Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2025eko maiatzaren 31tik ekainaren 06rako astea.
Lan-kontratua ezintasun iraunkorragatik azkentzeari buruzko erreforma – 2/2025 legea, apirilaren 29koa
Apirilaren 29ko 2/2025 Legeak nabarmen aldatu du lan-harremana ezintasun iraunkorra aitortzeagatik azkentzeko modalitatea (ezintasun hori handia, absolutua eta erabatekoa denean), eta, hala, berritu egin du Langileen Estatutuan gai horri dagokion 49. artikuluko apartatua. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2024ko urtarrilaren 18an C-631/22 auziari emaniko epaiaren ondorio zuzena da erreforma hori. Epai haren arabera, enpresak arrazoizko egokitzapenak egin behar ditu langileari ezintasun iraunkor osoa aitortu izanaren ondorioz kontratua azkendu aurretik, langile horrek lanean jarraitu ahal izan dezan. Epaiak adierazten duenez, egokitzapen horiek posible ez direnean bakarrik iritsiko da lan-harremana erabat azkentzera. Epai horren eraginez, gerta zitekeen ezintasun iraunkor bat aitortu ondotik lan-harremana azkentzen zuten enpresek beren gain hartu beharra kaleratze bidegabe edo deusez baten ondorioak, ez bazuten egiaztatzen saiatu zirela lanpostua egokitzen eta, ahaleginduagatik ere, alferrikakoa izan zela.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinari jarraikiz, Espainiako Estatuan emaniko epaiek ere bidegabetzat jo zituzten azkentze horiek, nahiz eta Langileen Estatutuak lan-harremana azkentzeko arrazoi gisa aurreikusten zuen ezintasun iraunkorra. Epai horien ondotik etorri da hemen dagokigun erreforma.
Langileen Estatutuaren 49. artikuluaren erreforma horrek prozedura berri bat txertatzen du n) apartatuan, eta, haren arabera, ezintasun iraunkorra aitortzeak, adierazitako mailetan, kontratua azkentzea ekar dezake (kontuan izanik Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia baino lehen ia automatikoki azkentzen zela).
Modu eskematikoan azalduta, erreformak esan nahi du ezintasun iraunkorra aitortu ondoren azkendu egingo dela lan-harremana baldin eta enpresak ezin badu egin lanean jarraitu ahal izateko arrazoizko egokitzapenik arrazoi hauek direla eta:
- Karga handiegia izateagatik enpresarentzat.
- Ez dagoelako lanpostu bat hutsik eta eskuragarri, langile horren profil profesionalarekin bat datorrena eta langilearen egoera berriarekin bateragarria dena.
- Edo, aukera hori izanik ere, langileak baztertu egiten badu behar bezala proposatutako lanpostu-aldaketa.
Arauak berak zehazten du nola interpretatu behar den gehiegizko karga, eta, kontzeptu hori haztatzeko, egokitze-neurrien kostuari erreparatuko zaio, kontuan izanik enpresaren tamaina, baliabide ekonomikoak, egoera ekonomikoa eta negozio-bolumen osoa. Ildo horretan, ez da joko konkurrentetzat, baldin eta karga hori egokiro arintzeko modukoa bada neurri, laguntza edo dirulaguntza publikoen bidez. 25 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan, gehiegizko karga konkurrentetzat hartuko da, baldin eta, neurri, laguntza edo dirulaguntza publikoak kenduta, kostuak gainditu egiten badu bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina edota sei hilabeteko soldata.
Enpresak egokitze-prozesua egiteko edo egiten saiatzeko duen betebeharra egiaztatzeko, langileak printzipioz enpresari idatziz adierazi behar dio, ezintasun iraunkorra duela jakinarazten zaion egunetik 10 egun naturaleko epean, eutsi egin nahi diola lan-harremanari. Langilearen borondatearen araberako egintza horretatik aurrera, enpresak, ezintasuna aitortzeko administrazio-ebazpena jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, arrazoizko egokitzapenak egin beharko ditu, edota lanpostuz aldatu langile hori. Epe horretan egiaztatzen bada gehiegizko karga eragiten diola enpresari edo ez dagoela lanpostu bateragarririk hutsik, enpresak erabaki dezake lan-harremana azkentzea, idatziz eta arrazoituta, eta jakinaren gainean jarri beharko du ukitua.
