dute CENTRAL FORESTAL (Smurfit Westrock) eta TRELLEBORG IZARRA SAU enpresek, laneko istripuak murrizteko egindako lan bikainagatik eta zero istripuko azken helburuarekin lan egiteagatik. 


Sari hori banatzeko, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzak 30 langile baino gehiagoko bere enpresa elkartuen azken 10 urteetako istripu-tasari buruzko datuak aztertzen ditu urtero, eta, sektorez sektore, honako irizpide hauek betetzen dituzten enpresarik onenak hautatzen ditu: 

  • Bere jardueraren urteko intzidentzia-indizea gainditu ez izana, eta, gainera, laneko istripuen tasan beheranzko joera izatea. 
  • Istripu larri edo hilgarrien berri eman ez izana. 
  • Prebentzioa kudeatzeko sistema aurreratu bat izatea, legez ezarritakotik harago doana. 

Zeremonia Gasteizko Mutualiako Erabakimen Handiko Ospitalean egin da, Mutualia Sariak banatzeko ekitaldian, erakundearen 125. urteurrenarekin bat eginez. Ekitaldiaren buru Marta Barredo Mutualiako lehendakariordea eta Lourdes Iscar Osalaneko zuzendari nagusia izan dira, eta Iscarrek nabarmendu du oso garrantzitsua dela enpresek prebentzioaren kultura kalera eta gizartera eramatea.  

CENTRAL FORESTAL (Smurfit Westrock) enpresari emandako 0Bidean saria Mikel Antón Akizu Central Forestal enpresako zuzendari nagusiak jaso du. CENTRAL FORESTAL lehen sektoreko enpresa bat da, eta zuraren ustiapena du jarduera nagusi. Alboan izan ditu Raúl Lavia Hernández, Laneko Arriskuen Prebentzioko koordinatzailea, eta Fernando Jimeno Bagüés, Giza Baliabideetako zuzendaria.  

ZEROBIDEAN smurfit mutualia

TRELLEBORG IZARRA SAU enpresari emandako saria Rafael García Rodríguez Giza Baliabideetako eta Lan Harremanetako zuzendariak eta Conchita Vergara Martínez Giza Baliabideetako teknikariak jaso dute. Enpresa hori industria-sektorekoa da, eta kautxua fabrikatzen du. 

ZEROBIDEAN TRELLEBORG mutualia

Horrenbestez, Mutualiak Central Forestal (Smurfil Westrock) eta Trelleborg Izarra SAU saritu ditu, prebentzioaren kultura sustatzen eta lan-eremu seguruak eta osasungarriak sortzen egindako lanagatik. Laneko istripuak murrizteko hartutako konpromiso eredugarriari eta laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistemen inplementazioari esker jaso dute 0Bidean 2025 Saria, eta, hala, berretsi dute langileen segurtasuna eta osasuna dela beren lehentasun nagusia.  

Lege-aldaketak: Ezintasun iraunkorragatiko kaleratzeak automatikoa izateari utzi dio

Cambios legales: El despido por incapacidad permanente deja de ser automático

Albiste eguneratua 2024/09/13

Apirilaren 29ko 2/2025 Legeak (2025eko apirilaren 30eko BOE), zeinaren bidez aldatzen baitira Langileen Estatutua, langileen ezintasun iraunkorragatik lan-kontratua azkentzeari dagokionez, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra, ezintasun iraunkorrari dagokionez, Langileen Estatutuaren 49.1 e) artikulua indargabetzea ezartzen du. Orain arte, langileak automatikoki kaleratzeko aukera ematen zuen, ezintasun iraunkor bat aitortzen zitzaionean.

Langileari erabateko ezintasun iraunkorra, ezintasun absolutua edo orain arte baliaezintasun handia esan zaiona aitortzen zaionean kontratua automatikoki iraungitzeko aukera ezabatuta, modu eraginkorragoan babestu daiteke ezintasunen bat duten pertsonen enplegua, eta enpleguari eta ezintasunari buruzko liburu zurian jasotako proposamenetako bat betetzen da.

