Mutualiak kalitate asistentzialarekiko konpromisoa indartzen du pazientearen segurtasunari buruzko azterketa batean parte hartuz 

seguridad del paciente

Mutualiak parte hartu du, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren bost mutualitate gehiagorekin (Ibermutua ,MC Mutual, Fraternidad, Fremap eta Asepeyo) eta Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatearekin batera, mutuen sektoreko zerbitzu anbulatorioetan pazientearen segurtasuna aztertzen duen ikerlan aitzindarian. 

«Adverse events in outpatient services within Spain’s occupational health insurance sector» izenburuko lana argitaratu berri dute Journal of Patient Safety and Risk Management aldizkarian, laneko istripuak izandako langileei emandako arretako kontrako gertaeren maiztasuna eta zergatiak ebaluatu dituzte bertan, batez ere traumatismoei eta lesio muskuloeskeletikoei dagokienez. Ikerlanak bost mutuen 280 historia kliniko hautatu aztertu ditu, gutxi gorabehera Espainiako langile babestuen % 42 barne hartuta (8 milioi langile baino gehiago). 

Mutuen laguntza-zentroetako pazientearen segurtasunari buruzko pertzepzio orokor ona erakusten dute emaitzek, eta ezarritako jardunbide egokien eraginkortasuna berresten dute. Nolanahi ere, hobetzeko arloak ere zehaztu dira, batez ere informazioaren kudeaketan, errore diagnostikoetan eta sendagaien administrazioan, besteak beste. 

Mutualian aurrera segitzen dugu etengabeko hobekuntzan, pazientearen segurtasunean eta asistentziaren kalitatean. 

 📄  Argitalpena: https://journals.sagepub.com/doi/abs/10.1177/25160435251353260 

2025, Mutualiako Arreta-Zentroen udako ordutegia

Horario Centros Asistenciales de Mutualia, Verano 2025

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan.

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Abuztuak 4an 08:Oretatik 15:30etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 

Mutualia Araba laguntza-zentroen 2025 udako ordutegia

  • HAR Vitoria-Gasteiz: 8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea. Abuztuaren 5etik 09ra (Andre Maria Zuriaren jaien astea) ordutegia 08:00etatik 15:30era izango da.
  • LAUDIO: Ekainaren 16etik irailaren 12ra
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera

Mutualia Bizkaia laguntza-zentroen 2025 udako ordutegia

  • ERCILLA KLINIKA: 24 ordu 
  • BASAURI, ERANDIO, GERNIKA: Ekainaren 16etik irailaren 12ra
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera
  • ZAMUDIO: Ekainaren 16etik irailaren 12ra. *ITXITA: uztaila: 28,29,30; abuztua: 1, 11,12,13 eta 14.
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera
  • IURRETA, SANTURTZI: Uztailaren 14etik irailaren 12ra
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera

Mutualia Gipuzkoa laguntza-zentroen 2025 udako ordutegia

  • PAKEA KLINIKA: 24 ordu
  • AZKOITIAEKAINAK 30EAN, UZTAILA ETA ABUZTUA ITXITA
  • BEASAIN, BERGARA, EIBAR, IRÚN:  Ekainaren 16etik irailaren 12ra
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera.

Deskonexio digitala: funtsezko eskubide bat hiperkonektibitatearen aroan.  LSOINren gida berria 

desconexion digital

Gero eta digitalizatuagoa den mundu honetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) sakonki eraldatu dute lan egiten dugun modua, eta gerta liteke eraldaketa digital horrek arrisku-faktore batzuk areagotzea eta arrisku berriak edo emergenteak eragitea teknologia bera (desegoki) erabiltzearen ondorioz. Hori guztia dela eta, deskonexio digitalerako eskubidea bermatzeko premia larria sortzen da. Eskubide hori 2018tik dago araututa Espainian, eta pertsonak hiperkonektibitatearen ondorio negatiboetatik babestea du helburu, hala nola estresetik, neke informatikotik eta bizitza pertsonalaren inbasiotik.  