Prozedura horretan, arauak berak eginkizun erabakigarria ematen die prebentzio-zerbitzuei egokitzapen-neurriak finkatzeko, bai enpresa barrukoei, bai kanpoko itunduei. Neurri horien barnean sartzen dira prestakuntzarekin, informazioarekin eta osasuna zaintzearekin loturikoak, baldin eta bateragarriak izan daitezkeen lanpostuak identifikatzea eskatzen badute, prebentzio-arloko lan-ordezkaritzari behar bezala kontsulta eginda. Hortik ondorioztatzen da prebentzio-zerbitzuei egokituko zaiela gehienbat egokitzapen-neurriak eta haien egingarritasuna zehaztea. Horrenbestez, prebentzio-zerbitzuen ondorioak erabakigarriak izango dira neurri horiek gauzatzeko ezintasuna formalizatzeko eta, ondorioz, lan-harremana egiaz azkentzeko.
Iñaki Esnal Zalakain
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
Etxeko lanetan arriskuak prebenitzeko doako tresna berria
Lan Ministerioak, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalarekin (LSOIN) batera, tresna digital berri bat argitaratu du, etxeko lanetako arriskuen prebentzioa errazteko. Joan den maiatzaren 14an aurkeztutako ekimen hau etxeko langileak kontratatzen dituztenei zuzenduta dago bereziki.
Doan eskura daiteke Prevencion10.es atariaren bidez, eta dokumentu bat sortzeko aukera ematen du. Dokumentu horretan, etxeko arriskuen ebaluazioa, aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta langileari eman beharreko informazio-materialak jasotzen dira. Halaber, aukera ematen du data garrantzitsuak erregistratzeko eta hartutako neurrien betetze-mailaren segimendua egiteko.
Ekintza honekin 893/2024 Errege Dekretua betetzen da, zeinak familia-etxeko zerbitzuaren eremuan segurtasunaren eta osasunaren babesa arautzen baitu. Neurri horren bidez, lan-baldintza seguruak bermatu nahi dira, enplegatzaileei karga ekonomikorik eta burokratikorik eragin gabe.
2024ko urrian argitaratutako beste artikulu batean aipatu bezala, arau-esparru berrian honako puntu hauek nabarmentzen dira:
Etxeko lan-arriskuen ebaluazioa
- Enplegatzaileek langileek jardungo duten etxeen arriskuak ebaluatu beharko dituzte.
- Prozesu hori errazteko, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak (LSOIN) web-tresna bat jarriko du eskura, enplegatzaileek ebaluazio hori erraz egin ahal izan dezaten.
- Maiatzaren 14tik azaroaren 14rako epea emango da, etxeko langileak dituzten etxeek langile horien laneko arriskuak ebalua ditzaten. Bete ezean, zigorrak egongo direla ohartarazi dute.
Lan-arriskuen prebentzioaren inguruko trebakuntza
- Etxeko langileek eskubidea izango dute laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza espezifikoa jasotzeko.
- Prestakuntza hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (EEZP) emango du, eta aukera emango die langileei beren arriskuak eta babes-neurri egokiak ezagutzeko.
Aldizkako azterketa medikoak doan
- Etxeko langileek hiru urtean behin azterketa medikoak doan egiteko eskubidea izango dute.
- Osasun azterketa horiek Estatuko Osasun Sistemak kudeatuko ditu, eta lanaren ondorioz sor daitezkeen osasun-arazoak garaiz detektatzeko aukera emango dute.
Norbera babesteko ekipamenduak (NBE)
- Enplegatzaileek babes-ekipamendu egokiak eman beharko dizkiete etxeko langileei, segurtasuna bermatzeko.
- NBE horiek (norbera babesteko ekipamenduak) etxe bakoitzean egin beharreko lanaren baldintza espezifikoen araberakoak izango dira.
Laneko jazarpenaren aurkako protokoloak
- Etxeko lan-ingurunean jazarpen- eta indarkeria-egoerak prebenitzeko eta egoera horien aurrean jarduteko mekanismo espezifikoak ezarriko dira.