  • Enpresek dagoeneko ezingo dute beren aldetik bakarrik erabaki lan-harremana iraungitzea langileak ezintasun iraunkorra badu.
  • Enpresek arrazoizko doikuntzak egin beharko dituzte edo langilea beste lanpostu batera aldatu beharko dute, langileen lan-harremana hasita dagoela aitortzen bazaie ezintasun iraunkorra.
  • Termino gutxiesgarriak ere aldatu dira testuan, Konstituzioan egin zen moduan. Hemendik aurrera, “baliaezintasun handia”ri “hirugarrenaren laguntza-osagarria” esango zaio.
  • Arauan zehazten dira, halaber, lanpostua egokitu behar duten enpresentzat zer kostu diren gehiegizkoak zehazteko irizpideak.
  • Lan-arriskuak prebenitzeko zerbitzuek eta langileen legezko ordezkariek protagonismoa hartuko dute lanpostuak behar dituen ekarpenak eta langileak zer lanpostu berritan lan egin dezakeen zehazteko garaian.
  • Testuan aipatzen da, gainera, langileak zer trebakuntza-behar izan ditzakeen laneko arriskuen prebentzioari dagokionez.
  • Enpresak hiru hilabeteko epea izango du lanpostua egokitzeko edo lanpostua aldatzeko; denboraldi horretan, aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa jasoko du langileak.

Elkarrizketa: Iñaki Iraola – KL Katealegaia

Katea Legaia

Enpresako Aniztasunaren Mutualia Saria jaso du 2025ean KL Katealegaia erakundeak, “GAITASUN DESBERDINAK DITUZTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNERAKO INDUSTRIALIZAZIO-METODOLOGIA” proiektuari esker. 

Iñaki Iraola Gorostidi, Katealegaiako unitate teknikoko zuzendaria, elkarrizketatu dugu 

Nola sortu zen KL Katealegaia? 

KL Katealegaia irabazi-asmorik gabeko lan-sozietate bat da, duela 45 urte baino gehiago sortua; desgaitasunen bat duten eta baztertze-arriskua duten pertsonentzat Gipuzkoan kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea da gure helburua. 12 lantoki ditugu Gipuzkoan, eta 1.000 pertsona ingururekin egiten dugu lan.  

Industria-jardueran dihardugu, eta, zehazki, sektore hauetan: mugikortasuna, automobilgintza, energia, igogailuak, sarbide-kontroleko sistemak, etxeko erosotasun-sistemak, elektronika, etab. Haien bidez, Gipuzkoako eta inguruko enpresa nagusi gehienei ematen diegu zerbitzua.  

“Aukerak sortuz”. Desgaitasunen bat duten eta baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako kalitatezko enplegu-aukerak sortzen ditu KL Katealegaiak. Nola egituratzen du KL Katealegaiak enpresa-eredua eta zein dira haren funtsezko balioak? 

KL interes sozialeko lan-sozietate bat da, eta erakundea osatzen dugun pertsonak bazkideak gara; horri esker, proiektuak denboran irauteko konpromisoa indartzen dugu.  Balio hauek aplikatzen ditugu eguneroko lanean: gardentasuna, partaidetza, guztion ongizatea eta etengabeko hobekuntza. Epe ertaineko ikuspegia dugu, eta enplegagarritasun-premiak dituzten pertsonak dira beti kudeaketaren ardatza.  

kl katealegaia

KL Katealegaiak konpromiso sendoa du dibertsitatearekin eta inklusioarekin, eta laneratze eraginkorra eta arrakastatsua lortzea da haren helburu nagusia. Zer motatako zerbitzuak eskaintzen dituzue? 

KL Katealegaiak orientazio-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen die desgaitasunen bat duten pertsonei, haien enplegagarritasuna hobetzeko. Horretarako, lehenbizi, pertsonaren gaitasunak identifikatzen dira, elkarrizketen eta laguntza-tresnen bidez. Lehen balorazio horren ondoren, ibilbide egokiena diseinatzen dugu harekin batera (bai KL Katealegaiaren instalazioetan bertan enplegua eskainiz, bai beste aukera batzuetara bideratuta); modu horretan, haren enplegu-premietara ondoen egokitzen diren baliabideak eskaintzen dizkiogu. 

Zertan oinarritzen da enpresako aniztasunaren 2025eko Mutualia Saria jaso duen “GAITASUN DESBERDINAK DITUZTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNERAKO INDUSTRIALIZAZIO-METODOLOGIA” proiektua?   

KL Katealegaiak kalitate handiagoko zerbitzu integralagoa eskaini nahi die bezeroei. KLk garatzen dituen ekoizpen-prozesuak gero eta konplexuagoak eta zorrotzagoak dira.  