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak (LSOIN) Deskonexio Digitalaren Oinarrizko Gida egin du, eskubide hori enpresetan eta erakundeetan ulertzeko eta aplikatzeko esparru osoa eskaintzen duena.  

Jarraian, gida honetako funtsezko puntuak banakatuko ditugu. 

Zer da deskonexio digitala? 

Lege-definizio bakar bat ez dagoen arren, deskonexio digitala pertsonek beren lan-ordutegitik kanpo lan-jarduerarik ez egiteko eta komunikazioei ez erantzuteko duten eskubidea da. Horren barruan sartzen dira mezu elektronikoak, deiak eta bitarteko digitalen bidez bidalitako mezuak. 

Gidak azpimarratzen du eskubide hori funtsezkoa dela honako hauek bermatzeko: atsedena, bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzea, intimitatea eta laneko segurtasuna nahiz osasuna.  

Hiperkonektibitatearen inpaktua  

Eraldaketa digitalak onurak ekarri ditu, hala nola lan-malgutasuna, prozesuen hobekuntza eta zeregin arriskutsu, monotono eta errepikakorrak kentzea.  

Haatik, beste arrisku batzuk sortzea edo areagotzea ekarri du berekin, eremu psikosozialari lotutako arrisku berriak, hala nola teknoestresa (gailu digitalen gehiegizko erabilerak eragindako antsietatea, nekea eta mendekotasun teknologikoa dira haren ezaugarriak) eta ziberjazarpena (adibidez, bitarteko digitalek ahalbidetutako laneko jazarpen-jokabideak).  

Halaber, eten digitala handitzea ekarri du. Alegia, teknologiak eskuratzeko eta erabiltzeko desberdinkeriak, eremu geografikoagatik, hezkuntza-mailagatik, maila sozioekonomikoagatik eta, bereziki, adinagatik.  Adinagatiko eten digitala, edo belaunaldiarteko eten digitala desabantaila argia da zenbait kolektiborentzat, eta zailtzen du digitalizatutako lan-ingurune berrietara egokitzea.  

Arrisku horiek osasun mentalari ez ezik, osasun fisikoari ere eragiten diote, eta arazo muskulueskeletikoak, kardiobaskularrak eta loaren nahasmenduak eragiten dituzte.  

Araudia eta eskubide babestuak 

Deskonexio digitalerako eskubidea zenbait legek arautzen dute, hala nola Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoak (DPBEDBLO), Urrutiko Lanaren 10/2021 Legeak eta Langileen Estatutuak. Araudi horiek ezartzen dute enpresek bermatu egin behar dutela langileek lan-ordutegitik kanpo deskonektatzea, eta errespetatu egingo dituztela haien atsedenaldiak, baimenak eta oporrak.  

Deskonexio digitalaren bidez babestu beharreko eskubideak honako hauek dira: atsedenerako eskubidea, kontziliazio pertsonalerako, familiarrerako eta laboralerako eskubidea eta norberaren nahiz familiaren intimitaterako eskubidea. 

Gainera, gidak azpimarratzen du eskubide zeharkakoa dela eta langile guztiei aplikatzen zaiela, baita zuzendaritzako kideei eta telelana nahiz lan hibridoa egiten dutenei ere.  

Deskonexio digitala nola inplementatu  

Gidak proposatzen du enpresek deskonexio digitalerako barne-politika egitea, honako hauek barnean hartuta: 

  1. Aurretiko diagnostikoa: lan-baldintzak eta gailu digitalak erabiltzeko ohiturak aztertzea.  
  2. Jarduketa-protokoloa: neurriak definitzea, erabilgarritasunari, salbuespenei eta deskonexioa bermatzeko neurri zehatzei buruzko arau argiak ezarriz.  
  3. Prestakuntza eta sentsibilizazioa: hiperkonektibitateari lotutako arriskuen inguruan sentsibilizatzea, pertsonak teknologien erabilera egokia egiteko gaitzea eta eskubide hori errespetatzen duen antolaketa-kultura sustatzea.  
  4. Jarraipena eta kontrola: neurrien eragina ebaluatzea eta doikuntzak egitea, beharrezkoa denaren arabera.  