Ordutegi-erregistro digitalak eta Laneko Ikuskaritzaren kontrola
- Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza (LGSI) etxeetara askatasunez sartu ezin bada ere Konstituzioan aitortzen den etxearen bortxaezintasuna dela-eta, kontrolerako tresna alternatiboak erabili ahal izango ditu.
- Ordutegi-erregistro digitalak inplementatzea aurreikusten da, Ikuskaritza urrutitik sartu ahal izateko eta, hala, araudia betetzen dela egiaztatzeko.
Lehen puntua dagoeneko bete liteke, eta gainerako puntu eta jarduerak garatzen ari da Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioa.
Plastikoaren erabilera murriztearekin konprometituta dago mutualia
Ekainaren 5ean Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzen da, eta aurten plastikoaren murrizketa izango du ardatz. Mutualian jasangarritasunaren aldeko ekintzak egiten jarraitzen dugu, eta horren inguruko neurri batzuk partekatu nahi ditugu, plastikoaren erabilera murrizteko eta gure ingurumenarekin eredu jasangarriago baterantz aurrera egiten jarraitzeko ezarri ditugun neurri batzuk, zehazki.
PLASTIKORIK GABEKO URA
- Ohiko ur-banagailuen ordez, hiri-sarera konektatutako iturriak erabiltzen ditugu, ura iragazten baitute kontsumitu aurretik.
- Kristalezko botilak eta pitxerrak erabiltzen ditugu, bai langileentzat, bai gure zentroetara joaten diren pertsonentzat, plastikozko botilen ordez.
IHOBEk ingurumen-jardunbide egokitzat katalogatu du neurri hori, eta, gerora, Europako Batzordeak Erosketa Publiko Berdearen jardunbide egokiari buruzko azterketa gisa sailkatu du.
BILGARRI BERRERABILGARRIAK
- Garbitegi-zerbitzuak Gure enpresa hornitzaileari eskatu diogu erabilitako toallak eta oheko arropa oihalezko poltsetan jaso eta itzultzeko garbitu ondoren , plastikozko poltsa indibidualik erabili gabe.
- Barne-posta. Plastikozko poltsen ordez, paper edo kartoi birziklatuzkoak erabiltzen ditugu.
- Hornitzaileen zenbait zerbitzutan ingurumen-baldintza batzuk sartu ditugu, hala nola plastikoa bilgarrietatik kentzea eta material biodegradagarriak edo birziklagarriak erabiltzea.
PAZIENTEENTZAKO ETA LANGILEENTZAKO MATERIALAK
- Pazienteentzako plastikozko nezeserrak. Plastikozko materialaren ordez, kotoi organikozko zakuak erabiltzen ditugu. Barruan dituzten produktuak jasangarriak dira, hala nola banbuzko hortzetako eskuila, xaboi-pastillak eta material berriztagarriz egindako orraziak.
- Plastikozko poltsak eta boligrafoak paperezko edo kotoizko poltsekin eta kartoi birziklatuzko boligrafoekin ordezkatu ditugu.
- Bilgarri osoak ez dauka plastikorik.
LIZITAZIOAK ETA EROSKETAK
- Sendagaiak emateko materialak hornitzea Balorazio positiboa egiten diegu bilgarrietan plastikoaren erabilera mugatzen duten enpresei.
- Edalontzi iraunkorrak hornitzea Irizpideak ezarri ditugu: % 100 ekologikoak, biodegradagarriak eta berrerabilgarriak izan behar dute.
- Osasun-uniformeak eskuratzea. Arropak paketatzeko erabiltzen diren materialek ingurumena errespetatzea eta jasangarritasun-irizpideak betetzea balioesten dugu.
- Klipen (surgiclipak) bidezko lotura-gailuak hornitzea kirurgia irekirako Material birziklatutik edo baso jasangarritik datorren bilgarria erabiltzen ditugu. .
Gure Ingurumen Batzordeak berrikusten eta gainbegiratzen ditu estrategia guztiak, eta, haren bidez, ingurumen-irizpideak txertatzen ditugu gure jarduera osoan. Mutualian aurrera jarraitzen dugu kudeaketa jasangarriago eta arduratsuago baten aldeko konpromisoan, pertsonak eta gure ingurunea zainduz.
Mutualex 341 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2025eko maiatzaren 24tik 30erako astea.