“KLko lantaldea osatzen duten gaitasun desberdineko pertsonek dituzten premiei erantzuteko landu zen metodologia.”  

Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen aplikatzen?   

Gaur egun, lehen baino askoz modu osoagoan kudeatzen dira aukerak. Orain, diziplinarteko talde batek aztertzen du prozesua zenbateraino den egingarria, eta 360 º-ko egokitzera bideratutako ekintza-plan bat garatzen du (prozesua, ingurunea, sarbidea, ergonomia, etab.).  

Prozesua ezarri zenetik, 8 proiektu berri industrializatu dira erakundean, eta zailtasun bereziak dituzten 50 pertsonari baino gehiagori eman zaie enplegua.  

Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?   

Hauek nabarmenduko nituzke: 

  • Industrializatze bizkorra eta eraginkorra. Jarduera hasi arteko denbora minimizatzea eta enplegua sortzea eta mantentzea ahalbidetzea.  
  • Diziplinarteko koordinazioa hobetzea erakundean; erantzun bizkorragoa dakar berekin alderdi honek.  
  • Lan-ingurunea hobetzea: argiztatzea, higiene-kondizioak (zarata, tenperatura).  
  • Hobekuntza ergonomikoak: kargak manipulatzea saihestea, aulki espezifikoak egokitzea, nekearen aurkako alfonbrak erabiltzea, tresnen erabilerak eragindako karga fisikoa murriztea eta exoeskeletoak egokitzea.  
  • Irisgarritasun-hobekuntzak instalazioetan. 
  • Informazioa eskuratzearen inguruko hobekuntzak: irakurketa erraza jarraibideetan, pantaila egokituak, bideoak zeinu-hizkuntzan, etab.   
  • Kontziliazioaren esparruko egokitzapena hobetzea: ordutegiak, garraioa erraztea, lanaldiak egokitzea.  

Proiektuaren eredua beste enpresa batzuetan erabiltzeko modukoa da?   

Kudeaketaren oinarria pertsonetan duten edozein motatako erakundeetan aplika daiteke metodologia.  

“Metodologia integratzaile eta inklusiboa da, eta ez du inor baztertzen generoa, adina eta desgaitasuna direla eta.” 

Metodologia horretan erabiltzen den tresnetako bat (Urratsez Urrats) gure webgunean dago GRUPOKL, jende guztiarentzat eskuragarri.  

KL Katealegaia

Eskuetako higienea beti 

limpieza de manos 2025

Mutualia maiatzaren 5eko Eskuetako Higienearen Nazioarteko Egunarekin konprometituta dago, eta bat egin du aurten ere Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako kanpainarekin.  

Aurten, Osasun Ministerioak zabaldutako “Eskularruak hala dagokionean, Eskuetako higienea beti” lelopean, gure pazienteen eta profesionalen segurtasunarekin eta osasunarekin dugun konpromisoa berresten dugu. 

Mutualiak bat egiten du OMEk eta Osasun Ministerioak proposatutako ekintzekin: 

  • Eskuetako higienean jardunbide optimoak sustatzea, hala nola higiene egokirako 5 urratsen gida erabiltzea eta eskularruak egoki erabiltzea arreta medikoaren fluxuaren barruan. 
  • Eskuetako higienea erakundeen estrategietan eta erakundearen prozeduretan sar dadin sustatzea. 
  • Eskularruak beharrik gabe erabiltzeak ingurumenean duen inpaktuari buruz kontzientziatzea. 

Aurtengo kanpainak gogorarazten digu eskuetako higienea lehentasunezko neurria dela osasun-asistentziari lotutako infekzioak prebenitzeko eta mikroorganismo multirresistenteak barreiatzea saihesteko. OMEren bost une erabakigarrien arabera eskuetako higienea zaintzea eta eskularru egokiak erabiltzea funtsezkoak dira bizitzak salbatzeko. 

Mutualian, hauen garrantzia gogorarazi nahi dugu: 

  • OMEren bost uneen arabera eskuetako higienea zaindu eta eskularruak behar bezala erabili.    
  • Eskuak garbitzeari eta eskularruak behar bezala erabiltzeari buruzko jarraibideak bete, eta gogoan izan eskularruek ez dutela eskuetako higienea ordezten.    
  • Gure ingurumena zaindu. Aurten azpimarratzen da eskularruak behar ez bezala erabiltzeak baliabideak alferrik galdu eta hondakinak gehitzen dituela, eta ez duela nahitaez germenen transmisioa murrizten.