Onartu aurretik, plantillari edo haren ordezkariei kontsulta egingo zaiela ziurtatu beharko da. 

Ezarpenaren onurak pertsona eta enpresentzat  

Deskonexio digitala bermatzeak langileen osasuna eta ongizatea babesteaz gain, errendimendua eta produktibitatea hobetzen ditu. Lanaldien artean behar bezala indarberritzeak estresa murrizten du, akidura prebenitzen du eta lan-ingurune orekatuagoa sustatzen du.  

Deskonexio digitalak laguntzen du, orobat, talentua erakartzen eta atxikitzen, batez ere gero eta lehiakorragoa den lan-merkatuan. Hala, langileak motibatuagoak eta produktiboagoak izango dira, eta absentismoa murriztuko da bidenabar. 

Ondorioak  

Deskonexio digitala eskubide bat baino gehiago da, hiperkonektibitatearen garaiko behar bat da. LSOINren gidak bide argia ematen die enpresei pertsonak babesten dituzten eta teknologiaren erabilera osasungarria sustatzen duten neurri eraginkorrak inplementatzeko. Horrez gain, aurrerapen nabarmena ere bada lan-ingurune osasungarriagoak eta jasangarriagoak sor daitezen. 

Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko ildoa lausotzen ari den munduan, eskubide hori bermatzea funtsezkoa da lan-etorkizun gizatiarragoa eta jasangarriagoa eraikiko bada. Izan ere, gidak adierazten duen moduan, «aro digitalean inoiz baino beharrezkoagoa da lana humanizatzea eta pertsonak erdigunean jartzea».  

Mutualiak 125. urteurrena ospatu du; 445.000 langileri baino gehiagori ematen dio estaldura 

mutualia junta 125
  • Mutualiak Euskadiko langileen % 46 baino gehiago babesten ditu. 
  • 2024an 380.000 asistentzia sanitario baino gehiago eman ditu, eta 326 milioi euro ordaindu ditu prestazio ekonomikoetan. 
  • Asistentzia sanitarioa jaso duten pertsona guztien % 94,4 pozik edo oso pozik daude. 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 18a  

Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2. zk.ko Mutualitateak, Ohiko Batzar Nagusia egin du, eta, bertan, 2024ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduera onartu ditu. Ignacio Lekunberri zuzendari-gerentearen arabera, ez da soberakinik izan lanbide-gertakarien eta gertakari arrunten kudeaketan; izan ere, gertakari arrunten kudeaketak izandako emaitza negatiboa finantzaketa gehigarriarekin orekatu da. Hala ere, Mutualiak 2,4 milioi inguruko ekarpena egingo dio Gizarte Segurantzari, jarduera utzi duten langile autonomoen kudeaketak izandako emaitza positiboa dela eta. Gertakari arruntengatiko prestazioen kopuruak gorakada nabarmena izan du, eta oraingoan ere hori izan da ekitaldiko ezaugarri nagusia. 

Batzar Nagusian, lortu diren Plan Estrategikoko helburuen garrantzia azpimarratu du Mutualiako presidente Urtsa Erraztik, baina oso kezkatuta agertu da Euskadiko langileen baja-egunen kopuruaren bilakaerarekin, Estatuko gainerako lurraldeetan baino handiagoa baita. 

Batzar Nagusia berezia izan da oraingoan, Mutualiak 125 urte betetzen baititu aurten. Horregatik, Urtsa Erraztik La Previsora mutualitatearen sorrera gogoratu nahi izan du (1900eko martxoan), baita Seguros Mutuos de Vizcaya mutualitatearena ere (urte bereko apirilean), Mutualiaren jatorrizko mutualitateak biak. Gainera, adierazi du EAEko enpresek erantzukizunez eta azkar erantzuten jakin zutela industria-iraultzak eragindako gizarte-eraldaketaren ondoriozko kalteberatasun-egoeren aurrean. 

Batzar Nagusiaren ondoren, ekitaldi xume bat egin da urteurrena ospatzeko, eta Mikel Torres lehendakariordea ere izan da bertan (amaiera eman dio ekitaldiari). 

Batzar Nagusia Mutualiak Gasteizen duen Bereizmen Handiko Ospitaleko ekitaldi-aretoan egin da, eta ingurumen-neurriak txertatu dira haren diseinuan eta antolakuntzan, Erronka Garbia metodologiari jarraituz; izan ere, prozedura horri esker ahalik eta gehien murrizten da ekitaldiek ingurumenean duten inpaktu negatiboa. 

Dokumentazioa

Mutualiak 125 urte bete ditu

Argazkiak

Kontsulta juridikoa 2025ko Uztaila

consulta

Enpresa baten barruan arrisku biologikoa egonez gero, zer aukera jasotzen ditu indarrean dagoen espainiako araudiak, baldin eta iturburu-pertsonak ez badu baimenik ematen bere mediku-historiara sartzeko edo bere lagin biologiko bat hartzeko? 

kontsulta

Enpresa baten barruko arrisku biologiko baten testuinguruan, hala nola gaixotasun kutsakorren eraginpean egotea, Espainiako araudiak zenbait lege-mekanismo jasotzen ditu informazio medikoa eskuratu edo lagin biologiko bat hartu ahal izateko, baita iturburu-pertsonaren baimen espliziturik gabe ere, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira. 

Lehenik eta behin, osasun publikoa babesteko printzipioak agintzen du. Espainiako legeriaren arabera, osasun publikoak lehentasuna du arrisku biologikoko egoeretan, bereziki herritarren edo hirugarrenen osasunerako arriskua dagoenean. Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorrak (33/2011 Legea) eta Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoak (41/2002 Legea) alderdi horiek jorratzen dituzte. Arrisku biologikoa egonez gero, iturburu-pertsonaren baimen espliziturik gabe jardun daiteke, baldin eta osasun publikorako arrisku nabaria eta larria badago. 

Bigarrenik, nahitaezkoa da osasun-agintaritzarekin lankidetzan aritzea. Pertsona batek gaixotasun kutsakor bat duela susmatzen bada, osasun-agintariek eskumena dute, legediari jarraikiz, pertsona horri azterketak egiteko edo lagin biologikoak hartzeko, haren baimenik gabe, osasun publikoa babesteko premia oinarri hartuta. Hori, batez ere, larrialdi-egoeretan aplikatzen da, hala nola epidemia-agerraldietan edo pandemietan. Kasu horietan, osasun kolektiboa lehenesten da. 

Jakina, bada lege-esparru bat, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean jasotzen dena. Lege horren azken eguneratzea 2023ko martxoaren 23an egin zen. Lege horren irakurketatik ondorioztatzen da ezen, arrisku biologiko larriko egoeretan (esate baterako, gaixotasun infekziosoak agertzen direnean, hala nola GIBa, hepatitisa, tuberkulosia, etab.), Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 24. artikuluak xedatzen duela osasun-zerbitzuek behar diren neurriak har ditzaketela osasun publikoaren babesa bermatzeko. Kasu horietan, lagin biologikoak hartzeko edo historia medikora sartzeko baimenik ematen ez bada, osasun-agintaritzak ahalmena izango du ezezko hori aintzat ez hartzeko, osasun publikoaren interes gorenaren printzipioan oinarrituta. 

Araudiak zenbait salbuespen jasotzen ditu, bereziki adingabeen edo desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan. Pertsona hori adingabea bada edo erabakiak hartzeko ezgaitua badago, Espainiako araudiak baimena ematen die haren tutoreei, legezko ordezkariei edo osasun-agintariei haren izenean esku hartzeko, osasun publikoa babeste aldera, betiere ukitutako pertsonaren interes gorena kontuan hartu bada. 

Hala ere, iturburu-pertsona bere lagin biologikoak hartzearen edo bere historia medikoa ezagutaraztearen aurka badago, eta haren ezezkoak arriskuan jartzen badu osasun publikoa edo beste pertsona batzuen osasuna, araudiak aukera ematen du agintaritza judizialera jotzeko. Agintaritza horrek, azken batean, erabakiko du informazio hori eskuratzea edo laginak hartzea beharrezkoa den, betiere osasun publikoaren eta oinarrizko eskubideen printzipioetan oinarrituta. 

Nola ez, datu pertsonalen konfidentzialtasuna babestu egin behar da. Egoera jakin batzuetan, baimena eman daiteke pertsona baten adostasunik gabe haren historia medikora sartzeko edo lagin biologikoak hartzeko; hala eta guztiz, legeriak babestu egiten du datu pertsonalen eta osasun-datuen konfidentzialtasuna ere. Hori dela eta, sarbide oro osasun publikoa babestera bideratuta egon behar da, eta, betiere, eskubide pertsonalak ahalik eta gutxien urratuko direla bermatu behar da. 

Laburbilduz, Espainiako araudiak bidea ematen du arrisku biologikoko egoeretan esku hartzeko iturburu-pertsonaren baimenik gabe, betiere osasun publikoa eta segurtasun kolektiboa arriskuan badaude. Hori guztia osasun publikoa babesteko printzipioan oinarritzen da; izan ere, osasun publikoa norbanakoaren pribatutasunerako eskubideari gailentzen zaio salbuespenezko testuinguruetan. 

David Erauskin Pérez  

Letrado de la Asesoria Juridica de Mutualia  

Mutualex epaia 2025ko Uztaila

sentencia

Europar batasuneko justizia auzitegiaren epaia (seigarren sala), 2025eko apirilaren 10ekoa. c-584/23 gaia 

mazoa

Kasu honetan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) 2025eko apirilaren 10ean eman zuen epai bat aztertzen da, Bartzelonako lan-arloko 3. zenbakiko epaitegiak planteatutako arazo prejudizial baten ondoriozkoa. 

Epaiaren testuingurua supermerkatu-enpresa batentzat kutxazain gisa lan egiten zuen langile baten kasua da, zeinak 2008tik lanaldi murriztua baitzuen 12 urtetik beherako seme/alaba bat zaintzeagatik. Lanaldia murrizteko eskubidea Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan aurreikusita dago. Haren hasierako lanaldia asteko 39,5 ordukoa zen, eta pixkanaka joan zen murrizten: lehenik % 50era, gero 30 ordura eta azkenik, 2018tik, asteko 20 ordura. Murrizketa horrek berekin zekarren soldataren murrizketa proportzionala. 

2019ko apirilaren 13an, langileak lan-istripu bat izan zuen, eta, horren ondorioz, lesioak izan zituen aldakan eta belaunean, eta, ondoren, 2021eko abuztuan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezintasun iraunkor osoa aitortu zion. Emandako pentsioa soldata murriztuaren gainean kalkulatu zen, lan-istripuei buruzko Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz. 

Langileak errekurtsoa aurkeztu zuen erabaki horren aurka, lanaldi osoko soldata kontuan hartu behar zela argudiatuz; izan ere, lanaldi-murrizketa batez ere emakumeek egiten duten familia-zaintzari lotutako eskubide baten ondorioz gertatu zen. Alegatzen zuen Espainiako araudiak sexuagatiko zeharkako diskriminazioa sortzen zuela, batez ere emakumeei egiten baitzien kalte, haiek hartu ohi baitute lanaldi-murrizketa mota hori. 

Auzia kasuaz arduratzen zen Bartzelonako lan-arloko 3. zenbakiko epaitegira igorri zuten, eta hark funtsezko bi arazo prejudizial helarazi zizkion Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari: 

Lehenik eta behin, ea lan-istripuei buruzko Erregelamenduaren 60. artikulua, pentsioa soldata efektiboan (murriztuan) oinarrituta kalkulatzen dela ezartzen duenez, sexuagatiko zeharkako diskriminazioa den eta 79/7/EEE Zuzentarauaren 4.1 artikuluaren (tratu-berdintasuna Gizarte Segurantzan), 2006/54/EE Zuzentarauaren 5. artikuluaren (berdintasuna enpleguan) eta EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. eta 23. artikuluen aurka dagoen. 

Bigarrenik, kontuan hartuta kotizazioak % 100ean zenbatzen direla lanaldi-murrizketaren lehen bi urteetan (kotizaziopeko prestazio gisa), baina gero soldata murriztuaren arabera kalkulatzen dela pentsioa, eta eskubide hori baliatzen dutenen % 90 emakumeak direla, ea horrek zeharkako diskriminazioa dakarren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 8. artikuluaren aurkakoa den. 

Epaitegiak nabarmendu zuen ezen, Gizarte Segurantzaren datuen arabera, 2020tik 2022ra bitarte murrizketa hori izan zutenen % 90 baino gehiago emakumeak izan zirela, eta horrek aditzera emango lukeela neurrigabeko eragina duela haiengan. 

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen ez dagoela Europar Batasuneko Zuzenbidearen aurka araudi nazional bat zeinak lan-istripuak eragindako ezintasun iraunkorreko pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen baitu istripuaren egunean langileak zuen soldata efektiboa, nahiz eta langileak lanaldi-murrizketa bat izan adingabe bat zaintzeagatik, baita neurri horri heltzen dion langile-taldea nagusiki emakumeek osatzen badute ere. 

EBJAren funtsezko argudioak izan ziren ez dagoela zuzeneko diskriminaziorik, araua berdin aplikatzen baitzaie gizonei eta emakumeei. Itxurazko desabantaila estatistikoa dagoen arren, istripuaren unean jasotako soldataren irizpide objektiboan oinarritutako xedapen neutrala da. Lanaldi-murrizketa emakume gehiagok hartzeak ez du araua automatikoki diskriminatzaile bihurtzen, baldin eta helburu legitimoa eta proportzionatua badu. Espainiako sistemak konpentsazio-neurriak aurreikusten ditu, hala nola kotizazioak % 100 zenbatzea murrizketaren lehen bi urteetan, eta horrek babes sozialaren eta kontributibitatearen arteko oreka islatzen du. 

Auzitegiak ebatzi zuen, semea zaintzeko legez onartutako lanaldi-murrizketa zuen eta lan-istripua eduki zuen langilearen egoerak ez zuela justifikatzen, Batasuneko Zuzenbidearen arabera, haren pentsioa lanaldi osoarekin lan egingo balu bezala kalkulatzea.  Beraz, kalkulua soldata murriztuan oinarritzeko Espainiako praktikak ez du urratzen Gizarte Segurantzaren arloko tratu-berdintasunari buruzko Europako araudia. 

Kasu honek tratu-berdintasunaren printzipioaren mugak erakusten ditu kotizaziopeko gizarte-prestazioen testuinguruan. Auzitegiak, nahiz eta onartu arau neutro batzuek neurriz kanpoko eragina izan dezaketela emakumeengan, azpimarratzen du soldata efektiboaren irizpidea ez dela diskriminatzailea per se, betiere objektiboa, justifikatua eta proportzionatua bada. 

David Erauskin Perez  

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letradua  

Mugimenduaren zientzia: nola eragiten dio ariketak gure gorputzaren biokimikari eta lanari? 

ciencia del movimiento

Lantegi biokimiko bat da gorputza 

Mugitzen garenean, gure muskuluek indarra baino gehiago sortzen dute: gorputz guztirako seinale gisa aritzen diren substantzia kimikoak jariatzen dituzte. Substantzia horiek miozinak dira. Esan dezakegu muskuluek organismoaren funtzionamenduari eragiteko —eta, askotan, hura hobetzeko— gorputzeko gainerako parteetara bidaltzen dituzten “mezu kimikoak” direla. Aurkakoa pentsatu ohi den arren, ez da beharrezkoa oso gogor entrenatzea haiek aktibatzeko: nahikoa da egunean zenbait aldiz mugitzea. 

 

Izan ere, gibela, gantz-ehuna, sistema kardiobaskularra, pankrea, azala eta beste organo batzuk erregulatzen dituzten 600 miozina baino gehiago identifikatu dira; hau da, muskulua organismoaren erregulatzaile sistemikoa da. 

 

Zer dira miozinak? 

Mugitzen garenean, eta, bereziki, muskuluak uzkurtzean, odolean miozina izeneko substantzia batzuk askatzen dituzten guruin gisa aritzen dira muskuluak. Molekula horiek azken hamarkadetan aurkitu dira, eta askotariko organoetan (garuna, bihotza eta gantz-ehuna) eragiten duten seinale kimikoak dira. Horregatik esaten zaie mugimenduaren molekula. IL-6 molekula da aztertuenetariko bat; gaixotasun-egoeran agertzen den bertsio proinflamatorioa ez bezala, antiinflamatorioa da ariketaren ondoren jariatzen denean, eta immunitate-sistema orekatzen eta inflamazio kronikoa murrizten laguntzen du. Molekula horiek, halaber, intsulina-sentsibilitatea hobetu dezakete, bai eta apetitua erregulatu, minbizi-mota batzuetatik babestu eta gogo-aldartea modulatu ere. Gainera, haietako batzuek —besteak beste, IL‑15 eta IGF‑1— efektu bereziki garrantzitsuak dituzte gainpisua eta obesitatea dituzten pertsonen metabolismoan eta, ikusi denez, ariketa aerobikoa eta indar-ariketak konbinatzeak molekula horiek askatzea optimiza dezake. 

 

Beraz, ez dira ariketatik eratorritako produktu hutsak: gure gorputza eraldatzen duten eragileak dira, barrutik lan egiten dutenak eta ohiko mugimenduak osasun fisikoa, mentala eta metabolikoa zergatik hobetzen duen azaltzen duten efektu sistemikoak dituztenak. Eta onena da jarduera leunekin eta laburrekin ere aktibatzen direla: oinez ibilita, eskailerak igota, lanean eten aktibo bat eginda, etab. 

 

 

Ariketak bihotzean, garunean eta immunitate-sisteman dituen efektuak 

Mugimenduak oxido nitrikoaren ekoizpena estimulatzen du; oxido nitrikoa funtsezko molekula bat da osasun kardiobaskularrerako. Odol-hodiak zabaltzea errazten du konposatu horrek; hala, odol-fluxua hobetzen da eta presio arteriala murrizten. Denborarekin, zirkulazioaren hobekuntza horri esker, miokardio-infartuaren, iktusaren eta beste gaixotasun batzuen aurkako babesa areagotzen da. Gainera, odoleko kolesterol- eta glukosa-mailak erregulatzen laguntzen du ariketak eta, modu horretan, osasun metabolikoa egonkortzen laguntzen du. 

Ariketa egiten dugunean, neurotransmisoreak ugaritzen dira; dopamina, serotonina eta noradrenalina dira haietako batzuk, eta arreta, gogo-aldartea eta kontzentratzeko ahalmena hobetzen dituzte. Baina, gainera, garunetik eratorritako faktore neurotrofiko (BDNF) izeneko proteina bat askatzen da, zeinak neurona-konexio berriak sortzen laguntzen baitu eta narriadura kognitibotik babesten baitu. Horregatik, alzheimerra, parkinsona eta bestelako gaixotasun batzuk garatzeko arrisku txikiagoarekin lotzen da ariketa, eta prebentzio-estrategiatzat ere erabiltzen da familia-aurrekariak dituzten pertsonekin. Ariketak, halaber, autorregulazio emozionala hobetzen du, eta antsietatearen, estresaren eta depresioaren sintomak murrizten ditu, baita diagnostiko klinikorik ez duten pertsonengan ere. Azterketa berriek erakutsi dutenez, ariketa erregularki egiteak (barne direla eten aktiboak eta lan-ingurunean atsegin hartzeko egiten den kirola) eragin babeslea izan dezake neke profesionalean eta egoera psikologikoa hobetu dezake oro har. 

Immunitate-sistemarentzat ere ona da. Ariketa erregularraren bidez lortzen den muskulu-aktibazioak organismoaren hantura-erantzuna modulatzen du; hala, eraginkorragoa da, eta ez hain kaltegarria. Erregulazio horri esker, hantura iraunkorrari lotutako gaixotasun kronikoetarako (2 motako diabetesa, minbizi-mota batzuk, etab.) joera txikiagoko ingurune biologikoa lortzen da.Gainera, lan-inguruneko eten aktiboek (laburrak izan arren) immunitate-erantzuna hobetu dezakete estresa, infekzioak eta neke metatua dagoen egoeretan. Bi hitzetan esanda, erregulartasunez mugitzeak hobeto defendatzen laguntzen dio gorputzari. 

Eta zer egin dezakezu lanean? 

Imajinatu lantokian zaudela eta mugitzea erabakitzen duzula: sentadilla gutxi batzuk eginda, sorbaldei mugimendua emanda edo arnasa sakon batzuk hartuta, benetako erreakzio kimiko bat martxan jartzen ari zara. Ez duzu behar ekipamendu berezirik: zure muskuluak erabiliz, miozinak, endorfinak eta dopamina askatzen ari zara, eta gorputz guztian eragiten dute, inflamazioa, mina eta arreta-maila modulatuz. Esan genezake une horretan barne-medikamentu pertsonalizatu bat egiten ari zarela, zure premia fisiologikoetara egokitua. Farmako naturala, albo-ondoriorik gabea, zure gorputzak egiten dakiena… estimulu egokia ematen badiozu, betiere. 

Zer da interesgarriena? Efektuak igarri egiten direla (erregulartasunez eginez gero): bizkarreko min gutxiago, argitasun mental handiagoa, aharrausi gutxiago, etab. Keinu txiki bat da, zientziak babestua, eta eten aktibo bakoitza zure osasuna hobetzeko aukera bilakatzen du… baita lanean ari zarela ere. 

 

Jarri gurekin harremanetan eta ikasi nola inplementa ditzakezun estrategia horiek lan-ingurune osasungarri eta produktiboago bat lortzeko urrats gisa! 

 

Bibliografia 

 

  • Booth, F. W., Roberts, C. K., & Laye, M. J. (2012). Lack of exercise is a major cause of chronic diseases. Comprehensive physiology, 2(2), 1143. 
  •  Erickson, K. I., Voss, M. W., Prakash, R. S., Basak, C., Szabo, A., Chaddock, L., … & Kramer, A. F. (2011). Exercise training increases size of hippocampus and improves memory. Proceedings of the national academy of sciences, 108(7), 3017-3022. 
  •  Severinsen, M. C. K., & Pedersen, B. K. (2020). Muscle–organ crosstalk: the emerging roles of myokines. Endocrine reviews, 41(4), 594-609. 
  •  Eather, N., Wade, L., Pankowiak, A., & Eime, R. (2023). The impact of sports participation on mental health and social outcomes in adults: a systematic review and the ‘Mental Health through Sport’conceptual model. Systematic reviews, 12(1), 102.